Hasiera »
Ibon Larrazabalen bloga - Liber Prodigiorum
Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
“Copiale Cipher”: masoien eskuliburu ezkutua
2014-06-16 // Oraintxu argitutakoak // Iruzkinik ez
azala
Eskuizkribuaren bi orri
Hirurogeita hamarreko hamarkadan, orduan Ekialdeko Alemania zeneko liburutegi batean, liburu bitxi bat aurkitu zen: 105 orriko eta 75.000 karakteredun eskuizkribu bat zen, urre eta orlegi koloreko luxuzko azal batekin. Baina testua ezin zitekeen irakurri, zifratua baitzegoen. Gutxi gorabehera 90 karaktere ezberdin aurki zitezkeen testuan, hizki latinoak, hizki grekoak, puntuazio zeinuak eta irudi abstraktuak. Gainera, guztiak etengabeko ilara batean, hutsunerik gabe, agertzen ziren, deszifratzea zailago bihurtuz. Testu osoan bi esaera besterik ez zeuden kodifikatuta, batek “Copiales 3” esaten zuena, eta bestea “Philipp 1866”. Ikertzaileen ustean azkeneko hau liburuaren aurreko jabe baten erreferentzia bat izan behar zuen, eta bestea, “Copiale 3”, liburuari izena emateko erabili zuten. Hasiera batean 1.760-1.780 bitartean kokatu zen liburuaren jatorria. Nahiz eta deszifratzen saiatu baziren ere, inork ez zuen orduan lortu eta ahaztu egin zen urte askotan.
Baina orain dela gutxi, 2.011ko apirilean, hiru ikertzailez osatutako talde batek testua deskodifikatu zuen, Kevin Knight, Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitatekoa, eta Beata Megyesi eta Christiane Schaeffer, Uppsalako Unibertsitatekoak. Knight doktorea munduko aditu nagusienetakoa da ordenagailu bidezko itzulpenean, eta beste testu itzuli ezin batekin lanean ari da: blog honetan deskribatu dugun “Vojnich Eskuizkribua”.
Adituek diotenez, “Copiale”-rena “zifratu homofoniko” bat da, alegia, hizkiak beste sinboloengatik aldatuz ezkutatzen dira, baina berezitasun batzuekin: jatorriko hizkuntzan gutxien errepikatzen diren hizkiak sinbolo bakar batengatik aldatzen dira, baina gehien errepikatzen direnak bi sinbolo edo gehiagoengatik alda daitezke, zantzurik ez usteko.
Taldeak hasiera batean hizki latinoek informazioa ezkutatzen zutela uste zuten eta gainerako sinboloek ezkutatzeko besterik ez zutela balio, baina ez zuten emaitzarik lortu. Hamaika hizkuntzatan egin zituzten probak eta ez zuten emaitzarik lortu, baina alemanez idatzita egon behar zuela suposatzen zuten, Alemanian aurkitua izan baitzen eta “Philipp” hitza agertzen baitzen, alemaniar idazkerarekin, bi “p” erabiliz. Azkenik zera antzeman zuten, benetako informazioa gainerako sinboloetan zegoela, eta hizki latinoek hutsuneak edo paragrafoen arteko banaketa adierazten zutela.
Horrela testua deszifratu zuten eta zera eman zuten jakitera: testuak XVIII. mendeko talde masoi baten errituala deskribatzen zuen, “oftalmologoak” deitu omen zirenak, hots, “begiak zabaltzen zituztenak”.
Aurkikuntza berri honek oihartzun zabala izan zuen egungo talde masoien inguruan, liburua XVIII. mendeko lehen erdikoa baitzen (hasieran uste zena baino zerbait zaharragoa), talde hauen “urrezko garaia” baino mende bat lehenagokoa. Garai hartan talde hauek euren erritualak eta gainerako informazioa ezkutatzen hasi ziren, Clemente XII. Aita Santuak 1.738.ean masoiak debekatu ostean.
Oroimena daukan metamateriala
2014-06-03 // Zientzia bitxia // Iruzkinik ez
Cornell unibertsitateko ikerlariek orain dela urte pare bat, eta ezustean, metamaterial bitxi berri bat asmatu zuten, fluido bat dena normalean baina urarekin nahasterakoan bere hasierako edukiontziaren itxura berreskuratzen duena, hurrengo bideoan ikus daitekeen eran.
Metamaterialak, naturan aurki ezin daitezkeen propietate bereziak dauzkaten material artifizialak dira; bere egituratik eratorritako propietateak eta ez bere konposizioagatik edo osagaiengatik. Material hau hidrogel bat da, egun ezagutzen ditugun material arinenetarikoak direnak, molekula organikoen loturaz sortzen direnak, baina molekulen artean hutsune ugari dauzkatenak. Cornell unibertsitateko ikerlariek sorturiko hidrogel hau, izatez, DNA sintetikoz osatua dago.
Esan dugunez, DNA sintetikoz eraturiko hidrogel hau fluido bat da era normalean, baina ikerlariek zeraz jabetu ziren, urarekin nahasterakoan materialak eratua izan zen edukiontziaren itxura berreskuratzen zuela, alegia, materialak “oroimena”, edo jatorrizko itxuraren oroimena bederen, zeukala. Aurkikuntza hau ezustean harrapatu zituen ikerlariak ez baitzen hura materialaren sorkuntzaren helburua, eta gainera ez daude guztiz ziur prozeduraren mekanikarekin. Dena dela, badirudi meta propietate mekanikoak (naturan aurkitzen ez diren propietate mekanikoak) dituen lehenbiziko metamateriale organikoa dela hau.
Guzti hau bitxia bada ere, benetan txundigarria dena zera da, material honen balizko erabilpenak. Hidrogelak alor anitzetan “hurrengo muga” direla aldarrikatu da, hauen artean medizinen garraioan, hauen barne egiturako hutsuneak farmakoekin bete baitaitezke, gero hauek epe luzetan askatzeko, hidrogela disolbatzen den heinean. Hortaz, pentsa nolako posibilitateak zabaltzen dituen itxura jakin bat momentu jakin batean har dezakeen hidrogel batek! Hidrogel hau medizinaz bete daiteke eta zauri batean sartu, likido bezala. Ondoren, zauri barnean, materiala solidoa bihurtuko zen zauriaren barne itxura zehazki betez eta medizina ingurura isuriz.
Gaixotasun edota gaixo oso zehatzetarako tratamendu erabat egoki eta eraginkorrak diseinatzeko balio dezake, are gehiago hiru dimentsiotako irudien tratamendurako teknologiarekin lotuta. Adibidez, tumore bat erauzi ondoren hutsunean hidrogel hau sartuz farmako bat garraiatzen duelarik, bazter guztietara hel daiteke eta farmakoaren askapen luzea eta neurtua bermatzen du, inguruko minbizidun zelulak hiltzen eraginkorragoa izango dena.
Longyouko haitzuloak
2014-05-29 // Azalpenik gabekoak, Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak // Iruzkinik ez
Longyouko haitzuloak
Koba bat
1.992an Shiyan Beicun herritik hurbil, Txinako Zheijang probintzian, herritar batek Longyouko haitzuloak aurkitu zituen. Urez beterik zeuden eta horregatik naturak sorturiko leize nahiz haitzuloak zirela uste izan zen hasieran, baina urez hustu ondoren gizakiak eraikitakoak zirela baieztatu zen, harriduraz.
Gaurdaino 36 haitzulo aurkitu dira, 30.000 metro karratuko zabaleraz guztira. Haitzulo bakoitza harkaitzean zulatuta dago eta 30 metroko sakonera dauka. Haitzulo bakoitzean zutabeak daude, sabaia eta hormak eusten dituztenak, eta horma nahiz zutabe guztiak zizelarekin egindako marra paraleloz apainduak daude. Haitzulo guztietatik bat bakarra dago egun ikusgai, bertako hormetan zaldi bat, txoriak eta arrainak irudikatuta aurkitu direlako.
Ikerlariek, haitzuloek 2.000 urte baino gehiagoko adina daukatela ondorioztatu dute, baina gutxi gehiago: ingeniari, arkitekto, historialari nahiz geologoek ez dakite egun nork eraiki zituen, nola, ezta zertarako ere.
Kobak eraikitzeko milioi bat metro kubiko harkaitz atera behar izan zela kalkulatu dute zientzialariek, eta honek mila lagunen lana suposatu behar izan zuela sei urteren zehar gau eta egunez lan egiten. Honek jakina gizarte eta lanaren antolakuntza aurreratu bat behar zuen, eta enperadore edo antzekoren agindua izan behar zuela suposatzen da. Baina guztiak dira suposizioak, zeren, zenbat denboran zehar eraiki ziren jakiteko, erabilitako lanabesak ezagutu beharko lirateke, eta hauen inolako aztarnarik ez da aurkitu. Gainera, erauzitako harkaitzak (milioi bat metro kubiko harkaitz!) non pilatu edo nora bota ziren adierazten digun aztarna arkeologikorik ere ez da aurkitu. Eta arraroena dena, bi mila urte baino gehiagoko historiako dokumentuetan ez da haitzulo hauen eraikuntzaren ezta existentzia beraren inolako lekukotzarik aurkitu.
36 haitzuloak ez daude elkarrekin komunikatuta, baina kilometro karratu bateko zabaleran daude guztiak. Honek haitzuloen arteko distantzia txikia dela adierazten digu, eta haitzuloak banatzen dituzten hormak askotan meheak izan behar dutela, batzuetan 50 zm-ko lodiera besterik ez daukatelarik. Hala ere ez dago behera erori den sabairik edo ganbararik, ezta kaltetutako edo arrakaladun hormarik. Inguruko lurretan bi mila urteren zehar uholdeak, gerrak eta bestelako gorabeherak gertatu badira ere, haitzuloak atzo bertan zulatuak izan balira bezala kontserbatzen dira.
Haitzuloen tamaina txundigarria da, diseinua, fina eta aurreratua, eta eraikuntza, garatua. Nahiz eta bata bestearengandik banatuta egon, haitzulo guztiak oso antzekoak dira eta adituek oraindik ez dakite egileek nola lortu zuten hainbesterainoko zehaztasuna, simetria eta antzekotasuna, lur azpian lan eginez. Egileek ezin zuten alboko haitzuloan egiten ari zena ikusi, baina aldi berean koba bat bestearekiko paraleloan eraiki behar zen, hormak zulatu ez zitezen. Izatez, haitzulo ezberdinak banatzen dituzten hormak lodiera oso antzekoa daukate eremu guztian. Honek eraikuntza guztien aurretiko planifikazio bat eskatzen zuen eta neurketetarako lanabes aurreratuak. Koba bakoitza gela erraldoi bat bezalakoa da; alde bat bertikala da eta bestea 45 graduko inklinazioa dauka; hormak lauak dira, bazterrak eta angeluak zehatz markatuta daude. Zizelaturiko apaindurak era berekoak dira haitzulo guztietako hormetan.
Azkenik, zertarako erabili ziren? Hilobiak izan balira, gorpuak edo bestelako hileta aztarnak aurkituko ziratekeen, eta ez da horrela izan. Lurrazpiko jauregiak izan balira, gela ezberdinetan banaturik egongo lirateke eta gainera ez dira eguneroko bizitzan erabili ohi diren objektuen aztarnak aurkitu. Meategiak izan ote ziren? Ez dauka zentzu handirik horren eraikuntza sofistikatu eta apaindu bat egitea mineralak ustiatzeko. Beste teoria batek dio ejertzitoak ezkutatzeko leku bat izan zirela haitzuloak, baina kasu honetan ere ez da aurkitu haitzuloetan inor inoiz bizi izan zenik frogatzen digun aztarnarik.
Laburbilduz, hogei urteko ikerketen ondoren, oraindik ez dakigu nork eraiki zituen, nola, ezta zertarako ere.
Overtoun Zubiaren misterio lazgarria
2014-05-26 // Azalpenik gabekoak // Iruzkinik ez
Overtoun Zubia
Eskoziako Dumbarton hiritik hurbil Overtoun zubia aurki dezakegu, 1.895. urtean eraikia, 15 metroko garaierarekin, izen bereko erreka zeharkatzen laguntzeko. Hasiera batean arrunt dirudien zubi hau munduko lekurik beldurgarrienetako bat izan daiteke, batez ere txakurrak maitatzen dituztenentzat.
Berriz ere gogora dakargu blog honen asmoetako bat funtsik gabeko esamesa edo elezaharrak ez ateratzea dela, baizik eta datu enpiriko eta frogatutakoetan oinarritutako fenomenoak soilik, batez ere datu horiek gure errealitatearen irudia zalantzan jartzen dutenean edo azalpenik ez daukatenean. Eta hori da Overtoun Zubiaren kasua, azalpenik gabeko misterio lazgarri bat gordetzen baitu: Azken mende erdian, hirurogeiko hamarkadan hasita, 50 txakurrek baino gehiagok zubi honetatik jauzi egin dute, haren azpiko harkaitzen aurka hiltzeko. Zehazki, 2.005ean, sei hilabeteko epean bost txakurrek egin zuten salto Overtoun zubitik (eta hil ziren).
Eta honek hotzikara nahikorik eman ez badizue, lekukoek diote hasierako jauzitik bizirik irten diren txakurrak, berriz zubira igotzerakoan, berriz salto egin dutela!!
Jauzi guztiek gune berean gertatu dira, hots, zubiko eskuma aldeko azkeneko bi parapetoen artean, eta beti egun eguzkitsuetan. Jauzi egin duten txakur guztiek sudurluzedun arrazakoak izan dira (collieak, retrieverak…).
Zerk bultzatzen ditu txakurrak heriotzara daraman jauzi hori egitera? Esan dugunez egun ez dago azalpen guztiz ziur bat fenomeno honentzat.
Bere buruaz beste egiteko erabakia har dezakete txakurrek? Animalien psikologian adituek diote argi dagoela txakurrek burmuineko gaixotasunak izan ditzaketela, hala nola, psikosia edo depresioa. Era berean, uste da txakurren jabeek euren sentimendu ezkorrak animaliei pasatzen dizkietela. Guzti hau kontutan hartuta, egia da Dumbarton, zubitik hurbil dagoen hiria, depresio ekonomikoak jota egon dela eta suizidio tasa altuak izan dituela, baina zubitik salto egin duten txakurren jabeetatik batek ere ez du aitortu depresiorik edo suizidatzeko asmorik izan duenik inoiz. Gainera, gizakietan, suizidio asmoak bihar gaur baino hobea izango ez dela sinesteak pizten ditu, eta txakurrek “gaur” eta “bihar” ezberdintzeko gaitasunik ez dutela uste dute adituek. Hortaz badirudi Overtoun Zubitik jauzi egiterakoan txakurrak ez daudela bere buruaz beste egiten.
Benetako arrazoia bilatzearren, David Sands doktoreak, animalien psikologian aditua, zubitik jauzi egin ondoren biziraun zuen txakur bakarrarekin jo zuen berriz zubira. Bertan, txakurra jauzien puntura heltzerakoan berriz urduri jartzen zela igarri zuen. Txakurraren zentzumen nagusietako bat aktibatu behar zen bertan, ikusmena, entzumena edo usaina. Zubiaren harrizko hormek ez zioten ezer ikusten uzten, beraz, ezin zitekeen ikusmena izan. Txakurrek bai baina gizakiek entzun ezin dezaketen soinu bat izan zitekeen, eta hori ikertu zuen Sandsek (zubiaren dardara, hurbileko zentral atomikoren bat, telefono antenaren bat … ) baina ez zuen ezer aurkitu. Usaimena izan behar zuela erabaki zuen.
Zubi azpian, erreka bazterrean, saguak, urtxintxak eta bisoiak bizi zirela aurkitu zuen Sands doktoreak, eta hauetako baten usainak txakurrak erakartzen zituela suposatu zuen. Sudur luzedun arrazako hamar txakurrekin esperimentua egin zuen ia zein animaliaren usainak gehien erakartzen zituen, eta %70a bisoiaren usainak gogor erakartzen zuela frogatu zuen.
Hori da Sandsen teoria: bisoi emeen usain gogorrak txakurrak erakartzen ditu eta haiek ehizatzeko asmoz jauzi egiten dute, zubiaren hormen beste aldean dagoen jausia ikusi gabe.
Baina teoria honek hutsune argiak ditu: bisoiak Eskozia osoan zehar daude (26.000 bisoi omen daude Eskozian) eta Overtoun Zubian soilik gertatzen da txakurren tragedia. Gainera, zergatik beti gune zehatz beratik jauzi egiten dute txakurrek, bisoiak errekaren bi aldeetan badaude?
Azalpen esoteriko eta irrazionalak gustuko dituztenentzat ere, jakina, ez zaizkigu falta: zubia eta bere alboko etxebizitza sorginduak daudela, Overtoun zelten mitologian zerua eta lurra hurbilen dauden lekua dela, txakurrak espirituak gehiago igartzen dituztela gizakiak baino … Eta horrelakoak.
Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena”
2014-05-15 // Naturaren bitxikeriak, Oraintsu argitutakoak // Iruzkinik ez
http://www.youtube.com/watch?v=a-Vy7NZTGos
Aurreko bideoan ikus daitekeen eta hemen azalduko dugun fenomenoa, egun, munduko bi bazterretan soilik ezagutzen da, elkarrengandik erabat urrun daudenak izan ere: milaka ipurtargik aldi berean, zehazki sinkronizaturik, euren argiak pizten eta itzaltzen dituzte, gabon garaian hirietako kaleak apaintzen dituzten argien antzeko ikuskizun bat eskainiz, baina kasu honetan jatorri guztiz naturala duena.
Fenomeno hau gertatzen den lekuetako bat Asiako hego ekialdea da. Honen inguruan mendebaldeko zientziarentzat lekukotza eman zuen lehenengoa Engelbert Kaempfer zientzialari holandarra izan zen, 1.680an, Meinam ibaian zehar bidaia batean ikusi zuena deskribatuz: “Intsektu hauen multzo handi bat zuhaitz batez jabetzen da eta bere adarretatik hedatzen, batzuetan euren argiak itzaltzen dituzte guztiek batera, eta apur bat geroago batera pizten dituzte, zehaztasun eta erregulartasun handienarekin, etengabeko sistole eta diastole batean bezala.”
Argien sinkronizazioaren mekanismoa misterio bat izan zen zientziarentzat ezagutua izan zenetik. Horrela, 1.917an, Philip Laurent zientzialariak “Science” aldizkarian zera idatzi zuen, horrelako zerbait intsektuekin gertatzea “naturaren lege guztien aurka” zihoala. Bere ustean, fenomenoaren azalpena ez zen ipurtargien argien koordinazioa, baizik eta begiralearen betazalek eragindako ilusio optiko bat.
Egun zientzialariek naturan holako zerbait gerta daitekeela ulertu dute “bikote oszilazioa” deritzon prozeduragatik.
Mendetan Asian soilik ezaguna zen fenomenoa, orain dela gutxi, 1.992an, Estatu Batuetako Great Smoky Mountains parke nazionalean ere ematen dela jakin izan da. Urte honetan, “Science News” aldizkaria irakurtzen zebilen andere batek, asiar hego ekialdeko ipurtargien fenomenoa aipatzerakoan bere etxetik hurbil gauza bera gertatzen zela ez zenez aipatzen gutun bat idatzi zien: “Badakizuela suposatzen dut, baina badaezpada ere, ipurtargi sinkronizatuen talde bat badago Great Smoky Mountains parke nazionalean, Elkmon herritik hurbil, Tennesseen. Ipurtargi hauek ekainaren erdialdean hasten dira, gauero hamarrak aldera. Sei segundoko iluntasunaren ondoren, milaka, erabateko sinkronizazioaz, 6 aldiz pizten dira hiru segundoko denboran eta ondoren berriz sei segundoz itzaltzen.”
Zientzialariek fenomeno honen benetakotasuna baieztatu zuten 1.995ean. Great Smoky Mountains parkeko ipurtargiek ekaineko bi astetan urtero euren ikuskizuna eskaintzen dute, urtero geroz eta turista gehiago erakarriz. Geroago Estatu Batuetako beste lekuetan ere aurkitu dira antzeko ipurtargi sinkronizatuen taldeak, hala nola, Hego Karolinan eta Apalatxe mendietan.
Egon adi, zuen etxetik hurbil ere gerta daiteke eta!
Shakuntala Devi: giza ordenagailua
2014-05-12 // Bizitza errealeko X taldea // Iruzkinik ez
azaroaren 4ko doodlea
Google erabiltzen dugunok (hemen ba al dago erabiltzen ez duen baten bat?) ohituak gaude bere doodle famatuekin, alegia, orria zabaltzerakoan noizean behin “Google” hitzak hartzen duen itxura berezia, pertsonaia edo gertaera bati omenaldi bezala. Horrela, joan den azaroaren 4an, lerro hauen alboan ikus daitekeen doodlea eskaini zigun Google orriak: irudiak indiar itxurako andere bat erakusten digu, eta Google hitza kalkulagailuek erakusten ohi dituzten hizki moldearen antzera idatzita dago. Emakume indiarra Shakuntala Devi zen, azaroaren 4an 84 urte beteko zituzkeenak apirilean hil egin ez balitz. Eta hizki moldearen zergatia zera zen, Shakuntala Deviren ezizena “emakumezko kalkulagailua” zela.
Eta zergatik ezizen hori? Bangaloren jaioa, Devi andereak matematika kalkuluetarako kapazitate ezohikoak erakutsi zituen haurtzarotik. Hiru urte besterik ez zituenean karta jokoan zebilela hortaz jabetu omen zen bere aita. Ordutik bere aitarekin batera zirkoan lanean hasi zen eta bizitza osoan mundu osoan zehar bidaiatu zen bere abileziak erakutsiz.
Norainoko abileziak? Zertaz ari gara Google Doodle bat merezi duen “giza kalkulagailu” batez ari garenean? Bi adibide esanguratsuak (eta txundigarriak) emango ditugu.
1.977an, Estatu Batuetan, Hegoaldeko Unibertsitate Metodistan, 201 zifradun zenbaki baten 23. erroa galdetu zioten (!) eta 50 segundotan erantzun zuen (!!). Erantzuna zuzena zela ordenagailu batek baieztatu behar izan zuen, eta horretan 62 segundo eman zituen ordenagailuak (!!!).
1.980an Londresko Imperial Collegeko informatika departamentuan, hamahiru zifrako bi zenbakien multiplikazioa eskatu zioten (!) eta hogeita zortzi segundotan erantzun zuen (!!), erantzuna ahoz emateko behar izan zuen denbora ere kontuan hartuz (!!!). Lorpen honengatik 1.982. urtean munduko errekorren Guinness Liburuan sartu zen Devi anderea.
Guzti hau nahikoa ez balitz, idazlea ere izan zen Shakuntala Devi eta saiakera nahiz fikziozko liburu anitz kaleratu zituen.
Berkeley Unibertsitateko psikologia irakasle zen Artur Jensenek proba ugari egin zizkion Devi andereari, eta 1.990ean “Intelligence” aldizkari zientifikoan argitaratu zituen bere ikerketen emaitzak.
Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua
2014-04-23 // Azalpenik gabekoak, Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak // Iruzkinik ez
Hal Saflieni hipogeoa
Orakuluaren ganbara
1.902an Malta irlako etxebizitza batean langile bat zulo bat egiten zebilenean, etxe azpiko lurrean zulo handi bat aurkitu zuen. Hasiera batean haitzulo edo leize bat zirudiena, arretaz aztertuta, benetan hiru mailako eraikin bat zen. Eraikina ganbara ezberdinetan armonikoki banatuta zegoen, zutabe, arku eta leihoez, guzti horiek harkaitza zulatuz eta ebakiz egindakoak.
Lurrazpiko eraikin hau osatzeko ingeniaritza arazo konplikatuei erantzuna eman behar izan zien eraiki zuenak, eraikin osoa behera ez erortzeko. Horrela, eraikinak harlauzez estalitako korridoreak zeuzkan, karga hormak eta arku horizontala ere. Eraikinaren funtzioa hildakoei omendutako tenplu bat izatea izan behar zuen, bertan 7.000 gorpuen eskeletoak aurkitu baitziren. Eskeleto hauek margo okrez margotuak zeuden, bertan hezurrak eta ez gorpuak ehorzten zirela adierazten diguna.
Interesgarria, bai, baina batez ere eraikuntzaren data ezagutu zenean, Hal Saflieniko hipogeo honek ia 6.000 urte baititu, alegia, Stonhenge edo Egiptoko piramideak baino mila urte zaharragoa da!!! Honek munduko lurrazpiko eraikin zaharrenean bihurtzen du.
Hipogeoa eraikitzeko 2.000 tona harkaitz atera behar izan zirela uste da, eta kontuan izan behar dugu metalak ezagutzen ez ziren garai batez ari garela, hau da, lan guztia harrizko edo obsidianazko lanabesak erabiliz egin behar izan zen. Egungo arkeologoen ustean 150 lagun eta hiru urte behar izan omen ziren eraikina bukatzeko, hori bai, zenbat aldiz eraikin bat behera etorri zitzaien behin betiko erantzunak lortu arte, ez dakigu, baina eraikinak hor dirau azken sei mila urteko lurrikara, uholde, sumendi eta antzeko guztiak jasan ondoren.
Eta nork eraiki zuen? Ba egungo arkeologiak ez dauka honetarako erantzunik. Hipogeo hau eraiki zuen gizarteak K.a. 3.700 urtetik 2.400 urtera bizi bide zen Maltako irlan, eta bere paregabeko sormenaren aztarna bezala hogeita hamar aztarnategi megalitiko utzi dizkigute. Nagusia hipogeo hau da, eta ondoren beste lau lur gaineko tenplu (bostak eraikin konplexuak dira eta ez soilik zutik zirkuluan jarritako megalitoak). Ondoren desagertu ziren. Nortzuk ziren eta nondik etorri ziren ez dakigu.
Baina orain arte kontatu dugun guztia nahikoa ez balitz, oraindik ez dugu hipogeoaren alde misteriotsu eta txundigarriena aipatu: bere akustika. Hal Safkieniko hipogeo barnean egotea kanpai erraldoi baten barnean egotea bezala da. Soinuek eraikin osoan bibratzen dute eta gorputz osoan sentitzen dira, hezur eta giharretan, ez belarrietan soilik. Egungo bisitarien esanetan esperientzia ikaragarria da, nondik datorren identifikatu ezin dezakezun zerbait antzematen duzulako. Eta ez da kasualitatez gertatzen den zerbait: hipogeoko ganbara bat, Orakuluaren Ganbara, horretarako apropos eraikia dago. Ganbara honek “D” itxura dauka eta hondoan nitxo bat dauka. Nitxo honen hondorantz begira hitz eginez gero soinua eraikin guztitik zabaltzen da (eta nitxoren ertzean agertzen diren eskuen aztarnek, horrela erabiltzen zela frogatzen digute). Gainera ganbara honetako horman kanal bat ere zulatu zuten, antza denez, soinua anplifikatzeko.
Baina, berriz ere, hau ez da guztia. Soinua eraikin osoan bibratzea lortzeko, ahotsak 95 eta 120 Hz arteko frekuentzian egon behar du, alegia, gizonezko baten ahotsa izan behar du, eta, hortaz, emakumezko baten ahotsak ez luke efektu bera lortuko.
Eta gehiago oraindik ere: hipogeoko erresonantzia efektu handiena 110-111 Hz-ko frekuentziako soinuekin lortzen da eta, UCLA unibertsitateko ikerlariek frogatu dutenez, frekuentzia honetako soinuen erresonantziak burmuineko kortex prefrontalean eragina dauka. Eragin honek zera esan nahi du, lengoaiaren zentroa desaktibatzen dela eta burmuinaren eskuineko hemisferioa aktibatzen dela, emozioekin lotuagoa dagoena. Hots, hipogeoan bildutako jendea, apaiz edo antzeko baten kantu edo otoitzak entzunez, esperientzia berezi bat jasaten omen zuten, sormenarekin loturiko burmuinaren aldea estimulatzen zuena, hausnarketa sustatzen zuena. Egungo zientzialarien azalpenetan, humorea, enpatia eta gizarte harremanekin lotzen den burmuineko aldea estimulatzen zen. Laburbilduz, Harri Aroko gizatalde hark giza burmuinean erlijio esperientziak eragiteko modua asmatu zuen.
Gaur egun esperientzi txundigarria bada, orduan berebizikoa izan behar zuen.
Eraikinaren egileak nortzuk ziren ez dakigula aipatu dugu, baina haien giza itxurako estatuatxoak aurkitu dira: ilea moztua, apaindua daramate eta jositako arropak, ez ziren beraz, pentsa dezakegun bezala, haitzuloetako salbai primitiboak. Estatuatxo hauek gizonezkoak edo emakumezkoak diren ez dago argi, baina haietako batek ere ez dauka belarririk. Honen arrazoia ezin dezakegu jakin, baina ez litzateke hipotesi zoro bat izango, soinuaren eragin “mistiko” hau aurkitu zuen gizartean, belarriak gorputzeko zatirik miretsienetarikoa izatea.
Eguzkia lege unibertsalak hausten
2014-04-07 // Azalpenik gabekoak, Naturaren bitxikeriak, Zientzia bitxia // Iruzkinik ez
Eguzki azala
Txikitandik gure intuizioak edo eguneroko esperientziak fisikaren lege bat irakasten digu: beroak, beti, beroago dagoen objektutik hotzago dagoen objekturantz bidaiatzen duela. Horrela ikasten dugu, adibidez, hotz bagara sute batera hurbilduz berotuko garela eta, aldi berean, gehiegi hurbilduz gero erreko garela. Zientzialariak gero etorriko dira intuizio horri lege fisiko baten itxura ematera, hizkera zientifikoan eta unibertso guztirako baliagarriak diren hitz eta esamoldeetan. Kasu honetan, hori da Termodinamikaren Bigarren Legeak esaten duena.
Termodinamikaren Bigarren Lege horrek dioena (eta guk gure hitzetan antzematen duguna) hitzez hitz betetzen da ezaguna zaigun unibertso osoan, leku jakin batean izan ezik: eguzkian.
Eguzkiaren azalak, kromosfera bezala ere ezaguna denak, 5.500 Celsius graduko tenperatura dauka, baina hura inguratzen duen ehunka kilometroko geruzak, eguzki koroak, ostera milioi bat Celsius graduko tenperatura dauka! Berrehun bat bider beroago dago eguzki koroa eguzki azala baino! Hots, beroak eguzkiaren azala uzten duenean Termodinamikaren Bigarren Legea hausten da: lege honek (eta gure intuizioak) esaten dutenez, bietatik beroena beroa isurtzen duena izan beharko litzateke (eguzki azala), eta ez beroa hartzen duena (eguzki koroa). Grafikoki azaltzeko, eguzki koroan gertatzen dena, piztutako bonbilla baten inguruko airea bonbillaren beira baino beroago balego bezalako zerbait litzateke.
Eta nola gerta daiteke horrelako zerbait? Laburbilduz, ez dakigu. Fenomenoa aurkitu zenetik, 1.939an, zientzialariek teoria ezberdinak landu dituzte, baina, egun, batek ere ez du fenomeno hau behin betiko eta erabat azaldu. Proposatutako teorietatik bi dira modu orokorrago batean defendatuak izan direnak: uhin berokuntza eta berkonekzio magnetikoa.
NASAren misio bat, Solar Probe 9 izenekoa, eguzkiaren 9,5 erradioko distantziara hurbiltzeko proiektua martxan dago, koroako beroaren eta beste fenomeno batzuen ikerketarako datuak lortzeko asmoz.
Isao Machii: egungo samuraia (edo Jedia)
2014-03-24 // Bizitza errealeko X taldea // Iruzkinik ez
Isao Machii “laido” izeneko guda artean japoniar maisu bat da. Bost urte zituela hasi zen katana erabiltzen eta ordutik (berrogei urte ditu gaur egun) aparteko trebezia txundigarri bat landu eta garatu du. Horren froga dira interneten aurki ditzakegun hainbat bideo, baina guztien gainetik hurrengo hau: bideoan Isao Machii, bere katanarekin, pistola batez disparatutako pilula baten tamainako perdigoi bat bitan ebakitzen ikus dezakegu. Bideoan abiadura 250 aldiz moteldu behar izan da, perdigoiaren abiadura benetan 350 km ordukoa baita, eta honek giza begietara ikusezin bihurtzen baitu.
Nola da posible? Machiik ez du perdigoia ikusten, baina, teorian,non egongo den aurreikus dezake. Horrela esanda, gu guztiok daukagun ahalmen bat da: norbaitek jaurtitzen digun pilota bat harrapatzeko, aurretik norantz doan eta non egongo den aurreikusi behar dugu. Maila garatuago batean, beisbol jokalari batek 150 km orduko abiadura daraman pilota bati jotzeko gauza da, pilota jaurtilariaren eskutik nola irteten den ikusiz, pilota horren bidea zein izango den aurreikus dezakeelako. Hortaz, kasu honetan ere, ikusmenak funtsezko papera betetzen du. Machiiren kasuan ordea, honen burmuina euren abiaduragatik ikusezinak diren gauzak jotzeko (eta bitan zatitzeko) gauza da.
Bideoan hitz egiten duen psikologoak, Kaliforniako Estatu Unibertsitateko irakaslea den Ramani Darvasula doktoreak, hau giza zentzumenetatik haratago dagoen abilezia bat dela, aurreikusteko kapazitatearen maila goren bat, parerik gabekoa dela dio. Hots, film bateko Jedi batena edo komiki bateko superheroi batena bezalakoa.
Isao Machiiren “superbotere” hauen beste froga bat, Guinness liburuan bere izenean agertzen diren hiru munduko errekorrak ere badira.
Suge bihozdun laguna (literalki): eboluzioaren txantxa
2014-03-13 // Sailkatugabeak // Iruzkinak desaktibatuta daude Suge bihozdun laguna (literalki): eboluzioaren txantxa sarreran
narrasti bihotz zirkulazioa (nonbait)
miokardio ez konpaktua (omen)
2010an Texas Heart Institute Journalek kasu txundigarri bat argitaratu zuen: 59 urteko gizonezko bat ospitalera heldu zen bularreko min handiekin, arnasa hartzeko zailtasunekin eta nekearekin. Gaixoak bihotzekoak ematen ari ziola susmatzen zuen eta medikuek bypass bat egin behar ziotela suposatu zuten hasieran. Elektrokardiogramak eta bihotzaren erradiografiek ez zuten ordea arazorik aurkitu eta kateter baten bidez arterian ez zegoela buxadurarik baieztatu zuten. Baina bihotzaren angiograma batek bestelako gorabeherak aurkitu zituen: gaixoaren bihotzaren miokardioa ez zen konpaktua eta, aldi berean, ezker eta eskuin bihotz-arteriek zuzenean odola isurtzen zuten ezker bentrikulura, fistula anitzen zehar.
Guzti honek zer esan nahi zuen? ba, lagun haren bihotzaren miokardio arkitekturak eta bihotz-zirkulazioak narrasti baten antzekoak zirela (sinusoidal itxurako miokardio bat eta komunikazio zuzenak bentrikulura) eta ez ugaztun batenak.
Atabismo kasu baten aurrean zeudela erabaki zuten medikuek. Atabismoa zera da, organismo moderno batean eboluzioan arbaso bat izan zenaren berragerpen arraro bat. Zientzialarien esanetan, “ontogeniak filogenia errepikatzen du”, alegia, animali baten enbrioiaren garapenak espeziearen eboluzioaren garapena errepikatzen du; eta beraz, guri dagokigunez, giza enbrioiak giza espeziearen eboluzioa errepikatzen du. Denok dakigunez, ugaztunak, gizakiok barne, narrastiak bezalako bestelako ornodunetatik eratorriak gara milioika urteko eboluzioarengatik. Horregatik, gizon-emakumeengan atabismo kasuak aurki ditzakegu.
Izatez, giza enbrioi batean, bihotza hasieran arrain batenaren antza dauka, banatutako barrunberik gabe eta odola aorta bakar batetik irteten delarik. Aurrerago narrasti batenaren antza hartzen du, guztiz banatutako bi bentrikulurekin eta guztiz banatu gabeko aurikulekin. Soilik azken epean giza enbrioiaren bihotzak lau barrunbe guztiz banatuta dauzka, miokardio konpaktu bat eta odola hiru arteria epikardialetatik hartzen du. (gehiago…)