Urriaren 31n Anoeta estadioaren kanpoaldean elkartu eta hantxe daude ordutik Pello Alustiza tolosarra eta Miren Lertxundi durangarra, elkarrekin sesioan, batak besteari demostratu nahian ez direla bata besteari begira bizi. “Ez zarela niri begira bizi!? Zertan ari zara ba orain, niri begira ez bada?”, bota dio batak besteari, serio demonio. “Niri begira bizi ez zarela!? Orain zertan ari zara ba, ez bada niri begira?”, ihardetsi besteak, demonio serio. Iluntze partean, eztarriak lehor, Twitterren jarraitzen dute eztabaidan. Perfileko argazkian, biek ala biek dute euren talde kuttunaren armarria, eta aurkezpen moduan, “Maite ditut zinema, ilunabarrak eta Reala” Alustizak, “Maite ditut musika, egunsentiak eta Athletic” Lertxundik. Sare sozialetan bereziki aritzen dira harrobiko jokalariez, baina ez norbere taldekoez. Eztabaida patrozinatzen ari diren Diario Vasco eta El Correok jakinarazi dute Oyarzabal eta Simón elkar besarkatuta ageri diren posterra banatuko duela datorren asteburuan, “Gorriak denok batzen gaituela erakusteko”.