Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Inkestatik inkestara

2008-07-01  //  Sailkatu gabea  //  4 iruzkin

Azken egun hauetan handik eta hemendik artikulu honen berri izan dut. Inkesta Soziolinguistikoaren harira, azterketa interesgarria da, dudarik gabe.


Jarraian osorik:

Euskararen egoerari buruzko ikerketak: euforia
giroa ala konfusio-zeremonia?

Ondorengo lerroetan Jaurlaritzak plazaratu dituen azken lan horietatik
2. Soziolinguistikazko Inkestaren inguruan Zenbat Garako kideek
eskatuta eta beraien informaziorako gogoeta batzuk egiten ahaleginduko
naiz, hau da, nire ustez punturik garrantzitsuenak direnen balorazio
bat egiten. Datuei dagokienez, zer aztertua falta ez den arren,
aspergarria gerta ez dadin, ez naiz sartuko datuei dagozkien zehaztasun
gehiegitan. Bakar batzuk besterik ez ditut aipatuko. Ezagutzari
buruzkoak, hain zuzen.

Iñaki Larrañaga, soziologoa.

Azken aldi honetan euskararen inguruan era askotako mugimendu
berriak nabari dira. Nagusienak besterik ez aipatzearren honako
auek aipatuko ditut:

GIZARTE ERAKUNDEEN ALDETIK SORTUTAKOAK
–Euskararen Unibertsoa
–Gizarte Erakundeen Kontseilua
–Bai Euskarari kanpaina (5 estadioetako jaialdiarekin burutu
zena)
–XXI menderako akordio soziala (647 erakundek sinatua)
–Lan-ordu bati dagokion diru-sariaren bilketa (100 miliotik
gora)
–Plan Estrategikoa
JAURLARITZAREN ALDETIK SORTUTAKOAK
–Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia
–Euskal Herri osoko Soziolinguistikazko 2.Inkesta (bi alditan
azaldua)
–Euskal Autonomia Erkidegoko 2. Mapa Soziolinguistikoa.

Hasteko eta behin, esan behar da eskertzekoa dela, nahiz eta berandu,
Euskal Herri osoko datu horien azalpena bere osotasunean eman
izana. Tamalez, konfusio-zeremonia baten antzeko zerbait izan
da azalpen horien inguruan. Izan ere, alde batetik, Euskal Herri
osoko 2. Soziolinguistikazko Inkestaren datuak (1996. urtean egindako
Inkestakoak) azaldu ondoren (lehen ere azaldurik zeuden datu orokorrak);
eta handik aste gutxira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2.Mapa Soziolinguistikoaren
emaitzak (1981eko, 1986ko, 1991ko eta 1996ko erroldetan jasotako
datuak) aurkeztu ziren. Herritar arruntarentzat nahasmentua sortzeko
arriskua ezin uka. Ez baita erraza bereizten jakitea zer den inkesta
soziolinguistikoa eta zer mapa soziolinguistikoa eta bien artean
dagoen diferentzia; hau da, batak, Inkestak, Euskal Herri osoan,
lagin baten bidez, egindako inkesta batean jasotako datuak ematen
dituela eta besteak, Mapak, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle
guztiei (unibertsoari alegia) egindako erroldan hizkuntzari buruz
eskatutako datuak jasotzen direla.

Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetzak plazaratu dituen
datu hauen azalpenean eta ondorengo alditan egindakoetan, euforia
giro bat zabaldu da Euskararen baitan gauzak mugitzen ari direla
eta.

Giro horren ondorioz edo, orain arte jarrera guztiz kritikoa zutenak
ere, orain, euforia giro horrekin bat eginda agertzen dira. Izan
ere, salbuespenak salbuespen, ez da inolako balorazio kritikorik
plazaratzen. Guztiak dira onespenak eta txaloak. Agintariek agertzen
duten diskurtso autokonplazientearekin bat egiten da. Desagertu
dira lehen hain kritika zorrotzak egiten zituztenak. Non dira
orain, lehen hain kritikoak ziren AEK eta EKBko kideak?. Non dira
lehen hain salaketa gordinak egin ohi zituzten Unibertsitateko
beste hainbat irakasle?

Badirudi, bat-batean, Euskararentzat gauzak bere onera etorri
direla eta arazo guztiak, guztiz konpondu ez badira ere, ongi
bideraturik daudela. Hori hain da horrela non guztiek onartzen
baitute hizkuntza politikaren arduradunen diskurtsoa, eta behin
eta berriz errepikatzen agerraldi guztietan (errepikatzearen poderioz
sinesgarritasuna lortuko duen ustean ote?). Euskararentzat gauzak,
toki guztietan ez bada ere, ondo joaten hasi direla “azken
15-20 urte hauetan egindako lanari esker”.

Zer gertatu da bada hain euforiko egoteko? Zer da aldatu dena
Euskararen egoerari dagokionez? Nik, ondorengo lerroetan 2. Soziolinguistikazko
Inkestari buruz jardungo dut. Beste batean aztertuko ditugu 2.
Mapa Soziolinguistikoko edukiak.

Aipaturiko 2. Soziolinguistikazko Inkesta horren hariari jarraituz
Euskal Herri osoko txostenaren sarreran egiten den aurkezpenean
azaltzen diren aipamenetatik abiatuko naiz. Nire irakurketa kritikoa,
bai, baina baikorra izango da. Hondamendira eraman gaitzakeen
euforia itsutik katastrofismo ezkorretik bezain urrun kokaturik,
alegia.

HIZKUNTZA POLITIKAREN HELBURU NAGUSIAK

“Azken urteotako hizkuntza politikaren helburu nagusia, erabilera
zabaleko hizkuntzaren hiztunen eskubideak erabilera urrikoek ere
piskanaka izango dituztela bermatzea eta horrela, gizarte geroz
eta elebidunagoa eta integratuagoa lortzea izan da.” Bi helburu
nagusi,beraz,
–a) gizarte geroz eta elebidunagoa
–b) gizarte geroz eta integratuagoa
–c) hizkuntza-normalizazioaren bidean
Helburu horiek lortzeko aipatzen dira hizkuntza-normalizatzeko
programa eta eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia.

Helburu nagusietatik abiatuz hizkuntza normalizaziori dagozkion
gogoetak egitera pasako gara.

a).-ELEBITASUN SOZIALA MODU IRAUNKORREAN BIDERATU EZINA DA
Gizarte geroz eta elebidunagoa lortzea helburu nagusitzat jotzen
da. Berriro ere, gizarte elebidunaren edo elebitasun sozialaren
diskurtsoa aipatzen da. Jakina da, bestalde, ez teorian eta ez
praxian elebitasun sozialaren kontu hori modu iraunkor batean
bideratu ezina dela. Izan ere, gizarte berean bi hizkuntza funtzio
berberak betetzeko erabiltzea proposatzen denean, jakina da zer
proposatzen den: bietako bat soberan edo alferrikakoa denez (superflue,
deitzen dio W.F. Mackey soziolinguistikan adituak) indartsuena
den hizkuntza nagusitzen dela, alegia. Eta noski, soberan dagoen
hizkuntza ahulena denez, hizkuntza indartsuena nagusitzea onartzen
da (modu subliminal batean bada ere).

Beste kontu bat da gizarte bateko pertsonak hizkuntza bat baino
gehiago ezagutzea, eta beraz, elebidun edo eleaniztun izatea.
Gure seme-alabek hiru edo lau hizkuntza jakitea normala izango
dela, alegia. Hori, ordea, elebitasun pertsonala da eta ez soziala.

Izan ere elebitasuna edo eleaniztasuna beti dira indibidualak
edo pertsonalak eta ez sozialak. Gizarteez hitzegiterakoan bere
baitan kontaktoan dauden hizkuntzez edo, hobeto esanda, bere baitan
gizarteak dituen hizkuntz komunitateez aritu behar da. Baina ez
ditzagun gauzak nahasi. Elebitasunaz ari garenean subjektua pertsona
da, eta bestean, berriz, gizartea. Bereizketa hori elementala
da hizkuntza politika egoki bat diseinatu nahi bada.

b).-INTEGRAZIOA: KULTURA ETA HIZKUNTZ KOMUNITATE BAKOITZAREN GARAPENA
ZIURTATZETIK DATOR
Beste helburu nagusia gizarte geroz eta integratuagoa lortzea
dela esaten zaigu. Eta nola ulertu behar da integrazio kontzeptu
hori?

Askotan entzuten denaren arabera, gutxienez esan daitekeena zera
da: hitz horren erabilera zehaztugabeak nahasketa eta konfusioa
sortzen duela.

Zenbait alditan, gehienetan ez bada, hitz horrekin adierazi nahi
izaten da, gure gizartean diren kultura eta hizkuntz komunitateen
arteko elkarbizitzarako eredua plater konbinatu baten antzekoa
ez denean, mestizaiaren edo hibridazioaren gisakoa izan behar
duela. Jakina da, ordea, hibridoak diren produktuek ez dutela
erreprodukziorako baliorik; antzuak direla, alegia. Eta hibridatzen
den kultura edo hizkuntza bati ere gauza bera gertatzen zaio;
hau da, erreprodukziorako indarra galdu egiten duela. Hibridatzaileak
gordetzen du beretzat indar hori.

Gehiago oraindik, jakina da kultur edo hizkuntzen arteko mestizaia
edo hibridazioak, indartsuenak diren kultur eta hizkuntzen mesedetan
eta ahulenen kaltetan gertatzen direla. Kultura eta hizkuntzen
integrazioak horrela ulertuta euskal kultura eta hizkuntza amildegira
bidean jartzen ditu.

Benetako integrazioak, ordea, justu kontrako esanahia du; hau
da, kultura edo hizkuntza bakoitzari bere garapena bideratzeko
eta lortzeko behar dituen aukerak eta baliabideak errekonozitu
behar zaizkiola.

Hasteko eta behin, aitortu eta errekonozitu behar dugu Euskal
Herrian, gutxienez, hiru kultura eta hizkuntz komunitate ditugula.
Bata, euskalduna, noiz eta non sortu zen garbi ez badago ere,
hemen garatzen joan dena. Beste biak, espainola eta frantsesa,
inguruko estatuetatik etorriak edo indarrez ezarriak edo bertakoek
hobetsiak (nahi den moduan interpretatuz).

Integrazio hitza erabiltzen denean, kuriosoa bada ere, ez da hiruren
arteko mestizaiarik edo koktelik aipatzen. Ez, alde batetik euskal
kultura eta hizkuntza dira espainiar kultura eta hizkuntzarekin
integratu nahi direnak; eta beste aldetik, euskal kultura eta
hizkuntza dira frantses kultura eta hizkuntzarekin integratu nahi
direnak. Inoiz ere ez da planteiatzen espaniar eta frantses kultura
eta hizkuntzen arteko integrazioa.

Garbi dago hemen, beste gauza askotan bezala, tranpa bat dagoela.
Izan ere, euskal kultura eta hizkuntza dira espaniar edo frantses
kultura eta hizkuntzekin integratu beharrekoak. Inoiz ere ez espaniar
eta frantses kultura eta hizkuntza elkarren artean integratzeko
konturik, askoz hurbilagokoak izan arren. Horiek, dirudienez,
ikutu ezinezkoak dira.

Zergatik ez da, behingoz, onartzen bakoitzak bere nortasun propioa
duenez, bakoitzak autonomia osoa izatea bere garapen propioa bideratu
ahal izan dezan?

Kultura eta hizkuntz komunitate desberdinen arteko integrazioa
ulertzeko modurik egokiena kultura eta hizkuntz komunitate bakoitzaren
garapena ziurtatzetik datorrena da. Inori ezer kendu gabe. Norbera
biziz eta besteei bizitzen utziz, alegia. Bestela, orain gertatzen
den bezala, batzuen hipertrofia edo espansionismoak besteen atrofia
eta garatu ezina ekartzen baitu. Eta horri ezin zaio inolaz ere
integrazio izenik eman.

c).-NORMALIZAZIOAREN KONTZEPTUA BERA NORMALIZATZETIK ABIATU BEHAR
DA
Txostenaren sarrerako atal berean aipatzen da, bestalde, hizkuntza-normalizazioa
lortzeko ahaleginetan egindako programazioak eta batez ere Euskara
Biziberritzeko Plan Nagusiaren bidez lortu nahi den hizkuntz normalizazioa.

Normalizazio hitza, gaur egun, Euskal Herrian nonahi entzuten
den eta edozertarako erabiltzen den kontzeptu horietako bat da.
Hala nola: gizartearen normalizazioa, normalizazio politikoa,
soziala, kulturala, linguistikoa eta beste hainbat esparrutan.

Hemen ere, aurreko kontzeptuekin gertatzen zen bezala, lehenik
esan behar da, normalizazioaren kontzeptua bera normalizatzetik
abiatu behar dela. Izan ere, normalizazioari buruzko ideiak, ilunak
eta nahasiak ez direnean, kontrajarriak ere izaten baitira. Eta
azkenean ez dakigu jendea zertaz ari den.

Izan ere, normalizazio hitzarekin, pakearekin, demokraziarekin
eta beste askorekin gertatzen den moduko zerbait gertatzen da;
hau da, batzuen gustokoa denean eta beren interesak babestuak
gertatzen direnean, edozein esparrutan, horri deitzen diote egoera
normalizatua. Eta hori, berriro esan behar da, tranpa bat dela,
normalizazioak, benetakoa izateko, hainbat baldintza betetzea
eskatzen duelako.

Hizkuntzaren normalizazioari dagokionean esan behar da, J.M Sánchez
Carrión Txepetx-ek garbi azaldu duen bezala, hiru maila
kontuan hartzea eskatzen duela. Hiru maila horietan gauzatzen
ez bada, ez baita posible normalizazioaz hitz egitea.
Hiru maila edo aspektu horiek honako hauek dira:

Maila orokorra, hizkuntza bere osotasunean hartzen duena
Maila soziala, hizkuntz Komunitatea kontuan hartzen duena
Maila indibiduala, hiztuna kontuan hartzen duena

Maila orokorrari dagokionez, helburua zera da: gure aro historiko
honetan Euskararen ahalbideak optimizatzea edo Euskararentzat
osasuntsua izango den egoera bat lortzea; eta horretarako, erabili
beharreko baliabideak edo osagaiak honako hauek dira: euskaldunen
MOTIBAZIOA, EZAGUTZA eta ERABILERA optimizatzea. Osagai horietako
bakar bat ere ezin daiteke gutxietsi edo alde batera utzi. Guztiak
dira ezinbestekoak.

Maila sozialari dagokionez, berriz, hiztunen kolektibitateaz ari
gara, hau da, hizkuntz komunitateaz, eta helburu nagusia zera
da: botere linguistikoa berbanatzea eta horrela, hizkuntz komunitatea
berregituratzea (Hizkuntz Komunitatearen erdigunean, inguruan
eta periferian zein egon behar duen finkatu eta gauzatzea); eta
horretarako eman beharreko urratsak honako hauek dira: aginte
politikoak helburu linguistikoei subordinatua egon behar du, eta
ez alderantziz, hizkuntz taldeak barrutik kanpora sendotzen dira
eta talde bakoitzak bere funtzioa ulertu eta gauzatu behar du.

Maila indibidualari dagokionez, azkenik, helburu nagusia euskal
nortasuna osatzea da, euskararen lurraldearen barnean eta kanpoan.
Hori lortzeko erabili beharreko bideak honako hauek dira: kanpotarren
inplementazio edo euskalduntze prozesua, bertako erdaldunduen
positibizazio edo euskarara hurbiltzea eta euskaldunen optimizazio
edo garapen osoa.

Hizkuntz normalizazioaz hitzegiteak, beraz, aipaturiko baldintzak
bere osotasunean betetzea ez bada ere, betetzeko bidean jartzea
eskatzen du.

Gure artean, ordea, badirudi, esparru batzutan hizkuntzari sarbidea
ematea, gune berri batzuetan errotulazio elebiduna sartzea edota
Internet sarean orri berri bat euskaraz irekitzeari (gure herrietako
kaleetan erdaraz barra barra ari garen bitartean) nahikotzat jotzen
dela hizkuntza normalizazioaren bidean urrats handiak ematen ari
garela esateko. Ni ez nago Euskara Interneteko sarean ibiltzearren
aurka, nola bada(?) aurrerakuntza horiek guztiak euskararen mesedetarako
dira. Halere, esan behar da, zoritxarrez, ekintza horiek ez dutela
eragin handirik ekartzen ez euskararen maila orokorraren hobekuntzan,
ez hizkuntz komunitatearen artikulazioan eta botere politikoa
helburu linguistikoei subordinatze prozesuan, ez eta maila indibidualean
(zenbat hasten dira euskara ikasten urrats horien ondorioz?).
Sustrai-sustraian, lehengo arazoek lehenean jarraitzen dute, konponketaren
zai. Berriro ere, ez gaitezen engaina.

MARKO JURIDIKO-LEGALARI DAGOKIONEZ ALDAKETARIK EZ

Atal honi dagokionez gauza jakina da ezer ez dela aldatu, Konstituzioak,
Autonomia Estatutuak, Foru Hobekuntzaren Legeak eta beste lege
guztiak sortu zirenean bezala inolako aldaketarik gabe jarraitzen
baitute.

Bestalde, azken 10-15 urteotan askotan entzun ditugu gisa honetako
aipamenak: “Guk badakigu zein diren Konstituzioek eta legeek
ezartzen dizkiguten baldintzak. Badakigu zein den joko-zelaia
eta baita zein diren joko-arauak ere. Eta guk joko zelai horretan,
gure gustokoak ez izan arren, jokatzea onartu egin dugu, era horretan
euskararen normalizazioa bideratzeko asmoz.

Baina, zertaz ari gara? Joko-zelaiaz edo bonba-minaz betetako
zelaiaz? Joko-zelaia baino gehiago ez al da jokorik egin ezin
den kartzelako patio bat?

Izan ere, hor dauzkagu bere horretan diskriminatzaileak diren
Espainiako eta Frantziako Konstituzioak eta etengabeko inpugnazio,
errekurtso eta erasoak, epaitegietako zigorrak eta abar luze bat.

Zer joko klase egin daiteke, Konstituzio horien baldintzak aldatzen
ez diren bitartean, lege horien aurka jokatzea ez bada? Ez dugu
ahantzi behar euskara minorizatua egoteaz gainera beste batzuen
baitan preso dagoela!

Bestalde, esaten zaigu euskararen normalizazioa bideratzeko asmoz
ari direla ahalegin horretan. Nik ez dut jende asko borondate
onarekin lanean ari denik ukatzen. Ezta ere jende ugari gogo onez
lan horretan ari denik. Baina ez ditzagun geure buruak ez besteenak
engaina. Izan ere, gauza jakina da, Konstituzioaren eta bere menpeko
legeen baldintzak aldatzea lortzen ez den bitartean ezinezkoa
dela hizkuntza minorizatuen normalizazioa lortzea. Hizkuntzen
artean bat dominantea eta besteak subordinatuak diren bitartean
ez baitago normalizazioa lortzeko ezinbestekoa den berdintasunaren
onarpenik. Horregatik subordinazio horrek irauten duen bitartean
egoera diglosiko batera kondenatuak gaude erremediorik gabe. K.
Mitxelenak esan ohi zuen bezala “diglosiazko purgatorioan
bizitzera”, alegia.

Horregatik esan ohi da hizkuntza baten normalizazioak maila sozialean
ezinbestekoa duen baldintza botere politikoa eta legeak helburu
linguistikoei subordinatuak egotea dela eta ez alderantziz gure
artean gaur egun gertatzen den bezala, hau da, helburu linguistikoak
legeei eta botere politikoari subordinatuak egotea.

Gehiago oraindik, gure artean sarritan, gehienetan ez esatearren,
hizkuntza trukeko txanpon bezala ibilia izan da: alderdi politikoen
arteko negoziaketa eta botere banaketak eskatzen dituen orekak
eta tratuak burutzeko orduan, “trapitxeo” politikorako,
alegia . Oso gutxitan, udalerri eta erakunde edo elkarte batzuetan
izan ezik, jarri da hizkuntza, inolako baldintzarik gabe, beste
guztien aurretik, hizkuntz komunitate normalizatuetan egin ohi
den bezala. Ezinezkoa gertatzen da,beraz, puntu honetan ere, egoera
normalizatu batera bidea egitea, sasiz betea baitago.

Halere, jakina da hizkuntzak ez direla legez edo dekretuz normalizatzen.
Hizkuntz Komunitatea da normalizazioa lortu behar duena eta horretarako
legeen egokitzapena ere lortu behar duena.

DATUEI DAGOKIENEZ EUSKARAREN ARAZOA EZ DA KANTITATE ETA EXTENSIOARENA,
KALITATE ETA INTENSITATEARENA BAIZIK

Hasteko eta behin, nik hemen euskararen ezagutzari buruzko datu
orokorrak baino ez ditut aztertuko. Luze joko luke erabilera eta
jarrerei buruzko zehaztasunetan sartzeak. Beste baterako utziko
ditugu, beraz, gaineratiko datuak.

2. Soziolinguistikazko Inkestan azaltzen diren datu orokorrak
(1996. urteko Inkestari dagozkionak) honako hauek dira:

1-Euskaldunak %22,5
Ongi hitzegiten dute euskaraz

2-Elebidun hartzaileak %14,5
Euskaraz “zertxobait” hitzegiten dakite, entzun eta
irakurritakoa ongi ulertu

3-Erdaldun elebakarrak %63,0
Gaztelera edo frantsesa besterik ez dakite

Datu hauek ezagunak ziren 1997ko otsailaz geroztik eta behin baino
gehiagotan aurkeztuak izan dira prentsa, irrati eta telebistan.
Hauek ikusita, esaten zaigu Euskararen egoera ona dela. Baina,
zertan oinarri gintezke datu hauek onak direla esateko?

Bada esaten duenik ikusmiraren kontua dela, eta nolako begiekin
begiratzen denaren arabera esan daitekeela botila erdi betea edo
erdi hutsa dagoela. Barkatu jaun-andreeok, baina, ez aipatu mesedez,
berriro ere, botila erdi betearen eta erdi hutsaren kontua. Horiek
hitz jokoak besterik ez dira eta.

Benetako kontua, eta garratza gainera, zera da: euskaldunok ez
garela Euskal Herriko biztanleriaren laurden batera iristen. Eta
hori, esan beharrik ez dago, euskararentzat ez da egoera batere
ona.

Horren ondorioz esan behar da, politikoek, ilun dauden gauzak
lehen bezain ilun jarraitzea nahi dutenean, esatea hain gustokoa
duten esaldia errepikatuz, “argi eta garbi” dagoela
euskararentzat gauzak ondo daudela.

Izan ere, euskararen errelitatea zera da: Euskal Herri osoan euskal
hiztunok ez garela autokonsistentea den masa kritikoa osatzera
iristen. Masa kritikoaren kontu hori, etengabe ahotan erabiltzen
den beste hitzetako bat izan arren, ez zaigu euskal hizkuntz komunitatea
osatzeko orduan aplikatzea eta erabiltzea bururatzen ere.

Joera nagusia kantitatea eta estentsio handitzea da; beste hitz
batzutan esanda, jende asko, elkarte asko, erakunde asko, akordio
asko lortzea, horrela, euskararen masa kritikoa sendotuko dela
ustetan. Hori eginez, ordea, ez da, besterik gabe, masa kritikoa
sendotzen ez eta indartzen, dispertsatu eta difuminatu baizik,
eta ondorioz, periferiara joaten utzi eta disolbitzeko arriskuan
jarri.

Esan behar da, gainera, euskararen arazoa ez dela kopuru arazoa.
Izan ere, Euskal Herriko lurraldeetan (kanpoan daudenak kontatu
barik) 15 urtetik gorako 546.500 hiztun dituen Hizkuntz Komunitatea
izanik (Ikus 1996ko Inkesta) badu bere biziraupena ziurtatzeko
behar hainbat hiztun eta gehiago. Kontua da Hizkuntz Komunitate
hori hizkuntzaren funtzioen arabera artikulatzea eta konpaktatzea.
Eta hori ez da kantitate edo estentsio arazoa, kalitate eta intentsitate
arazoa baizik. Eta ikuspegi batetik edo bestetik begiratzeak helburuak
eta estrategiak guztiz aldatzea eskatzen du. Badirudi horretaz
ez garela enteratu ere egin, edo ez dugula enteratu nahi, eta
kantitate eta estentsioaren bidetik jarraitu nahi dugula, gizartearen
aurrean itxurak eginez, bide horrek amildegira garamatzala konturatu
gabe(?).

1991-96 ARTEKO DATUEN BILAKAERA: HOBEKUNTZARIK EZ, ESTANKAMENTUA
BAIZIK

Lehenik esan behar da, harrigarria badirudi ere, 1996. urteko
inkestaren datuak azaltzerakoan ez dela inongo aipamenik egiten
1991.urteko datuei buruz.2. Inkesta Soziolinguistikoan ez da datu
bat bera ere azaltzen 1991ko urtekoa. Zergatik ote?

Bestalde, euskararen ezagutzari dagokionez, behin eta berriz esaten
da azken urte hauetan izugarri hazten ari dela azken 15 urteetan
egindako lanari esker. Nola esan daiteke hori datuak azaldu gabe?

Nik, nire aldetik, Hizkuntz Politikako arduradunek argitaratutako
Euskararen Jarraipena I (1991ko Inkestako datuekin) eta Euskararen
Jarraipena II (1996ko Inkestako datuekin) liburukietan azaltzen
diren datuak erabiliz, honako emaitza hauek bildu ditut:

Euskaldunak | Elebidun hartzaileak | Erdaldunak
1991: %22 | %8 | %70
1996: %22,5 | %14,5 | %63

Datu hauetan ikus daitekeenez ez da hobekuntza nabarmenik euskaldunen
proportzioari buruz (%0,5 besterik ez). Hobekuntza adierazgarria(%6,5ekoa),
elebidun hartzaileen aldetik gertatu da. Erdaldun elebakar izatetik
elebidun hartzaile izatera pasa direnak alegia (“zertxobait”
hitzegiteko eta entzundakoa eta irakurritakoa ulertzeko gai direnak).
Zoritxarrez badakigu, ordea, elebidun hartzaileek erdaldun izatetik
hurbilago jarraitzen dutela euskaldun izatetik baino.

Bestalde, inkesta batetaz ari garenez, kontuan izan behar da laginketa
osoaren laginketa-errorea edo erru-margina 1991ko Inkestan %2,1ekoa
eta 1996ko Inkestan %1,6koa izan zirela. Euskaldunen %0,5eko igoera
ez da, beraz, aldaketa esanguratsua, erru-margina baino eskasagoa
baita.

Non gelditzen da, orduan, euskaldungoaren baitan izan den hobekuntza
nabarmen hori? Ez gaitezen engaina eta ez dezagun inor engaina:
Euskal Herrian, bere osotasunean harturik, euskaldunen proportzioan
azken urteotan ez da hobekuntzarik izan estankamentua baizik.

Eta esan behar da kontua ez dela oraingoa. Izan ere, saiatu naiz
beste datu batzuk biltzen eta honako hauek eskuratu ditut:

1970ean %22,7koa zen euskaldunen proportzioa Pedro de Irizarrek
egindako datu bilketa baten arabera, 1978an % 23,4koa zen euskaldunen
proportzioa Euskaltzaindiarentzat Siadeco ikerketa elkarteak Euskal
Herri osoan egin zuen lehen inkesta soziokinguistikoaren arabera.

Euskal Herri osoari dagokionez garbi dago azken 25-30 urteotan
ez dagoela hobekuntza nabarmenik. Gertatzen dena zera da: kopuruari
dagokionez, alde batetik irabazten duguna bestetik galdu egiten
dugula eta, oro har, aurreatu bezainbat atzeratzen ari garela
azken 25-30 urteotan.

Euskal Autonomi Erkidegoan ere hobekuntzarik ez

Baina emaitza onak Euskal Autonomia Erkidegokoak omen dira. Ikus
ditzagun datu gutxi batzuk, eta horiek guztiak ofizialak, badaezpada
ere, Jaurlaritzak zabalduak, datu fidagarriak ez direla esan ez
dezaten.

1983an Eusko Jaurlaritzako Gabinete de Prospección Sociológica
delakoak egindako inkestaren arabera, euskaldunen proportzioa
%26,9koa zen.

1991ko Hizkuntza Politika Sailordetzako inkestaren arabera, proportzio
hori %24,1ekoa zen.

1996ko inkestaren arabera, berriz, proportzio hori %25,3koa zen.

Lehen aipatu dugun bezala, laginketaren erru-margina kontuan hartzen
badugu esan behar dugu datu guztiak erru-margen horren barruan
kokatzen direla. Ez dagoela, beraz, aldaketarik. Non dago, bada,
EAEn azken 15 urteotan izan den euskaldunen proportzioen igoera?
Non izkutatu dira?

Datu hauek, Euskal Herri osokoak bezala, 15 urtetik gorako biztanleen
artean hazkunderik ez dagoela demostratzen dute eta orokorrean
ez ezik Autonomi Erkidegoan ere ez dagoela hobekuntzarik estankamentua
baizik. Alde batetik irabazten dena beste nunbaitetik galtzen
dela, alegia. Ezin da, beraz, hobekuntza konturik lau haizetara
zabaltzen ibili. Hori jendeari iruzur egitea da.

Baina hori baino okerragoa dena beste hau da: datuak izkutatu
edo gauza bera dena, datuetan oinarritutako bilakaeraren berri
ez ematea. Lehen aipatu dugun bezala, 1996ko datuak agertzen diren
txostenean inon ez dira 1991ko datuak agertzen. Balorazio orokorrak
egiten dira baina datuen frogarik azaldu gabe. Eta hori, jaunak,
iruzur handiagoa egitea da, gizarteari eta Euskara berari. Izan
ere, Euskarak orain behar duena ez da euforia eta optimismo itsu
batean murgiltzea, diagnostiko egoki bat eta bizi duen ezintasuna
gainditzeko estrategia egokiak bilatzea baizik.

Hizkuntza Politikakoei dagokienez, berriz, hobe litzateke Euskarak
bizi duen errealitate gordinaren ordez fikzio edo desio irrealak
azaltzeari utzi eta, leialtasunez jokatuz, esango balute, ahal
duten guztia egiten ari diren arren, ez dutela lortzen egoera
horren norabidea sustraitik aldatzea. Hori abiapuntu askoz osasungarriagoa
litzateke. Euforia itsu horrek su artifizialen antzera funtzionatzen
du. Orain txinparta eta koloretako argien momentua da. Gero etorriko
da iluntasunarena. Zer egin orduan?

Azkenik esan behar da, Inkesta honetan azaltzen diren datu guztiak
autobalorazio subjektiboaren ondorio direla (inkestalari baten
galderei emandako erantzunak). Ez dago ez ezagutzari, ez erabilerari
eta ez jarrerei buruzko datu objektiborik. Erabilerari dagokionez
esan behar da, gainera, Hizkuntz Politikako arduradunek ez dutela
inoiz erabilera errealaren azterketa sakonik egin. Eta erabilera
erreala neurtzeko teknikak badaude. Zergatik ez dira erabili nahi?
Errealitatea gordinegia delako ote?

DATUEN BALORAZIOA: NOLAKO HIZKUNTZA POLITIKA, HALAKO EGOERA
SOZIOLINGUISTIKOA

Emaitzen balorazioa egiterakoan gehien azpimarratzen den argudioa
arestian aipaturikoa da: nolako hizkuntza-politika halako egoera
soziolinguistikoa. “Argi eta garbi ikusten da (berriro ere
ilun dauden gaiak adierazteko erabili ohi den formula errepikatuz)
azken 15 urteotan hizkuntza-politikak lortu dituen emaitzak EAEn”
Egiten diren balorazioak, laburbilduz, gisa honetakoak dira:

–EAEko lurraldeetan, Gernikako Estatutuan (1979) eta
Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Legean (1982) oinarrituz, euskara
sustatzeko politika egin ahal izan da, batez ere, Hezkuntza, Komunikabide
eta Administraziotik. Horren ondorioz egin du gora euskararen
ezagutzak, hizkuntzaren transmisioak eta erabilerak. Balorazio
benetan optimista(?).

–Nafarroan, Foru hobekuntzaren legea eta Vascuencearen
legea (1986) dela eta, ezer gutxi egin ahal izan da. Halere, eremu
euskaldunean eta eremu mistoan zerbait egin ahal izan da. Horregatik
lortu da euskararen galtze-prozesua gelditzea eta errekuperazio-prozesuan
abiatzea.

–Iparraldean, zoritxarrez, euskara babesten duen legerik
ez dagoenez, egoera askoz okerragoa da. Izan ere, euskararen ezagutza
gainbehera doa, familia bidezko transmisioak huts egin du eta
Hezkuntza ofiziala, Komunikabideak eta Administrazio publikoak
ez dute euskararen erabilerarik onartzen. Ikastolak eta Ikas Bi
elebidunak alde batetik, Helduen Euskalduntzea (AEK) bestetik
eta irrati euskaldunak eta aldizkariren bat edo beste izan ezik.

Eta egoera hori ikusita egiten den balorazioa horixe da: euskara
sustatzeko hizkuntza politika bat egin ahal izan den lurraldeetan
lortu direla emaitzarik onenak. Balorazio horretaz esan daitekeena,
berriz, zera da: sinpleegia edo sinplekeria bat ez ezik euskara
sustatzeko ahaleginetan protagonismo usurpazio bat ere badela.
Ez baita egia gobernuen lege eta ekimenei esker lortu dela nagusiki
euskararen egoera hobetzea. Gehiago oraindik, euskara sustatzeko
hizkuntza politika egiten ari omen zirela diotenek, jardun dute
urte luzeetan herri-ekimenetik sortutako beste hainbat iniziatiba
zapuztu eta deuseztatu nahian.

MEMORIA FRESKATU BEHARRA

Nahikoa da, horretarako memoria piska bat freskatzea eta gogora
ekartzea azken 40 urteetan burutu diren hainbat herri-ekimen politika
ofizial bat egiten hasi aurretik egindakoak. Bakar batzuk besterik
ez aipatzearren:

Alde batetik ezin dira ahantzi 60. eta 70. hamarkadetan
(Jaurlaritza sortu aurretik beraz,) egindako ahaleginak eta eskuratutako
lorpenak. Hor dago Ikastolen mugimendu guztia, Gau Eskoletatik
hasi eta Helduen Euskalduntze Alfabetatze Koordinakunderaino;
hor daude hainbat herritan sortu ziren euskarazko eskola sozialak,
hor daude hainbat kultur elkarte eta antzerki eta dantza talde.
Horiek guztiak izan ziren, zalantzarik gabe, kinka larrian zegoen
euskara bizi-arnasa errekuperatzeko bidean jarri zutenak. Eta
orduan, jaun-andreok, ez zegoen Madrilgo politika suntsitzailea
alde batetik eta maltzurkerizkoa Paris aldetik, bestetik. Halere,
esan behar da, orduan eman zirela euskararen berreskurapena ziurtatzeko
urratsik garrantzitsuenak. Gero etorri zen Instituzio Publikoen
lana eta aurrekoek egindakoari esker egin ahal izan ziren geroko
beste asko, besteak beste, hizkuntza politikako legeak berak.

Beste aldetik ezin dira aipatu gabe utzi gaur euskararen
sustapenaren aldeko protagonista bezala azaltzen ari direnak izan
direla, ulertezina bada ere, herri-ekimenetik sortutako hainbat
iniziatiben aurka eraso batean, gerra zikinean ez esateagatik,
su eta gar ibili direnak. Hala nola:

Jaurlaritzako Kultur Sailak HABE sortzea erabaki zuenetik, lehendik
lanean ari zen AEKri duela gutxi arte egin izan dion etengabeko
erasoa (irakasleen homologazioa bezalako barne-arazoetan edo kanpoan
burutzen ziren Korrika bezalako ekintzetan edo matrikulazio-kanpainetan).

Beste horrenbeste esan behar da EKB erakundeari buruz.
Urte askotan deabruaren (biolentoen) gandik hurbil aurkitzen omen
zirela eta anatematizatuak eta pertsegituak izateko beste arrazoirik
gabe.

Zer esan, azkenik, Euskaldunon Egunkariari urte luzeetan
jarritako oztopoak eta trabak ez ezik Egunkaria itolarrian jartzerainoko
erasoez? Hitz egin dezatela, era berean, hainbat eraso jaso dituzten
EHE , UEMA eta beste hainbatek, horiek antolatzen
zituzten ekintza eta kanpainetan parte hartu dutenak zer nolako
babesa eta laguntzak jaso izan dituzten azaltzeko.

Nora garamatza orain arte egindako ahalegin guztiak?
Portzierto, zer gertatzen da orain AEKrekin? Nola ulertu behar
da Korrikako lekukoa eramaten Kultur Sailburua eta Sailordekoa
ikusten ditugunean? Eta AEK-ko arduraduna Euskara Biziberritzeko
Plan Nagusia goraipatzen ikustean? Adostasun osora iritsi diren
senale edo fagozitazio-asimilazio prozesuaren hasiera? Geroak
esango du.

Bestalde, EKBkoek, duela gutxi norbaitek eutanasia-operazio izena
eman dion auto-disoluzio batean bukatu dute, lehengo erakundetik
beste erakunde berri batzuetara (Kontseilua e.a.) desenbarko-antzeko
operazio bat gauzatuz. Agian EKBn lortu ez zutena lortzeko asmoz?

Orain arte esandakoak zer adierazi nahi du? Administrazio Publikoak,
oro har, ez duela ezer onik egin euskararen berreskurapenerako?
Ez, Administrazio Publikoari ezin zaio inola ere ukatu Euskararen
alde egin duen guztia. Administrazio publikoak, batez ere EAE.n
asko egin du, eta hor daude hainbat esparrutan egindakoak. Nagusienak
aipatzearren hor daude:

–Hezkuntza sistema osoan hizkuntza-ereduak aplikatzea
–Helduen Euskalduntzea bideratzeko sortutako euskaltegiak
–Administrazio Publikoa euskalduntzeko IVAP/HAEE sortu, hizkuntz-eskakizunak
diseinatu
–Komunikabideetan irratiak eta ETB1 katea sortu
–Beste hainbat ikerketa eta ekintza-proiektu finantziatu

Bada zerbait, eta ezin zaio, beraz, leporatu EAEko Administrazio
Publikoari ezer ez egin izana. Ez litzateke zuzena. Eta nire asmoa
ez da zor zaionik inori ukatzekoa. Bestalde, azpimarratu behar
da Administrazio Publiko horren barnean Udaletan egin dena. Izan
ere, ezin dira ahantzi Udalek, beren Euskara Zerbitzuen bitartez,
euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko egin dituzten ahaleginak;
handiak izan baitira, askotan, oztopo eta trabarik falta izan
ez bada ere. Gogoratu behar da ere, Udaletako Euskara Zerbitzu
horiek ez direla Hizkuntza Politikako Sailak ez asmatuak eta ez
bultzatuak izan.

Azkenik esan behar da, bestalde, Administrazio Publikoan benetako
euskaltzale den jende asko dagoela eta borondate guztiz, eta askotan,
ikusitakoak ikusita, tripajate galantez, lanean jarraitzen duena
bere gaitasun guztiak eskainiz. Ez da, beraz Administrazio Publikoko
langileen arazoa. Hori ez baitago zalantzan jartzerik.

Zalantzan jarri beharrekoa, egin dena baino gehiago, egindakoa
nola egin den da, eta, batez ere, zein norabidetan egin den. Sakon
aztertu beharra dago nora garamatzan orain arte egindako ahalegin
honek guztiak, nola hezkuntza eta helduen euskalduntzeari dagokionean
hala administrazio publikoko funtzionarien euskalduntzean eta
Irrati-Telebistaren euskarazko ekoizpenean. Badago zer azterturik.

Azken hilabete hauetan aro berri batean sartu garen sentimentua
asko zabaldu da gure artean. Bazen garaia euskal gizarteak berari
dagokion erantzukizunak hartzeko. Aro berri horrek poza eta itxaropena
sortu du gehienongan.

Hitzetik hortzera aipatzen da orain arteko erresistentzia jarreraren
ordez eraikuntzarena indartu behar dela. Eraikuntza nazionala
bultzatzeko eta indartzeko garaia dela. Bide berriak, estrategia
berriak asmatu eta gauzatu behar direla. Gisa horretako hitzak
entzuten dira etengabean. Ikusi beharko da egun gutxi barru ospatuko
diren hauteskundeen ondoren zer nolako giroa nagusitzen den. Egia
esan behar badut, arlo sozio-politikoan entzuten den parekorik
ez dut entzuten kultura ata hizkuntzari dagokionean. Eta horrek
kezkatzen nau.

DISKURTSO ZAHARRA

Izan ere, arlo politikoan batez ere, proiektu berri eta diskurtso
berriak aipatzen diren bitartean, kultur eta hizkuntzaren arloetan
ez da diskurtso berririk entzuten.
Lehen baino mugimentu, akordio eta proklamazio gehiago bai, baina,
lehengo lepotik burua, betikoak errepikatuz. Kantitateak berez
ekarriko balu bezala beharrezkoa den berrikuntza kualitatiboa.
Zoritxarrez diskurtso zaharrean finkaturik jarraitzen dugu. Ikus,
bestela, ondoko hauek:

–Duela 20 urteko diagnostiko berbera eginez jarraitzen dugu.
–Helburuak ere berberak dira: gizarte geroz eta elebidunagoa
eta integratuagoa.
–Plangintza estentsiboak, ahal den jende eta esparru gehienetara
iristeko, eta ez intentsiboak Hizkuntz Komunitatea barrutik egituratzeko.

Hau da gure gaur egungo egoera, eguzkipean ezer berririk gertatu
ez balitz bezala. Diskurtso zaharrari guztiz atxikirik. Eta Euskarak
diskurtso berri baten behar gorria du. Izan ere, ezagutzari dagokion
egoera, egin den ahalegina handia izan arren, gutxi hobetu baldin
bada ere, beste elementu edo osagaiek era nabarmenean egin dute
behera, batez ere hizkuntzarekiko atxikimentuak edo hizkuntz-kontzientziak.
Duela 30 urtetik hona nabarmen behera egin baitu.

Egia da beste garai batzuk zirela: Francoren azken urteak ziren,
hizkuntza euskal nortasunaren ezaugarri modura hartzen zen, herritar
guztiek euskara ikasi behar zutela ozenki aitortzen zen. Ilusio
handia piztu zen herritarren artean.

Gaur egun gauzak asko aldatu dira: alde batetik, euskal herritarra
izateko euskara jakin beharrari ez zaio lehentasunik ematen; beste
aldetik, garai batean euskararen aurkako jarrerak plazaratzen
ausartzen ez zirenak, orain lotsa gitxirekin azaltzen dira ez
dagoela euskara zertan ikasirik eta euskara ikastea baino hobe
dela ingelesa ikastea eta antzekoak esanez.

Bestalde, euskara ez ikasi arren, hemen ez dela ezer pasatzen
eta lasai aski bizi daitekeela erdara hutsean funtzionatuz pentsatzen
dutenak nabarmenki gehitu dira.

DISKURTSO BERRIA

Azkenik, diskurtso berriari buruz, esan behar da Euskal Herrian,
zorionez, badugula Euskarak behar zuen diskurtso berri hori. Duela
30 urte hasi, eta orain arte, eta aurrerantzean ere ekoizpen berriak
sortzen ari den ikertzailea baitugu gure artean. J. M. Sánchez
Carrión Txepetxez ari naizela esan beharrik ez dago.

Kanpotik etorri eta bertakotu, gure hizkuntza ikasi, eta euskararen
egoerari buruzko azterketa sakona egin ondoren, euskarari buruzko
diagnostiko berri bat eta euskararen berreskurapena bideratzeko
klabeak asmatu dituena eta orain ere asmatzen jarraitzen duena.
Ugariak dira berak idatzitako lanak. Horien artean aipagarrienetakoak
Un futuro para nuestro pasado (1987-91) eta egun hauetan plazaratu
berria den Márgenes de encuentro: Bilbao y el Euskara (1999)
eta hololinguistika arloan egin dituen beste hainbat bide urratze
aipa daitezke.

Penagarria da ikustea nola Hizkuntz Politikako arduradunek ez
duten aportazio hori aintzakotzat hartu nahi izan, nahiz eta sarri
askotan bere ekarpen teorikoez baliatu eta erreferentzia orokor
eta puntualetara mugatu. Inoiz, isilean izan ezik, errekonozitu
ez badute ere ekarpen horri atera dioten etekina.

Nahiago izan dituzte atzerrietako beste aholkulari batzuk (ospe
handikoak noski), baina hemen ezer gutxi aportatu dutenak, bertakoek
diseinatutako hizkuntz politika onestea besterik egin ez badute
ere. Beste politikoen aurrean babesa lortzeko. Ez dugu aipatuko
bati eta besteei eman zaien tratamentuaren konturik, ez pertsonalik
ez ekonomikorik.

Diskurtso berriaren kontura itzuliz, esan behar da, momentu honetan
euskarak behar duena ez dela amankomuna den denominadore maximoaren
antzeko kontsentsu ahal den zabalena lortzea, horrelako kontsentsuak,
beti, hizkuntzak dituen behar minimoen azpitik egoten baitira.
Eta mesede baino kalte gehiago egiten diote hizkuntzaren berreskurapen-prozesuari.

Momentu honetan egin beharrekoa bide berriak urratu nahi dituztenen
indarrak bildu eta Hizkuntz Komunitatearen barne-artikulazio eta
trinkotze-prozesua indartu eta sendotzea da. Lan kualitatiboa,
beraz, eta horrek ekarriko du, gero, osaketa kuantitatiboa, baina
ez alderantziz. Barne-muina finkatu eta sendotu gabe, turuta jo
eta jendea eta taldeak mugiaraztea su artifizialetan gertatzen
denaren antzeko zerbait gertatzeko zorian jartzea da: momentuko
txinparta eta distira ikusgarriak lortu ondoren, berriro, eguneroko
bizitzara itzultzean suak piztu aurretik zegoen iluntasun berbera
aurkitzekoa alegia. Eta, egia esan, horrelako gehiegi egin da
gure herrian orain ezer ikasi gabe jarraitzeko.

Kantitatearen obsesioa gainditu eta gure Hizkuntz Komunitatearen
barne-artikulazioari ekin behar diogu denbora gehiagorik galdu
gabe: Euskararen nazioaren eraikuntzari, alegia. Euskara, Xalbadorrek
zioen bezala, Euskal Herriaren arimatzat harturik, pertsonaren
barne-eraikuntzatik hasi eta familiako, lan-harremanetako, herrigintzako,
naziogintzako eta zibilizazio eta nazioartegintzako bideak euskaratik
abiatuz egiteko.

Soziolinguistika arloko teknikariak: prestatuta al gaude? Zein formazio premia daude?

2008-06-30  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Soziolinguistika Klusterrekoek bidali didate honako artikulu hau  blogean plazaratzeko. Baina erabili.com-ekoak aurreratu egin zaizkit. Beraz, harako lotura jarri dut, artikulu osoa hona ekarri beharrean.


Nahi baduzue, artikulua pdf-an jaitsi dezakezue edo nahiago baduzue, txosten osoa.


 

Tribua eta tribukideak

2008-06-27  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Aipuak aipu, gaurkoan beste bat, Mikel Irizarrena. Hona hemen:

Euskaldunon tribuak askatu beharra dauka egitasmo politikoetatik, bakar
batek ere ez digu ezer bermatzen, batzuen baitan kokatzea kaltegarri
zaigu. Frankismoaren amaieran abertzaletasunaren apustua egin zuen
tribuak, eta horrek eman du eman beharrekoa; ez da gutxi izan, baina ez
gara iritsi hegemoniara. Areago, bide horretatik ez gara iritsiko.

 

Aurrera egiteko soberan daukagu ideologia, utz dezagun zama hori
aldean. Eta haren ordez erabil dezagun teknika: asertibitatea, egoera
gatazkatsuak kudeatzeko; marketina, guk daukaguna besteei saltzeko;
pertsonen garapen teknikak, liderrak egiteko.
 
Barne sareak trinkotu ditzagun, teknologia alde daukagu. Zantzu ugarik
adierazten du euskal amarauna iruten hasia dagoela, eta hori da bidea.
Hedabide tradizionalak ere hor behar ditugu, gaurko morrontzetatik
libre. Amaraun sendoak ahalbidetuko ditu ekimen indartsuak, lobbyak,
sinergiak eta sinkroniak. Hegemonia, finean.

Teknokrata? Mesedez, ez horretan gelditu.

Lokartzeko motiborik ez

2008-06-22  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Azken aldi honetan, aipuei hartu diet kariñoa-edo. Gaur beste bat, gaurkoan IV. Inkesta Soziolinguistikoaren gainean. Egun hauetan horri buruz irakurri dudan analisirik sakonenak. Xabier Isasi, Iñaki Martinez de Luna eta Paula Kasaresenak.

IV Inkesta
Soziolinguistikoa aztertuta, euskararen berreskuratze prozesuan aurrera
egin dela, baina datu kezkagarriak ere badirela uste dute Xabier
Isasik, Iñaki Martinez de Lunak eta Paula Kasaresek.

Lokartzeko motiborik ez

Ainhoa Sarasola Andoain

Euskara dakiten eta egunerokoan erabiltzen duten herritarren
kopurua gora doa urtetik urtera. Ondorio hori utzi du Eusko
Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak asteon aurkeztutako IV.
Inkesta Soziolinguistikoak, besteren artean. Baina ez da izan
azterlanak utzitako ondorio bakarra. Datuen azterketan sakontze aldera,
Xabier Isasi Gaindegiko lehendakari eta EHUko irakaslearekin, Iñaki
Martinez de Luna soziologo eta EHUko irakaslearekin, eta Paula Kasares
NUPeko irakaslearekin mintzatu da BERRIA. Pozteko moduko datuak, bai,
baina aldi berean, euskararen berreskuratze prozesuan lokartzeko batere
motiborik ez dagoela uste dute hiru adituek.

xabier isasi

EHUko irakaslea

«Moteltze prozesu batean gaude ezagueran eta nabarmenago, erabileran»

«Nire ustez, inkestatik orokorrean eratortzen dena da euskararen
berreskuratze prozesua aurrera doala, baina espero baino mantsoago.
Urteotan bildutako datuak norabide berean doaz. Ez bakarrik erabileran,
baita ere ezagutzan, berreskuratze prozesua moteltzen ari da. 1991eko
lehen inkestatik funtzioa marrazten bada, ikusten da mantsoago hazten
ari dela euskaldun kopurua, eta erabilera are mantsoago.

Gazteen aldetik, Euskal Herri osoan, badirudi euskararen
aldeko joera orokorra dela. Datu oso on moduan ikusten dut euskaldun
kopurua gero eta handiagoa izatea gazteen artean. Erabilera eremuak
pixkanaka ari dira zabaltzen, baina ez behar beste. Gazten artean bada
proportzio esanguratsu bat, erdia baino gehiago, ama hizkuntza erdara
duena. Horrek esplika lezake erabilerarena, baina neurri batean
bakarrik.

Lurraldeen arteko ezberdintasunak ere hor daude. Argi dago
euskara berreskuratzeko politika aktiboa dagoenean prozesua bizkortu,
sendotu egiten dela. Iparraldean euskararen egoera biziki zaila da. Eta
Euskal Herri osoan euskaldunak biztanleen laurdena garela berriro ere
ikustea oso datu kezkagarria da.

Iragarpenei dagokionez, egun ekonomiaz esaten da motelaldia
dagoela, eta, hitz bera erabilita, esango nuke gauzak ez badira
aldatzen, datozen urteetan moteladia areago egingo dela.

Hizkuntza guztietan gertatzen den gisan, erabilera maila
jakina ez bazaio ematen, galtzen da. Hiztun aktiboak lortzeko,
bizitzaren bestelako eremuetan zabaldu behar da, eta, batez ere,
euskararen hizkuntza komunitatea trinkotu. Niretzat, hizkuntzaren
definizio onena da hizkuntza inorena izan gabe, guztiona den zerbait
dela. Euskara gaur arte iritsi bada, giza taldeen ekarpenagatik da.

Esan behar dut euskararen berreskurapenaren parekorik ez dela
Europan XXI. mendean, hori aitortu behar da. Baina horrek ez du kentzen
oraindik UNESCOk euskara desagertzeko arriskuan den hizkuntzatzat
hartzea. Lautik bat gara. Talde mailako indarrak aktibatzeko gauza
bagina, askoz hobeto bizi gintezkeen euskaraz».

iñaki martinez de luna

EHUko irakaslea

«Tentsio puntua mantentzea beharrezkoa zaio egoera gutxituan den hizkuntza bati»

«Nabarmentzekoa da Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko aldea.
Hegoaldeko joera lehendik antzematen zen bera da, eta ezagutzan gora
egitea ona da. Kezkagarria da Iparraldean oraindik joera beherakorra
izatea.

Absolutuki gazteek gehiago erabiltzen dute euskara, baina
gazte euskaldunek, proportzioan, gutxiago. Gazte asko etxetik ez dira
euskaldunak eta, eskolan euskaraz murgilduta egon arren, eskola orduez
kanpoko bizi ia osoa erdaraz egiten dute. Gaitasuna dimentsio
indibiduala da, baina erabilerak dimentsio soziala du; ez da bakarrik
jakitea, baizik eta elebidun horrek, dagoen egoeran, hizkuntza erabili
ahal izateko hainbat baldintza agertzea.

Datu onena norabidea da; euskararen ezagutza areagotzea ez da
halabeharra, herri batek bere hizkuntza berreskuratzeko gogoa duelako
da. Kezgakarriena, aldiz, erabilerak behar dituen gizarte baldintzez
jakitun ez izatea. Ezagutzatik erabilerara dago jauzi handia, eta
jauzia ondo egiteko, behar dira gizarte baldintza egokiak. Hori aldatu
ezean, erdal baldintzetan funtzionatzen duen gizartean murgiltzen ari
dira euskaraz ikasten duten gazte asko.

Iragarpena ez da erraza. Egungo baldintzak bere horretan
mantenduta, bilakaera antzekoa litzateke. Kontuz ibili behar dugu
hamarkadetan izan dugun euskararekiko tentsio puntua asperduraz edo
inertziaz ez galtzeko. Tentsio puntua beharrezko zaio egoera gutxituan
den hizkuntza bati; galduz gero, hedatuena, normalizatuena guztiaz
jabetzen da, erdara. Lokartuz gero, gureak egin du».

paula kasares

NUPeko irakaslea

«Datuak ditugunetik, lehen aldia da Iparraldeko gazteen artean irabaziak neurtu direla»

«Nabarmen dira Euskal Herriko dinamika ezberdinak lurralde
administratiboen arabera. Datu onena da, Iparraldeko gazteen artean
atzeman den ezagutzaren igoera. Datuak ditugunetik, lehen aldia da
gazteen artean irabaziak neurtu direla. Ezagutzak behera etengabe egin
badu ere, datu horrek argi-izpia ematen du.

Daturik kezkagarriena, berriz, EAEn gazteen artean ezagutza
handitu bada ere, elebidunen tipologia kezkatzeko elementua da
hizkuntzaren bizitasunari, hau da, erabilerari begira -horietako bosten
bat baino ez da moldatzen euskaraz erdaraz baino hobe-.

Azken 15 urteotako balorazioan, Euskal Herrian diren hizkuntza
politika ezberdinen eraginak gero eta nabarmenagoak direla esango nuke:
EAEn ikusten den euskaldungoaren sendotze demografikoa ez da Nafarroan
eta Iparraldean ikusten. Aurreikuspena zaila da. Aldaketa demografikoak
gertatzen ari dira, eta elementu oso desorekatzaileak izan litezke
politika egokiak ezarri ezean. Baditugu datu itxaropentsuak; Nafarroan
%51,8tik %34,2ra pasatzea euskararen aurkako jarrera, adibidez.
Iparraldean bereziki, euskararen egoera larria da oso; Nafarroan ahul
dago».

Irakurgaiak: Bat 66

2008-06-20  //  Irakurgaiak  //  5 iruzkin

Normal
0
21

Azken Bat aldizkaria izango da azken
aldizkarien artean soziolinguistika gutxien duena. Soziolinguistikaz baino,
euskara eta teknologia berrien arteko harremanaz dihardu. Soziolinguistika
baino teknologia du hizketagai, euskarari lotutako teknologia beti ere.

 

Bereziki bi artikulu nabarmenduko nahiko
nituzke. Batetik, Maite Goñi euskaljakintzakoak egindakoa eta, bestetik,
Fernando Morillo idazleak egindakoa. Biak oso intuitiboak, pistak ematen
dituztenak, bide berriak iradokitzen dutenak.

 

 

Allartean blog berria

2008-06-18  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Atzo blog berria deskubritu nuen, Allartean izenekoa. Egia esateko bloga baino gehiago da, di-da izeneko mezu laburrak bidaltzeko tumblr tresna ere darabil, baita del.icio.us loturak ere.

Blogean hiru artikulu argitaratu ditu. Antropologia linguistikoarekin harremanetan daude artikuluak. Hau da, soziolinguistika (edo hizkuntzaren soziologia) ukitzen dute tangentzialki edo ez horrenbeste. Jarraitu beharrekoa bloga dirudi, eduki sakonak dituena (eta laburragoak egiteko, di-da hori duena).

Artikuluen entresaka batzuk:

Hizkuntza eta generoa
.

  1. Hizkuntzaren trasmisioa emakumeari lotua dago.
    Gaztelania trasmititzea inportantea zenean, emakumeek gaztelaniarekiko
    leialtasuna erakusten zuten. Euskara prestigioa hartu ahala, euskara
    trasmititzea inportantea denean, emakumeek euskararekiko leialtasuna
    erakusten dute.

  2. Perpektiba profesionalei lotuta, emakumeek bete ohi
    duten lanbideetan euskararen eskaera eta erabilera altuagoa baita
    (irakaskuntza, erizaintza,…)

  3. Gelaz kanpoko jarduera-esparruen eragina, mutilek
    kirol-ekintzak aukeratzen baitituzte eta neskek bestelako jarduera
    “euskaldunagoak”

Ideologia linguistikoei buruz.

Euskalgintzan erabili ditugun leloak etorri zaizkit burura: euskara da euskaldun egiten gaituena; euskara denona,…
Eslogan-bilduma horren gainean euskararen ideologia linguistikoaren
azterketa egiteko adina material dago. Interesgarria litzateke.

Euskararen noranahikotasuna zalantzan

2008-06-12  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Gaurkoan ere atoan-en bidetik beste aipu bat. Euskara 21 blogean atera den iritzi interesgarri ia bakarra da hauxe, Barandiaran izeneko batek eginda. Bere pesimismoarekin bat ez banator ere, euskararen egoeraren gako batzuk ematen dituela uste dut.

Txostenean esandako zerbaiti heldu nahi nioke. Txostenean zera esaten da: “poetak
aipatu zuen harako euskara noranahiko hura biziberritu egin da
urteotan, eta are noranahikoago izatera iritsi da, ezbairik gabe
”.

Lizardik noranahikoa nahi zuen euskara, eta, urteekin, egia da
euskara ideia horretara hurbiltzen hasi dela. Orain, etxetik eta
meza-zulotik beste leku askotara zabaldu da euskara: komunikabideak,
unibertsitatea, administrazioa… Duela gutxi ikusi dut ere menuak euskaratzeko tresna
bat sortu duela Donostiako Euskararen Udal Patronatuak. Ez dut esango
gaizki dagoenik, baina zalantzak pizten dizkit noranahikotasun horrek.
Nolabaiteko fartsa bat baitago horren atzetik. Izan ere, eremu asko
egon badaude euskaraz, baina beste gauza bat da erabilera. Eremu
askotara heldu gara, baina azaletik. Eta, aldiz, lehen euskarak berezko
zituen eremuak galduz goaz pixkana; bereziki, kalea. Hori, hizkuntzaren
bizitasuna ez aipatzearren; azken batean, euskara bateratzeak zurrundu
egin ditu belaunaldi berriak freskotasun aldetik, eta denok berdin hitz
egiten dugu kalean edo bulegoan.

Bestalde, sentsazioa daukat diru eta ahalegin handiak bideratu direla
euskararen presentzia noranahiko hori bermatzera, baina horretan geratu
da, presentzia hutsean. Erabilerak kale egin du. Eta erabilerarik gabe,
akabo. Horregatik, eta etorkizun global eta eleanitzari erreparatuz,
nago ez ote den antzua izan ahalegin guztia. Agian, hobe zuen euskarak
noranahiko ez eta etxeko izaten jarraitzea. Izaten jarraituko badu.
Zein da, bada, euskararen bertutea munduari begira? Ezin da lehiakorra
izan ingelesa, gaztelera edota txinerarekin. Beraz, zein da euskaraz
eskain dezakeen berezitasuna? Buelta eman behar diogu diskurtsoari:
euskara maite badugu ez da, hain justu, noranahikoa delako, etxean
bezala sentiarazten gaituelako baizik. Txillidak Pío Barojari
eskainitako hitz batzuk ekarri nahi nituzke akordura: Querido Pío, ciudadano del mundo desde la montaña.

Euskara da gure mendia, baina ez munduko hiritar egingo gaituena. Horrexegatik maite dut nik, behintzat euskara.

Kibutz euskalduna

2008-06-10  //  Sutondoko kontuak  //  Iruzkin bat

Gaur, atoan-en bidetik aipu bat, Jon Urruxulegik gaurko Berrian dakarrena.

Ia erabat hutsik dauden herrietako bat euskaltegi bihurtzea. Bertara
joan, herri batek behar duen administrazio guztia martxan jarri eta
komunitate euskaldun bat eratu. Batzuk bertan biziko lirateke, agian,
okupatutako etxe batean bezalatsu. Beste batzuk hilabete edo birako
joango lirateke barnetegi klasiko batera joaten diren bezalaxe.
Abereak, baratzeak, hitzaldiak, irakurketak, eztabaidak, bizitza.
Zereginak banatzeko asanbladak.

Subentzio beharrik gabeko euskaltegi librea, idealismoaren
habia, Nor-Nori-Nork sistema zigortzailerik gabeko eskola
liberatzailea, euskaraz bizi leloaren praktika sozio-linguistiko plastikoa, kibutz
euskaldun ez estatala, naturaren kodigoaren erresuma, euskal herria
litzatekeen euskaltegia litzateke horrelako bat. Zergatik ez martxan
jarri?

 

Gazte gara gazte …….

2008-06-10  //  Sailkatu gabea  //  3 iruzkin

Aurrekoan
irakurri nuen “gaztetxoen
komandoak”
osatzeko proposamen zoroa. Euskara bultzatzeko komandoak,
badaezpada ere. Kontzientzia sortzeko komandoak, alegia. Proposamenak ez du ez
hanka ez buru, baina tira.

 

Honi oso lotuta
galdera hau: Zergatik ez dute gazteek euskaraz egiten? Zenbat aldiz entzun
dugu. Herri honetan oso ohituak gaude geure buruak zigortzera eta alarmen
aldabak jotzera. Gazteek ez dute euskararik egiten, gureak egin du, eta halako
mezu apokaliptikoak. Komandoak osatzeko deia barne.

 

Hala ere, nik
behin bati (Iñaki Eizmendiri??? Dabid Anauti) entzun nion justu kontrakoa. Hau da: bere
ustez, harrigarria da oraindik orain euren artean euskaraz egiten duten gazteak
egotea. Eta hori da ikertu beharrekoa. Zerk bultzatzen du gazte horiek euskaraz
egitera? Zer arrazoi daude portaera horren atzean? Zer baldintza sozial eta zer
baldintza linguistiko.

 

Eta hau guztia
zertara dator? Ba, orain gutxi irakurri dut Klusterrak, Topaguneak, Urtxintxak
eta Ebetek egin duten txosten antzekoa. Eta
oso aproposa iruditu zait. Eta oso interesgarria. Eta oso nahasia. Eta oso
sortzailea. Eta ausarta, eta berritzailea, eta eraikitzailea, eta erakargarria,
… Eta bidea hortik izan daitekeela uste dudalako.

 

Txosten
osoa
.

 

Ebetek egindako
txostena:

 

Aurrera begirako ildoen proposamena

Sarrera

Gazteen hizkuntza erabileraren
perspektiba eta prospektiba
proiektuarekin jarraitzera begira, proiektuaren
arduradunek (Soziolinguistika Klusterra, Urtxintxa Eskola eta Topagunea Euskara
Elkarteen Federazioak), ebete hizkuntza-zerbitzuei eskatu diote
jardunaldietako tailerra dinamizatzeaz gain, aurrera begirako ildo batzuk
proposatzea.

Ondorengo orrietan proposamen
horiek egiten dira, orain arte proiektuaren inguruan egindakoa abiapuntu eta
oinarri hartuz.

Proposamenen helburua proiektu hori
bideratzen laguntzea da, hau da, ideia batzuk ematea eta hainbat bide
antolatzen laguntzea. Noski, proposamenak besterik ez dira eta, eztabaidatzeaz
gain, egoki ikusten direnak garatu egin beharko dira.

  • Proposamenen abiapuntua

Gazteen artean euskararen erabileran eragitea da
helburua. Proiekturako egindako esperientzia eta ikerketen helburua hori da,
eta geroztik proiektuaz aritu direnek (jardunaldietan, adibidez) hori izan dute
jomuga.

Baina gazteen euskararen erabileran eragiteak oso
bide ezberdinak hartu ditzake. Adibidez, hainbat jarduerek jomuga bezala
kuadrilletan eragitea dute, baina horrek ez du ziurtatzen, jarduerak arrakasta
izan arren, kuadrillatik kanpo euskara gehiago erabiliko dutenik.

Horregatik, ikuspegi zabalago bat hartu behar da,
eta gero horren barruan erabaki zein izan daitezkeen esperientziak eta
jarduerak. Hau izan daiteke norabidea: gazteek euskara eta gehiago erabiltzeko
jokabide aktiboak hartzea. Hau da, beraien eguneroko bizitzan eta harremanetan
euskara gero eta gehiago eta gero eta gehiagorekin erabiltzea.

Horri begira, xirimiriaren ideia aproposa izan
daiteke: euskara, euskarari buruzko mezuak, erreferenteak… hainbat bideetatik
eta hainbat modutara iristaraztea gazteei. Horri begira interbentzio batzuk
kuadrillara zuzendu beharko dira, beste batzuk eskola orduz kanpoko
jardueretara (aisia, kirola, musika, antzerkia…), komunikabideetara…

Horri
begira, hainbat bide landu daitezke. Besteak beste, bost hauek:

    1. Euskaldunon
      komunitatea eta mezuak
    2. Interbentzioak
    3. Tresnak eskaintzea
    4. Elkarlana eta
      goxotasuna
    5. Sormena arlo
      guztietan

Euskaldunon komunitatea eta mezuak

Gazteei, euskarara erakartzeko, hau
da, euskararekiko jokabide aktiboak hartzeko, nolako mezuak eman behar dizkiegu

Hasteko, euskaldunon komunitateak
ahalik eta mezu koherenteenak eman beharko lituzke, eta askotan ez da horrela
izaten.

Gazteek euskararekiko jokabide
aktiboak izatea nahi badugu, euskaldun kontzientziatuok ere hori egin beharko
genuke, hau da, euskara gero eta gehiago erabiltzeko jokabidea hartu. Onartu
beharko genuke ez garela euskaldun erabat koherenteak (gehienok behintzat), hau
da, ez dugula euskaraz egiten euskaraz izan daitezkeen harreman guztietan edo
euskaraz izan daitezkeen edo ez dakigun harreman guztietan eta, hori onartzetik
hasita, bakoitzak bere erritmora gero eta euskara gehiago erabiltzeko jokabidea
hartu beharko luke.

Norbera prozesu horretan
murgiltzeko tresnak behar ditugu eta, gaur egun, gero eta eskurago ditugu
tresna horiek: TELP tailerrek adibidez (Taller del espai lingüistic personal),
oso tresna aproposak eskaintzen dituzte horretarako. Tresna horien bidez,
euskara gero eta gehiago erabiltzea baizik. Hori da gakoetako bat, euskara gero
eta gehiago erabiltzea (euskararekiko militante izatea) ez da zama bat,
gustura egin daitekeen zerbait baizik. Hori da gakoetako bat, euskara gero eta
gehiago erabiliz ahalegin horretan gustura sentitzeaz gain, nire buruarekin ere
gusturago sentitzea, nahi nukeena (euskaraz bizitzea) eta egiten dudana gero
eta koherenteagoak baitira.

Euskaldun kontzientziatuok hori
egingo bagenu, gainontzeko euskaldunengan eragina izango genuke, baita
gazteengan ere. Azken batean, bide hori garatuta askoz errazagoa izango da
publizistengana jotzea eta saldu nahi ditugun mezuak lantzeko laguntza eskatzea
eta hori ondo egitea. Aurreko diskurtso eta tresna horiek ez baditugu garatzen,
zer eskatu behar diegu publizistei? Orain arte balio ez digun horri beste
itxura bat eman eta berdin eskaintzen jarraitzea?

Hau da lehenengo proposamena,
beraz. Euskararekiko jokabide aktiboak sustatzera begira, tresna batzuk
eskaintzea, hainbatek frogatuak eta euskaldun izatea eta euskara erabiltzea
erakargarriagoa egingo dutenak.

Interbentzioak:

Inork ez du zalantza jartzen
beharrezkoak edo, gutxienik, oso lagungarriak direla gazteen euskararen
erabileran eragiteko interbentzioak. Interbentzio horiek, ezaugarri hauek
gutxienez beharko dituzte:

  • Esplizituki eragiteko
    interbentzioak eskaini daitezke edo xirimiri moduan. Hau da, jarduera
    batzuk euskararen gaia esplizituki lantzea izan dezakete oinarrian
    (Kuadrillategi egitasmoak, adibidez) baina euskararen erabilera landu
    daiteke hori egingo dela esplizitu egin gabe ere (hainbat aisiako edo
    kiroleko jardueretan euskararen erabilera landuz, adibidez). Bi bideak
    dira interesgarriak. Bigarrenean gazte askorengan eragin dezakegu baina
    agian helburu xumeekin, eta lehenengoan berriz gazte gutxiagorengana
    iritsiko gara, baina helburuak handiagoak izango dira.
  • Jarduera guztien oinarrian
    gozamenak egon behar du. Jarduera horietan gustura aritu behar dute
    gazteek, euskaraz gustura aritu behar dute. Euskararekin harreman ona
    izatea lortu behar dugu.
  • Erabileran eragiten
    eraginkorrak izan behar dugu. Zer eta nola egin daitekeen argi izan behar
    dugu. Horretarako metodologiak garatzea beharrezkoa da, baita adierazleak,
    neurgailuak eta abar ere. Ttakun Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru
    Aldundiak garatutako Hezitzaileek
    asko egin dezakete
    metodologia oso adibide egokia da.
  • Baina ezin da naturaltasuna
    galdu. Jardueren oinarrian gozamena egotea helburu bat baino tresna bat
    den moduan, metodologiak eta adierazleek ere tresna bat izan behar dute
    eta ez helburu bat. Beraz, horiek lantzea eta aplikatzea ere ondo egin
    beharko da, laguntza bat baino oztopo bat bihurtu ez daitezen:
    errealitatearen azterketa egiteko tresna sinple eta azkarrak, erabileran
    eragiteko estrategia malguak…
  • Gazteentzako jarduerak
    antolatzea ez dago gaizki, baina gazteekin antolatzea askoz aproposagoa
    eta eraginkorragoa izan daiteke, batez ere jardueren arrakastari begira
    eta benetan gazteen interesetara egokitzera begira. Zer eta nola egin
    planifikatzerakoan, gazteen parte-hartzea nola bideratu ere landu beharko
    da eta, ahal bada, une horretan bertan inplikatzea da egokiena.

Hauek izan daitezke interbentzioen
edo jardueren ezaugarri nagusiak. Oinarriak eta norabidea argi eduki beharko
dira eta sortu-frogatu-egokitu-frogatu dinamika erabili beharko da behin eta
berriz.

Tresnak eskaintzea:

Euskal komunitatetik hainbat mezu
jasotzeaz gain eta interbentzioen bidez erabileran eragiten saiatzeaz gain,
euskara gero eta gehiago erabiltzeko eta euskararekiko jokabide aktiboak
izateko tresnak eskaini eta helarazi behar zaizkie gazteei. Ezaugarri
ezberdinetako tresnak izango dira eta, besteak beste, hiru hauek garatzea
egokia izan daiteke:

  • Gazte hizkera:
    Euskarak gazte hizkera berritzeko eta hedatzeko dituen zailtasunak argi
    daude. Eta gazteek euskara gero eta gehiago erabiltzera begira gazte
    hizkera aberats bat eskura izateak eta hori aldatzeko eta moldatzeko
    bideak edukitzeak zenbat lagunduko lukeen ere argi dago. Hori garatzeko
    bidean sortzen dira zalantzak: Gazte hizkera estandarra bai edo ez? Ez al
    da kontraesan bat? Baina ez bada horrelako zerbait lantzen zein izan
    daiteke bidea? Zerbait egin behar dela onartzen du gehiengoak. Beraz,
    froga batzuk behintzat egin daitezke (edo ikerketaren bat). Hainbat
    erakunde ari dira gazte hizkeraren edo hizkera informalaren gaia jorratzen
    (Urtxintxa, Ttakun, Mihiluze, Mantxut…) eta koordinatutako ahalegin
    batzuk egin daitezke: hainbat esamolde aukeratzea eta bide ezberdinetatik
    hedatzen ahalegintzea (xirimiri moduan hau ere: komunikabideak,
    hezitzaileak…). Izango al luke eraginik? Modu horretako frogen arabera,
    garatu beharreko bide egokia zein den ikusi ahal izango da edo, gutxienez,
    eztabaida bideratzeko hainbat esperientzia hartu ahal izango dira oinarri
    moduan. 18
  • Ahozkotasuna: Oso
    gai garrantzitsua da erabilerari dagokionez, baina ikastetxeen lan eremuan
    sartzen da batez ere. Euskararen irakaskuntzan ahozkotasunari eta euskaraz
    komunikatzeari lehentasuna ematea lortuko balitz, gramatikaren eta
    zuzentasunaren aurrean, gazteen artean erabilera sustatzerako aurrelan
    oinarrizko bat egina legoke.
  • Euskara eta gaztelania edo
    frantsesa gatazkan jartzen direnean nola jokatu jakitea:
    euskararekiko jokabide aktiboak dituenak, euskara edo erdara hautatzea
    dagokionean, euskararen aldeko hautua egiten du. Ez da soilik lehenengo
    hitza euskaraz egitea (horretarako borondatea izan arren askori zaila
    gertatzen zaion gaia), euskaraz ondo ez dakienarekin nola jokatu jakitea,
    ulertu arren gaztelaniara jotzen duenarekin nola egin jakitea, ulertzen ez
    duenari zer eta nola esan jakitea, kritika baten aurrean nola erantzun
    jakitea, eta abar. Horrelako egoeretan nola jokatu jakiteak konfidantza
    eta lasaitasuna ematen du eta euskara gero eta gehiago erabiltzeko bidea
    ematen du. Kasu honetan ere, TELP tailerrek tresna interesgarriak
    proposatzen dituzte. Tresna horiek hartu eta nori eta nola transmititu
    landu beharko litzateke.

Elkarlana eta goxotasuna:

Bide horretan guztian erakundeen
arteko elkarlana beharrezkoa da. Jardunaldietan aipatu zen moduan, elkarlan
horrek goxotasuna behar du: inplikatuta dauden erakundeen arteko konfidantza,
norabide berean aritzea, malgutasuna…

Normalean inor ez dago elkarlanaren
kontra, baina askotan ez da biderik aurkitzen edo ez da asmatzen elkarlan
horretan.

Hainbat proiekturen kasuan asmatu
dute bide horretan (herri askotan lortu da udalaren eta hainbat erakunderen
arteko elkarlana) eta klabe nagusiak zeintzuk diren aztertzea egokia izan
daiteke. Baina argi dago klabe teknikoak baino (funtzioak, organigramak…),
klabe emozionalek dutela garrantzia (norabide berean aritzea, elkarlan hori
denentzat onuragarria dela ikustea), eta abar.

Beraz, ikerketak egin ahal izango
dira eta ondorio batzuk atera baina, batez ere, mezu batzuk landu beharko dira
eta batera eta bestera zabaldu (hau ere publizisten laguntzaz?), elkarlan
horren onurak erakutsiz eta horretarako pauso zehatzak proposatuz.

Sormena:

Arlo guztietan sormena beharko
dugu. Baina sormena modu positiboan ulertuta. Hau da, askotan sormena baliabide
gutxi izatearen ordezko moduan ikusten da, baina ez luke horrela behar. Benetan
eraginkorrak izateko sormena erabili beharko da:

  • Mezuak lantzeko eta
    hedatzeko.
  • Jarduera eraginkorrak eta
    gazteekin batera egindakoak izateko.
  • Gazteentzako tresnak
    garatzeko eta helarazteko.
  • Erakundeen arteko elkarlana bideratzeko.
  • …

Sormena erabili ahal izateko,
norabidea argi edukitzea da garrantzitsua eta ikuspegi positiboarekin lan
egitea. Norabidea argi edukita eta egiten duguna positiboa izango dela benetan
sinetsita, baliabide gehiago edo gutxiago, lorpenak handiagoak edo txikiagoak,
tresnak garatuagoak edo ahulagoak, sormena erabiltzeko gai izango gara eta
gusturago arituko gara.

Norabidea argi dugunez, gazteen
artean euskararekiko jokabide aktiboak hedatzea, aurrera begirako ildoak
garatzeko sormena erabiltzea ez da zaila, eta oso emankorra izan daiteke.

Egindako lana posiblea izan da
hainbat erakunde eta pertsonen kolaborazioari esker (udal teknikari, aritu eta
aditu, irakasle, hezitzaile…) eta guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.
 

 

 

Derioztarrak bost kontinenteetan

2008-06-08  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Pasa den astean nire herriko euskara elkarteak
ekimen polit bezain interesgarria jarri zuen martxan: Derioztarrak
5 kontinenteetan
.

Eta zertan datza? Ba, aste osoan zehar hainbat
derioztarrek kontatu zuten euren bidaiaren bat, euskaraz eta jendaurrean, argazkiz
eta mapaz hornituta. Astelehenean Ozeania izan behar zen, baina emaleak, lan
arazo batzuk tarteko, ezin izan zuen hitzaldia eman eta Txinari buruzko
emanaldia egin zuen Udanek. Asteartean Afrika, asteazkenean Amerika eta
ostegunean Asia. Eta dena borobiltzeko, barikuan Jon Maiaren Apaizac obeto.

Herriko jendeak bere bidaiak kontatzea.
Sinplea da ideia. Eta herriko hainbat lekutan (aurten euskaltegi biak, CANtxa,
Trippy taberna eta Gurea aretoa). Eta emaitza? Ba, bost hitzaldien artean 100
pertsonatik gora, batez beste 25 hitzaldiko (kontuan hartuta Deriok 5.000 biztanle
duela eta horietatik %30 gutxi gorabehera euskalduna dela).

Eta, gainera, inguru hurbilean eragiten,
auzo-komunitate-herrian eragiten. Fishmanen ereduaren arabera, eragin beharreko
oinarrizko esparruan. Eta merke, oso merke egin daitekeen hitzaldi zikloa, 0tik
gertu du kostuak. Euskararen erabilera ez du normalizatuko, ez horixe. Baina
aurrerapauso xumea da norabide egokian. Hurbila, gertukoa, motibatzeko modukoa.
Datorren urtean berriro egingo dugu(te).

123 / 140«Aurrekoa102030122123124125130140Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA