Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Aipuak

2026-09-29  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Aipuak

“Zientzia egiten dugu behin-behineko egia apalak bilatzeko”.

Angel Diaz de Rada

“Euskalgintzan arrazakeria dagoela? Jakina. Eta klasismoa, eta matxismoa… Eta ez al da langile mugimenduan matxismorik edo euskarafobiarik? Eta feminismoan klasismorik edo arrazakeriarik? Eta antimilitarismoan, antikapitalismoan edo dekolonialismoan hamaika keriarik? Zer egin horren aurrean? Euskara, klase borroka, feminismoa… baztertu? Edo guztietan sakondu eta elkar elikatu? Euskara dekolonialismoz, feminismoz, antimilitarismoz, langile borrokaz blaitu; dekolonialismoa, feminismoa, langile borroka, antikapitalismoa euskaraz blaitu: elkar aberastu, indartu eta txirikordatu, etxeko eta munduko oldarraldi faxistari aurre egin eta alternatiba sendoagoak eta eraldatzaileagoak indartzeko”.

Zigor Olabarria Oleaga

“Zerbait konstruktu bat dela esateak ez du esan nahi erreala ez denik, eraikia izan dela baizik; hau da, denboraren poderioz konformatu den bezala, aldatu ere egin daitekeela”.

Maria Reimondez

“Hartara, nire bizipenean oinarrituta, bollera izatea heteroarauari aurre egiteko modu bat da, eta euskal hiztuna izatea, hizkuntza hegemoniko bati aurre egiteko modua. Biak dira arau hegemonikoei aurre egiteko subjektu eta estrategia politikoak”.

Amaia Elkano

“Ikuskeratik ikusketara arrunt aldea badago, are gehiago dago hizkuntza baten ikuskera edo lexiko eta gramatikatik herri horren filosofia eta jakintzara. Hizkuntzak perspektiba bat, ikuspegi bat ematen du, nola ikusi, baina ez du ikusita ematen: ikusi norberak egin behar du, eta are gehiago ikusitakoa interpretatu eta ulertu”.

Joxe Azurmendi

“Munduan nondik egon nahi dugu hautatzen dugu zer hizkuntzatan berba egin eta idazten hautatzen dugunean”.

Charo Lopes

Euskalgintzaren adin krisia

2026-09-22  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Euskalgintzaren adin krisia

Iñigo Beitiaren tesiarekin jarraitzen dut oraingo honetan. Berak euskalgintzaren adin “krisiari” buruzko honako irakurketa hau egiten du. Ez dakit bat natorren irakurketarekin, baina orain arte entzun dudan hipotesirik edo irakurketarik osoena iruditzen zait.

Iñigok aipatzen du Lautadako euskalgintzako parte-hartzaileen ehuneko handi bat 40 urtetik gorakoa dela eta ez dela kasualitatea. Bere ustez, “belaunaldi hau herri mugimendu euskaltzaleak zeukan hizkuntza kulturan sozializatu zela esan daiteke eta hizkuntza kultura horren ezaugarriak mantentzen dituztela: euskararen ulerkera sozio-antropologikoa, gizarte aldaketa eta hizkuntza kultur elementuekin batera ulertzea”.

Baina badator ifrentzua. Iñigoren ustez, “azken hamarkadetan erakundeen hizkuntza kulturak indarra hartu duela aipatu da, herri mugimendu euskaltzalea fagozitatu duen heinean. Hau da, herri mugimendu euskaltzalearen hizkuntza kulturak indarra galdu du azken bi hamarkadetan, erakunde publikoenaren aldean. Aipatu denez, azken honek hizkuntzaren ulerkera linguozentriko bat bultzatuko luke, hizkuntzaren aspektu formaletan jarriz arreta. Noski, belaunaldi gazteenak hizkuntza kultura honetan sozializatu dira, hezkuntzaren bitartez batez ere”.

Hori dela eta, honakoa hau da berak ateratzen duen ondorioa: “belaunaldi ezberdinek hizkuntza kultura ezberdinak dituzte. Belaunaldi helduak herri mugimendu euskaltzalearen hizkuntza kultura du barneratua. Belaunaldi gazteek berriz, behin erakundetzea jazo eta egonkortuta, hezkuntzaren bidez erakunde publikoen hizkuntza kultura barneratu dute. Hain zuzen, beste arrazoi batzuen artean, honek ere azalduko luke egun euskalgintzan adin zehatz batetik gorako jendea egotea lanean”.

Soziolinguistika kritikoa by Iñigo Beitia

2026-09-07  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Soziolinguistika kritikoa by Iñigo Beitia

Uda honetan, besteak beste, Iñigo Beitiaren tesi doktorala irakurri dut. Euskararen normalizazio prozesuaren azterketa: Lautadako Kuadrillako kasua. Hiru artikulu egingo ditut tesian oinarrituta, baina ez dut tesiaren laburpenik egingo, ez. Horretarako, tesia bera irakurtzera animatzen zaitut, irakurle.

Lehen artikulu hau soziolinguistika kritikoari buruzkoa izango da. Honela dio Iñigok tesian bertan:

Azken urteetan soziolinguistikaren barruan bada “pentsamendu korronte” bat, soziolinguistikaren ohiko ikuspuntutik ihes egin eta hizkuntzari dagokiola bestelako planteamenduak ezarri dituena. Hau, soziolinguistika kritiko bezala ezagutzen da.

Joan Pujolar da pentsamendu korronte horren eragile nagusietako bat. Eta, bere ustez, soziolinguistika kritikoa lantzen duten lanek ondorengo hiru ezaugarrietatik bi bete behar dituzte:

1) Soziolinguistika kritikoak praktika linguistikoek gizartearen funtzionamenduan nola eragiten duten galdegiten du. Hortaz, gertakizun linguistikoen deskripzio hutsean ez du arretarik jartzen.

2) Praktika linguistikoek erlazio sozialak erreproduzitzen edota eraldatzen dituzten galdegiten du, bereziki, talde sozial ezberdinen artean dauden ezberdinkeriei dagokiela.

3) Hizkuntza-ideologiak analizatzen ditu, hau da, pertsonek hizkuntza zein praktika linguistikoekiko dituzten ideiak, interes sektorial eta antolaketa sozial eta politikoen adierazpen gisa.

Joan Pujolarren planteamendu honek

zalantzen jartzen ditu hizkuntzalaritzak eduki dituen oinarrietako batzuk, hizkuntzak unitate independente bezala landu dituelako, beraien egitura formalen baitan. Hortaz, batetik, praktika linguistikoak gertaera sozial bezala ulertzen ditu; bigarrenik, praktika linguistikoak talka sozialen barruan; eta azkenik, praktika linguistikoak errepresentazio sozial gisa.

Hortaz, soziolinguistika kritikoa ohiko soziolinguistikatik – “klasikotik”- haratago doa, hizkuntza eta gizartearen arteko bestelako harreman bat proposatuz.  Soziolinguista kritikoek etnografia azpimarratzen dute metodologikoki eta epistemologikoki, hizkuntza bestelako ekintzekin batera ulertzea ahalbidetzen duelako, testuinguru batean barruan.

Pujolarrek berak, Monica Heller eta Sari Pietikáinekin kaleratutako lan batean honela azaltzen dute nola ulertzen duten soziolinguistikoa, etnografikoa eta kritikoa izatea:

1) Ikerketetan botere eta ezberdinkeria gaiek ardatz garrantzitsu bat hartzen dute eta honek egingo lioke erreferentzia ikuspuntu kritikoa hartzeari. Hain zuzen, planteatutako galderen artean, errekurtso ezberdinak norentzat diren eta lantzen dituzten jarduera sozialek gizakientzako nolako ondorioak dituzten egon ohi dira. Ildo honetan, irizpide kritikoa ikerlariek beraien buruarekiko –ikerketa egiterakoan etab.- ere landu behar dute.

2) Ikuspuntu etnografikoa edukitzea aldiz, ikerketa ildo sakonak eta “kokatutakoak” egitea da, kasu partikularretatik abiatuta gertakari orokorragoak azaltzeko.

3) Soziolinguistikoari dagokiola berriz, kontzeptua zentzu zabal batean ulertzeko hautua egiten dutela aipatzen dute, hizkuntzaren garrantziari dagokiola hau politikoki, ekonomikoki edota sozialki lantzen dituzten ikerketa mota ezberdinak barne kokatuz.

Beraz, Pujolarren arabera, soziolinguistika kritikoak hiru gai nagusi lantzen ditu:

  • Hizkuntza eta etnizitatearen auzia;
  • Intersekzionalitatea eta feminismoa;
  • Hizkuntza-ideologiak eta globalizazioa.

Finean, soziolinguistika kritikoaren proposamenak gizartea eta hizkuntzaren arteko ikuspuntu ezberdin bat proposatzen du, bira politikoago bat, postestrukturalismoaren ildotik eta positibismoari ihes egiten diona. Hein honetan, hizkuntzaren bitartez talde sozial ezberdinek izan dezaketen gizarte ezberdinkeriak salatzea du helburu bezala -“la abstracción de los hablantes choca frontalmente con los intereses de la sociolingüística crítica”, eta boterearen auzia erdigunean kokatzen da:

“Desde esa perspectiva, el lenguaje y las lenguas son considerados procesos sociales y artefactos culturales, y deben ser analizados en relación con otras prácticas sociales y con otros artefactos culturales. Desentrañar las estrategias por medio de las cuales las prácticas lingüísticas o las representaciones de las lenguas son generadoras de desigualdad es fundamental para la sociolingüística crítica. Hay además un posicionamiento político que es definitorio de esa perspectiva”.

Euskal Herrian ikerlari batzuk gabiltza soziolinguistika kritikoa lantzeko gogoarekin eta, seguruenik, gutxi barru hasiko gara euskal soziolinguistika kritikoaren fruitu berriak jasotzen.

Tokira egokitua eta politika substantibo: Loiutik Larrabetzura

2026-07-21  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Tokira egokitua eta politika substantibo: Loiutik Larrabetzura

Mihigintzako aurreko artikuluan, euskararen egoerari buruzko diagnostiko orokorrari buruz egin nuen berba, Iñaki Iurrebasoren ikerketan oinarrituta. Laburbilduta, euskara sendoen dago atxikimenduan, erabileran espero baino altuago dabil eta, kontrara, gaitasunean dabil ahulen (xehetasun gehiagotarako begiratu martxoko artikulua).

Eta gauzak horrela, aurrera begira zer? Betiko dikotomia (faltsua) ekarri nahiko nuke orriotara: zer behar dugu hizkuntza politika aurreratua ala hizkuntza komunitate indartsua? (Beste berba batzuekin esateko, hizkuntza dinamikak aldarazteko non jarri behar da fokua, hiztunengan ala egiturazkoak diren elementuetan?). Gehienok honi erantzun logikoa emango genioke: biak behar ditugu, biak ditugu ezinbesteko. Hizkuntza ko  munitate indartsuari labur beharrez agentzia deituko diot eta hizkuntza politika aurreratuari egitura. Hortaz, agentziarekin bakarrik nekez lortuko dugu egoera zinez iraul-tzea, nekez lortuko dugu hizkuntzaren biziberritzean pauso esanguratsuagoak egitea. Baina egiturarekin bakarrik ere ez ditugu lortuko bilatzen ditugun helburuak. Eta, gainera, ez da ahaztu behar agentziak egitura elikatzen duela (hein batean, bai) eta egiturak ere agentzia elikatu behar duela. Hortaz, harako hark esaten zuen bezala: den-dena nahi dugu, agentzia eta egitura.

Aldaketa esanguratsuak beharko ditugu egituran eta, horretarako, beharrezkoa izango da hizkuntza politika aurreratua egitea. Baina, kontuz, hizkuntza politika ez da bakarrik euskara sailean egiten, ez, hizkuntza politika beste sail guztietan ere egiten da: arlo sozioekonomikoan, hirigintzan, ogasunean, gobernu organoetan … Izan ere, hizkuntza politikan politika da substantiboa eta hizkuntza da adjektiboa. Arreta gehiago jarri beharko zaie, beraz, sail horietatik egiten diren interbentzioei.

Horrez gain, eta Txorierriri helduta, hizkuntza politika tokian tokira egokitu behar da. Larrabetzuko egoera eta Loiukoa ez da bera eta, hortaz, ezinbestekoa izango da testuinguruari lotuago dagoen hizkuntza politika. Herri bakoitzaren izaera kontuan hartuko duen politika behar dugu Txorierriko euskaldunok. Hein berean, eta epe laburrean, Mankomunitateko euskara zerbitzua indartu beharko litzateke eta tokian tokiko plangintza konpartituak (eragileekin eta udalarekin) martxan jarri.

Hizkuntza politika aurreratuaz gain, komunitatea indartu eta trinkotu beharko da. Horretarako, euskararen erabilera %20tik beherakoa den herrietan (hau da, Txorierri osoan, Lezama eta Larrabetzu kenduta) gune babestuak eraiki beharko dira euskararen erabilera sustatzeko (horietako batzuk badira gaur egun, Derion eta Zamudion, Sondikan eta Loiun, baina gehiago behar dira eta daudenak indartsuago egon beharko dira). Eta Lezaman eta Larrabetzun politika bereziagoak egin beharko dira komunitatea indartzen jarraitzeko.

Diagnostikoan ikusten da euskararen gaitasunean gabiltzala astiroen. Beraz, ezinbestekoa izango da euskara eskuratzeko plangintzetan xeheago eta indartsuago jokatzea, bai helduen euskalduntzean bai familia transmisioan bai sozializazioan bai eskolan. Brotxa lodiz eta labur-labur horiek dira, nire ustez, etorkizuneko euskaldunon biziberritzeak behar dituenak Txorierrin.

Euskara erabiltzea hitz egitea bakarrik al da?

2026-06-29  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Euskara erabiltzea hitz egitea bakarrik al da?

Josu Amezagak, Ane Martinezek, Libe Mimenzak eta Naroa Burresok artikulu argigarri bat argitaratu dute Bat aldizkarian (137. zenbakia): “Euskararen erabileraren definizio berri baterantz: komunikaziotik ikas dezakeguna”. Eta proposatzen duten hipotesia, gutxienez, deigarria da.

Gure soziolinguistika klasikoak beti neurtu izan du erabilera alde “ekoizletik”: hau da, norbaitek euskaraz hitz egiten duenean (aurrez aurreko harremanetan). Baina egile hauen ustez, hedabideak euskaraz kontsumitzea ere (irakurtzea, entzutea, ikustea) euskararen erabilera da, “erabilera hartzailea” deitzen diotena.

Ikuspegi aldaketa horrek euskal komunitatearen argazkia erabat aldatzen du. Hona hemen artikuluaren ondorio nagusiak eta datu harrigarrienak:

1. Bi komunitate ezberdin, bi profil ezberdin

Euskarazko hedabideen kontsumitzaileak eta ohiko hiztun aktiboak ez dira pertsona berberak. Profilak alderatuz gero, talka handia dago:

  • Zentro klasikoa (Hiztun aktiboak): Gehienak erraztasun handikoak dira, etxean euskaraz egiten dute eta % 61 eskualde euskaldunetan bizi dira (arnasguneetan).
  • Profil berria (Kontsumitzaileak): Ispiluaren beste aldea dira. Kontsumitzaileen % 58k gehienbat erdaraz egiten du etxean, % 55ek erdaraz hobeto egiten du euskaraz baino, eta % 58 eskualde euskaldunenetatik kanpo bizi da.

2. Paradoxa handia: Euskaldun gaituak baina hedabideetatik “deskonektatuak”

Daturik deigarrienetako bat kontrako noranzkoan gertatzen da. Euskaraz ondo jakiteak ez dakar automatikoki euskarazko hedabideak kontsumitzea:

  • Euskaraz hobeto egiten duten euskaldunen % 56k ez du euskarazko hedabiderik kontsumitzen.
  • Etxean gehienbat euskaraz egiten dutenen % 57k ere ez.

Zer ikas dezakegu honetatik?

Datu hauek bi ideia nagusitan laburbiltzen dituzte egileek:

  1. Gune gogorra zati bat baino ez da: Euskaraz erraz egin, etxean hitz egin, herri euskaldun batean bizi eta euskarazko hedabideak kontsumitzen dituen euskaldun hori, berez, komunitatearen zati txiki bat besterik ez da.
  2. Polizentrismoa (Zentro-aniztasuna): Euskal komunitateak ez du zentro bakar bat. Seguruenik, erabilera mota bakoitzak (hitz egin ala kontsumitu) bere zentroa du. Gune erdaldun batean bizi den batek euskara gutxi hitz egin dezake, baina egunero kontsumitu dezake euskarazko prentsa edo telebista. Hori ere euskara bizirik mantentzea da.

Sano interesgarria iruditzen zait egile hauen ahalegina “erabilera” kontzeptua zabaltzeko. Bi erabilera hauen arteko arrakalak eta ezberdintasunak sakonago ikertzeko modukoak dira, zalantzarik gabe.

Euskaltopiak

2026-06-24  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Euskaltopiak

Etorkizuna ez da existitzen. Etorkizuna gaur da. Gaur da bihar. Etorkizuna gaurdanik hasi behar da egiten. Eta belaunaldi bakoitzak definitu behar du zer den beretzat mundu hobe bat. Ez 0tik hasita, noski, baina bai berera ekarrita. Honela jaso nuen aipu batean Intza Casamajouk esandako berbak EHZ dela eta:

Transmisioa garrantzitsua da, baina talde berriak bere lekua egin behar du. Belaunaldi bakoitzak bere ekarpenekin utzi behar du arrastoa.

Maoriek esaten omen dute hau: etorkizunera ibiltzen noa, baina begiak iraganean iltzatuta. Antzekoa esaten omen zuen Jorge Oteizak: arraunaren logika da gurea, atzera begira jarri aurrera egiteko. Eta Txepetxek ere bere libururik famatuenari Gure iraganarentzat etorkizun bat deitu zion (gaztelaniaz deitu zion arren).

Greenpeacek Ekotopiak izeneko komikia argitaratu zuen Astiberri argitaletxearekin (Sukar Horia taldeak ere utopien inguruko literatur lehiaketa egin zuen 2024an). Queertopiak, berriz, Bilboko Zinegoak festibalak (eta Nora Salbotxek ere Hik Hasi aldizkarian erabili berri du Hezitopiak kontzeptua). Uste dut guk ere euskaltopiak jarri beharko genituzkeela martxan (ekotopia eta queertopia izan beharko dira ere), etorkizuna gaurdanik egiten hasteko. Etorkizun desiragarriak beti ere. Alba Garmendiak “Etxeko leihoak unibertsora” liburutxo zoragarrian dioen bezala, orainaldiaren kritikan oinarritzen baita utopia.

Hortaz, goazen hizkuntza praktika askatzaileak imajinatzera (eta, ahal bada, gauzatzera), goazen fikzioaren jolas eta esperimentazioekin aritzera, goazen pentsatzera zer tradizio desasmatu, zer tradizio berrasmatu, zer tradizio berreskuratu eta zer tradizio sortu behar dugun, goazen pentsatzera euskaltopia posibleetan. Ze, gurean ere geroak lainotuta jarraitzen du (agian, eguzkitsu egotea ere ez da lar ona, agian eguraldiari lotutako beste metafora bat beharko genuke).

Zelan elikatu euskararen “kontakizun” berria?

2026-06-16  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Zelan elikatu euskararen “kontakizun” berria?

Orain dela gutxi egin da Taupada jardunaldia Getxon eta bertan, besteak beste, Miren Artetxek hitzartze itzel bat eskaini zigun. Gaia ez zen nolanahikoa: Nola elikatu hizkuntzen inguruko kontakizunak ikuspegi intersekzionaletik?

20 minutu eskasetan Mirenek gaur egungo euskalgintza eta soziolinguistika erabat inbaditzen dituzten gai, azpigai eta gogoeta sakonak plazaratzen ditu. Niri behintzat burua lehertu zait eta biziki interesgarria iruditu zait ekarri duen ikuspuntua.

Zintzo jokatzeko, onena bere ahotan entzutea da (behean duzue bideoa!), baina nire gako propioak ematearren, gutxienez honako kontzeptu hauek jartzen ditu mahai gainean: ikuspegi intersekzionala, botere harremanak, hizkuntza zapalkuntza, gurutzaketak, konplexutasuna, hizkuntza ideologiak, hiztun ideala, autentikotasuna, euskalduntasun mistiko edo mitikoa, identitate metatuak, ama hizkuntza, Olentzeroa eta Txirrita, Fishman eta Txepetx, Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna, anonimotasuna…

Laburbilduz, gure euskalduntasunari modu homogeneo eta isolatuan begiratzeari uzteko proposamen bat da: ezin dugu hizkuntza bereizi generotik, klasetik edo jatorritik.

Baina hitzaldiaren onena amaierako “aldarria” da. Gure diskurtsoen zimenduak mugitzen dituen galdera horietako bat:

“Feminismoaren utopia da generorik gabeko gizartea, komunismoarena klaserik gabeko gizartea, eta zein da ba euskalgintzaren utopia?”

Ez galdu minutu bat gehiago eta eman play beheko bideoari, merezi du eta!

Aipaketa

2026-06-08  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Aipaketa

“Ez dugu jakin euskararen gramatika eta deklinazioa teorizatzen”.

Oier Guillan

“Finean, gure ustez itzulpengintza eta horrekin loturiko lanbideak (IZIak) gako izan dira normalizazio deituriko aldaketa soziala martxan jartzeko, eta oraindik trakzio-indar nahikorik ez duen esparruetan hura sostengatzeko. Itzultzea bera erabilera berri horietara ohitzeko entrenamendua da”.

Lamia Filali-Mouncef Lazkano eta Patricia Jorge Kuartango

“Gaztelaniaz hitz egitea erraza zen. Katalanez hitz egiteak ikusgai jartzea esan nahi zuen. Hanka sartzea. Ez horren soinu naturala izatea. Zer auzotatik zentozen ezagutzera ematea, zeintzuk ziren zure gurasoak eta zer leku zenuen inork aipatzen ez zuen baina denok ulertzen genuen hierarkian”.

Rocío Abella

“Euskaldunak, euskara-dunak, pribilegiatu? Zentzu askotan eta batez beste, bai. Baina gutako askoren pribilegioak zuritasunari eta mendabaldar izateari lotuta daude –ez denenak, badirelako ere euskaldun baztertuak, arrazializatuak…–, ez euskaldun izateari. Are gutxiago, euskaraz bizitzeko ahalegina egiten duen euskalduna baldin bazara”.

Zigor Olabarria Oleaga

“Praktika jakin batzuk eraldatu nahi baditugu, haien testuingurua sakon ezagutu behar dugu”.

Maria Reimondez

“Gobernuetan, hirigintza departamenduetan, ekonomia sailean eta ogasun zerbitzuetan hartzen dira eragin soziolinguistiko handiena duten erabakiak”.

Asier Basurto

Hizkuntza-kanona

2026-06-02  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Hizkuntza-kanona

Nork ezartzen du hizkuntza kanona? Zelan ezartzen da? Beste berba batzuekin esateko, nork ematen die legitimitatea hiztunei eta zelan egiten da prozesu hori? Nortzuk autobaztertzen dira kanon horretatik? Nork du autopertzepzio negatiboa bere berbakera/ahoskera dela eta? Eta zergatik? Galdera interesgarriak dira, baina erantzunak ……… zailak dira gero (spoiler: Euskaltzaindiak ez du ematen legitimazioa, askoz prozesu konplexuagoa da eta askoz sozialagoa).

Galdera horiekin gogoratu naiz Goizalde Landabasoren Sasikook zutabea irakurri ostean. Honako hau dio Goizaldek:

Sasikoak gara gu, pedigririk gabeko euskaldunak, helduaroan euskara ikasitakoak baino apur bat goratxoago, baina ez asko. Eta zer diren gauzak, pedigridunekin bezala, gure euskalduntasunaren erantzukizuna gurasoek dute, beraiek eman baitziguten hizkuntza, baina beste era batera: transmisioa azpikontratatu egin zuten. Hori oso ohikoa zen ni jaio/hazi nintzen tokian eta antzerakoetan. (…) Sasikoak gara eta modu batera edo bestera ez dela aski esan izan digute denboran zehar. Eta lantzean behin galdetzen digute, zuenean zelan esaten zen…? edota: gasteiztarra/ miarriztarra/ bilbotarra/ faltzestarra eta euskalduna? Batzuei buruak katakrok egiten die norbaitek aurreiritzi sendoak hausten dizkienean.

Irakurri nuenean Derioko Tximintx komunitateak erabili zuen lelo batekin gogoratu nintzen: Perfektoak diren euskaldun inperfektoak. Honela zioten (genioen):

Tximintx perfektoak diren euskaldun inperfektoen komunitatea da. Tximintx derioztarrek osatuko dute, derioztar euskaldunek, baina, batez ere, euskaraz bizitzeko desira duten derioztar euskaldunek (desira bizi-nahia edo indar biziarazle moduan ulertuta). Gaitasuna ez da inondik ere baldintza. Desira da garrantzitsuagoa eta, jakina, praktika.

Eta beste txiribuelta bat eman zidan buruak Goizalderena irakurri ostean eta honako honekin gogoratu nintzen: Antzuolan egindako Eskuirt jaiarekin eta bertako leloarekin: hiztunak eta lizunak.

Gogorarazpenak izatea ona da, baina hasierako galderei erantzun egokia eman beharko diegu etorkizunean, geure buruak berrasmatzeko (edo desasmatzeko) egoera berrietara egokitzeko. Hau da: kanonik behar al du hizkuntza batek edo elkar-ulermena nahiko al da? Eta, beharko balu, nork eta zelan ezarriko du kanon hori? Kolektiboki erantzun beharko zaie galdera hauei …

Kultura, antropologia eta beste tontakeriak

2026-05-26  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Kultura, antropologia eta beste tontakeriak

Orain dela gutxi irakurri dut Angel Diaz de Rada antropologoaren “Cultura, antropología y otras tonterías” liburua. Liburu horrek kultura du ardatz nagusi eta antropologiari oso lotuta dago (eta, hein batean, blog honen interesguneetatik apur bat aparte dabil). Hala ere, nire ustez, oso liburu erakargarria da zientzia egiten ahalegintzen garen guztiontzat. Eta hori dela eta, liburuko aipu batzuk ekarri nahi izan ditut hona:

Agentzia, helburuak lortzeari dagokionez, bitartekoen kontrol nahiko malgu gisa uler daiteke. Erakunde batek beste batek baino agentzia gehiago duela esatea malgutasun handiagoa duela esatea da (bitarteko eta helburu gehiago ditu aukeratzeko). Zenbat eta agentzia handiagoa izan inork prozesu bati buruz, orduan eta gehiago izan daiteke emaitzaren erantzule.

 

Reifikazioa da giza fenomenoak gauzak balira bezala antzematea. Hau da, gizakien produktuak naturazko egitate, lege kosmikoen emaitza edo jainkoen borondatearen adierazpen bezala antzematea da reifikazioa.

Asko egiten du berba liburuan tokikoaz, zehatzaz, egunerokoaz. Horren harira, honako hau dio (ez berbaz berba modu jarraituan, baina tira, hau ez da argitalpen akademiko bat): tokikoa da unibertsala, zehatza da unibertsala. Eta dena, den-dena, harreman soziala.

Tradizioari buruz ere egiten du berba luze eta zabal:

Tradizioa ez da erabat determinatzen gaituen indarra, baizik eta gorputz bizidunetan eta bizitzako objektuetan inskribatutako arauak birsortzeko gure esku jartzen dituen prozesua.

Identitatea ere hizpidera ekartzen du. Egia esateko, identitatea baino egileak gurago du identifikazioei buruz berba egitea. Identitatea ez, identifikazioak (horrela pluralean). Gogoetatzeko modukoa, behintzat.

Azken aipu bat, hizkuntzaren biziberritzea bezalako diziplina zientifiko multidiziplinarra den gurerako ere balio dezakeena:

Espezialisten mundu batean, espezializazio mota guztiak kritikatzen espezialistak gara, espezializazio horiek, bakoitzak bere aldetik, gizarte-bizitza zehatzaren konplexutasuna menderatu nahi dutenean.

 

« Aurreko artikuluak

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Aipuak
  • Euskalgintzaren adin krisia
  • Soziolinguistika kritikoa by Iñigo Beitia
  • Tokira egokitua eta politika substantibo: Loiutik Larrabetzura
  • Euskara erabiltzea hitz egitea bakarrik al da?

Iruzkin berriak

  • Euskalgintzaren adin krisia - Garaigoikoa(e)k Soziolinguistika kritikoa by Iñigo Beitia bidalketan
  • Tokira egokitua eta politika substantibo: Loiutik Larrabetzura - Garaigoikoa(e)k Uste baino gutxiago dakigu, baina uste baino gehiago erabiltzen dugu bidalketan
  • Euskaltopiak - Garaigoikoa(e)k Etxeko leihoak unibertsora bidalketan
  • Hizkuntza-kanona - Garaigoikoa(e)k Txmtx komunitatea (2) bidalketan
  • Esatea da egitea - Garaigoikoa(e)k minuskulaz bidalketan

Artxiboak

  • 2026(e)ko iraila
  • 2026(e)ko uztaila
  • 2026(e)ko ekaina
  • 2026(e)ko maiatza
  • 2026(e)ko apirila
  • 2026(e)ko martxoa
  • 2026(e)ko otsaila
  • 2026(e)ko urtarrila
  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA