Hasiera »
Iñaki Bastarrikaren bloga - Lazzaretto vecchio
Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Txomin Peilleni elkarrizketa: sinesteak mintzagai
2020-10-03 // bAst, Koldo Goitia // Iruzkinik ez
Txomin Peilleni elkarrizketa: sinesteak mintzagai
Lazzaretto Vecchioko blogari Koldo Goitiak & Iñaki Bastarrikak prestatutako elkarrizketa duzue hau, Sabin Oregi “dakit” argitaldariko editorearen laguntzaz, etxe honek argitaratu berri duen liburuaz: El imaginario en las creencias populares y cultas. (Imaginarioa herri-sinesteetan eta sineste kultuetan), Txomin Peillenek idatzia.
Txomin Peillen bideoa alberdania (Sabin Oregi)
Sinesteak kulturen parte garrantzizko bat dira. Sinesteen aniztasunak eutsi egiten dio bereari, monopolizazio mendebaldar eta euroamerikarraren aldean eta munduaz beste ikusmolde bat ematen du. Joan den mendean hasi nintzen bidaiatzen Europa, Asia, Afrika eta Amerikan eta errituak behatu nituen eta herri horietako kondairak entzun, eta hala, ohar eta argazkiekin, zenbait herriren kultur-mamira hurreratu nintzen; orain, hainbat irakurketekin alderatuz, bidaia bat proposatzen dizuet, Euskal Herritik abiaturik, beste mundu batzuetara. Ene ibilerek aukera eman zidaten sineste unibertsal batzuk aztertzeko, eta ikuspegi anitz, giza irudimen aberatsaren emaitza baitira.
Imaginarioa herri-sinesteetan eta sineste kultuetan.
Hemen hasten da elkarrizketa
LAZZARETTO VECCHIO: Zuberoan herensugea hiltzen dutenak bertako jaunak dira (Zaro eta Irigaraiko jaunak); gurean berriz San Migel eta San Jorgeren laguntza behar dugu. Zuberoan polbora darabilte, gainera… eta hartz ugari zituzten mendian, herritik gertu. Herri germaniarrek islandiarrak dituzte eredu, hemen zuberotarrak apur bat enpoderatuak lirateke?
TXOMIN PEILLEN: Zuok Hegoaldean ipurtxuri edo beatoak zarete eta gu Iparraldean ipurgorri edo laikoak. Laikotasun goiena Iparraldean Zuberoan ematen da protestantismoak fedegabetasuna erein digulako.
LAZZARETTO VECCHIO: Hartzak izaki mitologiko gisa, izaera onbera eta gaiztoa ditu aldi berean? Hartzarekin inoiz topo egin duzu? Eta zure etxeko norbaitek?
TXOMIN PEILLEN: Hartza ez da gizonen etsaia, ardiena baino. Hartz ehiztariek “basagizon” horren hiltzeko kalteak aitzakitzat hartzen dituzte, baina haren trebetasunak, haren sotiltasunak eta gizonetik hurbilago den beste animaliarik ez dagoela kontutan hartuz, hau da gure darwinismoaren izakia. Antzinatean gaur lehoiak daukan errege tronua hartzari kendu zion. Kristautasunak deabrutu du. Biblian ez da aipatzen eta.
Ez dut mendietan hartzik ikusi, nahiz gau batez artzainik gabeko artaldea baitzegoen gure Santa Graziko etxe atzera etorri zen. Ardi bat eroan eta beste bat zauritu joan zen. Gu harria bezala lo ginen eta ez ginen atera haren izena galdetzera. Garai hartan Camille eta Canelle bazebiltzan herrian lokatz batzuetan beren “eskalapoi” handien aztarnak utziz.
Hogeita hamazortzi urtez gutxi edo anitz Basabürüan bizitu naiz. Ikusi ditut bide ederrak egiten artzainen olha delakoetara joateko. Etxetan gizon gazte bat baizik ez zegoen areago. Udaberriko eta udako belarrak egiten zituen egunaz, arratsean kotxea hartu eta ardien ikustera joaten eta etxera erretiratzen beheko lanek biharamun goizean itxoegiten zutelako. Beraz hartza gau osoan lasai ardi gizen baten hautatzeko eta eramateko.
LAZZARETTO VECCHIO: Hartza eta otsoa; bi animalia oso garrantzitsu gure mitologian; orain artzain eta ekologisten arteko tirabiren erdian berriz… Artzaina bera ere babestu behar genuke ez?
TXOMIN PEILLEN: Otsoa itxuraz gizonetik urrutiago da eta zuzenean halere hartzaren alderantziz jende izenak eman ditu Ochoa, Otxoa eta zaharrena Oxso. Otsoa ez da gure mendietan artzainari jokatzen. Bizidun guztientzat hotz eta gosete hirien aldirietan talde handietan dabiltza zer nahi jale, batik bat andreak eta haurrak.
Otsoak Zuberoatik XIX. mende azkenean desagertu ziren. Behin Gaskoinian sei hil zituzten Alemaniatik zetozenak. Agian Santiagoraino erromes ibiltzeko.
LAZZARETTO VECCHIO: Espainian bazen Jimenez del oso izeneko kazetari “esoteriko” famatua, telebistan arrakasta itzela izan zuena; ezaguna egiten zaizu? Gai hauek telebistan eta gaueko ordu txikietan ia beti arrakasta izan dute, nolabait sutondoko kontakizunak oraindik faltan botatzen ditugu? Eta suak gaueko izakien aurrean ematen digun babesa elektrizitateak pantailen bidez emango ote digu?
TXOMIN PEILLEN: Frantzian otsoa neska gazte batek gizon batekin harremanak izan dituela adierazteko irudi bat da (elle a vu le loup) eta bestalde haurren izutzen erabilia. Zuberoan otsoa! oihuak karabinero edo garden etorreraz abisatzen du.
LAZZARETTO VECCHIO: Zuberoak eta bide batez Pirinio guztiak, despopulazioa sofritzen du, prozesu horrek atzera bueltarik badu?
TXOMIN PEILLEN: Neoliberalismoaren eskua hor ikusten da eskualde antolaketarekin bultzatzen dena“organisation territorile” izenarekin. Erresilentzia hobeki lortzen dute Behe Nafarroan laborantza irtenbide gehiago eta komunikazio hobeak dituelako. Aldiz, industria txikiak gehiago dira Zuberoan, baina oraingo baliabideekin jende gutxiago behar ekoizteko eta gazte formatuak joaten.
LAZZARETTO VECCHIO: Literaturak eta zinemak mitologia zerbait fribolo bihurtzen dute ala ezagutza sakonago bati ateak irekitzeko aukera ematen dute?
TXOMIN PEILLEN: Literaturak lagundu dezake gure mitologiako ekarpenen baliatzen. Zoritxarrez gure numenak batzuetan inauteriko karikaturak bilakatzen dira. Zinemak ere gure herriaren funtsa eta arketipoak erakuts ditzake eta AmaLur pelikulak abiatu lana jarraikiz.
LAZZARETTO VECCHIO: Zonbiak, banpiroak, giza-otsoak, berpizturiko sasi-gizakiak, zergatik dira hain erakargarriak eta errentagarriak mitoen inguruan eraiki diren xelebrekeria anitz? Zein da zure izaki mitologiko kuttunena?
TXOMIN PEILLEN: Pantaila baten babespean apur bat izutzea erraza da. Zonbi eta beste, haurrei ekaintzen zaie eta otsoarekin bezala beldurra galtzen. Kultura batzuen funtsa den hor ere sarritan karikatura bilakatzen da, beren kontestutik aterata ez dute esangurarik. Modak dira. Euskal sinestan arima herratuak, Eate eta ingumak baizik ez ditugu. Enetzat kuttunenak Mari andrea (Amalur) Eki eta Ilargi, gero laminak eta basajendeak (basajaun, basander).
LAZZARETTO VECCHIO: Hainbat sektei buruzko informazioa ere eman duzu zure EL IMAGINARIO EN LAS CREENCIAS POPULARES Y CULTAS liburuan; zein giza ahalbide garatu beharko zenituzke jendea ez dadin talde itxi eta arriskutsu hauetan eror?
TXOMIN PEILLEN: Etnopsikiatria eta gizarte bakartasunaren ikerketak bultzatu. Benetako sektez dakidana bideo, film eta liburuetarik hartu ditut.
LAZZARETTO VECCHIO: Zure gazte denboran, Parisen, hainbeste jende desberdin biltzen zituen megapolis hartan, baziren zirkulu esoterikoak, druidismoaren inguruko taldeak, espiritistak? Noiz izan zenuen halakoen berri estreinakoz?
TXOMIN PEILLEN: Espiritismoa pratikatzen zuen Yannick ene emaztearen Normandiako lehengusinak. Familia bilera batean, berriki galdu umekiarekin hitz egiteko mahai biribil baten inguruan jarri gintuen, eskuak hatz batekin ukitzen genituelarik. Mahaia mugitu zen baina berehalaxe nire gainera erori. Nirekin ezin zen ezer egin, mediumari indarra kentzen nion ez nuelako sinesten. Beste behin lau hatzekin lau lagunok Andima Ibinagabeitia euskal idazlea altxatu behar genuen. Hor ere porrota apur bat altxatu eta nire fedegabekoaren gainera erori zen.
Druidismoan ez nintzen sartu, Jon Mirandek kontatzen zizkidan nola bere burua Druida Handi izendatzen. Artista batek oihanetan benetako errituak ematen zituen, baina Miranderen druida taldea umorista zen. Behin Parise alboko Meudon Oihanera kazetariak deitu zituzten “le pissement des celtes” edo Kelten txisaldia ikus zezaten. Druida handiak ohoratzen zuen menhirraren inguruan kokaturik lau lagunek, sasi keltikoa mintzatuz, pixa egin zuten.
Behin Comte frantses filosofoaren dizipuluak zirela erranik ‘positibista positiboki erreformatuek’ hinduismo kutsuko saltsa bat zerbitzatu ziguten.
LAZZARETTO VECCHIO: Pariseko katakunba misteriotsuen inguruan ere hainbat eta hainbat legenda eta istorio ilun sortu ziren; inoiz informazio zehatz bat argitara eman zen komunikabideetan edo?
TXOMIN PEILLEN: Horretaz ez dakit ezer eta katakunbak ez ditut inoiz bisitatu.
LAZZARETTO VECCHIO: Berriki suntsiturik geratu den Notre Dameko katedralak ere sinbologia eta legenda ugari ditu… ez dira ba Victor Hugok haizatutako fantasiazko istorio hutsak izango?
TXOMIN PEILLEN: Victor Hugok segurrik edertu zituen herrian bizi ziren sinesteak, ezen ermitan hasita katedraleraino irudimenak zernahi asma dezakeelako, baina orain horien bereiztea eta sailkatzea Todorovek ipuinen aztertzeko bidetik egin daiteke.
LAZZARETTO VECCHIO: Zuk gertutik ezagutu zenuen Jon Mirande eta bere obra ezagutzera eman duzu; aingeru goardakoa baino deabru goardakoa zuela ere aitatu zenigun Urretxun 1997an eman zenuen hitzaldi batean… Euskal idazle gutxi ziren garai hartan Parisko gau giroa ezagutzen zutenak…
TXOMIN PEILLEN: Baziren beste bi euskaltzale gauaz irtetzen zirenak Miranderekin, Inaki Errenteria bat eta Andima Ibinagabeitia. Bi aldiz haiekin gauaz ibili nintzen poetak entzuten Lucernaire antzokian eta kabarete batean ‘chansons gauloises‘ delako kantu erotikoak. Jon Miranderen deabru guardakoa Geoirges Pinault, Goulvenn Pennaod nazi kapitaina eta keltika hizkuntzen aditu hoberenetarik bat, izan zen.
LAZZARETTO VECCHIO: Beldurrezko eta misteriozko istorio bitxiak bildu zituen, itzulpen ugari burutu eta Pariseko pertsonaia asko ezagutu, batzuk estremistak, beste batzuk abertzale, bretoiak, eta abar. Horrelako idazle berezi talentutsu eta aldi berean oldarkor eta bipolar bat gurean izan zela onartzea oraindik zaila egiten zaigu euskaldunoi?
TXOMIN PEILLEN: Behin idatzi nuen Mirande ez zela goregi ez beheregi ipini behar, horretan jarraitzen dut. Ez da urterik Mirandez edo haren obraz aipatu gabe joaten denik. Jarraitzaileak baditu eta gustuko dutenak Euskal Herritik kanpo ere, Katalunian, Italian eta Ingalaterran.
LAZZARETTO VECCHIO: Bere burua nazi gisa definitzera heldu zen Jon; bestetik argitara eman diren kartetan oso tratu goxoa ageri zuen zureganako eta Andima Ibiñagabeitia eta Jon Etxaiderenganako. Aita zaintzen ere denbora luzez aritu zen eta aldi berean bere barreneko mamuak eta joera suntsikorra ez zituen ezkutatzen… Beldurra ematen zizun? Arreta deitu nahi zuen, indiferentzia saihestu?
TXOMIN PEILLEN: Izutzen ninduen bi aldetarik, mozkor zikin baten moduan ibilki arlote ikusten nuenean, baita esaten zituenak obratuko zituelakoan. Bera izpiritualista zen eta halere materialista ziren naziekin ibiltzen; bera sexu askatasunaren alde eta naziak kontra.
LAZZARETTO VECCHIO: Bere heriotza gertatu eta gero zu izan zara Miranderen “berpizlea” eta bere obraren hedatzailea. Gaur egungo Trump, Bolsonaro eta gisa bereko buruzagi populistekin gustura sentituko zen 95 urteko Jon Mirande gure artean balitz?
TXOMIN PEILLEN: Inolaz ere inolako ideologiarekin dabiltzan jende horiekin ez zuen harremanik ere izanen.
LAZZARETTO VECCHIO: Andimarekin topo egingo bazenu kaleko izkina baten bueltan, zuk 54 liburu idatzi ondoren, hura munduko gizon zoriontsuena litzateke ez? Zintzo asko bete dituzu hark emandako aholku eta agindu aginduak?
TXOMIN PEILLEN: Bai. Andimaren hiztegian gauzak argi ziren abertzaleak bere aberria maite du eta horretarako bere hizkuntza euskara da, aldiz nazionalistak independentzia aldarrikatzen du eta alderdikoekin ia beti gaztelaniaz hitz egiten (Orixe) edo idazten (Justo Garate).
LAZZARETTO VECCHIO: Piarres Laffite berpiztuko balitz egun batez, berarekin solasaldia egiteko gogorik izango zenuke? Zein gaien inguruan? “Framazoneriak” badu sos eta Frantzian indar zerbait egin gogo du”, zioen 1950ean; hain eraginkorrak ziren framazoiak benetan ala zenbait eskuindarrek puztutako mamua zen kontu hori? Liburu debekatuen Indizea berrezarri nahi zuen.
TXOMIN PEILLEN: Lafitteren gaztaroan, liburu eta pelikula debekatuen indizea bazen. Zerrenda eliza atetan irakur zitekeen. Gerrra ondoren ez zen debekatzen, baina esaten hogeita urtez peko gazteek ez zezaten ikus aholkatzen. Lafitte maltzurrago izan zen gerra aurrean. Etxepare medikuaren obratik abortuari eta ezkontzazkanpoko bikoteak egotea kenarazi. Gai berdinaz Xarritonek kontatu zidan euskaldun mediku batek liburuxka bat argitaratu zuela sexualitateari buruz, eta Lafitteren ekipa bat ibili zela idazki madarikatu horren biltzen. Apaizgai mintegian berak sexuari buruzko informazioa ematea liberalismotzat eman da, baina kofesatzeko, aitortzeko apaizak bekatua zer eta nola egiten zen jakin behar zuen.
Berrikiago, Aita Mokoroa, Aita Chabagno eta Lafittek Miranderi sekulako gerra egin zioten, Lafitte buru, Miranderen olerkiak 1953. urtean argitara ez zitezen, baitzekiten olerki erotikoak izanen zirela eta gazteria usteltzen zutela. Propaganda horrek liburuxka Miangolarrak Caracasen argitaratzea ongi oztopatu zuen. 1977. urtean baizik ez zen agertu.
Gero, bere buruari aureola bat ipintzeko errepublikar eta alegia gerra garaian antifazista izan zelako maskara jantzi zuen abadeak. Bestalde, euskalari gisan ona zen. Euskaraz eta frantsesez oso ondo zekien. Nire tesi egunean kostatu zitzaidan harekin euskaraz hitz egitea, beti frantsesera lerratzen, baina hori haren belaunaldiko denen akatsa zen, Haritschelhareta zuberotarrak izan ezik.
LAZZARETTO VECCHIO: Axular kontakizun mitologiko bateko protagonista da, non Zugarramurdiko behizain batek paketea helarazten dion Sorginen Koban azaldu zaion gizon elegante eta misteriotsu baten mandatuz; Axular apaizak txamanaren papera edo betetzen du eta aztikeria gaiztoa desegiten du. Hor sinkretismoaren zantzuak antzeman daitezke? Egun ba al dira exorzismoak egiten dituzten apaizak Euskal Herrian?
TXOMIN PEILLEN: Exorzismo egileak balitezke, diozesis bakoitzean bat normalean. Euskal Herrikoa nor den ez dakit. Biarnoko lekukotasunak izan ditut irratian, eta batek psikiatrarengana bidaltzen zituen bezeroak.
LAZZARETTO VECCHIO: Gaskoia ere, beste hizkuntza anitzen artean, zure bizitza intelektualerako zutabeetako bat izan da; ari al da berpizten? Itxaropentsu zaude Okzitaniako kultur mugimenduaren eboluzioarekin?
TXOMIN PEILLEN: Bearnesak gutaz trufatzen dira talde elkartu edo saldo baten egiten dakigulako ipar euskaldunok ere. Berak oso berenkoi eta indibidualistak dira. Gainera, errepublikaren eskola maisuek azpi hizkuntza eta ezhizkuntza konplexua sartu diete patois izena ipiniz haien ama hizkuntzari (lengomayrana). Nahiz idazle onik izan gaskoia oso gutxi hitz egiten da eta bretoia baino gaizkiago dago.
LAZZARETTO VECCHIO: Pandemiak batu ote gaitu?
TXOMIN PEILLEN: Beharbada. Baina igurikatu behar da. Ez da bukatua. Real politikatik ikusita Europa guztian estatu nazioek beren mugak eta lege bereziak gogortu dituzte.
Peillenen Minotauro edo nola erran “sekulan jagoitik”
Txomin Peillen idazlea Minotauro eleberria aurkezten. bideoa alberdania (Sabin Oregi)
Aspaldiko mendeetako Euskal Herrian aita pedofilo intzestu egileari gertatua harilkatzen du eleberri honetan Peillenek. Erdi elezahar hori oraingo leinu bati egozten dio, eta, horregatik, Hego Amerikako herri batean, asmatu toki izenekin, kokatzen du kontakizuna, nahiz horrelakoak mundu osoan gertatzen diren eta mundu osoko literatur tradizioak jasotzen dituen.
Horrenbestez, hamaika urteko neska baten bortxaketa jartzen zaio irakurleari begien aurrean, baina, bereziki, eraso lazgarriaren ondoren neskatoak bere burua berreraikitzeko ibili beharko duen bide malkarra, eta bide horretan bi neska lagunen adiskidantzak izango duen garrantzia.
Eleberri moral bat josi du Peillenek, gizon batentzat batere eroso ez diren lehengaiak erabiliz, eta begien bistan jarriz gizonek desegite/berreraikitze dialektika horretatik atera ditzaketen ikaspideak.
Txomin Peillen Karrikaburu idazle saiatuaren kaleratzen den azken eleberria dugu Minotauro. Aipu batzuk egin ditugu, zizka-mizka gisa balio dezaten, lan erakargarri honen dastatzeko. Liburuak Laura Mintegi Lakarra idazlearen hitzaurrea dakar. Hemen hasiera: Minotauro nobelak euskal letretan oraindik ere polemikoa den gai bati heldu dio. Batetik pedofilia agertzen du, bestetik intzestua eta, guztiaren gainetik, gizarte patriarkalak emakumeei erreserbatzen dien menpeko estatusa edo espazioa. […]
Aipuak
Arminda lagunari kontatu nizkionean itsuskeria horiek hark iradoki zidan etxetik joan eta izeba baten edo beste askazi baten etxera ihes joan nendin. Saiatu nuela erantzun nion. Giza abere batekin zer egin? Nork sinetsiko aitak bortxatu ninduela eta bere puta bilakatu nahi ninduela?
Gainera, askaziek auzirik eta desohorerik ez izateko aita minotauro haren atzaparretara itzuliko al ninduten, neska lagunak dudatu bezala?
Armindak beldurtu eta lotsatu ninduen aipatu zidanean hamabi urte bete ondoren aitarekin haurra izatea arriskatzen nuela. Zer mamutzar edukiko nuen eta hor zetozen nire hamabi urteak.
-Bart, goganbehartsu, satiro horren logelara joan gaitun. Ohea desegin gabe, eguneko arropak oro aurtikiak. Hire gelara joan.
Anaiok guardiak deitu zituzten eta hiruek aita kondenatu eta aizkoraz lepoa moztu ziotela aitortu. Polizia anaiez arduratu zen. Azkenik, forentsea, sartu zen eskuak plastiko esku-zorroz jantziak. Maleta poltsa eta zorro mota askorekin laguntzaile bat zetorren ondotik.
Prokuradore horrek azpimarratu zuen: adin txikiko haur batekin ezin jasaneko bortxaketa egin ondoren, intzestuarekin jarraitu zuelako, anaiaren kondena eztitu litekeela; gainera, aintzat hartu zuten, erailketa ez zela aitzinetik antolatua izan, bat bateko anaien haserre ekintza baizik.
–Arminda, bazekinat zer ez dudan nahi, baina zer nahi dudanaren nahaste-borraste korapiloak deslotzen lagundu behar naun.
Ikasketa egiten jarraitzen dun hire gisara satiro lakatzaz mendekatzeko: honela behin esan zian “puta edo neskame izateko baizik ez haiz ona!”.
Labanen ondotik armekin tiroka gaiztotu zen, narkoak zirela kausa. Borroka horiek, bizitu nituen Cerro Grande-koak baino gogorragoak, gertatu ziren, marihuana eta kokaina narkotrafikanteak tartekaturik. Zorionez gure auzunetik apur bat urrin.
Txomin Peillenek emakumearen ahalduntzea hartu du ardatz azken eleberrian. bideoa alberdania (Sabin Oregi)
Atzo, eguraldi tzarra egin du. Eurite aroan sartu gara. Kaletan gaindi urak lohitsu dabiltza. Nire bizitzaren itxura dute. Oroitzapenen lohia urtero itzuliko al zait? Ezerk ez du gogotik irainaren errabia lohitsua kentzen nahiz iraintzailea, satiroa hilik izan. Halatan ere, gogoaren lehorte aroak luzatu behar ditun.
Gaur, zerua goibel izanik ere bat batean gomuta onak ere tartekatu zaizkin oi! Erreka ur garbia osaba Juanen baserrian egon hintzenean! Mendi ur gaitza zen, harriz harri dantzatzen zena.
Aurten, lehendabizikoz konturatu haiz barakuilu maskorretik irten haizela. Orain arte kalean ez huen inor ikusten agurtzeko. Kirolean trukatuz jendarteratu haizela dirudi. Jakina, ez haiz oraino lagunekin kalean kalakan egoteko mailara heldu; barakuiluak eta dortokak mantsoak izan arren, xede zailenera heltzen ditun. Martinek esan din goizero zeruari begiratzen ikasi dunala eta haizeak nondik datozen iruzkintzen dunala. Hik osaba Juanekin baserrian ikasia.
“Azken bilera batean kikara bana tekilaz berriro gure ikustea ospatu genuen eta begiak bustirik bizitu genituen gertaerak, berresanez, Ella Fitzeralden musika batekin bukatu”. VIII. Urte hitsak
Lazzaretto Vecchioko blogariak Txomin Peillenekin Sarako Biltzarrean (2020) Argazkia: Beronika Zamora
Hatsaren poesia 2020
2020-09-30 // bAst // Iruzkinik ez
Hatsaren poesia 2020
Azaleko marrazkia: Maite Ramos
Aurten ere argitaratu da urteko emaitza, Hatsaren Olerki bilduma 2020 izeneko liburua. Hatsa elkarteak urtero, euskaraz idazten duten olerkarien lanarekin ateratzen duen argitalpena. Hatsa elkarteak deialdia egiten du eta nahi duen orok bizpahiru olerki edo testu labur bidal ditzake. Jasotako guztiak argitaratzen dira, ez da inor baztertua.
Ainara Maia Urroz-ek, 2020ko Hatsaren Poesiaren editoreak, aurkezpen testuan hau dio:
(…) Euskaratik eta eskuaraz. Eskuetatik jalgitako bihotzeko hatsek idatzi dute beste behin ere liburu hau, eta bihotz-begietan dugunarekin izan gaitezen geroni munduan. Gu geu eta gure hatsaren bizia, maitasuna munduko gauzarik zailena bada ere, ederrena ere bai eta mundua hobetzeko eta edertzeko gure bihotza jartzen dugu hemen.
Esperantza bihotzarentzat kantu leun baten modura sartu zait urteberrian, zori onez betetako eguzki eta urte hau, txori anitzok osatzen baitugu denona den hats honekin, eta esperantza bihotzari emateko idazten dizuet ene hatz bakoitzeko hatsaz, hamar hatzek tekla beltzak kolpatuz hamaika hitz.
(…) Ahaztutakoak izan ez gaitezen, egonen ez garelarik, oraindik izan gaitezen idazten dugu, eskueraz ukigarriak diren gauzak sentitzeko nahiz sentitzen ditugun gauzak egikaritzeko, gauzatzeko, ukigarri bilakatzeko.
Sar hitzean Itziar Gomez-ek Honela dio:
Riiiing!
-Iepa, zer asmo gaurko?
-Senperera noa.
-Senperera? Herri Hutsak maiatzean izaten zela uste nuen!
-Ez, Hatsa elkartearekin noa Senperera, Amotze auzoko Larraldera.
-Baina, zertara?
-Nola azaldu…? Hara, urtero nolabaiteko hegaldia egiten dugu Senperera, olerkiak mokopean hartu eta hitz korapiloz osatutako habiara itzultzen gara.
-Hara! Zer zarete ba txori… arraroak?
-Bo, izan liteke. Urte osoan hor ibiltzen gara aske Euskal herri osoko enarak, txepetxak, karnabak, birigarroak, tartean bele beltzen bat ere bai, ez dugu inor uxatzen, denak kabitzen gara. Eta hantxe, Larraldean izaten dugu pausalekua, hantxe egiten dugu urteroko olerki terapia.
-Hara, uste dut hasi naizela ulertzen. Txori zaurituak sendatzeko moduko aterpetxe bat da, ezta?
-Ez zabiltza oso oker. (…)
Auxtin Zamora dugu eta izan dugu Hatsa elkartearen sustatzaile nagusia, joandako hogei urte hauetan. Hona haren idatzia:
SINISTU NAHI DUT MAITASUNA DELA MUNDUAREN BIHOTZA
(Gabriel Korta)
Koronabirus bai edo koronabirus ez? apirilean, Hatsaren Poesia eguna ospatu, edo uztailean? bost axola, olerkiak intenporalak dira eta ez dute birusarik iresten!
22garren Hatsaren Poesia egun honi esker, beste behin ere, gu guziok gure inguruan betirako lekukotasun bat utzi dugu, eta geroan, gu guziok ere erranen dugu: ah bai! oroitzen naiz, koronabirusaren urtean ene olerki bat publikatu nuela! Hori aipatzean pentsatuko dugu ez zela urte hortan koronabirusa izan garantzitsuena guretzat, baina bai idatzirik utzi genuen olerkia.
Garai txarrak edo onak jasan, poesia ez da sekulan lokartzen, beti aurrera doa, eta, uste dugu denbora iragan arau gizaki guzion barnean aztarnak uzten dituela, bai hori dugu oraino, noski, 22garren olerki bilduma honen idazle guziok gaur frogatu.
Sakonetik eskerrak parte hartu duten guziei, eta partikularzki, Ainara Maia gure erle erregin nagusiari, Maite Ramos liburuaren azaleko “ur kristaila”ren pintatzaileari, Itziar Gomez Sarasola aurtengo sar-hitz maitagarriaren egileari.
Goizean, liburua aurkeztua izan zen azpimarratuz 20 bat idazle berri lotu zirela aurreko guziei. Erran behar da ere beste 150 idazleek parte hartu dutela liburuan, talde olerkiak idatziz (Irungo AEK gau eskola, “Arraiz” eta “Igertu” IRALEko taldeak, Antigua-Luberri eta Lauaizeta Ikastolak, Piarres Larzabal kolegioa), eta gogoratu genuen aurten utzi gaituen Gabriel Korta HATSAko poeta oparoa.
Datorren urteko liburuaren sar-hitzaren idazlea ere aukeratua izan zen hor, eta, zorteak nahi izan du, hau, Irungo Gau eskolako ikasle bat izatea: “Mabel” Garcia.
Gero, Antton Kazabonek eta Fito Rodriguez-ek zortedunentzat eskainitako liburuak zozketatuak izan ziren.
Aipamen berezienak igorriak izan ziren ere iazko Hatsaren olerki tailerren animatzaileei: Agurtzane Andueza, Amaia Aranzeta, Itxaro Borda, Eztitxu Irisarri Egia, Ainara Maia Urroz , Eukene Lizeaga Tamayo, JuanKar Lopez Mugartza, Sabin Oregi, Maddi Zubeldia eta Auxtin Zamora.
Arratsaldean, egiazko edo ez egiazko arteko momentu berezi bat egituratua izan zen, lehenik, Sabin Oregik, gure partaide den Txomin Peillen, sentimendu handiz, aipatu zuen, bere liburuen eta idazteko kemen lerdenaren berri emanez.
Azkenean, denen zoriongarri, espektakulu oso bat testuak irakurriz eta abesti berriak kantatuz aurkeztua izan zen. Milesker hor ziren guziei, bai bereziki, parte hartu duten artista eta I
Idazle-irakurleei: Marisa Arruabarrena Elizalde, Joseba Aurkenerena, Olatz Azpirotz, Matxalen Bezos, Eric Dichary, Nicole Etxart, Lucien Etxezaharreta, Joseba Gotzon, Irungo ikasleak Idoia Genua Alzurirekin, Antton Kazabon, Ainara Maia Urroz, Mixel Mendibouru, Fito Rodriguez, Sabin Oregi, Eric Traonmilin, Xabaltx, Gorka Zabaleta, Leire ZabalaTeilleria, Auxtin Zamora, Joxemari Zendoia.
Gora poesia! hitz beti erreberrituekin, olerkariei esker, gizakien arima etengabe birsortzen duelako… bai gora poesia!
‘Hatsa’ elkartearentzat,
Auxtin Zamora
https://olerkarieneguna10.blogspot.com/
Lihoa eta papera
2020-09-26 // bAst // Iruzkinik ez
Lihoa eta papera
INTRO
Bitxia da, ordea, justu Aiztondo bailara berean paperaren aldeko apustua egin duela Lehen Hezkuntzako (12 urtera arte) Pedro Mari Otaño Herri Eskolak. Pedagogia aldetik Ikas Komunitatea da Zizurkilgo eskola publiko hau eta bertako ikasle ia denak ondoren Erniobea DBHra joan ohi dira. Bitxia da, baita ere, paper fabrika 100 metrora duela. Ikastetxeko zuzendaritzako kide den Olatz Urrakak azaldu digu zergatik eta nola egin duten paperaren aldeko apustua, pantailen mundura buru-belarri murgildu ordez.
Estitxu Eizagirre (Argia blogak) Bada paperaren alde egin duen eskolarik
Hiru liburu aipatuko ditugu gaur:
Lihoaren penak eta nekeak (Julian Alustiza) (Jose Maria Satrustegiren iruzkina)
Landareak eta haien papera -las plantas y su papel- (Juan Barbé Arrillaga)
Emakumeak teknologiaren historian (Gontzal eta Iosune Avila)
JULIAN ALUSTIZA Lihoaren penak eta nekeak
JAKIN. Arantzazu, Oñati. 1981. 225 or. Jose Maria Satrustegiren iruzkina.
Ulergaitza gerta ohi zaigu askotan, hain aspaldi ez den denbora batez gure aita-amek baserrietan zeramaten bizi gogorra. Eguneroko jan-edanak eta jantziak sortzen zieten istilu gorria.“Pasabidea” eskatzen zion amatxizaharrak goizetik Jainkoari, eta egun berriaren argia, oheratze bakoitzean. Pobre bizi eta pobreago hil, ez digute utzi nahigabe horien adierazpenik ere. Julian Alustizak lihagintzari buruz egin duen lana Euskal Herriko baserritarren atal oso bereziaren historia da. Herriz-herri misiolari eta urteburuan festa nagusitako predikari ibili behar izatean, beti aurkitu ohi zuen baserritarrekin hitzaspertu bat egiteko tartetxoa. Euskararen maisurik jatorrenak baserrietan aurkitu dituela, aditzera ematen du, neuk ere behin eta berriz esan ohi dudan bezalaxe. Lehen eskuko bilketa baten aurrean gaudela, esan nahi du horrek. Ordu arteko bildumak baztertu gabe, noski, eta beraien edukia ongi baliatuz; baina bere ekarkin berria oinarritzat harturik. Hor datza lehen balioa. Bilketa lan aberatsa egin du frantziskotarrak. Herri-jakintza, bizi duenak bere kolkorako duen jakinduria denez, gizonak berekin darama beste mundura, norbait ahalegintzen ez bada ezpainetatik jaso eta iraunkorrago diren zirriborroetara aldatzen. Lekukotasun horren bidetik, izen gabekoen gau beltzean galduko ziren hainbat euskaldun zahar ekarri ditu liburu honek aipagarrien egun argira. Gure lihagin, irule, ardazketari eta azken ehuleen zerrendak ikusi besterik ez dago, langintza honen oinarri sendoa ezarri duela esateko. Lihagintzaren mundua oso mugatua da eta herri bateko monografi lana egin beharrean, Hego Euskal Herriko agerpen zabala egiten ahalegindu da liburuaren egilea. Hotz-hotzean ekintzari zegozkion berriak emate hutsaizan zitekeen beste muga bat, “horno faber” delakoaren azalpena, alegia, eta bertan jasotako xehetasunekin lanak ona izaten jarraituko zuen, berri emailen izenekin batera, horretarako zituzten tramankulu eta lanabesen berri ematen bait da.
Alustizak, halare, lihagintzaren haritik ardatza astintzen zuen gizonaren eskua aurkitu du bidean, honen buru bihotzetan jarriak zituelarik begiak. Behatz korapilotsuen begirada azalekoan geldi zitekeen miruaren zerusapaiako hegalkada dotorez mundua loratsu ikusiz; baina, atarikoan berak dionez, “pago-uso gosetia ezkurrera bezala, ni ere, ohartzeke, gure zaharren mintzaerari lotu era zaletzen nindoan gogotik”. Hitz gutxitan esateko, euskaldunen une bateko bizimodu, kezka eta sentipenak ere agertzen ditu egileak lihagintzaren ate medarretik sudurrak oso barnera sartuz.
Lihagintza
Lihoa garrantzi haundiko laborea zen Euskal Herrian. Gari eta artoaren antzera bere baliapenaren esamesak baditu folklorean. Uharte Arakilen, adibidez, liho-latza bakarrik lantzen zuten, eskuen penagarri. Handik gertu, Aralar mendian Madotz aldera zegoen Agiri izeneko herrian bazuten, bestalde, liho-beratxa, eta Uhartearrek ordezkari batzu bialdu ornen zituzten Agirira, liho-beretxa noiz ereiten zen galdetzera. Mendikoek ez zeukaten, nunbait, beren jakintza inorentzat salgai, eta aho bete hortzekin utzi zituzten mandatariak, ezezkoa emanez. Lotsa gorrian gizonak, atalburu ondoan gelditu izan behar zuten esku hutsean herrira itzultzeko nahigabez eta barnekoen algara entzun zuten, noski, delako kopla hau Agirin edozein umek bazekiela esanez:
“Elorria hosta-giro, liho beratxa erein-giro; elorria lora-giro, maiza erein-giro.”
—Trebe gaituk! —esan ornen zioten elkarri, eta pozik itzuli herrira.Orixe zenaren bertsoak errepikatuz bultzatzen du egileak bere lana:Sabela betetzeak duela izerdi?/Larrua estaltzeak zer duen nork daki? Lihoaren lana arreta haundiaz egitekoa zen, luze eta neketsu izateaz bestal-de. Etxarri Aranazko emakume batek esan zionez, lurra prestatzea bera ezzen nola-nahi egin behar:“Konfesio on bat bezela paratu behar zen dena.”Alustizak ongi ikasi du lihagintzako lanbidea eta, konfesio on bat egiteko eran ez bada ere, konzientziaz jaso ditu berriak eta bai eman ere. Piruz-piru landu du haria eta gaien mataza bildu ehunaren sare estua liburuanhedatu arte. Lihazia ereiten denetik ehulek bere lana egindakoraino emandako xehetasunak oso baliagarriak iduritzen zaizkit, inoiz langintza hori ezagutu ez dutenek ere ulertu ahal izango dutelakoz. Eta hori da bilketa jator baten lehen helburua. Urrats bakoitzaren zergatiaz liburu baten bidez ongi jabetzerik ez dago, egilea bera ez bada horretan ikasia eta adierazteko trebea. Piru bakoitzak bere korapiloa du, orratzaren puntadarik ez galtzeko. Eragozpentxo bat ikusten diot bakarrik: aipu dituen lanabes eta tramakuluen iruditxo edo marrazkiren baten falta. Ez dut noski egindakoaren akats bezala esaten, alderantziz baizik. Lanak duen garrantziagatik gehigarri hori merezi luke. Eta esandakoaren ondorioz, dakarren hiztegia azpimarra nezake. Zenbat hitz mota ez du herriak sortu gauza berdina adierazteko! Ez noa adibiderik ematera, baina aberastasun haundia da, berez, eta hiztegi orokorreandenak jaso beharra, lihagintzara inoiz itzultzerik ez egon arren. Horietako batzu, beste esannahiren batekin erabili izan dira. Guardiek norbaiti hautsiarte eman ziotela adierazteko, ligotu zute(n), entzun nuen Mezkiritzen. Eta bada halako frango. Lihoari haina eman, esaten zen nere etxean.
Hiztegi honek ikerketa mailan biharko egunean argibide asko eman ditzake hizkuntzalariei, ekintza oso zaharra eta herrian oso zabaldurik egona baita. Hamabost orrialdeko hiztegia dakar liburuak azken orrietan ikerleen lagungarri. Lihagintza, bestalde, gizarteak emakumeari leporatutako zama astunezin-baztertua izan da gure artean. Oso gazterik abiatzen zen neskatilla “emakumearen izen onak” nahi-ta-ezpadakoa zuen langintza honetan, bereezkontzarako arrijea prestatu bekar zuelako leloarekin. Ardazketan ez zekien emakumea oso gaizki ikusia zen euskaldunen artean eta apaltasun hundia zen beretzat. Adierazpen eta aitortza guziek baino gehiago erakusten duen kondakizun bat jaso nuen Urdiainen. Ba omen zen herrian ardazketan ez zekien kanpotik etorritako emakumeren bat. Auzoko emakume guziek aurpegira egiten izan behar zioten barre. Ba omen zen baita ere herrian sorgin hotsa zuen emakume zaharren bat eta, besterik ezean, harengana jo omen zuen kanpotikakoak haria egiten ikastera. Ardazketarien bilera nun zen jakinik, bere horrekin joan omen zen sorgina auzko lagunengana. Intzaur batzu sartuak zituen horretarako atorraren mahuka zabaletan. Ardatza eskuan hartu orduko, kriskiti kraskata hasi omen zitzaion, sekulako hotsekin, intzaurren dantza. Harriturik zeuden, nunbait, besteak hots hura zer zen galdezka.—Nere hezur zaharren doinua da, esan zien berak. Lanbide gaizto hau dela bide iritsi dira horretara, horbela bezala kraskatzen baitira! Zorionekoa lanbide honetatik libro dena. Hantxe bertan amaitu omen ziren batzartuen barre eta esan beharrak.
Eta lana-lan, lihagintzak sortu zuen gizartearekiko erantzunkizuna eta, horren ondorez, emaztearen menpekotasuna, ongi baino hobeki jasorik daude lehen orritik azkenerarte. Langintzaren xehetasunekin batera herri giroaz ere jabetzean, lihagintza hutsaren mugak gainditu eta lekukotasun historiko zabalago batera hurbiltzen den antropologi lanaren balioa hartzen du.
Edukiaz bestalde, liburu batek badu egilearen nortasuna adierazten duen bere tankera. Zilegi bezait jantzi literarioaz lihoaren liburuari ohar batzu egitea, Egilearen berezko olerkari sena nabarmentzen da lehen begiradan; astiro eta atseginez egindako lanaren emaitza da. Baina olerkariaren argidura ez da ikerlana bere haritik baztertzeko aitzaki bat, bere horretan sendoago oinarritzeko begirada baizik. Sukalde txokoan kriseilu ikaztatuaren gar eta kedarrez giroa hobeki oratzeko lagungarri. Gaien lotura esku latzen zarpiltasunetik jalgi beharrean —lanen sailka-pen hotzetik, alegia—, gogo bihotzetan sortu ohi zuen eraginaren pena eta nekeetatik atera du. Liburuaren izenak berak agertzen duenez, lihagintzako borrokan eragile den gizona bera zuen, batez ere, begien aurrean. Ekintza horren hamahiru ekitaldi nagusi helburutzat harturik mamitzen dira beste horrenbeste atalen eduki poetikoak. Eta hari horren gidari Orixe zenaren bertso herrikoiak. Horrela, lan gogorraren mailukada bakoitzak badu txu-kun esandakoaren gatz eta piperra; tramankuluen eskutokian sumatzen da biziaren beroa. Pena eta nekea bera biziduen sentipenak dira. Lihoaren nahigabe horiei dagokien ondorio ederraren aintza aipatzea du eskas, behar bada, liburuak. Aste Santu guzien ondorengo Pazkoaldia. Izan ere, lihoaren emaitza aberatsa den harizko oihala ohore haundiz ibilia da munduan zehar. Haundizkien fantesia eta aldare oihalen gaitasuna adierazten zuen. Harizko troxa ezarri ohi zitzaion jaioberriari zilaren inguruan,eta harizko izaraz estaltzen zen ohea norbaiti azken sakramentuak ematerakoan. Bitartean, Gorputz Kristi eguneko elizkizunetan ehunezko piezaluzeak banatzen ziren kalez-kale Sakramentu Santuari bidea prestatzeko. Nik ez dakit goiko zeruan harizko oihalen beharrik izango den; baina Nafarroako Dorrau herrian entzun nuenez, ekaitzetan jostai, hostots eta trumoi zalapartak hasten direlarik “zeruan aingeruak garban”, aritzen omen dira. Julian Alustizaren lanak izan du, amaitzeko, gurutzebide guzien pazoaldia berak ere, 1975 San Isidro lehiaketan bigarren saria eman baitzioten, lehenik, eta bi urte geroago 1977 Andima Ibinagabeitia lehen saria. Edozein irakurlek neke haundirik gabe irakur dezake, ohitura duen batek harrapaldi batez eskutik utzi gabe, eta herri-jakintzan ikasiek behin eta berriz eskura beharko dute. José M. Satrustegui.
Landareak eta haien papera (102 paper-errezeta) liburuaren azala
Liburu honetan saiatu naiz erakusten landareekin papera egiteko jarraitu behar dugun metodoa. Metodo hau “paper-errezeta” deitzen dudana da. Liburua lau zatitan banatua dago eta eranskin bat ere badu.
Laugarren zatian, “paper-errezetak” deiturikoan esplikatzen ditut jarraitu beharreko pauso guztiak, landarea biltzea, zuntza non dagoen, zuntza ateratzea, egosketa, irabiatzea, orria eratzea, prentsatzea eta lehortzea. Hori guztia modu eskematiko batean, errezeta baten estiloan.
Paper-errezeten pauso guztiak xeheki esplikatuz dator liburuaren bigarren partea, “paper-prozesua” baita. Hor azaltzen dut landarearen zein lekutan aurki dezakegun zuntza, zein tratamendu eman diezaiokegun, nola egosi, irabiatzeko moduak, zuntz motaren arabera erabil ditzakegun formadore (orri-molde)motak, lehortzeko eta prentsatzeko moduak.
Liburuaren hirugarren partea “Paper-mikrografia” da, eta mikroskopiopean aztertzen dira lan honetan erabili diren landare-zuntzak.
Lehen partean, sarrera gisa, kontatzen dut “papera zer den”, zergatik eratzen den paper-orri bat eta zergatik dituen halako ezaugarri eta erresistentziak.
Azkenik, “Eranskin” deituriko atalean, laburki idazten dut trapu-paperaz, mendebaldeko gure paper-kulturari omenaldia eginez.
Eta lanaren amaiera gisa, “Hazitik paperera” izenekoa, URMARA Museoan egin genuen ekimen alaiaren partea da.
Liho-papera egiteko errezeta, Juan Barbé-ren liburuan.
Liburu txit aipagarri bat argitaratu berri du Erein etxeak. Emakumeak teknologiaren historian izenekoa.
Gaur egun, badakigu asko eta asko direla historian zehar teknologiaren esparruari ekarpenak egin dizkioten emakumeak. Baina gutxik lortu dute aitortza, beren asmakizunetatik eta lanetatik bizitzea eta gizartearen esker ona jasotzea. Gehienak, tamalez, ez dira aintzat hartuak izan, eta, horien artean, asko dira gutxietsirik eta zangopilaturik bizi izan direnak. Makina bat hil dira pobrezia gorrian ere, haien sormenaz baliatu den gizarteak baztertuta eta ahaztuta, askotan.
Liburu hau urrats txiki bat baino ez da teknologiarekin, asmakizunekin, enpresarekin eta beste hainbat arlorekin zerikusia izan duten emakumeak nabarmentzeko eta egokitu izan zaien egitekoa zalantzan jartzeko.
Zoritxarrez, ordea, ezagutza merezi duten emakume asko daude iluntasunean, oraindik, orri hauetan ere tarterik izan ez dutenak. Lan honek balio beza, bada, emakume horiek guztiak apaltasunez omentzeko, eta gizarte justuago bat lortzeko zer egin handia dagoela ez ahazteko. Izan ere, ez dago ulertzerik gizateriak gaurdaino egin duen bidaia luzea, emakume horien guztien bultzada eta ekarpena kontuan hartu gabe.
Liburuaren antolaketari buruz
Irakurle agurgarria, esku artean duzun liburu honek ondo bereizitako bost atal ditu:
Lehenengoan, Atik Zra deitutakoan, larogeita sei emakume aurkituko dituzu, asmatzaile eta sortzaile handiak, garrantzi berezia dutenak arlo teknologikoari dagokionez, eta bizitza harrigarria izanak guztiak. Hona hemen batzuk:
Ada Lovelace (1815-1852) lehenengo programazio-lengoaia
Amanda T. Jones (1835-1914) Elikagaiak hutsean ontziratzeko metodoa
Amelia Mary Earhart Otis (1897-1937) Atlantikoaren zeharkaldia hegazkinez
Anna Connelly (Suteetatik ihes egiteko egitura)
Annie “Londonderry” Cohen Kopchovsky (1870-1947) Munduaren inguruko lehen bira bizikletaz
Angela Ruiz Robles (1895-1975) Entziklopedia mekanikoa
Bigarren atalean, euskal emakume edo euskal jatorrikoei buruzkoan, eremu desberdinetako sei emakume ezagutuko dituzu.
Hirugarrenean, Euskal Herrian jarraituz, emakumeen hiru kolektibo aurkezten ditugu gure historiako uneren batean beren familien, herrien edo hirien bilakaeran nolabaiteko protagonismoa izan dutenak. [Batelariak, Liho-ehuleak, Zigarrogileak]
Peru Abarkak, Joan Antonio Mogelen izen bereko liburuaren pertsonaia nagusiak, zioen moduan: “Nok esan lei, ikusi baga, zeinbat neke ta arazo artu bihar dirian aziereiteti alkandora bat janzi artian?” [Nork esan lezake, ikusi gabe, zenbat neke eta arazo hartu behar diren hazia ereitetik alkandora bat jantzi artean?]
Laugarren atalean, beste 58 emakume aipatzen dira, labur-labur. Horietako askori buruz informazio gutxi dugu, aurkitu ez dugulako edo emakumeek jasandako ahanzturaren beste adibide bat direlako.
Bosgarren atalean, glosario txiki bat dago, testuan erabilitako kontzeptu eta sigla batzuk argitu ditzakeena.
Bestalde, esan behar da Internet-eko mundu digitalean informazioa aurkitzea erraza dela baina askotan zaila da jakitea datuak guztiz zuzenak diren, kontatzen diguten guztia errealitatera %100 egokitzen den. Egile horiek egindako ahalegina zalantzan jarri gabe, batzuetan ia ezinezkoa da informazio horren zuzentasuna egiaztatzea. Horregatik, nahiz eta beti saiatu garen emandako informazioa zuzena dela ziurtatzen, onartu behar dugu gu geu ere ez gaudela salbu balizko akats horietatik, zeinak erakusten baitigute alor horretan asko dagoela egiteko.
Bukatzeko gogoan izan liburu hau oraindik idazteke dagoen beste handiago baten lehen kapitulua baino ez dela. Ea falta den atala denon artean osatzen dugun.
Ea ba osatzen dugun!
Hiru Aminata gogoangarri: Sow Fall, Traoré, Maiga Ka
2020-09-23 // bAst // Iruzkinik ez
Hiru Aminata gogoangarri: Sow Fall, Traoré, Maiga Ka
Gaur hiru idazle andrazko beltz ekarri ditugu gogora.
Eskaleen greba
Beti mintzen nau baten baten duintasuna kaltetzen dugunean. Egun batean pasa nintzen Papa Guèye Fall pasealeku aurretik eta ikusi nuen janari asko zekartela eskaleentzat. Eta galdera bat jaio zitzaidan: “Eskale horiek janaria ukatu balute, orduan hainbeste janari ekartzen dieten horiek jabetuko lirateke behar dituztela haiek”. Eta nire eleberriak abiaburu hori izan zuen. Batez ere salatu nahi nuen eskaleekiko mezpretxua eta aldi berean gizatasunik ez horrek eragiten zuela haiek mespretxatzea. Baina gero, liburuan aurrera egin ahala, iradoki nuen nonbait antola genitzakeela. Hori 70eko hamarkadan izan zen, baina eskaletasuna aldatu egin da gaur egun.
Aminata Sow Fall
Kéba-Dabo-ren zeregina, bere ministerioan, “giza desordena gauzatzea” zen, hau da: eskaleak hiritik urrun mantentzea, gorantz zihoan turismoa kalte ez zedin. Mour-Ndiaye liderrak berriro erran zuen: oraingoan ez dut bakar bat ere nahi kaleetan; eta hala egin zen. Baina eskaleak gizakiak dira, eta umiliazioek azpian hartuta greba egitea erabakitzen dutenean, herrialdeko gizarte bizitza guztiz jartzen da azpikoz gora. Nori zuzendu otoitzak? Nori egin arrakasta ekarriko duten opariak? Umorez, eta seriotasunez, Aminata Sow Fall-ek salatu egiten du ahaltsuen hutsegitea eta aurpegia jartzen die betiko umilei, Senegalgoei edo nonahikoei.
Aminata Sow Fall 1941ean jaio zen Saint-Louis-en, Senegalen. Aitzindaria izan zen letretan bere herrialdean, La grève des bàttu lanaren egilea dugu bereziki, ondoren Cheik Oumar Sissoko-k 2000. urtean zinemarako egokitu zuen lanarena. Mundu guztian itzulia izan da, arte eta letren jakitun, 2015ean jaso zuen Grand Prix de la Francophonie de l’Académie française egindako obra osoa aitortuz.
Le jujubier du patriarche (Patriarkaren jujubondoa)
Laburpena :
Aminata Sow Fall idazlearen bosgarren nobelak, Patriarkaren jujubondoa izenekoak, memoria afrikar konplexuan murgilarazten gaitu, katu baten inguruan harilkatua, aspaldiko heroien, eraikitzaileen eta gudari handien leinuak goratzen dituen abestia izanik.
Bakoitzak zer leku daukan da kontua. Baina ehuna zarrata daiteke, independentzien ondotik datorren mundu “modernoa”ren eraginez…
Pertsonaia, denbora eta kasta ugari, eta nonahi, beti, izozten edo hausten diren hitzak. Narrazioek eta elkarrizketek, grioten hitzek, emakumeen hitzek, liderren hitzek, prozesioan garamatzate patriarkaren jujubondora, berpizkundea gertatuko den lekura.
Jujubondoa
Kora bAst 2019-20
Aminata Sow Fall idazle senegaldarra argazkilaria: thierno sow
L’empire du mensonge (Gezurraren inperioa)
Senegalen, hiru familia apalek eskorta bera partekatzen dute. Espazio amankomun hau paradisu txiki bat da, han elkartzen dira janak prestatzeko, bazkaltzeko, hizketarako, kontu zaharrak esateko, elkarrekin hazteko. Ondoren datoz garaiak non miseriak astintzen dituen familia hauek oinazturak bezala, eta bakoitza aldentzen den biziraupen bila. Haien umeak, askoz berantago, berriz aurkitzen dira, eskortako Eden mirakulutsua berregiteko, esperantzaren leku eternala.
Gertaera honekin, Aminata Sow Fall idazle handiak gazteria osoari erakutsi dio jarraibidea, esperantza afrikar berria eratzeko aldeztu beharreko balioena , hain zuzen.
Afrika bAst 2020
Aminata Maïga Ka idazle senegaldarra (1940-2005)
Arantza Munita artistaren zeramika lana (Amaiera den hasiera)
Aminata Maïga Ka idazle senegaldarra (1940-2005)
Salbazioaren bidea/ El camino de la salvación/La voie du salut (Aminata Maiga Ka)
Liburuaren mamia
Camino a la salvación eleberri laburra da, bi emakumeren gertaera kontatzen duena: Rokhaya eta Rabiatou, ama-alabena. Bi belaunaldi dira, bizitza ulertzeko bi era.
Rokhaya, emakumea da, aurre egin die protestarik gabe bizitzako itsuskeria guztiei: gizonaren umiliazioa, alabaren exijentziak, bilobaren apetak, lagunen zekenkeria eta traizioa, eta familiak irakatsi eta gizarteak inposatu zizkion tradizioak iraunarazi nahi ditu. Rabiatou, garai eta logika berrien alaba da, ikasketaduna, “metropolian” ikasi eta gero abokatu lana egiten duena; senarra aukeratu eta ez du zalantzarik ezkontzatik at harreman sexualak izateko, bere dirua edukitzeko lan egiten du eta gizartean gizonen parean egoten saiatzen da.
Lan hauek argitaratu ditu:
1985: La Voie du Salut et Le Miroir de la Vie (El Camino de la Salvación y Espejo de la Vida) Bi kontakizun labur.
1989: En votre nom et au mien (En su nombre y el mío) Nobela.
1998 : Brisures de vies (Fragmentos de vida o Vidas rotas) Ipuina. Baita ere saiakera anitz idatzi zituen Senegalgo emakumeen egoeraz eta kritika literarioak Mariama Bâ eta Aminata Sow Fall idazleen lanaz.
Aminata Traoré idazle maliarra
Aminata Traoré
(Elkarrizketa-mujeres en red-)
G.- Zein litzateke Afrikaren eginkizuna mundu globalean?
E.- Afrika ez da txiroa eta badu bere duintasuna. Mendebaldekoek badakite afrikarrei lapurtu, egotzi eta iseka egin diezaieketela. Ez zaie deus kostatzen. Hedabide ahaltsuak dituzte, aurrera egiten ez duen Afrika gainbeherako baten irudia zabaltzeko. Eta aurrera egin lezake, eskua emango balitzaio. Sormena da gure esperantza, sormen politikoa barne. Gaurko hondamendiak ikusten ditugunean, aurrerapen teknologikoak, eta teknologiek eragindako kalteak, konturatzen gara, beste behin, Afrikak badituela balio sozial eta kultural batzuk, mundua salba dezaketenak. Baina baldintza batekin: haiek gu zanpatzeari uztea, umiliatzeari uztea.
Imajinarioaren bortxaketa
“Beste Afrika bat posible da, bere buruarekin adiskidetutako Afrika, eskuraturik osoki bere ahalmena, etorkizuna pentsatzeko eta zentzua izateko, bukaera emango diona imajinarioaren bortxaketari”.
Idazlea eta saiogilea, lan hauek ditu eginak: L’étau (l’Afrique dans un monde sans frontières), 1999; Mille tisserands en quête d’avenir, 1999; Le Viol de l’Imaginaire (‘Imajinarioaren bortxaketa’), 2004; Lettre au Président des français à propos de la Côte d’ivoire et de l’Afrique en général, 2005; eta L’Afrique humiliée (‘Afrika umiliatua’), 2008. Eta bertze hainbat lankidetza.
Zazpi argazki eta marrazki batzuk (uda)
2020-09-19 // bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain // Iruzkinik ez
Zazpi argazki eta marrazki batzuk (uda)
Ipomoea learii (ipomée vivace) volubilis Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain
Uda
Gaur egiten du udako eguna.
Igaz ez genduen izan udarik.
Bildur naiz aurten uda beroa izango degula.
Bero asko egiten du.
Zuaitz ostotzu onen azpian eseri gaitezen; txit itzal ederra ematen du.
Egarriz itotzen naiz; errekatxo artan errefreskatzera noa.
Ezeizu ur otzik edan; kalte egin dezakizu.
Ez da inport; ez naiz orren delikadua.
Soroak igitariz beteak daude.
Belarrak ebakiak daude.
Uztea ugaria izango da.
Begira egiezu galburu oriei; zer lodiak eta zer beteak dauden!
Gari ebakiak badaude.
Alako beroa egiten du eze!
Bai orixe; Kanikulan gaudeta.
Aizetxo au gustokoa da.
Goazen ibaira bañatzera.
Ez, oraindik lasterregi da.
Baskal aurretik ala ondoren joango gera?
Ez da komeni baskal ondoan bereala bañatzera.
Anonimoa, 1868, Irakasdearen eskugarria (klasikoen gordailua)
Loreak (urmargoa) mikelbAst
Baranda eta hondarra Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain
Seinaleak Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain
Mendi gorriztak (urmargoa) Marrazkia: mikelbAst
Katamalo /mamu/marika/kuka/küso/txorimalo Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain
Larra zuri-zuri Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain
[…]
Betiko gauzarik ez det
Mundu onetan ikusten
Guziak egiten dute
Bukatzerontz bidea;
Gaur jaioa, bigar gazte,
Etzi piska bat zarrago
Etzi damu nire gisa
Zar eta agurea;
Iturri au bezelaxen
Bukatzera denok goaz,
Bukatuko zaigun eran
Laster uda maitea.
Arrese Beitia, 1900 (klasikoen gordailua)
Aurtengo uda iya bukatu da
Belar bustia Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain
Berdeak Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain
Urpekari arrantzalea bAst 20
Mikrobioak, Klima-aldaketa eta Zientziaren historia txikia
2020-09-16 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Mikrobioak, Klima-aldaketa eta Zientziaren historia txikia
Zientziari buruzko gaiak modu ulergarrian emateko, adituak ez garenoi gerturatzeko bilduma egokia dukegu ZIO bilduma, EHUk ateratzen duena. Hiru liburu hautatu ditugu uda honetarako.
Mikrobioen mundu liluragarria
Zientziaren historia txiki bat
Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika
ZIO BILDUMA: Iturri beretik sortuak dira literatura eta zientzia, gure jakin-mina asetzeko. ZIO bildumak egungo ezagutza zientifikoa plazaratzen duten askotariko saiakera eder eta irakurgarriak eskaintzen ditu euskaraturik. Izan ere, batera isurtzen dira zientziaren eta literaturaren urak, denaren eta garenaren zioak bilatzeko saio atergabea baita haien jarduna. Haatik, ubide gero eta bereiziagoak eraiki dizkiegu zientziei eta letrei, eta aurkez aurke jarri ere bai inoiz biak. Ezagutzaren ur ederrak euskaraz gozatzeko aukera ematen dio ZIO bildumak irakurle egarrituari.
Goi-mailako dibulgazioko liburuek osatzen dute ZIO. Atseginak dira irakurtzeko; arrakasta eta miresmena berenganatu dute beste hizkuntzetako irakurleen artean, eta aditua ez den baina egungo ezagutza zientifikoaren berri jakin nahi duen irakurleari zuzenduta daude.
Euskara Zerbitzuak sortutako eta sustatutako ekimena da ZIO bilduma
Egungo ezagutza zientifikoaren erakusgarri diren irakurgai bikainenak euskaraz ematea da ZIO bildumaren helburu nagusia. Horretaz gainera, euskarazko prosa zientifikoa finkatzen lagundu nahi luke. Jakintza-arlo askotako ikasleentzat eta unibertsitatetik kanpoko jendearentzat erakargarri diren espezialitate-itzulpenak eskaintzen ditu ZIOk, beren kalitateagatik erreferentzia moduan erabil daitezkeenak.
Udara, atseden, atsegin, irakurtzeko ahalegin.
Mikrobioen mundu liluragarria
Egilea: Albero Rodríguez, Josu
Orrialdeak: 182 or.
Liburu honen helburua mikrobioen mundua desmitifikatzea da. Jakina da kaleko jendeak informazio okerra izaten duela sarritan mikrobioez, irudi desitxuratu eta aurreiritziz betea. Oro har, mikrobioak gauza negatiboekin lotzen ditugu, eta ez gara jabetzen mikrobio gehienak ez direla kaltegarriak; kontrara, horietako asko onuragarriak ere badira.
Beraz, mikrobioen mundua hobeto ezagutarazi nahi genuke liburu honekin. Ez da, ordea, liburu tekniko bat (horretarako badaude liburu onak eskura). Aitzitik, liburu honek biologia gutxi dakitenei lagundu nahi die, azalpen ulerterrazak emanez, mikrobioen mundua hobeto konpreni dezaten. Dibulgaziozko lana duzue hau, bada, zorroztasun zientifikoari uko egin gabe ulergarritasuna ere bilatzen duena.
Josu Albero
Josu Albero (1957): Biologia Zientzietan lizentziaduna Bartzelonako Unibersitatean, Mikrobiologian espezializatua. Azpeitiko Izadi laborategiaren bazkide sortzailea (1996). Euskarazko Wikipediaren aspaldiko kolaboratzailea eta ehunka artikuluren egilea (Mikrobiologiari, Immunologiari eta Biokimikari buruzkoak). Euskal Wikilarien Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide izandakoa.
Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika.
Eztabaidarako gida
Egilea: Dessler, Andrew E.; Parson, Edward A.
Datuak zehatz, iritziak aratz
Zergatik da hain nahasia klima-aldaketari buruzko debatea?
Batzuek diote krisi izugarria ate-joka dugula, besteek, aldiz, klima-aldaketaren aldeko ebidentzia oso ahula dela. Batzuen ustez, berotegi-gasak murrizteko ahaleginek lur jota utziko dute gure ekonomia, besteen iritziz arazoak gehiegizko kosturik gabe konpon daitezke.
Ezinezkoa da alde biak zuzen ibiltzea, baina komunikabideek eskaintzen dituzten argibideetatik ez da erraza izaten aldarrikapen kontrajarri hauen funtsa balioestea.
Liburu argi, zehatz eta ulergarri honetan, Desslerrek eta Parsonek zientzia atmosferikoan eta politikan duten esperientzia konbinatzen dute zientzialariei, politikariei eta hiritarrei klima-aldaketaren labirintuan zehar laguntzeko asmoz. Zientziaren eta politikaren araubideak alderatu eta eskumenean diren aukerak azaltzen dituzte.
Klima-aldaketaren gaiari buruzko informazio oinarrituaren egarri den irakurleak, eta baita politika-eztabaidetan zientzia nola erabili ohi den interesatzen zaionak ere, guztiz argigarri aurkituko du liburu hau.
Andrew E. Dessler
Zientzia atmosferikoen saileko irakaslea da Texas A&M Unibertsitatean. Harvard Unibertsitatean doktoretza Portu ondoan, NASAn eta Maryland Unibertsitatean lan egin du 2005.erarte. Estatu Batuetako gobernuaren aholkularia izan da Zientzia eta Teknologia Politikan; bertan hasi zen Parson-ekin lankidetzan. Ozono geruza eta klimaren fisikari buruzko hainbat argitalpenen zientifikoren egilea, badu beste liburu bat klimaren inguruan: The Chemistry and Physics of Stratospheric Ozone (Academic Press, 2000).
Edward A. Parson
Zuzenbide eta Ingurumena eta Baliabide Naturalen irakaslea Michigan Unibertsitatean. Fisikan eta Kudeaketa-zientzian lizentziatua, eta Harvard Unibertsitateko doktorea Politika Publikoan. Bertako Kennedy School of Government-ean irakasle izan da, Canadako gobernuaren, EBko National Science Foundation erakundearen eta gobernuaren aholkularia izan da. Ingurugiroaren politikari buruzko hainbat argitalpenen egilea da; Parsonen azken liburua Protecting the Ozone layer: Science and Strategy (Oxford University Press, 2003) da.
Zientziaren historia txiki bat
Egilea: Bynum, William
Orrialdeak: 389 or.
Zientziaren esparrua bezain zabala dugu kontagai hau, eta zientziaren ibilbidea bezain luzea: gauzak zenbatzen eta zeruak arakatzeari ekin zioten antzinako jakintsuetatik hasi, eta galaxien sakona aztertzen eta ordenagailu kuantikoak apailatzen ari diren espezialistetaraino. Infinituki txiki denaren eta baztergabe handi denaren arteko zer guztiak ditu ikergai zientziak, natura nola antolaturik dagoen jakiteko ahalegin etengabean. Zientziaren erdian eta muinean, gizakia: haren ingurua, haren jatorria, haren gorputza, haren behar eta nahi eta ajeak eta haien konponbide eta aurrerabideak. Horrek ematen dio batasuna zientziaren zabalari, loturik baitaude arlo guztiak: geologia eboluzioarekin, biologia fosilekin, optika, fisika eta kimika medikuntzarekin, eta horrela guztia guztiarekin, Big Bangetik guganaino. Ikergai ez ezik, ikertzaile ere badira gizakiak, eta hala ageri dira liburu hau osatzen duten istorioetan, beren izaera, inguru eta garaiaren gorabehera guztien gainetik lortuz pixkanakako aurrerapen xumeren bat zein bat-bateko aurkikuntza sekulako bat; aurrerabide horretan, hortxe antzinako gizabanakoen balentriak eta oraintsuko gizatalde zabalen makroproiektuak. Hori guztia biltzen du, bere txikian, liburu honek: zientzialari-pertsonaia biziak urratsez urrats munduaz jabetzeko bidean. Batera datoz hemen zientziaren historia eta zientzialarien istorioak, jakingarri eta gozagarri, txiki-handi guztioi kontatuak.
William Bynum
Medikuntzaren eta, oro har, zientziaren historialaria da, eta halako gaien dibulgatzaile ospetsua. Zientziaren historia txiki bat hau hamabi hizkuntzatan plazaratu da euskarazko itzulpen hau argitaratzerako.
On egin!
Katalana oso erraza da irakurtzen
2020-09-12 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Katalana oso erraza da irakurtzen
El quadern gris -un dietari- liburuaren azala [Narcís Garolera-ren edizioa]
Egunkari edo dietario horietako bat da Josep Plaren Koaderno Grisa. Edicions Destino argitaletxeak 1966an argitaratua eta Josep Plaren “obra osoa” bildumaren lehendabizikoa. Egunkari hori egiten martxoaren 8an hasi zen, 1918an. Narcís Garolerak jatorrizko izkribua aztertu eta edizio bikain bat prestatu du, jatorrizkoa errespetatuz eta akatsak zuzenduz. Katalanez jarri ditugu aipuak, izan ere, jende askok dioenez, katalana oso erraz ulertzen baita:
Euskaldunei buruz ere badu iritzia emana koaderno honetan.
Josep Pla masian
Katalana haurrekin batera ikasteko liburu polit bat aurkitu dugu.
Poesies amb suc
Una novel·la d’aventures que recrea episodis mítics de la història de Catalunya.
Sinopsi de El confident dels reis:
Tots els fets històrics han tingut testimonis des de l’ombra. Durant els regnats de Pere I i del seu fill Jaume el Conqueridor, el conseller més pròxim va ser Guillem de Cervera, un personatge fascinant que en aquesta novel·la fa la pròpia crònica de les tres dècades més apassionants de la història de Catalunya. La corona catalana va viure, a principis del segle XIII, vicissituds de tota mena: l’engendrament del rei Jaume, la mort del seu pare a la batalla de Muret, les conspiracions de palau, la persecució dels càtars, les disputes amb el Vaticà, la conquesta de Mallorca… El conseller reial recrea aquests episodis amb la vivesa del testimoni i del confident. Aventures i emocions, història i llegenda de quan Catalunya ha d’abandonar el nord i girar els ulls cap al sud.
Novel·la històrica i sentimental sobre un del mites nacionals de Catalunya.
Sinopsi de L’amor secret del rei En Jaume:
Pere el Catòlic i el comte d’Urgell van segellar un pacte de prometatge entre els seus fills, el príncep Jaume i Aurembiaix. Per preservar-la de possibles perills, abans del casament la jove comtessa va ser enviada a la cort de Valladolid, on es va haver d’habituar a un tarannà ben diferent del català. Tot i la distància, Aurembiaix es voldrà mantenir fidel al compromís amb Jaume i a l’esperit de l'”amor de lluny” cantat pels trobadors. Es reunirà amb el seu amor, cada cop més idealitzat? Passions clandestines, venjances, intrigues successòries i crims d’Estat fan d’aquesta història d’amor una novel·la intensa del principi al final.
Assumpció Cantalozella Mas
Assumpció Cantalozella va néixer a Santa Coloma de Farners. És llicenciada en filologia catalana i ha fet classes de llengua i literatura. Col·labora regularment a la premsa. Té una llarga trajectòria com a narradora. Ha obtingut un èxit remarcable amb les novel·les històriques El falcó del comte i Corpus de Sang. La seva darrera novel·la és L’amor secret del rei En Jaume (2010)
Euskal liburu-dendetan liburu hauek aurkitzen badituzue, zorionekoak zuek.
Normalena hauxe da: ¡Ups! No hem trobat el que buscaves. Ho sentim!
Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut”
2020-09-05 // bAst, Koldo Goitia // Iruzkin bat
Kalekume bixeraduna-ren idazlana duzue hau.
Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut”
San Inaziotako zubia. Herritik hanka egiteko korneta-deia jo du Augustus sarjentuak eta Laorbe City a-ghost-town bihurtu zaigu, Urimortua; paseatzera noa erreka ondotik buruak eztanda egin baino lehen (hau aberria hau, dedio, denok ospa egiteko prest lehen aukera dugunean, abertzale karabaniñ batzuk gara). Eta gauzak korapilatzeko Google mega-enterpraixak beste kablewire edo kableguaia potolo horietako bat luzatu behar duela aditu dut, AEBtik Sopelaraino, itsas hondoan arrain abisalek duten bakea aztoratuz; lehen potroetatik lotuta bageunden, orain kable bidezko bondage digitalak menderatuko gaitu.
Wyoming Handia da gure gaurko figura diztiratsua, gure librepentsalari kolorista, Madrilgo petardismo hertzianoaren pizti beltza, gorrien bozeramaile ofiziosoa, ahaldugutar ohion azken esperantza quince-emeko izpiritua hiri-inguruko txalet bateko lorategian betirako ehortzirik geratu aurretik. Loser guztion gaueroko kontsolamendua. Monzón Hippya, Telesforo eta Jesus erreferente historikoekin ez nahasteko. Joxemiel laikoa, On-gabetua, hitz batean.
Ba Monzón jaunak idatzi digun bere biografiaren bigarren liburuan, `Amorrua eta koloreak´ (`La furia y los colores´), astindu intelektual bikaina eman die bere gaztaroan hain harro zebiltzan politikari “franquista aperturista” haiei, Guerrilleros de Cristo Rey eta antzeko terrorista ultraeskuindarrei, diktadura usteletik sistema parlamentario “tutelatura” igarotzeko aurpegi garbiketa antolatu zutenei, monarkiko eta juancarlistei, mediku “bokazionalei”, musikariak errukirik gabe ustiatzen dituzten enpresariei, alderdi ezkertiarretan etengabe eszisioak eta zismak eragiten zituzten (eta dituzten) lider intransigenteei… Eta bide batez, sekulako errepasoa 70 eta 80ko hamarkadetako hainbat protagonista mediatikori. Fraga Iribarne, Felipe Gonzalez, Tierno Galván, errege emeritoa eta beste hainbaten itzalak eta alde goibelak zehaztu dizkigu showman madrildarrak `Drogak, politika eta rock & rolla´ azpititulua daraman idazlan honetan.
Wyomingek bere burua hippy akrata gisa deskribatzen du, politika kontuetan erabateko rupturista dela aitortuz. “Ni rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut, erakunde faxistak inongo galbahetik pasa gabe demokrazian egin zuten desenbarkoa justifikatzeko asmatu diren kontuen gainetik”, dio liburuan.
Franco hil ondorengo sistema “alderdi politikoen kupulatan adosturiko ituna izan zen” esaten digu medikuntza utzi eta abesten hasi zen artistak. Eta beste mito bat ere bertan behera utzi nahi digu: “Eskuindarrek beti hitz egingo dizute trantsizio garaiko consenso-aren izpirituaz (…) inposizioak besterik ez ziren egon, Konstituzioa idazteko Manuel Fraga Iribarne izendatu zutenean bezala”.
Diktadura garaian askatasunaren alde borroka egin zutenei ere ez omen zaie behar bezalako errekonozimendua eskaini eta Wyomingen hitzetan, azken finean,
“konstituzioak askatasun esparruei ateak ireki baino, elkarbizitzari muga zorrotzak jartzen dizkio, arerioa astintzeko arma gisa erabiltzen da”.
Konstituzio Auzitegia bera ere ez da libratzen gure izarraren kritiketatik: “Kongresuaren gainetik dabilen egitura da, sufragio unibertsalaren bidez hautatutako legegileen erabakiak mugatuz edota bertan behera utziz”.
Frankismoarekin hautsi ez izana orain ordaitzen ari garen bidesariaren benetako arrazoia litzateke, El Informaleko arduradunaren esanetan. “Berrogei urte geroago, errealitate politikoaren balantzea egiten dugunean, gure zuzenbide estatuaren esentzia kutsatzen duten bi gaitz hondar aurkitzen ditugu: orokorra egin zaigun eta inguruko nazioetan ez dagoen ustelkeria eta faxismoaren biktimei dagokien erreparazio neurrien ukapena”.
Azkenik, eta liburuaren atalik politikoenekin amaitzeko, ondorio triste batera heltzen zaigu abeslaria: “Hautestontzien baliogabetzea legea betez egiten da (…) hortik dator botere judizialaren instantzia gorenetan pertsonaia jakin batzuk kokatzeko dagoen obsesioa”.
Dena den, liburuak askoz alaiagoak diren pasarte anitz ditu, hala nola Interrail nazioarteko tren txartelarekin egin zituen gazte garaiko bidaiak Holanda, Suedia, Finlandia eta beste hainbat herrialdetatik zehar. Kantariak azaltzen digunez, lagunartean egindako ibilaldi haietan harri eta zur geratzen ziren atzerrian zuten gizatasunarekin eta hiritar gisa jendeak erakusten zuen hezkuntza mailarekin. Behin gitarra ahaztu omen zuten hirian, tranbiaren geltokian eta hara non azaltzen zaizkien bi neska kanpinean, soinutresna itzultzeko asmotan. “Gure arlotekeria zantarragatik, matxismorik tematsuenean hezita geundela, ezin genuen inolaz ere pentsa, keinu hura bihotz oneko akzioa izan zitekeenik”, aitortzen du.
Europa aitatu beharrean, “atzerriaz” hitzegiten omen zen 70eko hamarkadako lehen urte haietan, eta hiztegia etengabe handitzen zihoan ingelesezko berba ugarirekin. Horietako bat freak zen, gure artean jada euskaraturik geratu den friki ditxosozkoa, eta beste bat squotter, gaur egungo okupa edo. Gogoan du Wyomingek oso-osorik okupatutako eraikin bateko pisuan nola bizi izan ziren boladatxo batez: “Apaindura psikodelikoa zuen, Indiatik ekarritako zapiak lanparatik zintzilika eta intsentsu usain kargatua”. Etxekide batzuk apur bat bereziak ziren; haietako batek tatuaje xelebrea zuen lepo-bueltan: marra ttipiz eginiko lerroa eta “moztu hemendik” mezua gorgoilaren ondoan.
Frankismoaren azken urteetan drogak azaldu omen ziren, orain sarritan, “sustantziak” eufemismoa erabiliz, erdi-ezkutuan hartzen diren produktu kimiko legez kanpokoak. Kontsumitutako produktuaren arabera, talde batean edo bestean sailkatzen zintuzten: yonkiek heroina hartzen zuten, porrozaleek marihuana eta hatxisa, espidikoek anfetamina eta aluzinatuek azido lisergikoa edo LSDa. Kokaina soilik aberaskumeek hartu ei zuten eta morfina medikuntza edota farmazia alorreko gutxiengo baten inguruko jendeak. “Drogen kontsumoa, adikzio-ahalmena edota kalteei buruzko informazioa ahoz-ahokoa baino ez zen, ez zegoen informazio ofizialik, guztiz kontrako jarrera baizik, prebentzioa sustatzeko edozein neurri kontsumoaren legitimazio gisa har zitekeela esaten zen”, dio Wyomingek.
Giro errepresibo hartan, askatasun esparruak aurkitze aldera, artista madrildarrak onartzen du musika izan zela salbazio taula bakarrenetakoa. La Aurora izeneko lokal batean aukera biribila izan zuten zortzi urtez euren errepertorio eklektiko eta bitxia eskaintzeko. Sobiet iraultzan parte hartu zuen gerraontziaren izena zeraman lokal hartan kupleak, boleroak, txotisak eta abesti originalak abesteaz gain, Wyomingek ikuskizun berezi-berezia eskaintzeko asmoa zeukan. “Zentsura zela eta, ezin zenuen eszenatokian hitz egin, soilik libretoan zegoena eskain zenezakeen (…) norbaitek bapateko saioa ematen bazuen, ona edo txarra izan, publikoa harrituta geratzen zen eta Grouchok zioen bezala, denbora batez isildu gabe jarduteko kapaza bazinen, azkenean dibertitua zen zeozer aterako zitzaizun”, dio aholku gisa gure showmanak.
Maestro Reverendo
Maestro Reverendo eta Wyoming Handia
Reverendo Maisua zena, ia berrogei urtez izan duen lankiderik hurbilena eta adiskide zintzoa -“ia siamesak ginen”- ez du ahaztu Wyomingek bere liburuan. “Reverendok inoiz ez zuen bere seminarista itxura aldatu, beti zeramatzan idun biribileko jertsea, praka grisak eta lokarridun zapatak, rock & rolla asmatu zuten musikarien janzki zoragarri haietatik ez zegoen urrunago egoterik”, dio madrildarrak tabasko ttantta batzuk gehituz. Itxura eta look kontuetan, anekdota oso adierazgarria kontatzen digu Estatu Batuetan ezagutu zuen larogei urteko Elvis-en jarraitzaile mozorrotu edo, hobe esanda, dress-up-atu (drexapatu, diñot!) bati buruzkoa; Wyomingen esanetan, gure mentalitatea apurka-apurka aldatuz badoa ere, hemen ezin ditugu horrelako gauzak onartu; gizon hari berehala “ikusaraziko” genioke agure batek ezin duela horrelako plantta xelebrea erakutsi.
Showman madrildarraren iritzian garrantzitsuena zu zeu zaren horri uko ez egitea da, heldutasunaren eta produktibitatearen izenean geure-geureak diren gauza gehiegiri muzin egiten baitiegu; “erretirora heltzerako gizaki ezdeusak baino ez gara”, dio 64 urte beteak dituen arren zuzeneko ikuskizunak eskaintzen jarraituko duela aginduz.
Liburuan azaltzen diren pertsonaien galeria ia amaiezina da: intelektualak, artistak, ikuskizun antolatzaileak, teknikariak, langile jendea. “Katalunian mugimendu musikal serioa aurkitu genuen eta bazuen industria hasi berri baten sostengua”, dio showmanak; baina Madrildik Bartzelonara abestera joateko furgoneta batean egin behar izan zituzten bidaiak “odisea” ziren. Garraiolari berezi batekin ere topo egin zuten: Moras izena zuen adineko gizon mozkotea, burusoila baina tximak sorbalda aldera zituena, “garai hartan oso irudi deigarria eskaintzen zuen, Barceloneta auzotik ateratako Dany de Vito bat zirudien”.
Moras furgonetazalearekin N-2 errepidetik 600 kilometro egitea, esan bezala, sekulako abentura zen, bi norabide baino ez zituen errepide hartan kamioiei aurre hartzen saiatzen baizen gizona, azken modeloa ez zen traste zahar batekin. “Oilo batek (hauetako kamioi batetik) ihes egiten bazuen, Morasek furgoneta bide bazterrean aparkatu, eta 70 urte beteak zituen arren, hegaztia harrapatu arte labore saileetatik korrika egiten zuen, guk harriturik begiratzen genion bitartean”, dio Wyomingek.
Baina bestelako movida bat ere bazen garai hartan El Rastro izenez oso ospetsua egin zen kale arteko feriagune tradizionalean. Ribera de Curtidores kalea zen merkatal gune honen ardatz nagusia eta XVIII. mendean bertan zegoen abere hiltegi batek uzten zituen odol arrastoek eman zioten hain izen bitxia. Bertan klase sozial guztietako jendea elkartu ei zen, langileak, ospetsuak, aberatsak eta bertako nahiz atzerriko turistak… Tabernak ere baziren, nola ez, eta haietako bat oso elkargune ezaguna bihurtuko zen. “Han zegoen La Bobia, Movidaren topagune nagusienetakoa, eta hasieran lau katu ziren, tribuak osatzeko adina jenderik ez zegoenez, mod, rocker, punk, glam eta teknozaleak bat eginik familia kolorista berean ibiltzen ziren, Ingalaterran elkarren artean borrokan zebiltzan bitartean”, esaten digu.
Iturria:conchamayordomo.com
“La Bobia”, Amalia Avia Peña-ren margolana (1963).
Amaitze aldera, kantari madrildarrak hirugarren biografia-liburua ere idatziko duela iragarri du, “osasunak laguntzen badit”. Lehen liburuan -`Belauniko, Monzón!´ (`¡De rodillas, Monzón!´) izenburua du- hainbat gogoeta eta erreskate-lan egin zituen frankismopean igarotako haurtzaroaz; haietako oroitzapen batzuekin lotu ditu bigarren liburu honetan soldaduskari buruz idatzitako pasarteak. “Derrigorrezko soldaduskak inflexio puntua adierazten zuen espainiar ororen bizitzan; aurretik bazen beste mugarri bat: lehen jaunartzeak esan nahi zuen Jesukristo haurraren baitan sartzen zela, alien bat bailitzan, umea santifikatzeko. Handik aurrera arrazoimena suposatzen zitzaionez, edozeinek eta ez soilik apaizak, bi ostia eman ziezazkiokeen esandakoa ez egiteagatik edo petralkeriatan hasten bazen. Herrietako haurrak laborantzan hasten ziren eskola betiko utzi ondoren”, gogorarazi digu.
Iturria: diomedia.com / Aurora Photos RM-José Azel.
La Bobia-ko sarrera La Movida madrileña garaian.
Jende iluna eta zaldun bakartia
2020-09-01 // bAst // Iruzkinik ez
Zaldun bakartia izeneko sail bat dauka Bermingham Edit argitaletxeak. Hiru lan daude bertan. Pablo Antoñana, Jose Maria Mendiola eta Raul Guerra Garrido-renak, euskaratuta. Oraingoan azken honen Jende iluna ipuin liburuari helduko diogu. Zazpi ipuin dira guztira.
Liburuak editorearen sarrera bat dakar, Félix Maraña-rena alegia.
Ipuin kontalaria
Literatur bizitzan osorik eta estreinakoz agertu zenean, Raúl Guerra Garridok (Madril, 1935) ipuin kontalari titulua eskatu zuen. 1968az geroztik ez du lanbide intelektualaz aldatu, Donostia Hiria Ipuin Lehiaketako lehen saria lortu zuen urtetik gaur arte alegia, eta haren obrak berez esplikatzen du idazlearen notario-tentaldi modukoa den hori. Literaturaren bidean abiarazi zuen ordu hartako sari haren ondotik, berriak jaso ditu idazleak, ipuin kontalari gisa erakutsi duen balioa aintzakotzat hartzen dutenak. Hor ditugu, besteak beste, Nadal saria, Lectura insólita de El Capital (1977) nobelagatik, eta oraintsu jaso berri duen Letren Sari Nazionala (2006), bere idazle ibilbidearen aitortza egite aldera.
Bere nobelak saritu egin dituzte eta irakurlegoaren konfiantzarekin konta dezakeen nobelagilea da, baina bere ipuinek ere jendearen esker ona irabazi dute, eta atal oso garrantzitsua osatzen dute bere unibertso narratiboan, egileak berak bereziki estimatzen duen formatua delarik hauxe.
Bildu ditugun zazpi ipuin hauetan –estreinakoz euskaratuak- bolbora erre usaina darion narrazio-modua da nagusi, nobela beltzaren lurrina hor, Guerra Garridok gogo bereziaz landu duen nararzio-generoa. Ipuinen aukeraketa egilearekin adostu da. Orriotan irudikatzen diren gorabehera psikologikoak eta jarrerak iruzurrez josiak daude, erabaki-behar ausartetatik datoz, bertigoari erabat leku emanez, muturreko egoera da haiengan gailentzen dena, Juan Cruz Mendizabalek ondo asmatu duen bezala, Guerra Garridoren narrazio-lanean kontzeptua eta idazkera aztertu dituenean.
Ipuinetan aurrenekoak, Torturaz, 1968koa, zehaztasunez irudikatzen du literaturaren atea Guerra garridorentzat, XX. Mendeko hirurogeiko hamarkada guztian zehar beste ipuin batzuk idatzi zituela ere egin izan arren. Idazleak, horrela, lehen mailako euskal idazleen zerrendan izena ematen du, hala nola, Jose Maria Mendiola, Pablo Antoñana, Jose Maria Bellido, Santiago Aizarna edo Ramon Zulaica bezalako ipuinlarien aldamenean, zeintzuk, Guerra Garridok, Jorge G. Arangurenek edo Carlos Aurtenetxek egin bezala, Donostia Hiria Ipuin Lehiaketan ere esnatu baitzituzten beren lehenbiziko idazlanak. Beste bi euskal idazle handien bideari heldu zioten, Ignacio Aldecoa gasteiztarra, ipuinlari aparta, eta Luis Martin-Santos donostiarra. Zerrenda hori –Ramiro Pinilla, Nadal saria, Mendiola eta Guerra Garrido aurkituko ditugu bertan- kontuan hartuta, ez da harritzekoa Donostia ipuinaren hiriburua izendatzea eskatu izana, batez ere hiri horretan bertan Pio Baroja bera jaio zela ahazten ez badugu –maiztasunez ahazten den gertaera baita hori.
[…]
Zazpi ipuinak hauek dira:
Torturaz
Nahi al duzu aberatsa izan?
A veira do mar
Frakduna
Hilketa perfektua Aste Beltzean
Valium
Errusiar erruleta mota bat
Zaldun bakartia saileko bertze bi liburuak hauek dira: Jose Maria Mendiolaren “Aldako hegaztia” eta Pablo Antoñanaren “Lurraren mugarriak”.
Aldako hegaztia (Jose Maria Mendiola)
Lurraren mugarriak (Pablo Antoñana)
Jende iluna (hiru ipuin dastagai)
Hilketa perfektua Aste Beltzean [hasiera]
Mahaiaren gainean Astra 32 errebolber bat topatzen dut, bere sei jaurtigaiekin, eta folio bat argibideekin. Argi dago, Astearen ekintzarik dibertigarriena tiro lehiaketa da. Lubakian lerroturik gaude, eta nire eskuinean, kasualitatez, Juan Fonseca divo handia. Tipo altua, gaztea, dotorea eta begirada bizi eta burutsukoa. Haren apaingarri nagusia sekulako neska ilehori bat da, etengabe lepotik zintzilikatuta daramana baina orain publiko artean utzi duena. Hona denok etorri gara geure nobelak sustatzera, baina haren Bi bala eta musu bat oso zaila eta gaindiezina jartzen ari zaigu, zer egingo zaio bada. Lakrikunkeria apur batengatik ez ditut betaurrekoak jarri eta danborraren seguruak kontra egin dit, auskalo zer pentsatuko duen lehiaketaren arduraduna den polizia ofizialak hainbeste sasi-pistolero ikusita. Gazte harroputz batek bultzatu nau, “lekua utzi, mesedez”, bide batez Fonseca lagunari gorputz osoko argazkia ateratzeko. A quemarropako argazkilaria da, Aste Beltzaren egunkari ofiziala. Bere flasharen idoloa metrailatzen du bertan dauden beste gorputz guztiak erabat gutxietsiz. Nire ezkerrean Jürgen Alberts bavariarra dago, eta ondoren Fernando Laínez madrildarra, Mary Wings newyorktarra, itxura oneko dama, eta bere itzultzaile bereizezina, zeinaren izena ez baitut orain gogoratzen, gurutzatutako jaka batez, gorbataz eta sonbreiruaz gangster jantzitako emakume hezurtsua. Zer edo zer ez doa ongi eta errebolberra oraindik kargatu gabe dudala laguntza bila jiratzen naiz, “aizu, tenientea, honek ez du…”. Jiratzerakoan Astraren kanoiak Jürgenen bularra kolpatzen du. […]
Nahi al duzu aberatsa izan? [hasiera]
Nire pistola Colt Python 45 motakoa da. Ez dakit nor zaren, ezta hemen irakurtzen zer egiten duzun ere, baina aurrera, eta buka dezagun behingoz, gehiegi atzeratu baikara, ezta? Gerra irabazi zuen pistolak, halaxe esaten zen Python 45ari buruz. Aspaldi nehork ez du gogoratzen zein gerrateri zegokion horren propaganda. Beharbada, Colt modelo zaharkitua izan daiteke, eta nire pultsua ez da lehengoa, baina, zin dagizut, bien konbinazioak hilgarria izaten dirau. Arraioa, sartuko al zara, behingoz?
-Sartu bezain laster akatu eta kito.
-Nola ezagutuko dut bada?
-Ez arduratu, ikusi orduko jakingo duzu bera dela.
Kontratuaren bigarren klausula hau benetan gogaikarria da, eta ez zailtasunagatik, morroiarengatik baizik. Gehiegi berandutzen ari da eta denbora ordainezina alferrik galtzen ari naiz haren erruz. Ez dago dirurik hainbeste denbora erosiko zukeenik, baina gela ezin dezaket utzi; babesten nauenak tiro bakar batez burua lehertuko dit, ez badut konplitzen. […]
A veira do mar
[…] Biltegiaren atzean ontziraleku txikia dago. Handik, lana bukatu eta gero, beste arrastiri batzuetan bezala, paisaia begiratzen dut neure baitan erantzunen baten bila: negozioa ez doa ongi, baina ezta gaizki ere. Itsasadarraren barne aldean herriko argiak kateatzen hasi dira. Ezinegonaren eta gogominaren arteko nahasketa sentitzen dut, malenkoniatsuaren dohakabetasun gazi-gozoa. Olatuak bata bestearen atzetik ohiko segidan datoz, errepikaezinak bezain identifikagaitzak. Hala ere, bihozkada daukat arrastiri hau ez dudala ahaztuko bizirik naizen bitartean. Agian, paradoxikoki, ez daukat horretarako motibo berezirik, aieru baten estualdia baino ez. Ur-bazter biek mugatzen duten zerumugaren tarte estua itxuragabetzen hasi da, haranzko norabidean faroaren argiaren distira besterik ez da ikusten: bi erlantz bederatzi segundoko. Hodeiak baldar eta pisutsu aurreratzen dira, erabat deliberatu gabe.
Nabeko fatxada nagusira bueltatu naiz, atea ixtera. Kostako errepidetik ordu hauetan kasik ez dago trafikorik. Egoera-argiak jada piztuak dituen Mercedes ST limusina baten igarotzeak harritu nau. Ez da langilerik geratzen, gustukoa dut nik neuk negozioa irekitzea eta ixtea. Ohiko zalapartaz pertsiana mekanikoa jaisten da, nire bistaren aurrean Almacén de Vinos López Fornela errotulua utzi arte. Beste egun bat, beste ogerleko bat. Errepidearen beste aldean ere, eukalipto-basoa itzaletan itxi egiten da. Mercedesa berriro azaltzen da, atzeraka dator nire parera heldu arte. Geratzen da, eta bertatik ezagutzen dudan gizon bat jaisten da. Niregana dator, eta benetan ezagutzen dudan norbait denez, ni ere berarengana noa.
-Mekaguen Diogenes, Lolo, zeu zara? […]
Zaldun bakartia bAst 2019
Ez ezazu distopiarik leitu baratxuri zopa jaten duzun bitartean
2020-08-15 // bAst, Koldo Goitia // Iruzkinik ez
Ez ezazu distopiarik leitu baratxuri zopa jaten duzun bitartean
by Kalekume bixeraduna
Konposizioa eta argazkia: Koldo Goitia 2020
Uda desberdin eta desfermin hau ez dugu ez berehala ahaztuko; nahiko harroxko morroxko genbiltzan azken aste hauetan terrazetan kañak eta lejiak displizenteki edanez, kobizapia okozpean edo eskumuturrean genuela, askatasun konkistatu berria garaipen itzela bailitzan ospatuz.
Ba harrokeriak finitu dira, mon amour. Berriro etxeko lau hormen artean konfinaturik amaitu nahi ez badugu, euskal uda bene-benetakoa, usadio zahar hura badakizue, gorde beharrean gaude: euskal uda kastoa, euskal uda distantziaduna eta euskal uda mikologikoa -perretxikoen moduan hor egongo gara, kieto parao!-. Aspergarri genetikook, dena dela, gure zorigaitz birritan kiribildua gainditzeko, betiko estrategiari helduko diogu: paperezko paradisuetan galduko gara beste behin.
Oraingoan, honako modeste note ponpoxoa idazteko, hiru liburu entretenigarri leitu ditut: `Afrikanerrak´ Eneko Barberenaren eleberri laburra, `Garai lakarrak´ (`Tiempos recios´) Mario Vargas Llosa nobeldunaren nobela eta `Francoren kontzentrazio eremuak´ (`Los campos de concentración de Franco´) Carlos Hernández de Miguel kazetariak landutako ikerketa historiko bikaina eta ausarta.
Baratxuria baino errepikagarriagoa naizela badakit. Betiko tentazioetan erori naiz: distopia, fikzio politikoa eta dokumentazio historikoa nahastu ditut, eleberri laburrak eta idazlan mardulak, asmatutako pertsonaiak eta amnesia kolektiboaren lainoetan desagertzear dauden gizakien biografiak… Kontrajarriak diruditen generoetako liburuak eduki nahi nituen mesanotxean, esku-eskura, gauez datozen mamuei jaurti ahal izateko. Berakatz zopak eragindako bihotzerre eta lo petralaren REM fasean distopiak sarri askotan inguma eta mamarro-festa bihurtzen dira.
Parapente & eski nautikoa bAst 2020
Birus bat protagonista duen B klaseko pelikula honetatik, bizi dugun distopia erreal-irrealetik, distopia literario batera jauzi egitea baino bihurrikeria kitzikagarriagorik ez dut aurkitu. Parapenteak edota eski nautikoak ez naute ponitzen. Izaki bizidun osoa izatera ere heltzen ez den nano-artefakto biomolekular batek gure harropuzkeria kakaren pare jarri duenean, eskapismo sasi-ilustratuaren alternatiba koldar samarrari heldu diot.
Eneko Barberena-ren Afrikanerrak lana
Aipatu dizuedan lehen liburua, Barberenaren `Afrikanerrak´ eleberri distopikoa dugu. Distopia beti da “anti-utopia” -utopiarekin nekez egin daiteke literaturarik, hain da perfektua…- eta gure Euskal Herria geroz eta zilbor-amilduagoa sarri askotan paradisu utopiko gisa saltzen saiatu izan badira ere, oraingoan egurra ematea tokatzen da, distopia azken finean, egurtze ariketa baita.
Dotoreziaz eskribitutako fikzio guztiz sinesgarri honetan aipatzen den egoera soziopolitikora oraindik ez gara heldu; uztaileko hauteskunde hauetan alderdi jeltzalea eta ezker abertzalea nagusitu dira, fakzio ultra berri batek ez du oraindik Gasteizen agintzen -VOXek eskainu bakar bat lortu du-, Europar Batasuna ez da ez potentzia militarra, zorionez, eta gudariak ez ditugu Afrikako iparraldera bidali “mendebaldeko zibilizazioa” sutsuki defenditzera. Baina gure gaur egungo mentalitate autokonplazientea, gure arrazakeria eta klasismoa, gure hipokresia eta norberekoikeria, homologagarriak dira etorkizun hurbil horretarako iragartzen zaigun gizarte berriarekin.
Carlos Hernández de Miguel kazetariak, bere aldetik, `Los campos de concentración de Franco´ liburuan ehunka istorio bildu ditu, zein baino zein krudel eta aluzinanteagoa.
Errepresio sistema osatzen zuten departamentu eta entitateen nondik-norakoak, arduradunen eta buruzagien profilak, sistemaren barruan izan ziren gatazkak, preso ugariren lekukotza, ikerketak izan zituen gorabeherak… Mosaiko tetrikoa osatzeaz gain, dokumentazio ariketa bikain honek agerian uzten du izugarrizko utzikeriaz jokatu izan dela gurean, jende gehiegitxo egon dela interesatua estatu frankistaren alderik sadiko eta ilunena larogei urtez ezkutuan mantentzeko ahalegin lotsagarri batean.
Irakurri dudan hirugarren liburua, berriz,`Tiempos recios´ izan da. Bertan Vargas Llosak Guatemalan ez ezik, Ertamerikan XX. mendean izan diren konspirazioak eta interes-talkak abiapuntu gisa harturik, maisutza paregabez taxututako fikzio eta errealitatearen arteko hibrido bikaina idatzi digu. Egile peruarrak, generoen arteko muga zehatzak ia erabat desagertu diren garai hauetan, gogoeta egitera gonbidatzen gaitu; abiapuntua errealitatearen okerdura eta nahasketan legoke, eta jarraian, gezurra, propaganda eta manipulazioak zein garrantzi estrategikoa duten adieraziko digu, ezinbesteko elementuak baitira herria menderatu eta irudi publiko orbangabea saltzerakoan.
Mario Vargas Llosaren Garai lakarrak lana
Airean irakurtzen den nobela honetan, elitea osatzen duen klase politikoa eta geroz eta tentakulu luzeagoak dituzten enpresa multinazionalen arteko aliantzaren nondik norakoak azaltzen zaizkigu; propaganda komertziala hedatu, lelo politiko sinplistak bukle ernegarrietan errepikatu, egungo mundu konplexuaz ikuspuntu infantiloideak ezarri eta, azken finean, sekulako porruak sartzeko abilezia nola garatu den aztertzen da, thriller politikoaren erritmo eta tentsioari uko egin gabe.
United Fruit mugaz gaindiko korporazio erraldoiak, Guatemalan txirotasuna kentzeko kanpaina bikaina burutzen ari zela aldeztu zuen lotsagabeki Estatu Batuetako iritzi publikoaren aurrean. Modu berean, Dwight Eisenhower presidenteak, “komunismoa, subertsioa eta Amerikaren etsaien kontrako gurutzada” antolatu zuen, sorgin ehiza, zerrenda beltzak eta diktadura militar anitz sustatuz munduko hainbat naziotan. Diktadura horiek, sobrare, ezinbesteko elementuak ziren komunismoari aurre egin eta mundu librea defendatzeko.
Gaur egun, gure artean, geroz eta hiritar zintzolapiko gehiago dago “mendebaldeko zibilizazioaren zutabeak” arriskuan daudela pentsatzen dutenak eta “zeozer egin beharra” dagoela esango dizutenak. Soilik falta zaigu Joseph Goebbelsen mamu engominatua azaltzea Berlinen berreraikitzen ari diren Jauregi Inperialeko korridoreetatik.
Berlingo Errege Jauregia
Eta nik zergatik ez ote nuen txapa galbanizatuen biltegi bat ireki? Astunkeria historikoekin gelditzen zaizkidan lau parrokiano gizarajoak matxakatzeko mania hau ez da normala. Izan ere, beti geratu zait I can´t get satisfaction moduko bat geopolitika eta historia garaikidearekin. Batxilergoaren bukaeratik datorkit aseezinkeria ditxosozko hori eta farmazian esan didatenez ez dute ukendu berezirik aitorrezinak diren hazgura jakin batzuentzat…
Bo! Heldu diezaiogun berriro hariari eta ez adarretatik ahariari. Bai Vargas Llosa eta bai Barberenaren liburuak berehala murgilaraziko zaitu kontakizunaren zurrunbiloan. Arrasatearraren eleberria leitzean asko eskertzen da fikzioa oso gertuko kronika bailitzan garatu izana; oso “etxekoia” egiten digu narrazioa Barberenak, oso gureak diren eguneroko bizipenak txertatzen dizkigu urrunetik iristen diren berri lazgarriekin. Gure bizitza argitsu eta normalizatua, itzalez betetzen hasten da, pitzadurak agertzen zaizkigu. Hasiera hasieran “Non da Omar?” galdetzen dio Manexek bere aitari, eta hor hasten gara sentitzen beste garai ilun eta lainotsu batzuetara garamatzan hotzikara punttua.
Hitzaurrean Hedoi Etxartek nobela beste distopia bat ote den galdetzen dio bere buruari eta gainbegiratu zorrotza ematen die genero honetako bi klasikori -George Orwell-en `1984´ eta Aldoux Huxleyren `Bai mundu berria-ri´- beste lan berriago batzuk ere ahaztu gabe, hala nola, Michel Houllebecquen `Partikula elementalak´ eleberria. Etxartek ohartarazi nahi digu `Afrikanerrak-en´ literatur ariketa bikain baten ezaugarri teknikoez aparte, leherkariz gainezka dagoen artefakto gogoeta-eragilea aurkituko dugula. Hitzaurrean Orwellek jaurti zuen abisua –inor ez dago faxismotik libre inon– azpimarratzen da; `1984-n´ Sobiet Batasunari eginiko ustezko kritika deusezten du Etxartek, nobela etorkizuneko Ingalaterran girotua dagoela gogoratuz. Idazle britainiarrak piztia atzerrian bezala etxean iratzar daitekeela ohartarazten digu, geure buruaz dugun irudi sofistikatu, goren eta kopetagoiak ez gaituela inolaz ere salbuespen bihurtzen totalitarismoaren aurrean.
Luma bAst 2019
Aitortu beharra daukat Barberenak idatzitako nobela bere horretan hartuta -tamainaz, estiloz eta baita azalaren diseinuz ere- inoiz idazteko kapaza izan ez naizen eleberri amestua dela. Geopolitika, distopia, kritika soziala eta eguneroko bizipenen kronika maisuki adiskidetu ditu arrasatearrak, elkarrizketa sinesgarri eta biziak garatuz, atal laburrekin, tentsio-dosi egoki eta malaletxe glamour handikoarekin -euskara zoragarria darabil egileak- esgrima erakustaldi peto-petoa eskainiz.
Era berean, fikzioari helduz, baina denboraren literatura-makina iraganerako norabidean jarriz, Mario Vargas Llosak Guatemalara garamatza bere `Garai lakarrak´ nobela zoragarrian. Mapa batean kostata aurkituko genituzke -bilatzaile automatikoari eragin gabe, noski- El Petén lurralde oihantsua, Atlitan aintzira, Garifuna herriaren eskualdea edota hain ederrak diren sumendiz inguraturiko ordoki garaiak. Amaigabeko udaberriaren paradisu honetan Jacobo Arbenz presidenteak bere amets erreformista burutzeko ahalegina martxan jarri zuen 50eko hamarkadan.
Arbenz-ek justizia soziala ezarri eta diktadura nahiz bortizkeria kronikoa behingoz atzean uzteko asmoa nahiko modu xaloan planteatu zuen. Gaur egungo ikuspuntutik, zintzoegi jokatu zuen, naipe-karta ezkutuak erabili gabe. Ez zuen ezer lortu, ez horixe, xede hura Estatu Batuek zapuztu baitzioten. Kronika zirraragarria taxutuz, Vargas Llosak detaile osoz kontatzen digu CIA espioitza agentziak nola gauzatu zuen elkarregite makurra United Fruit enpresa bananazalearekin, zein modu artetsuan Sam Zemurray enpresariak eta Edward Bernays propagandistak azpijokoa eta propaganda-kanpaina abian jarri zuten nazio oso bat menperatzeko, zelako oligokrazia arrazista eta feudala eratua zuten finquero edo lurjabeek Guatemalako indiar gehiengoa kupidagabeki zapaldurik mantentzeko, eta, azken finean, nola sortu ziren lehen gerrilak.
`Tiempos recios´ nobelako pertsonaien galeria zabalaren eskutik, pasarte guztietan Ertamerikako bizitza filosofiaren diztirak eta itzalak antzematen dira. Terratenienteak, graduazio desberdineko militarrak, espioiak, emazte eta maitale oldarkorrak, langile xumeak, polizia sadikoak, bizizaleak, abenturazale yankiak, gerrilari gazteak, ameslariak eta ezustean azalduko den oso urrunetik etorritako entziklopedia saltzailea. Inor ez da libratuko kontakizunaren azpitik borborka dauden indar telurikoen eraginetik.
Izadiaren indarrak eta eguraldiaren aldaketak ezustekoz betetzen dizute narrazioa, sacudón batek ikara bortitza eragiten du supituki, euri zaparradak etenaldi laburra inposatzen dizu zereginetan, 4.000 metroko sumendi erraldoiez inguraturik zaude, basapiztiak nonahi daude eta naturaren fenomeno horiek gizartean islatzen dira: handikien harrapazkeria depredatzailea, menpekoen gain ezarritako tirania, militarren konspirazioak, etengabeko tentsio-giroa, mehatxuak, egunerokoa besterik gabe bizitzeko premia… Gaur bizirik gaude, ba bizi gaitezen, gaua, iluna, absurdua iritsi aurretik…
Sumendia bAst 2020
Fikzioa eta kronika politikoa uztartuz, Ertamerika osoko XX.mendeko historiari gainbegiratua ematen dion bitartean, Vargas Llosak pasioz beteriko istorioak garatzeko aukera probesten du: aitak kaleratzen duen alaba haurdun gazte-gaztea, karismarik ez duen militar desesperatu baten azken momentuko garaipen behin-behinekoa, politiko ameslari batzuen erbesteratze tristea, enbaxadore yanki baten jarrera despotikoa, gerrilaren lehen kolpeak… Piztiak, mitologia zaharren tradizioan, giza-animalia bilakatu dira, odol egarria ezin aseturik dabiltza eta gutxien espero duzunean basoko adarpe sakona aiene, zalaparta eta garrasiz beteko zaizu.
Baina diktadurak beti Ertamerika eta Hegoamerikarekin lotzen baditugu ere, ez da ahaztu behar XX. mendean zehar, hemen, Euskal Herriko hegoaldean, Miguel Primo de Rivera lehenik eta Francisco Franco ondoren, ia bost hamarkadaz boterean egon zirela; beraz, Atlantikoaren bi aldeetan errejimen totalitario berdintsuak sufritu genituen.
Franco –El Generalísimo eta El Caudillo ezizenez sasijainko bihurtua- gerra kriminal sadikoa izateaz gain, pertsonaia arranguratsua eta mendekuzale amorratua zen; bere agintaldian (1936-1975) Adolf Hitler-en laguntzarekin hasieran eta Dwight Eisenhower presidente estatubatuarraren bedeinkazio eta finantzazio eskuzabalarekin geroago, errepresio kanpaina errukigabea bultzatu zuen Bigarren Errepublika aldeztu zutenen kontra, eta abertzale, ezkertiar, kultur munduko jende, homosexual, gizarteko marginatu nahiz “alfer eta arlote” delako kategorian (“vagos y maleantes”) sartzen zituzten guztien aurka.
Carlos Hernandez de Miguel-en
Francoren kontzentrazio eremuak lana
Hernández de Miguelek onartzen du hainbat presondegi eta kontzentrazio esparruen arrastoa betiko galdu dela eta oso zaila egingo zaigula milaka lagunen paradero tristeaz ezer jakitea. Hala eta guztiz ere, kazetariak beste historia asko erreskatatu ditu eta, esan bezala, hauetako asko krudelak ez ezik surrealistak ere badira. Guztiz esperpentikoak. Nahiko ezagunak dira Langraitzeko kontzentrazio esparrua, Orduñako Jesuiten ikastetxean ezarri zen presondegi erraldoia, Irungo sailkapen zentroa edota Lizarran Iratxeko monastegian ezarri zen kartzela. Beste hainbat presondegi halamoduzkok erietxe gisa funtzionatu zuten: Arrasateko Santa Agendan, Sukarrietan, Zumaian… Zenbait zezenplaza ere, gaur egun oso ospetsuak direnak, presondegiak izan ziren: Iruñekoa, Donostiako El Chofre zaharra, Tolosakoa…
Gorriak eta beltzak 2020 bAst
Beste toki ilun askoren arrastoa, aldiz, erabat desagertzeko zorian egon da hainbat ikertzaile xumeen esfortzuaz azken lekukoen bizipenak in extremis jaso diren arte. Aparteko kasu deigarri bezain izugarria aitatuko dugu, Sevillako udalaren ardurapean eskaleentzat bereziki eratu zen La Algaba herriko kontzentrazio eremua da. Berez, Las Torres izeneko landetxe edo cortijo bat baino ez zen hura eta 300 lagun giltzapean eduki zituzten bertan. Gizagaixo haiek “eskean behin eta berriro zebiltzalako” hartu omen zituzten preso, baina tokiko historiagileek diotenez, seguraski klase askotako errepresaliatu-jendea ere atxilotuko zuten. Las Torres-ko eremuan ez zegoen bizirik ateratzeko itxaropenik, presoak gosez hiltzen utzi baitzituzten. Lan behartuetara kondenaturik, erdiak hil egin ziren eta La Algabako Narcisa Agüera andereak María Serrano kazetariari aitortu zionez, behin interno bat ate joka azaldu zitzaion etxean, hilda zegoelakoan bizirik lurperatua izan zela esanez. Emakumeak senarraren arropa batzuk eta jana eman zizkion “berpiztuari” eta ez omen zuten gehiago gizon haren berririk izan. Azkenik, 1942. urtean, tifus izurriteak jota hil ziren, artean bizirik zeuden gizarajoak. Halabehar tragikoak itxiarazi zuen kontzentrazio edo, hobe esanda, exterminio eremu beldurgarri hura.
Leongo paradore nazionala
Bestalde, Leon hiriko paradore nazionalean, hau da, estatuaren luxuzko hotelean egoteko aukera baduzue, ez ahaztu fatxada platereskoa duen eraikin bikain hura, San Marcos Ostatu itzela, Francok antolatu zuen errepresio sistemako espetxerik gogorrenetakoa izan zela. Bertan 15.000tik 20.000ra lagun egon ziren preso, baldintzarik krudelenetan, tortura eta umiliazioak sufrituz eta haietako 1.500 fusilatuta edo gaitzen ondorioz hil ziren. Bada 3.000 preso hil zirela dioen historiagilerik ere. Francok, zinismo lotsagabeaz, paradore nazional ezin dotoreagoa eratu zuen bertan, krimenak zuritzeko oso berea zuen estiloa erakutsiz.
Gerra zibilaren aztarnak eta gerraosteko miseria eta errepresioaren arrastoak nonahi aurki daitezke gaur egun, batzuek kartelak eta antzeko argibideak dituzte inguruan, zorionez kontestualizazio historiko apur bat ere egin da han eta hemen. Beste kasu askotan garai hartako mamuak libre dabiltza eta gutxien espero duzunean lubakiak edo bunkerrak, fosak edota fusilamenduetako bala zuloak dituzten kanposantuetako hormak aurki ditzakezu. Lekukoak pixkanaka badoaz mundu honetatik, baina gerra zibilaren aurriak gure oinetakoen azpian zentimetro gutxira daude. Edo ageri agerian larogei urte pasa eta gero, Aragoiko herri batean ikusi nuen bezala: goiko auzoko elizak gerra garaiko erredura beltza zuen atarian. Egun batean miliziano anarkistak azaldu omen ziren ezustean eta santu guztiak han erre. Historia kontatu zidan amonaren negarrak opor-eguna samindu zidan eta beti gogoan dut herriaren izena: Hoz.
Hoz-eko eliz ataria
elhuyar
1 hoz
1 s.f. igitai
2 hoz
1 s.f. (Geol.) arroila, zintzur, mendi-zintzur, erreka-zintzur
Ui, hankaz gora dago mundua!