Algoritmoa(k)
Algoritmoei buruz berba egin gura dut. Eta, horretarako, Mastodonen ikusitako bi gauzetatik tira egin gurako nuke. Lehenik, Txerren erabiltzaileak honako hau aipatu zuen: “Eta hizkuntzak algoritmizatzen badira? Hizkuntza nagusiak planoago, mediokreago, koinatuago, trollago bilakatzen ikusiko ditugu?”. Eta apur bat lehenago, Joxe Rojas-ek artikulu gogoangarria idatzi zuen bere teknopata blogean: Zertarako behar dute hedabideak kulturgileek, TikTok eta Instagram baldin badute? (eta nik honen berri, Mastodonen bidez jaso nuen).
Joxe Rojasen artikuluan badatoz azpimarratzeko eta gogoetatzeko moduko hainbeste baieztapen:
Euskal kulturgintzak, euskal hedabidegintzak, euskalgintzak ez du lekurik matematikatan eta kopuruetan oinarritutako logika baten barruan.
Big data, influentzerrismoa eta algoritmoak bateraezinak dira euskaraz jardutearekin.
Nire negozioa jendea pantailara pegatuta mantentzea baita, eta ez Europako ez dakit nongo puntako kultura bitxi bat sustatzea.
Instagram eta TikToken kontsumitzaileek zertarako behar dituzte euskal kulturgileak, Taylor Swiftek edo Rosaliak askoz ere produkzio sofistikatuago, ikusgarriago eta ugariagoa eskain dezaketenean?
Eta honen aurrean zer? Ba, Jon Urzelairen hau, euskararen biziberritzearen paradoxa nagusiena plazaratzen duena:
Hor tranpa zail bat dago: bai, euskarak normaltasuna konkistatu behar du, baina euskararen karta guztiak normaltasunean jartzeak porrotera garamatza. (…) Hasteko, euskal kultura ezin da oinarritu logika merkantilista batean bakarrik, zenbakiek ez baitute ematen: ez dago nahikoa kontsumitzaile hori mantentzeko. Esan nahi dut, euskal eszena, musikariak edota editorialak baldin badauzkagu, lan boluntario ikaragarria egin delako da, era militantean egin delako. Hori horrela da eta, segur aski, horrela izan beharko da beti. Orduan, ezin dezakezu partida hori jokatu eta irabaziko duzula pentsatu.
Gogoeta asko, paradoxak eta erantzun gutxi. Baina, ahal dela, algoritmorik ez.
Artikulua argitaratu ostean, eztabaida oso mamitsua egon da Mastodonen bertan honen inguruan, ni neu, Joxe Rojas, Txerren, Koldotxu eta Beñat Irasuegiren artean (bide batez, bi zentimoko gomendioa: joan arin batean Mastodonera). Eta hortik erreskatatu nahi dut Beñat Irasuegiren hau, eztabaida eta iritzi trukaketa honetan balio duelakoan:
- Ez dago euskalgintzarako merkatu bat.
- Beraz, ez jo merkatu homologaziorantz.
- Ez neurtu merkatu kapitalistaren metriketan.
- Erabilera balioa truke balioaren aurretik jarri.
- Eraiki sare eta harreman ekonomiko ez merkantilistak.
- Garatu erabiltzaile komunitateak.
- Sortu eta banatu aberastasun material eta kulturala.
Eskerrik asko, Beñat eta beste guztiei!
Gotzon Barandiaranek egiten duen planteamendua ekarri dit gogora. Haren ustez, euskarazko kulturgintzak lau elementu behar ditu: (a) kulturgileak (sortzaileak); (b) kulturzaleak; (c) plazak eta (c) erresonantzia-kutxak. Lau elementuak dira beharrezkoak, baina banan-banan ezer dira nahikoak: elkarrekiko harremanetan behar ditugu, ekosistema moduan.
Plazari dagokionez bietara jokatzea komeni zaigula iruditzen zait: (a) batetik plaza propioak sortu eta babestu (horietako asko, komunitario eta militanteak); (b) eta merkatu doituak… non –merkatua izanik ere– euskarazko kulturgintzarako diskriminazio positiboa bermatuko den (dirulaguntzak, kuotak…)
Erresonantzia kutxei dagokienez, zer esan? Iruditzen zait euskarazko komunikabideek kristoren lana egiten ari direla, baina gero eta gehiago kostatzen zaigula publikoetara iristea.
Bai, hala da. Kezkatzen nau batez ere erresonantzia kutxena. Nire ustez, eta ez dut datu objektibo askorik, gero eta zailagoa da erresonantzia lortzea, kuotadun batzuk kenduta. Hau da, euskal munduko kuota batzuek dute eta beste guztiek… ba hori, algoritmoak algoritmo. Mila esker!!!