Olatz Sanchez Lamikiz
Latitudeekin dantzan dabilen barakaldarra naiz, han eta hemen, Iparra eta Hegoa orratz. Hizkuntza ttipiez arituko naiz, besteak beste; ikusi eta ikasi dudana zurekin konpartituko dut. Küpaelueyu, kiñetrokin, espazio zati bat eskainiko dizut zentzurik zabalenean, dela idatzi puxka, dela lur zati, dela bitxikeria, dela begirada. Haiek geureganatu eta iraultzen ahaleginduko naiz espazio berriak sortzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
Artxiboak
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
Tierra de fuego: su txikiak arriskuen iragarle eta amona Kiepja
Atalak: Historia, Hizkuntza
400 urte baino gehiago joan dira Hernando de Magallanesek Tierra de Fuego topatu zuela; izenaren jatorria irlaren inguruan ikusi zituen su txikiak dira. Su txikiok ona jatorrizko bizilagunek piztu ohi zituzten itsasontzi ezezagun bat bistaratzen zutenean, arrisku egoera iragartzeko, nonbait.
Tierra de Fuegoko biztanleak ehiztariak eta biltzaileak ziren, lurrak ematen ziena aprobetxatzen zuten. Irla Handian bizi ziren duela 10.000 urte baino gehiago. Kontuan har Magallaneseko pasabidea orain dela 8.000 urte zabaldu zela beraz, irlaraino oinez iritsi ziren, orduan Patagoniari lotua baitzegoen lur eremu hura.
Europarrak Irla Handira iritsi zirenean ehiztariek okupaturik zegoen, hau da, bertan selk´nam eta haushak bizi ziren. Irla Handia Tierra de Fuego izendatu zuten. Yaganak eta Halakwoolipak itsasoko nomadek berriz, Beagel eta Ballenero kanala zuten bizileku.
Irla ez zuen beste inork zapaldu 1879 urtera arte: 4000 selk´nam ( edo ona) zelai idor haietan bizi ziren, Darwineko mendialderaino. Talde nomadak ziren, gizon eta emakume sendoak, arkuan trebeak. Irlako biztanleak zuhurrak ere baziren, ia bostehun urtez ibili baitziren haraino antolatzen ziren espedizioen bisitak oztopatzen. Abenturazaleek Jende Handia, Gente Grande izenez bataiatu zuten badia.
1881ean Txile eta Argentinaren arteko mugak zehaztu ziren eta handik aurrera, gero eta bortitzagoak izan ziren jatorrizko herrietara egindako bisitak; ganadu konpainiek artaldeak eraman eta egonaldiak sortu zituzten bertan. Jarduera berri honek gatazka ugari sortu zituen jatorrizko biztanle eta kolono ingeles, argentinar eta txiletarren artean harik eta gatazka haiek indigenen hondamendi bilakatu ziren arte. Okupazioaren ondorioak beraz, selk´nam herriko bizilagunek pairatu zituzten bereziki : aberatsek eta urregileek ehizak antolatu zituzten haien belarriak moztu eta irla “garbitzeko”.
San Sebastianeko gertakaria dokumentaturik dagoen lehenbiziko sarraskia da; 1886ko azaroaren 25ean Ramon Lista kapitainak irla ezagutu nahi zuen eta San Sebastian hondartzan hartu zuen lur. Egun horretan bertan ona talde batekin topo egin zuen eta preso hartu nahi izan zituen baina onek eutsi egin zuten, ondorioz, Listak eta haren gizonek han ziren 27 onak erail zituzten. Egun batzuk geroago 28 tiroz akatu zuten harri batzuen atzean ezkutaturik zegoen beste gazte ona bat.
Triskantza hura eteteko asmoz, 1890 urtean Txileko gobernuak salestarrei Dawson irla eman zien eta 1000 selk´nam bildu zituzten bertan; 1893an Argentinako Rio Grandetik hurbil indigena gehiagori ostatu eman zioten baina erbeste berri haietan gatibu zirelarik, haietako asko gaixotasunak jota hil ziren eta beste hainbeste ere, ezin izan ziren egoera eta testuinguru berri haietara egokitu.
Kiepja
1966 urteko neguan amona Kiepja hil zen, Lola izenez ezaguna, 90 urte zituela. Ona edo selk´nam jatorrizko herriko azken biztanlearen heriotzarekin batera, kultura horretako testigantza zuzena desagertu zen. Bizirik ziren apurren artean, Kiepja nagusiena zen, jatorrizko ohiturei eutsi zien bakarra. Baina zoriontsua zen, jakin baitzekien hura zela kantu eta kontakizunen bidez antzinako ohiturak bizirik mantendu zituen emakume bakarra, azkena, eta ezagun zuen bere mundua betiko desagertua zela. Anne Chapman antropologoak berarekin emandako hilabeteetan zehar harreman estua sortu eta onen kantu eta kontakizunak jaso zituen. Horratx Kiepjari idatzitako azken lerroak:
Kiepjaren omenez
Ilargiari begira nagoenean Kiepjaren aurpegia ikusten dut.
Kiepja, azken selk´namen amona.
Duela ehun urte Tierra de Fuegon
Erailak eta desagertuak izan zirenen amona, Kiepja.
Kreeh ilargiari kantuan entzuten dut,
Ilargia, matriarka arriskutsua
Eguzkiaren aliatuek garaitua: gizonak.
Gauaren hutsalera ihes egin zuen.
Ilargia emakumeen adiskide
Ilargi aldartetsua, gizonen faltan antzua.
Ilargia sutan eklipseetan mendekari.
Ilbehera apala eta iheslari
Itsas mugaldea marraztuz
Ilgora grabitatearen indarraren umedun
Itsasaldi nahasien jabe
Ilargi betea gaueko zeruaren edertasunez ase
Lurra izpi lasaigarriez bustirik, gozo.
Ilargia bere etxerantz doa
Soilik agertuko da isilpeko aieruan, hitz erdika.