“Topatu ditut punjabtarrak oso katalan zaleak eta bere lehen hizkuntzaz, punjaberaz, paso egiten dutenak”
Imanol Larreak esan dizkio hitzok Goiena hedabideari. Punjabtar helduen hizkuntza jarrerak Katalunian tesia egin du. 100 milioi hiztun ditu punjaberak, baina tesigileak hizkuntza galtzeko arriskuan jartzen duten zantzuak bistaratu ditu.
Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendaria da gaur egun. Baina tesia Katalunian bizi zenean egin zuen. Han bizi diren punjabtarrak ditu protagonista. Pentsatu zuen Euskal Herrian bizi diren punjabtarrak ere tesian sartzea, baina azkenean atzera egin zuen. Pena. Izan ere, hemen pakistandartzat ditugun asko eta asko Punjab eskualdekoak dira eta ziurrenik katalanentzat bezain ezezaguna zaigu guri haien errealitate soziolinguistikoa. 2013an Azkoitiko Tanveer Hussain eta Saifullah Khadm Hussainekin hitz egin zuen ARGIAk eta orduan punjabtarrez eta haien gehiengoak hitz egiten duen punjabera hizkuntzaz zertzelada batzuk ezagutzeko aukera izan genuen.
Dena dela, Kataluniako esperientziak gurera hurbiltzeko balioko digulakoan Goienak bideoz grabatutako elkarrizketaren zati handiena hona ekarri dugu.
Non dago Punjab?
Punjab eskualdea bi herrialdetan banatuta dago. Indian zati bat, txikiena, eta zatirik handiena Pakistanen. Pakistan sortu zenean, 1947an, muga bat egin zuten eta Punjaben zati bat alde batera geratu zen eta bestea bestaldera.
Zergatik dira tesiaren ardatz punjabtarrak?
Interes handia neukan etorkinen eta hizkuntza gutxituen artean dagoen harreman ez erraz horretan. Sasoi hartan Katalunian bizi nintzen eta irakasle lanetan ari nintzen katalana eta gaztelania irakasten etorkinei. Nire ikasle asko eta asko punjabtarrak ziren, hasi nintzen begiratzen zelako egoera soziolinguistikoa zeukaten eta ikusi nuen bazegoela saltsa.
Zer saltsa dute bada Punjab eskualdean?
Kontua da hizkuntza bat baino gehiago dagoela. Euren berezko hizkuntza punjabera da, baina historian zehar ere ez da izan ofiziala, nahiz eta gehiengoak punjaberaz egin, eta gainera, gehienek bakarrik punjaberaz egiten dute. Horrek badauka euskararekin zerikusia. Indiako zatian berriz, ofiziala da azken 40 urtean, baina Pakistangoan ez. Pakistanen beste hizkuntza bat daukate, handiagoa, urduera. Hindi hizkuntza Indian, herrialde osorako ofiziala dena. Hortik ikusi nahi nuen, jatorritik hizkuntza gutxitua dutenek zelan hartzen duten hona etorrita hizkuntza gutxitu bat topatzea.
Komunitate zabala dira ezta, Bartzelonan, Katalunian?
Katalunian kuantitatiboki ez da oso garrantzitsua, baina Bartzelonan eta inguruan jatorri atzerritarreko lehenengo nazionalitatea da. Espainiar Estatua hartuta, Pakistango eta Indiako herritarren erdia pasa hantxe kontzentratuta dago.
Zein ondorio nagusi atera duzu?
Ondorio nagusia da denerako jarrerak daudela. Hasi kontra-kontrakotik eta oso-oso aldekoraino. Bai katalanaren inguruan baita punjaberaren inguruan ere.
Beste ondorio bat da ez dagoela zuzeneko harremanik (nik susmoa neukan baietz baina gero ikusi dut ezetz), punjaberari buruz duten jarreraren eta katalanari buruz duten jarreraren artean. Hau da, topatu dut jendea oso katalan zalea eta bere hizkuntzaz paso egiten duena. Kontrakoa ere bai, bere jatorrizko hizkuntza oso gogor defendatzen duena, baina gero “katalanak ez du ezertarako balio” plausta botatzen didana. Lotura ez da sistematikoa.
Bertakoek oso ezagutza eskasa daukate punjabtarrei buruz, eta esan behar da nik elkarrizketatutakoak punjabtarrekin lanean ari zirela edo harreman bereziren bat zeukatela. Hala ere, oso ezagutza txikia zeukaten eta jasotzen dituzten jarrerak neutroenak dira, ez alde-aldeko jarrerarik ezta kontra-kontrakorik ere, nahiz eta badauden.
Zer egin zaizu harrigarriena?
Oso hizkuntza handia da punjabera, 100 milioi hiztun dauzka.
Eta hizkuntza gutxitu batez ari gara berbetan!
Euskaratik non geratzen zaigun ezta? Baina Pakistanen ez da ofiziala, beraz eskolan ez da ikasten eta oso zabalduta daude hizkuntzaren kontrako jarrerak, bertako hiztunen aldetik ere bai. Nik elkarrizketatu ditudan guztiek lehen hizkuntza zeukaten punjabera, hala eta guztiz ere, horietako batzuk kontrako jarrerak zeuzkaten eta haietako batzuen gurasoek ez zekiten beste hizkuntzarik. Hor ikusten nuen desagertzeko arriskuan sartzen ari zela hizkuntza, nahiz eta hainbeste milioi eduki. Gazteek esaten zuten: “Hizkuntza hau baserritarrena da, herri txikietakoa, mendikoa, zakarra, zatarra, zaharra, zaharkitua…”. Ikusi nituen Bartzelonan familia batzuk euren seme-alabei hizkuntza aldatu diotenak eta Pakistango hizkuntza ofizialean, urduz, egiten hasi dira seme-alaba txikiei. Horrek esan nahi du oso zaila izango dutela ikastea punjabera. Eta hori bera hasi da gertatzen Pakistanen bertan ere. Beraz, nahiz eta orain 100 milioi eduki hurrengo belaunaldietan egon liteke beherakada.
Beste gauza bat harritu nauena: beti daukagu joera multzoak egiteko, pakistandarrak halakoak dira, indiarrak halakoak dira. Eta punjabtarrak nolakoak dira? Bada sekulako aniztasuna dago. Horrek hurbildu egiten zaitu, kanpotik guri hain arraro edo arrotz egiten zaigun jende horrengana.
Katalanaren alde daudenak denetarik al dira, ez dute patroi bat segitzen?
Ez. Oso jende erlijiosoa topatu nuen, musulmanak edo Indiako sij erlijioko oso jarraitzaile sutsuak, baina topatu nituen komunistak ere, Kataluniaren independentzia zaleak, emakume feministak, oso tradizionalistak… Denetarikoak, eta bereziki horren bila ibili barik.
Kataluniako sikh-en komunitateak irabazi du 2017an Plataforma per la Llengua elkarteak ematen duen Martí Gasull i Roig saria: http://www.vilaweb.cat/noticies/la-plataforma-per-la-llengua-lliura-aquest-vespre-el-premi-marti-gasull-i-roig/