Olatz Sanchez Lamikiz
Latitudeekin dantzan dabilen barakaldarra naiz, han eta hemen, Iparra eta Hegoa orratz. Hizkuntza ttipiez arituko naiz, besteak beste; ikusi eta ikasi dudana zurekin konpartituko dut. Küpaelueyu, kiñetrokin, espazio zati bat eskainiko dizut zentzurik zabalenean, dela idatzi puxka, dela lur zati, dela bitxikeria, dela begirada. Haiek geureganatu eta iraultzen ahaleginduko naiz espazio berriak sortzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
Artxiboak
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
Literatura kartoi artean: La Vieja Sapa Cartonera eta euskal poesia antologia elebitan.
Atalak: Historia, Hizkuntza, Literatura
Literatura herrira hurbiltzeko ahaleginean dihardutenei.
Eskerrik asko Mario, Cesar, Francisco. La Vieja Sapa Cartonerako sortzaileak.
Cartonera argitaletxe askeen ibilbidea Argentinan hasi zen 2001 urtean, herrialdea krisi sakon batean murgildurik zegoela. “Eloisa Cartonera” izena baliaturik idazle eta artista talde batzuk kartoia pilatzen hasi eta liburuen azalak edo portadak material hura erabiliz ekoitzi zituzten.
Gauza ederra gertatuko zen, gerora, ia hamabost urtez Latinamerika osotik hedatu den fenomenoa bihurtzeraino. Desegonkortasun ekonomiko eta politikoa nonahi erroturik, literaturak eta arteak jendartearen hondakinak berregiteko gaitasuna eduki zuten. Ustelkeriaren zirtzilkerietatik orduan, poesia eta sorkuntzarako espazio berriak sortuko ziren, ingurua hutsean kokatu eta berpentsatzeko. Kartoietatik poesia sortu zen, eskua, marrazkia, bizitza zati bat agertu, eta harekin batera, itxaropen berriak. Lur astindu haietatik sortu zen Cartonera Latinamerikan.
La Vieja Sapa Cartonera egitasmoa 2012 urtean jaio zen. Kideek unibertsitatean ezagutu zuten elkar; haietako batek Argentinako proiektuaren berri eman zien eta orduan ekin zioten La Vieja Sapa proiektua sortzeari, bat-batean, buelta handirik gabe. Argitu beharra dago ordea, unibertsitatean ikaskideak izanik ere –hiru lagunak Literatura ikasleak dira-, Francisco, Mario eta Cesarren espazioa Pontificia Catolica Universidad de Chile unibertsitatetik at dagoela. Haiek ez dute unibertsitate eskola horretan lantzen diren baloreekin bat egiten, beraz, haiek elkar ezagutu duten lekua ez da haien lan eta sorkuntza lekua.
Hirurek zaletasun ugari konpartitzen dituzte eta handik abiaturik, garagardoak konpartitzeaz gain, haiek idatzitako olerkiak, kezkak eta ametsak partekatu dituzte harik eta haien artean maitasun istorio ederra sortu den arte. Argi mintzo dira: konfiantza irabazi ahala, elkar maitatzen hasi ginen; elkarteko kideok elkar maitatu behar dugu bestela, proiektuak nekez egingo du aurrera. Maitasuna amorrua bezain beharrezkoa da, hargatik, akaso, “ amorruaz idatzi, samur” gure oinarrizko esaldietako bat da.
Bat-bateko freskotasunak eta konpromisoak elkarrizketa mordoa ekarri zizkien, zalantzak, hausnarketak… Hala, poesia argitaratzea erabaki zuten eta Santiagoko zenbait txoko izan dituzte tailerretako areto, kartonera ibiltari.
1. La Vieja Sapa: nor zarete? Izenaren izana eta zergatiak…
Izenak estetikarekin zerikusi handia du, apostua ere bada. Izena munduan egoteko moduaren adierazlea da, nondik idazten dugun adierazten duena.
La Vieja Sapa ( sapa hitza gure kuxkuxero edo berba-ontzi hitzen baliokidea da) auzoetako pertsonaia ezagunetakoa da eta hirurok Txileko herribildu edo auzo periferikoetatik gatoz. Gazterik paisaia meharrak izan ditugu begibistan, areka txikiak. Auzo lanean hazi izan gara, auzoa topaleku zelarik, auzokideen lagun. Bertan denetariko elkarrizketak entzun ditugu: politika, telebista, egunerokotasuna; kezkak, ametsak, biziraupena. Hura Txile zaharra zen, antzinakoa; bestelako mundua, kasu, ez dugu esango egungoa baino hobea edo txarragoa, desberdina baizik. Egungo Txilek ez di tu auzokideak ezagutzen, etxe orratz luzeetan pilatu eta galdu egiten dira denak. Guk auzoak eta berauen pertsonaia xelebreak maite ditugu eta haien baitan bizi gara, berauen istorio eta historia ezagutzen ditugu. Gure auzoetan agurtu egiten zaituzte epel, saltokietan fidantzan ematen dizute unean ordaindu ezin duzun esne kutxa eta libretatxoa daukazu dendan. Plaza solaslekua da, mahai-jokoak daude, kalekumeak.
Bertan kokaturik gaude gu; auzoko kuxkuxero hura izan nahi dugu; idazle ezezagunak dauden xurrumurrua zabaldu nahi dugu, gure hizkuntzan idatzi nahi dugu. Gure esperientzia kontatu nahi dugu, hitza eman eta entzun; auzoa eta literatura uztartu nahi ditugu espazio publikoa pribatuari gailen dakion. Abesti propioa sortu nahi dugu, denon artekoa, gurea.
Gure estetika apala da eta berau da gure itxaropena: elkar ezagutzeko espazioak sortu nahi ditugu, sorkuntza, ezagutza eta hausnarketara bideraturiko zubiak eraiki, ezen denon ekarpenek subjektibitate hura eraikitzen lagunduko baitigute bestela amestu eta bizitzeko. Lubaki honetan bizi nahi dugu eta trintxera berriak sortu; ahotsak biderkatu eta hezkuntza kontsumistak elikaturiko espazioak irauli nahi ditugu.
2. La Vieja Sapa Cartonera eta “Sustraietatik, desde las raices” euskal poesia antologia elebitan. Nola iritsi da euskara zuengana?
Akademian aurkitu dugun espazio baliagarri bakarra Olatz Sanchezen Lengua y Cultura Vasca ikasgaia izan da. Ikasgaian Euskal Herriko historia, hizkuntza, politika eta literatura lantzen dira, besteak beste. Hitzen maitaleak garen heinean, poeta euskaldunak arakatzen jarraitu genuen eta orduan ohartu ginen hizkuntzari ematen zaion garrantziaz. Hizkuntza gure nortasunaren egituraketan hain da elementu oinarrizkoa, ezen batzuetan haren garrantziaz jabetu ere ez gara egiten, debekuak eta errepresioa tartean ez badira, euskarari gertatu bezalaxe. Joseba Sarrionandia idazle zoragarria deskubritu genuen eta harekin batera “Sustraietatik, desde las raices” elebitan idatzitako euskal poesia antologiara ekarri ditugun beste hainbat ere.
“Munduan gertatzen den edozein bidegabekeria sakonean sentitzeko gai izan zaitezte. Iraultzaileen ezaugarri ederrena da” . Che Guevararen hitzok La Vieja Sapan sentitzen dugunaren isla garbia dira. Hartara, euskaldunek eta euskarak pairatutako errepresioa ulertzen dugu, Txileko jatorrizko herri ugarik pairatu dituzten miseriak bezalaxe. Gatazka klaseetan bereizitako sistemaren ondorioa da eta borroka ildoak bateratuak eta komunak izan behar dira; bada, etsaiak espazio guztiak hartu ditu eta guk gauza bera egin behar dugu baina beste norabide eta helburu batekin, alegia, elkar ezagutu, elkartu eta espazio askeak sortu.
3. Hitzordu berezia eduki duzue: “Sustraietatik, desde las raíces” liburuaren aurkezpena.
Aurkezpena jarduera ederra izan zen, gainera, Cartonera Argitaletxeen II Topalekuen barruan burutu zen eta nazioarteko idazle ugari ere bertan izan ziren. Antologia elebitan prestatu dugula eta, poesia irakurketa egin genuen, hura ere elebitan. Bertaratutako jendea irakurtzera animatu zen eta parte
hartze horrek are bereziago bilakatu zuen aurkezpena bera; euskal musika entzun genuen, zuzenean. Aurkezpena Chancho Seis tabernan izan zen, literatura eta idazleen topaleku klasikoan.
4. Orain zer? Etorkizuneko proiektuak…
Bi liburu argitaratuko ditugu: haietako bat “Mala clase” Luis Barralesen antzerki lana da, eta 2006 urtetik aurrera Txilen gertatu diren ikasle-matxinaden testuingurua du ardatz. Bigarrena Mauel Rojasen “ De la poesía a la revolución” liburuak dakarren entsaio bilduma da. Gure asmoa da hasten ari diren idazleei espazioa eskaini eta espazio hura, jada ezagunak diren idazleekin konpartitzea. Horrez gain, oso maite dugun espazioa indartu nahi dugu: liburuak kartoizko kutxekin sortzeko tailerrei bultzada eman nahi diegu. Halaber, jendearekin komunikatzeko espazio berriak elikatu nahi ditugu, azoketan parte hartu nahi dugu… Hitza eta sorkuntzarekin batera hazi nahi dugu guk ere, egunerokotasunaren plazan, elkarrengandik gertuago.