Lazzaretto vecchio
Hasiera » bAst » Landura otamendian
Urr28 0

Landura otamendian

Atalak: bAst

Landura otamendian

landur.

(V-ger ap. A ), landura (V-ger ap. A ).
“Llovizna. Euri landurra, la lluvia menudísima. Euria landurea danean logura izaten gara (V-ger)” A.
Ez euri kizia edo zaramea edo ziriña edo landurra, truizu edo erauntsi edo zaparrada ederra baiño. A Ezale 1899, 88a. Euri-landurrak, txalupa danak, / oso estaldu ebazan. Echta Jos 102 (v. tbn. 80). Andik sartu zan biotz aretan / eriotzaren landura. NEtx LBB 291.

orotariko euskal hiztegia

EURIAZ

 

 

euria izateko ikasi:

arnasa

lurrun

landura izan aurrena

eta ohartu ez,

tanta baten baitan hazi eta

tanta-herri bateko tanta bilakatu gero,

hoztu ahala

onenean izar izatera etorri

edo mulko dardaratien tribuko

hodei zurixketan,

aire isilaren beso artean

astiro piririka erori,

haur baten ilajean trabatu eta

azkenean harridura espazio bat busti

 

euria egiten bizi

euria egiten bizi

bAst 2022

 

ARRAZOIAK

 

inon badenik ez dakit

gure sasoi hau garbitzeko makina

ez dakit posible den

inor etxerik gabeko

historia batera kondenatzea,

badagoela diogu baina gero

ez da izaten jakirik denontzat

nahikoa badela diogu eta gero

ez daukagu denok arnasteko

behar besteko aire hori,

esklabotza zikin-estalien gainean

jasoa dago ni bizi naizen kalea

hildako umeek sehaskatzen dute

etzaten naizen ohea

 

mugatua da nire maitasunaren

edukiera irismena joa,

ezin ditut neurri berberean

deitoratu krimenak oro eta

goretsi amodio guztiak:

batzuk badira amodioak

lixibak nola

erretzen dizkizutenak begiak gibela,

krimen batzuek aldiz

itsutzeraino argitzen didate oraindik

gau-minetako ortzia

 

ez dakit inoiz jaulkiko den

nire bihotzetik ogia eta hitz doia

ez dakit inoiz lortuko dugun

justiziazko haize bat orokorra,

horrelakorik gertatzen bada ordea

ez gara onik aterako denak:

odolez zikinduta daude

izarrak teilatuak elurraren erroak

 

inor gutxik esaten du baina

nork ez daki

zauri eta mutilazioen txitxiaz

daudela eginak planetak,

eta geure barruan ditugu

gauzak aldatzeko

ekaia palankak piezak,

makina bat makina:

gu geu suntsipen eta

amodio masiboko makinak

ez gara ba

 

badagoela diogu

baina gero ez da izaten

maitasunik denontzat:

giza arrazoiengatik maite dut

bizi naizen sasoia.

 

bAst 2022

 

GOIZEKO ZENBAKETAK

 

aholku bat:

zenbatu eztabaidak eta musuak

amorruak okerrak ahanzturak

zenbatu bezperako hodei listuak

lineako busen eta

polizia patruilen konpasak

zenbatu bihotzerreak

zenbatu maitasun fantasiak

eta inori serio huts egiteko aukerak

zenbatu goizero gerezi arbolak

hildako presoak

eta galduan isuritako aldiak

 

aholku bat:

krisi handiaren hondokinen artean

bilatu estatistikek estaltzen dituzten

metalak astroen zapartak eta

zakurrek ere nahi ez lituzketenen hezurrak,

txarrenean beti izan neurriko baikor

—ez gara bakarrik bizi

begira egoten da jendea—

 

aholku bat:

mundu hau hustean

ahal bada ez abandonatu haurrik

zeharo behintzat,

ez eskutik laga gaueko izenak

egin kontu joan aurretik

zerbait ona uztea komeni dela

 

azken oharra:

behatzik edo haginen bat

gorputz edo itzal puskaren baten falta

sumatuz gero goizean

fenomeno geologikoak eta

egoera zibilaren aldaketak

jakingarri diren antzera,

frogatu bizi izandakoaren

zer portzentajek

jarraitzen duen josirik zeure baitan

zenbatekoa den beste inorenean,

akordatu milioika jenderen

lanak egina dela zure minutu bakoitza

eta saiatu frogatzen azkenik

zenbatean zaren jada

inoren jabetza eskubideez libre

izarren salda.

 

bAst 2022

 

 

UDAZKENA

 

ez dira joan oraindik enara txikiak,

denboraren gurpilak herrarik gabe

irensten dihardu egunak eta jendea

 

lagunak kafearen bueltan esan dit

gerta daitekeela gainsaria baina

lau urterako bizia agindu ziola medikuak

—hori omen da enfisemak gordea dion epea—

 

nire logikaren ardatza doi bat pitzaturik

sekula ez garela gehiegi hurbildu

geure buruaz espero genuena izatera

erantzun diot,

denon onerako gazteengan

areago pentsatu behar genukeela

haiengan gehiago fida

 

nora zihoazen jakin barik noizbait

baso itsuetan emandako pauso haiei

nork kendu ote zien lurra

 

burutapen baikorren kaiera

txorien biribilketan endredatu zait,

duetoa eginez hartu dugu biok barruko arnasa

bale hodeien ederraren miraz

—bertan amiltzeko

beldur zimiko bat entzun da—

 

hor dabiltza oraindik enara txikiak,

eta kafe hondarrei so ginela

bake iheskorraren landurak suntsitu egin gaitu.


                                                                                                     bAst 2022

 

 

BESTE BAT IZATEKO JARRAIBIDEAK

 

nire hitzen bila hasten naiz besteren ahoan

inoren oinak bilatzen ditut zapata hauen barruan

eta huts egiten dut gehienetan,

nor izan behar honek dakartza nekeak

nor izan nahi honek bai urtsu dituena ertzak:

non amaitzen da norbera eta non hasten bestea

 

eskerrak badiren elementuak

elkarrengana gerturatzen gaituztenak:

dela jatorrizko duintasun bat direla minak pozak

dela guztion zainetan dabilen odol berdinzalea,

beti darama ibai ezkutu bat bihotzak

 

inoren oinak bilatzen ditut nire zapatetan

nire hitzen bila hasten naiz besteren ahoan

eta huts egiten dut gehienetan,

askatasun hau nirea bakarrik bada

zertarako izan da

hainbeste milioi jenderen mendeetako borroka

neuretzat bakarrik bada nire gorputza

ez al da beti preso egongo nigan humanitatea

 

munduko herririk handieneko kide

egiten gaitu elkarren premiak

eta korronte sakon bat mugitzen hasten da:

hobeto ulertu nahi ditut inguruko gauzak pertsonak

norbait datorrenean zenbat ohe jantzi

jakin zenbatentzat ipini mahaia

 

zenbaten minak zenbaten pozak:

non amaitzen da bestea eta non hasten norbera

 

bAst 2022

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Iñaki Bastarrikaren bloga

Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.

Azken bidalketak

  • Balio erantzia 2023-01-29
  • Gontzal Mendibil-en Hazia 2023-01-22
  • Manex Pagola: hitz eta aire elkar lotuak 2023-01-13
  • Josef Abeberriren patu tragikoa 2023-01-07
  • Txomin Peillen gogoan 2022-12-26
  • Julen Belamuno 2022-12-15
  • Reclams aldizkari okzitaniarra 2022-12-09
  • Behinola 2022-12-01
  • Ezkutuan dagoena 2022-11-25
  • Mia Mottley COP27 2022-11-21

Iruzkin berriak

  • Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
  • Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
  • ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
  • Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
  • Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan

Artxiboak

  • 2023(e)ko urtarrila (4)
  • 2022(e)ko abendua (4)
  • 2022(e)ko azaroa (4)
  • 2022(e)ko urria (5)
  • 2022(e)ko iraila (5)
  • 2022(e)ko abuztua (4)
  • 2022(e)ko uztaila (3)
  • 2022(e)ko ekaina (4)
  • 2022(e)ko maiatza (5)
  • 2022(e)ko apirila (4)
  • 2022(e)ko martxoa (4)
  • 2022(e)ko otsaila (4)
  • 2022(e)ko urtarrila (5)
  • 2021(e)ko abendua (4)
  • 2021(e)ko azaroa (4)
  • 2021(e)ko urria (5)
  • 2021(e)ko iraila (4)
  • 2021(e)ko abuztua (4)
  • 2021(e)ko uztaila (4)
  • 2021(e)ko ekaina (4)
  • 2021(e)ko maiatza (5)
  • 2021(e)ko apirila (5)
  • 2021(e)ko martxoa (4)
  • 2021(e)ko otsaila (5)
  • 2021(e)ko urtarrila (5)
  • 2020(e)ko abendua (6)
  • 2020(e)ko azaroa (7)
  • 2020(e)ko urria (7)
  • 2020(e)ko iraila (8)
  • 2020(e)ko abuztua (6)
  • 2020(e)ko uztaila (15)
  • 2020(e)ko ekaina (9)
  • 2020(e)ko maiatza (9)
  • 2020(e)ko apirila (11)
  • 2020(e)ko martxoa (14)

Kategoriak

  • bAst
  • Juan Luis Aizpuru Beristain
  • Koldo Goitia
  • Sailkatu gabea

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA