Mugimendua (Atik Zra)
Esaten nuen doktore-tesian eta errepikatuko dut: hizkuntza gutxituen aldeko esfortzu kolektiboek ez dute jaso mugimendu sozialen teorikoen aldetik orain arte arreta handirik. Baina hizkuntza baten biziberritzea mundua edo munduaren zati bat eraldatu nahi duen ekintza kolektiboaren modu bat dela uste dut.
Nazioarte mailan, hala ere, hizkuntza aktibismoa bai aztertu da (nahiz eta hizkuntzen biziberritzearen inguruan kokatzen diren ikertzaile gehienak). Eta honela definitzen du, adibidez, Kai Heidermann-ek: “Hizkuntza gutxituaren aldeko aktibismoa (…) ekintza kolektiboko forma iraunkor eta antolatuak dira, hizkuntza gutxituaren eragileek aurrera eramanak, hizkuntza-mendekotasuna gelditu eta, ahal den neurrian, mendekotasun horri buelta emateko”.
Baina zer ekarpen egiten diote mugimendu sozialek hizkuntzen biziberritzeari? Biziberritzeak ahalegin soziala eskatzen du, jendarteak bere egin behar du helburu hori eta horretarako ekin. Izan ere, “eskolak bakarrik ezin du” esaldi mitikoa mudatuz, honako hau ere esan daiteke: “gobernuak bakarrik ezin du”. Hizkuntzaren biziberritzea arrakasta izateko, gobernuak bakarrik ezin du, zaila du bide demokratikoen bidez tankera honetako aldaketak eragitea; baina, era berean, mugimendu sozialek ere muga nabarmenak dituzte eurek bakarrik biziberritzea arrakastaz gauzatzeko. Bien arteko elkarlana beharrezkoa da.
Mugimendua, baina, ezinbestekoa da (Jon Sarasuak honela deitzen du: “euskaraz bizitzeko hautu antolatua”) eta, seguruenik, biziberritze ahalegin guztien oinarrian dago. Hauspo ditzagun, ba, mugimendu hauek guztiak.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks