Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua.
Greziako Antikythera irlako uretan, 1900. urtean, belaki arrantzaleen talde batek hogei mende lehenago hondoratutako itsasontzi baten aztarnak aurkitu zituen. Bertatik brontze nahiz marmolezko estatuak, zeramikazko eta beirazko ontziak, txanponak, bitxiak…. atera zituzten eta Greziako Arkeologia Museora bidali. Guzti hauen artean herdoildutako erloju baten hondakinak ziruditenak zihoazen, baina Arkeologia Museoan ez zieten jaramon handirik egin, garai desberdin bateko hondakinak zirela uste baitzuten adituek.
Urte batzuk geroago, 1950ko hamarkadan, adituak lekuz kanpoko aztarna haiek arreta handiagoarekin aztertzen hasi ziren eta ikerketen emaitzek hasiera batetik aho zabalik, zur eta lur, utzi zituzten munduko historiagile eta zientzia gizonak: tresna hura K.a. I. mendearen hasieran egina zegoen, baina hura eraikitzeko erabilitako teknologia K.o. XIV. mendera arte ez zela ezagutzen uste zuen mundu guztiak, Europan erloju astronomikoak eraikitzen hasi ziren garaian hain zuzen ere. Hau da, Antikytherako Mekanismo hura Historiaz genuen ezagutzari hamabost mendetan aurreratu zitzaion!!
Gainera, teknika modernoagoak erabiliz, ikerketek oraindik aurrera jarraitzen dute eta eskaintzen dituzten ondorioak geroz eta txundigarriagoak dira. Izatez, Antikytherako Mekanismo hau historiako lehenbiziko ordenagailu analogikoa bezala ezagutua da. Gailu honen inguruko ikerketa berrienen emaitzak 2012an argitaratu ziren eta zera zioten txostenaren egileek: “Laburbilduz, Antikytherako Mekanismoa zerutiar gertaerak aurreikusteko eraikitako tresna bat izan zen, bere garaian ezagunak ziren teoria astronomiko sofistikatuen arabera; egun galdutako ingeniaritza bikain baten historiaren lekuko bakarra; jenio huts baten asmakuntza; antzinako munduko mirarietako bat”.
Gailuaren oinarriko mekanismoa engranajeak edo horzdun gurpilak dira, hiruki isoszele itxurako horzdun engranajeak hain zuzen ere. Itsasoaren hondoan tresna honen 82 zati aurkitu dira, nahiz eta hauetako zazpik soilik dauzkaten engranajeak edo testu esanguratsuak. Hondakin hauetan oinarrituz egindako berreraikuntzengatik badakigu tresnak 30 brontzezko engranaje zeuzkala (beste batzuk guztiz galdutzat eman badira ere, gurpil bakoitzaren artean gelditzen den espazioagatik, gehiago era bazituela uste da), hauetako handienak 14 cm diametro zeuzkan eta 223 hortz. Mekanismo guztia zurezko kutxa batean biltzen zen, 34*18*9 cm-koa. Kutxa honen aztarnak ere aurkitu dira, eta kutxaren atzeko atean gailua erabiltzeko instrukzioak idatzita aurkitu dira. Beraz, gailua eraiki zuenak miniatura lan trebea eta txundigarria egin zuen, gainera garai hartan ezaguna zela ez genekien teknologia bat erabiliz.
Eta nola funtzionatzen zuen Antikytherako Mekanismo honek? Orain dator txundigarriena (beharbada). Kutxaren aurrealdean zegoen biradera bati eraginez, engranaje nagusiak biratzen zuen, eta honen birek beste guztiei eragiten zien. Horrela, kutxaren aurrealdean urteko data bat finkatzen zen eta mekanismoak egun horretarako zera aurreikusten zuen: eguzkiaren posizioa, ilargiaren posizioa eta fasea, eta garaian ezagunak ziren bost planeten posizioak ere (Venus, Merkurio, Marte, Jupiter eta Saturno). Gainera eguzki nahiz ilargi eklipseak aurreikusteko gai bazen ere.
Baina ez hori bakarrik; mende bateko ikerketek gailuaren erabileren informazio zehatzagoa eman digute.
Mekanismoaren aurreko aldean esfera bat zegoen (erloju analogiko baten antzekoa) eta honetan zortzi orratz (bi bakarrik gorde dira, baina inskripzioek zortzi zirela diote), bat egutegiko eguna erakusteko, eta beste zazpiak ilargiaren, eguzkiaren eta planeten posizioa ortzian erakusteko. Gainera, ilargiaren orratzak bere ardatzarekiko biratzen zuen, ilargiaren fasea iragarriz. Aurrealdeko esfera honek bi zirkulu zentrokide zeuzkan, kanpoaldekoa egiptoar egutegiko (edo egutegi sothikoko) 365 egunekin, eta barnekoa greziar zodiakoko ikurrak adierazten zituena. Mekanismoa, gainera, urteak dauzkan gehiegizko sei orduak konpentsatzeko prestatua zegoen, lau urtero egun bat atzeratuz! Azkenik, aurreko aldean “parapegma” bat agertzen zen, izar batzuen irteera eta sarrera iragartzen zituena (Hyade eta Pleidaeena adibidez).
Guzti hau nahikoa ez balitz, gailuaren atzealdean beste bost esfera zeuden (bi nagusi, espiral itxurakoak, eta hiru txikiagoak aurreko bien erdian). Lehenengoak egutegi Metonikoa adierazten du, 235 hilabeteko eta 19 urteko egutegi bat. Bigarrenak urte bakoitzean zein joku penheleniko ospatuko zen aurrikusten zuen, Olinpikoak, Istmikoak, Nemakoak edo Pitikoak. Hirugarrenak ziklo Kalipikoa adierazten du, egutegi Metonikoa laukotzen zuena. Espiral itxurako beste esfera nagusia Saroskoa da, 18 urteko eta 223 ilargi hilabeteko ziklo bat deskribatzen duena. Honetan 38 ilargi eklipse eta 27 eguzki eklipse iragartzen dira, eguneko zein orduetan gertatuko ziren idatziz.
Honekin, laburbilduz, Antikytherako Mekanismoak nola funtzionatzen zuen ulertzera heldu garela badirudi (nahiz eta ulertuz goazena geroz eta gehiago harritzen gaituen), baina gailu honen existentziak berak erantzunik gabeko galdera ugari sortzen ditu oraindik.
Hasteko, nork egin zuen? Nor izan zen objektu miragarri hau asmatu eta eraiki zuen jenioa? Esan dugunez, hamabost mende geroago arte ez genuen ezagutzen antzeko gailurik, eta antzeko teknologia baina ez horren sofistikatua erabiltzen zuten gailu antzinakoenak Erdi Arokoak dira, X. mendekoak. Beraz lekuz eta garaiz kanpoko objektu bat da Mekanismoa, baina aldi berean bere sofistikazioak eta perfekzioak bera bezalako beste batzuk, edo antzekoak, egon behar izan zutela iradokitzen digute. Azken garaietako ikerketek, Mekanismoa Korintoko kolonia batean eraikia izan behar zuela esaten dute, gailuak iragartzen dituen fenomeno zerutiar batzuk Korintotik soilik ikusgai direlako. Sirakusa, Arkimedesen aberria, Korintoko kolonia bat zen, eta horregatik ikerlari hauek Arkimedesen eskolarekin lotzen dute Antikytherako mekanismoa. Beste batzuk ordea, hondoratutako itsasontzian Rodas irlako estiloko estatuak eta tresnak aurkitu zirenez, Mekanismoa bera Rodasen eraikia izan zela uste dute, irla honetan Posidonio filosofoak sortu zuen akademian. Azkenik, beste batzuk egilea Nizeako Hiparko, garai haietako astronomo nagusiena, izan zela uste dute, mekanismoak Hiparkoren ilargiaren mugimenduari buruzko teoriak jarraitzen baititu.
Dena dela, Zizeronek bere “De re publica” idazlanean (K.a. I. mendean), Arkimedesek ilargia, eguzkia eta bost planeten mugimenduak iragartzen zituzten bi tresna eraiki zituela kontatzen du, eta Marko Klaudio Marzelo jeneralak Erromara eraman zituela Arkimedesen heriotzaren ostean. Era berean, garai hartan Posidoniok antzeko tresna bat eraiki zuela esaten du Zizeronek. Antikytherako Makanismoak hogeita hamar urte inguru zeraman urpean jada Zizeronek hau idazten duenean eta, hortaz, ez zen Zizeronek aipatutako hiru gailuetako bat, baina Zizeronen lekukotza eta Mekanismoaren existentziak berak argi uzten digute antzinako greziarrek uste genuena baino astronomia jakintzak, ingeniaritza eta teknologia aurreratuagoak erdietsi zituztela.
Antikytherako Mekanismoak sortzen duen erantzunik gabeko beste galdera bat, bere xedearena da, alegia, zertarako, zein funtzioarekin eraiki zen? Bere tamaina txikiagatik erraz transportatua izateko eraikia izan zela ondorioztatu dezakegu, eta atzealdeko atean idatzitako “instrukzioengatik” aditua edo zientzia gizona ez zen norbaitek erabiltzeko eraikia izan zela. Baina nork erabili behar zuen? Itsagizonen laguntzarako tresna bat zela proposatu dute zenbaitek, baina Mekanismoak iragartzen dituen fenomeno ugarik (eklipseak esaterako) ez dauka inolako erabilerarik nabigazioan, eta gainera itsasoan erraz herdoilduko ziratekeen materialez eraikia zegoen.
Beraz, erantzunik gabeko galdera ugari oraindik, baina ikerketak ez dira gelditzen. Norbaitek interesa balu ikerketen egoera eta azkeneko eguneraketen inguruko informazioa ezagutzen, hemen uzten dizuet esteka:
http://www.antikythera-mechanism.gr/
Azkenik, Mekanismoa ikertu zuen beste zientzialari baten hitzekin bukatu nahiko nuke:
“Gailu hau guztiz ezohikoa da, bere motako bakarra. Diseinua ederra da, astronomia zehatza. Mekanismoak diseinatuta dauden moduak aho zabalik uzten zaitu. Egin zuenak egin zuela, trebetasun izugarriaz egin zuen. Bere bakantasunagatik eta balio historikoagatik, tresna hau Mona Lisa baino baliotsuagoa da”.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks