Guraso euskaldunei seme-alabek gaztelaniaz
Aitor Villanueva Suedian bizi da. Tesina egiten ari da. Jatorrizko hizkuntza euskara ez duten eta euskara maila ona duten gurasoekin harremanetan jarri da ikerlana egiteko. Hartu-eman horretan, guraso batzuek adierazi diote kezkatuta daudela etxeko haurrek gaztelaniaz erantzuten dietelako, nahiz eta haiek euskaraz egin. Villanuevaren etxean hiru hizkuntza erabiltzen dituzte, euskara, frantsesa eta suediera, eta hainbat aholku ematera ausartu da. Hementxe jaso ditugu bere proposamenak.
1.- Nahiz eta erdaraz erantzun, zuk jarraitu euskaraz. Oso fenomeno ezaguna da hau soziolinguistikan eta bigarren hizkuntza baten bereganatze-prozesuan, herrialde guztietan eta hizkuntza guztiekin gertatzen da: umeak ez du ezberdina izan nahi, integratzeko nahi sakona du bere baitan eta gehiengoak egiten duena egingo du, kasu honetan, erdaraz. Hau 4-5 urte betetakoan gertatu ohi da eta urteetan zehar iraun dezake. Fase bat baino ez da. Gogoa eta indarra baduzu, jarraitu euskaraz egiten, erakutsiozu euskara garrantzitsua dela zuretzat eta ez duzula amore emango. Sinetsidazu, ez zaizu damutuko eta zure umeak, handiagoa denean (nerabea edo heldua), eskertuko dizu amore eman ez izana.
2.- Haur elebidun edo hirueledunak nola hezi daitezkeen jakin nahi baduzue honako liburuak gomendatzen dizkizuet.
“Crecer con dos idiomas, una guía práctica del bilingüismo” (Una Cunningham eta Staffan Andersson). Oso ona da benetan, eta ingeleraz baldin badakizue: “The bilingual family, A Handbook for parents” (Edith Harding-Esch eta Philip Riley)
3.- Zure ama-hizkuntza erdara denez hobeto moldatzen zara erdaraz: naturalen irteten zaizuna da, hiztegi aberatsagoa duzu, esamolde eta esaerak dakizkizu. Zelan esan euskaraz haur txikiekin askotan erabiltzen direnak? “Pañal, sonajero, cuna, a gatas, a la pata coja, echar la bronca, hacer mañas, biberón, papilla, babero, toalla, toallita, mantel, columpios, acunar, canción de cuna y un largo etc?” Gero umea koxkortuz doan heinean hitz eta esamolde berriak erabili eta ikasi beharko dituzu. Begitu hiztegian nola esaten diren euskaraz edo galdetu euskaldunzaharren bati. Interneten ere badaude euskarazko haur hizkeraren gaineko zerrendak eta artikuluak.
4.- Nahiz eta zure bikotekideak euskaraz ez jakin, hitz egin euskaraz umeari bere aurrean. Hasieran ez du ulertuko baina hilabeteen poderioz ikusiko duzu nola ulertuko duen gehiago eta gehiago. Nire emazte frantsesak ez zekien (eta ez daki) euskaraz, baina 6 urte euskara entzuten pasa ondoren gehiena ulertzen du. Bai, egia da haurrekin erabiltzen den euskara baino ez duela ulertzen. Beti esaten dit semeekin ulertzen duela, baina nire lagunekin edo senideekin ez, arinago egiten dugulako eta beste hiztegi bat erabiltzen dugulako.
5.- Saiatu zaitez umeari beti euskaraz egiten: etxean, kalean, supermerkatuan… berdin dio aurrean erdaldunak dauden ala ez. Erakutsiozu euskara ez dela etxean gordeta edukitzeko zerbait baizik eta edonon hitz egiteko hizkuntza dela, garrantzitsua. Zure aurrean dagoen erdaldunak zerbait garrantzitsua ulertzea nahi edo behar baduzu, itzuli erdarara euskaraz esan eta gero. Bai, badakit hau esatea erraza dela eta egitea askoz zailagoa baina tira, saiatu behintzat.
6.- Saiatu ipuinak, liburuak, jokoak, marrazkiak, filmak, aplikazioak, mugikorra, etab euskaraz erosten. Interneten (Elkar, amazon…) produktu asko dago euskaraz (Nik Pottokien 72 atal erosi nituen 26 eurogatik adibidez). Badakizu hotmail, facebook, skype, gmail, acrobat reader, twitter etab euskaraz daudela?
Eta azkenik,
7.- LASAITU ZAITEZ! Euskara ez da zure ama-hizkuntza, kendu gainetik euskara bikain egin behar duzulako presioa. Zuk ahal duzuna egiten duzu eta sinetsidazu, nahikoa da. Eskolan ere ikasiko du. Benetako erantzukizuna euskadunzaharrena da, horiek transmititu behar dute euskara, zuk ez. Harro egon zaitez zure euskaraz, zure ahaleginaz, zure motibazioaz.
Eskerrik asko artikuluarengatik! Nire etxean 3 hizkuntza hitz egiten dira eta alabatxoa gaztelaniaz lehen saioak egin ari da jada.
Haurrekin hitz egiteko hiztegia eskaintzen dituzten euskarazko bi hiztegi, PDF fitxategietan, ondorengo bi esteketan, Ku-ku! hiztegia eta Haurren munduko hiztegi txikia
“Benetako erantzukizuna euskadunzaharrena da, horiek transmititu behar dute euskara, zuk ez. Harro egon zaitez zure euskaraz, zure ahaleginaz, zure motibazioaz.”
Ez nago ados. Motibazinoa eta ahalegina “euskaldunzaharrena” baino handiagoa danean, zer? Ez dozue uste gurdi honetatik tiraka “euskaldunbarri” larregi gabilzala, oraindino be bigarren mailakotzat joteko?
Iñaki Peñarekin ados eta beste zerbait gaineratuko nuke: zer da euskaldunberriak eta euskalduzaharrak bereizte hori? Erantzukizuna denona da, euskarak etorkizun bat izan dezan ahalegintzen garen guztiona, lehen hizkuntza izan ala ez.
Euskaldunzaharren erantzukizuna da euskara transmititzea, ez euskadunberriarena? Baina zer da hau? Ez du ez hanka ez bururik.
Artikulu interesgarria, bai hoixe!
Ados. Erantzunkizun bakarra ez da euskaldunzaharrena, erantzunkizun nagusia bai baina. “Nagusia” hitza falta da nire testuan. Eskerrik asko aipatzeagatik.