A casa do amo
Maria Reimondezek “A casa do amo” izeneko liburua idatzi berri du. Azpititulua honako hau du: galizierazko literaturaren diskurtso kolonial eta arrazistaren azterketa. Horixe egiten baitu liburuan zehar (hasierako azterketa baino ez den arren, asko sakondu daitekeen arren). Liburu deserosoa da (seguruenik han hemen baino gehiago).
Hala ere, Mariak berak azken kapituluan ekintzarako deia egiten du. Berak dioen legez, “ezin ditugu gure etxeak eraikitzen jarraitu euren azpitik zapalkuntza errekak pasatzen direla kontuan hartu barik. Etxea lekuz aldatzeko sasoia da”. Hori dela eta, zuriak garenok berba hartu behar dugu eta berreraikitze dinamikak martxan jarri behar ditugu, pertsonalak zein kolektiboak.
Azken finean, liburuaren xedea ez da egile edo testu arrazistak seinalatzea; xedea da irakurtzen dugun begirada aldatzea beste ahots batzuk entzuteko. Hau da, bere berbetan esateko, “deszentratu” behar dugu, zuriok “deszentratu” behar dugu eta prozesu hori etengabea da. Eta murru kolonialetik kanpora bizitzeko apustua egin behar dugu. Eta berak dio galizieradunek horretarako “gonzo” funtzioa bere dezaketela (gonzoren itzulpena kuntzea litzateke edo banda, hau da, leiho bat ireki ahal izateko behar duen pieza hori, espainolez bisagra eta frantsesez charniere).
Liburuan bertan, Maria Reimondezek kritikatzen du Galiziako egoerari erreferentzia egiteko kolonial berba erabiltzea. Niri ere berba horrek askotan egiten dit kirrinka, batez ere, beste herri batzuen egoera geurea baino “latzagoa” delako. Baina berak darabilen argudio bat zeharo interesgarriak iruditzen zait: berba hori sortu zen komunitate eta herri batzuek pertsona zurien partetik jasan zuten zapalketa aditzera emateko. Gurea beste egoera bat da (herri minorizatua edo dena delakoa) eta beste terminologia bat erabiltzea logikoa deritzot, lorratzak ezberdintzeko.
Liburu zeharo gomendagarria, beraz. Eta bere sasoian sare sozialetan adierazi nuen bezala, ea inor animatzen den euskarazko literatura, musikagintza edo bertsolaritzari buruzko azterketa hau egiten. Behar dugulako. Bai.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks