Liber Prodigiorum
Hasiera » Azalpenik gabekoak » Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua
Api23 0

Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua

Atalak: Azalpenik gabekoak, Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak

 

Hal Safleni hipogeoa

Hal Saflieni hipogeoa

 

Orakuluaren ganbara

Orakuluaren ganbara

1.902an Malta irlako etxebizitza batean langile bat zulo bat egiten zebilenean, etxe azpiko lurrean zulo handi bat aurkitu zuen. Hasiera batean haitzulo edo leize bat zirudiena, arretaz aztertuta, benetan hiru mailako eraikin bat zen. Eraikina ganbara ezberdinetan armonikoki banatuta zegoen, zutabe, arku eta leihoez, guzti horiek harkaitza zulatuz eta ebakiz egindakoak.

Lurrazpiko eraikin hau osatzeko ingeniaritza arazo konplikatuei erantzuna eman behar izan zien eraiki zuenak, eraikin osoa behera ez erortzeko. Horrela, eraikinak harlauzez estalitako korridoreak zeuzkan, karga hormak eta arku horizontala ere. Eraikinaren funtzioa hildakoei omendutako tenplu bat izatea izan behar zuen, bertan 7.000 gorpuen eskeletoak aurkitu baitziren. Eskeleto hauek margo okrez margotuak zeuden, bertan hezurrak eta ez gorpuak ehorzten zirela adierazten diguna.

Interesgarria, bai, baina batez ere eraikuntzaren data ezagutu zenean, Hal Saflieniko hipogeo honek ia 6.000 urte baititu, alegia, Stonhenge edo Egiptoko piramideak baino mila urte zaharragoa da!!! Honek munduko lurrazpiko eraikin zaharrenean bihurtzen du.

Hipogeoa eraikitzeko 2.000 tona harkaitz atera behar izan zirela uste da, eta kontuan izan behar dugu metalak ezagutzen ez ziren garai batez ari garela, hau da, lan guztia harrizko edo obsidianazko lanabesak erabiliz egin behar izan zen. Egungo arkeologoen ustean 150 lagun eta hiru urte behar izan omen ziren eraikina bukatzeko, hori bai, zenbat aldiz eraikin bat behera etorri zitzaien behin betiko erantzunak lortu arte, ez dakigu, baina eraikinak hor dirau azken sei mila urteko lurrikara, uholde, sumendi eta antzeko guztiak jasan ondoren.

Eta nork eraiki zuen? Ba egungo arkeologiak ez dauka honetarako erantzunik. Hipogeo hau eraiki zuen gizarteak K.a. 3.700 urtetik 2.400 urtera bizi bide zen Maltako irlan, eta bere paregabeko sormenaren aztarna bezala hogeita hamar aztarnategi megalitiko utzi dizkigute. Nagusia hipogeo hau da, eta ondoren beste lau lur gaineko tenplu (bostak eraikin konplexuak dira eta ez soilik zutik zirkuluan jarritako megalitoak). Ondoren desagertu ziren. Nortzuk ziren eta nondik etorri ziren ez dakigu.

Baina orain arte kontatu dugun guztia nahikoa ez balitz, oraindik ez dugu hipogeoaren alde misteriotsu eta txundigarriena aipatu: bere akustika. Hal Safkieniko hipogeo barnean egotea kanpai erraldoi baten barnean egotea bezala da. Soinuek eraikin osoan bibratzen dute eta gorputz osoan sentitzen dira, hezur eta giharretan, ez belarrietan soilik. Egungo bisitarien esanetan esperientzia ikaragarria da, nondik datorren identifikatu ezin dezakezun zerbait antzematen duzulako. Eta ez da kasualitatez gertatzen den zerbait: hipogeoko ganbara bat, Orakuluaren Ganbara, horretarako apropos eraikia dago. Ganbara honek “D” itxura dauka eta hondoan nitxo bat dauka. Nitxo honen hondorantz begira hitz eginez gero soinua eraikin guztitik zabaltzen da (eta nitxoren ertzean agertzen diren eskuen aztarnek, horrela erabiltzen zela frogatzen digute). Gainera ganbara honetako horman kanal bat ere zulatu zuten, antza denez, soinua anplifikatzeko.

Baina, berriz ere, hau ez da guztia. Soinua eraikin osoan bibratzea lortzeko, ahotsak 95 eta 120 Hz arteko frekuentzian egon behar du, alegia, gizonezko baten ahotsa izan behar du, eta, hortaz, emakumezko baten ahotsak ez luke efektu bera lortuko.

Eta gehiago oraindik ere: hipogeoko erresonantzia efektu handiena 110-111 Hz-ko frekuentziako soinuekin lortzen da eta, UCLA unibertsitateko ikerlariek frogatu dutenez, frekuentzia honetako soinuen erresonantziak burmuineko kortex prefrontalean eragina dauka. Eragin honek zera esan nahi du, lengoaiaren zentroa desaktibatzen dela eta burmuinaren eskuineko hemisferioa aktibatzen dela, emozioekin lotuagoa dagoena. Hots, hipogeoan bildutako jendea, apaiz edo antzeko baten kantu edo otoitzak entzunez, esperientzia berezi bat jasaten omen zuten, sormenarekin loturiko burmuinaren aldea estimulatzen zuena, hausnarketa sustatzen zuena. Egungo zientzialarien azalpenetan, humorea, enpatia eta gizarte harremanekin lotzen den burmuineko aldea estimulatzen zen. Laburbilduz, Harri Aroko gizatalde hark giza burmuinean erlijio esperientziak eragiteko modua asmatu zuen.

Gaur egun esperientzi txundigarria bada, orduan berebizikoa izan behar zuen.

Eraikinaren egileak nortzuk ziren ez dakigula aipatu dugu, baina haien giza itxurako estatuatxoak aurkitu dira: ilea moztua, apaindua daramate eta jositako arropak, ez ziren beraz, pentsa dezakegun bezala, haitzuloetako salbai primitiboak. Estatuatxo hauek gizonezkoak edo emakumezkoak diren ez dago argi, baina haietako batek ere ez dauka belarririk. Honen arrazoia ezin dezakegu jakin, baina ez litzateke hipotesi zoro bat izango, soinuaren eragin “mistiko” hau aurkitu zuen gizartean, belarriak gorputzeko zatirik miretsienetarikoa izatea.

Iruzkinik ez

Trackbacks/Pingbacks

  1. Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera - [...] Ibon Larrazabal Argia aldizkariko blog komunitatean idazten du Liber Prodigiorum blogean. Asteon historiaurreko tenplu bitxi bati buruz idatzi du,…

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ibon Larrazabal

Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.

Azken bidalketak

  • “Copiale Cipher”: masoien eskuliburu ezkutua
  • Oroimena daukan metamateriala
  • Longyouko haitzuloak
  • Overtoun Zubiaren misterio lazgarria
  • Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena”

Iruzkin berriak

  • Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
  • Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
  • Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
  • Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
  • Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan

Artxiboak

  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila

Kategoriak

  • Azalpenik gabekoak
  • Bizitza errealeko X taldea
  • Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak
  • Naturaren bitxikeriak
  • Oraintsu argitutakoak
  • Oraintxu argitutakoak
  • Sailkatugabeak
  • Zientzia bitxia

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA