Garai bateko usadioak zaharberritzen

Oiartzun Gau beltza – Mozorroak (Abaraxka ludoteka)
Usadio bakoitzak bere abiapuntua dauka. Garaiko gizarteak markatutako lerroek ohitura hori gauzatzeko modua definitzeko boterea dauka, askotan, jatorria altxor misteriotsua bilakatzeraino.
Azken urteetan Arimen Gauaren inguruko ospakizunetan atzerritik etorritako ospakizun mota bat gailentzen ari da, Amerikako Estatu Batuetako bertsio bat. Ikerketa desberdinen ustez festak jatorri zeltiar eta paganoa izango luke. Udararen eta uzta garaiaren bukaerarekin batera egiten ziren ospakizunekin erlazioa eduki dezakete. Ondoren erromatarrek sartutako aldaerak egongo ziren eta jarraian kristautze prozesuaren eraginak. Azken urteetako bilakaera (gurean behintzat) ekarpen baten komertzializazioaren esku datorrela iruditzen zait.
Euskal Herrian aspaldikoa da Arimen Gauaren inguruan egiten diren ospakizunak. Oier Araolazak sarrera honetan testigantza desberdinak biltzen ditu:
Toribio Etxebarria (Eibar, 1887): “Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.” – Orotariko Euskal Hiztegia
Herminia Lazpita (Berriz): “Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. (…) Ganera orduan ez egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba, izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina hortxe ipinten zan kalaberearen…” – Antxinako Berriz”, Labayru-ren hustuketa
Ondorengo bideoan ere lekukotasun ezberdinak biltzen dira.
https://www.youtube.com/watch?v=1drKxN5Uezg#t=15Gurean duela gutxi arte ospatzen zen festa baztertua eta indar handiarekin sartu den “truco trato”-aren formulak ez du askorentzat balio.
Aurten Oiartzungo Abaraxka ludotekak, arimen gaueko egunean kanpoko jaiak gazteengan zuen eraginaz kezkaturik, atzera begiratuta festa berritua sortu nahi izan dute. Oiartzungo 80-85 urte gorako zenbaitzuk soilik dute urriak 31aren inguruko ospakizunekin erlazionaturik dagoen oroitzapenen bat. Nekane Martiarena Oiartzungo txoko desberdinetako baserritarrekin egon zen hizketan, hala nola, Ergoiengo Azkue, Maradi, Irripa eta Olatzene; Iturriotzeko Anatxui eta Portugal; Karrikako Behin Berri (karrika ). Herriko Francisca Iragorri, Mari Carmen Labandibar, Ixiar Lekuona… Batzuk zuzeneko bizipenen bitartez eta beste batzuk haien gurasoen garaiko kontuez erreskatatutakoak gogoratzen zituzten… Nekaneri laburpen hau entzun diot:
- Baserrian kalabazak hustu, begiak eta ahoa egin eta barruan argia jartzen zioten. Ondoren kalabazak bidegurutzeetan jartzen zituzten jendea beldurtzeko.
- Neskak mezetatik heldu zirenean, hauek beldurtzeko kale ertzetan ere jartzen ziren kalabazak.
- Batek, emakumeren bat sorgina zela pentsatzen bazuten sorginkeria hori usatzeko bere etxean argia zuen kalabaza jartzen ziotela aipatu zuen.
- Ez dute mozorro berezirik aipatzen.
- Batek, zelai erdian jarritako txorimaloa aipatzen du. Kandela barruan zuen kalabaza handi bat burutzat zuena. Helburua ere beldurra ematea omen zen.
Eta aurten Oiartzungo haurrekin egindako lanketaren baitan; trapu zaharrekin mozorroak, kalabazen eta arbi hustea, txorimaloen sorkuntza, famili giroan suaren ingurua afari merienda, beldurrezko ipuinak, suzko akerra… gau beltza!
Nagore Irazuztabarrena Argia astekarian Gaba beltza: Herioaren festa Mutrikun artikulu interesgarrian Mutrikun garatu den bilakaeraren bidea aurkezten digu.
Oier Araolazak beste proposamen bat ematen du mozorrotzeko eta eskatzeko esaldiaren inguruan Xanduli manduli kikirriki eman goxokiak guri! bere blogeko sarrera.
Transmisioaren baitan kontzeptuak, ekintzak, mugimenduak, hitzak eta soinuak biltzen dira, eta hala, izandako horren gure ipuintxoa sortzen joaten gara. Hemen aipatutakoen atzean, kanpoko eraginek arrastaka eramatea baino, bertakoaren arrastoa berreskuratu eta gaur egun bizi eta sortu nahi dugun inguruaren transmisiorako keinuen arnasa dago.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks