Martxoaren 8ko grebatik irakaspenik euskalgintzetan?
Martxoaren 8ko grebak astindu ditu han eta hemen egitura batzuk. Ikusiko dugu astinaldi horiek iraunkor eta finko bihurtzen dituzten emakumeek*. Espero dezagun baietz. Azken urteotan euskalgintzetatik feminismoei begira egon gara eta, nire ustez, egun horretako mobilizazioetatik gako batzuk atera ditzakegu.
Batetik, euskalgintzak eraikitzen jarraitu behar dugu (Euskaraldia izan daiteke euskalgintzak ehundu, saretu eta eraikitzeko parada ederra). Bestetik, euskalgintza erradikala eraikitzen jarraitu behar dugu. Azkura sortzen duen euskalgintza, gatazkak bistaratuko dituen euskalgintza.
Hirugarrenik, euskalgintza autonomoa eraikitzen jarraitu behar dugu. Lidergo nabarmenik gabekoa, horizontala, kalekoa, plazakoa, basatza maite duena. Nire ustez, deszentralizatu behar ditugu egiturak eta tokian tokikoari garrantzia eman.
Eta, laugarrenik, galdera batzuei erantzun kolektiboa bilatzen hasi behar dugu lehenbailehen.
- Baga: identitatea. Zer da euskalduna izatea? Zerk egiten gaitu euskaldun? Praktikak? Ezagutzak? Ba al da gaur egun euskaldun hutsa izaterik denok, gutxienez, elebidunak garenean? Zahar/berri dikotomia ere inoiz gainditu beharko dugu, ezta?
- Biga: mugimenduaren erdigunea nork osatzen du? Nork osatu beharko luke?
- Higa: agenda propioa izateko gaitasunik al dugu?
- Laga: erreleboaren gaiari ere heldu beharko zaio inoiz. Ez al ditugu egitura guztiak zaharkituta? Non dago odol berria? Zelan ireki militantzia eredu berriak? Zelan egin bateragarri bizitza, ogibidea eta militantzia euskalgintzetan?
Galdera asko eta erantzunik ez. Erantzunak denon artean kolektiboki eraiki beharko ditugu, noiz edo noiz.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks