Lazzaretto vecchio
Hasiera » bAst » Kendu hiperesteka
Urr17 0

Kendu hiperesteka

Atalak: by lazzaretto bAst

 Maiz sarean testuren bat irakurtzean, aurkitzen dugu, hitz batek esteka edo hiperesteka bat duela atxikita, hau da, esplikazio luzeago bat, hitz hori kalifikatzen duena. Batzuetan argigarri gerta ohi da, baina nola jakin hiperestekak egia dioela?

 

Gauza bera pertsonekin gertatzen da. Urliak badu izena eta hiperestekan hari egozten zaizkio hainbat tasun eta keria. Kutsua.

 

Hiperesteka kenduta, gauza bakoitzari bere benetako izena eman dakioke. Benetako izena baldin badu, ez du esteka edo hiperestekarik behar.

 

Hona olerki bat, benetako izenari buruz.

 

T h i c h   N h a t   H a n h olerkari vietnamdarra

Dei nazazue neure benetako izenez

Irudia: itsasertz                                                                     oleum on black legkat canvas     bAst 2020

 

Dei nazazue neure benetako izenez

 

Ez ezazue esan bihar irtengo dudanik,

oraindik iristen nago eta.

 

Begira sakonki; uneoro nago iristen,

adar batean udaberriko ernamuin izateko,

oraindik hegalak ahul dituen txori izateko,

kantuan ikasten nabilena neure kabi berrian,

tximeleta izateko lore baten bihotzean,

bitxi ezkutu izateko harri batean.

 

Oraindik iristeko nago barrerako nahiz negarrerako,

beldur izan eta itxaroteko.

Bizi den ororen jaiotza eta heriotza da

ene bihotzaren taupada.

 

Itxuraldatzen ari den moxorroa naiz

ibaiaren gainazalean.

Eta hura irensteko oldartzen den

txoria naiz.

 

Urmaeleko ur garbietan

pozik igeri dabilen igela naiz.

Eta uretako sugea naiz

isil-gordeka igela jaten duena.

 

Ugandako haurra naiz, oro hezur eta azal,

neure bernak  mehe-mehe, banbu kanaberak bezain.

Eta arma-saltzailea naiz

Ugandari arma hiltzaileak saltzen dizkiona.

 

Hamabi urteko neskatxa naiz,

txalupa txiki batean babestu dena,

eta ozeanora bere burua botatzen duena

piratak bortxatu ostean.

Eta pirata naiz,

zeinaren bihotzak ez baitaki oraino

ikusten eta maitatzen.

 

Politburoko kidea naiz

ahalmen guztia neure eskuetan.

Eta neure herriari “odol-zorra”

ordaindu dion gizona naiz

kontzentrazio-eremuan egunez egun hil dena.

 

Udaberria lez da neure alaitasuna, hain epel-goxoa

lorarazi egiten ditu Lurreko lore guztiak.

Malko erreka da ene mina,

hain handia, lau ozeano betetzen ditu.

 

Dei nazazue neure benetako izenez,

arren, esna nadin

eta ene bihotzeko atea,

errukiaren atea,

zabalik gera dadila.

 

Olerki hau 1978an idatzia izan zen, “boat people”

 jendeari laguntzeko garai hartan.

 Lehen aldiz erretiro batean irakurria izan zen

Kosmos zentroan Amsterdamen,

Niko Tidemanek antolatuta. Daniel Berrigan

bertan izan zen.

 

Joakin Lizarraga, Elkanokoa

ITZGÁIA MURMURACIOARÉN GÁIN, TA EMBUSTERIEN

 

  1. Explicaturic juicio gaichtoen gaizquia, baita murmuratze-guisabát biotz bárnean, seguitzendá explicátzea murmurácioaren gaizquia mias, baita gaichstoágo, cerén bárneco venénoa atratzendén mira, iltzecó bere arima, ta adizalearéna, infamátus proximoa urrundaníc, edo ausencian. Cer dá murmurátzea? Izengónec adiarastendú marr marr egótea eztueláic aitzen arc, nóres dardúcan. Murmurátzea proprioqui dá errátea proximoas auséncian edo guibeletic cerbáit arren cóntra, edo desohoretán. Preséncian errátea deitzendá deshonrácio, ta laidoa; dá honrarén, errespéto ta atencioarén cóntra. Auséncian dá famarén ta creditarén cóntra: Eta causatzendueláic edo dezaqueláic causátu adizálean sentimentu edo iranorbaitengána, deitzendá susurrácio, edo embusteria; dá caridadearen eta adisquidetasunarén cóntra. Guciétan mostratzendá biotzarén charrtasúna, ta miarén béltz gaichstoa. Jarducágun lenic murmuracioas. Nork eztacúsa viciogónen villau cárra emáteas proximoarén cóntra guibeletíc, eztueláic aitzen, eztaiqueláic defénda? Ezta ori traiciobát itsúsia? Bere cóleran bátec errátea gaizqui aurquez aurque dá nola miarén ezpátas alcinetic tirátzea: Baña guibeletíc edo saietsetíc odól ótzean ustecábean descuidártean tiratzea becála dá murmurátzea. Au ezpada charqueria, eztáquit cer datéquen. Naiz usadezáten guizon bizardúnec, naiz chipi andi guciéc; bentzáit guizón prestuéc ez. Guizon préstu ta murmurazále ez datéque. Orgátic ere guizón urrín duénac bearlúque estúdio ta diligencia gucia parátu, eztáquion átra itzíc murmuracioscoríc, eta bere buruari penac eta peniténciac, descuidatzen bálitz. Christiatzeco bát, paratucióte lenic gátz bedeicátua agoán. Gaizqui empleátua, uztecós mia cebátzera murmuracioarén péstean. Christio-guisagóiec il-urrin dúte, ta ustél urrín. Costumbrátuas guéros, sendatzecó, medicu óna beaute. Lingua nigra et virulenta calamitosissima, dió Hypocrates famátuac: Mia beltz ta pozoisu señále charr chárra. Murmurazalearén mia dá beltz, ta pócioa dario, cerén utziric proximoen ónac, empleatzenbaita aién faltaetán. Baña goácin churitus. Lenic esca gracia. Ave Maria.

Irakurtzen                                                                                                                                    bAst 2010

Ikusmira  (zatia)                                                                                                                      bAst 2020

                                 

                                                           “Ni naiz hamaika geruza dituen tipula lodi bat,

amets belztu batek

alanbre ziztakariek inguratu alorrean

erein zutena eta hazi dena,

hezi eta erauziko dutena.

 

Gizon koitadua.

Eta jateari atxikitzen natzaiola

begi laino mehe artean,

tipulak gorde duen azken geruzaren sekretua

zein den jakin nahian lehiatuko naiz”.

 

Stacy Burd-en azken hanburgesa

olerkiaren zatia

 

Josetxo Azkona

  

Ni naiz Basquiat

haur problematikoa

topera bizi nahi zuen rasta ileko gazte

xalo

merkatuak irentsia

maitagarria

jasangaitza

sakona

azalekoa

naturala

artifiziala

zuk nahi duzuna, jada hilik nagoenez gero.

 

Basquiat olerkiaren zatia

Harkaitz cano

 

Lore guztiak arantze,

uki guziak oinaze,

ni naiz amaganik sorthu jasaiteko hunenbertze

ez da enetzat izanen ez ganbio, ez eztitze?

 

Desesperantza olerkiaren zatia

Jean Gorostarzu, 1860

 

Nor izango? Ni naiz, ni naiz

Gizon kementsu ori!

Ator, ator ene zaldi!

Eup, ene zaldi zuri!

 

Gailurrarontz olerkiaren zatia

Alexander Tapia, 1926

 

Izenburua: Você pode substituir mulheres negras como objeto de estudo por mulheres negras contando sua própria história (emakume beltzak ikergai jarri ordez emakume beltzak beren gertaerak kontatzen jar dezakezu) Egilea: Giovana Xavier / Hizkuntza: Portugesa

 

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Iñaki Bastarrikaren bloga

Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.

Azken bidalketak

  • Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak 2021-04-18
  • Isabel Azkarateren kamera magikoa 2021-04-11
  • Munibe aldizkari zientifikoa: urubiak eta eukaliptoak 2021-04-04
  • Bizitzaren ederra 2021-03-28
  • Intsektuak lehen hezkuntzan: Sánchez-Bayo 2021-03-21
  • Artista malawiarra: Billie Zangewa 2021-03-14
  • Agerkunderako gunea: Iza & Salmeron 2021-03-04
  • Xerkari de Dorronsoro: El Buscón de Quevedo 2021-02-26
  • Daymé Arocena 2021-02-20
  • Alain Mabanckou-ren “bazar beltza” 2021-02-14

Iruzkin berriak

  • ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
  • Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
  • Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan

Artxiboak

  • 2021(e)ko apirila (3)
  • 2021(e)ko martxoa (4)
  • 2021(e)ko otsaila (5)
  • 2021(e)ko urtarrila (5)
  • 2020(e)ko abendua (6)
  • 2020(e)ko azaroa (8)
  • 2020(e)ko urria (7)
  • 2020(e)ko iraila (8)
  • 2020(e)ko abuztua (6)
  • 2020(e)ko uztaila (15)
  • 2020(e)ko ekaina (9)
  • 2020(e)ko maiatza (9)
  • 2020(e)ko apirila (11)
  • 2020(e)ko martxoa (14)

Kategoriak

  • bAst
  • Juan Luis Aizpuru Beristain
  • Koldo Goitia
  • Sailkatu gabea

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA