Euskaldunak aktibatzen: “Egia Euskaraz estiloa” hedatzen ari da
Euskaldunak pizteko donostiarren egitasmoak arrakasta izan duela dirudi. Donostiako Piratek eta añorgarrek kopiatu zuten, eta udazken honetan antzeko ekimenak izango dira Hernanin, Lasarte-Orian, Agurainen eta Astigarragan.
“Euskara ari du” Hernanin
Abenduaren 3a, Euskararen Eguna, hartu dute aitzakiatzat hernaniarrek. Alabaina, ez da izango egun bateko aldarrikapena. Hari begira bi hilabeteko erronka prestatu dute, urrian eta azaroan beteko dena. Helburua ahalik eta herritar eta elkarte gehien euskaraz bizitzea da, eta gutxienez astebeteko eperako hartuko dute konpromisoa. Etxean, lantokian, dendan, kirol taldean, tabernan… euskaraz egiten saiatuko dira. Urriaren 15etik azaroaren 26ra txandakatuko dira norbanakoak eta elkarteak.
Hainbat helburu dituzte antolatzaileek eta hala azaldu dituzte facebook-eko oharrean: “Herritarren kontzientziak astindu nahi ditugu, herritarrak konturatu daitezela gure ohiturak aldatzea ez dela hain zaila; uste baino jende gehiagok dakiela edo ulertzen duela euskaraz gure inguruan; dakigunok egiten badugu, ez dakitenek errazago ikasiko dutela eta euskara erabiltzeko aukera handiagoa izango dutela. Azken finean herritarrak jabetu daitezela keinu txiki honekin aldaketa handia eragin dezakegula Hernanin”.
Girotzeko, hitzaldi sorta bat eta tailer bat antolatu dituzte urriaren lehen hamabostaldirako. Han izango dira Lutxo Egia, Egia auzoko egitasmoko kideak, Garbiñe Petriati, Estitxu Eizagirre, Lorea Agirre eta Pello Jauregi.
Informazio guztia lotura honetan duzue.
Lasarte-Orian, “Baietz 40 egun euskaraz”
Txiki geratu zaie orain arteko erronka, alegia, Euskararen Maratoian 40 orduz euskaraz aritzea. Aurten, 40 orduez gain, 40 egun euskaraz egingo dituzte. 300 “ahobizi” eta 3.000 “belarriprest” behar dituzte horretarako.
Duela 30 urte erronka galanta izan zen Lasarte-Oriako kaleetan 40 orduz etenik gabe euskaraz aritzea. Orduz geroztik 40 orduko zortzi maratoi egin dituzte, eta aurten ere, urriaren 22an eta 23an gauza bera egingo dute.
Alabaina, euskararen ezagutzak ikaragarri egin du gora Gipuzkoako herri horretan eta erraz gainditzen dute erronka. Hurrengo erronka erabilera da, Pello Jauregik dioen moduan, balizko motelaldiak atzeratzeko euskaldunak aktibatu behar dira.
“Ahobizi”ak eta “belarriprest”ak protagonista
Protagonistak “ahobizi”ak eta “belarriprest”ak izango dira. Lehenengoak euskaldunak dira eta bi konpromiso hartuko dituzte, bata, euskara ulertzen duenari dena euskaraz egitea, eta bestea, ezezagunari lehenengo hitza euskaraz egitea. Bigarrenak euskara ulertzeko gai dira, identifikazio txapa bat eramango lukete astebetez. Kalean halako bat topatuz gero ondokoa esaten ari zaio herrikideari: “Ongi hartzen dut denbora guztian niri euskaraz egitea, ulertzen dudalako”.
Urriaren 23an maratoia bukatu eta Euskararen Egunera bitartean egingo dute erronka, astebeteko txandetan. Helburua 300 “ahobizi”k eta 3.000 “belarriprest”ek astebeterako konpromisoa hartzea da. Oraingoz 700 “belarriprest” eta 425 “ahobizi”k hartu dute konpromisoa.
Pello Jauregi EHUko irakasleak erronkari lotutako ikerketa egingo du. Lana Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko du.
Informazio guztia lotura honetan duzue.
Agurainen, “75 ordu euskaraz”
Azaroaren 8tik 11ra, lau egunez, euskaraz egiteko proposatuko diete aguraindar euskaldunei. Asier Lafuente antolatzaileetako batek, ekainean, “Alea” agerkariarentzat hitz egin zuen eta egitasmoari buruz aritu zen. Lafuentek esan zuenez, “euskara erabiltzeko funtsezkoa da euskaldunak aktibatzea, euskaldunek egunerokoan edozein arlotan euskara erabiltzea”. Euskaldunek euskaraz egiten badute gainerakoei eragingo diete, euskara erabiltzeko gogoa edo beharra piztuko diete.
Maiatzetik egitasmoa abian da eta bi dinamika sortuak dituzte, bata euskaldunei begira eta bestea erdaldunei begira.
Euskaldunei, lau egunez euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dutela sinatzea eskatzen ari zaie. Sinaduraz gain, ahalduntze bidean TELP tailerrak eskaintzen ari dira. Euskaldunei adierazi diete haien erabaki pertsonala kolektibo bihurtuko dela, lau egunez herritar andana haiek bezala euskaraz arituko baitira egun osoz.
Erdaldunei begira, batik bat denda, taberna eta elkarteak ari dira lantzen. Azaroaren 8tik 11ra zer egitera doazen azaldu, eta eskatu diete euskaldunei haien ahaleginean bidea errazteko, ez eskatzeko gaztelaniaz egiteko, ahal duten neurrian euskaraz egiteko, eta ezin badute elkarrizketa elebidunak egiten saiatzeko. Euskararen alde egoteko modurik onena dakitenei euskaraz egiten uztea dela adierazi diete.
Oraingoz 210 lagunek erabaki dute azaroaren 8, 9, 10 eta 11n euskaraz egingo dutela eguneroko arlo guztietan. Bestetik, 85 kolektibo eta establezimenduk erabaki dute euskararen erabilera erraztuko dutela. Kolektiboek bere ekintzak edo barneko komunikazioa euskaraz egingo dute eta establezimenduek euskaraz eskatzen dutenak euskaraz artatuko dituzte.
Agurainen %23 euskalduna da eta %55ak euskara ulertzen du.
Informazio guztia lotura honetan duzue.
Astigarragan, “100 ta 100… 200 ordu euskaraz”
Gipuzkoako herri horretan euskaldunak euskara hutsez bizitzeko esperientzia pertsonala izatera gonbidatuko dituzte, “konturatzeko uste baino egoera gehiagotan euskara erabili daitekeela”. Astigarragan ere parte hartzeko bi modu zehaztu dituzte. Batzuk hiztunak izango dira, euskaraz ariko direnak alegia, eta besteak hizkideak, euskaraz hitz egin ez arren ulertzeko saiakera egingo dutenak eta euskaldunak euskaraz egitera animatuko dituztenak. Lehenengoek aho baten irudia duen txapa eramango dute eta bigarrenek belarri baten irudia duen txapa.
Astebeteko saioa izango da, azaroaren 26an hasi eta abenduaren 3ra artekoa, Euskararen Egunera artekoa. Egitasmoaren aurkezpen ofiziala azaroaren 12an egingo dute eta egun berean euskaraz bizitzeko estrategiak lantzeko tailerra egingo dute goiz osoz.
Ondokoak dira antolatzaileak: Mundarro, Astigarragako Herri Eskola, Herri Eskolako Guraso Elkartea, Astigarragako Udala, AEK, Musika eskola, Xaguxar eta Gazte lokala.
(Irakurle, antzeko egitasmoak ezagutzen badituzu beste herrietan eskertuko genizuke horien berri ematea).
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks