Lazzaretto vecchio
Hasiera » bAst » Sami Tchak togoar idazlearen izarrak
Mai08 0

Sami Tchak togoar idazlearen izarrak

Atalak: bAst

bAst 2o21

 

Izarrak suzkoak dira

eta gure hegalak lastozkoak

baina, Linguère

hegalda gaitezen

zazpigarren izarreraino

hark hartuko gaitu

bere halo gozoan

edo suntsituko gaitu.

Beharbada hark

nahiko du baita ere,

nik bezala,

entzun zure iturriaren kanta

han behean, zure zilborpean.

Bidaia ederra da

arriskuz betea.

Beraz, goazemazue zazpigarren izarreraino,

halo leun edo su bizi.

Zure kamisoia izanen da

gure maindirea

edo gure hil-oihala.

Abia gaitezen, Linguère!

(Begiratzen zaitut

eta pentsatzen dut bizitzan,

txori hauskor horretan

zeru amaigabearen haize guztiei aitzi.)

Txolarreen hegaldia iduri,

(¡Oh zure adatsa!)

bultzaturik

aldeko haizeek

haize minek

(Zure adatsa!)

bizitza orok ihes dagi

ostertzean aurkitzeko

Izar beltza,

Argi Handiaren Begi itxia.

(Zure adatsa!)

Anker, bizitza,

baina zein paisaia ederra,

txingar gaineko bidea barne.

¡Oh zure adatsa!

Basamortuko palmera baten pean

hondar duna zabal baten gainean,

eguzkiak intzentsu eskutada bat erretzen du

gure zentzumenentzat.

Badakizu?

Zuk badakizu:

Jainkoa,

alhinna irudizko bere eskuarekin

zure adatsean galdu da.

Ez ezazu itzal zure lotsarekin.

Ilargia, bera,

su izoztuaren aingeru,

ari da prestatzen bere pintzel zurrun irazekia.

Beraz, ager zaitez!

Heldu da unea,

obra galkorrarentzat,

betikotasunaren aldaketan dantzatzekoa.

Ea, erakuts zure adatsa.

 

Sami Tchak

 

Oharra: «Linguère» Senegalgo hiri bat da, baina, historikoki, Senegalgo zenbait erresumatan printzearen edo erregearen arrebari ematen zitzaion tituluarekin du zerikusia. Horien artean, adibidez, Sérèreko erresuma, Léopold Sédar Senghor-en herria. Togoko poetak hemen Linguère hitza erabiltzen du printzesa gisa emakume senegaldar bati buruz ari dela adierazteko. Poema klasikoen antzera ere irakur daiteke, izen propio baten erabilera gisa.

 

 

 

 

2

 

Ilunbistako jantzi ederra erakutsiz,

eguna urruntzen da,

neka-neka egina bidaia luzearen ondoren.

Nik, hegazti barkati,

hegaz egiten dut goizalbatik

eta ez dakit non utzi bertsoak,

bien bitartean

gauak desegin egiten ditu gauzen inguru-ertzak.

Hotz egiten du

ene bihotzak ez luke jasanen gehiago

oraindik ere luzaro itxaron behar balu

airean zehar noraezean.

Mesedez, Linguère,

ireki iezadazu zure habia.

Eskain iezaiezu zure ahotsa ene orduei

hazten baitira ene denbora hauskorarren

lorategian.

 

Ez nago zure egoitzatik hain urrun.

Ene otoitza zure eskura dago

baina zure isiltasuna izotzezko murru bat da.

Entzunarazi zaidazu zure ahotsa…

 

3

 

 

[…]

Guztia doa oso bizkor,

2666 gure etorkizunaren iragana da jadanik,

bukatuko dugu

hauts eginak

maitasun hilen galaxian.

Zer axola du!

Gaur bere ateak zabaltzen dizkigu

une bedeinkatuaren jauregirantz

non zuztarra beheratzen den,

mezuz betea,

lur emankorraren barne belarrira.

Jaso ezazu zuztarraren mezu beroa

eta eramanen dituzu loreak,

ondoren fruituak,

sortzen den urtearenak,

iragan urrunaren apurra,

2666 bezala

irentsia gu baino askoz lehenago

denboraren goseak

itxuraz geldi denak.

 

[…]

 

 

4

 

Zuhaitz zahar baten adarren gain

pausatu zen txori gaztea.

Zuhaitz zahar baten adarretan,

txori gazte batek bere había egin zuen.

Zer erraten dio zuhaitz zaharrak txoriari?

Zer erraten dio txori gazteak zuhaitzari?

Loturen misterioa, adinetatik haratago.

Makurtzen naiz zure itzalaren pean,

ene hatsak koloreztatzen du neure nota barnenekoekin.

Zatoz, joan gaitezen,

zatoz,

landara,

zatoz ikustera lurraren ernamuin gazteak

mila uzten oroitza dakarrena.

Zatoz!

Zatoz joango baikara ikustera

gariaren ernamuinak

haren gaztaro berdea,

zatoz!

Zatoz joango baikara ikustera

mustardaren lore horiak.

Ernamuin gazteak,

loreak,

Zimelduko diren promesak

helduaro bidean.

Zatoz!

Zatoz, Linguère!

Zatoz!

Heriotzak zeharka begiratzen dio edertasunari.

Zatoz!

Abestuko dizut

nire bihotzaren isilera arte.

 

5

 

Isilik sartzen zara,

itxaroten baituzu

ene desira irazekia

sutegiko sutatik aterea

isilik sartzen zara,

Linguère,

baina, entzun ene kanta.

Isilik sartzen zara.

Egun berri bat sortzen ari da,

eta haren aurpegian,

idazten dut, aski ozen oihukatzen ez dudana:

zure izena.

(Zure adatsean biziko naiz

zure garuneko izar melodiatsuak entzuteko.

Bainatuko naiz eta ez behin bakarrik

zuk daramazun errekan.

Eskain iezadazu zure ertz irristakorra.

Edanen dut zure uhain gazietatik.

Sartuko naiz zure tenpluan

gure betikotasuna idazteko.)

Linguère,

burua jarriko duzun burukoaren gainean,

lore bat utzi dut,

errotzeko

zure adats zetatsuaren oinetara jaitsiko den

haziaren promesa.

(Joango gara sutegira,

joango gara jatorrizko sutara

Linguère, magal honetan,

eramanen duzu,

burdina bezain gogor,

gure batze intimoaren printzea.)

Lerro zuzen lodi bat naiz

zure irribarre hezera herrestan doana,

orrialde emankor zeinaren gain

askatuko dudan errima eranskor bat

non,

ikusezin,

igeri egiten duen printzearen hasteak

gure erreinuan errege izanen denarenak.

(Zure bularretik datorren esnea

zure espiritutik dator.

Elika nazazu zure espirituaren esnearekin,

emadazu bada zure bularra.)

Ireki ezazu zure ikuspegia

gure etorkizuna zure sabelean hartzeko.

 

 

 

Printze, zure mihia nigan sartua, heltzen naiz poemaren ertzera, haurdun zure lirismoaz eta isolatu behar dut ene burua, irits dezadan eguna, mundura ekarriko dudana, eraiki dugun edertasuna. Heldu da haurdunaldia. Bizi ezazu eta pentsa ezazu neurekin. Ni poematik aterako naiz. Baina, itzuliko naiz gure printzearekin, egiazkoarekin, gure erreinuaren oinordearekin. Niri dagokit azken bertsoak erratea:

 

 

“Begira,

begira ene aldakak,

beharbada azken aldiz.

Eta gure amets gozoen gain,

beilatuko du heriotzak,

betikotasunaren alaba bakarrak.”

 

Argazkilaria: Marc Zaorski

Nazioa: Togo
Jaioterria: Bowounda, 1960
Bizitza:

Sami Tchak, Sadamba TCHA-KOURAren goitizena da.

1983an Lomeko Unibertsitatean lizentziatu ondoren, hiru urtez irakasle izan zen institutu batean. 1986an iritsi zen Frantziara soziologia ikasketak egitera. Sorbonan (Paris V) doktoratu zen 1993an.

Soziologo gisa egiten dituen jardueren baitan, Kubara eramango du halabeharrak 1996an, prostituzioari buruzko zazpi hilabetetako ikerketan. Kubako Prostituzioa. Komunismoa, amarruak eta pasadizoak idatziko du. (Eduardo Manet idazle kubatarrak idatzia). Mexikoren eta Kolonbiaren aurkikuntzak eragin handia izango du. Espazio hauek eta munduari eman dizkioten idazle handiek bide berriak irekitzen dizkiote.

Hainbat sari jaso ditu.

Egileak berak bere lanari buruz ematen duen azalpenera joko dugu, bere eleberri guztien argumentu-laburpen bat egiteko: Femme infidèle-k Lomeko (Togo) musulman pobreen arteko poligamia salatzen du, Place des Fêtesek etorkin afrikarren eta Frantziako arrazakeriaren auzia jorratzen du; Herminak bere zalantzei aurre egiten dien idazle bat eszenaratzen du; La fête des masques liburuak, bere sexu-identitatearekin zerikusia duten arazo batzuetatik abiatuta, izenik gabeko herrialde bateko botere ustelaren bastidoreak arrastatzen dituen gizon bati buruz hitz egiten du; Le paradis des chiots liburuak Bogotako auzo nahiko pobre eta bortitz bateko kaleetako haur batzuei ahotsa ematen die; Filles de Mexicok, besteak beste, Mexikoko eta Kolonbiako beltzen gaiari heltzen die; Al Capone le Malien liburuak, berriz, Maliko herrietara joateko aukera ematen digu. Nahiko eskematikoki esango nuke Al Capone le Malienek bidaia bat proposatzen duela Afrika beltzaren bihotzera, Maliko inperioaren historia loriatsutik gaur egungo iruzurgile handietaraino, horien artean Donatien Koagne kamerundar ospetsua dagoelarik.

Guztiaren eta Ia Ezerezaren kontinentea, azken lana

 

 

***

Frantzia zurien herrialdea da -ekin zion-, zuriak nonahitik datozela, Italia, Espainia, Portugal, Polonia, Hungaria, Errusia, Grezia, kaukasiarrak edo juduak izan, azkenean etorki berekoak izaten bukatzen dute, ez bakarrik haien integrazioa errazten duelako, nik hurbiltasun zibilizaziozko sekularra deituko niokeenak, baizik eta, batez ere, zuriak direlako, abizen frantsestuak izan ala ez.

 

 

***

Sinetsidazu, ez zarete benetako frantses eta frantsesak izango, harik eta zuen odola nondik datorren ahazten ez duzuen arte. Zuek hemengoak zarete, eta herri hau zuena da, eta ez duzue merezi izan behar, baina izan zaitezte haren duin. Herrialde hau zuena da, harrotasunez daramazue zuen baitan, baina zuen jatorria, zuen gurasoena bederen, aberastasun bat da zeuentzat eta zeuen herriarentzat, Frantziarentzat.

 

Al Capone maliarra eleberria

 

“Printzeak bidea egin zuen Binetou Fallerantz joateko dantzarien artean. Eskua sorbaldan jarri zion. Irribarre egin zuen. Emakumeak oihuka ari ziren. Harridurarako, Edmond VI.a bere gorentasunak unibertsoa irensteko zorian balego bezala zabaldu zuen ahoa aurrena, eta Binetou Fallen buru gainetik putz egin zuen zaratatsu. Ikusi dut. Uso zuri bat atera da gizon urreztatuaren ahotik Binetou Fallen orrazkeran pausatzera. Kargudun guztiak zutitu egin dira, begiak zabal-zabalik.”

Ginea eta Maliren arteko mugan erreportajea egitera etorrita, René Bamakoko luxuzko hotel batean harrapatuta geratu da. Ikuspegi tradizionaletik urrun, frantsesak beste Afrika bat aurkitzen du: ustelkeria, ohitura-arazoak eta hilketa odoltsuak… Luxuaren eta lizunkeriaren unibertso horrek liluraturik, eta Edmond VII.a izengoitiz Al Capone printze bitxiak liluraturik, René abentura zoro batean murgiltzen da, non sexua, dirua eta estatu-sekreturik handienak nahasirik daudela baitirudi.

Bere ahots bereziarekin, Sami Tchak-ek Afrika bat margotzen du, poesia, indarkeria, krudelkeria eta sentsualitatea nahasiz.

Togoko ehungintza                                                                                               foto: andrew moore

 

Sami Tchak-ek filosofia ikasi zuen Lomeko unibertsitatean

 


Ikasleak Lomeko campusean, covid-en aurkako babesarekin.

 

 

 

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Iñaki Bastarrikaren bloga

Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.

Azken bidalketak

  • Dakarren atunetan & Ternuan bakailaotan 2023-02-24
  • Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876) 2023-02-04
  • Balio erantzia 2023-01-29
  • Gontzal Mendibil-en Hazia 2023-01-22
  • Manex Pagola: hitz eta aire elkar lotuak 2023-01-13
  • Josef Abeberriren patu tragikoa 2023-01-07
  • Txomin Peillen gogoan 2022-12-26
  • Julen Belamuno 2022-12-15
  • Reclams aldizkari okzitaniarra 2022-12-09
  • Behinola 2022-12-01

Iruzkin berriak

  • Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
  • Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
  • ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
  • Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
  • Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan

Artxiboak

  • 2023(e)ko otsaila (2)
  • 2023(e)ko urtarrila (4)
  • 2022(e)ko abendua (4)
  • 2022(e)ko azaroa (4)
  • 2022(e)ko urria (5)
  • 2022(e)ko iraila (5)
  • 2022(e)ko abuztua (4)
  • 2022(e)ko uztaila (3)
  • 2022(e)ko ekaina (4)
  • 2022(e)ko maiatza (5)
  • 2022(e)ko apirila (4)
  • 2022(e)ko martxoa (4)
  • 2022(e)ko otsaila (4)
  • 2022(e)ko urtarrila (5)
  • 2021(e)ko abendua (4)
  • 2021(e)ko azaroa (4)
  • 2021(e)ko urria (5)
  • 2021(e)ko iraila (4)
  • 2021(e)ko abuztua (4)
  • 2021(e)ko uztaila (4)
  • 2021(e)ko ekaina (4)
  • 2021(e)ko maiatza (5)
  • 2021(e)ko apirila (5)
  • 2021(e)ko martxoa (4)
  • 2021(e)ko otsaila (5)
  • 2021(e)ko urtarrila (5)
  • 2020(e)ko abendua (6)
  • 2020(e)ko azaroa (7)
  • 2020(e)ko urria (7)
  • 2020(e)ko iraila (8)
  • 2020(e)ko abuztua (6)
  • 2020(e)ko uztaila (15)
  • 2020(e)ko ekaina (9)
  • 2020(e)ko maiatza (9)
  • 2020(e)ko apirila (11)
  • 2020(e)ko martxoa (14)

Kategoriak

  • bAst
  • Juan Luis Aizpuru Beristain
  • Koldo Goitia
  • Sailkatu gabea

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA