Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Okela erre 2023-09-18
- Shaykh Ahmadou Bamba: garaiotarako bakegilea 2023-09-05
- Ovidio-ren metamorfosiak 2023-08-16
- Chan da Polvora: poesia galiziarra 2023-07-31
- Nere izena zan Plorentxi 2023-07-29
- Miriam Luki-ren argialdiak 2023-06-06
- Joan Mari Gizagoien 2023-05-19
- Dakarren atunetan & Ternuan bakailaotan 2023-02-24
- Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876) 2023-02-04
- Balio erantzia 2023-01-29
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Ez-maite ditut ez-maite hainbat eleberrikote… baina Dickens is different!
Atalak: Koldo Goitia
Gaur kalekume bixeradun bat etorri zaigu Lazzarettora. Koldo Goitia dugu. Konfinamendua Dickensekin pasa duen irakurle konformagaitza. Idatzi hau ekarri digu:
Ez-maite ditut ez-maite hainbat eleberrikote… baina Dickens is different!
by Kalekume Bixeraduna
Bleak house (Etxe enkoniatua) Jatorrizko edizioa (1853)
Garai erreseteatu hauetan, non Normalidade Berriak jango gaituen Saturnok bere semearekin egin zuen legez, sekulako erabakia hartu dut: Dickens-en nobelatzar bat irakurtzea. Maniaz beteriko lettorea nauzue (geldi irakurtzen duen horietakoa, gainera) eta aspaldidanik bi baldintza ezinbesteko ezarri ohi dizkiot liburu bati nere gustukoa izan dadin. Batetik, berehala liluratu behar nau, asko jota hamargarren orrirako guztiz maiteminduta -edo gutxienez apur bat txolinduta- utzi behar nau aurrean dudan idazkiak; bestetik, 300 orri edo gutxiago izan behar ditu lan horrek. Obrarik biribilena, unibertsalena edo mundialena izanda ere, adreilutrinko kategorian sartzen badut, akabo! 10/300. Eta kitto!
Idazlan batek ez banau limurtzen, ez banau nolabait maitemin zoroenaren amildegira jauziarazten, seduzioaren erreinura eraman beharrean sedazioaren paramuetara banarama, leitzeak dakarzkidan neke eta sufrikarioak ez du merezi (begiak erraz nekatzen zaizkit, gorritu, hazkagura, euliak eta lainoak azaltzen dira, txispazoak…) Bai, leitzea niretzat tortura hutsa zen haurtzaroan eta ez dut gehiago sufritu nahi trukean plazer handi bat ez badut jasotzen glaukomaren garai hauetan. Sadomaso ilustratua.
Sarritan tokatu zait beste irakurzale batzuekin solas egitea eta asko dira liburuei halamoduko pazientzia-epeak jartzen dizkietenak; solasaldi hauetako esaldi tipikoak dira “ehun orri leitu ditut eta oraindik ez diot punttua harrapatu“, “astebete daramat liburuarekin eta ezin dut aurrera egin” edota “pelikula samurragoa zen” (ahuntz batek beste bati bota zion zabor artean jan bila zebiltzala…)
Beraz eleberrikote dezimononiko bati heltzeko indar handiko zergatia behar dut eta orain bizi dugun distopia petrala, izurri edo izorraldi pandemikoa, primeran etorri zait irakurle bezala nuen betebehar tazitua betetzeko; azkenik erabaki dut maisulan klasiko, lodi, potolo-potoloa leitzea. Aspaldi erositako “Etxe enkoniatua” hortik zebilen, hautsaren pean, erruki eske. Charles Dickens zioen azalean, berme-ikur gisa edo, ditxosozko CE delakoaren ordez.
Katedradun pertsona ospetsu bati aukera eman zioten lehengoan, irratian, bere ustez heziketa ertainean (non geratu da gure batxilergoa?) ezinbestekoak diren irakurgaiak aitatzeko. Ohiko mantrarekin hasi zen: Iliada, On Kixote, Gerra eta Bakea, Bizitza amets…Klasikoak, irakurri beharrekoak, aparteko lanak! Ba nik diot: gora “Fahrenheit 451”, dedio!
Fahrenheit 451
Fahrenheit 451
Ray Bradbury 2010
Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademiaren Literatur Saria, Californiako Commonwealth Club-eko Urrezko Domina, Prometheus “Hall of Fame” Saria (1984), Retro Hugo Inoizko Eleberririk Onenen Saria (2004)
Liburu honetako protagonista, Guy Montag, suhiltzailea da. 451 zenbakidun kaskoa buruan, letoizko mangera-muturra ukabiletan, liburuak erretzea da bere lana, bere behar kuttuna. Izan ere, Montag bizi den herrialdean debekatuta dago irakurtzea. Irakurtzeak pentsatzea dakarrelako eta pentsatzeak zoriontasun eza. Eta zoriontsua izatea derrigorrezkoa da. Dena aldatuko da, ostera, familia antisozial bateko kide den Clarisse gaztea ezagutzen duenean. Harreman berriak inarrosirik, erreketa batean liburu bat ezkutatu eta irakurtzeari ekingo dio suhiltzaileak, bera ere antisozial bihurtuz. Macartismo garaian idatzia eta orduan sortu berria zen Playboy aldizkarian atalka argitaratua, XX. mendeko distopiarik ezagunetako bat da Fahrenheit 451, alienatzen doan gizartea esnatzeko aldarri sutsua.
«Estatu Batuetan gertatzen ari zenaz kezkatuta idatzi nuen liburu hau. Bere itzalari ere beldur zion jende askok orduan; liburuak erretzen hasiko zirenaren mehatxua zegoen. Liburu asko apaletatik erretiratzen hasiak ziren» (Ray Bradbury).
STOP sinple bat ere ez irakurtzeagatik hainbat hildako izaten diren gure herri maite honetan, lehentasun ezinbestekoa irakurzaletasuna piztea da, ez klasikoak hestegorritik irentsaraztea gure institutuzionalizatutako gaztetxo pantailamiazleei. Ikasleren batek interes berezia badu klasikoen leizean espeleologia praktikatzeko, lehenik eta behin azterketa psikiatriko sakona egin beharko liokete eta gaztaroaz benetan disfrutatzeko ikastaro trinkoa egin. Klasikoak 50 urte bete eta gero irakurri behar dira, beti ere konfinamendu derrigorrezko bat ezartzen badute osasun-agintariek (eta ez ahaztu erretzaileek 70eko hamarkadan hain gogoko zuten leloa: osasun-agintariak ere arriskutsuak izan daitezke zure osasunarentzat).
Goazen, beraz, “Etxe enkoniatuarekin” (Bleak House, jatorrizko edizioan). Idazlan bikaina dela ezin esan, egungo ikuspuntu hiper-exigentetik aztertuta; badakizue zer esaten zen Dickens-i buruz: haria, trama, kontakizunaren nondik norakoa ez zuela gehiegi zaintzen. Ez da alferrik mende t´erdi luzea igaro. Gaur egungo irakurle batentzat, -eta are gehiago ni bezalako nobela poliziako eta pulp kategoriako liburuki histrioniko bezain zalapartatsuak leitzeko joera duen thrillerjalearentzat– istorio dickens kutsukoek ez dute liseriketa erraza. Bikarbonato potea eskura eduki behar da.
Aldiz, pertsonaien erretratu biribilak maite badituzue, anbientazio literario peto-petoak, elkarrizketa biziak, pasarte umoretsuak, ironia -eta zenbaitetan sarkasmoarekin topo egiteak ez badizue eguna sumintzen-, bete-betean asmatuko duzue liburu honekin. Eta hobe dut Dickens berari berba egiten utzi. Pertsonaia-galeria ia amaitezina ezagutzeko aukera ematen digu egileak eta fauna anitz horretan ez dira falta aristokratak. Hona Sir Leicester Dedlock baronetak, zer dioen garaiko industrial bati buruz: “Bada jendea (metalurgikoak, iturkinak eta bestelakoak) katezismoa ahaztu duena eta gizartean dagokion postutik ateratzen dena (eta postu hori, Sir Leicesterren logika bizkorraren arabera, beti izan behar da, nahitanahiez, jaiotegunean hartutako postua) eta hortik aurrera beste jende bat hezitzen hasten dira, horiek ere euren postuetatik atera daitezen, erreferentzia puntuen suntsipena eraginez, konporta eta ataska guztiak irekiz”. Dickens da, adi! Eta ez Karl Marx. Elkarrengandik oso urrun ez ziren biak ibiliko Londoneko laino artean…
Charles Dickens (1812-1870)
Liburuaren hasiera, esan bezala, ezin da nolanahikoa izan (barkatu hain astuna izatea) eta Dickens-ek hori bazekienez, hemen dituzue lehen lerro horiek: “Duela hilabete batzuk, jendaurreko ekitaldi batean, Kantzileriako epaile batek komunikatu zidan atsegin handiz, dementziak jota omen zeuden 150 gizon eta emakume susmagarriz osatutako talde bateko kidea nintzenez, Kantzileriako Epaitegiak jendearen aurreiritzi ugari sufritzen bazituen ere (eta une hartan irudipena izan nuen ez ote zidan epaileak zeharka begiratu) erakunde hura kasik guztiz garbia zela“. Eta Epaitegi Goren horren garbitasun kasik guztizkoak dakartzan bihurgune semantikoak, tolesdura semiotikoak eta ondorio narratibo kalapitatsuak dira “Etxe enkoinatuaren” bizkarrezur eskoliosidun eta sostengu-habe nagusiak. Eta lettore balddar batek nolabaiteko zalantza izpirik badu meningeetan trabatua, honatx Charles Handiak gehitzen duena: “Egun, epaitegi horretan, duela ia hogei urte abian jarritako auzia bada; jakitera eman da bertan hogeitahamarretik berrogeira abokatuk parte hartu dutela aldi berean, 70.000 libera xahutu dituztela, berez adiskidetasunez garbitu beharreko auzia zela, eta gaur da eguna hasi zen egunean bezain urrun dagoena bere amaieratik”. Jarndyce Auzia da, berau. Eta inortxok espero ez dituen tripajateak, buruhausteak eta isilpean sufritu beharreko oinazeak eragingo ditu.
Dedlock familia distingitua, Jarndnyce sendi sufritua, Jo gizagaixoa, Bucket detektibea (Sherlock Holmes-en aintzindaria?), Esther, Ada eta Rick hirukote protagonista, Tutorea (Etxe Enkoinatuko nagusia), Milady Dedlock eta bere sekretua, George soldadu ohia eta bere anaia metalurgikoa, Tulkinghorn, Kenge eta Vholes abokatu zuhurrak… Den-denek (eta tintapotean asko geratu dira) korapilo askaezin erraldoi batean entranpatuak bukatuko dute, eta Dickensek eraiki duen arkitektura monumentalak, azken orrietan, nolabaiteko likidazio edo suntsipen estranbotiko samarra badu ere -sokamutur gehiegitxo gelditzen zitzaizkion ile-punta errebeldeak bailiran- azkenean luma-kolpez eginiko esgrima ariketa ez hain aldrebesa eskaintzen digu milagarren orritik harantz doala ohartzean. Tramaren tranpa, badakizue; jende gehiegi egurtu nahi izateak hori du.
Amaitzeko Dickens-ek hitzaurrean utzi zizkigun hitzak: “Etxe enkoniatuan” apropos hartu dut astia ohiko kontu arrunten alde erromantikoa aztertzeko. Uste dut liburu honekin inoiz baino irakurle gehiago erakarri dudala. Elkarrekin topo egin ahal dezagula berriro!”.
Illustration by Hablot Knight Browne for Charles Dickens’s Bleak House. Here Lady Dedlock is visited by her cunning old lawyer, who discovers her deepest secret and threatens to reveal it to her husband. © Photos.com/Thinkstock
Eskerrik asko, bixeradun kalekumeari. Galtzez galdua dagoen etxean ez da gatzik falta. Irakurleak goza dezala!