Latitudeak
Hasiera » Historia, Hizkuntza » Valparaiso eta miseria
Api14 0

Valparaiso eta miseria

Atalak: Historia, Hizkuntza

Valparaiso. Lobos, Valdes.

 

 

Valparaiso inspirazioaren portua, artearen amorantea, amorante artista. Derrigorrezko geltokia Santiagotik hurbil, Latinamerika dario karriketatik eta zarata, mikroak eta merkatua bor-bor dabiltza ezker eskuin, hamaika erdara, hamaika doinu eta koplatan. Itsasontzien istorioak, puta eta tabernarien azal gatzitua: Valparaiso.

Koloretako arkitektura,  eskailera ugertuak eta igogailu herdoildua; lagunei erakusteko moduko argazki ongi kuadratua. Valparaisoren miseriak ez dira atzerritarren ibilaldietan zehazten, argazki desenfokatuak dirudite. Ez diren lekuetan gorde dira txiroak eta miserableak. Bizilekuak aberatsen apetak dira mendi puntan baina hara, nolako paradoxak, argazki ezin ederragoa daukate haien parean: Nerudaren Valparaiso, Parraren portua. Orduan literatura bihurria dela pentsatzen dugu poesia maitaleok.

Valparaiso. Bracani, Antonio.

 

Kantu eta olerkietakoak baino hauskorragoak dira Valparaisoren aldapak, glamourra arroiletako zabortegi inprobisatuetan berziklatu dute biziraupenaren trukean. Bestelako arauek astintzen dituzte, pobrezia mozorrorik gabe bizi da muturretan, itsasoari begira.

Kiskali egin zaie dama, kiskali zaie alosia. Margolariek  ez dute koloretako etxerik koadroaren erdigunean, ez badira etxoletako hondarrak, gris apalean.

Valparaisora begira dago Txile; doluz jantzi dira biak, desoreka sozialaren zauriak ondo asko estali ditu Txilek orain artean, urteetako arduragabekeriei ez axola.  Valparaiso biluzik dakusagu, nardagarri, jasanezin. Telebista miserien aurkezlea da estratosferatik, eta pantomima horretan ahazturaren amildegian bizi diren protagonista berriak daude: suhiltzaileen jarduerak ez dauka etenik Galeanok ondo deskriba zezakeen mundu aldrebes honetan eta gizon zein emakume boluntarioez osatutako brigada prekarioak portuko damaren salbatzaile merkeak dira. Elkartasuna miserien sendabelarra bihurtu da, halabeharrez. Bizilagunen desesperazioa ur pitzerretan itotzear dago eta bien bitartean, iturriak agorturik daude kale kantoietako ostatuetan. Suak herria irentsi behar du eta amorruzko korapiloa eztarrian kateatzen da gupidagabe.

Valparaisoren bertsio berria  2014 urtean herriaren historiak zirriborraturiko olerki miserablea da.

Valparaisoko sutea.

 

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Olatz Sanchez Lamikiz

Latitudeekin dantzan dabilen barakaldarra naiz, han eta hemen, Iparra eta Hegoa orratz. Hizkuntza ttipiez arituko naiz, besteak beste; ikusi eta ikasi dudana zurekin konpartituko dut. Küpaelueyu, kiñetrokin, espazio zati bat eskainiko dizut zentzurik zabalenean, dela idatzi puxka, dela lur zati, dela bitxikeria, dela begirada. Haiek geureganatu eta iraultzen ahaleginduko naiz espazio berriak sortzeko.

Azken bidalketak

  • Haria galdu
  • RUDA: Guatemalako emakume enpoderatuak eta sendabelar eder hura
  • Oinazetik boterera
  • Literatura kartoi artean: La Vieja Sapa Cartonera eta euskal poesia antologia elebitan.
  • Jatorrizko hizkuntzen III.kongresuaz

Iruzkin berriak

    Artxiboak

    • 2015(e)ko abendua
    • 2015(e)ko azaroa
    • 2015(e)ko maiatza
    • 2015(e)ko apirila
    • 2015(e)ko urtarrila
    • 2014(e)ko abendua
    • 2014(e)ko iraila
    • 2014(e)ko abuztua
    • 2014(e)ko ekaina
    • 2014(e)ko maiatza
    • 2014(e)ko apirila
    • 2014(e)ko martxoa
    • 2014(e)ko otsaila
    • 2014(e)ko urtarrila
    • 2013(e)ko abendua
    • 2013(e)ko azaroa
    • 2013(e)ko urria

    Kategoriak

    • Artea
    • Historia, Hizkuntza
    • Justizia
    • Legenda
    • Literatura
    • lurrikarak eta ñuke mapu
    • musika
    • sexismoa

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren jarioa
    • Iruzkinen jarioa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA