Hasiera »
Iñaki Bastarrikaren bloga - Lazzaretto vecchio
Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Emakume beltzek badakite izkiriatzen
2020-03-25 // bAst // Iruzkinik ez
Emakume beltzek badakite izkiriatzen
Ingelesez idatzitako emakume afrikar idazleen narratiba labur eta poesiaren antologia da oraingo honetan mintzagai duguna.
Ellas [también] cuentan [Emakumeak (ere) kontuan] du izenburu liburuak (Casa de Africa-Baile del sol argit., 2017) eta antologia bat denez, hautatze bat da ezinbestean, baina baita idazle horien berri pixka bat gehiago jakiteko modua ere.
Liburu honetako lanen hautaketa, edizioa eta itzulpena -gaztelaniara- Federico Vivanco-k egina da. Honela dio:
Antologia hau xede batekin pentsatua eta antolatua izan zen, ingelesez idazten duten emakumezko idazle afrikarren hiru belaunaldiren ikusmoldea agertzea. Lehena, independentzia ostekoa da, 1960-70eko hamarkaden artekoa, non idazgaia arlo pribatuari buruzkoa den (biktimizazioa eta genero desberdintasuna); bigarrena, 1980 eta 1990 artekoa, non rol nagusia protesta eta justizia-eskaera den; eta hirugarrena, gaurko belaunaldia da, neokolonialista, diaspora eta ikuspegi kosmopolita duena.
Hemen idazle bakoitzaren lagintxo bat, doi dastatzeko bada ere.
NARRATIBA LABURRA
MINNA SALAMI (Nigeria-Finlandia)
MsAfropolitan blog feminista panafrikarraren fundatzailea.
Funkwa-ren azal indargea leun bihurtzen zen, mango heldu baten azala bezain. Iraunbizitze kontu bat zen; gutako batek zendu behar zuen besteak bizirik irauteko. Zirrara ahul batekin, haren gorputzak etsi zuen gure estrangulatzailearen aurrean eta haren azken hatsa sentitu nuen ene lepo gainean. Ni haren gorpuari katez lotua nengoen.
(Galdu genuena)
FRANKA-MARIA ANDOH (Ghana)
I Have Time and Other Short Stories liburuaren egilea.
Ene jainko Mansak oihu egin zuen egun hartan. Gertatu zen egun hartan. Nola ez zuen ba egingo?
Eguzkiaren argia leihate handietan zehar sartzen zen eta ohe txit luze eta estu batean pausatzen, emakumea iratzarriz. Te, kafe, ogi-xerra erre eta arrautz usain gozoa zebilen airean. Murmurioak entzun zitzakeen, lehian, eskinatik berriro hasten ziren lantu sendoekin. Han ulertu zuen. Mina. Heldu behar denean heltzen da. Ez du leku edo momentu jakin bat, gonbidatu bat espero denean bezala. Alde guztietara begiratu zuen, baina haren begiek zauri berriaren gain harat-honat ezarri zuten arreta, distrakzio bila. Baita ere pausatu ziren sabaian, mundutik aldentzen zuen pantaila zuri uniformean.
(Mansa)
AYESHA HARRUNA ATTAH (Ghana)
Harmattan Rain eta Saturday Shadows eleberrien egilea.
Ene gorputza taxi ezin dotoreago honen jarlekuari itsatsita dago. Zuzen begiratzen diot sartzeko atariari. Horrelakoa izan al zen beti? Berde argia, pintura moteatuz zipriztindua. Horrelakoa izan balitz kexatuko nintzatekeen.
Gonbitu-berdeko atetzar honek alboetan ditu murru zuri altuak, hormigoi bloke geruza bikoitz batez altxatuak. Uzten diot begiradari alderrai, ondoren berriro pausatzen dut atetzarrean eta neure buruari galdegiten ea zer gertatzen den atzean. Urdaila aztoratua daukat. Bilis koloreko atetzar horren atzean, nola moldatzen dira?
-Arreba- dio taxistak hirugarren aldiz- ez al da hau zure etxea?
-Mmmm-diot-. Ezin dut sartu.
(Ekow)
NAOMI NKEALAH (Camerun)
Genero, xenofobia eta giza eskubideei buruz idazten du.
Nganya eta Ekole familiak, Mundemba hirian, sekula ez ziren ezagunak izan pitxerkada bat palma-ardo lasta-sabai beraren azpian partekatzeagatik. Bima klanean nagusitasunaren bila izandako lehiak belaunaldietan sortua zen, oraingo familia-buruak eratu baino lehenagokoetan. Ahozko tradizioak dioenez, borroka hasi zela, Mundembako landa-kontseiluak izendatu zuenean Ekole familiako lehen burua, gaueko zaindari izateko. Postu hori, ustez, lurra gaitzetik babesteko naturaz gaindiko ahal handiak zituztenei bakarrik ematen zitzaien.
ELIZABETH NGOZI OKPALAENWE (Nigeria)
Terapeuta, psikologoa. The Power to Succeed eta The Power to Make a Choice liburuen egilea
Emakumezko idazle bikaina naiz. Hezkuntzari lehentasuna eman zitzaion familia batean hazi nintzen. Lau urte nituela, irakurtzen eta idazten irakasten hasi zitzaidan aita. Bost seme-alabetan bizkorrena neu nintzela uste zuen, gazteena izan arren. Ni ikaskuntzaren bidetik eramateko zeukan gogo biziak bultzatu ninduen. Hamar urterekin, hark nire idazkera alderatzen zuen ene anaienarekin eta iseka egiten zien ikasten hain motelak zirelako. Hemezortzi urterekin, idatziak neuzkan bost narrazio labur, eta noiz argitaratuko nengoen.
(Ez dagoen laguna)
JACKEE BUDESTA BATANDA (Uganda)
Kazetari, idazle, enpresaria. A Lesson in Forgetting eta Everyday People liburuen egilea
1985 inguru hartan kantatzen genuen Hamar Botila Berde seaska-kanta hartako bost gara. Bost botila berde zutik bizitzako murruaren gainean. Bost aurpegi irribarre zabalekin zuri-beltzeko argazki zahar hartan. Gure esku elkarlotuek kate bat eratzen dute sorbalden gain; kamerarantz makurturik gaude, begiak dirdaitsu. Ez gara jabetzen ditugun arropa piltzarrez. Laker, botiletako bat, soinekoari eusten ari da mokorren aurka. Badakit eusten ari dela, bragak, emanak baitzeuden, eror ez zekizkion. Gure hankak lur marroiz lohiturik dauzkagu. Irribarre egiten dugu, aurpegietan mapengo-ren bat dugula. Aurpegiek dir-dir, ispilu pulitu berriak bezain.[mapengo= xulo, falta den hortzarena]
(Gogoratu Atita)
BEATRICE LAMWAKA (Uganda)
Butterfly Dreams kontakizunaren egilea. Ugandako emakume idazleen elkarteko idazkaria.
Laguriko barne-desplazatuen kanpamenduko izar bihurtu naiz. Ez dakit “etxe” deitu ala ez. Dada, ene amona baita, dago itzuli egin behar genukeela, bera Paparekin, gure aitonarekin, bizi zen lekura. Ni hemen jaio nintzen, kanpamenduan. Ni mundura jaio baino askoz lehenago hasia zen gerra.
(Izarra neure kanpamenduan)
MELISSA TANDIWE MYAMBO (Zimbabue)
Jacaranda Journals argitalpenaren egilea. Doktorea New Yorkeko Unibertsitatean.
Beste iragarpen askotan bezala, emakumeak ez zion esanahiari antzeman une hartan. Hiru urte ziren Ibouk etxera argazki bat bidali zuela, Amerikako bere negozio eskola entzutetsuarena, han agertzen zen lagunekin batera. Gutunazal hanpatua isiltasun luze baten ondoren iritsi zen.Fatimak ez zuen inolako susmorik izan sukaldeko labanarekin ireki zuenean, eta makinaz idatzitako orrialdeak atera zituen. Kanpora irten eta karta preziatua Aitari irakurtzen hasteko prestatu zen.
(La salle de départ]
WAME MOLEFHE (Botsuana)
Just Once. Go Tell the Sun haur ipuinen egilea. New Writing from Africa antologian partaide.
Zulua zen Kudzanai auzoko hizkuntza. Haren gurasoek shona hitz egiten zuten eta hau zuluarekin jazpeztatua, baina haren hizkuntza bien artean zebilen hegalari, lorez loreko tximeleta gisa. Garrantzidun agertu nahi zuenean, ingelesez mintzatzen zen, eskolan ikasia baitzeukan.
(Ortzadar koloreko ametsak)
ZOE WICOMB (Hegoafrika)
You can’t Get Lost in Cape Town ; David’s Story ; Playing in the Light lanen egilea.
Ene eskuin eskuan, ene poltsaren sakonean, larruzko diru zorro marroi bat hartzen dut. Ene hatz-mamiek batetik bestera eramaten dute, feltrozko forroa frotatuz; zalantzarik gabe feltroa da… eta harritzen naiz nola ez naizen jabetu zerez egina den, hilabeteak baitira erabiltzen dudala. “Feltroa, horrekin forratua dago poltso honen hondoa” esango nuen neurekiko, keinu erdeinuzko batekin.
(Ezin zara galdu Lurmutur Hirian)
NOKUTHULA MAZIBUKO (Hegoafrika)
Idazlea eta zinegilea. Spring Offensive eta Love Songs for Nheti and Other Tales idatzi ditu.
Nheti ez zegoen gogobeteta mosotho panpina, marroi iluna, urtebetetzean aitak oparitu zionean. Zazpi urte bete berriak zeuzkan eta zoratzen jartzen zuen opari bat jasotzeak. Panpina zuri eder bat espero zuen, ile-adats hori luzekikoa. Ez zion axolarik umetxo forma baldin bazuen, Zaza lagunak bezala, begi urdin berdekara dirdaitsuduna, eta garrantzikoena, ile kizkur urrekarak zeuzkana, behin eta berriz orrazia pasatzeko, eta batzuetan Nhetiri orrazten uzten ziona. [Mosotho=Basotho talde etnikoko kidea, batik bat Lesotho eta Hegoafrikan bizi dena. Mosotho pertsona da, Basotho edo Sotho talde etnikoa, sesotho hizkuntza eta Lesotho herrialdea]
(Panpina)
MILLY JAFTA (Hegoafrika)
The Homecoming film laburra idatzi du.
Autobusa geratu zen eta bidazti guztiak arrapaladan irten ziren ahal bezain laster. Abendu amaierako ostiral bat zen eta bero egiten zuen bidaia amaitezin honetan, Windhoek-etik iparrerantz. Beste batzuetan ez bezala, neure jarlekuan egon nintzen denak jaitsi ziren arte. Jaso nituen orduan neure puskak eta aterantz abiatu nintzen. Leihotik Maria ikusi ahal izan nuen, neure bi maletak eskuratzeko lehian.
(Etxera itzulera)
POESIA
MARY LAURENE BROWNE (Liberia)
Esperientzia zabala du garapen eta lan komunitarioan Afrika mendebaldean. Poeta.
Haien hegalak dira zabaltzen
baina arau kulturalek
geroratzen dute haien hegaldia
beste hamarkada bat
agian bi
edo
beharbada mende bete.
(…)
(Afrikako emakumeak dira)
GLADYS MAY CASELY-HAYFORD -Aquah Laluah- (Sierra Leona)
Sierra Leonako emakume idazlerik entzutetsuenetakoa. Nativity (1927), The Serving Girl (1941), Creation (1926) eta Take’um so (1948) lanen egilea.
Ama, behar zaitut.
Emakume heldua naizen arren
ene izatearen bitartekari eta lege
dudan zure beharra sakonagoa da
nik uste baino askoz.
Eta lehenago baino txit premiazkoagoa.
Zure beso samurretan nahi nuke nahi
nire penak daitezen pausa eta negar egin
lokartzen naizen arte.
(Gure amari)
LOLA SHONEYIN (Nigeria)
Idatziak ditu The Secret Lives of Baba Segi’s Wives eleberria, eta So all the time I was sitting on an egg; Son of a Riverbird eta For the Love of Flight poema liburuak.
Herrestan dator ene logelara
Gauaren unerik sakonenean.
Beldurrik gabe, hormetan haztamuka
atea aurkitzeko haietatik.
Lau urte dira jaregin niola
ene sabeleko toles batetik.
Gauoro, baina,
itzultzen da han katigatzera. (…)
(Jolademi)
MïCERE GÏTHAE MüGO (Kenia)
Literatura irakaslea eta literatura-kritikaria. Hamabost liburu argitaratuak ditu. Irakaslea Siracusako unibertsitatean.
Non dira abesti haiek
zuen amak eta neureak
beti kantatzen zituztenak
bizitzaren zabal handiari
erritmoak doitzeko?
(Non dira abesti haiek?)
PATRICIA JABBEH WESLEY (Liberia)
Where the Road Turns eta The River is Rising poesia-liburuen egilea.
Ene lagun ona, lagun iezadazu arren.
Katakan bizi zinenean
ez zenituen ba bi mutiko ikusiko?
Bata, azal ilunekoa, potolo antza.
Bestea azal argiagokoa eta begi beltzekoa. (…)
(Neure familiaren bila)
MARISKA ARABA TAYLOR-DARKO (Ghana)
The Secret to detoxifying your life and your love liburuaren egilea. Poesian Rhythms of Poetry in Morion argitaratu du.
Haren lurra zapaldu nuen unetik
hainbat soinu entzunik
eta beroak aurpegia astindurik
ulertu nuen aurkitua nuela ene lekua.
Ene lur honetara egiten dudan itzulera bakoitzak
hura maitarazten dit, esaten ez dakidan moduan. (…)
(Maite dut Ghana)
NAOMI NKEALAH (Camerun)
Literatura afrikarrean aditua. Genero, xenofobia, giza-eskubideak. New Writing from Africa antologian parte hartu du.
Entzun Mzansi-ko herri,
istorio bat daukat zuri kontatzeko.
Ni naiz neska hilaurra. (…)
(Neska hilaurra)
[Mzansi= Hegoafrika, xhosa hizkuntzan]
KRISTINA RUNGANO MASUWA-MORGAN (Zimbabue)
A Storm is Brewing poema-bilduma atera zuen eta gero To Seek a Reprieve and Other Poems.
Orain minutu bat itzuli naiz putzutik
non ni bezalako emakumeek ura ateratzen zuten.
Nire gorputza akitua zegoen eta bihotza arnaska.
Une batez antzeman nion joan zihoan korronteari;
eta pentsatu nuen bai freskoa loreen usaina,
bai gaztea inguruko belarra. (…)
(Emakumea)
SAIAKERA IFI AMADIUME (Nigeria)
Poeta, antropologoa eta saiakera-idazlea. Male Daughters, Female Husbands idatzi zuen. Eta African Matriarchal Foundations: The Igbo Case, besteak beste.
Gizon eta emakumeak onetsiak edo gaitzetsiak ziren, heldu sozial erabateko izanik haiengandik espero zen betekizunen arabera, hau da, aita eta ama izatearen arabera.
Seinalatzen zen gizonek betebeharra zutela familia hornitzeko eta babesteko. Kultura honek ez zituen estereotipatzen “gizon txarrak”, eta ez zegoen ipuinik beren ederraz harro zeuden gizonezkoei buruzkorik. Baina emakumeekin ez zen hala gertatzen: denek zekiten “emakume txar” baten ezaugarriak zeintzuk ziren. Ajo nwanyi adierazpenak, “emakume txar” baita, “emakume On” adierazpenaren aurkako irudia ematen zuen. (…)
(Gizon eta emakumeei buruzko uste zabalduak)
Emakume beltzek ere badute konturik, bai horixe! Ongi izan zaitezte!
Porruak, porruak
2020-03-21 // bAst // Iruzkinik ez
argazkia: gmachoaguillo
Porruak, porruak
Eguneroko jatordua prestatzea baino gauza garrantzizkoagorik gutxi egongo da noski. Horren lekuko dira argazkiko porruak, baratzatik hartuak, eta artaz prestatuak. Laster dira porru-patatak lapikoan. Horretarako baratzan lan egin behar, lurra landuz eta ongarrituz. Argazki hau dela bide gogora etorri zaigu Jean Pierre Duvoisinen “Laborantzako liburua”, 1858koa. Horko atal batek ongarriaz hitz egiten du, adibidez samatsaz (=simaur, gorotz, sats). Ikasi dugu hau, behinik behin: Ongarri duenak altxatuko du bihi.
AITAK: Egun aiphatuko dugu ongarriaz.
SEMEAK: Bai, othoi; ezen aditzea dut ez-dela deus ere hobeagorik lurrentzat.
AITAK: Ai! ene semea, diozu hobeagorik!… errazu ongarria hain premia zayoela lurrari nola guri arthoa edo ogia.
Badelarik bertze janhari asko, bat ez-da laborearen orde jar daitekeenik.
Lurrarentzat ere deusik ez-da ongarriaren orde ezar daitekeenik.
Emanik ere gisu, igeltsu, merla eta ehun bertze gauza; ongarririk ematen ez-bazayo, lurrak laster eginen du ukho.
Erran dut bazka egitera hari behar dugula, bazkatik heldu baita ongarria.
Abere ongi haziak ematen du ongarri hainitz.
Barnean haziak, larrean dabilanak baino gehiago.
Gure onak ongarritik ethorri behar du; eta ongarri egiteko, on dira lurrak ekhartzen dituen gauza guziak. Belhar edo animale, oro usteltzen eta ongarritzen dira.
Bada asko ongarri mota.
SEMEAK: Nik ez-dut hanbat ikhusten! Samatsa eta arkhin guti bat; zer da bertzerik?
AITAK: Erraiteaz bertzerik ez-dela gure herrietan, ez gaituzu laudatzen.
Horrek erran nahi du ez-garela erne gure onaren biltzera, eta bat baino gehiago galtzerat uzten dugula.
Ihaurkin guti den tokietan, nekhazalea erneago da: alde orotara begira dago nondik atzemanen duen zerbait lurren ontzekotzat.
Frantziako zelhai ederretan ez-da, ez hiratze, ez eta othe ondo bakhar bat.
SEMEAK: Ai! ai! nola egiten dute ongarria?
AITAK: Egiten dute guk baino gehiago eta hobeagoa, eta biltzen dituzte guk ez-bezalako bihi-aldeak.
Eskaldunak iduri du onthasun soberaz dagoela; beren baitharik heldu diren onez nardaturik, hekietarik bazterrerat uzten duela, sobera balu bezala.
Zoroak! errekara botatzen dute abere eritasunez hil dena. Ez-dakite hortarik heldu direla min gaixtoak! ez-dakite hobe dela lurrean ehorztea lurren onkhailurik handiena!
Ene semea, etzaitezela izan axola-gabea ongarriaren gainean, ezen ongarri duenak altxatuko du bihi.
Abereak larrera sobera ibiliz, galtzen dugu ongarri hainitz.
Maiz eta ardura abereak erdigoseak dagode alhapidetan, eta gero txarrak heldu dira.
Bertzalde, larretako alhapideak baitezpadakoak balinbalira, zertan laiteke Frantziako eta Angeletierrako nekhazalea? Han laborantza gehienek eta aberatsenek larrerik ez-dute. Toki hekietan iraganen duzu hamar eta-hogoi lekoa bide, nahiz alde batera, nahiz bertzera, golde bat larre ikhusi gabetarik.
Guri dihoakigu beraz hango nekhazaleek bezala egitea.
Holetan abereak barnean hazi behar ditugu.
SEMEAK: Bai, bainan non da bazka?
AITAK: Ai! ene semea, nago heyan buru gogorra duzunetz. Ez-othe darotzut iadanik aski erran sorho berriak egin behar direla, eta zaharrak onthu.
Egin detzagun phentzeak gure laborantzetan; herts detzagun gure larre hobeenak eta han egin detzagun laborantzak.
SEMEAK: Diru ordean behar da hortakotzat.
AITAK: Hala da hein batean.
Nik ez-darotzut erran berehala hersteko eta lantzeko larreak.
Nori-berari zayo bere indarren neurtzea et[a] araberara lanak egitea.
Ez-da hain etxeko jaun ttipirik zeinak ez-baitezake herts urthe batez larre phuska bat.
Bertze urthean lantzen du, osoa ez-bada, erdia.
Hunela eginez, urthe gutirik barnean, Eskal-herri guzia denetik bertze bat egin laiteke.
Angelesek gure abere buru batentzat, badituzte hamar.
Nola egin dute?
Behintzat, lanthu dituzte beren larreak; eta gero lurrik txarrenak estali igeltsuz eta merlaz.
Orduan hobeenak sorho eta laborantza egin dituzte.
Txarrenak, treflaz, luzernaz eta bertze belharrez erain ondoan, nahi duten azienda hazten dute.
Lurrak ongarriturik porrurik ez dadila falta gure sukaldeetan. Porru hitzaren lehen adierari emango diogu lehentasuna oraingoan (hiztegi batua).
porru1
porru landare, porru-landare Porruaren landarea, porrua birlandatzeko erabiltzen dena. Porru landarea ekarri dut mintegitik.
porru-patata pl. Porruak eta patatak uretan egosiz prestatzen den janaria. Porru-patatak jarri dizkigu Gabrielak bazkaltzeko.
argazkia: gmachoaguillo
Nere pepe Maittea
2020-03-19 // bAst // Iruzkinik ez
Nere pepe Maittea
[WhatsApp, 1761]
Asko zor diogu J.M. Satrustegi zenari, lan asko egin baitzuen. Esaterako “Euskal testu zaharrak” liburua, 1987. urtean argitaratua.
Liburu horretatik hartu ditugu gutun hauek, WhatsApp-ik ez zegoen garaikoak.
DONOSTIA (1761)
Bi gazte maiteminduren amodiozko gutunak zor dizkiogu 1761eko auzi batean erabilitako paper bildumari. Jose Manuel Zaldua, donostiar gazteak, pazko bihara-mun batez ezagutu zuen Maria Josefa Agirre, Altzokoa, eta bat-batean sortu zen bien arteko adiskidantza. Hiri harresien ondoko pasealekua aipu dute gutunetan.
Mutilaren familiak ez zuen begi onez ikusten adiskidantza hori eta aitzaki askoren bidez eragotzi nahi izan zuen ezkontza. Besteak beste, odol garbia eta familia bien arteko maila desberdina aipatzen dira donostiarren kezka nagusitzat.
Neskatoari ez zitzaion asko gosta pundu hori argitzea. Bere aita-amak jato-rriz goizuetarrak ziren, familia onetakoak eta karguetan zeudenen senideak.
Epaiak baieztu egin zuen gazteen eskubidea anderegaiari arrazoia emanez, baina mutila desagertu egin zen. Ameriketara joan ote zen zioten batzuek, eta Frantzian izkutaturik zegokeen beste batzuren ustez. Horrela amaitu zen, ezkontza-rik gabe, asmo politen egoera liluragarria.
Orohar zazpi gutun dira; neskarenak bi eta mutilarenak beste bostak.
Nere pepe Maittea zuc nai vadesu, eguina dago ]auza, ]ustiya zu uirme, egotearequin, sure ychean eta nic eguingo det emen vear dan ]ustiya Santer-moco, braiIeaquin egingo det apaisuc eta ynor qansatu gave ]astu gustiya,
Neronec eguingo det, Saude quidado gaue ni uchi vaninduzuque uesela triste zeriyo zeronec, daquizu sure, echeco, geniyoa eta zaude, naizun besela echean, banon beguirosu sure, yzean, birme, saude neronec gustura eguingo det. Su, bazera mutila zure ychean, uirme zaudena Bigaldu bear dirazu papera zure esqus eguina uirmachen, desula birmesa Justiyarequin pepe Sergatic Uestela ere Braileac ezan dirate espenza ecarcheco Uear dela esconcheco papera ecarico digutela ynorc estaquiyela espenza suregan dagoela uirme egotea echaitesela yzutu aMadreac or’e1a aMenazatuagatic estizute echetic aterachea besteric eguingo zu non egon yzango da demostraciyoric aundiyena eguingo dizute echetic aterachea esta importa orregatic zu non egon yzango da. Jangoicoari graziyac nere Contra zure aMadrea paratu vadute Muriyetan, Necoac estute nichas zer esan nic oraindic esnais, zure coñataren aMandrea ybilzen chan besela ybili pepe eta zu mutilla, vasera orain, portatuco zera zure ychean eta papera eguitean nai uadesu eta nai espadesu ere estizut uchico. Jaur gero niyere Comonicatu nais norvaitequin vanon vadarichat echerala mudatuco aMadreac orela esanagatic Jisona izango: zerala. Zenec estimachen zaituen, sure querida Maria Jossepha, antonia de Aguirre ge. Os. Ms. alios coma deseo Us. Sn. Sn. por de Pallata. Josseph Manuel antonio Zaldua y murguia agur ondo uizi ecuci yartean Jaicoac nai uadu atos al uadesu laster onara. Josseph Juaquin estatorenean bagalchasquizu erespuestac Madalenequin Mandazayarequin zin falta.
II
pepe estesu, pensatu uear, zuc, yngainatu, vear, nazun nescacha modua, naizala sue, nere gandic, asiyendac ditusu geyago estesu besteric Cartau eguiten dizut, onean eta gaichean obligachen, naisan, besela aita frailearequin bigalchera Carta au eta orain ecusico det, ser gastigatuco, desun baldin, nai uadesu onean ybili nerequin eta nere aita Jaunarequin gastigazasu eguin desala seroni bacina, besela Justiya sergatie dago, zure rrezuleciyoaren begira bere bereala Plan Plonara juateco sue Jastigatu senidan bigaramunean escribituco, zeniyola, niri eta aita Jaunari eta orain encargachen zaitut esin escribitu badiyosu, bigalchazu sinale bat, naizuna edocen gauca fraile onequin eta bereala Juango da, nere aita Plan Plonara eta esconduco gera ynorc estaquiyela isilic, orduan botaco ditugu empenoac aMandreari eta aita Jaunari zuri echean oroidua emanagatic aMandreac echera mudatuco Juiciyoric batere badesu.
zure aManrreac, omendiyo amauost urte ditusula oraindic esconcheco bada niq ere, estitut, emezorchi urte besteric banon badarichat pepe echerala mudatu pencachen degu estesula, lecuric escribicheo, letraric batere banon oro, bata, fraile onequin50 yches isilic gastigachea naizun escondu edo es estirazazula pena geyago eman eman dirazun banon egun obetacoac dira bastante, estet, beste penaric munduac ]aquindu duela eta mudachen, bacera ere orenchengatic estisut uchico estago remeriyoric.
oraingo, aldiyan ]angoicoari graciyac ]astigatu nisun yru bider nichala persona pobrea solamente aita yralgoaren alaua gaur era biar ucatuco bacendu ere nere cartac bici dira esaten deran eguiya edo esaten dera gesura ]oisean bost orduetaco moralan garichen chinaneco Cariñoa badaucasu echera mudatuco eta mudachen bacera era ora bat ysingo desu nerequin orayngo bueltan bigar egun erdiya luceena gaquingo det mudatu ceran edo esen. Sure respuesta ecuci artean pepe Maria ]ossepha antonia de Aguirre, ]osseph Manuel antonio Zaldua y murguia Por de Plata. Sn. Sn. Aguirre y Zaldua.
III
Nere bioceco prenda eder maite maitea, nere biozaren consola garria, nere eder gozo maitea, Maria ]ossepha Antonia herecevitu det cure carta, bada bacuec ibilcen dirade Aberaz billa besteac pobre billa, eta besteac cu bezalaco eder guizen galantac (certaco dira aberazac flacac, aieri cenarac estiiote gustoric arcen) bañan zu bezalacoac estira re diruz pagacen, cergatic cenarrai guzto obea emanten zaien, bada zuquere niri ala echean emango dirazu . igandean esta posible San Franciscura ateracea orduan intentancen degu ernanira ]uatea, eta bacarric banis bizitatuco cinuquet bañan esta posi-ble.
es beldurric iduqui ni erbitan nabillela elbarrituco nazala cuidado oriec laga eguin bear dira. Zure buruadi ondocho eguin nere biozeco prenda maitea, es penza gero, ni muratuco nazala nie det iz bat vra il bai bañan faltatu es, orain aDs. nere biozeco prenda maitea, nere guizen maitte maite maitea nic chit egon nai nuque zurequin egon zurea pepe. nere biozaren conzolagarria nere uzapetaundia, ]ossepha.
IV
Nere Biozaren erdico prenda eder maitea, azo ezan posible bacarric egotea es bada deseoaren faltan, bañan ygandean egongo gera bioc, azo zu arritu ciñan ni icuzi ninducunea bada uste cabececo jornara egin nuen, ygande juan danean egun guapoa pasatu nuan, esta posible giago escribicea
vrren artea nere biozeco prenda eder maite maite maitea, aDios nere bioza-ren erdico egusquia. Zurea pepe, nere biozeco prenda maitea Jossepha.
v
Nere maitea Jossepha errecevitu det cure gilcurriña chit zuen gusto ederra, zure escutic besalacoa; Libru guapoa bidaldu dirazute eta esaziozu Martinchori ceculan estuela cer esperatu: eta esayosu astelegunean es etorceco, jaiean nai duenean. Gastiatu zarazu carta aizparena ondo zegoan edo gaisqui segoan. Igandean guruze Santuaren eguna degu, eta albadesu atos Lezora, ni an izango naiz, eta bueltan det asmoa Juateco Passaiera Don Rramonengana eta iz eguingo diot, materiaren ganean ni ya zure mines iI naiz ni firme egongo naiz, nere maitea, nere biozaren consolagaria, urrengo orreda noanean eman beara dirazu Laztan bat, bestela ilco naiz beste minga-be, ni emen nago echean cartuta, cer egin estaquirala, ygande arracean zurequin amezetan ibilli ninzan banan vra alacoc bioc chit geunden gustora; ojala orain ere ala bageunde, orain aDs. nere maitea ecusi artean, baldin portaleric espagendu gavero ecusico sinuquet, emen bidaleen dicut nere bioza, zurea banon firmeagoa (bihotz bat) correoac presa du, zurea nai dezun gustia eguiteco pepe. nere biozeco egusquia nere maite maite maitea, Jossepha.
VI
Nere viozeco prenda eder maitea, artu det sure carta chit gusto andi batequin, ni ondo nago Jaincoadi graciac, aIde batera, bestera es nago ain ondo ere cergatic zure companian bici enacan; bada zurequin chit egon nai nuque bacar bacar bacarric, or bidaleen dicut arroza bat, obea izandu bazan gusto giagoadequin bidalduqo nizuque, gastiatu bear dirazu cer jaquindu dezun neregatic, eta penzamentu charac uci bear dira aIde batera eta zure buruadi ondocho eguin, baldin penzamentu charac buruan arcen badituzu, galduco zerare nere biozaren igusqui soragarria, orain aDs. nere maitea ecusi artean, Ygandean etorico nas, or bidalcen dicut nere bioza zurea bezain firmea (bihotz bat) orain emenchen nago echean jarita, es nora juan daquit es cer eguin daquit coco onetan cartuta egon aDs. nere maitea ygande artea, Zurea pepe. nere maitea Jossepha.
VII
Nere biozaren erdico egusqui soragarrisco Amante nerea, alegracen nas su osazuna enteroadequin hegotea, ni enago ain ondo here cure compañian cergatic enagoen, baldin cure compañian banego gizenduco nincaque ecin guiyagoan Josseph Juaquiiiec esan ciran cure mandatua; bara Antiguada Juan-giñanean, bueltan esango nisula gelditu nincan eta bueltan nescameagatic gelditu nincan esangave; bada ygandean nolabait escapatuco nas ni emendic, eta egongo gera bioc mateir orren gaiiean, bada nic dicut cariño aundi bat esin giago esan nesaqueana bada cure cariñoa eta nerea padacen bagenu pisuan equsico cenuque galcen cenduquela ygandean bien artean disponituco degu; erecibitu ditud cure obleac, eta polvora, erbi ilceco egualdi gaistoac eguiten ditu, bada chit nai nuque il zuri vracen emateagatic, egun oen batean ni ta beste lagun bat goas ernanira baserrida sagardoa probacera eta nago diruan escascho eta bidaldu bear dirazu bost pesetacocho bat cergatic ecin atrebitu nas echecoai escacera biurtuco dicut cin falta; orain aDios nere bioceco amante firmea, ecusi artean Jaincoac nai badu nere bioceco egusqui consolagarri Amante firme firme firmea, nere esperanza eta alivioa, nere prenda maite maite maitea, aDios, aDios aDios ezin despeditu nas escrivicetic nere soragarrisco egusqui maiacecoa; Zurea da nere bioza re emen bidalcen dicut (bihotza) orra nere cariñoa cembateraño allegacen dan nere aingeru maitea, zurea Pepe. nere egusqui nere biozaren consolagarria nere maite biozaren erdicoa Maria Jossepha Antonia de Aguirre.
Hori duzue Pepe eta Joshepa-ren arteko karta harremana. Egusquy soragarriscook, egun ona pasa!
Elgorria
2020-03-18 // bAst // Iruzkinik ez
Elgorria
Umorezko liburuetan ezagunenetakoa izango da noski Fernando Plaentziarra izeneko hau. Ondo etorriko zaigu egun petral hauetan, pixka bat egurasteko. Hitzaurrean honela dio Juan Martin Elexpuruk:
“Liburua, Fernando Plaentziarra…izenburuaz badoa ere, esan beharra dago pertsonaia hori ez dela historikoa, Pernando Amezketarra bezala, baizik eta nolabait esateko, Fernando, Plaentzia aldeko zelebre guztiak direla. Izen horrekin batasuna eman nahi izan zion Jon Etxaidek bere liburuari eta arrazoi horrengatik eta beste batzurengatik mantendu egin dugu liburuaren izenburutzat.
Gure ipuintxoetako pertsonaiak, langileak, ugazabak, mozkorrak, medikuak, apaizak, ehiztariak… dira, kaletarrak, Pernando Amezketarrarenean alderantziz, eta lantegia, taberna edo kalea dute jokaleku.
Hasieran aipatu dugun bezala, lau iturritako urez osatua dago liburu hau:
Lehenengo partea, Jon Etxaideren Pernando Plaentxiatarra liburutik aukeratutako ipuintxoez osatua dago. Liburu horretan datozenak Juan San Martinek jaso zituen, gero Jon Etxaideri kontatu zizkion eta honek gipuzkera osatuan idatzi. Ez genuke ezer berririk esango Jon Etxaide gerra osteko prosagilerik onenetarikoa (onena ez esatearren) dela esango bagenu. Moldaketa egiterakoan sartutako aldaketak ez dira handiak izan. Modatik pasatako zenbait hitz trukatu, pasarte batzu laburtu, hikako aditza Plaentziako erara jarri, umore-ziria zorrozten ahalegindu… Izango da moldatu beharrean aldrebestu egin ez ote ditugun pentsatuko duenik ere.
Gero Juan San Martinen Zirikadak eta Eztenkadak liburuetatik aukeratuak datoz. Plaentzia-Eibarko euskara bizi-bizian idatziak dauden liburuak irakurtzean, ipuintxoen edukiaz aparte elkarrizketen graziak liluratu gaitu. Oso aldaketa txikiak egin ditut. Lexikoa, josketa eta…ia erabat errespetatu dira. Beraz, garbi esan beharra dago ipuintxo horiek hain trebeki idatzi zituena Juan San Martin izan zela, eta nire lana, batu antzean jartzera eta ukitu batzu ematera mugatu dela, aukera egiteaz aparte.
Liburuaren azken laurdena, neuk han-hemen jasotako eta Eibar aldizkaritik hartutako ipuintxoez osatua dago. Eskerrik beroenak Eibar aldizkariaren bilduma osoa utzi zidan Don Pedro Zelaiari”.
Marrazkiak Josu Okina-renak dira, oso adierazgarriak, liburua txit aberasten dutenak eta alaitzen.
Gaitz-giroan bizi garenez, Medikuenak ataleko hiru puska hautatu ditugu.
Mesede baten ordez
Behin joan zen guraso bat bere semeari elgorria* osatzen ibili zen medikuarengana kontua pagatzera. Garestiegia iritzi zion eta gizonak erreguka:
-Zerbait merkatuko didazu baina?
-Merkatu? Zer dela eta?
-Ba, nire seme honi eskerrak darabiltzazulako aurten horrelako irabaziak.
-Zer ba?- galdetu zion medikuak.
-Bera izan zelako eskolako guztiei elgorria pegatu ziena.
*elgorria=sarampión
Errezeta astuna
Eibarko mediku bat joan omen zen inguruko baserri batetara. Errezeta egiterakoan konturatu omen zen lapitzik ez zeukala. Baserrian ere ez zuten eta klarion bat eraman zioten.
Besteak hartu eta gaixoaren gelako atean idatzi omen zuen errezeta hori.
Handik laster, baserriko seme nagusia jaitsi zen botikara, bizkarrean atea zeramala.
Analisia
Andre bat egon omen zen behin medikuarenean eta honek esan omen zion txiza analizatzea komeni zela, zer eduki zezakeen jakiteko. Medikuorrek hain ondo hartu omen zuen, ezen, eskerrak emanda pozarren joan bait zen etxe alderantz, bere gaixoarentzat erremedioren bat bilatuko ziola eta.
Biharamonean han azaldu zen medikuaren etxera plazarako saski handi batekin. Neskameak berehala igarri zion erregaloren bat zeramala eta sekulako ongietorriarekin hartu zuen.
-Hemen nator ekartzera…-hasi zen esaten.
Eta zer ez zen izango neskamearen ustekabea, ikusi zuenean saskitik ateratzen papelean batutako gauza handi bat… oilarra zelakoan sopera itxurako kirtendun ontzi handi bat…
Analizatzeko zen.
Oraingoz, horixe, jaun-andreok. Banoa bizkarrean atea hartuta. Aio.
Marrazkia: Josu Okina
Kolera ez da sartuko
2020-03-17 // bAst // Iruzkinik ez
[ Olite II ]
Historian zehar izurriteak maiz izan dira eta hori gogoratzeko onak izan daitezke egun hauek. Berriro gatoz Olite. Historia, Arte y Vida (JM Pérez Marañon) liburutik hona pasarte bat ekartzera:
XIX. mendeko “kolera morbo”
Ez zen Oliten sartu 1885ean eta horregatik ohoratzen du Kolerako Ama Birjina.
Izurria, Apokalipsiko laugarren zalduna (Ap. 6,8) nahi bezala ibili zen trostan XIX. mendean: 1801, 1809, 1819, 1832, 1834, 1855 eta 1885. urteetan. Eta jarduteko protokoloa edo probidentziak beti ziren berberak: izurri-abisua, Erregearen edo Obispoaren agindua errogatibak egiteko, osasun-kordoia eta zaingoa hiriko ateetan, pertsonak eta animaliak sar ez zitezen, salgaiak (batzuetan fumigatzen ziren) eta korreoa (puntzoi batekin zulatzen zen eta ozpinarekin busti), pertsona kutsatuak isolatu lazaretoetan eta ermitetan, berrogeialdia pasa arte, hobiratze kasik isilpekoak eta Jainkoari esker ona, gaitza joana zenean. 1834koa eta batez ere 1885ekoa, ospetsuena, deskribatuko ditugu soilik.
1834ko eta 1855eko izurriak
Izurri “asiatikoa”, 1834koa, Nafarroako zenbait herritan agertu zen, batez ere Corellan. Ez zen gobernuaren edo apezpikutzaren agindurik iritsi, baina Oliteko Osasun Batzordeak erabaki zuen 24 orduko goardiak egitea Hiriko atarietan, bai laikoek eta bai apez eta fraideek. Izurria hurreratu ahala, errogatibak enkargatu ziren, eta Aiuntamentua gonbidatu zuten parte hartzera. Meza kantatuak eman ziren San Pedron eta Santa Marian goizeko seietan eta Errosarioa errezatzen zen iluntzean, Kontzejalak bertan zirela, lepagora ofizialarekin.
Irailaren 13an hasi zen Santo Kristoaren bederatziurrena. Hilaren 14an, hil zen Joaquina “la de Pinos”, lehen biktima. Egunero hiltzen ziren 12-15 pertsona. Gaixotasunak 8-14 ordu irauten zuen. Aiuntamentua eta Eliza elkartu ziren San Frantziskon eta erabaki zuten prozesio handi bat egitea urriaren 3an Sortzez Garbiaren irudiarekin, letaniak kantatuz eta zuzi piztuekin, San Franciscotik San Pedrora.
Hilaren 7an, Errosarioko Ama Birjinaren jaian, bando bidez ezagutarazi zen prozesioa, meza nagusia, Fray Anton Yoldo frantziskotarraren predikua, salbea eta erreguak. Arratsaldean errosario santua parrokia bietan. Aiuntamentua joan zen lepagoraz jantzia. Izurria atertu zen.
Izurritean, kanpailariek, ez alarmatzeko, eriaren agonian jotzeari utzi zioten, ohitura baitzen, eta elizako hiletan apaiza bakarrik lagun zutela. Izurriak jo zituen San Pedroko bikarioa, Martin Gomez, eta Santa Mariakoa, Francisco Torres. Oliten 284 pertsona hil ziren.
1855ean, Olitera beste izurri bat heldu zen. San Frantzisko komentuko Birjina Sortzez Garbia San Pedrora eraman zuten, herri guztiak, Kabildoak eta Aiuntamentuak erreza zekion. Lehen biktima, Micaela Hamis 24 urteko neska gaztea, uztailaren 1ean hil zen. Hil, 156 pertsona hil ziren. Izugarria izan zen, hilabete bakarrik iraun arren.
Kolera izurria. 1885
1884ko uda. Frantzia kolera morbozinbaditua da eta espainiara heltzen hasten da. Azken balantzean, 500.000 gaixotu eta 200.000 heriotza. Nafarroan, 11.000 gaixo eta 3.120 heriotza.
Olite alerta egoeran bizi da. Otsailean Felipe Agerri-k, hildakoen orga gidatzen duenak, utzi egiten du lana beldurragatik. Aiuntamentuak, kexak entzunda, agindua ematen du isurbideak konpontzeko, zaborra eta simaurra jasotzeko Las Tejadas-etik, herritarrei eskatzen dizkie higienea eta garbitasuna. Hiru kontzejal arduratuko dira agindutakoa betetzen ez dutenei begiratzen eta isuna jartzen.
Oliteko Osasun Batzordeak obeditu egiten ditu Nafarroako Gobernuaren aginduak. Lurperatu bitartean hilerrian gorpuak edukitzeko kapera-depositu bat eraikitzen hasten dira. Eraikitzen duten bitartean Teilerian bilduko dira.
Uztaila amaieran, hiru lazareto prestatzen dira, ohe, jan, medikamentuz hornituak…, han edukitzeko obserbazioan kanpotik datozenak edo izurriaren seinaleren bat dutenak. Leku horiek dira: Santa Brigidako ermita, Escuelga jaunaren ortua, eta Elias Gomez-en ortua.
Kaleetan sufrea erretzen da eguratsa desinfektatzeko. Erreklutatzen dira 24 zaindari, sarrerak, lazaretoak eta abar zaintzeko. Estazioan fumigatzen dira bidaiari eta bagaje guztiak, eskatzen zaie “osasun gida”edo osasun patentea. Oliteko familia bat Frantziara doa, Oliteko bi pertsona itzultzen dira eta zuzenean doaz lazaretora, nahiz eta aurka egin.
Gizakiek hartutako neurriez gain, hor da fedea ere. Obispoak karta bat bidaltzen du errogatibak egiteko eskatuz. San Pedroko parrokoak, Jose Diego Tirapu jaunak, Aiuntamentuari pasatzen dio, eta honek, uztailaren 26an, erabakitzen du hiru eguneko errogatibak egitea eta gonbidatzen ditu Kabildoa, Aita Frantziskotarrak, Gobernuko Ordezkaria, eta bandoa joz, herritar guztiak. Xedea hau da: “Ahalguztidunari arren eskatzea libra dezala biztanleria hau hainbeste hildako eragiten ari den astindu honetatik”. Jose Ortuzar aitak, Frantziskotarren Zaindariak, bere kasa, San Rokeri bederatziurrena egitera deitzen du, izurritearen aurkako abokatu baita. Etortzen dira Errejidore Sindikoa eta Sekretarioa.
Aiuntamentua bere osoan: Galo Azcarate, Alkatea, eta Kontzejalak, Fermin Maeztu, Ceferino Suescun, Andres Bariain, Rafael Navascues, Crispin Lerga, Justu Izuriaga eta Juan Bautista Perez izanik, erabakitzen dute bederatziurren bat eskaintzea Oliteko zaindariari, Sortzez Garbiari, abuztuaren 17tik aurrera, arratsaldeko 7:30etan, eta kandelak emango dituztela argitarako, bai erdiko armiarmarako ere. Herri guztia joan zen. Izan ziren aitortzak, jaunartzeak, errosario santu frantziskotarra edo zazpi pozena, Aita Joseren sermoia. Aiuntamentuak erabakitzen du hilaren 26a, bederatziurrenaren amaiera, “festa” izango dela Hirian.
Abuztuaren 25ean, errosarioa esatea, prozesioa zabalgunean San Francisco elizaren aurrean, San Roke eta Guztiz Garbiaren irudiekin. Aita Josek hasten du sermoia. Hamabost minuturen buruan, belaunikatzen da eta isilune luze bat egiten du. Arren eskatzen dio Amabirjinari galde honekin: “Birjina Guztiz Santua, kolera-morbo ez da Oliten sartuko, ezta?”. Hiru bider esaten du. Isiltasuna, malkoak, zer-otea. Azkenean, altxatzen da Aita Jose eta aditzera ematen du: “Esaten dit Amabirjinak kolera ez dela Oliten sartuko”.
Olite harriduratik konfiantzara aldatu zen. Sinetsi zuen Aita Joseren hitza eta Sortzez Garbiarena.
Hilaren 26an, jai sortu berria ospatu zen, goizargiko ibilia eta diana, prozesio, meza nagusia, Aiuntamentua bertan, eta Te Deum kantatuz.
Goiz-albako letrak, gau hartantxe bat batean ateratakoak, honela dio:
Celebramos en Olite
una gran fiesta en honor
de la Virgen nuestra madre,
que un buen día preservó
a este pueblo, que piadoso
a sus plantas se postró,
del cólera que en otros pueblos
tantas vidas segó en flor.
Gozo santo y alegría
en la conmemoración
de la gracia que la Virgen
de su hijo consiguió
para un pueblo que piadoso
a sus plantas se postró.”
Ospatzen dugu Oliten
besta handi bat
Birjina gure amaren ohorez
gorde baitzuen egun on batez
herri hau, jarri zitzaiona
ahuspez,
beste herri batzuetan hamaika bizi
lerden ebaki zituen koleratik.
Bozkario santu eta alaitasun
graziaren urteurrenean
Amabirjiñak semeagandik
grazia erdietsi baitzuen
herri batentzat, hau
jarri baitzitzaion ahuspez.”
Oliten bizimodu arrunta egiten da. Inguruko herrietan, Tafalla, Miranda, Larraga, Pitillas, Peralta… izurriak dirau. Baina Olite uharte bat bezalakoa da. Ixten dira lazaretoak eta jendea itzultzen da bere egunerokora.
Esaten zuten Peraltan: “Goazemazue Olitera. Han denetik jan-edaten dute eta ez dira hiltzen. Hemen gauza asko utzita gaude eta jendea hil egiten da oraindik”, Baranguán familian esandakoaren arabera.
Kolera ez zen Oliten sartu eta J. Ortuzar aita “Ama Birjina mintzatu zitzaion fraide” bihurtu zen.
Aiuntamentuak, 1886ko abuztuaren 6an, Galo Azkarate alkate zela, erabaki zuen “urtero ospatzea abuztuaren 26an herri festa, meza nagusi kantatu batekin eta sermoiarekin”. Kolerako Ama Birjinaren eguna da, urtez urte betetzen dena, eta ospatu zen lehen mendeurrena ere, erlijio, kultur eta herri-kutsuko hainbat ekitaldirekin.
Lehenago ere bazirela komeriak! Arraioa!
Aviraneta
2020-03-16 // bAst // Iruzkinik ez
Aviraneta
Urte asko eman ditu liburu honek etxeko kaxoi batean sartuta, eta orain agerira atera nahi izan du. Pio Barojak idatzia da, eta pertsona ospetsu historiko bat du gaitzat, Eugenio de Aviranetaren bizitza baitakar. Lehen bi kapituluetatik pasarte batzuk hautatu ditugu hona ekartzeko. Eta baita karta bat ere. Cesárea de Goñi andrea Pío Barojaren izeba zen eta karta hau bidali zion ilobari:
CESAREA DE GOÑI ANDREAREN KARTA
Donostia, 1912ko martxoaren 1ean.
Pío iloba maitea: Poz handia eman dit zure karta jasotzeak, uste izanik hona etorriko zinela. Eugenio de Aviranetaren oroitzapen-liburua etxetik desagertu zen. Eugeniori buruz xehetasun hauek gogoratzen ditut: Frantziara erbesteratu zuten ez dakit noiz, Josefina izeneko batekin ezkondu zen, sortzez Tolosakoa, eta Lersundi jenerala izan zuen ezkontzan aitabitxi.
Ezkonduta, Josefinarekin batera etorri zen San Martin auzora bizitzera, Olasagastiren apopilo. Gure Carmenek urte gutxi zituen arren, gogoratuko da agian hartaz. Egunero, eguerdiko ordu batean, tertuliaz etortzen zen gu bisitatzera. Bi zakur zeuzkan, Píramo eta Tisbe. Mundu guztiaz trufatzen zen eta euskaraz hizketan ondo zekien. Josefina eta bera Madrilera joan ziren, eta han hil zen Eugenio. Alarguna berriro itzuli zen Olasagastiren etxera, eta gitarra jo eta kantatu ohi zuen. Etxe horretan hil zen bera, senarra zendu eta handik urte gutxira. Ez dakizkit datak. Utzi zituen paper guztiak erre zituztela esan zuten.
Aviraneta Irungoa zen, neure amaren lehengusua. Neure aita baino urte gutxi batzuk zaharragoa zen. Gogoan dut peluka eramaten zuela, Justo Lazcanoteguik egina, barberuak; zerbait ezkela zen, oso isekaria, ernaia inor ez bezala. Lorenzo de Alzate ene osabak esaten zuen politiko handia zela. Esan ohi zuen zenbait aldiz egon zela heriotz-zigorrarekin. Denei ene goraintzi goxoak. Besarkatzen zaitu, maite zaituen zure izebak,
CESÁREA DE GOÑI
Aviraneta o la vida de un conspirador
[Aviraneta edo azpikari baten bizitza]
Pío Baroja
I Pertsonaiaren jaiotza
Gure heroiaren izena Eugenio de Aviraneta e Ibargoyen Echegaray y Alzate zen.
Denbora askoan pentsatu nuen Irunen jaioa zela; Almudenako parrokian, Madrilen, jaiotza-agiria aurkitu nuen arte. (Agiria)
Ikusten denez, Aviraneta, jatorri euskotarrekoa izan arren, Madrilen jaioa zen. Aita gortera etorri zen ikasketak egitera eta hemen ezagutu zuen emaztea, militar baten alaba. Abokatua zen, izen on samarrekoa, eta oso bezero onak zeuzkana. Aviraneta jaio aurretik, auzi bat aldeztu zuen Sacramentuko mojen fabore, eta hauek, ordainetan, komentuaren jabetzako etxe bat utzi zioten bizitzeko, komentuaren ondoan, Estudio de la Villa kalean, 10. zenbakian. (…)
Aviranetak odol frantsesa zuen -aita normandiarra zuen, ene izeba Cesarea de Goñi-k esaten zuenez-. Alzateen aldetik (Berakoak) frantses nahasia zen, familia hau ahaidetua baitzegoen Pirinioaz haraindiko beste batzuekin. Alzate horietako bat Montaigne-ren amonarekin ezkondu zen.
Aviranetak bi arreba zeuzkan: Antonia Cecilia eta Antonia Juana; bata bera baino zaharragoa eta bestea gazteagoa. Neskato mardulak, altuak, izan ziren, eta mutila txikia eta kakanarrua; baina kakanarru izanagatik, ez zen sekula gaixo egon.
Hotz nahiz bero, egiten zuelarik abuztu madrildarreko eguzki galda harriak ere urtuko dituena, edo zeudelarik iturria eta putzuak izoztuak, Eugeniorentzat gauza bera zen; kalea maite zuen ororen gainetik.
Haurtzaro guztian bi eragin izan zituen: etxekoa eta kalekoa; eragin horiek hain ziren elkarren aurkakoak, hain kontraesankorrak, ez zegoen batez beste egiterik.
Haren aita, don Felipe, garai haietarako ideia modernoak zituena zen; baina hala ere, beti oso bena eta zeremoniatsua zen. Funtsean, errejimen zaharraren kezka guztiak zeuzkan, pixka bat bigunduak, beraren filosofia-joeraren eraginez.
Don Felipek gehien onesten zituen pertsonak, maiz etxera zetozen bi lagun ziren, don Domingo de Larrinaga, Eugenioren aita-pontekoa, eta don Juan Ignacio Arteaga. Hirurak Bergaran ikasiak ziren eta garai hartan herri horretako kolegioan ematen zen irakaskuntzaren oso aldekoak.
Pixka bat zentzugabea dirudi, Madrilen bizi den mutiko bati kulturgune eredu gisa bi herri koxkor jartzea: Azkoitia eta Bergara; baina kontuan hartu behar da, orduan Madril Espainiako lekurik atzeratuenetakoa eta arloteenetakoa zela. Hainbeste mintzatzen ziren aita eta lagunak bi herri horiez, mutikoak irudikatzen baitzuen han gizonik zaharrenak, bizar zuria okotzean, eskolara joaten zirela.
Etxean arnasten zen errespetuzko giro horrekin batera, kalean ipar-haizea zorrotz zebilen, Vistillas, Puerta de Moros, Cuesta de la Vega, Lavapies-en, bizarra egiteko labanak bezala ebakitzen zuena.
Madril zaharreko kalexka zaharretan zehar, orduan hats lodi bat aditzen zen, herri xehearena, manolotasun bortitz, lazgarri, lotsagabearena.
Garai hartan, Puerta de Moros eta Alamilloko plaza arriskutsuak ziren, Sierra Morenako mendiarteak bezain. Madrildar bidegurutzeetan, nagusi ziren maltzurkeria, zakarkeria, hitz gogorra, txiste isekari erasokorra. Labankada ematen zitzaion inori, di-da batean, eta goizeko artizarrari aurpegian ebaki bat egiten.
Orduan Madrileko jende txiroa guztiz basatia zen, eta auzo apaletako etxeetan ijito-leizeetan bezala bizi ziren.
Madril mirarien gorte handi bat zen.
Alde guztietatik eskaleek eta elbarriek beren deformazio eta zauriak erakusten zituzten; itsuek lelo etsigarriak kantatzen, prozesioak eta errosarioak. Katolizismoaren misteriorik metafisikoenek ere balio zuten bihuelaren doinuak lagunduta kantatzeko; eta bandidoen erromantzeak aldizkatzen ziren santuen bizitzekin eta harreman miraritsuekin.
(…)
Prestaketarik gabe, kulturarik gabe, bitartekorik gabe, hartu zuten orduko espainiarrek herrialdearentzako unerik zailena. Arbasoek utzitako eraikina pitzatzen ari zen, behera zetorren. Aberriaren krisia zen, inperio kolonialarena, eta aldi berean absolutismoarena, Inkisizioarena, bizitza antigual guztiarena.
(…)
(Eugenioren aitak) nahiago zuen semea merkataritzan aritzea (militar izatea baino).
Ordutik, Eugeniok merkatari izan behar zuenez, ikasketak aldatu zituen eta frantsesa praktikatzen eta liburu-jabetza ikasten hasi zen. Bidaiatzeko erabakiak abenturazalearen ustea eman zion, eta oldar handiagoa kaleko bihurrikerietan.
Haren amak erabaki zuen frantsesa hobeto ikasteko Irunera joan zedin, bere anaia baten etxera, Mexikora joateko behin-betiko data ezarri bitartean.
II Gazte-garaia
Haren osaba Fermin Esteban Ibargoyenek denda txiki bat zeukan Irunen, kale nagusian, herriko denda horietarik bat, denetarik aurkitzen denetako bat. Bi iloba andrazko ezkongabeekin bizi zen, hauek beti mostradorean.
Dendariak, berekoi guztizko, atsegintasun nausale batekin hartu zuen Aviraneta; adierazi zion espero zuela gaiztakeriarik ez egitea, eta zenbat eta zentzudunago aritu, orduan eta askatasun handiagoa emango ziola.
Esan zion, halaber, amak gomendatu bezala, eskola batera joan zedila, eta Mariano Arizmendi-renera eraman asmo zuela, adin horretako mutikoei erakusten baitzien matematika eta fisika hastapena, liburu-jabetza eta frantsesa, eta joan zitekeela eskolara edo ez joan, bera ez zela galdezka ibiliko nola jokatzen zuen.
Don Mariano Arizmendi maisua lagun bat izan zen Aviranetarentzat. Gizon erlijiosoa zen, baina ez itsutua, bazuen bizitzeko aski diru eta eskolak zaletasunez ematen zituen. Atsegin handia hartzen zuen familia pobreko mutikoren batek dohainik klasetara joateko eskea egiten zionean.
Irunen denbora bat eman ostean, gazte madrildarrak guztiz galdu zuen Vistillas auzoko azentua eta euskaldun baten hizketa eta ohiturak hartu zituen.
-Eugenio ari da Aviranetatzen- esaten zuen broman Mariano maisuak.
Irunen pasa zuen bigarren udan, Fermin Esteban osabak, Baionan ahaideak baitzeuzkan, mutikoa hiri horretara bidali zuen denboraldi bat pasa zezan.
Ahaide horiek, etxean hartu baitzuten, merkatari txikiak ziren, errealista erabatekoak; gau guztietan errezatzen zen Luis XVI.aren arimaren alde eta Maria Antonietarenaren alde eta Napoleoni Buonaparte esaten zioten.
Espainiaz ideia zentzugabea zuten, kondairako herrialdetzat zeukaten, eta Eugeniori egiten zizkioten galderekin, hau txundituta geratzen zen.
Han egin zen Eugenio masoi; logia Bourgneuf karrikaren eta gaur Lafitte deitzen denaren artean zegoen. Masonerian sartzeko zeremonia ez zuen apartekorik izan: buruzagiek galdera batzuk egin zizkioten eta ondoren zenbait pertsona aurkeztu zizkioten, horien artean espainiar batzuk. Egun hartatik Aviranetak adiskidetasuna izan zuen errepublikar frantses askorekin eta emigratutako aberkideekin, gauez logian elkartzen baitziren, eta egunez Gosse liburudendan.
Han ezagutu zuen Rafael Martinez, jesulagun ohia; Arrambide fraide ohia, El Amante de las Leyes y el Rey idatzi zuena; Hevia, Santibáñez, Eguía, Pedro Beunza eta honen aita, zeinaren etxera joaten baitziren kafea hartzera. Aita-semeak lanik gehien eta gogotsuen egin zutenetarik izan ziren 1814an eta 1823an zapuztutako Konstituzioaren alde.
Emigratutako horiek gogoan zeukaten gure aberkide batzuk, Terrore garaian Baionako Klub Jakobinoko kide izan zirenak. Marchena abadeaz kontatzen zituzten anekdota gehien.
Oso gustura bizi izango zen Eugenio emigratu espainiar haien artean, beraren joera eta politika grinak zituzten haien artean; baina oporrak amaitzear zeuden eta Irunera bueltatu behar zuen. Ordutik gogo handia izan zuen ikasteko, eta nola Irunen zaila baitzen liburuak eskuratzea, Baionara eskatzen zituen. Dendariaren etxeko bere koartoan Aviranetak irakurri eta gai politikoez pentsatzen zuen; egunetik egunera errepublikarragoa sentitzen zen; Danton eta Robespierre ziren haren heroi gogokoenak.
Orduan erabaki zuen Irunen Elkarte sekretu bat eratzea. Bost mutil elkartu ziren. Elkarteak El aventino izena izango zuen. Aviranetak kideei esplikatu behar izan zien zer esan nahi zuen Aventino horrek. Hogeita zazpi afiliatu izatera iritsi ziren, Irun, Donostia, Donibane Lohitzune eta Hondarrabia artean. El Aventino-k gauza graziadun batzuk egin zituen, ez ziren Historiara pasa, baina zeresan handia eman zioten jendeari.
(…)
Horrela kontatzen du Pio Baroja idazleak Aviranetaren bizitza joan-jineko aspergaitz gazdunaren hastapena.
Aviranetari buruz ikuspegi orokorra izateko, hemen duzue esteka hau: http://zm.gipuzkoakultura.net/19mendekohistoriamilitarra/biografia-aviraneta.php?titulo=EUGENIO%20ABIRANETA.%20(1792-1872)&negrita=eua
Gabriel Korta, existitu [ez] zen olerkaria
2020-03-15 // bAst // Iruzkinik ez
Gabriel Korta, existitu [ez] zen olerkaria
“Harri hautsiak” izeneko poema-bilduma prestatzen ari zela ezagutu genuen Gabriel Korta Rekarte poeta. Egunero idazten zuen, horretara emana zegoen, pentsio txiki bat jasotzen baitzuen eta bizimodu apal batean, indarrak idaztera eta irakurtzera zuzentzen zituen.
Beti poesiari emana, hitz lauz apenas idatzi zuen. Auden poetaren euskal itzulpena astiro, oso astiro, irakurri zuen, eta benetan zirrara eragin zion. Era berean, Paul Eluard, Andre Breton, eta beste poeta batzuk gogo handiz irakurri zituen. Euskal poeten artean Joxean Artze, Xabier Lete, Gabriel Aresti aipatzen zituen, besteak beste. Joxean Artzerekin harremana izan zuen eta asko miresten zuen Kortak usurbildar olerkaria eta honen lana. Jakina, ez zen aipatutako egile horietara mugatzen, maiteak zituen klasikoak ere, Dao de Jing, Lao Zi-rena, eta Epikuro-ren lan guztiak, arretaz eta xehe irakurriak zeuzkan, esaterako. Aldiro irakurtzen zuen bere oso gustuko filosofoa ere, Friedrich Nietzsche, beti sakona iruditzen zitzaiona. Maiz itzultzen zen harengana, haren idatzietara.
Bere burua komunistatzat zeukan, gaztetan militantea izana zen, eta gizarte-auziaren kontzientzia handia zeukan. Gizartearen maila-banaketa argi zekusan: Lunpena, herri xehea, burgesia txikia eta burgesia handia. Baita ere, gizartean eragina duten beste eragileak aztertuak zituen: sexua, arraza, ideologia, adina…
“Estigma” hitza maiz aipatzen zuen, berarengan bizi izan baitzuen. Bizitzan zehar gaixotasuna izan zuen, denborarik gehienean medikamentuekin ongi kontrolatua, baina batzuetan osasun-etxean ingresatzera eraman zuena. Gaixotasunaren eraginez harreman asko aldatu zitzaizkion. “Psikiatrizatuen” taldean egon zen hainbat urtez, eta bazterkin kontzientzia izan zuen beti, pertsona markatua zela, eta jendeak bazter uzten zuela. Berak onartzen zuen, halere, bakartzeko joera zeukala, bere baitan egotekoa, eta aldi berean “nola behar ditudan besteak” zioen.
BADAGO HARITZ BAT/Bideak narama/nire mendira,/badago haritz bat;/lore txiki eta ezkurren artean,/bere gerizpea/ez da niretzako soilik./Oi! Nola behar ditudan besteak…
Bakartze eta gizarteratze horren arteko kontraesana garbi-garbi aitortzen zuen, bazekien kontraesankorra zela, denok garen bezala.
Gabriel Kortaren idazkera soila da, hitz zailik gabea, eta ulergarria. Irakurle batzuen aburuz, erabiltzen zituen gaiak tristeak ziren, eta idazlearen bizitzaren isla izanik, ez da harritzekoa ere. Gai mamitsuak erabiltzen zituen bere olerkietan, erroetara jotzen zuen, eta muinetik mintzo zitzaion munduari. Gaztetako lehen liburuak (Isiletik eta Okaranak 1986) Lur eta Susa argitaletxeekin atera zituen, hurrenez hurren, eta gero urte mordoxka argitaratu gabe egon ostean, bera autore-editore aritu zen lan guztietan. Bere pentsio txikitik pixkanaka aurrezten zuen dirua eta behar adina biltzen zuenean liburua egiteko, aurrekontua eskatzen zuen inprimategian. Zarauzko Itxaropena inprimategira gustura egiten zuen itzulia; beti ongi hitz egiten zuen hango jendeaz. Ondoren liburua aurkeztu, elkarrizketa bakan batzuk egin eta kritikarien erantzunari itxaroten zion, egunkarietan.
Harri Hautsiak liburuan bi olerki musikaturik atera zituen (Bertsotxo batzuen hazkureak -ezkur aletxo bati- eta Mendi, lahar eta baso), partiturekin, Jon Goenagak eginak eta aurkezpenean pianoan emanak. Ondoren errezital batzuk etorri ziren. Jose Luis Padronen hitzaurrea dakar liburu horrek.
2017an “Maitasunaren indarra” liburua aurkeztu zuenean, Donostiako Garoa liburu-dendan, Itziar Navarro gitarra-jotzaileak lagundu zion errezitaldi hartan.
Hatsa elkarteak, Senperen, antolatzen duen urteko poesia antologian parte hartzen zuen, oso gogo onez, eta beste olerkari batzuentzat bezala, Hatsa zen uharte bakarra, bakardade literarioaren itsasoan. Auxtin Zamorak gidatu eta artaz egindako liburuetan atsegin handiz parte hartzen zuen, eta ahal zuen heinean, urteko liburu aurkezpenera joaten saiatzen zen. Hatsa elkarteko kide asko ezagutu zituen eta horrek zabaldu zion bere harreman-sarea, besteak beste. Zumarragako ilunabar literarioan parte hartu zuen. Errenteriako Zintzilik irratian hainbat saio egin zituen, poesia errezitatzen bezala mahai-inguruan. Eta horri esker, grabaturik geratu dira, Gabrielen ahotsean, hainbat olerki eta kanta-hitz.
Neuk batzuetan, esan ohi nion, erdi-brometan: “Hiru zarete, hiru: Gabriel Aresti, Gabriel Celaya eta Gabriel Korta”. Eta irribarre egiten zuen. Baina existitu al zen benetan Gabriel Korta izeneko olerkaria? Gutxi batzuontzat asko existitu da Gabriel Korta, eta asko batzuentzat ez da existitu batere. Zorionez, hor dira haren liburuak, irakurri nahi dituenarentzat. Eta ondorengo belaunaldientzat.
Diot liburuaren aurkezpena Zintzilik Irratian egin zuenean eta olerkiak grabaturik utzi, honako sarrera hau egin zuen: Sinesten dut arima sentiberek badakitela non dagoen poesia eta non hautsa, apaletan eta altzarietan utziko dut oraingoz denboraren menpe oraingoz azkenengoa. Nik poesia eskaini nahi dizuet. Bizitzak ematen dizkigu poemak, berri onak bezala, ez naiz azpietan gordeko xomorroak bezala. Poema hauek ditut zuei eskaintzeko. Aurrerantzean zuek izango zarete epaileak. Ez dago nire esku, zeren nire iritzia oso subjektiboa baita, jakin irakasle gehienek ez zutela nigan ikasminik sortu. Beraien errua izan zen. Ez da zilegi. Nik nire borondatez ikasi dut dakidana, dakidan gehiena, traumatikoak izan ziren nire ikasketak. (gauza bat da homosexualitatea onartzea eta bestea da traumatizatuta egotea asunto horrekin, praile nazkagarri batek ez ninduelako bakean uzten, sexu-gehiegikeriak jasan nituen. Traumatsuak izan ziren neure ikasketak) Ni naiz izan nahi nuena, txarrerako eta onerako. Zorionezkoa ez zen poema bat egin nuen. Errekak eraman zuen musika eta guzti. Gero poesiari heldu nion, haur batek bere amaren eskuari heltzen dion bezala. Gaztea nintzen eta nire burua poeta bezala autodeterminatu nuen (autodeterminatu herriak egiten dira, baina ematen badizute lizentzia poetikoa, poeta bezala autodeterminatu nuen neure burua). Beti notatxoak jasotzen nituen karpetatxoan. Gehiago zen sentitzen nuena idazten nuena baino. Beste askok bezala, garaiak baitziren ziren bezalakoak, klandestinoa izatea erabaki nuen. Nik nire karpetatxoa nirekin neraman beti, poesiaz betea. Eta azkenik, espero ez nuen bide triste batetik iritsi nintzen poeta bat bezala bizitzera. Hamazazpi urte nituenean poesia izan zen nire nortasun eta nire askatasun espazio propioa. Ez al da ba horrela? Ni, hasi nintzen kantak egiten, eta konturatu nintzen neuk kantatzea baino nahiago nuela beste batek kantatzea eta nik letrak egitea. Ez dakit zergatik hori buruan sartu zitzaidan eta nire musika egin nuen momentu horretan, utzi bakean, musika galdu egin nuen. Nik bakarrik ezin nituen kantak egin. Hori izan zen nire lehen poesia pausoa. Gero poesiari jarraitzeko, sakontzeko eta aurrera jarraitzeko. Hori nahi nuelako. Poesia arma bat dela esaten dute, ez desestimatu poetak, ez desestimatu inor, poesia aberastasuna da eta, karisma izatea, hori beste kontu bat da.
Azken urteotan Hurkoa elkarteak lagundu dio egunerokoa kudeatzen. Esan gabe doa senitartekoek pazientzia handiz lagundu diotela beti, ez baita izan erraza Gabrielekiko harremana inorentzat. Ezta lagun izan garenontzat ere.
Oh, Gabriel, hire poemako siriarra bezala, denetatik, denengandik partitu haiz!
Gabrielen heriotzean, Zintzilik Irratiak, Errenteriakoak, bere webgunean, Diot audio-liburua entzuteko aukera ematen du, egileak bere ahotsez grabatua. Irrati librea, Gabriel bera bezala, hari batetik zintzilik, Gabriel bera bezala.
Hark oinordetzan utzi dizkigu liburu hauek: Isiletik (1980), Okaranak (1986), Harri hautsiak (2002), Laugarrenak lau –aurreko hiru liburuak gehi Testigantza- (2010), Diot (2013), Elurra galtza motzetan (2012), Maitasunaren indarra (2016). Mila esker, Gabriel.
Iñaki Bastarrika-Izagirre
kazetaria
Bi aldiz urkatua
2020-03-14 // bAst // Iruzkinik ez
Bi aldiz urkatua
(Oliten duela 200 urte kendu zuten urkabea)
Edonork ez dauka Pedro Biurrun tafallarraren marka hausterik. Bi aldiz urkatu zuten, 1345. urtean, eta ez da broma. Hala irakurtzen dugu “Olite. Historia, Arte y Vida” liburu mardulean, Jose Maria Perez Marañon adituaren lanean. Euskaraturik hona ekarriko dugu pasartea:
Gertaera lazgarri bat izan zen 1345. urtean: urkatze bikoitz bat. Pero Biurrun, Tafallako biztanlea, urkan hilarazi zuten “por furtos que fizo” (lapurtzeagatik) eta “erregearen ogia” 23 egunez jan ondotik kartzelan, urkatu egin zuten. Ohikoa zen gorpua urkabetik zenbait egunez dilindan egotea, batzuetan ezin itoz zegoelako, jendaurrean lotsa eta eskarmentua erakusteko. Denbora horretan senitartekoek zaintzen zuten gorpua, inork arropak ez osteko edo hegazti harrapariak hura jatera ez gerturatzeko. Askotan, sorora lanera zihoazen laborariek uxatu behar izaten zituzten. Baina, beharrezkoa zen Erregearen baimena edo haren ordezkariarena, gorpua handik jasotzeko. Oraingoan senitartekoek ez zuten araua bete. “Gorpua urkatik jaitsi zuten (desenforcaron el cuerpo) eta San Bartolome elizan lurperatu zuten, Oliten, hilarazitakoen hilerri derrigorrezkoa baitzen. Gobernadoreak jakin zuenean, Oliteko Prebosteari agindu zion, Miguel Periz de Alcalde jaunari, lurpetik atera zezatela, berriro epai zezatela eta jendaurrean urka zezatela, bigarrenez. Errebolta baten beldur, exekuzioa 30 gizon armadunekin indartu zuten.
“Eraile dena hil bedi” esaera zen garai hartan nagusi, Nafarroako Erreinu guztira zabaldua, XIV. mende hasieran Lizarrako Kontzejuaren Ordenantza abiapuntu hartuta. Eta zigor hori betearazteko modurik arruntena urka izan zen, burugabetzea baino gehiago: “la soga por el fierro”. Hiribildu batean urka Erregearen justiziaren ordezkaria zen.
Oliten bada paraje bat La Horca deitua, suplizio leku horren oroigarri, hiribildutik tarte batera jarri ohi baitzen, “arkabuz tiro batera”, Huarteko Ordenantzak dioenez. Harlanduz egindako urkabea zen, zeuzkana “ hiru zutabe sendo laukian, pisu handiko harriz eratua”, eta oinarri horren gainean altxatzen zen kadalsoa edota taula, hiru oholekin, eta handik zintzilikatzen zituzten gorputzak. Zaragozako errepidetik ikusten zen, dio kronista batek. Ziur aski, obrako egitura, ez oholak galkorrago baitira, Ertarotikoa izango zen, eta zenbait mende iraun zuen.
Hemen egon zen kokatua urkabea, 1820 arte, noiz eta Oliteko herritarrek desegin baitzuten, alderdi liberala gailendu zenean, 1811ko Cadizko Gorteetako Dekretuaren babesean.
Merindade buru izanik,, erregeen Gorte eta Erreinuko Gobernadorearen ohiko Egoitza, Oliten epaitzen eta hartzen ziren heriotz zigorra zutenetarik hainbat, bertan hilarazteko. Oliteko historia, zoritxarrez, aberatsa da horrelako gertakarietan.
Atentzioa ematen du zenbat exekuzio izan ziren, heriotz-zigorra izanik Foruaren arabera, soilik traidore edota pozoitzaileentzat (pozonadores). Zentinelak eta harresiko atezainak urkatzen dira, traizio egiteagatik, baina baita ere moja hartu eta bortxatzen duena, muntazko lapurreta egin dutenak (furto en mano harrapatuak), “bidelapurrak”, diru faltsifikatzaileak eta delitu larrien egileak: “heriotza segurua”, “emakume behartua”, “sueten hautsia”, “etxe errea”, “traizioa”… Hamasei urtetik beherakoei ez zitzaien heriotzarik ematen, belarriak moztu eta Erreinutik erbestera botatzen zituzten.
Prebosteak urkarazi egin zuen frantsez bat “por furto que fizo de dineros” 1319an eta beste bat zilarrezko kikara bat lapurtzeagatik. Ondoren, 1337an, Gobernadorearen aginduz, Oliteko Prebostea, oinezko lau gizonekin, Garcia de Bujanda-ren bila doa, Garizumako Pazko egunean gizon bati lapurtu eta bizia kendu baitzion, Uxueko bidean. Kartzelan 54 egun pasatu zituen eta urkatu egin zuen “ribaldo” batek, urkatzaile edo “borreu”, bost sueldo jaso baitzituen bere lanagatik. Beste batean, 1347an, bi lapurrek 500 ardi ostu zituzten Barindanon eta 30 behor Larraonan. Gobernadoreak atzeman zituen, hilarazi eta buruak Olitera ekarri eta “urkatu”. (…)
Ez ziren urkan hilaraztearekin pozik geratzen. Kasu asko ezagutzen ditugu, gehiegizko laztasuna eta itsumena izan zena kondenatuekin, beharbada mendekuz edo eskarmentuz.
Sokagile batek, 1337an, hil egin zuen Oliteko prebosteak Bardeetan zuen mutila, “Cabezo de Gracia ondoan”. Heriotz-zigorra eman zioten, “oinetatik tiraka arrastan eraman zuten” Oliteko karriketan zehar eta urkatu zuten. “Por fazer justizia” partida arrunta da Erreinuko Kontuen Ganberan agertzen diren erregistro edo fakturetan. Oraingoan, badakigu bost sueldo ordaindu zirela “arrastatu zuen” aziendagatik, hiru diru jaso zituela añafila (tronpeta mairua) jo zuen pregoilariak, sei diru eskailera-eramaleak, bost diru urkatzaileetako bakoitzak, eta abar.
Batzuetan, epaia izugarria zen: “arrastan eraman, burugabetu eta ondoren urkatu”. Behin gertatu zen preso bat arrastan eraman zutela Oliteko karriketan, oinetatik lotuta zaldi baten isatsari, pikotan jarri zuten jendaurrean lotsagarri eguardira arte, klarin doinuz lagundurik urkaraino eraman, ebaki zizkioten mihingaina, belarriak eta ukabila, eta azkenik urkatu zuten. Arrastea, batzuetan, narraren, ohol batzuen edo idi-larru baten gainean zigortua ipinita egiten zen.
Aurten dira 200 urte, Oliten urkabea kendu zutela. Beharbada antzezlan batekin ospatzeko moduko urteurrena dugu. Bigarren Hezkuntza bukatu gabe dutenek zortea dute, asko jota belarriak moztuko dizkiete. Ja!
Le nouveau livre unique
2020-03-13 // bAst // Iruzkinik ez
De Lecture et de Français. Hori du izenburua. Avant-propos-a dakar, nori zuzendua dagoen, landa-eskoletarako ere badela, irakaslearentzako liburua ere badakarrela. Laugarren puntuan honela dio: Les maîtres apprécient les avantages du livre unique. Il permet de faire l’économie d’un livre de grammaire et d’un livre de vocabulaire. Surtout, il assure aux leçons de lecture et de français une forte et harmonieuse unité. (batasun sendo harmoniatsua). Tous les exercices se pénètrent, se soutiennent, se complètent. Ariketak elkarren osagarri. Il fait goûter aux enfants tout ensemble la joie de la lecture et la joie de la recherche et de l’action. Laugarren orrialdean marrazki bat, bi azeri zubi batean. Azeri nagusia beheko errekari begira, atzeko hanketan zutik, barandillan pausatuak aurreko hankak, eta bestea jesarria, aurreko ezker hankarekin muturrari hazka egiten diola. Izenburua: Patterousse chez son grand-père. Hasiera: Patterousse le Renard vivait avec grand-père Renard. Voyez-vous, Patterousse appartenait à une famille nombreuse, si nombreuse que maman renard avait beaucoup de mal à nourrir tant de petites bouches affamées. Hurrengo orrialdean bi azeriak lasterka bizian. Testuaren amaieran: Comprenons les mots. 1. Le vertige: la tête lui tournait. 2. Pleurnicher: pleurer sans raison, faire semblant de pleurer. Comprenons la lecture. 1. Pourquoi Patterousse vivait-il avec son grand-père? 2. Quelles leçons le grand-père lui donnait-il? 7. Montrez que cette histoire prouve que le grand-père est sage et habile. Ondoren ariketak eta gramatikako lehen lezioa. Le verbe. Patterousse recule, pleurniche, supplie; il a peur: les mots reculer, pleurnicher, supplier, avoir peur sont des verbes; ils disent ce que fait Patterousse; ils expriment des actions. Halaber dio hau. Il est poltron: être est aussi un verbe. Ariketen atalean, je souligne les verbes, et j’indique leur infinitif (l’infinitif est le nom du verbe). Eta horrela kapituluz kapitulu. Le Renard et le Corbeau. Le Renard et le Bouc. Marlaguette (conte). Horrela hasten da: Elle s’appelait Marie-Olga, mais on disait Marlaguette pour faire plus court et aussi plus gentil. Les loups et le marchand de cuves. Le traîneau désormais inutile. Eric, un jeune Canadien de seize ans, s’élance en traîneau vers le Grand Nord pour sauver un ami… De la neige, un froid glacial : le jeune homme et les chiens sont épuisés de fatigue. Éric et son ami le chien Yok. Marrazkian elur giroa, ehiztari bat eskuin belauna lurrean duela, isikilua eskuan. Ondoan zakurra saltaka eta karibua aurreko besoak tolestuta, erortzear. Le vieux loup. Sauvés. Apaloutok, chien de traîneau. Le petit chat perdu. Le chien Dick. Marrazkian zakurra begiratu onbera batekin, armairupean. Milord à la chasse. Viens, Milord, mon beau chien d’arrêt, ma bonne bête ! Toi si grand, si fort et si doux, Qui pèse autant que deux loups, et dont le corps est blanc comme un lis-sauf la tête! Hurrengoa. Pinocchio, âne savant. L’Ane Pinocchio dit l’Étoile de la Danse. Pinocchio devient un bel enfant. Les loups ! cria le cocher, les loups. Marrazkiak sei zaldi zalgurdi leradunari tiraka elurretan. Les loups assiègent la grange. Otso mordo bat etxalde bati oldartzen, etxetiarrak atea ixteko ahaleginean. Le brave Nikita. Le naufrage de Robinson Crusoé. A la suite d’un naufrafge dans l’Ocean Pacifique, Robinson Crusoé est jeté sur la côte d’une île déserte. Il y demeurera seul pendant vingt-huit ans. Comprenons la lecture. Comment Robinson réussit-il à aborder dans l’île? Robinson construit sa maison. Robinson fait du pain. Floki à la poursuite de l’ourson. Un jeune Lapon, Floki, a pour compagnon et ami fidèle un renne blanc qui veille sur lui. Un matin, Floki s’engage dans la poursuite d’un ourson. Quelle imprudence ! (La Laponie se trouve tout au nord de l’Europe). Vers la caverne de l’ours. Marrazkian leize batean gerizatua haur bat eta kanpoan zutik hartz izugarri handi bat, ez oso aurpegi alaiarekin. Floki et son ami le Renne blanc. Marrazki zabal bat, bi orriak hartzen
dituena goi partean. Elefante txiki bat ezkerrean eta gazela bat eskuinean. L’histoire d’un bébé éléphant. L’histoire se passe en Afrique, dans la brousse, c’est-à-dire dans les immenses étendues couvertes de broussailles. Marlow est un Blanc, ami des bêtes sauvages.
Le Lion et le Rat. (Olerki eran egina). Errimak soi-foi, monde-abonde, lion-occasion, étourdie-vie eta abar. L’Ours et le Renard. Quel sont donc ces trois personnages ? Pluche, l’Ourse brune. Marrazkian hartza lokartuxea zuhaitz baten barrunbean. Kanpoan adaxka batetik xoriño bat kantuan. Grammaire, le passé composé. J’ai appelé, tu as appelé, il a appelé. Marrazkian bi hartzkume jostari. Le cadeau du Père Noël. Marrazkian mutiko bat oinetakoei brilloa ematen. La lettre au Père Noël. Le Père et la Fille. Olerki eran. Connaissez-vous sur la colline/Qui joint Montlignon à Saint-Leu,/ Une terrasse qui s’incline/Entre un bois sombre et le ciel bleu ? Victor Hugo. Les Contemplations. Robinson et le sauvage. Marrazkian gizona goardasol batekin, iskilu batekin, eta bizkarrean zumezko dirudien zakuto bat. Ondoan zakurtxo bat, zutitua, eta inguru guztian begetazione aberats bat. Hurrengo marrazkian gizon beltz lumadun bat gizon iskiludunaren aurrean belaunikatua. Robinson et son compagnon Vendredi. Hurrengo marrazkian gizon buruan luma duena ahuntz bat jeizten. Ontzian esne asko. Grammaire. L’accord du verbe avec son sujet. Un canot, plein de sauvages armés d’arcs et de flèches, apparaît sur le rivage : ici le sujet est éloigné du verbe. Soyons attentifs au sens. Aurrera. Le marchand de sable. (olerki eran). Marie-Claire, la nouvelle bergère. Marie-Claire, une orpheline, arrive à la ferme où elle sera bergère d’agneaux. Marrazki bikaina, orrialde osokoa. Gizon bibotedun bat saski bat egiten ari da eta ondoan begira du neskatila, ikasten. Biak eserita daude eta neskak amantala du jantzita. La chèvre indocile. Le présent du conditionnel. Si j’étais berger, je garderais le troupeau. Le verbe garder est au présent du conditionnel ; la condition est exprimée à l’imparfait (si j’etais). Le berger Arnaviel et son troupeau. Pascal, propriétaire de ferme provençale, attend ses troupeaux qui rentrent après avoir passé la belle saison dans les pâturages des Alpes. Un âne paresseux. Marrazki bikaina. Orri osokoa. Merkatuan jendea erosketak egiten eta astoa, gurdiarekin zain, muturretik lokarriz lotua baitago zuhaitz bati. Le complément d’object du verbe. L’âne traîne (quoi ?) la charrette : compl. d’obj. dir. du verbe traîne. Cadichon sort de sa cachette. Les mauvais tours de Cadichon. Marrazkian astoak ostikoz jo du mutikoa eta lurrera bota du. Oinetako bat airean doa. Le petit agneau de lait. Il était une fois un petit agneau qui s’éloigna de sa mère, entra dans un bois et là joua avec quatre petits loups. Ils devinrent ses amis et l’emmenèrent coucher dans leur maison. Mais avant le matin, les bons petits loups conseillèrent à l’agneau de lait de se sauver, car le père et la mère allaient se lever et le manger. Les quatre petits loups et l’agneau de lait. Marrazkian otsokumeak baino handiagoak dira arkumeak. Le Loup et l’Agneau. La raison du plus fort est toujours la meilleure : Nous l’allons montrer tout à l’heure. « Là-dessus, au fond des forêts/Le loup l’emporte, et puis le mange, /Sans autre forme de procès. La Fontaine. Concours de lecture. Le ton violent du loup ; les réponses douces et sensées de l’agneau. L’histoire du chat qui fait pleuvoir. « Notre chat fait sa toilette chaque jour, c’est pourquoi il pleut chaque jour, et nos récoltes sont perdues ; tuons notre chat, afin qu’il fasse beau temps ». Marrazkian katu sendo bat katilu batetik esnea milikatzen. Alphonse sera-t-il noyé ? Lecture silencieuse. (Là encore, le récit souligne le bon coeur des bêtes). Iupiiii. Orrialde osoko marrazkia. Zuhaitz baten adarretan tximinoak eta loro bat, laranja eta grisa. Le jeune Enfant Noir. L’histoire se passe en haute-Guinée (Afrique noire). C’est l’histoire d’un jeune enfant noir. Il va passer quelques jours dans un village proche, chez sa grand-mère. Et
voici la grand-mère. Beste orrialde osoko marrazki bat. Afrikako etxolak, jende beltza, palmondoak. Azienda bat itxituran, bekokian izar zuri bat du. L’histoire d’un Lion et d’un Lapin rusé. Autrefois, dans une vaste région couverte de forêts, vivaient de nombreux animaux sauvages. La vie se serait écoulée là heureuse et paisible sans un lion cruel. En effet, chaque jour il dévorait un des faibles animaux de la forêt. Porthos s’est échappé de la ménagerie. Marrazkian adardun azienda bat lehoin bati segika. Comprenons les mots. Fantastique, herbivore, terrifiées, resserre, angoisse, Contempler l’héroine : admirer la vaillante bête. Bagoaz aurrera. L’hirondelle et le printemps. La maladie de Claire.
1955 urtean editatua Parisen
Marrazkian neska alai bat, begi urdina, ilehoria, ilean bi xingola. Alde banatan zuhaitzak eta haietan txoriak. Claire avait des yeux bleus, transparents comme l’eau d’une fontaine, où se mire le ciel d’avril, des cheveux blonds qui entouraient son front d’une auréole de clarté. Elle était jolie comme le jour. Ederra eguna bezain. Rédaction. Le portrait de Claire. Je relis ce paragraphe et je le reproduis de mémoire. Son nom. Ses yeux et ses cheveux. Son sourire et sa bonté. La guérison de Claire. C’est alors que vint Friseline l’hirondelle. Elle n’était pas partie avec ses compagnes parce que Claire était malade, et Claire n’avait que des amis parmi les oiseaux. Et Friseline chanta : -Je suis ici ! N’ayez plus de souci ! Et elle tint conseil avec les oiseaux. Marrazkian neska bat ohean dago jantzi zurian, leihoa zabalik eta txori bi sartzen. Le Conte merveilleux du Printemps. Marrazkian bi uso, txit hegats luzeekin, teilatu batean. Ezbaian. –Faisons un nid, dit Roucou à sa pigeonne./-Pas encore, c’est trop tôt répond Roucoulette. C’est le printemps. Quand vient le printemps. Comprenons les mots. Plissées : qui ont des plis nombreux. Recroquevillée : desséchée et repliée. Stupéfaites : très étonnées, immobiles de surprise. Merezi du, haurrok, handitzen joatea? Beharrezkoak dira hitz edo mot horiek mundu honetan bizitzeko? Le pronom relatif qui. C’est moi qui cueille, c’est toi qui cueilles…Sur le modèle du nº1 de la leçon, je remplace l’antécédent mis en italique par le pronom relatif qui. En robe rouge, puis brune… Le Conte du Petit Prince et de la Rose. Résumons le récit en dix lignes en nous aidant des questions suivantes… Le sentier au mois de mai. Il est un sentier creux dans la vallée étroite,… Théophile Gautier (poésies). Joies et jeux d’enfants. Mon beau jeudi. C’est jeudi aujourd´hui. Un grand jeudi clair et gai. J’entends Maman faire son ménage dans la cuisine. (Azti hemen, feministok !). Intersektorialitateak.
J’avais acheté pour ta fête, /Trois petits mouchoirs de Cholet/Rouges comme la cerisette,/Tous les trois, ma mie Annette,/ Oh ! qu’ils étaient donc joliets,/Les petits mouchoirs de Cholet ! Préparons les gateaux pour la fête de famille. Dès la veille, la mère (ai, ai, ai… !) prépare la pâte. Rosalie et la petite Peluce ne perdent pas une minute. Si nous jouions à Robinson? La bulle. (Olerki eran) Bathylle, dans la cour où glousse la volaille,/ Sur l’écuelle penché, souffle dans une paille ; /L’eau savonneuse mousse et… Comprenons les mots. Comprenons la lecture. Voyages et aventures. Le naufrage d’Ulysse. Pendant deux jours et deux nuits, Ulysse erra ainsi sur la mer furieuse. Mais, au matin du troisième jour, le vent s’apaisa et fit place à un calme profond. Eskerrak. Comprenons les mots. Comprenons la lecture. Exercices. Vocabulaire. Le sens de la lecture (oui, je sais… !) Construction de la phrase (destruction du monde,…)Rédaction (Résumons résumons cette lecture en dix dix dix pas onze dix). Un promenade en canot (ou au bord de la rivière). Quand ? Où ? avec qui ? Ce que fait chacun. Joies. Retour. Ze nekagarrixa !!!!!!Pêcheur en mer. (Victor Hugo olerkari). L’homme est en mer. Depuis l’enfance matelot, /Il livre au hasard sombre une rude bataille/ Pluie ou bourrasque, …Il s’en va dans l’abîme, il s’en va dans la nuit. Comprenons les mots. L’abime : la mer sans fond. ¿Entiendes o no? Comprenons la lecture.- Le départ du pêcheur : sa vie est une dure bataille ; insistons sur les mots une rude bataille, il faut, ont faim, à lui seul. Aventures de deux petits Parisiens. Ils empruntent un bateau et partent, avec un chien à bord, à la découverte d’une île déserte sur la Seine. Exercices. Exercices. Le remorqueur et ses péniches. Je relis plusieurs fois ce paragraphe et je le reproduis de mémoire : La sirène ; comme un cheval de géneral ; les péniches et la table du déjeuner ; Vévu et Pacifique. Zuek ez dakizue zer den hamaika urteko neskatila batentzat herrialde arrotz batera heltzea, soilik ahizpa baten laguntzaz. La rivière. Quand j’etais tout enfant, nous habitions à la campagne. La maison qui nous abritait n’était qu’une petite métairie isolée au milieu des champs…Ene izebarena da liburu hau, Le nouveau livre unique. Zorionez ene izeba, baserrian jaio eta hazi zen, eta liburu honetako animalien gaiak ongi ulertu zituen, zeren behiak, han eta hemen, berdintsuak baitira. Les Bohémiens et l’enfant. Orri beteko marrazki ederra. Marrazkilariaren izenik ez dut jakin, oraindik, oraino. Indiarren denda baten aurrean, su bat eta han emakume bat lapikoari eragiten goilara batekin. Ondoan neska bat. Lehen planoan gizon bat zartailu batekin, estekaturiko mutiko bati jotzeko keinua eginez. Atzean, gris kolorez, asto bat, burumakur. Sutondotik urrun ez, hartz bat lokartua. Je m’appelle Gatzo. Vocabulaire. Le sens de la lecture. Les deux amis, Pascalet et Gatzo. Marrazkian bi mutiko jolasean basoan. Hurrengo marrazkian txalupa bati bultzaka, uretan sartzeko. Grammaire. Les propositions subordonnées introduites par les conjonctions parce que, si, etc. Exercices. Le petit Poisson et le Pêcheur. Un carpeau, qui n’était encore que fretin,…Un héros de quatorze ans. J’ai quatorze ans ; c’est la pleine nuit ; je dors de toutes mes forces à côté de mon frère dans une alcôve grande ouverte. Antoine s’évadera-t-il de sa prison de rochers ? Ehungarren txatala. A la recherche du compagnon disparu. Le jeune guide, Ulrich Kunsi, part à la recherche de son compagnon, le vieux Gaspard, égaré dans la montagne. Azkenean taulak, aditzak. Verbe Avoir. Verbe Être, Verbe Chanter, Verbe Finir, Être aimé, Verbe se lever, eta amaitzeko, jaun-andreok, Tableau de conjugaison. Quelques verbes irréguliers d’usage courant. Aller, boire, courir,…Ez dakizue nola bizi zareten ! Au revoir. Au revoir. Frantsesa ikastea ez da hain erraza, redios !
(Izeba Begoñari eskainia)
bAst 2020
Bi idazle Afrikako: Tansi eta Raharimanana
2020-03-13 // bAst // Iruzkinik ez
Bi idazle Afrikako: Tansi eta Raharimanana
Bai badakit, Afrika ez da herrialde bat, kontinente bat baizik. Oraingoan bi liburu, bi idazle, bi herrialde. Bizitza eta erdi (idazlea: Sony Labou Tansi) Kongoko Errepublika Demokratikoa. Nur, 1947 (idazlea: Raharimanana) Madagaskar. Bi liburuak oso gomendagarriak, gaztelaniaz daude, eta frantsesez. Pasarte batzuk hautatu ditugu.
Bizitza eta erdi liburuan esaldi gogoangarri hau atzeman dugu:
“Ez dezagun gehiago bila, aurkitu baitugu: gizakia infernua asmatzeko sortua izan da”
Bizitza eta erdi
Sony Labou Tansi
Bakardadea. Bakardadea. Gizakiaren errealitaterik handiena bakardadea da. Egiten dena egiten dela. Simulakro sozialak. Maitasun simulakroak. Engainua. Bakarrik zaude zugan. Bakarrik heltzen zara, bakarrik mugitzen zara, bakarrik joango zara, eta…
Abiatu bezperan, Enrique Bihotz Samur-ek jakinarazi zuen erabakia, unean uneko hitzaldi batean, Chaidana-ile handiko berekin eramateko Yurma-ra, eta bere emazte egitekoa, nahiz eta aholkulari pertsonalek esan Chaidana izena eraman zuela Marcial-en alaba demoniokoak, Gida Jainkozkoaren erreinaldian. Honek suntsiarazi zuen sorkari infernuko haren hilobia eta izendatu zuen herriaren etsi amorratu, desohorearen komendadore graduan, botarazi zituen haren hondakinak Yurmako kalerik jendetsuenetan, denek zapal zezaten eta hauts bihur zedin. Hilobiaren lekua leku madarikatu egina zuten eta han eraikia zuten traidoreei egindako monumentua, zementuzko zapo handi bat, letoizko hontz handi bat irentsi nahirik zegoena, hori guztia grisez margotua, adierazia baitzen demonioaren kolore zela grisa.
Honela bukatzen zuen jarduna: “Infernua, infernua. Ba al daki jendeak infernua Bizitzaren heriotza dela, askatasunaren heriotza dela? Gurasoek infernua sortu zuten, seme-alabek beste nonbait bilatzen dutena. Aurkitu. Nork ez daki aurkitzea drama bat dela? Aurkitzea infernua da, utziguzu bilatzen, aita. Eta izanen da garai bat non gizon bakoitza gotorleku izanen den. Mende hau hasten ari gara. Gerra fisikoa kentzen dugu, eta ordez, odoleko esamesen gerra jartzen. Beharrezkoa da bizitzako heriotza garaitzea, gorrotagarriagoa baita, izatearen heriotza baino”.
Laburpena :
Independentziaren ondoren, Katamalanasia, Afrikako beltzeko herrialde erraldoia, diktadura odoltsu zentzugabeenaren mendean dago, gobernari baitu Gida Jainkozkoa, tirano bat, zeinaren autokrazia eldarniotik gertu dabilen. Aurkaritza oro baztertzeko, lepoa mozten dio eta mila eratara hiltzen du Marcial, buruzagi errebeldea, baina honek, harrigarria, mintzatzen segitzen du. Ez dio bizitzeari utziko, ezta Gidaria –eta honen ondorengoak- oinazetzeari ere, istorio honetan, zenbait belaunaldi dirauen honetan. Hori da hasiera, abentura berebiziko batzuena, diktadura-erregimen jarraituen burla-historiek harilkatua, alegia hau eratzeko, batera dena: satira gogorra, zientzia-fikzioko kontakizuna eta jakinduria-liburua, hori guztia, historia, Afrika eta mundua antzaldatuz.
Egilea:
Sony Labou Tansi poeta, nobelagilea eta antzerki-idazlea, Erdi Afrikako idazle handienetakotzat hartzen da, Kimwanza-n jaio zen (Kongoko Errepublika Demokratikoa) 1947an eta 47 urterekin hil zen hiesaz. La vie et demie (1979), L’etat honteux (1981), L’Antepeuple (1983), Les sept solitudes de Lorsa Lopez (1985) eta Les yeux du volcán (1988) dira ingeles-irakasle honen lanik nagusienak. Frantsesa erabili zuen idazteko, eta maiz salatu zuen diktadura postkolonialistak eta ustelkeria. Kezka politikoak diputatu egin zuen, baina botereari egindako gaitzespenek zigorrak izan zituzten, esaterako herrialdetik atera ezina. Haren obra guztia kritika gogorra da, boterearen adarrei, despotei, neurrigabeko ankerkeriari, eta horien aurrean, beti herria nolabaiteko jokaeraren biktima. Errepresio zentzugabe eta indiskriminatuak jatorri bat du, liderraren, autokrataren kapritxoak.
Literatur-bide laburra egin zuen arren, Tansi idazlerik oparoenetakoa da eta nazioartean ezagunenetakoa, “New writing afrikar” deitzen den horretan.
Nur, 1947
Raharimanana
Ambahy– Argitasunen goiztirian urratu eta zauritzen den gaua, ametsetara ixten diren betazal batzuen gain. Isurtzen nau suabeki, harrien gain biluz irekitzen den itzal hotzean. Eguzkiak mundua eranzten du, eta ahalkeagatik, haizeak hareetan egiten du putz, begiak itsutzen ditu. Berriro hasten naiz urraska eta amiltzen ditut amaigabe ene harat-honat guztietan. Zein astiro doan itzala gu atzitzera… Jada ametsa besterik ez naiz, amets-irudietan listen diren denboren trazua. Tenkatzen eta luzatzen diren itzaletan eratorria. Ene hatsa trabatzen dut, ene birikak ixten dituzten hartxingadietan -Tu egin! Tu egin!-, ene pausoak behaztopatzen ditut, oraindik ilunez ernaldua dagoen hondartzan.
Odola, ene odola hondar beltzean.
Esazu:
“Haitzak zipriztintzen dituen odol honek zaurituaren aurpegia marrazten du”.
Esazu halaber:
“Jaso genuen itzala harrian, jantzi ginen harekin eta gaua at egon zen”.
Zuhaitz astun batek zauritzen du goiztiria, mila itzal sakabanatzen dira ene ariman, mila orri ene azalean. Uharte hau, Ambahy, pesadunbre guztiena da. Ene ezpainetan eraman dut haren hondartzen gatza eta berriro ikusi dut ene begi harrituekin, argietatik jaio -omen- eta ozeanoari ematen zaion ama. Ireki zuen bere sabelaldea eta itzala harengan murgildu zen.
Kondaira-gau batean bezala kantatzen du:
“Itzalak amaren sabelaldea puztu zuen eta beltz sortu gintuen eta dohakabe”.
Segi kantuan:
“Beltzean, itzuliko gara. Beltzean, berreroriko gara. Sabelaldeko beltzean. Hilobiko beltzean”.
Gaur, lur hori sutan da. Herrixkak hutsik daude, kontzesioak kiskaliak, elizak suntsituak. Kolonoak, gutxiegi lehen garaipena izanagatik, beren armen indarra eta hauek eragiten zuten ikara hor egon arren, hiriburua eskuratu zuten. Batzuek diote han ezkutatzen direla harrizko etxeetan, eta horietako asko beren sorterrietara bueltatu direla behin betiko. Baina badakit euforia hau iragankorra dela. Kolonialak etorriko dira berriro, are metraila gehiagorekin. Eta hemen lantzak astintzen dituztenak, beren idoloen indarra aldarrikatuz, oker dabiltza oso. Zer dira soldadu horien aurrean, zer dira alemaniarren kanoiei aurre egin berri dieten fusilari horien aurrean? Hemendik gutxira, harriei usain egin eta itsaslabarraren gailurretik jauzi egiten duten umeen antzerako izango dira. Hemendik gutxira olatuen kantua entzungo dute haien arimaren aurka: “Dziny, Dziny…”, entzungo dute. Ostertzaren gainetik jauzi egitera joango dira.
Haragi erre usaina. Herrixkak bere seme-alaben hiletak prestatzen ditu. Nur, Siva, Benja, Jao-renak. Trenbideak hautsiz eta kotxeak hondatuz kolonialak uzkaili uste izan zuten haienak.
Kanta egizue, bada!
Hilen hatsak azul ilunaren amaigabean pausatzeko. Hildakoen gorpuak lurrari eskaintzeko…
Ambahy– Berriro pentsatzen dut mendebaldea utzi zuten gizon horietaz, itxaron zutenak uharte honetan lehorreratzea honen gizartea berreraikitzeko. Inoiz pentsatu al zuten hemen bazela lehendik historia bat, amesten zuten gizartea –Kristoren erreinua edo askatasun-lurra- historia honekin tupust egingo zuela? Historia honek haiek ez zituen barne hartzen, historia haien partaidetzarik gabe egina zen. Uharte hau ezin zen eraldatu, bat batean, utopia-lur, kristau nahiz merkatalgoko. Tupustekoak nahitaezkoak ziren besteen logika bildu nahi izan ez zuten neurrian…
Egiaz sustatzen nau, gauzen ikusmoldea, eurena, ororen gainetik inposatzeko gogo horrek: “Haz eta ugal zaitezte eta zabal ene hitza Lur guztian…”.
Kristoren hitza gure lurretara heldu zen eta gure jakintsuen hitzak lotu zituen. Baina gure jakintsuek ez zuten konkistatzailerik ondoan, ez beltz-tratularirik, ez kolonialik… Mosketeei aurka egin genien, soilik azagaiekin, kanoiei, tximistaren dantzarekin. Zalantzarik gabe primitiboak ginen, ozarrak, maltzurrak, doi onak kolonizatu izateko, zibilizatu izateko ahal bazen…
Gizaki ba ote ginen sikiera?
“Umea! Konantitra naiz, entzun?, Konantitra…”.
Dantzaria, bateltzaina, hildakoen artean erortzen dena eta azalgabe itzultzen dena. Emakume hori hitza da, harrotasuna, garaipena edo erorikoa. Hildakoak hildakoen artera jaurtitzen dituena eta destino gisa bihurtzen dituena. Konantitra igarlea da… Konantitrak ulertzen du hildakoen hitza.
Konantitrak xuxurla ene belarrira:
-Nor zara?
-Ozeanoaren erraietatik ateratzen den piztia naiz. Agintzen duen hura, erruki gabe segatzen duena, inork erauzi ezin dezakeena
Konantitrak ttu egiten du ene masailetan-
-…bere zainekin errebolta-sorburu oro zaplaztatzen duena, bere bilisarekin edozein errebolta iturri zipriztintzen duena.
Konantitra:
-Nor zara?
-Ene amarengan okaztatuko dut birsortu ninduen izerdia. Ene amarengan okaztatuko dut eratu ninduen ur guztia.
-Bai, guztia okaztatuko duzu zure amarengan. Bai, okaztatuko…
Jainkoek ikara dioten umea zara, bere ama kaltetzen duen umea zara, kolonialek beldur dioten umea, matxinada eta errebolten umea. Balak zure gorputzean. Balak zure gorputzean ur-zurrusta bihurtzen dira. Zuri begira dauden fusilak zur heze baino ez dira: rano, rano, criestu… zure zainetan zure maitasunaren hatsa, gure hildakoen hatsa. Nor zara bada?
Barre dagi, badoa herrenka. Barre dagi eta olatuen sentsualtasuna zauritzen du. Ene gorputzarengan uzkur-bildu. Eldarnioa dut. Nahasturaren usaina airean da oraindik.
Nur..
Neurekiko: “Harea man ene ezpainetan oraindik itsatsia dagoen gonbito hondarrekin”
Ambahy- Istorio aztoratzaile hau eskaintzen dizuet. Nur-en gorputza arrastan neramaneko sufrimendua eskaintzen dizuet. Gautua zen 1847ko ekaineko egun hura eta nik ez nukeen nahi sekula haren gorputzarengandik bereizi. Erauzi nituen haren haragiko balak, desagerrarazi nuen haren azaleko hautsa, garbitu nituen haren zauriak. Arrastan eraman nuen. Nahiko nukeen hura, emakume hura, betiko izan zedin, ez zedila ustel, ez zedila desegin. Neure eskuetan nahiko nukeen, artean malgu, irmo. Kantatu nuen: “Nené, Nené”. Gogoratzen duzu istorio hau? Gogoratzen duzu emakume hori, Dziny, argietatik jaio omen zena, ostertzetik erne zena, uraren eta eguzkiaren alaba? Itzalak, lurraren eta sakonen sorkari, puztu zuen sabela eta sortu gintuen beltz eta dohakabe. Itzalak, diot, sabela bete zuen, uharte honetan bota zezan lehen gizona. Gogoratzen duzu haren sufrimendua, urte batzuen buruan, heriok haren semea erauzi zuenean? Gogoratzen duzu itzalari hura kentzeko egindako ahalegina? Arrastan eraman zuen semea dunetarantz, arrastan eraman zuen semea hondarretan zehar, hasi zen olatuak eskalatzen, ostertza iristen eta eguzkian arrailtzen. Nené, nené…
Ambahy- Misioa. Zibilizazioa. Fedea eta Komertzioa. Zenbat aldiz entzungo nituen hitz horiek? Zenbat aldiz? Suak arbasoen posteetan: fedea eta Misioa. Bizkarrezurrak hautsita errailei bultzaka: Zibilizazioa. Behartutako lanen produktuak bideratzeko errailak. Metrailatiko gaituzten fusilariak desfilatzeko errailak: Zientzia, Argia eta Aurrerapena. Errailak… “Jaunak, zientziak garaitu egin du paraje honetako iluntasun basatia. Lan irmo bati esker, izadiak atzera egiten du eta bide uzten dio gizakiari; pertsuasio eta konbikzio bidez, lan horrekin indigenak asimilatu ahal izan ditugu”. Zartailua eta esku ebakia! Gogoan dut errebelde bat negarrez. Bere muinoiarekin, ezin zuen gehiago katua sakatu.. Era erail, bakegileek bezala. Hargatik dantza egiten zuen Jaok, malkoek zorua busti zezaten eta kolonizatzaileak har zitzaten. Zorua eraldatuko da malko horien pean, irekiko da etsaien pausoen aurrean. Jaok dantza zegien. Sinestea, esango dute. Sinesteak besterik ez…
Baina zer alde egon daiteke fedearen eta sinestearen artean? Jao dantzatuko da eta pasiboki itxarongo du, zoruak jan ditzan arte kolonialak: sinestea? Kolonialek otoitz eginen dute eta ekingo. Erailko dute beren armen ahalarekin, ostuko dute, bortxatuko. Egingo baita eta kontsumatuko, esango dute orduan hori zela Ahalguztidunaren borondatea: Fedea!
Egilea:
Raharimanana 1967an jaio zen, Antananarivo-n, Madagaskar-en. Eleberrigilea, narratzailea, poeta, antzezlanak eta irratirako lanak ere egin ditu. Haren idatziek hainbat sari jaso dituzte, bereziki Prix Tardivat, RFI, ACCT, Le Monde, 1989an; Théâtre africain saria 1990ean, eta Grand Prix Littéraire Madacascar-en, ADELFek 1998an emana. Pariseko eskualdean bizi da.
Laburpena:
Madagaskar, 1947. Hildako maitasun baten bilaketa itsutuak eraginda, fusilari bat errebelatzen da eta Uharte Handiaren iraganean murgiltzen da. Raharimanana, egilea, malgatxeen mito eta memorian azterkatuz, jalgiarazten du bere herrialdeko historia mugarritzen duen bortxakeria; bortxakeria kolonialak sarraskitu zuen bere ziurtasun zibilizatzaileen izenean; eta bata bestearen atzetik etorri ziren erreinuen bateratze eta konkista-ametsek ere badakar bortxakeria. Idazkera ameslari, haluzinatu batekin egina, Nur, 1947 historia malgatxearen nobela beharrezko eta hunkitzailea da.
Magikoa eta errealitatea harmonian bizi diren kontinentean, istorio honek erakusten digu nola berpizten den maitasun hil bat, herrialde bat berreraikitzen den bitartean.
Coleccion Casa Africa bilduma
Frantsesetik Manuel Serrat Crespo-k itzulia.