2014ko uzta soziolinguistikan
Ekarpen teorikoei dagokienez, bidea egiten ari da transmisiotik sozializaziorako aldaketa. Paula Kasaresek aspalditxotik darama soziolinguista euskaldunen tropela bide horretatik eta ematen du zirimiri moduan blaitzen ari direla bazterrak.
Pello Jauregik ere eman du zeresana 2014an. Euskal soziolinguistikaren azken urteotako troinurik handienari (erabilerari, hain zuzen ere) tira egiteko proposamenak dakartza Pellok, eta ondo etorriak izan dira gurean. Ea praktikara eramaten ditugun denon artean.
Ekarpen praktikoei dagokienez, beste urte batez oparoa izan da euskalgintzaren lana. Hauek nabarmenduko nituzke nik: Korrikaren leloa (Euskahaldun!), Errigora kanpaina eta interneten han eta hemen garatzen ari diren ekimentxoak: android euskaldundu, wikipedia, bideo-jokoak, azpitituluak, … Euskarazko edukien corpusa handitzen ari da etengabe eta boluntarioek egina. Hiztun komunitatearen geroa hiztunek aurrera eramanda. Ander Bolibarrek (a.k.a. @demonocrazy) .eus ere aipatzen du urteko nabarmenen artean.
Dibulgazioari dagokionez, Tribuaren berbak saioa izan da nagusi. Astero-astero dibertigarri eta mamitsu etorri zaizkigu saioak (eta, gainera, interneten ere oso lan txukuna egiten ari dira). Bestelako dibulgazio saioak izango ziren, baina nire ustez Tribuaren berbak saioak beste guztiak eklipsatu ditu.
Eta 2014ko uztan bestelakoak ere batuko ziren, diot nik. Baina nahiago irakurleek horrelakoak proposatzea, ezta?
Ona! Beste hizkuntza komunitateekin uzta eder hau partekatzea gure 2015eko helburua, ondo segi!