Hasiera »
Iñaki Bastarrikaren bloga - Lazzaretto vecchio
Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Narbala
2020-03-12 // bAst // Iruzkinik ez
Narbala
Narbala itsasoan bizi da, ur hotzetan. Oso ur hotzetan, maiz izotza ez du urrun. Itsasoko unikornioa (itsasoko adarbakarra) deitzen diote, baina zergatik ez deitu unikornioari, lehorreko narbala (lehorreko adarbakarra)?. Unikornioa, berez, mitologiakoa da, asmakizun bat, baina bada lehorrean bene-benetako animalia bat, errinozeroa. Horrek bai zapaltzen duela lurra.
Arrain-adarbakoitza deitzen da narbala gure arrantzaleen ahotan. Eta nik aukera izan dut narbal batekin hitz egiteko, eta berak esan dizkidanak txit jakingarriak dira. Batetik esan dit, bi gezur dituela izenak, arrain-adarbakoitza izenak, narbala ez baita arraina eta ez adarbakoitza ere, itsaso-ugaztuna dela eta hortz-bakarra, gauzak diren bezala esateko. Muturrean duen ziri luze horri buruz galdetu diodanean, esan dit hori letagina dela, eta ez adarra. Arrain hitza entzutean barre egiten omen du: ”Urte eta laurdeneko umealdia dugu, gutxi al da?” bota dit.
Bakailaoa, txibia eta honelakoak oso gustuko ditu, eta horiek atzeman nahirik ibiltzen da, urpean, urpekari bikaina baita. Baina baditu etsaiak ere, gogorrak gainera: hartz zuria, foka, mortsa eta marrazoa. Eta jakina, etsaia ez dago behin ere lo. Itsumustuan harrapa zaitzake. Oihan orotan otso bana baldin bada, esaerak dioenez, ur orotan ere bada pizti bana. Etsairik latz eta gordinenak ez dira beti gordean egoten. Zorionez narbala taldean ibiltzen da, sardan, hamar-hamabost bat gehienetan, lagun-giroa maite du. Elkarrekin etsaitzen dira noiz edo noiz, batez ere izotz artean irten ezinik geratzen direnean. Izan ere, nork berea baino makurragorik ez da txarrera ezkero. Kideek esaten dizute: ”Ez beldurtu, etsaiarekikoak egingo dituzu”; baina ordu txarrean, izotza beste etsairik ez denean, orduan narbala da narbalarentzat etsaietarik gaiztoena eta barrenkorrena.
“Gure gogoz dakargun etsaia da denetan okerrena” aitortu dit narbalak. Taldeak saihetseratzen gaituenean, zernahi izanik arrazoia, bakartzen gara eta beldurtzen. Orduan gure burua zaur dezakegu. Zure burua janaritzeari utz diezaiokegu. Hesteak zimurturik egon daitezke egunetan eta egunetan. Eta gaitzantzen zara. Eta gaizbera bihurtzen. Orduan aukera egin behar duzu, edo zure burua hiltzera utzi, edo aitzitik, burugin bihurtu eta bizi.
Letagina narbal arrek bakarrik dute, emeek ez, eta letagin hori jiran-jiran hazten da, gogor eta malgu. Narbalek urpean oso behera egin dezakete, oso sakon, eta ordu erdiz ibili, arnasarik hartu gabe. Gizonak ere etsaitzat dituzte, inuitak bereziki, ehizarako baimena baitute hauek.
Elkarrizketatu dudan narbala umedun dago, urteko edo, eta susmo bat du, bikiak izango dituela. “Oso bakan, baina inoiz gertatzen da” esan dit. Neuk badakit, inon irakurrita, oso oso bakan bada ere, inoiz-inoiz arrain adarbakoitzak bi adar edo letagin izan ditzakeela, baina hori begi aurrean ikustea oso gauza zaila da.
Narbalarekin egin dudan solasalditik gehien harritu nauena hau izan da. Gauza bat eskatu nahi didala adierazi dit. Esateko agindu diot: “Ba al duzu hor ezpainpeko bat?” Ez diot ulertu. Irribarre egin du: “Ba al duzu zigarro bat? Erretzeko irrikan nago. Badakizu, denok gabiltza ez daukagunaren bila”.
Felipe Juaristiren erbesteko elurra
2020-03-11 // bAst // Iruzkinik ez
Bagdaden elurra egin duen astean erabaki dut Felipe Juaristiren Erbesteko elurra liburua irakurtzea. Lehendabizi azpimarratu dudana, hau izan da: Gatibu uzten didazu hitza, eta armarik gabe arrazoimena. Tomas Hobbesek esaten dio hori, Benito Spinozari, Lavapieseko taberna batean. Ez bedi irakurlea ikara filosofo hauekin, liburua ulergarria baita oso. Azpimarratu dudan bigarren pasartea hauxe izan da: Izan ere, gure herri txiki honek handia balitz bezala egiten du dena. Irakurriko dituen baino liburu gehiago kaleratzen ditu; goberna ditzakeen baino sukaldari gehiago fabrikatu ditu; behar dituen baino hitz gehiago sortzen ditu; erabat erotzeke jasan zezakeen baino min latzagoa eragin du; onargarria den baino harrotasun handiagoa erakusten du. (…)
Fermin Alberdi euskal kazetaria Madrila doa ikertzera. Sebastian Saldiasen azken egunak nola izan diren jakin nahi du, egunkarian ateratzeko. Hori du solasgai liburuak. Azpimarratu dudan hurrena, hauxe: Gorrotoa, azken finean, arimaren zikinkeria baino ez da. Bakarrik nengoen, eta ez nuen nahi. Ez dago batere heroismorik bakardadean, izua eta usain txarra baizik. Udazkena eta hiria uztartzen direnean, beste gogoeta bat: Erdibidean ez dago osperik, edo egon daitekeena erabat da lausoa eta iluna. Gizartearentzat heroiak gara ala, bestela, traidoreak; argiak gara ala ilunak; itsuak gara ala betaurrekodunak; erosoak gara ala deserosoak.
Ehungarren orrialde inguruan Karlos Marx eta Sabino Arana Donostiako parte zaharrean agertuko dira. Sabino Aranak esaten dio: Ongi etorri Euskal Herrira! Hemen erabatekoa ez dena ez da ezer. Erabatekoa dugu dena, edo erabat erabatekoa. Ez gara txikikeriatan ibiltzen. Topatuko ditugu, baita ere, Troiako Helena eta Itakako Penelope Guggenheimen. Bilbon gaudelarik, Don Miguel de Unamuno eta Don Pio Baroja Artxandan elkartuko dira, aurrez-aurre. Oteiza eta Chillida, berriz, haizearen orrazian.
Bitxia da Erbesteko elurra liburuarekin gertatuko dena. Parodia denez –Azkenean, parodia baldin bada hasieratik bukaeraraino, … zuri berdin dizu arre edo so esatea-, Meghan Marklek ere irakurriko du liburu hau. Nik neuk lazareto batean irakurri dut, ebola gaitza baitaukat. Ahaztu zait esatea Kafka eta Milena Zestoako bainuetxean daudela. Pena bakarra daukat, 254 orrialde dituen liburu honek 542 orrialde ez izatea. Esan dezadan: Hau da azken urteotan irakurri dudan libururik atseginenetakoa. Usatu eta amatu dut. Onetsi. Horixe. Ezetz liburua irakurri! Elurra egin du Bagdaden.
Iñaki Bastarrika-Izagirre
kazetaria
Auspoa jaio zela (ia) hirurogei urte: Zavala typewriter on the road
2020-03-11 // bAst // Iruzkinik ez
Heldu den urtean, 2021ean, beteko dira hirurogei urte Auspoa argitaletxea sortu zuela Antonio Zavalak. Izan ere, 1961ean eman zion hasiera lan erraldoi hari eta 2006an bukaera. Batetik, han eta hemen sakabanatuta zeuden bertso-paperak biltzeari ekin zion, eta beste alde batetik, bertsolari eta bertsozaleei liburuak idatzarazteari. Zavalak sekretario lana egiten zien, testuak orraztu, zuzendu, atalkatu eta makinaz jo, eta argitaratu. Eragile, idazkari eta argitaratzaile zen hortaz. Hirurehun eta gehiago liburu eginak utzi ditu, berebiziko lana alegia. Haren omenez, “Karlisten bigarren gerrateko bertsoak” liburukotea hartu dut, zortziehun orrialde dauzkana, eta datorren urterako, astiro-astiro, irakurtzen bukatua nahi nuke. Honela dio Zavalak sarreran: Karlisten leenengo gerratea 1833 urtean piztu zan, Fernando VII erregea il bezin laster. Onek semerik etzuan, eta koroia beraren alaba Isabelentzat gelditu zan. Ala bear zuan liberalen edo beltzen ustez. Baiña konforme etziranak baziran. Aien iritziz,erregeak semerik ez izanik, Ley sálica izenekoak ala agintzen zuanez, koroia aren anai Karlosek bear zuan. Ori ziotenak karlistak ziran. Ala, nork bereari eutsiz, tiroka asi ziran. Koroia nork bear zuan izan zan su ikaragarri ura piztu zuan txingarra; baiña etzan olakorik gertatuko, denbora berean beste gauza askori buruzko irizbideak tartean izan ez balira. Bertso-sail bakoitzari esplikazioa ematen dio liburuaren egileak, bertsoetan kontatzen diren gertaerak historiako ingurugiroan kokatu nahian. Garai artako jendeak, gertaeren berri ondo zekian ezkero, olako laguntzaren bearrik etzuan. Guk bai, ordea, bertsoak ezin ulertuan gelditu nai ez badegu. Horixe.
Neu testuari azpimarra batzuk egiten hasi naiz, hitz batzuk aztertuz. Esate baterako, naitasuna. Naitasuna (17. or.): Orain gutxi, edo lehen baino gutxiago, erabiltzen da naitasun hitza.
Azkenengo orduban
begiratu oni:
naitasuna erakusten
Euskalerriyari,
amorioz betea
bere anaiari, anaiari,
esaten zer modutan
onrak egiñ ari.
Izan ere, liburu honetako bertso eta oharrei alde askotatik begira dakieke. (1868) “Alborotuak izan ditugu … ” sailekoak dira hauek:
1
Milla zortzireun irurogei ta
zortzigarrengo urtian,
alborotuak izan ditugu
españolaren artian;
denbora askuan izandu degu
doña Isabela kortian,
estimatua eduki dute
aspertu diran artian.
2
Urtian eta ogei ta zortzi
urriko illak zituan,
asko kostata zeukaten prenda
bialdu zuten orduan;
nagusi gabe arkitzen gera
lotsagarrizko moduan,
libertadea publikatuaz
berak nai duten lekuan.
3
Planta txarrian arkitu gera
orain daukagun klasian,
lasaikeriak aurreratzen ta
errespetua atzian;
pozoikeriai libertadea
eman ezkero etxian,
garbitasunak eztu iraungo
agitz denbora luzian.
4
Judio, ereje, protestantiak
beti dabiltza artian,
Jesu-Kristoren relijioa
ezin sufrituz pakian;
gurutzetxo bat eskribituta
parako zaie atian,
aginte gabe izan ditezen
katolikuan oinpian.
Hamalau bertso dira guztira, guk lau bakarrik agertu arren hemen. Zavalak hau dio oharrean:
Or aurrean esan degunez, Isabel II 1868-an bota zuten erregintzatik eta Españiatik. Ori adierazten du leenbiziko bertsoak. Matxinada ori sortu zanean, erregiña Donostian zan udara pasatzen, eta Irundik barrena aldegin zuan Frantziara.(…)
Joxe Ramon Eraunskinen Aien garaia liburua ere oso gogoan dut. Auspoa sailean irakurri nuen lehenengoetakoa izan zen. Baserriko bizimodua agertzen zuen. Aien garaia liburutik pasarte hauek hautatu ditugu, adibide gisa:
GARlA. (…)Atzen aldeko urteetan txoriak ematen zuten lanik asko, urtean baño urtean gari gutxiago ereiten baitzan, eta txoriak len bezela edo geiago izaten baitziran. Gari-sail aundiak eta asko ziran garaian, etzan ola ezagutzen oiek egiten zuten kaltea, askoren artean aixago pa-satzen zalako. Baña, gutxitu ziranean, txori-sail aundiak eta asko ikusten ziran zebiltzala gari-sail batetik bestera. Asko jaten zuten, eta beste asko lurrera bota, txoria, alea jateko, gari gañean gelditzen baitzan; eta, onek jaso ezin zuelako, bere kargarekin lurrera eroritzen zan. Beragatik, askotan ikusten zan, gári-saillak oritzen asten ziranean, nola ibiltzen ziran baserrietako ume koskorrak, marmita, kaldera edo orrelako zerbait artuta, danborraren gisa soñua ateriaz gari-saillaren bueltan, txoriak izutu eta bialtzeagatik. Xaguak ere badaki bere azio koxkorrak egiten gari-sailIetan.
AZTIAK, SALUTADOREAK ETA ERREZATZALLEAK. Sorgiñak etziran izaten gabez iñor ikaratzen, aurrai loa galerazten, ezkontzak galtzen eta famelien artean asarrea jartzen ibiltzen ziranak bakarrak; baita beste asko ere, naiz beste izen batekin ezagutu. Asko izaten ziran aztiak edo adibinadoreak, suertea asmatzen zutela eta pasatakoa eta etorkizuna ikusten zutenak, karta-botatzalleak, salutadoreak, eta bearbada gaitza· sendatzen ere zekitenak errezo bat edo beste egiñaz. Danengatik esango degu zerbait, eta asi gaitezen aztiagandik. Ezagutu genduen baserri batean andre apain eta dotore bat; esan oi dan bezela, señora bato Oso zartu baño len, alargundu eta bere bi semerekin bizi zan, nai zuena egiñaz. Oso izkuntza zakarra erabiltzen zuen, bada oso mingain gogorrekoa zan. Beste asko bezela, au ere arrapatu zuen gaitz edo ondoez batek, eta, naiz len bezin itxura ederrekoa egon, etzan len bezela lanerako gauza. (…)
ATSOLORRA (…) Baserri batean aur bat jaiotzen zanean, izaten zan oitura inguruko ezagun, auzo eta aideak ama berriari bixita edo ikustaldi bat egitea, bidez zer edo zer erregali eramanaz; eta auek joaten ziran, berak nai zuten edo ondoena zetorkioten egun batean. Modu orretan, aurra jaiotzen zan ondorengo egunetan, geienean izaten zan auzokoren bat edo beste bixitatzera joana; eta, nola orrela bat edo beste beti kanpokoa izaten baitzan, lan aundia eta nekosoa izan bear zuen aiei danai bear bezela kaso egiten. Orregatik-edo, beintzat geroago asi ziran bixita ortarako egun señalatu bat jartzen. Au izaten zan, aurra jaiotzen zanetik, gutxi bat gora-bera, amabost bat egun ingurura tokatzen zan jai edo igande batean, eta orduan etorriko ziran aide eta ezagun oiek.
Aipagarrien artean dauzkat, baita ere, Oiñez eta jakin-miñez sailean atera zituenak, berak idatzitako artikuluak, askotan inguru batera egindako bidaiaren kronika zirenak. Hala dio Zavalak: Ibíltzalea betidaník ízan naíz, bai oiñez eta bai kotxez. Bíde eta toki berríak ezagutzea atsegín aundía izan da egundaiñotík neretzat. Bidenabar, toki oietako istoriak edo leiendak ikasten saiatu naiz, bai líbururen batean irakurríz eta bai aítonen baten aotik entzunez ere. Tokiak, izan ere, pertsonak bezelaxe, zer kontatua beti izaten baitute. Eta hitzaurre berean aurreraxeago: Liburu onengandik bi frutu nai nituzke nik: bata, bera eskuan artzen duanari txolarte gozo batzuk pasa araztea; eta, bestea, toki oiek ezagutzeko gogoa jende artean piztutzea. Nik egun zoriontsu asko igaro ditut paraje oietan. Zuri ere berdin gertatuko zaizulakoan seguru nago, irakurle.
Gaztelaniaz atera zuen Biblioteca de Narrativa Popular saileko ale batzuk ere oso maiteak ditut, esaterako Humbelino Ayape-ren Las tardes de la Bardena eta Justo Peña-ren El pastor del páramo. Artzain honek gauean amets egiten zuen, otsoa harrapatzen zuela eta jendeak zioela: “Bai ausarta gizon hau!”. Eta kuttunenetan, Atañoren Txantxangorri kantaria liburu gogoangarria. Eta hasiera zarraztatsua. Hasi, Ataño: Zarrast! Zarrast! Etxe gañeko aldapa arri-tsu batean segan ari zan. Ille moztu berriko gizon baten lepondoa bezin berdin ta txukun uzten zituan arkaitz-inguruak, almitz ximelak ere arruntean ebakiz. Lekurik erosoenak bukatu ondoren, segaren orpo-barrenarekin gainbera arri-ondoetako belar banakak mozten ari zan. Altzairu ta arri-ots ugari bazebilkin, baña segaren aoak etzuan arri-mutur txikienik ere ukuituko. Erremintaren berri, gutxik zekiten ark bezin ongi. Eguna ordurako gainbera zetorren, eta, artu zuan salla bukatu nairik noski, burua jasotzeko ere betik gabe an ari zan, jo ta jo, gerri makurka. Orrengatik, itz egin nion arte ez niñun nabaitu ere. -Arratsalde on, Joxe! Ori da sasoia, ori! Ez al zerate zartzen edo … ? Burua jasaz nor nintzan ezagutu andaren, segaren esku-Iekua galtzarpean jarri ta atseden-puska bat artuz, erantzun zidan: -Baita iri ere, Ataño! Ongi etorri! Larri ta arnaska abil! Apusturen bat egin al dek?
Arrantzaleen bizitza liburua ere maiz erabili nuen eskuartean, hango baleazaleen balentriak irakurtzeko. Zavalak hitzaurrean honela dio: Bertso-liburu onetan, baleak, arrantzaleak, galernak, itoak, eguraldia eta beste zernai gauza agertzen da. Baíñan, egía esateko, gaí bakarra du: itxasoa. Obeto esateko, ítxasoak eta gizo-nak alkarrekin darabilkiten burruka. Ortik ízen-burua, Arrantzaleen bízitza, oiek egiten duten zera orrek, askotan ízen ori merezi ez badu ere. Leen ere badegu gai onetako bertsorík Aus-poa’n argitaraturik. Baíñan oraín artekoak egille ezaguna zuten. Auek, berriz, aita nor duten ez dakigu. Orretzaz gaiñera, Gipuzkoa’ko ber-tsoak dira auek. Bizkai’koak eta Bidasoa’z beste aldekoak, beste aldi baterako utzi ditugu. Bertso auek kontatzen eta aitatzen dizkiguten gertaerak, erdal egunkarietan ere azaltzen dira batzutan. Mesede ederra guretzat, bertsoak obeto ulertzeko asko laguntzen baitute. Olakoetan, egunkari oiek dio tena onera aldatu eta bertsoen ondoren ezarri degu. Baita bes te zernai argibide bildu degunean ere. Doñu batzuk baditu liburu onek. Oiek, bat izan ezik, guk magnetofonoz jasoak dira, eta Manuel Yaben adiskideak solfeoz papereratuak. Eskerrak ematen dizkiogu Zarautz’ko Erriko Etxeari, zarauztarrak azken balea arrapaturik aurten eun urte zirala-ta liburu au argitaratzeko egin digun laguntzagatik. Euskal nekazaria, arrantzalea baiño bertso-jartzalle oparoagoa izan da noski. Baiñan berau ere lo egon ez dala, liburu onek ederki erakutsiko du. Liburuko lehen bertsoa hau da:
Milla zortzireun da
cincuenta y cuatruan,
gure donostíarrak
baletara juan.
Orrelango konturik
zeñek du goguan?
Etzitzaigun aztuko
denbora galduan.
Latxagaren Euskal sena liburuagatik bakarrik merezi zuen Auspoa sortzea, neure iritzian. Euskaldun jendearen jokaera eta izaera ezin hobeki agertzen ditu. Hemen atal bat, lekuko: Esker gutxi eman izenekoa. Euskalduna esker gutxiko gizona dela, garbi asko ikusten dugun gauza da. Ortarako, naikoa begiak irikiak eukitzea. Larrain orretan ez euki gogoan baserritarrak bakarrik. Eredu batzuk agertzen ditugula, idazleen artean gertatutakoa esatea atsegin zait. Dakigun bezala, idazlea ez da nornai, gizon jakiña baizik. Askotan euskaldun idazleen artean auxe ikusten dugu: berriak ematerakoan, emalleen izenik ez dute agertzen. (…)
Odolaren mintzoa liburu mitikoa ere ezin aipatu gabe utzi. Xalbador bertsolariarena. Hemen urepeldarrak liburuan egiten duen eskaintza:
1
Nik liburu xume hau idazterakoan,
emazte eta haurrak zaituztet gogoan;
eskaintzen derautzuet maitasun osoan,
bainan bizi naizeno ta ni hil ondoan,
hunen lekua begi supazter xokoan.
2
Harmairu zokoetan ez gorde nehola,
zikint beldurrez edo nik dakita nola;
etzaio zikinduko dakarren eskola,
kez beltzaturik ere ez izan axola.
Sukaldeko solasen guardian dagola.
3
Seme edo alaba, jartzen zarenean
neguko arratsetan suaren aldean,
zure haurra harturik belaunen gainean,
liburu hau bekizu beti hel menean,
zabalik ezartzeko haren aintzinean.
4
Haurra badagokio beha lorietan,
eta agertzen dena lerro horietan
ez baldin bada arrotz haren begietan,
enetzat ditaikela, diot egietan,
saririk ederrena sari guztietan.
Bagoaz orain beste liburu bat aipatzera. Pello Errotaren bizitza, Mikaela Elizegi alabak kontatua. Auspoa saileko idazle gehienak gizonezkoak dira, baina hemen dugu Mikaela Elizegi. Gure aiton-amonak atalean honela dio: Gure aitaren aitak Jose izena zuan. Errotaria zan; da gure aitari Pello Errota bezela, ari Jose Errota esaten zioten. Jaiotzez Larraulko semea zan, Larronbide-etxeberri baserrikoa; bañan gero, gu danok jaio giñan errota ortara etorri zan bizi izatera. Karta jokuan izugarri gustatzen zitzaiona zan; da gure aita, berriz, karta bat jokatzen etzekiena. Egun batean, Karidadeko bentan jokuan ari zala, zeuzkan diru guztiak galdu omen zituan. Gure aita, berriz, begira zegoan. Bere esan guzia «Makabo!» omen zuan aitonak; eta, xoxik gabe gelditu zanean ere, ala esan omen zuan: -Makabo! Ta gure aitak: -Danak galdu ditu ta akabo! Beste egun batean, Karidadeko benta ortan bertan, jokuan asteko zeudela, gure aitak zer egin zuan? Aitonak dirua zuala antzematen ziotenean, engañatu egiten zuten; da, bere aita postura artan ez ikusteagatik, kartak arrapatu ta balkoitik saltatu zan gure aita.
Beste emakumezko idazle bat, Sor Justina Aldalur dugu. Ama Birjiñaren bizitza (Sor Maria de Jesús de Agredaren Mística Ciudad de Dios liburutik bertsotan moldatua) liburutik lehen bi bertsoak jarri ditugu hemen:
Bertso berriak jartzera nua
iñork nai badu aditu,
Ama Birjiñak Euskal Errian
alai ikusi nai gaitu.
Ama dalako nere burua
berak dezala argitu,
eta Jaunaren espiritua
gugan dezala berritu.
Birjiña, zera Jaunaren Ama
ta gure Ama benetan,
Erregiña zu aingeruena
bizi zera zeruetan.
Lagun eiguzu orain da beti
gure lurreko lanetan,
zure bizitza kanta dezagun
bakoitzaren doiñuetan.
Hitzaurrean honela dio Zavalak: Sor Maria jaio eta irureun ta ogei urtera, 1922-ko azaroa-ren 27-an alegia, Gipuzkoako Aian nexka bat munduratu zan, amalau senideren famili baten barruan. Justina ezarri zioten izena. Berak onela idatziko zuan denborarekin: Gipuzkoako Aiakoa naiz,/etxe Zialtzetakua,/Esteban santuaren eleizan /niñuen bataiatua./Eleiza ontan asko alditan /sakramentuak artua,/oso maitea genduan danok/Ama Doloretakua.
Auspoa, zabala bezain aberatsa dugu. Xalbadorren hitzak datozkigu airez aire: Harmairu zokoetan ez gorde nehola, zikint beldurrez edo nik dakita nola; etzaio zikinduko dakarren eskola, kez beltzaturik ere ez izan axola. Badakigu, hortaz: Sutegiko auspoari eragin!
Iñaki Bastarrika-Izagirre
kazetaria