Botere gabetzea
Allartean bezala, Ainhoa Ezeizaren bidez heldu nintzen desempoderamiento kontzeptura. Empowerment kontzeptua (boteretzea gurean antza) oraindik ondo irentsi barik izan eta zer eta desempowerment kontzeptua sortu!
Murtxikatu dezagun apur bat boteregabetze kontzeptua (edo horrelako zerbait: ahaluztea bezala ere irakurri dut). Azkenean, labur zurrean eta zehatz hauxe esan gura du: boterea bazter batean utzi eraikuntza kolektibo bati lekua uzteko. Hau da, boteredunek boterea besteen esku uztearen prozesuari deitzen zaio desempowerment antza.
Hala ere, interneten bila arituz gero, botere gabetzearen beste kontzeptu batera heltzen gara. Eta, kasu horretan, empowerment horren ifrentzua da. Pertsona edo pertsona talde batek erabakiak hartzeko eta helburuak aurrera ateratzeko gaitasuna galtzea dakar botere gabetzeak. Horrez gain, gehienetan pertsona edo pertsona talde horren autoestimuan eragina du, eragin negatiboa hain zuzen ere.
Bi esanguren artean, interesgarriagoa iruditzen zait lehena. Interesgarriagoa edo, behinik behin, berritzaileagoa. Izan ere, boteretzearen ifrentzua zein zen nahiko begibistakoa zen, ezta?
Lehenaren arabera, pertsona edo pertsona talde batek bere boterea bazterrean uzten du, beste batzuek botere hori har dezaten. Gurean administrazioaren eta euskalgintzaren arteko dikotomiak kasurik gehienetan bide hori ez du urratu. Administrazioaren eta euskalgintzaren arteko tirabiraren matazan administrazioak (koloreak kolore) boterea atxiki du, beti, eta elkarlana bere interesen uztarrira makurtu da.
Jendarte honetan hizkuntza-ohiturak aldatzea (Cooper-en arabera, eraldaketa soziala eragitea) parte hartzearen bidez eraginkorragoa, samurragoa eta merkeagoa (hau ez dago horren argi, baina tira) dela sinesten dugu askok. Eta, horretarako, administrazioak bere burua botere gabetzea ez litzateke txarto etorriko (koloreak kolore, ostera ere).
Jon Sarasuak, bere Hiztunpolisa liburuan, honako hau dio: “Badira arrazoiak pentsatzeko euskararen komunitatearen desafioetan gizarte ekimeneko enpresen bidez, enpresa sozial errotuen bidez, lortzen dela eraginkortasunik eta errentagarritasunik handiena”. Eta ni bat nator, egunetik egunera “batago”.
Eskerrik asko eztabaida zabaltzeagatik!
Alde batetik, itzulpenaren kontuaz eztabaida dezakegu. Zalantza handiak izan ditut gaztelaniazko “desempoderamiento” nola itzuli hautatzeko. “Ahaluztea”-ren proposamena Twitterreko @TuiteaoRevienta-k proposatu zuen eta egoki ikusi nuen, ze “ahalgabetzea” edo “boteregabetzea” urrundu egiten dira eta interpretazio okerretara garamatza.
“Desempoderamiento”ren proposamenean, botereari ez zaio uko egiten baizik eta utzi egiten da, erabilia izan ez dadin. Ñabardura hau garrantzi handikoa da kontzeptuaren ulermenean. Ahaluztean, helburua da boterearen logikatik aldentzea eta beste bizi-logika batzuetan aritzea. Alegia, zuk testuan diozu “Lehenaren arabera, pertsona edo pertsona talde batek bere boterea bazterrean uzten du, beste batzuek botere hori har dezaten.” eta berez ez da hori proposatzen, baizik eta “pertsona edo pertsona talde batek bere boterea utzi egiten du, erabili ordez, eta ez du inork hartzen, partaidetza horizontala bilatzen baita.
Ahaluztea ez da teoriatik jaio den kontzeptu bat, partaidetza ekintza praktikoetatik eratorria baizik. Dokumentu honek biltzen du urteetako emaitza eta kontzeptuaren eztabaidak bizirik darrai, hainbat herrialdetako eragileen artean garatzen ari da uneotan.
Euskararen kasuan, ahaluzteak esan nahiko luke botere-logikak apurtzea (administrazioa, irakasle-ikasle harremana, eskola-haurra…) eta hizkuntz komunitateen arteko lana sustatzea, kulturartekotasunean eta ikuspegi irekiaz, alegia, “jendearekin” lan egitea (ez “hiztunekin”, “komunitateekin”, “elkarteekin” edo “eragileekin”).
Ez bagara gai euskarari eusteko “jendeak” erabili nahi duelako eta botere kohertzitiboa erabili behar badugu hizkuntza gal ez dadin (azterketak, lana lortzeko behar izatea, eskola…) … benetan merezi du egiten ari garena?
Eztabaidarako hurbilpena baino ez da, neuretzat ere kontzeptu berria da. Uztailaren 16an mintegi bat egingo dugu Donostian goizez Ikaskidetza Jardunaldien gehigarri gisa, interesik izanez gero; bertan izango da Javier Encina, kontzeptua proposatu eta gehien landu duena, polita litzateke euskararen eztabaida bertara eramatea 😉
Ez nuen behar bezala ulertu kontzeptua. Azalpenak jaso ostean, argi daukat botere-gabetzea ezin dela izan (botere-uztea edo akaso botere-partekatzea izan daiteke, botere, ahal edo jabetu berben eztabaidan sartu barik).
Partaidetza horizontalaren kasuan ere, guztiz ados. Artikulua berridatziko dut (astia hartzen dudanean!), eta saiatuko naiz euskararen komunitateko adibideekin hornitzen (posible bada!).
Kontzeptu berria da, baina atzetik dakarren filosofia aspaldikoa da. Hala ere, sakondu beharra daukat nik ere. Ez dakit posible izango dudan uztailaren 16an Donostira joan. Baina ahalegina egingo dut.
Tomas R. Villasantek (oso pertsona interesgarria, blogean zeozer idatzi dut hari buruz) liburu bat aurkeztu berri du: “Redes de Vida Desbordante”. Elkarrizketa batean entzun diot harek “enpoderamendu” hitza ere ez duela gogoko, esanahiez hustu egin dutelako, eta gaur egun edozein gauzetarako erabiltzen delako (gurean ahamentzea bezala) Andaluzian lanean egon omen da eta handik “poderío” hitza hartu du… “poderío social” erabiltzen du harek. Euskaraz “indarra”, “kemena”…
Agian arrazoi duzu. Agian AHALMEN hitzak ere konnotazio “bigun” samarrak hartu ditu: agian “posibilitatea” adierazteko erabiltzen dugulako. Ahalmen hitzak, dena den, POTENTZIA ere adierazten du, eta zentzu horretan erabili nahi nuke nik.
Liburuaren aurkezpenaren audioa interneten dago. Tartetxo bat ateratzen baduzu, merezi du entzutea: https://soundcloud.com/traficantesdesue-os/redesmp3