Hasiera »
Iñaki Bastarrikaren bloga - Lazzaretto vecchio
Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Ertzeko zatiak
2020-07-21 // bAst // Iruzkinik ez
Ertzeko zatiak
Orain hamar urte inguru atera zuen Jon Sarasuak Ertzeko zatiak izeneko liburua, Yera Sánchez-en marrazkiekin, Argia etxearekin atera ere. Ameriketako kontuak dakartza gehienbat, testu laburretan. Egileak honela dio sarreran:
“Nahasmena sor dezake testuok bidaia-kronika bezala ulertzeak. Ez baita eguneroko bat, ez kronika bat, ez kronika sentimental bat ere. Bidaiotan gertatutako gauza garrantzitsuenak ez dira kontatzen askotan, edo ez dira agertzen kronika batean agertzekoak liratekeen gertaera nagusiak, edo ezkutuan daude morbo gehien sortuko luketen uneak. Hondartzan bildutako egur puska, harri eta itsas-hondakinak bezala dira. Bazoaz hondarraren gainean oinutsik, eta txirla hura jasotzen duzu, beste hura ez, gero itsasoak borobildutako kristal bat, aurrerago baldosa puska obalatu bat, egur zati bat. Eta etxera daramatzazu, batzuk baino ez. Ez dute areetan zegoena errepresentatzen. Ez dute hondartzan gertatutakoa biltzen. Halaxe dira testu pusketok. Bidaietan lagunentzako bildutako objektutxoak, tartekakoak, aleatorioak, azkenean uste baino ugariago gertatu direnak.”
Marrazkiei buruz honela dio:
“Yera Sanchez lankideak irudiak tartekatu dizkie zati batzuei, argazkirik gabeko bilduma bati marrazkien keinuak erantsiz. Handik eta hemendik bildutako gauzekin eta nire ahozko deskribapenekin osatu du lanerako materiala, eta oroimeneko irudimenez janzten du idazkia. Uste dut hari gabeko bilduma biluzi xamar honek gogotik eskertu duela”.
[…]
“Komeni, laburki, laneko oinarrizko zereginak aurkeztea. Lanki Ikertegia hamabi langileko taldea da une honetan, eta apurka osatuz doa. Hainbat diziplinetatik bertako kooperatibetan eta nazioarteko sare batzuetan funtzio batzuk betetzen dituen sormen-gunetxoa. Nagusiki euskal kooperatibei begira egiten du lan, baina lan-adarretako batek munduko hegoaldean pobreziatik sortzen diren kooperatibekin jarduten du, Mundukiderekin lankidetzan”.
[…]
1. atalaren sarrera
“Atal hau, bildutakoaren erdia, 2004ko ibilaldiari dagokio osorik. Han hasi zen paragrafoak biltzeko ohitura. Lau hilabeteko ibilaldi luzea izan zen, nagusiki Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduan egindako identifikazio-lana. Mugimendu horrekin elkarlan egonkorra hastea posible ote zen esploratze aldera, beren errealitatea ezagutzeko Brasilgo hainbat estatutan zehar egonaldi-programa bat prestatu ziguten, milaka kilometrotan zehar. Hango esperientziak lan-taldekoei konpartitzeko hasi nintzen idazten. Ibilaldi pertsonal hura, zati batean, ibilaldi kolektibo moduan sentitu bainuen. Ematen ari nintzen apurra ez zen nirea, eta jasotzen ari nintzena ere ez. “Guretzat” ari nintzen ikusten, ikasten”.
[…]
Pasta
“Harrera ona, irribarre erraza, begirada lasaia, tratu hurbila, laguntzeko prestutasuna. Hauek izan litezke norbait “pasta onekoa” dela esateko zerak. Ez dakit, zaila da definitzen. Pasta oneko jendea munduan nonahi dago tarteka. Baina pasta onekoak asko direnean, zurekin igurtzia izan duten harreragile gehienek hortik zerbait dutenean, zerbait dago hor.
Eskualdekoen estiloa? Giza izaeran ere nonbaitetik eragiten duen MST mugimendua? Brasil bera?
Bideak erakutsiko digu”.
[…]
Etxean
“Hiriak, auzoak, etxeak, errepideak. Gizakiak egina arrotza zaizu, barrua arnas faltan duzunean.
Lurra bera, hala ere, inoiz ez zaizu arrotz. Aski da eskuarekin landareak ukitzea eta lurra hartzea. Etxean zaude”.
[…]
2. atalaren sarrera
“Lehen atala itxi eta handik bizpahiru urtera hasten da bigarrena. Bigarren atal honetan ondorengo hainbat lan-bidaiatan bildutako puskak bateratu ditut. Koadernoetan gogoeta zatiak jaso, aireportuetan bukatu, eta etxeratzerako laneko lagunei bidaltzea izaten nuen ilusio, gehienetan bukatzera iristen ez banintzen ere.”
[…]
“Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduarekin elkarlan egonkorra abiatu zen 2007an, Paraná estatuko eskualde batean, eta hara egindako lan-bidaiak dira hasierakoak. Milaka kilometro gorago Sergipe estatuan egindako identifikazio-bidaiatik ere bada zerbait. Sao Paulora beste arrazoi batzuengatik egindako bidaiaren bat ere bai. Beranduago, beste lan-ildo bati helduta eta Garabide izeneko erakundearen lehen pausoetan, herrialde andinoetako lan-bisita laburretatik ere geratu zen zerbait. Azkena idatzitakoak bigarren lan ildo honen harian, Nazio Batuen Erakundean, New Yorken idatzitako puskak dira, hegoaldeko herriekiko harremanaren ildoan. Bidaietako batzuetan gutxi idatzi dut, edo ezer ez, igoal gauza asko gertatu arren. Beste batzuetan, puska dexenterekin etorri naiz aireportuetatik”.
[…]
Favelaren eta cyberrespazioaren artean
“Lanhouse-an erreal eta erdi kostatzen da Internet ordua. Kale koloreko nerabez inguratua nago, batzuk beste ordenagailutan idazten, bakarren bat nire hizkuntza arraroari begira. Lokatzezko favela-karriketatik datoz neska-mutilak. Neskak txateatuz komunikatzen dira. Ondoko neskatilak uralita izango du teilatu, eta plastikoa leiho, baina ni baino hobeto moldatzen da bospasei lagunei txandaka skip-ez erantzun azkarra ematen. Nik ez baitakit.
Favelatik cyberrespaziora.
Txatean, neskak. Mutilak bitartean pistoladun bideojokoetan ari dira. “Hezkuntza sexistaren erruz” esango luke itsasoz bestaldeko progresiaren bertsio ofizialak.
Ez da hori muineko azalpena. Progresismoaren totemak antzuak dira neska eta mutilen arteko aldearen tolesdurak ulertzeko ere. Errealitatea, ordea, tematia da, eta ideologiek gutxien uste duten aldera aldatzen da. Eta neskak dira txatean ari direnak. Mutilak bideojokoetan. Adi datorrenari”.
[…]
Edizio ona duen liburu atsegina duzu hau, irakurle, ene ustez. Baina hori zeuk erran behar duzu. Zatika-zatika irakurtzen da. E maravilhoso analizar a coiuntura. Yera Sanchez-en marrazkiak adierazkorrak dira oso, txit ederrak eta edergarriak.
Kontrazaleko testua dakargu hona:
Gertakari txikien zatiak, esperientzien kontakizunak eta mini-gogoetak biltzen ditu esku artean duzun liburuak. Hego hemisferioan izandako lan-bidaietan, bost urtetan zehar hurbileko lankideentzat idatzitako testu laburren bilduma da.
Hondartzan bildutako egur puska, harri eta itsas-hondakinak bezalako zerbait dira, egileak sarreran dioen moduan: “Eta etxera daramatzazu, batzuk bakarrik. Ez dute areetan zegoena errepresentatzen. Ez dute hondartzan gertatutakoa biltzen. Halaxe dira testu pusketok, lagunentzat tarteka bildutako zatiak”.
Brasilgo eta beste herrialde amerikar batzuetako argi-ilunak dira, elkarlanaren harian lurrik gabekoen mugimendukoekin izandako igurtzietatik ekarriak. Egilearen barne egoerak ere irristatzen dira lerro artean. Hondartza hau sinplea bezain konplexua dela iradokitzen dute bildutako zatiek, baina ondorioak irakurlearentzat utziko ditugu, hondar aleak bezainbat izan daitezke eta.
Aio eta hurren arte!
Koldo Zubeldiaren itsasaldi biziak
2020-07-20 // bAst // Iruzkinik ez
Koldo Zubeldiaren itsasaldi biziak
Egin du orain ere liburua Koldo Zubeldiak. Idatzi eta argitara eman, dena berak. Kemena behar da horretarako eta lehen ere erakutsia du baduela, era berean argitaratu baititu aurreko olerki liburuak ere. Bere denboraren jabe izanik, olerkiak idaztera emana dago, gogotsu, bere isiltasun oparoan. Izadia gertu dauka etxetik eta eguraste horrek badu eraginik bere bihozkadetan. Bederatzigarrena bederatzi izenekoa dugu atera duen azken lan hau. Mardula da liburua, hirurehun orrialde pasatxokoa, eta orain arteko lan guztiaren biltzea dela erran genezake. Liburu gihartsua. Irakurleak jakingo du lan honen balioa onesten.
Koldo Zubeldiaren olerki liburua: Bederatzigarrena bederatzi.
Bizi azturak
Sentitzen dut bizi azturetan
asko miresten dudala bizitza duin bat izatea
hortik pixkanaka hobetuz jokabidea aztura
berrietara eta duinagoetara murgilduz joan
behar genukeela, eskuak, burua eta bihotza ttukun landuz
ekintza bide berrietan eta onetan hasi, eta horretan jarraitu
beharra luze eta sakon
betiko moduan ezer izango bada.
Arraunlaria (oleum) bAst 2020
Arraunlari sendoa dugu Koldo Zubeldia.
Eskuak ditut sumin
Eskuak ditut sumin
Goizeko hotzak egiten didalako min
Usoek bere hegaldian
sortu dute
etsia maitemin
hegaldiak sortuaz ezinaren ezin.
Itsaso zakarra (oleum) bAst 2020
Itsasoko uhinak
Itsasoko uhinak
Zain distiratsuak
Zain nago
Noizko?
Zerbait
Nolabait
Zerbaiten zain nago
Zerbait izateko zain
Eta galdetzen diot nire buruari
Zergatik?
Idatz dezaket
Lan asko egin dezaket
Ibil naiteke
Lana asko egiten dut
Bi lizentziatura egiten ari naiz
Goizko lauretan jaikitzen naiz
Iluntzeko bederatziak arte gelditzen naiz ia beti
Ezin naiz utopia bat gertatu
Zutoin sendoa naiz
Ez lokartu
Ez baldartu.
Loreak (oleum) bAst 2020
2019ko urriaren 10ean
2019ko urriaren 10ean
Ia bi hilabete daramatzat Donostiara joan gabe
eta iaz baino askoz hobeto nabil
Normal-normal hasi naiz jada duela hilabete eta erdi
Serotonina gehiago dago neure gorputzean
eta kemena itzuli zait nire burura lana tentuz egiteko
Oso goiz jaiki naiz gaur ere eta bizi itxaropena ez dut galdu eta
ez dut galdu behar.
Ez dut etsiko azken arnasa hartu arte.
Koldo Zubeldiaren aurreko liburuetako bi.
Aralar, gogoko iturri zubeldiarra (argizaria) bAst 2020
Koldo Zubeldiaren liburuak 15 euro balio du eta egileak eskuz esku saltzen du.
Koldo Zubeldia subeldia(a bildua)telefonica.net [Zaldibia. Gipuzkoa]
Lafitte-ren kazetari-lanak
2020-07-19 // bAst // Iruzkinik ez
Pako Sudupe filologoari zor diogu, neurri handi batean, argitalpen hau. Berak egina baita Piarres Lafitte abade eta idazlearen kazetari-lan hautatuen bilduma. Aldizkari eta egunkarietan miatu, idatziak sailkatu eta hitzaurre oparo bat idaztea, irakurleok eskertu behar dugun lana da. Sudupek berak, liburuaren hasieran, argibide interesgarriak ematen ditu liburu honi buruz.
Nola hasi nintzen Lafitte irakurtzen eta haren artikuluak biltzen azaldu dudanean, parez pare jarri ditut Aitzol eta Lafitte. Beste batzuk ere entzun ditut bi idazleok elkarrekin lotzen. Izan ere, hurbiltasun handiak dituzte tolosarrak eta uztariztarrak –Luhuson jaioa Lafitte, baina inon kokatu bazen Uztaritzen kokatua eta laketua-, baina hurbiltasunekin batean baita urruntasunak ere.
Bientzat garrantzizkoena arima salbatzea zen, eurena eta anaia-arrebena, hots, guztiona, denok ere Jainkoaren seme-alabatzat ginduzkatenez gero. Baina hau apaizengan arrunta bada, bazuten berezitasun nabarmen bat, gizadia salbatzeko lehenbizi euren etxetik, euren aberritik hasi behar zutela zeritzoten, eta hau Euskal Herria zen. Aitzol Hegoaldean bezala Lafitte Iparraldean Euskal Herriaren kultur pizkundea sortzen ahalegindu ziren, Euskal Herria zenbat ere bere buruaz ohartuago, historian zehar izan denaz zenbat eta kontzienteago, orduan eta askeago, fededunago eta katolikoago zatekeelakoan, egungo egunean bezala etorkizunean.
Urruntasunak ere bazituzten. Lafitte gutxiago bereizi zen Eliza frantsesetik, batez ere jesuita frantsesetarik, maisu eta gidari izan zituen jesuitengandik. Aitzol, aldiz, Sabino Aranaren eiteko nazionalismoak eraginda, gehiago urrundu zen Espainiako apaizetarik, garbikiago hartu zuen Euskal Herria bere lan kultural erlijiosoaren esparru autonomotzat, eta esan liteke hortik etorri zirela bien arteko mesfidantzak, izaerazko desberdintasunak alde bat, nahiz zenbait alderdi oraindik erabat argitu gabe dauden.
Begira nola adierazi zuen bere guztizko ametsa Lafittek, Luhuson, 1933an egindako Euskaltzaleen Biltzarrean: Ikusten duzue nola aspaldiko ohidurak eta oraiko urhats berriak elgarrekin joaiten ahal diren, zahar-gazteen arteko deus berechkunderik gabe. Behar ere. Bertzenaz zer bilhaka litake denak bat girelako errankizuna? Bai bat gira, ez bakharrik herriko eta herriz kanpoko eskualdun guziak, bainan gisa berean hobirat aitzinatu gituztenak eta gu. Eta lur gaixo hau, beren azken itzulia eginik, behin bethikotz geldituko delarik, agian Eskualdunak oro bat eta dohatsu aurkituko gira, edertasun bethi zahar eta bethi berria den Jainkoaren aitzinean.
(…) Hizkuntzaz den bezainbatean, bildutako artikuluetan hamarretik zazpi euskarazkoak dira eta hiru frantsesez idatziak. Baliteke, Lafitteren ekoizpen guztia kontuan hartuz gero, erlazioa zazpi eta hiru ez baizik sei eta lau edo izatea; baina, nolanahi ere, egingo nuke euskaraz gehiago idatzi zuela frantsesez baino.
(…) Lafittek asko eman dio euskarari, eta euskal kulturari. Euskarari buruzko lanetan Grammaire Basque, Iparraldeko literatur tradizioa aztertuz bururatua, eta Lhanderen hiztegia esanda ulertzen dena, euskara-frantses hiztegia, Lhandek baino gehiago Lafittek eta Philippe Aranartek apailatu zutena. Hauekin batean Euskaldunen Loretegia (1545-1800) edo Gure Herria-n, eta Herria-n egindakoa gogora ekartzea aski da Lafitteren ekarriaren handiaz jabetzeko.
Hemen duzue, adibide gisa, Piarres Lafitteren artikulu bat. (Gure Almanaka, 1946)
1945 urthea
1945 ez da entrabaleko urthea izan. Zer ez da gerthatu hamabi ilabethez.
1944-eko abendoak halako hits batekin utzi gintuen. Alamanek entsegu handi bat eginik Amerikanoen kontra, aintzinatu ziren puska bat Belgikan, eta jende minkor batzuek zioetn: “Horra, Angles eta Amerikanoak, iduripenezko bitoria ereman dute eta Frantzian gaindi, orai hor dira garhaituak eta gu heiekin!”
Bainan etsaiaren azken uztarrak ziren.
Emeki-emeki ihesari eman ziren Belgikako alaman tropak eta primaderarekin armada guzia kraskatzen hasi alde guzietarik.
Lehenik Rusian kraskatu eta nola! Halako irri batekin baziren baitzioten Rusiako armada laster helduko zela gure mugetaraino, karraskan!
Baina bet-betan Rusiari gogor eginik Alemanek han-harasko baitzauzkaten; Angles, Amerikano, Frantsesek aldiz zedarri-gerizak oro zilhatu zituzten. Martxoaren ondar egunak eta apirila zorigaitzezkoak izan zituzten Alemanek.
Entsegatu ziren bakearen egiterat Anglesekin eta Amerikanoekin, Rusiaren kontra gudua berriz segitzekotan.
Bainan hitz-hartua zuten nehork ez zuela gudurik geldituko bertze erresuma adixkidek ez bazuten elgarrekin onhartzen.
Maiatza hastean Italiako aleman armadek amor emaiten dute, eta gero bertze guziek ere bai uko egiten, ikusi eta Hitler etsiturik hil dela.
Orduan zer bozkarioa! Bizkitartean Frantziaren zauri guztiak ez ziren ez sendotuak, ez eta ere hetsiak: presonerak han nunbait izaki eta ez jakin noiz nola sartuko zitzaizkun.
Emeki-emeki jin zitzaizkun halere, gehienak hain luzaz sofriturik hainitz tristatuak, eta hemengo manerak ezin konprenituz askotan guti edo aski suminduak. Agintza hainitz eta gero guti ukan!
Bertze abantailik ez izanik ere, dantza eta musika bederen ausarki izan da bazterretan eta bazkari eder batzu ere bai heien ohoratzeko.
Erakusteko Frantzia bethi prest zagola denetarat, onhartu zuen de Gaullek Japoniako gerlan ere partzuer izanen ginela. Beharrik “bombe atomique” delakoa medio, ikaran jarri baitira Japonesak eta bakea galdegin baitute, uda hastean.
Bainan Frantziak ukan du asko pena. Bilkura handietan sendiarazi diote, erresuma ttipi-ttipi bat bilhakatua dela. Ez dute, bereziki Rusoek, aditu nahi ere.
Anglesek Syrian jendea lagundu dute itsuki Frantsesen kontra.
Indoxinan, lanak dira lehenagoko ontasunak ezin berriz bilduz: Xinak lur eremu batzu hartu nahi, Angleterrak hala-hala, goregi aithortu gabe!
Frantzian berean bozak hiru aldiz eman dituzte: lehenik herriko kontseiluen hautatzeko, gero kontseilari jeneralen, eta azkenean deputatuen.
Bozetan jendea agertu da de Gaullen alde, bainan denbora berean, boz hainitz joan zaizkote komunixteri. Zozializtek zonbaitño galdu dituzte. Aldiz M.R.P. (Mouvement R’epublicain Populaire) delakoa, sortu berria izanik ere, ederki jalgi da bozetarik.
Ganbara berri horrek eman behar dauku Frantzian gobernu bizi molde berri bat. Guk lerro hauk emaitean, ez dago oraino eginik. Bi lehen asteak kalapitan ereman ditu eta gutik egin du ez baitute de Gaulle haizatu.
Komuniztek nahiko zuten, bainan bertze nehor ez izanez, haren kalipuaz eta bertuteaz behar izan dute denek baliatu.
Orai berritan banko-etxe nausiak gobernuak beretu ditu. Ez dakigu zer eginen duen bertzerik.
Libertateari buruz segurik ez dugu gauza handirik ikusten: eskola libroeri laguntzak khendu dituzte eta mehatxu izigarriak badira.
Frantziaz kanpo, bakea ez da oraino jarria. Urrun da. Londres-en abiatua zuten biltzarre bat bakea egin nahiz. Ezin elgar-adituz biltzartiarrak joan dira nor bere alde, deus antolamendurik egin gabe.
Iranen gerla-itxindiak pizteko ponduan izan dira Rusoen eta Anglesen artean! Turkiarekin ere Rusoak ez adox!
Alta Xinan, Amerikanoak agerian ari dira komunixten kontra gobernuaren sustengatzen eta tresnatzen. Erran gabe doa Rusiak benedikatzen dituela, bereak golkoan.
Hitz batez, 1945-ean Alemanen eta japonesen kontrako gerla bururatu da, bainan ez dugu oraino bakerik ez barnean, ez kanpoan!
Ea urthe berriak zer erakarriko daukun!
Garbi erran behar da, Piarres Laffite abadea zela, katolikoa eta honelakoak idazten zituena (1924):
Euskaldunek ez dugu holakorik jasanen. Eskualdun eta fededun, hemen, gure Eskual-Herrian gure Fedea zainduko dugu. Berriz gerla piztu nahi dutenez geroz Elizari Framazonek eta framazonen kidekoek, guk, eskualdun katolikoek, gerla eginen dugu Elizaren alde.
Ez othe dute katolikoek, ez othe dugu Eskualdunek aski pairatu Frantziarentzat, aski eman Frantziari, Frantzian orai eta bethi libro, gure zuzenen jabe, bizitzeko??
Bon, hor duzue liburu mardul bat, garai baten lekuko eta gizon aipagarri honen pentsaeraren eta jokabidearen adierazgarri. Ondo izan eta hurren arte!
Hiru pretendiente Ernestinarentzat
2020-07-18 // bAst // Iruzkinik ez
Hiru pretendiente Ernestinarentzat
Ernestina de Champourcinen Poesia Antologiak hiru pretendiente dauzka uda honetan. Auxtin Zamoraren Ezin errana olerki liburua, Txomin Peillenen Kristina Bolsward eleberria, eta Antton Lukuren Botoiletan ipuin liburua.
Beldurra (Ernestina de Champourcin)
Egunsentia;
ametsen sehaska,
laztan zuria
goizaldeko
hasieran.
Isil urdinak.
Euri soinuek
zulatzen dute, nola!
ene esperantza.
Atzo… atzo zen.
Gaur bihar da jada.
eta ene poza
esnatuko ez balitz?
Bezpera iluna,
argi faltsua.
Hildako zerbaitek
beltzen du egunsentia.
Auxtin Zamoraren olerki kaierra: Ezin errana…
Ez deus hunki! (Auxtin Zamora)
Ez deus hunki!
gau huntan,
izarren eta ilargiaren
dirdirak,
mila pusketan,
hautsiko dira,
ur-mirailaren gainean,
baizik osto bat
eroriko zaionean.
Txomin Peillenen Kristina Bolsward eleberria
[. Kapituluaren hasiera]
Peter ezagutu baino lehen, nor nintzen, nola bizi nintzen, edas ez baneza, nekez uler zenezake, zerlango katramila goropilotsutan sartu beharra nuen?
Urte haietan, Hamburg-eko arrabal hits ta beltzkara hartan, Billwerder-en bizi ginen; iparralde hartako odeiek ere keak emandako goibeltasuna hartzen zuten, bai gure hauzotegiko lantegiek emandakoak, bai, bestaldean Harburg-eko petroleotegiek ta besteek igorritakoak. Egiazko hangotarra izan banintz ez nuen, agian, etxeen belztasuna ikusiko, ez eta inguruko usain sofredun latz hartaz ohartuko ere, baina hiri horrez kanpo, eta kaletik ihes egiteko gogoa ta ahalbidea geneukan, Frisia, amaren sorterrira joaitez eta han senitartean egoteko. Baina Hamburg-en lana ta hirian egon behar aste zurian, eta igande gehienetan.
Frisiaz ez neukan oroimenean aztarna haundirik bazirudin haurtzaroan ez nintzela han egon. Nola sinets amak zionean, han, zoriontsu izan eta bizitu ginela. Gogoa, ahal bezain urrun, urrutienera eroan arren, aita zenaren oroitzapenak, lausoak, lañoetan galduak ziren. Herbestea, gero gure legea bilakatu omen zen. Arinpen moduan, ordea, adreiluzko etxe txikian, gerla ondoren egindako “oilo kaloietan” baino hobeki ginen. Gisa batez edo bestez askietsi behar: han, Gunther neba, ama ta hirurok hirur gelatako egoitza geneukan.
Antton Lukuren Botoiletan ipuin liburua.
Kaxinta eta Junes (ipuina) Antton Luku
Jende batzuek egun guziz bata bestearen ondotik iraganik ere, ez dute lur honetan egiazki kurutzatzeko xantzarik. Gauzek bestalde deliberatzen ez duteno. Adibidez autoek istripu bat egiten dutelarik gidariek zurikeria haundiz eskua ematen diote elgarri. Baloiek ere zer nahi kontakto sortzen dute. Hesien gainetik airatzen dira eta haur malestruken futbol trebetzaileak auzoko xaharrekin bizpahiru hitz goxoen trukatzerat bortxatzen dituzte. Ondoko gertakari honek ez due gia xoil honetaz kanpo deus kondatuko. […]
Gure Kattalinen haunditasun eta dekadentzia (ipuina) Antton Luku
Senarra ahotza zuen herrian, gizon itxura onekoa eta atsegina. Urdea eta xerbitxu egile. Kontseilukoa zen eta klikako zuzendari. Etxetik kanpo zelarik, bere ahoztegian adibidez, solas berdeak maite zituen. Ohartarazten zuen ontsa “behar ere gure Kattinek ez nau entzuten”. Horrengatik herritar guziek “gure Kattin” erraten zioten haren emazteari. […]
Ernestina de Champourcinen olerkiak (Rikardo Arregi Diaz de Herediak euskatuak)
Tipasa 4 (zatia)
Nik uste dut hiltzea
egotea dela, absolutuan
egotea azkenik,
behin-betikoan.
Eternalaren,
jadanik aldatu ez
eta hala ere aldi bakoitzean
desberdina denaren ustekabea.
Eta egote honetan
gizatiarra eta jainkozkoa dago.
Ukitzen den guztia,
sentitzen den guztia
eta bizitza kendu
eta berriro ematen diguten
argizko kimu horiek,
itsugarri eta bakanak.
Hiltzea doanik
ematen zaigun arrosa da,
lurrin bat amodioan mamiturik
betiko.
Moroak behelaino artean: esperantzaren gramatika
2020-07-17 // bAst // Iruzkinik ez
Denok ezagutzen duzue Joseba Sarrionandia. Neuretzat kiromantzidxa olerkia idatzi zuena izanen da betiko. Lagun izoztua eleberria ere gustatu zitzaidan, Xabier Leteri ez bezala. Olerkari estimatzen zuen. Horretaz landara, liburu asko izkiriatu ditu (landara hau idazle honi ikasia diot). Gaur bat aipatuko dugu: Moroak gara behelaino artean? Pasarte batzuk hautatu ditugu, dastaketa egin ahal izateko. Hamar urte bete ditu liburuak.
Ni gramatika baten bila sartu nintzen kasba honetara. Gerla egitera ere bai, gerla hitzari Joannes Etcheberri Sarakoak eman zion zentzuan, non gerlak erran nahi duen inorantzia uxatzeko jarduna. Lauzpabost liburutan aurkez nezakeen: xelha gramatika egin zuen fraidearen biografia, Arrifeko errepublika artegaren historia, inperialismoaren kritika entsegua, amazigeraren edestia edota Espainiaren eta Frantziaren mendean euskaldunok egin beharreko protesta. Gaiak mugatuz gero, akademikoagoa litzateke dena, elementu diskordanteak kanpoan geratuko lirateke, ordea. Eta nik diskordantziei buruz idatzi nahi izan dut. Diskordantziek elkarri argi apur bat emateko, konstelazioetan izar batek bestea argitzen duen moduan…
Berberea edo amaziga
Etnozentrismo greko-latindarrak zabaldutako izena konkistatzaile arabiarrek berentzat hartu zuten. Hauek ere al-barbar deitu zieten bertakoei eta al-barbariia haien hizkuntzari. Izen horren etimologia arabiartzat zuen Abderraman ibn Khaldunek, jakina, ‘marmarrean jardun’ edo ‘modu ulertezinean hitz egin’ adierazten zuen berberat arabierazko aditzetik zetorrelakoan. Ibn Khaldun, 1332. urtean Tunisian jaiotako kronista eta historialari arabiarrak, berbereen hizketa berezia zela idatzi zuen, beste hizkuntzetatik zeharo desberdina, eta modu arraroan hitz egiten dutelako deitzen zaiela berbere.
Berberofonoek ez dute euren buruari deitzeko berbere hitza sekula erabili. Amazigh auto-etnonimo zaharra eta zabaldua da, dialektoen joera fonetikoen araberak aldaerak dituela: emazig, amahek, amaxek eta abar. Erdialdeko Marokon hitz egiten den dialektoan horrelaxe erabiltzen da, amazigh, halaxe idatzi zuten behintzat grafia latinoz ikerlari frantsesek. Eta Kabiliako berbereak izan ziren, 1945-1950 aldiko borroketan, izen zaharra berritu eta zentzu abertzalez bete zutenak, auto-etnonimo hori kabilierazkoa ez zen arren bereziki. Ekker a mmis umazigh! deitzen zen orduko kantu ezaguna, hau da, ‘Jaiki hadi, Mazigen seme hori!’, non eta Mazig, Abderraman ibn Khaldunek idatzi legez, amazig guzien arbasoa litzatekeen. Bide batez esanda, amazig askorentzat amazigh hitzak ‘librea’ edo ‘noblea’ esan nahi du.
Gutuna eta errebolberra
Pedro H. Sarrionandia 1902ko ekainaren 7an itzuli zen Tetuango misio-etxera. Ondo ezagutzen zuen hiri hartan, asaldura politikoen artean, ilusioz jarraitu zuen arrifera aztertzen. Ez zen erraza izango gramatika asmatzea. Informazioa metatzeko gaitasuna behar zen, erudizioa deitzen dena, eta, gainera, materiala antolatzeko zehaztasuna eta imajinazioa. Eta beste zerbait ere bai, agian, ezin baitzen halako lan nekezik hartu hizkuntza hura eta hizkuntza haren jabeak estimatu gabe.
Primo de Riveraren diktadura
Annualeko desastreak berehalako krisi politikoa eraman zuen Espainiara. Alfonso XIIIak Antonio Maurari “kontzentrazio nazionaleko” gobernu bat antolatzeko eskatu zion 1921eko abuztuan. Gerla ministroak Marokon gertatutakoari buruzko informe bat osatzeko zeregina eman zion Juan Picasso jeneralari. Alderdi asko elkartu ziren Gobernuan, baina arras banaturik zeuden Marokon jarraitu ala Maroko abandonatu aukerei buruz. Krisia ez zen amaitu eta Antonio Maurak 1922ko martxoan utzi behar izan zuen gobernua.
Hassan II eta berun urteak
Liberazio Armadak eragin handia izan zuen Arrif aldean independentziaren aurretik -1955eko maiatzean Egiptotik Nadorrera armak heldu zirenetik Abdala Senhaji, Abdala el-Wakuti eta Abbas Massadiren eskuetara- baina batez ere ondoren. Independentziaren kontzeptu magikoarekin, erregearen eta Istiklal alderdiaren inguruan gertatu zen euforiaren ondoren, etsipen handia zabaldu zen. Estatu berriko funtzionarioak Hegoaldetik heldu ziren gehienak, marokoar frankofonoak, irizpide arabistekin, bertako egiturak ezagutu eta errespetatu gabe. Gainera, Marokoko gobernu berrian ez zegoen Arrifeko ordezkaririk. Istiklal alderdiak agintzen zuen, bere nazionalismo arabofonoarekin, arrifiekiko mesfidantza handiarekin.
Nazionalismoa ez da naturala edo berezkoa. Ez da artifiziala ere, ez zoritxarreko zerbait historian.Gizarte industrialaren logikari lotutako gertaera historikoa da, ernst gellnerren hipotesien arabera, baina aurrerantzean eta luzaroan ere nazio-estatuen eta kultura batasunen inperatibo nazionalistak aplikatuko dira.
Eta hatxea, gehien defenditzen genuen letra, metafora bihurtu zen, ahoskatzn ez zelako. Hala ere, gure belaunaldiak poesia balitz bezala egin zuen borroka “h” letraren alde. Eta poesiaren antzekoa zen guretzat, Paul Celanek poesia definitzen zuen modukoa: arnasak hizkuntzan uzten duen marka. Alfabetoko beste letra guztiak baino inportanteago bihurtu zen, horrexegatik, ia ez zelako. Erraza da konprenitzen. Euskal Herririk ere ez zen, eta horregatik zen ezinbestekoa. Ez zegoelako etxe bat nonbaiten egon daitekeen moduan, baizik eta basamortuan eraiki beharreko zerbait bezala, Etiopian. Ez zen genuen etxe bat defenditzeko borroka izan, baizik ez genuena egitekoa.
Liburuko 526. orrialdea. Hatxeaz mintzo dena.
Gure literatura hoberena indeterminazioaren eta ziurtasun ezaren produktua zen hizkuntza aldetik, estilo aldetik, gai aldetik. Irakurlerik ere ez zegoen eta, desinteres absolutuarekin, mamuentzat idazten zen.
Mamuentzat idazteko libertatearekin idazten genuen. Ez Elizarentzat, ez estatuarentzat, ez merkatuarentzat. Zeregin lekuz kanpokoa zen euskaraz idaztea hirian, eta anakronikoa, eta antiekonomikoa. Gela barruan bakarrik eta ahoa itxita, beste gela batean bakarrik eta ezpainak zabaldu gabe leituko zuen batentzat. Mamuentzat izkiriatzen genuen. Hildakoak eta jaiogabeak inguratzen zitzaizkigun bakarrik zer ari ginen idazten galdezka.
Non daude gure askatasun pertsonalak, gure igualitarismo politikoak eta gure autodeterminazioak? Antzinatean ahaide nagusien oligarkia zen soberanoa, gero erregea izan zen soberanoa, gero herriak izan behar zuen soberanoa. Baina, oligarkia monarkiko demokratiko honetan, soberania irrespontsablez funtzionatzen du denak.
Eta literaturarekin zer egin? Balio demokratikoen sostengutzat aipatzen dira Homeroren Iliada, Danteren Komedia edota Axularren Gero. Sakralizatu egiten da literatura, praktikatu gabe, demokrazia gurtzen den bezala, epidiktikoki, praktikatu gabe. Irakurri egin behar dutela esaten zaie umeei probetxuzko gizon-emakume izateko. Balekite gero Don Quijote irakurtzez erotu zela kontatuko diotela, eta Madame Bovaryk ez zuela ondo amaitu. Literatura berez monologikoa da, “erretorika” izatetik “erretolika” izatera pasatzeko arriskuan dago beti. Literatura kritikoa da, baina literatur kritikak ere ahantz dezake zergatik, zertarako eta zelan. Komunikazioa da, baina oso erraz bihur daiteke inkomunikazioa.
Liburuko orrialde bat
Ez gara moroak
Momoitioko antzinako hilobiak gogoratzen ditut, hezurdura haiek, Gerla Zibileko gorpezur desenterratuen antzekoak. Barrenku gainean IX. Mendean ehortzitakoak, Hoitarri, Munnio edo Anterazoni deitzen dira latinez hilarrietako izkribuetan.
Mendi barren hartatik nator ni ere, Garaizartik, Goiuritik, Amatzatik behera. Nondik natorren adierazteko ahalegina egitena ri naiz, konturatu bazarete. Gure ume denbora moroa izan zen, Pedro H. Sarrionandiarena bezala, Mohamed ben Abdelkrimena bezala, gaur egun Nafarroan eskolara sartzen den edozeinena bezala.
Orain berrogei urte kristaueraz hitz egiteko esaten ziguten Laidako hondartzan. Orain ez da hori gertatuko, blusa horiko emakume horrek presoren baten erretratua hormatik erauziz defendituko du Espainia. Aurrerapentzat har daiteke, dena dela, boterearen esku gaiztoa selektiboagoa izatea.
Moro onak eta moro gaiztoak daude, jakina. Interbentore berriak helduko omen dira, eta Mohamed ben Abdelkrimek garapen plan bat prestatuko du Idris ben Said eta Horacio Echevarrietarekin.
XIX. mendetik hona egon natzaie begira. Zer arraroa den askatasuna. Madalena Larralde eta Mohand Amezian. Egiten dutenaren egile direla ematen du, eta egindakoaren biktima dira gehiago. Miguel de Unamuno eta Mohamed Xukri. Zer arraoa den historia, haien historia zirriborratzea, haiek egindakoa aldatzeko eskumenik gabe.
Hala ere, gustatzen zait ezagutzea iragana, gauez kalera irten eta linterna pizturik ibiltzea, behelainotan. Eta munduaren pisua bizkarrean sentitzea. Eta lagunarekin bada hobe, munduaren pisuari aiseago eusteko.
-Ez da desira bat eskatzeko momentu egokia?
Moroa izan naiz, aditz denbora arraro batean. Eta jaio izanaren poza sentitu dut moro izanik ere.
Baina ez naiz moroa, ez delako mororik existitzen. Ez naiz euskalduna ere. Gizakia naiz, itsasora jaurtiriko botila huts bat bezalakoa. Arraina airean bezala arnasestuka. Ez naizela ezer, ez bada nork berak esaten duena eta egiten duena.
Eta kasba eta behelaino artetik ekarri dudan bakarra gramatika hau da, esperantzaren gramatika modu bat. Elkarrekin sortuko zaizkigun desirei eta esperantzei forma ematen lagunduko duena.
Etorkizuna ez dadin izan, O’Brienek 1984an esan bezala, giza aurpegia etengabe zapalduko duen bota.
-Begira-esan zidan lehengoan Aixak-, goiko gauzak jaustena ri dira eta behekoak igotzen!
Zigarro Puru Habanoak
Moroak ala Mairuak esan behar da? Galdetu Habanan.
Habanako gaukaria
Joseba Sarrionandiari omenaldia I bAst 2020
Joseba Sarrionandiari omenaldia II bAst 2020
Joseba Sarrionandiari omenaldia III (xehetasuna) bAst 2020
Katigatu ninduzun librea nintzena
2020-07-16 // bAst // Iruzkinik ez
Irakurri gabeko liburu bat beti da ezezaguna, misterio txiki bat. Zer ote dio? Azalean zisne zuri bat dakarren liburua dugu esku artean, Laura Uruburu-ren Katigatu ninduzun librea nintzena eleberria. Labayru etxeak argitaratua. Berrehun eta berrogeita hamar orrialde inguru dauzkana. Ama bati bere umetxoa hil zaio eta une horretan hasten da berealdiko gogoeta saioa.
“Konprenitu zuen, ezin zuela haurraren heriotza jasan ez onartu, zergatik goizegi iritsi baitzitzaion azkena. Lotalditxo bat egiten balego legez begiratzen zion amak hilkutxan. “Eguzki-galdatan zimelduriko lorea antzematen du. Orain hilda dago, baina hala ere, berriro jaioko da neure txikitxo laztana; euri lanbroak lore zimeldua berpizten duen gisara berpiztuko du egunsentiko argiak lotan datzana”, bere artean eginez”.
[…]
“Zer dela-eta zituen gogoeta haiek, bera ere ez zen kapaz esateko. Nondik eta nora heldu zitzaizkion zisnearen irudiak burura jakiterik ez zegoela esan zuen bere barrurako. Gehien atsegin zuen animalia zelako zisnea, dotoretasunean goren-gorengo zegoela uste zuelako edo…, agian horregatik, umearen betikotasuna zisne zuri baten itxuran nahi zuela. Betikoz iraunarazi nahi zion umeari, berpiztean sinesten zuen ala ez ordura arte sekula argi izan ez bazuen ere, baina jazoerek eraginda sinestera behartuta zegoen. Gura eta gura ez, hartu beharra baino ez zuen eduki sinesmen-bide hori, barru-barrurengo zurkuluetatik irteten zitzaion, ama denak zer den ongi dakien amatasunak bultza eginik. Agian, desioak egia bihurtuko ziren itxaropenean”.
[…]
“Sekula ez dela jakiten noraino heldu daitekeen bat sufrimenduan, zalantzak zituen, ezta zauriturik abandonaturiko emakumea zenbaterainoko izan litekeen arriskutsua. Augustok, harroa eta handiputza izateagatik, harroarren maite izan zuela bera, ez beste ezergatik, eta harroaren harroaz sufritu zuela horrenbeste, egin zuena egitera heltzeraino, mendekuz, bere erraietako haurra hil, arrazoitu zuen Elbak. Augustoren gorputz zaharkitu gaixo makalaren sustraietatik, Elbaren aurka egiteko, gogoz eta kementsu erasotzeko bultza egiten zion sinestezineko indar bortitz bat jalgitzen zela”.
Azaleko marrazkia, Markel Urrutiarena baita, deigarria da. Zisne zuri bat uhin artean. Arbola-hosto batzuk aidean inguruan dabilzkiola. Kontrazalean oso-oso tamaina ttikian, ia oharkabean pasatzeko moduan, bertze animalia bat dago. Zuria da, baina ez da zisnea. Aurkituko duzu.
Liburuaren hasiera.
[…] Orduantxe momentuan jabetu zen Elba bere bizitzan lehendabizikoz senarraren etxetik kanpoko bizimoduaz; Consolación Vilchesek begiak argitu zizkionean. Eta orduan, argi eta garbi, zuzen-zuzen egiaztatu zituen ordura arteko susmo guztiak. Ez zegoen, ez, zoratuta, senarrak behin eta berriro, bere andantzetatik etxeratzean, emazteak zerbait esaten zion bakoitzean, leporatzen zion bezala. Erotuta zegoela esatearena, senarrak bere zapokeriak tapatzeko zeukan beste azpijoko maltzur bat baizik ez zela ohartu zen orduan.
[…] “Etsipenak irentsi behar nau zorigaiztoko etxe honetan” esan zuen ozenki. Berba sorta motz haren ondoko isiltasunak izutu egin zuen.
[…] Abrozimentuzko ezkontz-bizitza aspergarria aurkitzen zuen, jasanezina, hormako kukuak markatzen zuen denboraren joana, min eramanezina; eta lur jotzearen tristezia, bukatu gabearen intziria, eragiten zion bihotzean hautsia. Menderatu-bizimodu mugagabea egiten zitzaion mugarria.
[…]Ilusioa, bizitasuna eta magia sortzen ziren Edhen nirekin laztankiro besarkaturik izaten zenetan; orduz geroztik, dakidalarik, Edhen barik ez litzatekeela argirik, dena legokeela ilunik.
[…] Ez nintzen hari begira nekatzen; erraldoia zela esan zitekeen, oso altua ikusi bainuen, gordin, sendo eta gihartsua. Atzea ere altua zuen, eta irtena; jaiki eta tente sendoa berriz, aurreko kirtena. Bizitzen ari nintzen egoera sinesgaitza bazen ere, erreala zen; D&G modeloa nuen neurekin, pozez zoratzen nengoelarik. Ekarri zizkidan almedradun txokolatezko bonboiak gozo-gozoak ziren eta gozogarria iritzi zitzaidan baita ere, entzuteko jarri zuen Fayrouz kantari libanotarraren musika.
[…]Atzo ostegun eguerdi beluan, hiri honetara iritsi eta gero, ez nuen sinetsi ere egiten hain urrunean, horren urruti!, egon nintekeenik. Ez nuen uste nik, pare bat ordutan bizitza modu honetan, nabarmen alda zekidakeenik. Ordu biko tartean, umea une batetik bestera hegan zerura betiko joan zitzaidan antzera, neu ere, ordu pare batean, laino guztien gainetik hegaldi labur baten ostean, beste mundu batera etortzean eta beste bizimodu batean buru-belarri sartuan, beste pertsona batean eraldatu nintzela konturatu nintzen. Horrela, umea eta biok zeruetatik ibilian, berraragitzea jasaten ari ginela jarri nintzen total sinetsian, aurkitzen nintzelarik Divina Pastorari arrazoia eman beharrean, bizitza kolorez ikusiko nuela esaten zidanean.
[…] Christianen jadezko so eztitsuak tinkatu ninduenetik, buru-bihotzak zeta-tximeleta bihurtu zizkidan uneaz geroztik, magal-zabal jarri nintzaion; bueltara arte berea izan natzaiolarik. Ongi jakin du ni irabazten; biok eskuz esku, ez gara banatu, harik eta abioiak gure arteko distantzia puztu duen arteraino, mundu dongea bion erdian mugan ezarri den arte.
Liburuaren barne hegaletako batean azalpen hau dakar:
“Katigatu ninduzun librea nintzena, amodiozko euskal kanta zahar baten bertso eder bi horiek ematen diote izenburua Laura Uruburu idazlearen nobela berriari. Umetxo baten heriotzarekin hasten da istorioa eta gertaera triste eta lazgarri horrek, amaren, eleberriko protagonista, bizitza erabat asaldarazten du, eta bihotza eta barne-emozioen mundua astintzen dizkio era bortitz batean. Noraezean ikusten du bere burua herstura eta egonezinean; ahalmenik gabe modu galduan, zorigaitzezko zirrara eta hunkipenen ekaitzean.
Orduan, bizi duen zoritxarraren zergati baten bila, baina batez ere, grina gogorraz bihotz-barruko baretasun eta lasaitasun bilaketan, bere bizitzako haritik tiratzen hasten da lehenari ateak zabalduz, eta atzera eta aurrera oroitzapenetan murgilduz.
Oraina eta lehena, sentimendu eta bizipen-olatu handietan gora eta behera, ametsean nahiz izarrean, denboralean eta barean, libre eta katigaturik aldi berean, amodioan eta desamodioan. Amets eta errealitate, aurre eta atze, gau eta egun zenbait argi-ilun; maitasunean eta maitasun ezean negar eta barre, hodei eta ostarte; tentaldian eroriz, ahal bezainbat haragizko-jolasetan euri eta ateri, lehor edo berde bizi, agor edo busti.
Aurreak erakusten duelako atzean zelan ibili… istorioaren sekulako aurre bikain zoragarri bat erakutsiko digu nobelak lehenbizi, eta hala beharrez, ustekabeko atze erogarria azkenez.
Irakurle; irakurtzen hasi, eta egiatan ezin izango diozu irrikaz azkena ezagutu arte irakurtzeari inolaz ere utzi, bukatu arte”.
Egile beraren Dalila irakurri nuenean, txit liluraturik geratu nintzen bizkai-euskeraren beraren barne trinkotasunarekin. La trinchera infinita filma erdera batuan egitea bezalatsu iruditu zait Katigatu ninduzun hau, Dalila hura gogoan. Baina horrek ez dit eragotzi liburu honetaz gozatzea.
Liburuko aipu bat, Yasunari Kawatarena.
“Katigatu ninduzun librea nintzena” eleberria.
Leidu ta esangostazu! Hurren arte!
Atxagaren nóbela 2022
2020-07-15 // bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain // Iruzkinik ez
lezio berri bat deserriari buruz
The Nobel Prize in Literature for 2022 is awarded to the Basque author Bernardo Atxaga “for an influential work that with linguistic ingenuity has explored the periphery and the specificity of human experience.”
The Nobel Prize in Literature for 2022 is awarded to the Basque author Bernardo Atxaga “for a narrative imagination that with encyclopedic passion represents the crossing of boundaries as a form of life.”
Atxaga awarded nobel prize!
About the prize
“The said interest shall be divided into five equal parts, which shall be apportioned as follows: /- – -/ one part to the person who shall have produced in the field of literature the most outstanding work in an ideal direction …” (Excerpt from the will of Alfred Nobel)
Alfred Nobel had broad cultural interests. During his early youth, he developed his literary interests which lasted throughout his life. His library consisted of a rich and broad selection of literature in different languages. During the last years of his life, he tried his hand as an author and began writing fiction. Literature was the fourth prize area Nobel mentioned in his will.
[…]
Atxaga marca país: gure kontaktua desmunduan
Joxe Irazu Garmendia “Bernardo Atxaga” Basso Cannarsa-ren argazkia
Ikus Atxagak egin duen lana eta oihartzuna:
https://www.atxaga.eus/blog
Ez du merezi nóbela?
Idazlea, euskal kulturaren ordezkaria, bi mila eta bostehun hitzaldi eginak izango ditu (hau ez da gezurra), enbaxadore bat izan dugu, Berrondoren kixote euskaratua eta zavalaren auspoa munduan pixka bat erakutsi duena. Berak urratu du bidea, berak egin du kanporako irtenbidea. Etxekoek estimatu dute, batzuek, baina gero, urteak pasa ahala, batzuk aurka, bekaizkeriaz, eta araugintza burutik behera sartu nahian sormenari. Lan asko egin du eta tokatu zaio egitea: idatzi, itzuli (Maria Garikano Atxaga, txalo bat. Kaliforniakoak liburuagatik ere bai), argitararazi, aurkezpenak, hitzaldiak…telebista, telebista, boligrafoa kasik utzi eta kamera aurrean. Atxaga maitatu, miretsi, gorrotatu, hil eta berpiztu dugu. Astia izan dugu denetik egiteko.
Nobel saria hartzeko ekitaldia prestatzeko erran didate. Xumea izango da.
Baldintza bakarra jarri dut: Bernardo Atxaga bera, sari-emate ekitaldian ez egotea.
Haren ordez Jone Irazu alabak jasoko du saria. Patty Smithek Bob Dylanena jaso zuen bezala.
Asko dira Atxaga bezain idazle onak: Karlos del Olmo idazlea -itzultzaile bezala ezaguna-. Teatroa eta nobela idazten ditu, bertzeak bertze. Henrike Higanota eleberria ezagutzen? Tragedia emeak antzerki lana? Karmele Jaio ere bai. Miren Agur Meabe eta Eider Rodriguez. Aingeru Epaltza, Jokin Muñoz, Laura Mintegi. Iñaki Segurola. Itxaro Borda. Toti Martinez de Lezea produkzio anitz eta zabalekoa dugu. Hortxe Txani Rodriguez ere [euskaratuko dute], Dolores Redondo bezala. Eta bertze asko: Andu Lertxundi, Ramon Saizarbitoria, Mariasun Landa, Itziar Zubizarreta, Laura Uruburu (badator), Joxean Agirre, Antton Luku, Tere Irastortza, Juan Mari irigoien, Juanjo Olasagarre, Ricardo Arregi Diaz de Heredia, Iban Zaldua. Joseba Sarrionandia, Arantxa Iturbe. Enkarni Genua, Goizalde Landabaso, Leire Bilbao, Iñaki Zubeldia, Jon Arretxe, Maddi Zubeldia, Alaine Agirre, Kirmen Uribe, Karlos Linazasoro, Felipe Juaristi, Mari Luz Esteban, Patziku Perurena, Koldo Izagirre, Juan Luis Zabala, Harkaitz Cano, Lourdes Oñederra, Arantxa Urretabizkaia, Ixiar Rozas, Pello Lizarralde, Luis Garde. Jon Arano. Kepa Larrea. Maria Garikano. Rafa Egiguren.
Nazioartetik helduko dira Peter Handke eta Olga Tokarczuk nobel saridunak. Ngugi Wa Thion’go beti hautagaia, Vargas Llosa. Obabakoaken itzultzaile guztiak (Saramagok errana: idazleek literatura nazionala egiten dute eta itzultzaileek nazioartekoa). Greta Thumberg. Helin Bolek. Marielle. Bixente Serrano Izko.
Namibiako haur guztiak.
Haurrentzako jolasak izanen ditugu.
Azquen novela (etxetik hilobira)
Ezin hobeto datorkit Mikel Asurmendiren honako aipu hau, ene post hau bukatzeko.
Agur Obaba, agur Ugarte
[…]
Etxeak eta hilobiak nobela ote den, hainbat aldietako istorioen harilkatze-biltzea ote den? Zein genero ote? Bego. Atxagak duen kontatzeko moldea xarmagarria da, baina mundu zaharra kontatzeko balio zituzten molde berriak mundu berria kontatzeko demodé geratu ote diren nago.
[Epilogoa]: Nork literaturari buruzko bere ikuspegiak ditu, baita aburuak izan ere. Baliteke nireek, ez muntarik ez lekurik merezi izatea. Nire adeitasunetik, nire miresmena Bernardo Atxaga literaturgileari. Haren emankortasunaren aurrean txiki sentitzen naiz, eta liburu erraldoi eta duin honi buruzko hitz hauek paratzean uzkur. Bere obra itzela da, berezko lekua dauka euskal literaturan, ezinbestekoa Euskal Herria ulertzeko.
Tankera honetako azken liburua omen da honako hau. Erabaki egokia begitandu zait. Beraz, ene ikuspegi agian lauso eta murritzetik, hona nire diosala: agur Obaba, agur Ugarte!
Mikel Asurmendi (katebegia)
—
Nominations to the Nobel Prize in Literature can be made by qualified persons only. The names of the nominees and other information about the nominations cannot be revealed until 50 years later.
Oinez Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain
Zerua eta lurra Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain
Erreibindikatzeko eskaerak iritsi dira: euskal presoak euskal herrira, feministak, pentsiondunak, avt, animalistak, ardoa bai taldekoak…
Gonbidatuta ez dauden batzuek gogor kritikatuko gaituzte eta ekitaldia saboteatzen saiatuko dira. Nata eta kremazko bonbekin. Datorren urtean Mariasun Landa edo Itxaro Borda izango da nobel hautagaia, eta izango duzue parte hartzeko aukera.
Kateringa, Ketarri jatetxeko Asier Alzelay sukaldariaren eskutik. Eta San Anton saguan egingo bagenu?
Ginkana bat ere izanen da: AURKITU ZURE ( LI ) BURUA !
Ekitaldiaren amaiera aldera, inork espero ez duenean, helikoptero bat gerturatuko da. Eta beheratzeko ahaleginean hasiko. Jendeak elkarri begiratuko dio, irribarre eginez: Badator, azkenean. Helizeen haizeak ileak astinduko ditu eta halako batean atea irekiko da. Ile txuriekiko gizona, moztaka, atera da, baina aurpegian zerbait du, oso iluna. Ez da jendeak espero duena. Nelson Mandela da. Agur egiten du, selekzioaren zelaian jaitsi zenean bezala. Atzetik emakume bat, kapelari eutsiz, txuria da, europarra edo amerikarra. Ostras: Sharon Stone. Helikopteroak goranzko asmoa agertu du, berehala, ez dago geratzeko. Mutiko bat hurreratu da kabinara, “pilotua” ikustera. Pilotuak esan dio: “Nahi duzu Altsasura etorri, liburu batzuk eramatera?”. Mutikoak ezetz dio, beldurra du. Pilotuak, orduan, “tori, neuk idatzi dut”. Liburu bat eman dio mutikoari.
Ama, begira zer eman didan pilotuak, berak idatzitako liburua: Xola eta basurdeak.
Helikopteroa haizatu da, begibistatik galdu arte.
Xola eta basurdeak, Mikel Valverderen marrazkiekin.
Argiñano haurriderdia laugarren
2020-07-10 // bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain // Iruzkinik ez
Poloniako Gdansk hirian kaleko margolari bati haurride mikelbAst-ek 2019an erositako akuarela ttipia (Zabalera 5,5 cm eta altuera 8,5 c) opari eman zidana.[Gdansk-eko plaza laukiluzea]
haurride
1 iz. Senidea. Zenbat haurride zarete? Zortzi haurrideetako lehena. Haurrideak eta ahaide guztiak. Haurride osoa (Ik. haurriderdi). Haurride biren alor artean ongi dago zedarria (esr. zah.). 2 iz. (Hedaduraz). Gizon guztiak haurride garela. Ene haurride euskaldunak.
haurriderdi
—
Orhiko txoria Orhin laket (esr. zah.).
Mihise zuria, margotu nahi duenarentzat.
Nork bere marrazkia, nor bere erara, nork bere adierazpidea…
Ikuspegia, Zarauzko hondartzatik ikusita. (bAst 2020) Lorentxo Portularrume-ren argazki bat erreferentzia gisa hartuta egina dago margolan hau.
¡Qué gustito y qué placer andar en la cocina…! Hola queridas familias,…Txotxongiloa dantzan, abestia ezpainetan eta hitzetik hortzera txistea. Eskuak garbitu ongi, mantala jantzi, eta rico-rico (goxo-goxo euskaldunaren bertsioa) egonen den otordua prestatzera. Garbitasuna zainduz, itxura eta primerako lehengaiak. “Dorada, en vasco urraburua,…”. Azalpen ugari, eta tarteka agur bat auskalo nongo lagun bati, taberna hartan eguneko menua primeran ematen dutelako. Ze ondo pasa zuen egun hartan hango lagunartean! Ostiralero bazkaria egiten du lagunekin, dioenez, Candido Roteta bertan delarik. Telebistako programan badu laguntzailea, Ainhoa, nutrizionista baten aholkuak ematen dituena irribarre goxo batekin. Karlos umore onez dagoenean “Áinooo” deitzen dio. Ortzirale batzuetan Eva Argiñano arreba etorri ohi da saiora eta postre gozoren bat prestatzen du, astiro eginez, pausoak ongi ulertarazteko. Euskaraz pentsatu eta erderaz hitz egiten du, gutako askok bezala. Egun seinalatuetan Martin Berasategi sukaldari handia ekartzen du, bere boz berezi hori duena. Karlosek: “Es uno de los mejores cocineros…. A nivel mundial!!!!!!!!”. Mundu mailan alegiyaaaa. Ez da berriketa, alajainaaa!
Libururik salduenetakoa ere Karlosek egina izango da. Mil recetas de oro de Karlos Argiñano. Zer ote litzateke Oro partez Orio jarriko bagenu? Edo Recetas De Coro jarriko bagenu? Euskal sukaldeetako etxekandere guztiak barnean hartuko lituzkeen izena izanik Coro, esate baterako.
Gurean gustura entzuten diogu gehienetan. Gogoan dut, aspaldi batean nola kontatu zuen gaztetan baserri batera egindako neska-laguntzea, lanbro giro petral batekin, eta kaleko zapatak irrist nola egiten zuen harri labainetan, baserrirako bidean, kontatzaile aparta!
Oraindik ikusten nago zapata hura irrist eta irrist!
Urrezko mila errezeta dakartzan liburua.
Argiñanoren programa amaieran jana platerera atera eta aurkezten du. Gure amak hamaika aldiz erran du: “plater hori ez dik hona pasatzen, hori duk falloa. Hona pasa behar likek! Erdaraz ere erran ohi du: Que nos pase esa bandeja! Argiñanok urrezko mila errezeta horietako bat prestatu arren, guk porru-patatak jaten ditugu hari begira, eta gustura.
Gure etxean ama aritu izan da sukaldean beti, beti. Salbuespenak salbuespen. Hari eta haren sukalde-lanari esker nago ni gaur bizirik eta berdin ene haurrideak ere. Amak prestatutako bandeja [erretilua edo azpila] bai pasatzen zigun. Eta guk gogotik jan. Tarteka erran ohi zigun: Tenéis suerte, yo he servido a ricos y aprendí a cocinar muy bien. Comían muy bien, de lo mejor. Y eran muy agradecidos, nunca una queja. Serían ricos y todo lo que tú quieras, pero me trataron muy bien. El señor quería la tortilla con poco aceite, y siempre conforme…”.
Begira Karlos, gure amak Ama du izena, eta izen hori dauka nonahi, a nivel mundial y local. Bera da munduko sukaldaririk onena. Izan ere, bera da SUKALDARIA. Súkalden jana prántatzen edo prepátzen dona eta prepátu izan dona. Rankingean dator atzetik Norbera, presta baitezake baratxuri zopa, gazta bokata bat egin eta sagarra zuritu, horiei eskerrak iraun ahal izateko ikasle garaiko pisuetan, eta bizirik segi, hau idatzi ahal izateko. Beti ere amaren tuperwarea lagun. Hirugarren postuan, zalantzarik gabe, gure laguna dago, Suky. Suky da denok gure inguruan ezagutzen dugun sukaldari on ezezagun samar bat. Adibidez, auzoko tabernako sukaldaria. Edo izeba gozogile goi mailakoa.
Beraz, Karlos, errepasoa rankingari: 1. Ama. 2. Norbera. 3. Haurridea (Suky). Karlos, zu laugarren postuan jarriko zaitut: 4. Haurriderdia sailean. Gustura aditzen dizut hau esaten: Hay que vivir en los puebloooossss! No dejéis de ir al mercadooooo!
´´´´
Orain 30 urte inguru (20 urte inguru geneuzkan) lauzpabost lagun joan ginen astesantuan kanpina hartuta. Gogoan dut nonahi landatzen genuela denda ilunabarrean. Goizean esnatu eta herriaren izena jakin: “Jaurrieta”. Iluntze batean Sigües herri aragoiarrean tokatu ginen eta Suky afaria prestatzen hasi zen, berak aire librean sua egin eta kazolan espagetiak jarri ondoren. Kazola irauli arren, euripean eta haizea zebilela, moldatu zen guretzat afaria prestatzeko eta ez zait sekula ahantziko baratxuri freskoen arrautzopil bat egin zuela, nik inoiz dastatu gabea ordura arte. Gau hartan Michelin izar guztiak baino gehiago balio duen Sigües Izarra eskuratu zuen. Behin betiko eta mundu mailan! Ez zait ahantziko, ezta ere, nola herri hartan plaka bat zegoen jarrita: “Sigües, municipio de Europa”. Euskaraz Zigoze dela herriaren izena, irakurri dut orain sarean. Zigoze Izarra hiretzat, Suky. Suky haurridea.
Non zeuden haurriderdiak egun hartan? Sukaldari entzutetsu horiek?
Qué gustito y qué placer andar en la cocina (sukaldean ibili…). Onena etxeko txapinak jantzita!
Argiñanok, bertze nehork ez bezala, lortu du urte askoan goi mailan irautea. Berebiziko profesionala da! Horretan ez dut zalantzarik. Amaren hitzak: Argiñano trabaja mucho en la cocina.
Haurride eta haurriderdi maiteok, hurren arte!
Laketaldia itsasoari begira. Argazkia: JL Aizpuru Beristain ´JLAB.
Suky, lagunentzat afaria prestatzen aire librean.
Argiñanok bere karrera bikaina bukatzeko on luke, ene uste makal sendoan, andrazko sukaldariak, etxeko-andreak, amona taloegileak, arrain-saltzaileak eta abar eramatea. Gure amonen errezetak amona jakin batzuenak dira. Eta amama horien abizena ez da Argiñano.Halaber hornitzaileak, dela barazki, dela rrain edo haragi, dela arno.
Baina tira, beharbada zeregin hori bere seme Josebari pasako dio, gaztedi berriyar, eta gazte honek itxura ona du benetan. Artaz egiten ditu lanak. Ja! Elizabeth Schuler-en garaian baino hobeto al gaude?
Musika eta letrak
2020-07-02 // bAst // Iruzkinik ez
Irakurle amorratua genuen Motorhead musika taldeko burua, Lemmy Kilmister jauna (1945-2015). “Irakurtzea da zure irudimena erabiltzen uzten dizun gauza bakarra” erran zuen. Sexua, droga eta rockanrola oparo izan zituen gizonak hartzen zuen astia liburuak eskuan hartu eta irakurtzeko.
« Jendeak jadanik ez du irakurtzen. Gauza tristea da. Irakurtzea da zure irudimena erabiltzen uzten dizun gauza bakarra. Filmak ikusten dituzunean, bertze norbaiten ikuspegia da, ezta?”
Lemmy bere kitarrarekin, rock & roll ezin utzizkoan gogotsu
Nikolaus Hippen alemaniar artistak egindako Ian Kilmister -Lemmy-ren erretratua.Irakurle ez ezik, idazle ere badugu Lemmy, letra-egile alegia. Hona kanta-hitza:
I DON’T BELIEVE A WORD
Ez dut ezer sinesten
Ez hitz egin nirekin, ez dut ezer sinesten
Ez saiatu ni ondo sentiarazten
Munduko maitasun guztia
Ez da nahikoa gaur gauean nire arima salbatzeko
Ez zaitez nire laguna izan, ez naiz tonto bat
Ez hitz egin, ikusi ezin ditugun gauzez
Blues kantatzen duten horiek guztiak
Batzuetan pentsatzen dut nola izan ohi zen
Deabrua barrez ikusi dut
Jainkoa bere aurpegia bestaldera jiratzen ikusi dut
Ez dut beste ezer galtzeko
Ez dut beste ezer esateko
Zerua beltz bihurtzen ikusi dut
Itsasoak lehortzen ikusi ditut
Ez dut zurea den ezer
Orain ez dut ezer nirea ez denik
Ez iezadazu begiratu zure begiak hotzak eta gogorrak dira
Ez zaitez harritu zuregana itzultzea
Mundu guztian dagoen pena guztia
Ez da nahikoa nik zu kontsolatzeko
Ez esan gezurrik, ez naiz txakurra
Ez iezadazu maitasunaz hitz egin
Lapurtzen ditugun pertsona guztiak
Batzuetan pentsatzen dut nola erabiltzen ninduten
Infernuko suak ikusi ditut
Aingeruak ikusi ditut ezpata sugartsuekin
Ez dut ezer nirea denik
Asko daukat zurea izan litekeena
Jainkoaren begia ikusi dut
Egia diren gezurrak entzun ditut
Niretzat ez dut ezer
Zuri emango nizukeen ezer
Ez esan hitz hori, badakit tontoak direla
beren patua justua dela ez dakiten bakarrak
Munduko justizia guztia
Ez da nahikoa nire fedea eta konfiantza erosteko
Ez jarri aurpegi hori, ez naiz pozik izango
Ez ezazu zeure buruaz ikuskizun egin
Askatu genituen guztiak
Batzuetan beste norbait zarela uste dut
Inor egon ez den lekuan egon naiz
Aulki hutsen geletan
Behar dudan guztia daukat
Galtzea axola ez zaizun guztia daukat
Diamantez egindako munduak ikusi ditut
Espazioaren forma ikusi dut
Mundua baino ez dut
Ez dut ezer haren lekua hartzeko
Ez dut ezer sinesten, ez dut ezer sinesten [x3]
Lemmy Kilmister-en autobiografia liburua (Jannis Garza kazetariarekin batera egina)
Tracy Chapmanen papera eta tinta
bAst 2020
PAPER AND INK
Papera eta tinta (Tracy Chapman)
Ukitu nuen ispilua
Hautsi zen uraren gainazala
benetako nia ikusi nuen
Ilusio guztiak zapuztuta
Dirua: tinta eta papera bertzerik ez da
Elkar akabatuko dugu ados jarri ezean
Nola dabil biraka mundua?
Nork egin zuen eguzkia?
Zein da itsasoaren jabea?
Ezagutzen dugun mundua zatika eroriko da
Kolorezko zulo beltzaren ondo ondoan eseria
ez egiteko esan zidatena alegia
…
Ilusio guztiak zapuztuta
Dirua: tinta eta papera bertzerik ez da
Elkar akabatuko dugu ados jarri ezean
Nola dabil biraka mundua?
Nork egin zuen eguzkia?
Zein da itsasoaren jabea?
Ezagutzen dugun mundua zatika eroriko da
Estalgabetua, bihotz eta gorputz
inongo apaingarri barik
Goitik behera biluztua
on eta txarreraino
lotsatu gabe
biluzik munduan
eta ilusio guztiak zapuztuta
Dirua: tinta eta papera bertzerik ez da
Elkar akabatuko dugu ados jarri ezean
Nola dabil biraka mundua?
Nork egin zuen eguzkia?
Zein da itsasoaren jabea?
Ezagutzen dugun mundua zatika eroriko da
Itsasoaren aurrez aurre
gora begira zeruari so
sentitu nuen mundua ene inguruan biraka
Inork ezin zidan erran bertzerik
Baina ur asaldatuek ez dute bizitza hau islatuko
Soilik eguzkiak, ilargiak eta zeruak
eta ilusio guztiak zapuztuta.
Dirua: tinta eta papera bertzerik ez da.
Elkar akabatuko dugu ados jarri ezean.
Nola dabil biraka mundua?
Nork egin zuen eguzkia?
Zein da itsasoaren jabea?
Ezagutzen dugun mundua zatika eroriko da
Dirua: tinta eta papera bertzerik ez da.
Dear Tracy (Tracy maitea). Jendeak artistari idatzitako 101 gutun dakartzan liburua.
Bertze izkiriatzaile kantari bat: Georges Brassens
FAMA TXARRA (La mauvaise réputation)
Georges Brassens
euskaratzailea: Anje Duhalde
Georges Brassens Kantari, Elkar, 2001
Fama txarra
Ez diot harrokerian,
fama txarra dut herrian.
Mintzatu edo isildu
lotsagabe naute deitu!
Ez dut nehori kalterik egiten
nire bidexka dut zintzo segitzen.
Baina jendeek ez dute maite
beren gisa bizi ez bazare,
nitaz dira gaizki mintzo,
mutuak ez bistan dago.
Pesta nazionalean
ni gelditzen naiz ohean,
musika militarrari
gorroto diot aspaldi.
Ez dut nehori kalterik egiten,
musika hori ez bazait gustatzen.
Baina jendeek ez dute maite
beren gisa bizi ez bazare,
denen erhi puntan nago,
beso motzenean salbo.
Iheslari bat ikustean
zakurrak bere atzean,
harrika haizatzen ditut,
beharduna laguntzen dut.
Ez dut nehori kalterik egiten
zakurrak niri ez zaizkit gustatzen.
Baina jendeek ez dute maite
beren gisa bizi ez bazare,
lasterka ditut ondotik,
denak zango motzak ezik.
Profeta ez izan arren
badakit zer pentsatzen duten,
soka bat dute hartuko
lepotik dautate pasako.
Ez dut nehori kalterik egiten
beren bideak ez baditut hartzen.
Baina jendeek ez dute maite
beren gisa bizi ez bazare,
zintzilik ikusiko naute,
itsuek ez hanbat hobe.
George Brassens kantautorea(Belar txarra kantaren egilea)
[…] Belar txarretik naiz,
lagunak, lagunak,
ez naute hausnartzen
ez ta lore sortetan jartzen…
Larre lorea naiz,
lagunak, lagunak,
ez baratzekoa
ez da bide, horrela da,
La la la la la la la la
La la la la la la la la
Baina zergatikan ote
bizitzen uzten ez naute…
Baina zergatikan ote
bizitzen uzten ez naute…
Best greetings for mklbAst and Rob Serantes. Mila esker.
Bat batean nobelatto azalgorri hura etorri zen gure eskuetara… [KOLDO GOITIAren idazlana]
2020-07-01 // bAst, Koldo Goitia // Iruzkinik ez
Harribitxien gordetegia ireki dut. Duela hirurogei urte neurrira egindako armairu mueblebar kutrevintage batean Xabier Gereñok idatzitako liburutxo kuttuna loxorroan daukat: `Xantaia kontesari´. Nobela laburra, maneiagarria eta arina benetan, Hermanotan nenbilela leiarazi zidatena eta betirako oroitzapen ona uzteaz gain, nére irakurzaletasunean mugarria jarriko zuena. Liburu lapurtua da, aitortu behar dut, edo hobe esanda, maileguan hartu nuena eta erreklamatu ez zidatena. Kanposantu ondoko etxe zaharretik ekarri genuena aspaldiko mudantza zalapartatsu batean. Gure etxe berrian, zuri-beltzezko Phillips telebista eta EXIN Castillosekin, kalefakzio zentralizatuaren epelean, etxekotu zen Pipa Saileko hirugarren zenbakia zuen ale hura.
Exin castillos -gaztelu bat eraikitzen ikasteko-.
Liburutto azalgorridunak, jangelako armairu dotorearen gainaldean, zintzo-zintzo, guardiak eginez, urteak emango zituen Disney faktoriako gomazko orein faltsifikatu batekin zelata-orduak txandatuz. Minbiziak jo zuen osabari laguntzeko etxe “berritik” alde egin genuen arte…
Xantaia Kontesari liburua, Xabier Gereño-rena, edari-altzariko lagunekin. Argazkia: Koldo Goitia 2020
Amnesia kolektiboaren gau eta lainoetan ia erabat amatatua dagoen Xabier Gereño bilbotar idazle, editore eta kultura-gizon nekaezinaren oroitzapena gogora ekarri nahi dut une batez; 1978an plazaratu zuen `Xantaia kontesari´ eleberri poliziakoan mehatxuak, izen onaren itzala eta manipulazio psikologikoa uztarturik aurkituko ditugu trama geroz eta korapilatsuago batean. Protagonisten ustezko sendotasunak eta barreneko ahuldadeak modu makiavelikoan ustiatuko dituzte bilbotar egilearen eskutik ezagutuko ditugun pertsonai bitxiek.
Nobelaren oinarrian dagoen azpijokoa tentsioz beteriko agertokian garatuko du idazleak. Hala, Gereñok Iruñera garamatza; Francisco Franco caudilloa ohean hil dela hiru urte igaro dira eta aurreneko hauteskundeak gobernu berria ezarri dute.
Baina agintaritza osatzen duten instantzia desberdinen artean, erreformistak demokratekin batera inboluzionista eta erreakzionarioak ez dira falta. Eta errepresioa kaleetan ere antzemango da han eta hemen. Horren adibide izango dira 1978ko Sanfermin odoltsuak.
Beraz, leku eta egun horietan kokatzea eleberriaren kontakizuna ez da ekintza inozentea. Nafarroako hiriburuan antolatu zen Emilio Molaren zuzendaritzapean Bigarren Errepublika deuseztatzeko kolpe militarra 40 urte lehenago. Beraz, ez da ez agertoki nolanahikoa jukutriak eta xantaia erabiliz aristokrata ultraeskuindar batzuei diru lapurtu, eta bide batez, hilketak eskrupulorik gabe burutzeko. Paralelismoa ikusteko aukera bakoitzak ikusiko du ikusi nahi badu.
Ez da ahaztu behar Berun Urteak zirela haiek: jendea beldur zen, gerra zibilaren mamua berriro aske zebilen eta fanatismoa zabalduz zihoan; Adolfo Suárezen gobernuari sistemaren sotoetatik bertatik boikot eta jazarpen kanpaina antolatzen zioten bitartean, Europa osoan talde armatu ugarik etengabeko tiroketak, lehergailuen eztandak eta bahiketak burutzen zituzten, burgesia eta kapitalismoaren kontrako borrokaren aitzakiaz gizarte ia osoa Stockholmeko sindromepean murgilduz.
Estatu Batuak eta Sobietar Batasunaren arteko ika-mika geopolitikoaren ondorioz,
bi potentziek urteak zeramatzaten zeharkako gerrak egiten, kolpe militarrak sustatzen eta gerrillak, sabotajeak eta talde armatu anitz antolatzen, batez ere nazio txiroenetan.
Arma atomikoek bien arteko buruz buruko gerra irekia ezinezkoa egiten zutenez, estrategia konplikatuak abian jarri ziren, kontuan izan gabe lekuan lekuko gizarteek zuten erresistentzia ahalmena eta borroka egiteko fanatismo maila. Washingtongo agintariek Vietnameko Gerran izugarrizko sarraskia eragin arren ezin izan zituzten gerrilla komunistak suntsitu; Moskuk ez zuen Vietnameko gerratik asko ikasi eta laster sartuko zen Afganistango liztor-habian.
Panorama goibela oraindik gehiago iluntzeko, 1973an hasi zen Petrolioaren Krisiaren ondorenak eta langileriaren soldata eskasak igoarazteko antolatu ziren greba-aldi luzeek -pesimismo orokorra, drogazaletasuna eta apokalipsi atomiko baten mehatxua ahaztu gabe- nolabaiteko egunean eguneko carpe diem existentziala modan jarri zuten. Irrati libreetan musika punk eta “erradikala” ipintzen zuten, nahiz eta zortzietako arrosarioa ere entzungai egon Segura Irratia eta antzeko irrati-etxe katolikoetan. Modan jarri ziren baita ere etxean egindako ogia eta esnea kefir bihurtzen zuen “perretxiko” martziano hura, geroz eta handiagoa egiten zena.
Gu zoriontsuak izatera ere ailegatu ginen kanposantu ondoko etxean: bigarren eskuko jostailu mordoa oparitu zizkiguten eta horretaz gain kalean jolas egiteko ohitura genuen -oraindik ez ziren ezagunak gurean Estatu Batuetako haur desagertuen kasuak- eta kanpotar barrio-kumeak auzoan sar ez zitezen, harriak jaurtitzeko usadio neanderthalari tinko eusten genion. Bizirik irauteko kankailua, astapotroa, kaikua edo hiru gauzak aldi berean izan behar zinen. Brutalismoa ez zen soilik doktrina arkitektoniko bat…
Xabier Gereñok 1978ko atmosfera politiko itogarria adierazteko, liburuan literalki aitatzen den “no os importe matar” esaldi ospetsu bezain izugarria gaztelaniaz idatzirik ageri da. Hala, fikziozko lan batean, Gereñok urte hartako Sanferminetako errepresioa ez ezik, Gasteizen urte pare bat lehenago gertaturiko langile hilketa ere denuntziatu nahi zuela antzeman daiteke.
Nobelaren hariari helduz, festen atarian gaude, kalean jendea dibertitzeko irrikaz dabil eta gure bi protagonistak –Fausto eta Hektor– libre geratu dira kartzelaldi baten ostean. Kalera aldi berean atera diren arren, etorkizunera begira egitasmo desberdinak dituzte: bata indartsua eta oldarkorra da, bestea gizontxo apala baina buru argikoa. Faustok aurpegia azidoz errea du, Hektor “epotxa” da -Gereñok hala deskribatzen du, zorioneko xuxenkeria oraindik ezartzeke zegoen seinale-. Bi protagonistek dute, beraz, Kaligari doktorearen kabinetarako look egokiagoa, sanferminetan neskatan egiteko baino. Fausto, lapurra ez ezik, bortxatzaile frustratua eta sumindua dugu (emakume batek lixiba jaurti zion bere burua defenditzeko ahaleginean).
Bi gaizkileek, barren barrenean erresuminaren gogo iluna borborka dute eta horrek tentsio berezia ematen dio narrazioari, thriller baten ukitu artega.
(hiztegi batua)
xantaia
kondesa
Behin kalean libre eta pobre direla, Fausto etsita dago eta espetxea bizileku naturaltzat hartu duenez, ziegara bueltatu aurretik lapurretaz lapurreta hala moduz aurrera egiteko asmoa baino ez du. Bestalde, Faustok Hektorren beharra ere badauka: dendetan espropiazioak ezustekorik gabe burutzeko bizkarra gordeko dion zelataria behar du; beraz, “epotxa” manipulatzen saiatzen da, liskarra bilatuz batzuetan, mehatxuaren mamuaz ikaratuz besteetan, hain gixajoa ere ez den gizon ttipia konpromisoan jarriz. Hala, biak gaueko lantegi batean ari direla, atxilotuak izatetik txiripaz libratuko dira.
Faustorekin gauza onik ez duela egingo ikusita, Hektorrek aspalditik buruan bueltaka darabiltzan akzioak behingoz abian jartzea xede hartuko du. Hirian ez da falta jende diruduna, aristokratikoa eta eskrupulorik gabea. Horien artean Campofrioko kondea aurkitzen da, enpresa munduan langileen eskubideak -eta bide batez proletariotzaren tabernazalekeria- errotik mozteko garaian, kontzientzia kargurik gabe, lepoak mozten dituen morroia. Horrez gain, gauza bitxia, kondea euskararen kontra badago ere, Axularren hizkuntza perfekzioz darabil nobelako hainbat pasarteetan: “Zuen bizioak nik ezin ordain diezazkizueket, irten zaitezte kalera eta ikus itzazue bar guztiak nola dauden langilez gainezka”.
Xabier Gereño idazle bilbotarra
Gereñok modu esplizituan ez ezik, zeharka ere Euskal Herriaren izate konplexuaren berri ematen digu; pertsonaia antieuskaldunen makurkeriak bere horretan azaltzen badira ere, –Campofrioko kondeak bere idazkaria kaleratzen du telefonotik euskaraz ari delako-, pertsonaia zintzoen papera jokatzen duten protagonistak, hiritar normalak izanik -leialak, sinpatikoak, itxurosoak, eta abar…- susmagarri bihur daitezke gutxien espero dutenean; hala Jurgi kapitaina eta Peru Alika lankidea Iruñeko festetan Bilboko matrikula duen autoan dabiltzanez poliziaren beldur dira. Ikertzaileak eta poliziak ez dira gauza bera, ez daude bando berdinetan… Ohar bat dirudi: e! Gaztetxo euskalduna! Erne ibil hadi aurrerantzean detaile txiki horiekin. Nobela berrirakurtzeak Lucio Urtubia anarkista nafar ospetsuak zioena ekarri dit gogora: “Nik lagun asko ditut CNT-n, baina ni ez naiz CNT-koa; organizazio guztiak berdinak dira alde guztietan, dena jakin nahi dute, dena kontrolatu!”. Jurgi kapitainak loturarik gabe jardun nahi du, nahiz eta Gereñok Ikertzaile Pribatuen Elkarteko kide bezala aurkeztu. Eta Peru lankideak, ikerketako gorabeherak komentatzean, agerian uzten digu Jurgiri ez zaiola atsegin beste norbaitek izatea ekimen-grina.
Elkarrizketetan bilbotar egileak euskara batuaz mintzarazten die Fausto eta Hektorri. Gereñok ez dio kaleko hizkerari lekurik ematen, lunpenproletariotzaren ahots berezitua ez da ageri; aldiz bi delinkuenteek euskara dotorea, akademikoa eta Euskaltzaindiak berehala onetsiko lukeena darabilte. Euskara hura, 1978an txundigarria zen gu bezalako fraideetako ikasle xaloentzat: hain fin hitz egiten bazuten bilau makur haiek, ze euskara klase erabili beharko ote genuen etorkizuneko euskaldun peto petoak izan nahi bagenuen? Etxean ere gure eskolako euskarari ez zioten fede gehiegirik; “nik ez dakit ze erakusten dizueten zuei eskolan, inorako modukoak ez zarete zuek izango!” esaldi dinamiteroa beti dabilkit meningeetatik itzulinguruka.
Esango nuke Hektor dela trebeena aditz laguntzaile bihurrienak trebezia dotorez konjugatzerakoan, Fausto kankailuak azkar ikasten badu ere. Hona lagin bat:
<< Faustok begirada sakon eta maltzur bat bota zion:
-Zergatik ez zatzaizkit argi mintzatzen? Zer da arazo hori?
Hektorrek atzera egin zuen:
-Esan nizun hori ezin esan diezazukedala, fida zaitez nitaz!>>.
Argi dago egileak euskara normatiboa, estandarra, txukuna, aberatsa eta inguruko “kultur hizkuntzekin” homologagarria izan zitekeena aldarrikatzen zuela. Tamalez, gure sukaldeko euskara nahiko motz geratzen zen eskolan exijitzen ziguten maila emateko, eta nahikoa lan izan genuen ikasgai ditxosozko hura gainditzen.
Bestalde, ez dago esan beharrik, akidura ezagutzen ez zuen bilbotar idazleari esker, nobela beltz “serioak” irakurtzeko lehen urratsa emana genuela. Frankismo bukaerako garai haietan, baby boom-eko morrosko-kumeon artean `Los cinco´ edota `Los tres investigadores´ –Alfred Hitchcock-ek ustiatutako frankizia- genituen irakurketa nagusi. Eta misteriozko literatura zuriaz geure buruak drogatu ondoren, Sherlock Holmes, Poirot eta antzekoen ildotik jarraitzea izango zen aukera logikoena. Eskolan ere nahiko litterattura zintzoaz elikatzen gintuzten; asko jota Zalakainen abenturekin edo Jack Londonen ibilera bikainekin arintzen ziguten eguneroko idorreria mentala.
Enid Blyton idazlearen Los cinco saileko liburu bat
Nobelan ageri den bortizkeria eta jukutria intelektualaren arteko dilema, giro mefistofelikoa (festetan alegera zegoen hiria hutsik eta ke-laino artean geratuko da bat batean istiluak direla eta), Jurgi kapitainaren Evarenganako desira sexuala, Faustoren joera bortxatzailea, Campofrioko konde ultraeskuindarraren pultsio tiranikoak… oktanaje dezenteko koktela osatzen dute. Zalantzarik gabe gizartearen ikuspegi akongojagarria eskaintzen zion Gereñok OHOko umemoko bati.
Acongojar (elhuyar)
1 v.prnl./v.tr. larritu, estutu, kezkatu
Baina pertsonaiarik sofistikatu eta enigmatikoena kondesa da: bere senarrak ez dio plazer nahikorik ematen, maitalea etxean bertan hartzen du -zerbitzarien indiskrezioei beldurrik ez baitie- eta bere enkantuak eskrupulorik gabe erabiltzera ohitua dago, baita itxuraz higuingarriak izan daitezkeen gizonengandik ere onurak jaso ahal baditu sexu truke. Femme fatale eredugarria.
Euskaldungoaren hipokrisia sexualarekin hain kontrajarria zegoen figura benetan haragizko hark, guztiz deskolokaturik utzi gintuen, geroz eta korapilatsuagoa izango zen xantaia joko batean endredatuz doan heinean. Hil arteko matrimonio katolikoaren sakramentua buruan ondotxo txertatua genuen babalore melindros batzuentzat shock itzela izan zen kondesaren
jarrera liberala. Orain, nire zalantza hau da: ze irakaslek gomendatu zigun -edo behartu- `Xantaia kontesari´ irakurtzea? Fraideetan, beharbada, ez genuen hain heziketa kontserbadorea jaso…
actor ramsay ames [The French phrase meaning “fatal woman” has become a stock character in Hollywood, reaching peak popularity in film noirs of the 1940’s and 50’s. Characterized by their sensuality, promiscuity, and elusive motivations, femme fatales are often villainous, serving themselves rather than the protagonist. Their fate is often tragic. But this archetype isn’t new; it was around long before the 20th century, and embodies some of our oldest, most deeply rooted prejudices and fears surrounding women.]
Gereño nahikoa jaun katxondoa ere bazela esatera ausartuko naiz. Liburuaren itxura inozentea saltzeko Pipa Sailaren “estalki” zintzoa asmatu zuen. Liburu azalaren behealdeko izkinan pipa bat ageri zen, sinbolo edo logotipo gisa. Anakronismo hutsa. Ikertzaileek jada tabako gorri amerikanoa erretzen zuten 1978an eta pipak berunarekin kargatzen ziren egun haietan… Starsky eta Hutch garaiko telebistako heroiak ezin ditut imajinatu pipatik erretzen, kuarteroiko tabako pikatua liatzen igoal bai, deportiboa arrankatu aurretik zigarreta erretzen playboy harroxkoarena eginez.
Milton Glaser grafistaren irudia.
Starsky & Hutch
Nobela, pulp sailean sar genezake, etiketa petralak jartzen hasi ezkero; berez kalitate eskaseko literatur lanei ematen bazaie ere goitizen hau, zer esatea nahi duzue, niretzat pulp dagoeneko xarmagarria ez ezik autoedizioaren epika gogora ekartzen didan kontzeptu heroikoa ere iruditzen zait. Gereñok bere Avenida del Ejercito 18ko kuartel nagusian idatzi, taxutu eta argitaratu zituen idazlanak euskal literatura arestiostekoaren pizkundearen fruitu duinak dira, literatura zeozer gertukoa eta maitagarria ere izan zitekeela frogatu zuen kultura-gizon sakrifikatu hark. Kultura patrikan eraman zitekeen, edonora eta edonoiz.
Big Aresti Bang bAst 2020
Gabriel Aresti, Barroeta Aldamarreko gizaseme bikaina -eta kopetagoia- hil eta gero, supernoba eztanda bortitza gertatu zen, tanpatako kosmiko fundazionala. Big Bang arestiarrak igorri zituen hauts eta partikula kuantikoetatik, mirakuluzko genesi hartatik gatoz gu, eta Gereño izan zen, bere apalean nahi baduzue, bere ekin nekaezinean, Bilbo hiperkutsatu eta porlandu hartan, itsasadarreko metal astunak urre bihurtu zituen heroia, behe-lainoak zekartzan dioxinak eta furanoak intsentsu purifikatzaile gisa destilatu zituena, Guggenheim eraiki aurretik “guk geuk egin” xedea duindu eta aldare laikoetara igo zuena. Eta hori, laguntto maiteak, fanzine eta egunkari xumeen itzalpean gaztaroko loreak (edo gaztainondo-loreak ziren?) nola ximeltzen zitzaizkion ikusi duen lekuko miope honek esaten dizue. Gora gure Gereño!!
Gabriel Aresti idazleari Xabier Gereñok ateratako argazkia. Behatxulotik.
Nafarroaren estatus politikoa, Euskal Herria erkidego autonomo bakar batean edo gehiagotan banatuko ote zuten, frankismoak ezarritako debekuen ondoren euskarak izan behar zuen garapena eta beste hainbat gai eztabaidagarri ere aitatzen ditu egile bilbotarrak bere eleberrian. Ezkertiar abertzaleei zuzenduriko akuilukadatxoak ere badira: liburuan duela 40 urte bolalumaz azpimarratu nituen hainbat hitz ezezagunen artean (dafaila, idun, txibierro…) niretzat oso deigarria zen esaldi bat ere ageri da: “kapitalismo batetatik burokratismo batetara pasatu“. Burokratismo bezalako kontzeptu politiko bitxia nobela beltz batean aurkitzeko Manuel Vázquez Montalban-en lanak leitu beharko nituen urte pila bat igaro eta gero; egile katalanak abilezia paregabea erakutsi zuen lexiko berezi eta pertsonala sortzeko orduan. Gereñok ere bazuen goi-arnas berezi hori kontzeptu berezituak nabarmentzeko; dudarik gabe, bilbotarrak nobela poliziako-politiko laburra, azpigenero gisa agian, euskal literaturan txertatu zuen.
Eva neskamearen sufrimendu eta kezkak. bAst 2020
Errealismo sozialaren eragina ere ikus dezakegu. Emakumeen egoeraz hitz egiterakoan, adibidez, Gereñok Eva neskamearen sufrimendu eta kezkei lekua egiten dio nobelan; Fausto bortxatzailearen atzaparretatik ihes egin nahian, otseinak kondesaren etxea utzi nahi du eta lan bila hasiko da. Orduan krisi ekonomikoa aitatzen digu Evak, emakumeengan eragin bortitzagoa duen lan baldintzen gogorkeria eta diru eskasia. Jurgi kapitainak neska eder galant bezala ikusten badu ere, Evak ezinegona eta larritasuna islatzen du. Etxe on batean zerbitzari gisa lan egiteak badu bere alde sufritua, baditu ondorio sozio-ekonomikoak. Eva ez dago gehiegikeriei aurre egiteko posiziorik onenean, eta egoera horrek kontraste bikaina eskaintzen digu kondesaren eskrupulorik gabeko jarrera erdeinagarriarekin alderatzen badugu.
Krisia ere nobelaren amaiera aldera azaltzen den mamutzarra da; Damoklesen ezpata langileriaren buru gainean. Ume ginela, “krisi” hitza aditu orduko helduen aurpegi luzeak irudikatzen genituen, langileak kalean oihuka, auto ilarak bozina joz, sindikatuen paper hegalariak… Baina hitz topiko bezain iluna zen eta da. Gaitz bat izendatzeko modukoa -krisi asmatikoa nahiz “nerbioek heltzen zaituztenean” agertzen dena-. Hitz misteriotsua, zeozer ezkutatzen duena, agian iruzurraren sinonimoa, edo azpijokoarena. Eskolan, behintzat, inoiz ez ziguten argitu krisi ekonomikoaren barne mekanika; hala ere, garbi geratu zitzaigun krisiak beti jende txiroena egurtzen duela, salbuespenak salbuespen. Eta makilakada franko sufritu ondoren beti agertzen zela katxondo mentalen bat aholkuak emanez, kopetilea laranjaz tindaturik, “aberats egin zaitez eta arazoaren parte izateari utz iezaiozu” esanez. Ez alferrik, handik gutxira, 70. hamarkadaren bukaeran, Ronald eta Margaret azalduko ziren, Cowboya eta Burdindama, aurrerantzean bakoitzak bere burua salbatu beharko zuela iragarriz. Liberalismo berria espartina zaharrekin.
Ronald Reagan eta Margaret Tatcher, cowboya eta burdindama. Xabier Gereñorekin zuten hitzorduaren zain.
Eta nobelan doktrina ekonomiko ultraliberalaren urrezko garaiaren etorrera esplizituki iragartzen ez bada ere, Campofrioko kondeak bere langileekin erakusten duen jarrera feudalak zeozer adierazi nahi digu; hor Gereñok aristokrata ultraeskuindarrarekin akaso karikatura bat egin nahi zuen, baina gauzak nola joan diren ikusita, erretratu hiperrealista atera zitzaiola esan genezake 40 urte geroago.
Nobela poliziakoak hartzen dituen Pipa Sailean atera zen Xantaia Kontesari.
Gola bAst 2020
“Por las mañanas escribo mis novelas en castellano y por las tardes teatro en euskera. La pausa de la comida me sirve para desconectar de idioma y de estilo”. (El Mundo egunkaria, 1995) Xabier Gereñoren hitzak.