Hasiera »
Olatz Sanchezen bloga - Latitudeak
Olatz Sanchez Lamikiz
Latitudeekin dantzan dabilen barakaldarra naiz, han eta hemen, Iparra eta Hegoa orratz. Hizkuntza ttipiez arituko naiz, besteak beste; ikusi eta ikasi dudana zurekin konpartituko dut. Küpaelueyu, kiñetrokin, espazio zati bat eskainiko dizut zentzurik zabalenean, dela idatzi puxka, dela lur zati, dela bitxikeria, dela begirada. Haiek geureganatu eta iraultzen ahaleginduko naiz espazio berriak sortzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
Artxiboak
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
Haria galdu
2015-12-11 // Artea, Justizia // Iruzkinik ez
Gero eta maizago gertatzen ari da jatorrizko herrietako hainbat ohituren lapurreta instituzionala, sarritan, gobernuek babestua.
Absurduak badu subrealismotik koxka bat. Mexikoko Oaxaca komunitateko kideak Frantziako diseinatzaile baten aurkako epaiketan murgildurik daude haien eskubide kolektiboak aitortuak izan daitezen; izan ere, Isabel Marant diseinatzaileak Tlahuitoltepec Mixeko biztanleen jantzien diseinu tradizionalak kopiatu omen ditu. Diseinatzaileak marrazki politak eta estetika kuriosoa ikusi du alkandoren trazetan baina auzia hori baino askoz ere sakonagoa da.
Jatorrizko herriek badituzte haien ohiturak eta ezaugarri kultural berezkoak, bakarrak. Naturarekiko harremana handiagoa den heinean, lekuan-lekuko belar eta landareen ezagutza maila handia dute eta jakina da sendabelarren maisu eta maistrak jatorrizko herrietako lagunak direna. Ezaugarri kulturalen baitan dantzak, erritmoak eta musika tresnak ditugu, besteak beste. Erritualetan erabili ohi dituzte, urtaro aldaketak iragartzeko, negua zein udaburua ospatzeko, ama lurra omendu eta uzta oparoa eskertzeko…
Emakume eta gizonek badute haien estetika propioa; ile orrazkera, apaingarriak eta jantzietako marrazkiak informazioz beteriko jantziak dira. Jantzi bakoitzean ehundutako lorea, kolorea, mugimendua….guretzat jertse ederra izan daitekeena, haientzat sinbolismoz jositako jantzia da, komunitateko kideen arteko mezularia.
Ondarea ez da norberari dagokion “ondasuna”, berez, ez da inorena. Lurraldetasuna norberari ertsiki loturiko auzia da, inmateriala. Mitoaz haraindi doan ohitura, egunerokotasuna. Literatura, abestiak, animaliak, naturari begira egotea….ondasun ukiezinaren baitan daude.
Gillaume Boccarak indigenen nazionalizazioaz dihardu kulturaniztasun neoliberalaren gurpil zoroan. Merkatuaren liberalizazioak jatorrizko herrien lurraldeetara iristeko bidea erraztu du; paradigma berriak ageri dira aipaturiko hurbilpenaren eskutik. Ohituretako asko, ezaugarri kultural diren keinu ugari ( ez ekonomiko, ez merkantziazko), merkantilizatu dira.
Liberalizazio prozesuan muga etnonazional berriak sortuz doaz. Hala, jatorrizko herrietako leku magikoak gobernu arrotzen ondare bilakatu eta haien historiaz jabetzen direlarik, kontrol forma berria sortzen da. Jabetza modu berria da ondarearen bidez kudeatzen dena, espazioak kolonizatzeko izaera globalizatzaile eta garaikidea duena. Michael Goldmanek eko-gobernuaren terminoa jaso du eta Diddier Fassinek Gobierno humanitario izeneko kontzeptualizazioa proposatu du egoera konplexu berriei irtenbidea emateko zirrikitu bila, baina momentuz, kontzeptu teorikoak baino ez dira, oinarri praktiko sendorik gabekoak.
Ondare kulturala ez da jendarteari atxiki dakiokeen ondasuna eta jabetza intelektuala norbanakoa, indibiduala da, ez kolektiboa. Norenak dira, orduan, herriko kantak? Norenak erritmo eta doinuak? Norenak dira herri batean beren-beregi ehundu den jantzia? Jabetza kolektiboa hedatzearen beharra gero eta garrantzitsuagoa da, areago gero eta maizago gertatzen ari diren “lapurreta” instituzionalak kontrolatzeko.
Adibide gisa, jo dezagun Txileko 169 hitzarmenak dakarren auzira. Jatorrizko herriek ez dute berezko ondarerik, denak Txileko gobernuari dagozkie; herrien arteko komunikazioan oztopo bikoitza sortu da: alde batetik, jatorrizko herriak jabetza kontzeptuaz eztabaidatzera behartuta daude ( haiek bestela ulertzen dute mundua: naturak haiei utzi dien lur zatia zaindu behar dute, ez dira lur zatiaren jabe, kontrakoa baizik) eta bestetik, haien historiaren ikusezintasuna betikotzeko arriskua handitu egin da. Herrien aitortzarik gabe, haiek ez dira beste gobernuen politikekin identifikatuko, ez haien historia manipulatu eta merkantilizatuko duten neurrian, bederen. Dena legez arautu beharreko joera modernoak kritika ugari jaso ditu, jatorrizko herrien mugek estatu bat baino gehiago hartzen dutenean.
Baina globalizazio kulturalak eta kontsumoak ez dauka mugarik; modernismoaren izenean, konkista berriak abiatu dira espazio intimoagoetara.
RUDA: Guatemalako emakume enpoderatuak eta sendabelar eder hura
2015-11-21 // Justizia, sexismoa // Iruzkinik ez
RUDA dokumentalak Guatemalako emakumeen indarkeria egoera anitzak ditu mintzagai. Emakumeok denetariko erasoak jasan dituzte haien bizitzan zehar baina hargatik ez dira biktima paper hustuan geratu.
Candelaria, Isabel, Johana, Natalia, Olga, Sabina, Sebastiana, Teresa….emakumeoi haien eskubideak modu batean edo bestean ukatu egin zaizkie; ohiko prozedura ordea, irauli egin dute. Beldurra gainditu eta gatazkaren bestaldean kokatu dira, indarturik. Hala, haien esperientzia komunitateko beste emakume batzuei kontatu diete eta elkarren arteko elkartasun sarea ehunduz joan dira.
Instituzioen babesetik harago, egoera are konplexuagoan bizi dira emakume asko eta asko. HArtara, beharrezkoa dute haien tresnak garatu eta elkarri laguntzeko beste bide batzuk arakatzea. Bakoitzak dakienetik abiatuta, izan sendagile, hezitzaile, ehungile…..nork bere ekarpena eskaintzen dio ondoan daukan lagunari, denon artean, indarkeria egoeratik ihes egin eta bizitza duina berreraikitzeko tresnak garatzeko. AMUTED, Majawil Q’ij eta CICAM emakume elkarteen babesa eta laguntza jaso dute; Oxfam GKE erakundeak eta PIKARA magazinek dokumentalaren gidoian lagundu eta proiekturako babesa eman dute. Proiektuen bideragarritasuna neurtu eta komunitateetako emakumeek beraiek erabakitzen dute zein den lehentasun handiko afera, eta haien artean sortzen dute oztopoei aurre egiteko modua, irribarrea galdu barik.
Izen ezin aproposagoa iruditu zait RUDA. Geurean erruda usainduna edo bortusai izenez ezaguna, oso belar estimatua da Latinamerikako jatorrizko herri ugaritan. Maputxeek sendabelar magikotzat dute eta matxi guztiek haien oinarrizko botika gisa erabiltzen dute. Emakumeon hilekoa orekatzeko lagungarria da, arazo hormonalak dituzten emakumeek sarri erabiltzen dute hilekoaren joana kontrolatzeko. Dosi altuegia hartzeak abortoa eragin lezake, eta kontrolik gabeko kontsumoak heriotza, giharrak uzkurtu egiten ditu eta.
Pozoietako sendabide eraginkorra da eta antzinean monasterioetan erruda ugari erabili ohi zuten, esperma kopurua gutxitu eta sexu grina apaltzen duelako. Hain dauka usain sarkorra, ezen baratze eta ortuetan ere oso erabilia den, azeria eta katuak ganadura eta landareetara hurbildu ez daitezen.
Ruka edo etxe eraiki berrian, ohikoa da erruda sorta teilatutik behera zintzilik ikustea, espiritu maltzur eta mamuak uxatzeko.
Oraingoan emakume eder eta boteretsuak dira gure errudak, haien bizitzen jabe izateko ahalegin bikainean.
Oinazetik boterera
2015-05-04 // Justizia, sexismoa // Iruzkinik ez
Caddy Adzuba Bilbon. Aretoa jendez lepo. Frantsesez mintzo da. Aretoko askok aurikularrak jantzi ditugu hitz bakar baten esanahia ez galtzeko.
Telefonoen ekoizpena gerraren erantzuleetako bat da Kongon, koltan mineral preziatua lortzearren edozein basakeria burutzeko prest dira paramilitar eta enpresa erraldoiak, sarritan lekuan-lekuko gobernuak baimendurik. Baina telefonoak eta teknologia berria azken urteotako kapitulu odoltsua da, Rwandan hasi baitzen gizon eta emakume askoren ametsgaiztoa. 1994 urtera atzera egin du Adzubak, eta genozidioa gogorarazi digu: milioi bat eta zazpiehun mila lagun baino gehiago erail zituzten. Garai hartan Kongo ez zen existitzen, Zaire izenaz ezagun genuen herrialde hura.
Emakumeen gorputzaz hizketan hasi da ondoren. Gero datuak eta estatistikak mahaigaineratu ditu baina datu horien atzean bostehun milioi emakume zeuden, hezur haragizko emakumeak: amak eta alabak, neskatoak, gazteak, amonak.
Bortxaketa sistematikoa eta gerraren ondorioez aritu da, gerraren helburua emakumeon suntsipena dela. Argi, lehor. Aretoan tenperatura igo da, kanpoan euria eta hotza. Barruan ezinegona eta beroa. Emakume aktiboak, hau da, haurdun geratzeko adinean direnak bortxaketen helburua dira; haien artean nekazariak azpimarratu ditu bereziki, herriaren ekonomiaren oinarria.
IHESA suntsipen handiko arma gisa. Bortxatzen dituzten emakumeen % 60 baino gehiagori ihesa nahita kutsatu egin diete eta zeharkako ondorioei, arazo fisikoez gain, bazterketa soziala eta desohorea gaineratu behar zaizkie. Edozein kasutan, Caddyk tresna legalak eta tresna administratiboak egon arren, haiek eraginkor bihurtzeko erarik ez dagoela onartu du. Kongoren errealitatea gurekin konpartitzen jarraitu du eta ume jaio berrien aurkako erasoen berri eman du: jaioberri eta haurrak lapurtu egiten dituzte; mutilak esklabu eramaten dituzte herrialdetik kanpo eta neskatoak bortxatu eta genitalik gabe itzularazten dituzte. Militarrek argi dute helburuak zein behar duen izan: suntsiketa eta desagerpena, norbanakoa eta kolektiboa.
Bada, bi ordu luze iraun duen hitzaldian indarkeria sexualaren forma berriak erakutsi ditu; emakumeon gorputza gerra arma gisa erabiltzen dutela nahita, aurrez pentsaturik. Emakumeon gorputza salgai jartzen da beste batzuetan esklabu sexual gisa aritzeko.
Sexua gai debekatua da Afrikan eta Kongo errepublikan, hargatik emakume kazetariak batu eta irratsaioetan emakumeek pairatzen dituzten erasoei buruz hitz egiten hasi dira. Presio ugari jasan dituzte, heriotz mehatxuak, zentsurak…baina argi dute uhinek haien territorio askea izan behar dutela, oinaze eta nahigabea sozializatu eta iraultzeko tresnak sortzeko urratsetako bat.
Penak bazterrean utzi eta gauzak aldatzeko kemena beharrezkoa da, emakumeen oinazea lidergo bihurtu. Zutitu, elkarri laguntza emateko.
Literatura kartoi artean: La Vieja Sapa Cartonera eta euskal poesia antologia elebitan.
2015-04-11 // Historia, Hizkuntza, Literatura // Iruzkinik ez
Literatura herrira hurbiltzeko ahaleginean dihardutenei.
Eskerrik asko Mario, Cesar, Francisco. La Vieja Sapa Cartonerako sortzaileak.
Cartonera argitaletxe askeen ibilbidea Argentinan hasi zen 2001 urtean, herrialdea krisi sakon batean murgildurik zegoela. “Eloisa Cartonera” izena baliaturik idazle eta artista talde batzuk kartoia pilatzen hasi eta liburuen azalak edo portadak material hura erabiliz ekoitzi zituzten.
Gauza ederra gertatuko zen, gerora, ia hamabost urtez Latinamerika osotik hedatu den fenomenoa bihurtzeraino. Desegonkortasun ekonomiko eta politikoa nonahi erroturik, literaturak eta arteak jendartearen hondakinak berregiteko gaitasuna eduki zuten. Ustelkeriaren zirtzilkerietatik orduan, poesia eta sorkuntzarako espazio berriak sortuko ziren, ingurua hutsean kokatu eta berpentsatzeko. Kartoietatik poesia sortu zen, eskua, marrazkia, bizitza zati bat agertu, eta harekin batera, itxaropen berriak. Lur astindu haietatik sortu zen Cartonera Latinamerikan.
La Vieja Sapa Cartonera egitasmoa 2012 urtean jaio zen. Kideek unibertsitatean ezagutu zuten elkar; haietako batek Argentinako proiektuaren berri eman zien eta orduan ekin zioten La Vieja Sapa proiektua sortzeari, bat-batean, buelta handirik gabe. Argitu beharra dago ordea, unibertsitatean ikaskideak izanik ere –hiru lagunak Literatura ikasleak dira-, Francisco, Mario eta Cesarren espazioa Pontificia Catolica Universidad de Chile unibertsitatetik at dagoela. Haiek ez dute unibertsitate eskola horretan lantzen diren baloreekin bat egiten, beraz, haiek elkar ezagutu duten lekua ez da haien lan eta sorkuntza lekua.
Hirurek zaletasun ugari konpartitzen dituzte eta handik abiaturik, garagardoak konpartitzeaz gain, haiek idatzitako olerkiak, kezkak eta ametsak partekatu dituzte harik eta haien artean maitasun istorio ederra sortu den arte. Argi mintzo dira: konfiantza irabazi ahala, elkar maitatzen hasi ginen; elkarteko kideok elkar maitatu behar dugu bestela, proiektuak nekez egingo du aurrera. Maitasuna amorrua bezain beharrezkoa da, hargatik, akaso, “ amorruaz idatzi, samur” gure oinarrizko esaldietako bat da.
Bat-bateko freskotasunak eta konpromisoak elkarrizketa mordoa ekarri zizkien, zalantzak, hausnarketak… Hala, poesia argitaratzea erabaki zuten eta Santiagoko zenbait txoko izan dituzte tailerretako areto, kartonera ibiltari.
1. La Vieja Sapa: nor zarete? Izenaren izana eta zergatiak…
Izenak estetikarekin zerikusi handia du, apostua ere bada. Izena munduan egoteko moduaren adierazlea da, nondik idazten dugun adierazten duena.
La Vieja Sapa ( sapa hitza gure kuxkuxero edo berba-ontzi hitzen baliokidea da) auzoetako pertsonaia ezagunetakoa da eta hirurok Txileko herribildu edo auzo periferikoetatik gatoz. Gazterik paisaia meharrak izan ditugu begibistan, areka txikiak. Auzo lanean hazi izan gara, auzoa topaleku zelarik, auzokideen lagun. Bertan denetariko elkarrizketak entzun ditugu: politika, telebista, egunerokotasuna; kezkak, ametsak, biziraupena. Hura Txile zaharra zen, antzinakoa; bestelako mundua, kasu, ez dugu esango egungoa baino hobea edo txarragoa, desberdina baizik. Egungo Txilek ez di tu auzokideak ezagutzen, etxe orratz luzeetan pilatu eta galdu egiten dira denak. Guk auzoak eta berauen pertsonaia xelebreak maite ditugu eta haien baitan bizi gara, berauen istorio eta historia ezagutzen ditugu. Gure auzoetan agurtu egiten zaituzte epel, saltokietan fidantzan ematen dizute unean ordaindu ezin duzun esne kutxa eta libretatxoa daukazu dendan. Plaza solaslekua da, mahai-jokoak daude, kalekumeak.
Bertan kokaturik gaude gu; auzoko kuxkuxero hura izan nahi dugu; idazle ezezagunak dauden xurrumurrua zabaldu nahi dugu, gure hizkuntzan idatzi nahi dugu. Gure esperientzia kontatu nahi dugu, hitza eman eta entzun; auzoa eta literatura uztartu nahi ditugu espazio publikoa pribatuari gailen dakion. Abesti propioa sortu nahi dugu, denon artekoa, gurea.
Gure estetika apala da eta berau da gure itxaropena: elkar ezagutzeko espazioak sortu nahi ditugu, sorkuntza, ezagutza eta hausnarketara bideraturiko zubiak eraiki, ezen denon ekarpenek subjektibitate hura eraikitzen lagunduko baitigute bestela amestu eta bizitzeko. Lubaki honetan bizi nahi dugu eta trintxera berriak sortu; ahotsak biderkatu eta hezkuntza kontsumistak elikaturiko espazioak irauli nahi ditugu.
2. La Vieja Sapa Cartonera eta “Sustraietatik, desde las raices” euskal poesia antologia elebitan. Nola iritsi da euskara zuengana?
Akademian aurkitu dugun espazio baliagarri bakarra Olatz Sanchezen Lengua y Cultura Vasca ikasgaia izan da. Ikasgaian Euskal Herriko historia, hizkuntza, politika eta literatura lantzen dira, besteak beste. Hitzen maitaleak garen heinean, poeta euskaldunak arakatzen jarraitu genuen eta orduan ohartu ginen hizkuntzari ematen zaion garrantziaz. Hizkuntza gure nortasunaren egituraketan hain da elementu oinarrizkoa, ezen batzuetan haren garrantziaz jabetu ere ez gara egiten, debekuak eta errepresioa tartean ez badira, euskarari gertatu bezalaxe. Joseba Sarrionandia idazle zoragarria deskubritu genuen eta harekin batera “Sustraietatik, desde las raices” elebitan idatzitako euskal poesia antologiara ekarri ditugun beste hainbat ere.
“Munduan gertatzen den edozein bidegabekeria sakonean sentitzeko gai izan zaitezte. Iraultzaileen ezaugarri ederrena da” . Che Guevararen hitzok La Vieja Sapan sentitzen dugunaren isla garbia dira. Hartara, euskaldunek eta euskarak pairatutako errepresioa ulertzen dugu, Txileko jatorrizko herri ugarik pairatu dituzten miseriak bezalaxe. Gatazka klaseetan bereizitako sistemaren ondorioa da eta borroka ildoak bateratuak eta komunak izan behar dira; bada, etsaiak espazio guztiak hartu ditu eta guk gauza bera egin behar dugu baina beste norabide eta helburu batekin, alegia, elkar ezagutu, elkartu eta espazio askeak sortu.
3. Hitzordu berezia eduki duzue: “Sustraietatik, desde las raíces” liburuaren aurkezpena.
Aurkezpena jarduera ederra izan zen, gainera, Cartonera Argitaletxeen II Topalekuen barruan burutu zen eta nazioarteko idazle ugari ere bertan izan ziren. Antologia elebitan prestatu dugula eta, poesia irakurketa egin genuen, hura ere elebitan. Bertaratutako jendea irakurtzera animatu zen eta parte
hartze horrek are bereziago bilakatu zuen aurkezpena bera; euskal musika entzun genuen, zuzenean. Aurkezpena Chancho Seis tabernan izan zen, literatura eta idazleen topaleku klasikoan.
4. Orain zer? Etorkizuneko proiektuak…
Bi liburu argitaratuko ditugu: haietako bat “Mala clase” Luis Barralesen antzerki lana da, eta 2006 urtetik aurrera Txilen gertatu diren ikasle-matxinaden testuingurua du ardatz. Bigarrena Mauel Rojasen “ De la poesía a la revolución” liburuak dakarren entsaio bilduma da. Gure asmoa da hasten ari diren idazleei espazioa eskaini eta espazio hura, jada ezagunak diren idazleekin konpartitzea. Horrez gain, oso maite dugun espazioa indartu nahi dugu: liburuak kartoizko kutxekin sortzeko tailerrei bultzada eman nahi diegu. Halaber, jendearekin komunikatzeko espazio berriak elikatu nahi ditugu, azoketan parte hartu nahi dugu… Hitza eta sorkuntzarekin batera hazi nahi dugu guk ere, egunerokotasunaren plazan, elkarrengandik gertuago.
Jatorrizko hizkuntzen III.kongresuaz
2015-01-23 // Historia, Hizkuntza // Iruzkinik ez
Txileko jatorrizko herrien mapa
Urtarrilean zehar Jatorrizko hizkuntzen III. kongresua ospatu da Santiagon, Txilen. Jarduera ugariz betetako bi egun izan dira, sargoritsu eta biziak. Aurten Euskadi eta Peru izan dira herri gonbidatuak. Bi egunetan, goiz eta arratsaldez, hamaika proiektu eta motxila bete kezka aurkeztu dituzte jatorrizko herrietako hiztunek, hizkuntzalariek eta hizkuntza biziberritze proiektuetan murgildurik dauden eragileek.
Kongresuan lan taldeak antolatu ziren gaiaren arabera. Gaiaz mintzatzeko adituak eta boluntarioak aurkeztu ziren, ondoren, eztabaida mahaiak bideratzeko.
Eztabaidetako batek hizkuntza biziberritzeko prozesuak izan zituen ardatz. Ikerketa lanen joera teorizatzaileegia kritikatu zuten; kontua ez da ikuspegi teorikoa baztertzea, ikuspegi teorikoa praktikoarekin osatzea baizik. Ikertzaileek haien eremu akademikotik irten eta lekuan lekuko errealitatea ezagutzeko konpromisoa hartu behar dute, ondoren, proiektu egingarri eta baliagarriak proposatu ahal izateko. Metodologia aproposak sortzeko beharra azpimarratu zuten. Senideen erantzukizuna funtsezkoa da edozein hizkuntza biziberritzeko prozesuan, izan ere, han bildutako lagunen iritziz, erantzukizuna ez da kanpo eragileegan soilik jarri behar, berez, estatuak ere beregain hartu behar baitu errealitate plurinazionalari erantzuteko erronka.
Baliabideei dagokienez, kulturartekotasuna lantzeko lehenik eta behin gizon eta emakumeek haien jatorrizko kultura ezagutu eta zoriontsu garatzeko baliabideak izan behar dituzte ( gaztelaniaz intraculturalidad terminoaz ezagutzen duguna). Pertsona osasuntsuak sortu ( maila psikologikoan eta espiritualean) bizitzan egoki formatu eta proiektatzeko ezinbesteko baldintzak dira, ondoren, kulturartekotasuna praktikatzen hasi ahal izateko. Hezkuntza indigena zatika eta baldintzaturik lantzeari utzi behar diote eta eduki guztiak transbertsalitate bati erantzunez jorratu behar dituzte. Hartara, eskolako edukia berpasatu behar da eta gobernuak beregain hartu behar du Txilen dagoen kultura aniztasuna; curriculumak dakarren edukia beraz, deszentralizatu eta lekuan lekuko errealitatea jaso beharko du. Eskolak jatorrizko herrien kultura indartzeko tresna behar du izan.
Komunikabideez eta arte indigenaz aritu ziren mahaian bestelako kezka eta proposamenak azaldu ziren. Hizkuntza sortu eta garatzeko askotariko epistemologiak landu behar dira artearen sorkuntzarekin batera, alegia, ez dira elkarren artean isolaturik bizi diren kontzeptuak, artea hein handi batean eta jatorrizko herri ugaritan, kulturaren adierazpen nagusia baita eta kultura hori berori ulertzeko gakoen gordelekua. Arte indigenaz ari naizelarik, musika, artilea eta telareak, literatura, zinema eta ahozkotasunaz ari naiz, besteak beste.
HIzkuntza eskubideak, jatorrizko herrien 169. hitzarmena eta hezkuntza sistemen lan taldean eskubide orokorrez eta norbanakoez aritu ziren, 169. hitzarmena aplikatzeko orduan. Galdeketak jatorrizko herriei egin behar zaizkie eta galdeketen emaitza estatuak aintzat hartu behar duen datua da nahiz eta sarritan hitzarmenak galdeketaz harago ezelango ondorioak ez izan. Atal horri buelta emateko proposamen batzuk azaldu ziren. Hezkuntza sistemara hurbildurik, ikasle ugarik goi mailako hezkuntza zentroetan jatorrizko hizkuntza praktikatzeko espazio berriak aldarrikatu zituzten baina eskakizun hura burutzeko oztopo administratibo ugari dituztela salatu zuten; zenbait adituk hezkuntzaren autodoterminaziora jotzeko aldarria egin zuten, hau da, hezkuntza proiektuak Txilen dauden errealitate kultural anitzetara egokitzea eta handik hezkuntza sistema eraginkorra eta demokratikoagoa garatzea. Espazio geografikoaren baitan, hiriburua herrietatik dexente aldendurik dago bai geografikoki, baita fisikoki ere. Distantzia hura hautsi eta bi espazioen arteko sozializazioa planteatu zuten herri-hiri dikotomia apurtzeko helburuaz eta estatuan sortu diren era guztietako desorekak apaltzeko helburu gisa.
Ipuinak, kontakizunak eta ikerketa liburuak aurkeztu zituzten: Aymarak Txileko iparraldean bizi dira, Arica- Parinacota eskualdean. Haien hizkuntza ikasteko metodo polita aurkeztu zuten, umeei hizkuntza irakasteko cd-a. Diskoak kantak zekartzan, oinarrizko berba batzuk eta elkarrizketa arinak. Aurkezpena Gracielak gidatu zuen eta haren bizipozak liluratuta utzi gintuen. Maputxeen zeruaz mintzo den beste liburu bat ere aurkeztu zuten, Wenumapu: zeruak mundua ulertzeko ematen dituen gakoez dihardu, deskolonizaturik. Oso ondo hornitua.
Funtsean, nekez uler daiteke hizkuntza baten balorazioa lurraldetasuna kontuan hartu gabe. Hizkuntzen biziraupena ez da afera linguistiko hutsa, faktore politikoak, sozialak eta historikoak ere kontuan hartu behar dira. Jatorrizko herriek hezkuntzan parte hartze zuzenagoa behar dute, hezkuntza eredu tradizionala irauli eta deskolonizazio ariketa sakona egin, curriculumean aldaketa egokiak proposatu ahal izateko; hizkuntza eta kulturaren irakaskuntza eredu hegemoniko eta okzidentaletik askatu beharra dago oinarrizko kontzeptuak argitze aldera. Hala, hainbat termino berriro aztertu behar dira, besteak beste kulturartekotasunari dagokiona, egun, estatuak bere programan txertatuta eduki arren, ez baita halakorik ematen Txilen bizi diren hizkuntza eta kulturak ez direlako berdintasun parametroen arabera tratatzen.
Erailketen sozializazioa: futbola eta femizidioak
2014-12-04 // Justizia, sexismoa // Iruzkinik ez
1960, Dominikar Errepublika.
Leonidas Trujillok gidatutako diktadurak Mirabal ahizpak erail zituen azaroaren 25ean. Egun hura hautatu dute emakumeok pairatzen dugun era guztietako bortizkeria salatzeko.
2014, Txile.
Azarora arte 56 femizidio eta beste 100 saiakera.
Sin feminismo no hay revolución.
Argazkia: Ximena R.
Azaroaren 25ean emakumeon aurkako bortizkeria salatzeko nazioarteko eguna ospatu zen eta horren harira, jarduera ugari antolatu zituzten munduko hainbat hiriburu, herri eta auzotan.
Emakume maputxeen aldarrikapenak, feminismotik.
Argazkia: Ximena R.
Gauza berezia da halako aferak salatzeko elkartzen garenok transmititzen dugun energia. Alameda morez blaitu genuen eta amorruaren ordez, gauzak aldatzeko indar handiagoa bildu genuen. Horixe komentatu nuen eskola feministako kide batzuekin, zein erraza den komunikazioa, zein erraza den elkar ulertzea gure artean.
Astegun zuria zen, arratsaldez, auto eta jende gehien ibiltzen den unea; nekez iritsi ahal izan nintzen elkarretaratzea hasi behar zen lekura, ehunka, milaka lagun lanetik ihesi, autoilarak, sargoria eta hiriaren distantziak. Kaosa. HItzordura iritsi eta oasi txiki batean nintzela zirudien, txarangak, musika, pankartak, mezuak…. bizipoza eta aldarrikapena eskutik helduta, ondo!
Biharramunean, elkarretaratzearen argazki bila ari nintzela, auzo batean bikotekideak eraildako emakumearen albistea irakurri nuen. Beheraxeago, letra xehean, bi neskatoek pairatutako bortxaketa saiakera.
Beste komunikabide batean antzeko kasuak irakurri nituen, herrialde ezberdinetan jazoak. Iturriz aldatu eta berdin antzera, jipoiak, inora ez doazen salaketa kasuak, femizidio gehiago.
Azaroaren 3oean futbol partida bat jokatu zuten Madrilen. Galiziako jarraitzaile batzuk busean joan ziren Madrileraino. Bertan, faxista talde bat zain zuten, ongi antolatuak , borrokarako prest. Eraso horretan Galiziako lagun bat erail zuten; handik ordu bira bi taldeek partida jokatu zuten. Bien bitartean, erailketaren berri ematen hasi ziren: jendea asaldatuta zegoen. “Nola da posible? faxistak putakume hutsak dira, polizia…ere bai. Hau lotsa, halakoak gertatu behar izatea ere….”
Komunikabideetan albiste nagusia izan da; faxistak eta biolentoak futbol zelaietatik kanporatzeko neurriak aztertzen ari dira, jendarterako arriskutsuak direlakoan.
Bateria agortzeko daukat ordenagailuan. Erail edo/eta erasotzen duten emakume bakoitzarekin instituzioetatik erantzun bera jasoko bagenu…..zer…….?
Futbolaren hildakoak eta patriarkatuaren hildakoak ez dira berdin neurtzen.
Iturria: #TerrorismeMasclista.
Ordenagailua itzali egin zait. Bateria agortu da.
Txile 1973-2014. Harmailen memoria, gure memoria.
2014-09-12 // Historia, Hizkuntza // Iruzkinik ez
Allenderen betaurrekoak eta tiroak. Estadio Nacional belodromoko murala.
Argazkia: Elena Aguayo
Irailak hamaika izan ditu gaur, egun berezia Txilen. Gaur Pinochetek Txilen estatu kolpea eman zuenetik 41 urte iragan dira. Salvador Allende erail zuten orduan, eta harekin batera herria eraikiz zihoan amets ugari lurperatu zituzten. Allendek herri sozialista zuen amets eta helburu, umeek ogi zatirik faltan ez izateko borrokatu zuen, denek eduki behar zuten ikasteko eskubidea, literatura, musika, artea….oinarrizko beharrizanak bilakatu zituen, herritarren eskura. Elkartasuna ardatz harturik harilkatu nahi zituen politika guztiak, garraioa, langile eskubideak, elikadura subiranotasuna. Ez ziren gehiago hitz arrotzak izango, herriarentzako izango ziren denak. Amets hura 1973ko irailaren eguerdi hartan zapuztu zen. Bonbardaketa La Monedan eta kea behelainopean. Betaurreko hautsiak ametsekin batera, azken berba duinak presidentearen diskurtsoan ” zuengana zuzentzen natzaizue azken mezua izan daitekeen honetan, zuengana langile, ikasle, gizon, emakume, nekazari, idazle…”
Estadio Nacional belodromoak urterik urte egun hura berreskuratu eta oilo ipurdiak gorputza astintzen du. Bihotzetik begietara, begietatik lurrera doaz ihesi malko lotsatiak. Hotzikara. Historia.
Estadio Nacional belodromoaren inguruan.
Argazkia: Elena Aguayo
Atxilotu eta preso politikoek haien lekukotza kontatu didate argazki matean. Gorputza zimurtuago daukate: 41 urte joan dira. Bizitakoa ordea presente dute denboran aurrera egin arren. Bidaialagun asko errepide bazterrean geratu zaizkie. Haiek entzun eta norberaren gorputz zati bat desagertuen koxka bilakatu da, lepoa uzkurturik, oin puntak hotz.
E.N zelaiak ia 50.000 lagun hartzeko gaitasuna du, eserlekuetan jarrita, hamarkada batzuk lehenago ez bezala. Aulkiak ditu ezker eskuin. Baina bada jesarri ezin daitekeen harmaila zatia; atxilotuen bizileku izan zen luzaroan, izua, amorrua eta minaren harmaila da. Memoriarena ere. Ezen memoriak sufrimendu hura munduan ezagutarazi eta lekuko iraunkortzat hartu du.
Harmaila zorigaizto hauetan jesarrita idazten ari naiz lerro okertu hauek, urteurrenerako bereziki zabalduak. Emakume batzuk atzerago dira, maputxeraz kantuan, gozo. Oilo ipurdia berriro ere, zimurdura berria gorputzean.
Ama gazte batek kandela bat piztu du nire alboan, alabarekin mintzo da: harmaila hauetan torturatu eta desagertuak jesarri ziren azkenekotz – txikitxoei azaldu die-, eta egun, memoriaren lekuko gisa harmailek bere horretan diraute, berriztu barik, duela 41 urte bezala. Pittin bat ez deusago sentitu naiz, baina halakoak sentitu behar ditudala ulertu dut orduan, memoriak bere lana ondo egina duen seinale, desagertu eta torturatuak gure baitan bizi diren seinale, justizia egin eta hura lortu bitartean bederen. Ostean, memoriak leku atseginago batean gordeko ditu.
Galvarino maputxeraren arnasgune berria airerik gabeko etxean.
2014-08-20 // Historia, Hizkuntza // Iruzkinik ez
Galvarino Temucotik 40 kilometrora dagoen herria da; bertako biztanle ugari maputxe hiztunak dira. Egoera diglosikoan bizi dira, hegoalde zein iparraldeko herri askotan bezalaxe, hau da, Txileko zenbait eskualdetan bi hizkuntza mintzatzen dira baina administrazioan bakarra da erreferentziala ( ofiziala, zehatzago): gaztelania.
Txileko konstituzioak ez dakar hizkuntza ofizialik, horren ordez, gaztelaniaz mintzatzera gonbidatzen ditu txiletar guztiak, hizkuntza hori berori elkar ulertzeko tresna eragingarria delakoan. Gainontzeko hizkuntzak linbo batean bizirautera kondenaturik daude, konstituzioak oinarrizko eskubide hura bermatzen ez duen bitartean. Kitxua, yagan hizkuntza, kaweskar, maputxe eta rongo-rongo hizkuntzak haien historiaren itzala baino ez dira.
Txile mendikate erraldoi batek eta itsasoak inguraturik dago, irla formarik ez duen uhartea. Hegoaldea hotza da, euritsua; hegoaldea edonondik urrun dago. Herri isolatuak mendialdean ezkutatzen dira eta jatorrizko mintzoan komunikatzen dira haien artean. Erdarek apenas zapaldu dute lur mutur hura. Besterik da hegoalde australean; XIX mendean zehar Europatik espedizio ugari etorri ziren bazter hura ezagutzeko. Haietako asko Cabo de Hornosen desagertu ziren itsasoaren zakarrak irentsita. Alabaina, espedizio batzuek mundua bukatzen den lur zatira hurbiltzea lortu zuten eta bertako biztanleak erail edo/ eta bahitu zituzten, esperimentuak egin eta giza-zoologikoak sortzeko, besteak beste. Ebanjelizazioak ere izan zuen jatorrizko hizkuntzen desagerpenean zer esanik; erlijio eredu berriaz batera, hizkuntza ere inposatu zieten Bio-Bio ibaitik behera bizi ziren gizon eta emakumeei. Baina zuhurrak ziren izan, eta erlijio moldearen arabera, ondo asko jakin zuten erlijio eredu berria haiek mintzatzen ziren hizkuntzan txertatzen; hartara, komunitate batzuetan maputxeen arropa tradizionalez jantzitako ama birjinak daude elizen atarian. Jatorrizko hizkuntzek gero eta espazio mugatuagoan bizitzen ikasi behar izan zuten eta batzuk ezin izan zieten hizkuntza eta kultura asimilazioari eutsi.
Azken hamarkadan zehar, Txilek beregain hartu du hizkuntzen biziraupena bermatzeko erantzukizun politikoa baina Galvarinon gertatutakoa ahalbidetu dutena erantzukizun soziala eta hiztunen konpromisoa izan dira.
Txile iparrorratzik gabeko mendi ibiltaria dela iruditzen zait: konpromiso politikoak, hizkuntzen berreskurapena eta biziraupena garatzeko hitzarmen berritzaileak….funtsean ordea, hizkuntza planifikazio egokirik gabeko politikak ezkutatzen dira, zauria sekula sendatuko ez duten sendabelarrekin jolasean arituko bailiran. Hezkuntzan jatorrizko hizkuntzak irakasteko neurri bat edo beste hartzeko konpromisoez eztabaidan diharduten bitartean, folklorearen antzutasunaz elikatzen dira eta hizkuntzen osasuna gainbeheran doa.
Galvarinok ilusioa eta haize berria ekarri dio maputxerari eta oxala oihartzunak Arica eta Puerto Edenen ere zirrara eragitea. Maputxera bizirik dagoen seinale garbia izan da, maputxera kalera irten da hizkuntza paisaiari kolore berriak ematera. Maputxera haurren kanta eta jolasetan txertatuz doa, bere erritmora, tipi-tapa, atsedenik gabe.
Pewma
Ngpay pun wente winkul kütralwe- püle
Kuifikeche maichül-maichülngey
Allfüley ta mapu pilu trokifiñ
Ametsa
Mendialdean, etxeko suaren inguruan
Gauez
Arbasoak keinuka dakusat urrunean.
(Voces mapuche liburuko olerkia)
Hizkuntza etxeko suaren inguruan transmititu eta gorde izana, egun bizirik mantentzearen arrazoietako bat. Eskerrik asko ama, amona, aita. Eskerrik asko kontakizun eta mitoei, esker mila ahozkotasunari.
Hizkuntza zaharren magia.
Tierra de fuego: su txikiak arriskuen iragarle eta amona Kiepja
2014-06-17 // Historia, Hizkuntza // Iruzkinik ez
400 urte baino gehiago joan dira Hernando de Magallanesek Tierra de Fuego topatu zuela; izenaren jatorria irlaren inguruan ikusi zituen su txikiak dira. Su txikiok ona jatorrizko bizilagunek piztu ohi zituzten itsasontzi ezezagun bat bistaratzen zutenean, arrisku egoera iragartzeko, nonbait.
Tierra de Fuegoko biztanleak ehiztariak eta biltzaileak ziren, lurrak ematen ziena aprobetxatzen zuten. Irla Handian bizi ziren duela 10.000 urte baino gehiago. Kontuan har Magallaneseko pasabidea orain dela 8.000 urte zabaldu zela beraz, irlaraino oinez iritsi ziren, orduan Patagoniari lotua baitzegoen lur eremu hura.
Europarrak Irla Handira iritsi zirenean ehiztariek okupaturik zegoen, hau da, bertan selk´nam eta haushak bizi ziren. Irla Handia Tierra de Fuego izendatu zuten. Yaganak eta Halakwoolipak itsasoko nomadek berriz, Beagel eta Ballenero kanala zuten bizileku.
Irla ez zuen beste inork zapaldu 1879 urtera arte: 4000 selk´nam ( edo ona) zelai idor haietan bizi ziren, Darwineko mendialderaino. Talde nomadak ziren, gizon eta emakume sendoak, arkuan trebeak. Irlako biztanleak zuhurrak ere baziren, ia bostehun urtez ibili baitziren haraino antolatzen ziren espedizioen bisitak oztopatzen. Abenturazaleek Jende Handia, Gente Grande izenez bataiatu zuten badia.
1881ean Txile eta Argentinaren arteko mugak zehaztu ziren eta handik aurrera, gero eta bortitzagoak izan ziren jatorrizko herrietara egindako bisitak; ganadu konpainiek artaldeak eraman eta egonaldiak sortu zituzten bertan. Jarduera berri honek gatazka ugari sortu zituen jatorrizko biztanle eta kolono ingeles, argentinar eta txiletarren artean harik eta gatazka haiek indigenen hondamendi bilakatu ziren arte. Okupazioaren ondorioak beraz, selk´nam herriko bizilagunek pairatu zituzten bereziki : aberatsek eta urregileek ehizak antolatu zituzten haien belarriak moztu eta irla “garbitzeko”.
San Sebastianeko gertakaria dokumentaturik dagoen lehenbiziko sarraskia da; 1886ko azaroaren 25ean Ramon Lista kapitainak irla ezagutu nahi zuen eta San Sebastian hondartzan hartu zuen lur. Egun horretan bertan ona talde batekin topo egin zuen eta preso hartu nahi izan zituen baina onek eutsi egin zuten, ondorioz, Listak eta haren gizonek han ziren 27 onak erail zituzten. Egun batzuk geroago 28 tiroz akatu zuten harri batzuen atzean ezkutaturik zegoen beste gazte ona bat.
Triskantza hura eteteko asmoz, 1890 urtean Txileko gobernuak salestarrei Dawson irla eman zien eta 1000 selk´nam bildu zituzten bertan; 1893an Argentinako Rio Grandetik hurbil indigena gehiagori ostatu eman zioten baina erbeste berri haietan gatibu zirelarik, haietako asko gaixotasunak jota hil ziren eta beste hainbeste ere, ezin izan ziren egoera eta testuinguru berri haietara egokitu.
Kiepja
1966 urteko neguan amona Kiepja hil zen, Lola izenez ezaguna, 90 urte zituela. Ona edo selk´nam jatorrizko herriko azken biztanlearen heriotzarekin batera, kultura horretako testigantza zuzena desagertu zen. Bizirik ziren apurren artean, Kiepja nagusiena zen, jatorrizko ohiturei eutsi zien bakarra. Baina zoriontsua zen, jakin baitzekien hura zela kantu eta kontakizunen bidez antzinako ohiturak bizirik mantendu zituen emakume bakarra, azkena, eta ezagun zuen bere mundua betiko desagertua zela. Anne Chapman antropologoak berarekin emandako hilabeteetan zehar harreman estua sortu eta onen kantu eta kontakizunak jaso zituen. Horratx Kiepjari idatzitako azken lerroak:
Kiepjaren omenez
Ilargiari begira nagoenean Kiepjaren aurpegia ikusten dut.
Kiepja, azken selk´namen amona.
Duela ehun urte Tierra de Fuegon
Erailak eta desagertuak izan zirenen amona, Kiepja.
Kreeh ilargiari kantuan entzuten dut,
Ilargia, matriarka arriskutsua
Eguzkiaren aliatuek garaitua: gizonak.
Gauaren hutsalera ihes egin zuen.
Ilargia emakumeen adiskide
Ilargi aldartetsua, gizonen faltan antzua.
Ilargia sutan eklipseetan mendekari.
Ilbehera apala eta iheslari
Itsas mugaldea marraztuz
Ilgora grabitatearen indarraren umedun
Itsasaldi nahasien jabe
Ilargi betea gaueko zeruaren edertasunez ase
Lurra izpi lasaigarriez bustirik, gozo.
Ilargia bere etxerantz doa
Soilik agertuko da isilpeko aieruan, hitz erdika.
Futbola: emozioen bahitzailea
2014-06-04 // Justizia // Iruzkinik ez
Egun batzuk baino ez dira falta Brasilen ospatu behar den munduko futbol txapelketa abiatzeko. Txileko kaleak futbolari loturiko iragarkiez bete dira; bidaia merkeak zozketatzen dabiltza Rio de Janeirora, sakelakoetan aplikazio bereziak instalatu ahal dira txapelketa jarraitzeko. Hamaika bideo-joko fraka laburretan doazen gizonen irudiekin..Izar berriak, lurrean bizi direnak; idolo modernoak, maskulinitatearen iruditegi berria.
Brasilen bestelakoa da giroa: kaleak manifestazioez beterik daude, mundialaren aurka dauden gizon eta emakume ugari txapelketaren ondorioez kexu dira Rioko kaleetan. Mundialak ezer onik ekarriko ez duela jakinik, orain arteko desoreka sozialak areagotu besterik ez ditu egingo. Mundiala ospatzeko eraiki dituzten azpiegitura gehienak bukatu barik daude eta bien bitartean, diru andana xahutu dute hiriaren “garbiketan”; txiroak “garbitu” dituzte turisten begiradatik, ez omen zen itxurosoa eskekoak glamourrarekin nahastea argazki surrealista batean. Elite batzuentzako negozio borobila sortu da: emakumeon gorputzak salerosketa merke eta errentagarria dira, zenbat eta gazteago, orduan eta prezio hobean erdietsi ahal izango dute neskatilen hankartea.
Txileko selekzioan bada Johnny Herrera izeneko jokalaria. Atezain gisa jokatzen du Universidad de Chile futbol taldean; 2009an autoan mozkorrik eta abiadura bizian zihoala, emakume bat harrapatu eta bertan hil zuen. Epaiketan fiskaltza, neskatoaren familia eta jokalariaren defentsa akordio batera iritsi ziren epaiketaren prozedura bertan behera geratzeko. Hala, jokalariak neskatoaren familiari hogeita bost milioi peso ordaindu zizkion ( hogeita hamairu mila euro inguru) eta futbol eskola txiroei kirol materiala emateko konpromisoa hartu zuen.
2012an mozkorrik harrapatu zuten ostera ere, gida baimena faltsuturik; atxilotu eta bost ordura askatu zuten. 2013an ospatutako epaiketa berrian 41 eguneko kartzela zigorra jaso zuen eta gidabaimena bi urtez kendu zioten. Hala ere, ez du selekzioan parte hartzeko eragozpenik izan; fiskaltzak bere neurrira egindako “zigorra” dela dirudi. Ospea delituak ordaintzeko kreditu txartel berria da.
Futbola emozioen bahitzailea dela uste dut; futbolak gauza asko barkatzen ditu, gehiegi, akaso. Futbolaren baitan ametsak, ilusioak eta denetariko nazionalismoak ernatzen dira. Futbolaren izenean gehiegikeriak lehen maila batean ibiltzen dira, arindurik. Protagonistek gloria dastatzen dute zelaian, golak dedikatzen dituzte eta ile mozketa modernoak egiten dituzte, datorren asteko aldizkarian portada izango direnak, ziur aski.
Baina eliteko kirolean aritzeak bestelako erantzunkizunak ere baditu, edo beharko lituzke. Pertsona eredu(garri)ak dira gazte askorentzako, haien jokabidea tribuaren jokabide bihurtuko da ondoren, portaera kultural berrien paradigma. Haien keinuak, berbak, estetika eta izaera kaleko beste heziketa horren erreferentzia izango dira. Herreraren kasuaren aurrean zigor morala arintzeko kapazak dira, txapelketako gola ( eta gloria?) justizia baino garrantzitsuagoa delako haien emozioen zurrunbiloan; Brasilgo matxinaden berri izan eta partidak ikustera joango gara, futbolak gure oinarrizko emozioak bahiturik dituen bitartean bai, bederen.