Gure kultura soziolinguistikoa (1)
Gure kultura soziolinguistikoan, hau da, gure jendartean errotuta dauden uste soziolinguistiko maioritarioetan, zer dago errotua? Oraingo honetan, batez ere, hizkuntza ohituren inguruan arituko naiz (bestelako uste soziolinguistiko asko daude hortik zehar).
Horretarako, Pello Jauregik Irten armairutik liburutik atera duen taula bati egin nahiko nioke jaramon. Horrek, nire ustez, gutxi asko (hartu behar da aintzat aitortutako datuak direla eta, seguruenik, desbiazio bat izango dute datuek) gure kultura soziolinguistikoan errotuta dauden uste asko uzten du agerian:
Erabilera aitortua | |
OOO | 81,9 |
NOO | 76,3 |
OON | 49,6 |
ONN | 35,9 |
ON(N) | 24,5 |
O(N)(N) | 13,3 |
Azalpen batzuk behar ditu taula honek:
- Bikoteko harremanei buruzko datuak dira honako hauek. Lasarten parte hartu zuten ahobiziek honako erabilera hauek aitortu zituzten ahobizi izaten hasi aurretik.
- Lehen taulak honako hau adierazten du. Lehen letrak (Ondo edo Nahiko) ahobiziaren gaitasunari egiten dio erreferentzia. Bigarren eta hirugarren letrek, ostera, ahobizi bakoitzak aukeratutako 20 solaskideen gaitasunei egiten die erreferentzia: bigarrenak ulermenari egiten dio kasu eta hirugarrenak mintzamenari. Parentesi artean egonez gero, gaitasun oso mugatua duela adierazten du.
Horra hor azalpenak. Orain horren gainean neuk egindako irakurketak:
- Argi ikusten da solaskideen gaitasunak eskastu ahala erabilera ere jaitsi egiten dela, nabarmen jaitsi ere. Hortaz, euskaldunok ez gaude ohituta gaitasun eskasa duen jendearekin euskarari eusteko. Gaitasuna behar bestekoa ez dela ikusi orduko, gehienok erdaretara salto egiten dugu.
- Gaitasuna altua den kasuetan, euskaldunak oro har leial jokatzen dute euskararekiko (behin eta berriro agertu da datu hau kale erabileren neurketetan, batez ere Txillardegiren eredu matematikoari jarraituta): 10etik 8tan euskaraz egiten dutela esaten baitute.
- Hala ere, Lasarteko ahobiziek (ez da ahaztu behar, jokaerarik euskaltzaleena duten pertsonez ari garela) aitortzen dute 10etik 1ean euskaraz egiten dutela oso gaitasun eskasa duten pertsonekin. Kopurua, agian, gehiegizkoa da, eta errealitatean txikiagoa da, baina badirudi oinarritxoa badagoela kultura soziolinguistiko hori aldatzeko.
Aste honetan, gure kultura soziolinguistikoaren zati baten berri. Hurrengo astean, hori aldatzeko bideez edo intuizioez.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks