Hasiera »
Nora Barrosoren bloga - Axala
Nora Barroso
Pasioz sortzen ditugu ideiak irudimenaz biluztu eta mimoz gauzatu.
Axala Blogean agertzen diren testuak Creative Commons BY-NC-SA lizentziapean daude eskuragarri.
azalaren.memoria@gmail.com
Axala Blogean agertzen diren testuak Creative Commons BY-NC-SA lizentziapean daude eskuragarri.
azalaren.memoria@gmail.com
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Bi gorpu, indarkeria bera | Axala(e)k Ez zen sua izan bidalketan
- Arimen gaua, iluntasuna etorri eta imajinazioa piztu | Angelu itsua(e)k Garai bateko usadioak zaharberritzen bidalketan
- Ekintzak bilakatzen diren presentziak | Axala(e)k Ez zen sua izan bidalketan
- Kotxean alkoholik ez. Euskadi, auzolana • ZUZEU(e)k Kotxean alkoholik ez. Euskadi, auzolana bidalketan
- Erantzuna guztion esku dago | Axala(e)k Emakumeen gerra bidalketan
Artxiboak
- 2021(e)ko martxoa
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko ekaina
- 2018(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
Kategoriak
- Adierazpenak
- Auzolana
- Biolentzia matxista
- Boterea
- Elikadura
- Elkartasuna
- Erlazioak
- Erretratuak
- Euskara
- euskara
- Feminismoak
- Gizartea
- Gizartea
- Gorputzak
- Haurdunaldia
- Haurtzaroa
- Haziera
- Heriotza
- Herrigintza
- Hezkuntza
- Ilusionismo soziala
- Jabe-gabetzea
- Jolasean
- Kimutx
- Komunikazioa
- Lan duina munduan barrena
- OarsoIrriak
- Osasuna
- Palestina
- Parte-hartzea
- Prismaren koloreak
- Proiektuak
- Sailkatugabeak
- Sentipenak
- Sexualitatea
- Soinu Bandak
- Testigantzak
- Zeinu hizkuntza
- Zentzumenak
Bi gorpu, indarkeria bera
2021-03-08 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Wendy Vividor Ramirez eta beste 40 neska, 2007ko martxoaren 8an Iximulew-Guatemala-ko estatuaren eta botere judizialaren utzikerien ondorioz, erail egin zituzten Hogar Seguro Virgen de la Asuncion adingabeen aterpean. Ondorengo egunetan, herritar ugarik “Ez zen sua izan!” oihukatu genuen.
Ia lau urte geroago, 2021eko otsailaren 24an, Maria Elizabeth Ramirez defendatzailearen gorpua Esquipulas herriko Los Pinos koloniako hondakin uren ibai baten ertzean agertu zen, indarkeria eta basakeria zantzuekin. Maria Wendy-ren ama da, eta Erdialdeko Amerikako Giza Eskubideen aldeko Emakumeen Ekimena (“Iniciativa Mesoamericana de Mujeres Defensoras de Derechos Humanos”) antolakundeak bere webgunean adierazten duenez, justizia bila zebilen biktimen beste hainbat familiarekin batera. Justuki, zenbait funtzionario publikoren aurkako kereila baten parte zen, zeinak erantzuletzat jota zeuden ustez erruzko hilketagatik, agintekeriagatik, eginbeharrak ez betetzeagatik eta adingabeen aurkako tratu txarrengatik.
Mariak bere gorputza jarri zuen borrokaren lehen lerroan, eta bortizki erail dute. Bere alabak tratu txarrak, biolentzia, utzikeria, babes eza eta heriotza sufritu zituen. Bi gorpu eta indarkeria bera. Martxoaren 8an izango diren aldarrikapenekin batera, pertsona ugarik familia haien borrokak, sufrimenduak eta duintasun eskakizunak izango ditugu gogoan eta oihuetan.
Ez dezagun gertakari hau ahantzi, ez ditzagun haien izenak galdu. Besarkada beroa familiari eta haren gertukoei.
Jarrai dezagun bizitzaren eremu guztietatik egoera hauen jatorriak iraultzen berriro halakorik gerta ez dadin.
Zuekin eta zuen ingurukoekin
2019-11-25 // Biolentzia matxista, Elkartasuna, Haurtzaroa // Iruzkinik ez
Gehiago entzun beharko genituzke biolentzia jasan duten emakumeen ahotsak baita haien ingurukoenak ere, alaba-semeak, gurasoak, lagunak… Gertuko entzunaldiak, zintzoak, epaiketetan eta konparazioetan erori gabe, osotasunean pertsona kontutan hartzen dutenak.
(gehiago…)
Lolitarekin bidea egiten
2019-06-17 // Elkartasuna // Iruzkinik ez
Lurraldea berezko ehun soziala dela sentitzen duten pertsonak, kolektiboak eta komunitateak daude munduan. Lurra da bizitzaren parte sentitzen dituzten geruzetako bat, gorputzak, sentimenduak, ekintzak eta jakintzak bezala. Beraientzat lurra ez da merkantzia bat, ez eta trukea egiteko txanpona ere. “Errepresio bolada” batean bizi direla adierazten digute Abya Ayalako indigenen hainbat kolektibotatik. Egoera ez da gaurkoa; mendeak dira errepresio bortitza bizi dutela.
Asko daki Ixim Uleum-eko Lolita Chavez Ixcaquic-k Ama Lurra gertutik bizitzeko aukeraz, asko komunitateaz, zaintza kolektiboaz eta errepresioaz ere.
2018ko urtarrilean egon zen azkenekoz gurean; ondoren, erbestea bizi behar izan zuen. Hemen daukazue Ikerne Zaratek OarsoaldekoHitzarako egin zion elkarrizketa, eta hemen Miel Aljel Elustondok Argia aldizkarirako egin ziona. Lolitaren ahotsetik bere egoera entzun nahi baduzue horra Errenteria-Oreretan egin genuen solasaldiaren audioa (mila esker Zintzilik irratiko lagunei!). Orain berriro da gurean, eta ekainaren 21ean Ama Lurraren Defendatzaileekin Elkartasun Eguna antolatu dugu herrian. Lolitarekin egongo gara, hura entzun, babestu, eta gure elkartasuna adieraziko diogu; Abya Yalan bizi duten egoera, lurraldea eta gorputzak, biolentziak, testuinguru horietan sortzen den bizitza, borrokak eta gehiago konpartituko ditu gurekin.
Kapitalismoak herri banatuak nahi ditu baina guk argi dugu: Ama Lurraren eta zapalduen defentsa guztion aldeko borroka da eta Lolitak esaten duen moduan “herrien artean mugak ez dira existitzen”. Haiekin batera gu ere bagara eta ezin dugu beste aldera begiratu haien egoeran guk ere erantzukizun handia dugulako. Gure esku hartzea baino elkartasuna eta babes sareak nahi dituztela badakigu beraz, entzumen aktiboa praktikatu, konplizitateak bideratu eta beraien formekiko errespetua landu behar ditugula iruditzen zait. Asko da munduko leku honetatik desikasi eta ikasi behar duguna.
Elkargunetasuna
2018-12-19 // Feminismoak // Iruzkinik ez
Zapalkuntza generoaren, etniaren, jatorriaren, aniztasun funtzionalaren, sexualitatearen, arrazoi ekonomikoen… araberakoa da. Baina, baldin eta sailkapen batean diskriminazioa sufritzen duten pertsonak talde batean baino gehiagotan kokatzen badira (emakume afro-ondorengoa, aniztasun funtzionala duen emakume indigena…), iruditzen al zaizu bereizkeria berdina edo ezberdina dela? Zure iruditegian kokatzen al dituzu haien gorputzak? Ezagutzen al duzu beraien kontrako biolentziaren adibiderik? (gehiago…)
Ilusionista sozialen mintegiko jardunaldiak
2017-10-19 // Ilusionismo soziala // Iruzkinik ez
Botereak beldurtuta nahi gaitu, begirada zabaldu gabe, parametro estatikoetan harrapatuta. Baina bizitza jarioa da, eta egunerokotasunean sortu ditzakegun erlazio, mugimendu eta bizipenetatik aurre egin diezaiokegu.
Ilusionismo soziala egiteko modu bat da. Bere bizkarrezurra “eguneroko bizitzako espazio eta denboretan gertatzen diren bitartekotza sozial desiragarrien sorkuntza eta dinamizazioa” dira, jendearekin eta jendearengandik abiatuta.
Oso indartsua iruditzen zait ilusionista sozialek erabiltzen duten “posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera”. Ezinezkoaren itxaropen horrek mugimendua sortarazten du, onartzen dugunaren irudi estatiko eta kontrolatu hori urratzeko aukera. (gehiago…)
Ekintza bilakatzen diren presentziak
2017-09-08 // Feminismoak // Iruzkinik ez
Gaur ere martxoaren 8a da. Duela 6 hilabete, Guatemalan 43 emakumeri bizitza lapurtu zioten. Eta ez, ez zen sua izan, Guatemalako Estatuaren eta botere judizialaren utzikerien ondorioz, erail egin zituzten.
Atzo ere martxoaren 8a izan zen. Eta Guatemalako ahizpek egindako deialdiarekin egin genuen bat; zenbatezinak bizitzeko beraien borrokarekin bat egin genuen.
Salvadoreko Kris kidearekin sortutako maiar aldarea (Orereta) – 2017ko martxoaren 21eko elkarretaratzean
Hurrengo segundoa ere bada martxoaren 8a eta elkarretaratzea ondoren Lorena Cabnal-en (Guatemalako feminista komunitarioa) hitz hauek jaso genituen.
(gehiago…)
Kotxean alkoholik ez. Euskadi, auzolana
2017-07-19 // Adierazpenak, Auzolana // Iruzkinik ez
Azken boladan, Eusko Jaurlaritzak irratian jartzen dituen iragarki guztien bukaeran hau entzuten dugu: “Eusko Jaurlaritza. Euskadi, auzolana”. Duela gutxi arte “pertsona helburu” goiburuarekin bukatzen ziren horiek orain ”auzolana” hitzarekin amaitzen dira. Iragarkiaren gaia edozein izan daiteke: kotxean alkoholik ez, industria… Baina, testuinguru horretan zer esan edo adierazi nahi du Jaurlaritzak “auzolana” hitzarekin?: Jaurlaritzak auzolana sustatzeko politikak bultatzen dituela, akaso?, erakunde gisa auzolanean sinesten duela?; auzolana gustatzen zaien hitza dela?… (gehiago…)
AsteBatZUK – Bizipenak
2017-04-11 // euskara, Gizartea // Iruzkinik ez
Oreretako AsteBatzuk ekimenean hartu dut parte. Hau iraultza berezia izan da herrian. Ekimenean izena eman nuenean euskaraz ahalik eta gehien aritzeko helburua jarri nion neure buruari bai eta hizkuntzarekiko eta inguruarekiko sentsibilitatea areagotzea.
Lehenengo egunean txapa jarri, herrira jaitsi eta guretzako ohikoa ez den denda batetan sartu nintzen. Dendariari, “Kaixo” esan eta berak berdin erantzun zidan. Ordura arte, agurretik at emakume hura ez dut entzun inoiz euskaraz hitz egiten. Baina, hori ez al da nire kontua ere? Oraingoan euskaraz hitz egitea erabaki nuen. Zalantza bat eduki nuen eta irribarretsu euskaraz egin nion galdera; berak poliki eta euskaraz erantzun zidan. Poz-pozik eskerrak eman nizkion.
Orduan gizon bat sartu zen dendan. Hitz egiteko moduagatik berarentzat bezero ezaguna zela sumatu nuen. Beraien artean gazteleraz hitz egiten hasi ziren. Zalantza berri bat sortu zitzaidan eta lehenengoan bezala orain ere euskaraz aritu nintzen; urduritu zela konturatu nintzen eta galdera beste modu batean egin nion. Pentsakor geratu zen hasieran, eta ondoren poliki euskaraz erantzuten hasi zen. Bukatu zuenean beste bezeroak harrituta zera esan zion gazteleraz:
Irribarre handi bat bota zidan, ordaindu eta neu ere irribarrea ahoan joan nintzen. Joan aurretik, beste bezeroak gehiagotan euskaraz hitz egin behar zuela esan zion dendariari, ederki egiten zuela ematen zuela, soinu politak botatzen zituela. Hizkuntzarekin zituzten bizipenei buruz modu baikor batean hitz egiten utzi nituen. L ehen eta bigarren hitza beti egiten dut euskaraz, baina gaztelerara zenbatetan jotzen nuen ez nintzen jabetzen.
Zer gertatu zen hor? Aurrena, aurreiritziei ateak itxi nizkiela eta espazio txiki batean komunikatzeko eta euskaraz hitz egiteko borondatea zuten bi pertsona elkartu zirela. Estereotipoei bizkarra ematen ez badiegu, erraztasun gehiago dugunok ez bagara aritzen, ez badugu aurrean duguna behar bezala kontuan hartzen, zer espero dugu, zer eskatuko diegu besteei? Nola lortuko dugu pertsona horiek euskararen gramatika ikastetik euskaraz aritzeko saltoa ematea? Euskaltegiek ez dute magia egiten; magia, bizipenekin sortzen dugun horixe da.
Komunikazio bide herrikoiak zabaltzen jarria dezagun!!
Ez zen sua izan
2017-03-15 // Adierazpenak, Gizartea // Iruzkinik ez
Sentitu dezakegu haur eta emakumeen gorputzen erabilpena, errefuserako objektu gisa pertsonen etiketatze faxista, kontrolerako mekanismoen gordinkeria bortitza… airean daudela.
Martxoaren 8an, Guatemalako Estatuaren eta botere judizialaren utzikerien ondorioz, 40 emakume erail zituzten Hogar Seguro Virgen de la Asunción-en, eta beste hainbat emakume egoera oso larrian daude. Iduvina Hernandezek Plaza Publican publikatutako “Un hogar de muerte segura” artikuluan gogorarazten digu hilkutxa horretara eramaten zituztela tratu txarrak, esplotazio sexuala, adopzio irregularrak… pairatu izan dituzten 0tik 18 urtera bitarteko haur eta nerabeak.
Refugio malévolo. Irudia: Dénnys Mejía (Plaza Pública)
Hainbestetan pairatu, hainbestetan salatu, hainbestetan zaintzapean zegoen gobernu eta justiziaren erantzunik eza… Martxoaren 7an ihesaldi masiboa burutu zen Hogar Seguro Virgen de la Asunción-en, poliziek gehienak atzeman eta berriz ere iheserako gunera eraman zituzten. Martxoaren 8an hainbat emakumek protesta berezia egin eta bertako langileek horietako 51 giltzapetu zituzten; komunera joateko aukerarik gabe, jakirik gabe…. Gelak su hartu zuen eta ez zieten ireki atea.
Hogar Seguro Virgen de la Asunción gunean zeuden borreroen eta Guatemalako justizia zein estatu patriarkalaren utzikeria maltzurraren eskutik, momentuz 11tik 18 urtera bitarteko 40 emakume hil dira. Egoerarekin bukatu nahi zuten, haurrak ziren, bizi nahi zuten, jolastu nahi zuten; emakumeak ziren eta erail dituzte.
Bideo honetan, Red de Sanadoras Ancestrales-eko kolektiboaren protesta ekintza daukazue.
“Guatemala. No fue el fuego, fue el femicio estatal“ adierazpenak Iximulew-etik datoz.
Guatemalan burututako protesta. Irudia: Kaos en la red
Patriarkatuak bortizki kolpatzen gaitu, guk erantzun eta orainak ereiten jarraituko dugu.
Mozalari aurre egiteko…
2017-03-13 // Adierazpenak, Gizartea, Prismaren koloreak // Iruzkinik ez
Mozalik gabeko ingurua nahi dugu Irudia: Nora Barroso
Mila esker egiten ari zareten lanagatik!
Marrazkietan itsasoa, txalupak eta pertsonak ikusi genituen
2016-11-29 // Auzolana, Gizartea, Herrigintza, Proiektuak // Iruzkinik ez
Marrazkietan itsasoa, txalupak eta pertsonak ikusi genituen.
Koloretako txalupak ziren, baina batzuk galdua zuten kolorea.
Argitan zeudenak kolore ugari zituzten eta ondoratuak zeudenak itsasoaren kolorea zuten, urdina.
Txalupak itsasoa pertsonak (irudiak Francesco Piobbichi) Arg: OarsoIrriak
Francesco Piobbichi-ren irudiak izan ziren eskultura kolektiboaren abiapuntua, Lampedusa irlan gertatzen denaren isla. Bertaratutako haur, gazte eta helduok ikusten genuenari buruz hitz egin genuen. Familia ugarik gerratik eta heriotzatik ihes egin eta beste lurraldetara joateko itsasoko bidea hartzen dute. Hainbat haur eta helduen bidea bertan bukatzen da, iheserako arrazoiak irentsita. “Haur txikiak ere hiltzen dira?” galdetu zuen 4 urteko haur batek. Erantzunak ez dira errazak, edo bai…? Sentsazioa daukat kanpotik egoerak desitxuratzen direla irtenbide gehienak isilarazteraino. Galdera berezi hori entzun eta gero lanari ekin genion.
Eskultura kolektiboa sortzen Arg: OarsoIrriak
Egoeren eraldaketa nahi badugu funtsezkoa da bizitzen den horretan presente egotea, sentipen horiek barneratzea… Eskultura kolektiboaren bitartez hainbat egoera ezagutu ditugu, adin desberdinetako pertsonen artean sormen lanketa burutu dugu, josi ditugu harremanak eta emaitza kalean utzi dugu; eta, herrian egongo da herrikideek ere, nahi izanez gero, egoera horietara gerturatu daitezen.
Eskultura kolektboa eramaten Arg: OarsoIrriak
Ez daukagu erantzun zehatzik baina, bai elkarrekin gauzak egiteko gogoa. Sortzen jarraituko al dugu?
Eskultura zubitik zintzilik. Orereta.
Eskultura koletiboaren ekintza Herrien Astearen baitan (Mikelazulo elkarteak sortua) kokatzen da eta Harresirik gabeko lurraldea eta OarsoIrriak kolektiboek antolatua.
Eskulturaren parte erantzunen bila Arg: Axala
Ekintzaren inguruko informazio gehiago Errenteria-Oreretako HITZAN: Sormenaz, harremanak eraiki
Erantzuna guztion esku dago
2016-11-25 // Gizartea, Prismaren koloreak, Testigantzak // Iruzkinik ez
Haurrekin batera eraldaketa 01 Arg.: Axala cc by-sa
Haurrekin batera eraldaketa 02 Arg.: Axala cc by-sa
Haurrekin batera eraldaketa 03 Arg.: Axala cc by-sa
Martxoan elkarrizketa hau eduki nuen 7 urteko alabarekin eta horren harira:
“Ama. Noiz bukatuko da emakueen kontrako gerra?”
Zer esan behar nion…? Ez nion erantzun, ezin nuen… Orduan elkarrekin egiten hasi ginen eta hitz indartsu horiek abiapuntu hartuta etxean prozesu bat abiatu genuen. Goiko irudiak dira sortutako emaitzetako bat.
Azala
2016-10-26 // Boterea, Gorputzak, Sentipenak, Sexualitatea, Testigantzak // Iruzkinik ez
Azalaren memoria Arg: Axala
10 urte inguru nituela helduagoa zen mutil batek modu jarraituan gehiegikeriak eragiten zizkidan. Portaleko atetik gertu bere lagunekin ikusten nuenean dardarka hasten nintzen. Beheko atea azkar ireki eta –Gaur ez mesedez- pentsatzen nuen. Baina debalde, bere lagunei -voy a por ella- esan eta atzetik etortzen zen. Eskaileretatik gora korrika joaten nintzen baina segituan harrapatzen ninduen. Atzetik hartu eta oso gogor estutzen ninduen -Como grites…- esaten zidan beti. Ez zuen beste ezer gehiago esan beharrik. Orduan gorputz guztia ukitzen zidan paretaren kontra jarrita, edo –Te están creciendo las tetitas-, edo buruz behera jartzen ninduen hanketatik helduta, eta abar. Lagunen eta sortzen zuen beldurraren babesean bere boterea eragiten zuen inpunitate osoz. Orain tortura baten moduan ikusten ditut ekintza guztiak.
10 urteko haur batek sexualitatearekin dituen harremanak bere sexuaren esplorazioarekin dituenak izan ohi dira edo-eta bide horretan inguruko lagunekin konpartitu ahal dituen ekintzenak. Adin horretan zikina sentitzen nintzen, lotsatuta, nire errua zela pentsatzen nuen, gauetan isilean negarrez lokartzen nintzen. Fisikoki eta psikologikoki oso zapaldua nengoen. Egoera aldatzeko asmoz ihes egiteko modua eraiki nuen –Bera baino bizkorragoa izan behar zara eta horrela ez zaitu harrapatuko-. Eta hala egin nuen. Trebatu nahian-edo, korrika egiten nuen eta toki guztietako eskailerak binaka igotzen hasi nintzen. Lortu nuen portaleko eskailerak ziztu bizian igotzea, nire borreroa nekatu zen eta ekintzari ihes egin nion.
Isilagoa bihurtu nintzela sentitzen dut, begirada tristatu zitzaidan, amets gaiztoak areagotu ziren; lokartzerakoa beti gauza bera, norbaitengandik ihesi eta ezin hankak mugitu. Gauza txar hori nire sekretua zen, ezin nuen kontatu; hasieran beldurragatik, gero lotsagatik, ondoren “ba denbora asko pasa da” pentsatzen nuelako… Zama horrekin eraiki behar izan dut sexualitatea eta nire buruarekiko dudan maitasuna; guzti hau pisu handia izan da. Barne eta kanpo borrokak, zein mina iraultzeko gogoak eraman naute ona.
Oinak Arg: Axala
Bakoitzak du bere minak gainditzeko modua, bere bidea, ulertu hala ez errespetatu behar dena. Eta ulertu dut 10 urteko neskatila hura dela gaur hemen idazten ari dena, biharko emakumea ere badela gaur hemen dagoena, gaur ez naizela atzo baino ausartagoa eta momentuan barruari begiratzeko eman diodan aukeran egon dela beti gakoa nirean, bizipenak metatu ahala irtenbideak eraldatzen joan direla eta arro nagoela korri egiteko erabakia hartu izanaz.
Lurgintza ekologikoa auzolanean
2016-10-24 // Auzolana, Elikadura, Herrigintza, Jabe-gabetzea // Iruzkinik ez
Irribaratzea Arg: Mendi Urruzuno
Botere bat duzula jakin eta botere horri uko egiten diozunean zerbait gertatzen da, baina, ez soilik norbere barruan eraldaketa taldean ere ematen da.
Oreretako hainbat familiak 2013. urtetik herriko baratze parkean Irribaratzea proiektua bizitzen dihardugu…
Hiru belaunaldi elkarrekin lurra ekologikoki komunean lantzen, jatorri eta familia mota ugari, herriaren bizitzan parte hartzen…
Ekintza honekin lurrarekiko dugun erlazioan jabe-gabetzea eman da, non, lurra zanpatzetik lurretik ibiltzeko oparia irekitzeko aukera izan dugun.
Proiektuan parte hartu nahi edo interesa izanez gero idatziguzu oarsoirriak@gmail.com helbidera.
Informazio gehiago OarsoIrriko sarrera honetan.
Hitza, ulermena eta ezarritako bide estuak jarraitzen ez dituztenen borrokak
2016-09-30 // Testigantzak // Iruzkinik ez
Ideiak hitz bihurtzea eginkizun zaila izan daiteke eta esaten digutena ulertzea…
3 urte zituela Anek ez zuen hitz egiten. Ikasleek eta medikuek ez zioten egoerari garrantzirik eman “lasai, hitz egingo du!” esan zioten bere amari. Ahal zuen moduan komunikatzen zen Ane, bere gelakideen hitz jarioa aurrera joaten zen bitartean. Inguruak ez zuen ulertzen eta horrek urduritzen zuen, txikitan ez bezala oldarkor jartzen hasi zen eta gatazkaren bat tarteko askotan zigortzen zuten eskolan. (gehiago…)
Jaietan elkarren artean ezagutzeko ekintzak
2016-07-22 // Hezkuntza // Iruzkinik ez
Migrazioa, elkartasuna, sentsibilizazioa, haurrak, helduak, ezagutza, elkarbizitza… dira Harresirik Gabeko Lurraldea, Ezizerb eta OarsoIrriakeko kideak elkarlanean sortutako ekintzaren oinarriak.
Duela hainbat urte Ezizerben ekimenak haur horiek bildu eta aisialdirako proposamenak egiten dizkiete. Aurten aurrera pauso bat eman da eta uztailaren 25 arratsalderako haur hauek zein Errenteria-Oreretako haurrak elkar ezagutu eta harremantzeko ekintzak proposatu dira:
Jarduera haur eta helduoi zuzenduta dago.
Iturria: OarsoIrriak
Mina
2016-04-22 // Gorputzak, Prismaren koloreak // Iruzkinik ez
Bizitzea tokatu zaigun garai eta leku honetan informazio (edo desinformazio) ugari dugu eta gehienetan minetatik ihesi bizi gara. Mina txarra dela erakutsi digute, ixten gara eta askotan zigorra dela sentitzen dugu.
Minak, ordea, bere bizitza propioa du berezko hizkuntza dauka eta gugandik gertu baina gure sinesmenetatik at dago. Ez dakit zein den minaren morfologia, baina hainbat formatan sentitu daiteke bai fisikoki, bai emozionalki.
Lehen haurdunaldi eta erditzearekin batera, minaren osotasunaren kontzientzia jaso nuen. Haurdunaldian gorputzaren barruan gutxienez bi bihotz dauzkazu, sentitzen dituzu zurea eta beste baten mugimenduak. Zure arnasa inoiz baino konpartituagoa da. Barruko kontzientzia horrek erditzean du adierazpen maximoa. Erditzeko momentua iritsi zenean minak bide bat markatu, gorputza esnatu eta momentuaren iragatean lagundu zidan. Bakoitzak du momentu hori pasatzeko berezko modua, baina komunean gorputzaren eraldaketa dago. Indar hori guztia probestu nuela uste dut. Ordutik naiz minaren laguna, eta hura asaldatzen nauenean epaitu gabe berean jartzen dut atentzio. Intentzioak mina askatzeko boterea du, eta autoezagutza prozesu ahaltsu bilakatu daiteke.
Harresirik gabeko mundua – Aldarrikapen kolektiboa
2016-04-14 // Adierazpenak // Iruzkinik ez
Herritar asko haserre dago Europako mugetan etorkinei ematen zaien tratuarekin. Mediterraneoa hilkutxa erraldoia bilakatzen ari da, eta desesperazio oihuekin itotzen ari dira herrien arteko mugak.
Krudela da gerratik ihesi dauden pertsonak pairatzen ari direna. OarsoIrriko kideoi bereziki lazgarria iruditzen zaigu haurrak eta euren familiak pairatzen ari diren tratu basatia. Egoera bidegabe bat bizitzetik datozen haurrak bidegabe tratatzen ditugu Europan. Agintariek eraikitako Europa hau ez dugu maite. Ez dugu nahi bihotza baino areago dirua eta boterea oinarri duen Europa, zeinean haurren ahotsa eta sufrimendua isilarazten diren.
Duela urte bete, 2015eko apirilaren 18ko gauean, emigrantez beteriko barku bat hondoratu zen Lampedusatik ehun bat kilometrora. 700 pertsonatik gora ito ziren Mediterraneoan.
Hura gogoratuz eta oraingo egoera lazgarria salatuz, elkarrateratze berezian parte hartzeko deialdia egin nahi dugu OarsoIrritik.
OarsoIrriak – Orereta/Errenteria, 2016ko apirila
Jatorrizko testua: OarsoIrriak webgunetik
Begizta bakoitzak transmititu diezaiola kate osoari bere dardara
2016-04-09 // Adierazpenak // Iruzkinik ez
Begi batzuk ikusten dutena egin nahi dute itzaletan gorde. Itzal gabekoek gorputzik ez dutela sinestarazi nahi digute eta, hala, egoerak ikusezin bihurtu arte lurrundu. Baina ez dute lortuko, ezkutatu nahi dutena bizitza baitauka eta guk aski ongi dakigu hori.
Argia proiektu komunikatiboarekiko konplizitatea sentitzen dugunok ere gara Argia. Isuna ez da gauza isolatua, egiteko eta bizitzeko modu baten kontrako zigorra da.
Besarkada indargarri bat lan talde eta inguru guztiari!
Nora
Emakumeen gerra
2016-03-08 // Adierazpenak, Gizartea, Prismaren koloreak // Iruzkinik ez
(gehiago…)
Trazabilitateak
2016-02-19 // Gizartea, Lan duina munduan barrena, Prismaren koloreak // Iruzkinik ez
Azken boladan edozein produktu erosteko geroz eta zailtasun handiagoak dauzkat. Duela hainbat urte baliagarriak eta goxoak zirenak egun zalantzakoak dira. Aldaketa? produktu soila begieste hutsetik elementua bere osotasunean ikustera pasa naizela.
Salmenta guneetan gauza ugari ditugu eskura. Produktua ikusi, ukitu, dastatu, probatu eta, poltsiko sosei neurria hartu ondoren, hura erosi edo ez erabakitzen ohi dugu. Bidean zein giza baldintzatan sortu eta zenbat kutsatzen duen ez da begiekin ikusten, baina sentitzen den gauza bat da. Guk agian ez dugu zuzenean sentitzen, ez bada alergia sortzen digun, lotsarazten gaituen edota atxikimendu berezia dugun. Ziurrenik sorkuntza prozesuaren inguruan dauden pertsonek eta tokiek beste zerbait esango zuketen. (gehiago…)
Gure basoak – Izenak izanak eta borrokak
2015-10-05 // Prismaren koloreak // Iruzkinik ez
Zozaiako Mari basoa eta EMM – Oarsoaldeko EMM (CC by-nc-sa)
Baso bat bilatzen genuen, baina ez genuen galtzeko basorik nahi, elkar aurkitzeko balioko ligukeena baizik; bai gure buruak, bai historiak eta bai memoriak zapalgailu bezala pasatako emakumeenak aurkitzeko.
Historia eta memoria inperioen, gerren eta garaipen handien ikuspuntutik errezitatuak izan dira, bizitzari ekarpenik eman ez baina haien poltsikoak ederki betetzen dituen kantua. Ez dugu memoria hori nahi; boteretsuena, erregeena, erreginena…
Bizitza, liburu eta aldizkari handietan ateratzen ez dena, bestelakoa da, eta horretatik asko dakigu emakumeok.
(gehiago…)
Haurren ahalduntzea karriketara – Bidetik baino bidea eginez
2015-07-27 // Gizartea, Haziera, OarsoIrriak, Prismaren koloreak // Iruzkinik ez
Aski sanoa da helduok boteretik kendu, haurrei herriko erabaki zein antolakuntzaren guneetan kokatu eta tokia konpartitzeko ariketa. Hori egitean deseraikuntza txiki bat ematen da urteak pilaturik ditugunon barnean, herriak beste forma bat hartzen du eta haurrei sentimendu eta erabakietan ahalduntzeko bidea uzten zaie.
Aurten Oreretako Madalenak jaietan lehenengo aldiz haurren txupinazoa gauzatu da. OarsoIrriak ekimenaren baitan Haurren Jai Batzordea antolatu da eta asanblada parte-hartzaileetan umeek erabaki dute haiei zuzentako egitaraua.
Haurren Jai Batzordea – Asanblada (argz. OarsoIrriak)
Haurren Jai Batzordea – Asanblada (argz. OarsoIrriak)
Guztien artean txupinazo txikia zen ideiarik garrantzitsuena. Argi zuten ez zutela txupinazoan sortu zen den zikinkeriarik nahi, argi zuten haientzako espazioa nahi zutela.
Haurrekin batera elkarrekin lanean jarraitu genuen OarsoIrriakeko lagunak, Oreretako Jai Batzordea, Mikelazulo Elkartea eta Errenteria-Oreretako Aniztasuna saila.
Beste bi saio burutu ziren eta topaketen helburua haurrek gozatuko zuten txupinazo anitza lortzea zen. Horretarako ahal genituen baliabideak pilatu eta elkartzen ginen. Sormen prozesu potentea suertatu da eta ematen ziren egoeretara ederki egokitu gara.
Txupinazorako muralaren marazkiak prestatzen (argz. OarsoIrriak)
Emaitza? Kolore ugari, burrunba alaia (Zo Zongoko lagunei esker), Oreretako Koldo Mitxelena plaza lepo, haurrek haien espazioa bereganatuta, inguru anitza, zirrara, dantza eta saltoak.
Oreretako lehen mila koloretako txupinazo txikia (argz. OarsoIrriak eta Errenteriako Hitza)
Akaso ekintza bat besterik ez da, baina ez da keinu hutsa, ingurua ulertzeko eta bizitzeko modua baizik. Herrian eta eskualdean urteak eramaten ditugu horrelako jarduerak praktikan jartzen eta ingurua ikaragarri aberasten ari da. Bidetik baino elkarrekin bidea eginez… haurren barnea oholtza gainean, auzolana, helduon deseraikuntza, sorkuntza, elkarlana, bizipoza, gogoeta, jolasa, poesia…
Hilerokoa, gorputzen presentziak eta bestelako aldarriak
2015-03-03 // Gorputzak, Osasuna, Prismaren koloreak, Sentipenak // Iruzkinik ez
Khalid Albaih-en marrazkia
Pertsona bakoitzak modu ezberdinean bizi du bere lehen hilerokoa. Gertatu baino lehen, pasarte horren inguruko berriak nagusiki etxetik, eskolatik edo lagunengandik etortzen dira, baina, ezinbestean, kalea eta komunikabideak ere informazio iturri dira. Eremu gehienetan gorputzaren inguruko azalpen fisiologikoak ematen dituzte, baina, nire ustez, mezu nagusiaren laburpena “hileroko = haurdun geratzeko aukera” da. Mezu orokorrak “kontuz, jada ez zara haur bat” adierazten du eta, testuinguru horretan, hilerokoa beldur edo arazo bihurtu dezake. Gainera, n-garren aldiz txertatuko dute, haientzat emakumea den gorputzaren eraikuntzan gizonaren presentzia.
(gehiago…)
Ideien festa – Sorkuntza prozesu bat baino gehiago
2015-01-20 // Auzolana, Gizartea, Herrigintza, Hezkuntza, Komunikazioa, OarsoIrriak, Parte-hartzea, Proiektuak // Iruzkinik ez
Ideien festa haurrak eta helduak elkartuko dituen ekimena da. Bertan, pate-hartzaile guztiak erabakigune berberean kokatuko dira, eta ametsetatik abiatuz, herria nola bizi erabakiko dute.
Zu, herrian, zer egiteko prest zaude?
(gehiago…)
EZ!!!
2014-12-19 // Erlazioak, Gizartea, Haziera, Prismaren koloreak, Sentipenak // Iruzkin bat
Kaleko graffitia
Egun eguzkitsua egiten du eta herriko plazan elkarren artean hitz egiten ari den lagun talde bat dago. Batzuk algaraka ari dira, beste batzuk aldiz, haien burua nola kokatu asmatzen dabiltza. Batek keinu trakets bat eginda ondokoarengana gerturatu nahi du, baina ez du lortu. Laguna bestelako kontuetan dabil eta haren arreta lortzen ez duela ikusirik lurrera begira geratu da.
Pertsona bat gerturatu da lurrera begira dagoenarengana. Besaburuan eskua jarri eta: “Zer moduz lagunekin? Zertan ari zarete?”, galdetu dio. “Muxu bat emadazu laztana”, gehitu du jarraian. Lurrera begira dagoenak “ez” batekin erantzun dio. Taldeko beste kideak urduritu dira. Batek bere burua bestaren egoeran islaturik ikusi du, baina isilik geratu da; halakoak berean hain dira arruntak ezen ondokoa izozturik begiratzea izan dela barneak utzi dion erantzun bakarra. Etorri berriak ahotsa altxatu eta, “aizu! emadazu muxu bat!” aginduaren ondoren “ezetz!” erantzuna jaso du. Besotik gogorrago heldu eta antsietate puntu maltzur batekin lurrera begira zegoenari muxu bat ematea lortu du. Bitartean, besoen artean dagoena gorputz guztia astinduz askatu nahian dabil. Azkenean lortu du eta negarrez aldendu da.
– Zer pentsatzen duzue egoera horren inguruan?
Hasierako hitzei azalpen txiki bat gehituko diot: plazan bildutako lagun koadrila 3-5 urteko haurrak dira. Muxu eske gerturatu zaiona izeba-osaba, aitona-amona edo familiako lagun bat da.
– Eta orain, nola kokatzen ditugu gure buruak?
Gure herriko karriketan eta etxeetan sarri ematen dira horrelako egoerak. Familia inguruko norbait inguratu eta muxu eske baino baimenik gabe haurrari muxua lapurtzera joaten da. Umeak, askotan, ez du muxu hori eman nahi, baina gehienetan, bere borondatearen kontra jasotzen du. Besoetan hartzen duena handiagoa da, indar gehiagoa du. Helduek beste begirune batekin ikusten dituzte haren desioak, beste maila batean egongo balira bezala, eta ezetza egon arren, horra doaz beso handi eta ezpain hezeak. Batzuetan “ez” esaten ausartzen da haurra, inguruko kexa eta azalpenen artean: “Barka iezaiozu, gaur egun okerra dauka”. Kasu batzuetan haurra urduri dago eta lotsaz edo etsipenez ez du ezer esaten.
Gordinki, nik indar eta botere gehiago duten pertsona batzuen nahiaren asetzea ikusten dut, maitasunarekin edo afektuarekin zer ikusi gutxi duen ekintza bat. Hori bai, handitan muxuen eta bestelakoen aurrean “ez” hitza errespetatzea nahiko dugu.
Garai bateko usadioak zaharberritzen
2014-12-17 // Herrigintza // Iruzkinik ez
Oiartzun Gau beltza – Mozorroak (Abaraxka ludoteka)
Usadio bakoitzak bere abiapuntua dauka. Garaiko gizarteak markatutako lerroek ohitura hori gauzatzeko modua definitzeko boterea dauka, askotan, jatorria altxor misteriotsua bilakatzeraino.
Azken urteetan Arimen Gauaren inguruko ospakizunetan atzerritik etorritako ospakizun mota bat gailentzen ari da, Amerikako Estatu Batuetako bertsio bat. Ikerketa desberdinen ustez festak jatorri zeltiar eta paganoa izango luke. Udararen eta uzta garaiaren bukaerarekin batera egiten ziren ospakizunekin erlazioa eduki dezakete. Ondoren erromatarrek sartutako aldaerak egongo ziren eta jarraian kristautze prozesuaren eraginak. Azken urteetako bilakaera (gurean behintzat) ekarpen baten komertzializazioaren esku datorrela iruditzen zait.
(gehiago…)
Ipuinak zeinu hizkuntzan
2014-09-15 // Auzolana, Euskara, Herrigintza, Kimutx, Proiektuak, Zeinu hizkuntza // Iruzkinik ez
Zeinutx: Kimutx ipuin sorta zeinuz, irudiz eta ahotsez – Kimutx (cc by-sa)
Kimutx etxegiroan hasitako egitasmoa da eta denboraren poderioz auzolanean Euskal Herria osoko pertsona desberdinen ekarpenekin hazten dihardu. Azken ekarri handia Zeinutx (Kimutx ipuin sorta zeinuz, irudiz eta ahotsez) izeneko proiektua da; auzolana, bihotza, sormena eta Creative Commons laukote emankorraren emaitza berria.
(gehiago…)
Bizi Toki transmisio biziaren adibide
2014-07-24 // Haziera, Hezkuntza // Iruzkinik ez
Bizi Toki – Sorginen biltzarra 2013
Bizi Tokiko kideentzat haur zein helduaren ikasketa prozesua bizitzen den zerbait da.
Baratzegintza kolektiboa, hazien garrantzia, jakiekiko errespetua, lurrarekiko atxikimendua, margolaritza, bertsolaritza, kantua…
Bizitoki egitasmoa 2011. urtean jarri zen abian eta ordutik eskolari alternatiba mota bat bizi dute. (gehiago…)
Palestinarekin elkartasuna – Mundu akademikoa
2014-07-17 // Palestina // Iruzkinik ez
Arlo akademikoan ere Israeli boikota egitearen aldeko kanpainak gauzatzen dira. Azken egunetan bide desberdinetatik mundu akademikoan gabiltzan pertsonen artean geure ekarpenak eta ekintzak gauzatzeko deialdi desberdinak iritsi zaizkigu.
Latuff 2010
Palestinar gizarte zibilak 2005. urtean sortu zuen BDS (Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) kanpaina. BDS-k boikot forma desberdinekin bat egiteko deialdiak zabaltzen jarraituko du (eremu akademikoan, maila kulturalean, kontsumo boikotak, desinbertsioak eta zigorrak) ahalik eta Israelek eskubide internazionalarekin dituen eginbeharrak bete arte:
Desberdinak izan dira BDS mugimenduaren kriminalizatzeko kanpainak. Omar Barghouti aktibista palestinarrak New York Times-eko artikulu honetan BDSaren ekintzengatik Israelen urduritasunari buruzko gako batzuk aipatzen ditu.
BDSk proposatutako ekintzak presio tresna dira, Israelgo gobernua gauzatzen ari denarekin desadostasuna mahaiaren gainean jartzeko bide bat.
Gaurko deialdia bereziki mundu akademikoko norbanako zein instituzioei luzatu nahiko nioke; unibertsitate, ikastetxe, ikastola… Ezin ditugu begiak itxi edo beste alde batetara begiratu, ezin gara eztabaidatik kanpo geratu. Baina benetako aldaketa gauzatu nahi badugu eztabaidatik haratago joan beharko genuke eta pentsatzen eta sentitzen dugun hori ekintza baten eskutik eraman. Ez dakit guztiontzat BDSk proposatutakoak egokienak izango diren edo ez. Hala ez bada edo ekarpenen bat eman nahi bada pentsatu eta egin dezagun. Ezer aldatu nahi badugu gauzak egiten jarraitu beharko dugu, dagoena ekarpenekin elikatu edo bide berriak sortu.
Iturriak
[Euskaraz] Mundu akademikotik BDS-aren manifestuarekin bat egiteko bide bat: norbanakoak (PDI, PIF, PAS, ikasleak) naiz kolektiboak
[Ingelesez] BDS mugimenduaren web orrialdea
[Ingelesez] Supporting the Palestinian BDS call from within
[Gazteleraz] Omar Barghouti-ren elkarrizketa Rebelion.org
[Euskaraz] Euskal Herria Palestina Sarea
Edertasunen formak
2014-07-09 // Erlazioak, Gizartea, Gorputzak, Prismaren koloreak, Sentipenak // Iruzkinik ez
Irudia: La habitacion verde blog-ekoa
Nire ustez edertasunak ez du forma zehatzik. Hala sentitzen dut nik behintzat. Zer da edertasuna eta non aurkitzen da bere arima?
Ederra ongi sentiarazten digun hori izan daiteke ikusmolde estetiko, intelektual, edota afektibo batean oinarrituta, adibidez. Alabaren kaka usaindun osasuntsua ederra iruditzen zait. Ilea larru-arras moztua duten emakumeen buruetan edertasuna ikusten dut. Nire mukiek zapore ederra dute. Ederrak dira bilakaeraren isla diren maiteñoaren irria eta negarra. Ilerik gabeko barrabilak ederki jolasten ditut. Eta gorputzak, gorputzak ederrak diren zirrikituz beterik daude.
Nik sentitzen dudana ez du zertan beste batek sentitzen duen horrekin zerikusirik eduki behar. Edertasunaren oinarrian sentimenduak daudela onartzen badugu sentimenduei forma hertsi bat ematearen irudia gogorra egiten zait. (gehiago…)
Barne-oskolen urtzea
2014-07-07 // Prismaren koloreak // Iruzkinik ez
ARGI margoak seriea – Mendi Urruzuno Bermudez
Hautsiak zituen arimak, urratuak zituen ahotsak, irekiak zituen orbainak.
Konturatu gabe oinutsik gerturatu zitzaion
ordura arte bere barruan isilik zegoen aspaldiko haurra.
Eta lasai egoteko esan zion,
bera eta ez beste inor zela orbainen sendabelarrik onena,
bere barruan bozgorailurik indartsuena zuela,
berean sortutako zati ñimiñoekin zerbait sortzeko gai zen bakarra bihotzean zeukala.
Orduan urtu zitzaizkion urteen poderioz eraikitako barne-oskolak
eta beldurrek ibilgeturiko arnasak
mugimendu sakon bilakatu ziren.
Auzolanaren mapa – Elkar ezagutu, elkarrekin ikasi eta hazi
2014-06-16 // Auzolana, Komunikazioa // Iruzkinik ez
Bizitzaren zuhaitza – Mendi Urruzunoren irudia
Behar bat sentitu eta hura asetzeko inguruarekin elkarlanean eraikitzen den erantzunaren atzean dagoen jarrera auzolanaren oinarrietako bat izan daiteke. Egoera bat ikuspuntu indibidualetik ikusmolde kolektibo batetara jauzia ematen duelarik haren lanketa begirunez modu komunitario batean ematen denean sortzen diren emaitzek norbanakoa eta ingurua aberastu egiten dutela iruditzen zait.
Auzolana edozein arlotan eman daiteke, nekazaritzan, arlo zientifikoan, komunikazioan, ikaskuntzan eta irakaskuntzan… Auzolanean garatutako esperientzia desberdinetan hartu dut parte eta guztiek izan dute zerbait komunean: ikasketa eta sorkuntza prozesuan inguruarekiko eraikuntza paraleloa eta saretzea.
(gehiago…)
Azalan margotutako ipuina
2014-05-21 // Haurdunaldia, Prismaren koloreak, Sentipenak // Iruzkinik ez
Haurdunaldi batek hamaika sentsazio dauzka bera baitan. Batzuk norberaren intimitatean sortzen dira eta beste batzuk aldiz ingurukoekin batera hazi egiten dira.
Duela bi urte tripa borobilaren barruan zegoenari ipuin bat oparitu nahi nion, bere etorrera islatzen eta ospatzen zuen ipuina. Haurdunaldiaren aurretik bizitakoak eta gertuko ingurua kontutan hartzen zuen barne-lanketaren emaitza islatu zen bertan. Oparian etxekoek eta lagunek hartu zuten parte, ekintza bera guztiontzako bizipen oparia bilakatuz…
(gehiago…)
Herria bizitzen… gaur bihar izan dadin
2014-05-06 // Auzolana, Euskara, Herrigintza, OarsoIrriak, Parte-hartzea, Proiektuak // 2 iruzkin
OarsoIrriak egitasmoan helduak eta haurrak erabakitze-gune berean kokatzen gara. Bakoitza bere ahots, berezitasun, baliabide eta askatasunarekin errespetuz entzuna eta kontutan hartua da. Eta giro honetan maitasunez beterik herria bizitzen dihardugu…
(gehiago…)
Irudi hertsiak apurtu eta barne eraikuntza ahaldundu
2014-04-28 // Gizartea, Osasuna, Prismaren koloreak, Sexualitatea // Iruzkinik ez
Bill Brandt
Berotasuna, zirrara, taupaden azkartzea, tentsioa eta lasaitasuna, fereka, xuxurloa, zaplada, erritmo azkarra, erritmo lasaia, begiradak, hezetasuna, irudimena… beste gauzaren bat izan zitekeen baina sexuaz ari naiz, desio sexualaz, lotura sexualaz eta sexuaren ekintzaz bere forma desberdinetan.
Intimitate psikologiko baten baitan gauzatzen da jarduera sexuala, zentzumen guztinen arteko kontaktu zuzenean. Berdin dio banakako, binakakoa edo taldekako jarduera bat den edota toki itxi edo ireki batean ematen den, baina gertutasuna hor dago. (gehiago…)
Heriotzarekin bizi gara baina ez dakigu heriotza bizitzen
2014-04-15 // Gizartea, Heriotza, Prismaren koloreak // Iruzkinik ez
Abuztuan amona Nikolasa Oreretako bere etxean hil zen, bizitza guztia konpartitu zuen maiteñoa ondoan zuela. Gure begietara ez zuen gaitz larririk, hori bai nekatuta zegoen. Azken urteetan nekatuta zegoen amona. Tokatu zitzaion bizitza dela eta bere azken urteetan gorputza minduta zuen. Horri aitonaren gaixotasuna gehitu zitzaion bat batean, alzheimerra.
Aitona Alfredoren gaitza zein zen jakin arteko hilabeteak gogorrak izan ziren, amonarentzat bereziki. Inpotentzia handia sentitzen da, ezin egona. Ondoren gaixotasunaren izena eta beldurra. Horrek guztiak arazoari irtenbide egokia bilatu nahi horretan familiaren arteko kudeaketan eta norberaren sentimenduetan eragina eduki zuen. Ondo egin nahi duzu baina ez dakizu nola, ondokoa egiten duena ez da sarri zure gustukoa eta barne-kanpo gestio hori zaila suertatzen da.
(gehiago…)
Transmisio bizia
2014-03-10 // Euskara, Hezkuntza, Proiektuak // Iruzkinik ez
Emozioez hizkuntzaren jostorratza – Fontso Cantera
Hizkuntza kultura baten oinarrietako bat da. Adierazi nahi dugunaren oinarria markatzen duen hitzen jokoa, esamoldeak eratzeko modua, lokuzioa, prosodia, zolitasuna…
Familia bidezko hizkuntza transmisioa naturalena izan ohi da; maitasunezko inguru batean eraikitakoa, jolasez eta algaraz apaindua, minez eta negarrez besarkatua. Lagunen bidezko hizkuntza transmisioak ere badu gertutasun eta xarma berezia, izan ere, maitasuna eta jolasa bezalako sentimenduek eta jarduerek toki garrantzitsua dute bertan. Eskola, euskaltegiak, bertso-eskolak, musika-eskolak, unibertsitatea, kirol jarduerak, kalea… hizkuntza bat ikasteko eremuek ez dute mugarik, komunean dutena hizkuntza batekiko interesa da.
Nola jarraitu eta nola jorratu euskararen transmisioa? Bide honetan Euskal Herrian adibide ugari daude, baina gaur guztien artean bat ekarri nahi dut txoko honetara.
(gehiago…)
Herria kolorez, jolasez, irriz eta burrunbaz
2014-03-03 // Auzolana, Gizartea, Herrigintza, Parte-hartzea, Proiektuak // Iruzkinik ez
OarsoIrriko Batukada Herrikoai – Mendi Urruzuno
2011. urtean auzolanean haurren parte-hartzea, aisialdi hezitzailea, euskara eta etxe giroko jolasa plazara ateratzeko xedea zuen egitasmoa jarri zen abian Oarsoaldean: OarsoIrriak.
https://www.youtube.com/watch?v=IedR9kWOJ2EBarrutik bizi izan dut proiektu xume hau bere hastapenetatik. Niretzat haurrak eta helduak eskutik helduta hauen desioak, ametsak eta beharrak modu kolektiboan erantzuteko grina eta bestelako gizarte eredu bat bizitzearen nahia dira egitasmoaren garra. Elkarrekin jolastu, elkar ezagutu, naturarekiko begiruneaz goxatu, partekatzea, kolorea, sorkuntza, irria, herrigintza…
(gehiago…)
Gorputzaren mapa esploratzen
2014-02-05 // Gizartea, Osasuna, Prismaren koloreak, Sexualitatea // 2 iruzkin
www.ispybaby.com.au
3 urte bete behar zituen alabarekin batera baineran.
– Ama, zuk pototarekin jolasten al duzu?
Galdera hori egiteko toki aproposa zen. Mikrosengundu batez zer erantzun horren inguruko zalantza sortu zitzaidan.
Ama eta pertsona moduan bere eraikuntza pertsonalerako egokia zen zerbait bota nahi nuen, hartara naturaltasuna eta zintzotasunaren bidea hartu nuen.
– Bai maitia, baina ez beti, momentu jakin batzuetan.
Segundo batzuetan uraren soinua besterik ez zen entzun. Ni alabaren aurpegiari begira geratu nintzen. Ta barne bakarrizketan…
(gehiago…)
Itzala lapurtuta ere
2014-01-10 // Prismaren koloreak, Sentipenak // Iruzkinik ez
Argi izpiek gardena ez den gorputz baten kontra talka egiten dutenean sortzen da itzala.
Kristalak ez dauka itzal indartsurik, baina ahula bada ere itzala dauka, tanten parera. Itzala duten pertsona batzuk itzalita bizi dira, kasu askotan itzulbiderik gabe itzalita. Existitzen den gauza oro itzal bat dauka, itzaliak daudenak barne. Existitzen ez dena ordea ez omen dauka itzalik, edo bai?
Gela ilun batean baldin bagaude, ez daukagu itzalik, itzalak sortzen duen iturbururik ez dagoelako. Baina bertan gu itzalik gabe ere existitzen gara. Ez gaituzte argitan bizitzen uzten, itzalak lapurtzen dizkigute munduari ez garela adierazteko. Baina oker dabiltza, itzalik gabe ere existitzen baikara. Joan zaizkigunak ere ez daukate itzalik, baina present daude. Herriaren arima bezala. Kontzeptu bat da, gu guztiok gorpuzten duguna, itzalik gabeko gorputza.
(gehiago…)
Hezkuntza sortzailea
2014-01-07 // Hezkuntza, Jolasean // 2 iruzkin
Hezkuntza Sortzailean erabiltzen den mahai-paleta – A(r)tez Ate blogeko Amaia Alberdi Sarrionandiaren sarrera batetik hartutako irudia
Betidanik pentsatu izan dut benetan ikasten dena bizitzen den hori dela. Zer ikasi eta nola kultura baten ezaugarri dira eta horiek kultura batean murgildurik dauden gizabanakoen ezaugarriak modelatzen dituzte. Kultura desberdinetan aldatzen ez den berezitasunetako bat haurrek jolasten ikasten dutela da; ibiltzen, hitz egiten… Jolasak pizten du haurra eta bere sorkuntza ahalmenaren adierazpenik gorenetakoa da.
Gure ikastola, eskola eta unibertsitateko klase gehienetan praktikan jartzen diren ikasketa prozesu arautuek ez diote jolasari, irudimenari edo pasioari tarte handirik uzten eta hori sorkuntzarako oztopo da. Guzti honekin apurtzen duen Hezkuntza Sortzaileari buruzko gako batzuk daude jarraian, zinez interesgarria den metodologia baten zertzeladak.
Hezkuntza Sortzailea bezala ezagutzen duguna Arno Stern ikertzaile frantziarrak sortutako lan egiteko edota ikasketa prozesua ulertzeko metodologia bezala ulertu dezakegu. Horra bere baitan biltzen diren 3 oinarrizko baldintzak.
(gehiago…)
Azalaren memoria
2013-12-23 // Erretratuak, Prismaren koloreak, Soinu Bandak, Zentzumenak // Iruzkinik ez
Azalaren memorian zizelkaturik daude gure bizipenak, gure kolpeak, gure iraultzak, gure desirak…
Barrukoa eta kanpokoaren arteko muga bezala ikusi dezakegu azala, baina muga hori desagertzen denean agertzen da norberaren esentzia.
Emadazu eskua proiektua
2013-12-20 // Gizartea, Komunikazioa, Proiektuak // Iruzkinik ez
Itxaso eta bere lagunak – Sue Ramá (2012) (c)
Maier eta Itxaso ama-alabak dira. Itxasori bere amaren keinuek eta izebaren hitz goxoak pilo bat gustatzen zaizkio. Norberak komunikaziorako kode desberdinak erabiltzen ditu eta Itxasok komunikatzeko hitza erabili beharrean begirada, soinutxoak eta gorputzaren jarrera erabiltzen ditu. Itxasok lagun ugari dauzkan haurra da eta bere lagunak modu sakon batean maite dute.
Ni isilduko naiz eta Itxaso, bere ama, gertukoak eta lagunak osatzen duten familia handi bezain kementsuak sortutako aurkezpenarekin uzten zaituztet.
(gehiago…)