Europar Batasuneko emakumeen hirutik batek jasan du genero indarkeria
Inoizko ikerketarik handiena egin du Europar Batasunak. 42.000 emakume elkarrizketatu dituzte. Ondorioetako bat hauxe: 62 milioi emakumek jasan dute indarkeria fisikoa edo sexuala. Egunero eta edonon pairatzen ditu emakumeak gizonengandiko eraso fisiko, psikologiko eta sexualak.
Europar Batasuneko 28 herrialdetako emakumeek hitz egin dute eta etxean, lanean, kalean eta sarean jasandako indarkeriaz aritu dira. Ondoko zifrak ageri dira Oinarrizko Eskubideen Europar Batasuneko Agentziak egindako txostenean.
– 62 milioi emakumek indarkeria fisikoa edo sexuala jasan dute. Europar Batasuneko emakumeen %33k.
– %22ri bikotekideak eman dizkie tratu txarrak.
– %5 bortxatu egin dute. Bortxatzailea bikotekidea ez denean izan 10etik 1ek esan du bortxatzaile bat baino gehiago zirela.
– %43k esan dute oraingo bikotekideak edo aurrekoak tratu txar psikologikoak eman dizkiotela, hala nola, jendaurrean umiliatu, etxetik ateratzen ez utzi, mehatxatu edo pornografia ikustera behartu.
– %18 jazarri dute, %5 azkeneko urtean. %21ek esan dute jazarpenak bi urte baino gehiago iraun zuela.
– 18 eta 29 urte artekoen %20k jazarpen zibernetikoa jasan dute.
– %55ek esan dute jazarpen sexuala jasan dutela. Horietatik %32k adierazi dute erasotzailea nagusia, lankidea edo bezeroa izan dela.
– %67k bikotekideak emandako tratu txar gogorrenak ez dizkie jakinarazi poliziari, ezta bestelako erakundeei ere.
Morten Kjaerum Oinarrizko Eskubideen Agentziako zuzendaria da eta ikerketaren emaitzak eskuan ondoko hitzak esan ditu: “Arazoaren handiak azaltzen du emakumeen aurkako indarkeria ez dela emakume gutxi batzuei eragiten dien kontua, baizik eta jendarte osoa ukitzen duela, eta egunero. Beraz, arduradun politikoek, gizarte zibilak eta lehen lerroan lanean ari direnek emakumeen aurkako edozein bortxa lantzeko neurriak berrikusi behar dituzte, non gertatzen diren kontuan hartu gabe. Emakumeen aurkako indarkeria jorratzeko neurriei bestelako dimentsioa emateko garaia da.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks