Norbanakotik kolektibora (eta alderantziz)
Egia estiloa hedatzen ari da han eta hemen. Eta ni pozik nago, norbanakoaren portaera aldaketak lehen lerrora ekarri nahi dituelako euskalgintzak. Eta bada zerbait. Baina …..
Nire ustez, diskurtsoetan norbanakoaren portaeren aldaketa gehiegi ardazten ari da norbanakoaren epizentroan. Egia estiloak arau sozialak aldatzeko joera du, aldatzeko bidea ematen du. Eta taldetasunak ematen digu ohitura horiek aldatzeko oinarria. Portaera aldatzeko portaera zaharra aldatu eta desikasteko leku bat behar dugu, portaera berriak hartzeko leku bat behar dugu. Eta leku hori komunitatea da.
Beraz, aldaketa pertsonala bada ere, ezin da ulertu izari kolektiboa aintzat hartu barik. Gainera, nire ustez portaera aldaketa horietatik asko norbanako batzuek aspalditxotik abiatu zituzten. Izan ere, norbanako horiek egunerokoan aukeren azpitik zeudela edo ikaragarrizko esfortzua sentitzen zuten. Horregatik, nire ustez ari dira sortzen artikulazio kolektiboak aldaketa horiek errazago, sakonago egin ahal izateko.
Orain aldaketa horiek bistaratu, publiko egin eta komunitatearen babesa bilatzen ari gara, eredugarri bihur daitezen, jende gehiagok bere egin ditzan eta erabaki hori hartu dutenak babestuago senti daitezen.
Batzuetan apur bat moralista jardun dugu. Egizu euskaraz eta horrelakoak agindu ditugu eta askotan norbanakoaren indarra gainbaloratu dugu (ez ote da hori oso neoliberala?). Baina, benetan, horrelakoek eragina izan dezaten jendartearen babesa eduki beharko lukete eta Egia estiloa ari da babes kolektibo horiek ehuntzen. Horregatik da aurrerapausoa eta berrikuntza.
Izan ere, Egia estiloarekin ari gara praktika berrien espazioak sortzen, balio berrien espazioak sortzen eta bizi-ereduetan benetako aldaketak gauzatzen. Hastapenetan baino ez gaude, baina bide horretan sakondu beharko da aurrerantzean ere.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks