Lazzaretto vecchio
Hasiera » bAst » Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo
Mai01 0

Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo

Atalak: bAst

Iñaki Segurola Amutxastegi gogoan           

  1. or.

Bizia eta heriotza, bi anaia ama batenak. Etsai amorratuak dirudite eta ezin uztartuzkoak, baina irudipenetatik haruntzaxeago jo eta elkarren behar gorrian harrapatzen ditugu. Hi eta ni bezalatsu, edo hortxe nonbait: hi ni haiz hizketan; ni hi nauk ni ixiltzean.

Aise egiten dute bi senide horiek jauzia batetik besterenera. Bizia eta biziena, hiltzeko minbiziaren beste izen batzuk dira gure mintzamolde honetan. Herioa, berriz, pertsona biziaren herio-suharreko larria ere bada, eta laborria, estuasuna, zorabioa, edo bizirik gaudelako kontzientzia minena. Horrezaz gainera, hil-eta-biziko zernahi eratako nahaskiloak ditugu, noiznahi agintzen edo saltzen zaizkigunak: hil-ondoko bizia edo betierekoa, jaio-aurreko bizialdiak, bizi-bitarteko heriotzatxo behin-behinekoak, jaiotzatik hasten omen den heriotzako bidea, hila dirudien bizia dirudien hila dirudien…

Heriotzak ontzen du bizia; (nire) heriotzak izanarazten du (nire) bizia, eta alderantziz. Biziak, bizitzak, bizimoduak eta bizilegeak ontzen dute heriotza azkenerako. Eta gauzak argiago aditu nahi badira, betor Axular: bicitceaz hiltcen gara, eta hiltceaz bicitcen.

Elkarren ongarri izanagatik ere, inork ez du heriotzarik famatzen, baina, aitzitik, biziak izen ona du. Baita nire belarrirako ere, baina zer den ez dakigun eta ezin harrapa genezakeen zera horretaz ari baldin bagara, zeren bizia edo bizitza zer den badakigula uste dugun momentutik, bietako bat: edo biziaren predikatzaile bioenergetikoen gisa hasten gara (“bizia indar sortzaile bat da, askea, ederra, zoragarria, indartsua, gihartsua, geldiezna…”), edo bestela, etsi beltzean, honako honatagoko honetaz ari garelarik, “horixe da bizia” edo “bizitza holakoxea da” eta horrelakoak botatzeari ekiten diogu, eta hor bizia edo bizitza bizilege bat bilakatzen da, eta hilotz bat bezain gogorra; hor biziaz heriotzaz bezalaxe mintzatzen gara: “horixe” edo “holakoxea” den hori, edo heriotza bera da, edo heriotzaren koloreko ezbeharreko edo nahigabezko zeraren bat.

Biziak eta heriotzak gauak eta egunak ere ez daukaten etengabeko gurutzatze bat daukate elkarrekin. (Ederki zekien hori Schrödinger-en katuak).

Bizia eta heriotza ezin baten bi izen dira.

fotobAst 2022                                                                                                                        Mihura saila

 

  1. or.

(Hil, akabatu…). Hemen, hil, pertsonak eta animaliak hiltzen gara eta gaituzte. Belar edo landare-jendea ihartu edo erre egiten da; ez da hiltzen, ez baitzegoen bizirik ere (biologiarentzat bai, jendearen hizkuntzarentzat ez; gauzak berezko zentzuan harturik beti ere, ez erabilera irudizko, hedatu edo norgauzatuetan). Heriotzak direnak oro berdintzen omen ditu eta ezerezten; gu, mendekuz, heriotzaren lana pusketan xehatzen ari gara, ea bere lan beltzean errazago harrapatzen dugun. Pertsonek eta animaliek badugu antz pixkat; jaten, lotan, bizitzen (bizimoduan?), lanean (lanbidean?), eta beste zera horretan ere bai: “arrak emea gainkatzea edo estaltzea” eta horrelako aukera sexualak garatzen dituzte askatasun osoz (hau barregura!), eta guk berriz, jo egiten dugu, eta bai, nahi izan ezkero, ez dugu antzik batere.. Eta hiltzeari gagozkiola zer? Animaliak eta gu hiltzen garela eta gaituztela esan dut gorago, baina hona aurreneko bereizkuntza edo aldea: gu, oraintxe arteko gure euskaratxo honetan bederen, geure kasa hil egiten gara, baina animaliak ez; animalia bere kasa akabatu egiten da. Bereizi egiten ditugu -hizkuntzak bereizi egiten ditu- gure hiltzea eta animalien azken “naturala”; gure hiltzea gauza bat da eta haiena beste bat. Zer den bata eta zer bestea ez dakigu, ez gaude esateko moduan, baina dakiguna da zerbait senti edo suma genezakeela gurearen gainean, gure hiltzeaz edo hiltzeko beldurraz, baina haienaz ez, eta badaezpada bestelako hitzez izendatzen dugu zuhurki, gure hiltzeaz bestelako zerbait delakoan edo izan daitekeelakoan. […]

Argazkilaria: Dani Blanco

 

fotobAst 2022 (apirilak 16)

 

Jexux Mari Irazu:

Orotariko zerbait

bazebilen Ogrun

hirekin ez nikek nahi

zurikerin jardun

ezin izan leizkenak

bazitezkek lagun

hire zabaltasuna

bihotz eta garun

ezin izan leizkenak

bazitezkek lagun

ze gerra eman deken ta

zenbat maite haugun!

fotobAst 2022                                                                                                            Mihura saila

 

bAst2022

 

fotobAst 2022                                                                                                            Mihura saila

 

fotobAst 2022                                                                                                            Mihura saila

 

fotobAst 2022                                                                                                            Mihura saila

 

bAst 2022                                                                                     paradisu bat segurolarentzat

  

  1. orrialdea

Ezdotrina-2: Zer da heriotza? Edo zer da hiltzea? Arima gorputzetik apartatzea?; bizi-bitartearen erremateko ertzean aurrera pasatzea?; osotoro ahantzia izateko bide bati lotzea?; ametsik eta esnaerarik gabeko loan etzatea?; zendu eta esistitze hutsean erortzea?; behingoz oreka oso-osoa lortzea?; munduarentzat (hila) itzaltzea eta mundua bera (hilarentzat) itzaltzea?; jaioak zor duena pagatzea?; gehienak (mundutar gehienak) dauden egoitzara edo egoerara lekutzea?; joatea, eta daitekeen erarik zeharokoenean joatea?; pixkanaka hiltzen joateari uztea?; erantzun ezinik gelditzea behin-betiko, Olloki xarra Txirritaren aurrean bezala?; denboratik eternitatera hankaz aurrera igarotzea?; zeharo eta osotoro arduragabetzea? (hala esaten omen dute Hego Ameriketako zenbait bazterretan hil berriaz: se ha vuelto indiferente); hiltzeko beldurra sentitu ezinik geratzea?; alferrik jarduteari ez baina alferrik egoteari ederrestea?; arnasa gastatzea? (gure bailarako batek esana: iltzie eztek ezer, arnasaik artu eziñe dek txarra).

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Iñaki Bastarrikaren bloga

Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.

Azken bidalketak

  • Dakarren atunetan & Ternuan bakailaotan 2023-02-24
  • Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876) 2023-02-04
  • Balio erantzia 2023-01-29
  • Gontzal Mendibil-en Hazia 2023-01-22
  • Manex Pagola: hitz eta aire elkar lotuak 2023-01-13
  • Josef Abeberriren patu tragikoa 2023-01-07
  • Txomin Peillen gogoan 2022-12-26
  • Julen Belamuno 2022-12-15
  • Reclams aldizkari okzitaniarra 2022-12-09
  • Behinola 2022-12-01

Iruzkin berriak

  • Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
  • Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
  • ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
  • Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
  • Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan

Artxiboak

  • 2023(e)ko otsaila (2)
  • 2023(e)ko urtarrila (4)
  • 2022(e)ko abendua (4)
  • 2022(e)ko azaroa (4)
  • 2022(e)ko urria (5)
  • 2022(e)ko iraila (5)
  • 2022(e)ko abuztua (4)
  • 2022(e)ko uztaila (3)
  • 2022(e)ko ekaina (4)
  • 2022(e)ko maiatza (5)
  • 2022(e)ko apirila (4)
  • 2022(e)ko martxoa (4)
  • 2022(e)ko otsaila (4)
  • 2022(e)ko urtarrila (5)
  • 2021(e)ko abendua (4)
  • 2021(e)ko azaroa (4)
  • 2021(e)ko urria (5)
  • 2021(e)ko iraila (4)
  • 2021(e)ko abuztua (4)
  • 2021(e)ko uztaila (4)
  • 2021(e)ko ekaina (4)
  • 2021(e)ko maiatza (5)
  • 2021(e)ko apirila (5)
  • 2021(e)ko martxoa (4)
  • 2021(e)ko otsaila (5)
  • 2021(e)ko urtarrila (5)
  • 2020(e)ko abendua (6)
  • 2020(e)ko azaroa (7)
  • 2020(e)ko urria (7)
  • 2020(e)ko iraila (8)
  • 2020(e)ko abuztua (6)
  • 2020(e)ko uztaila (15)
  • 2020(e)ko ekaina (9)
  • 2020(e)ko maiatza (9)
  • 2020(e)ko apirila (11)
  • 2020(e)ko martxoa (14)

Kategoriak

  • bAst
  • Juan Luis Aizpuru Beristain
  • Koldo Goitia
  • Sailkatu gabea

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA