Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Sarea egiten

2016-09-28  //  Info 7  //  Iruzkinik ez

Sarea egiten

Info 7 irratian Gureaz blai-rekin hasi naiz irrati-zutabea egiten. Entzuteko, hemen.

Irakurtzeko:

Bernardo Penabade izeneko lagun handi bat badut Galizia aldean. Eta orain dela gutxi berarekin gogoratu naiz. Lasarte-Orian, Agurainen eta Hernanin udazken honetan egingo duten esperimentuengatik gogoratu naiz, hain zuzen ere.

Bernardori esaten diote soziolinguistika nekrofilikoa egiten duela. Morroia hilerririk hilerri dabil galizierazko hilarriak ehizatzen. Galiziako ehunka kanposantu ibili ditu dagoeneko. Hango hilerrietan galizieraz dauden hilarrien kopurua %0,1etik 0,4ra dabil, oso gutxi kontuan izanda herri askotan galiziera hiztunak ia biztanle guztiak direla. Herririk galiziera-zaleenetan ere %0,4ren inguru dira galizierazko hilarriak. Harrigarria benetan.

Orain dela urte batzuk, Bernardok mesede bat eskatu zidan. Ea Euskal Herrian kanposanturik behatzerik nuen, Galiziako datuekin alderatu ahal izateko. Deriokora abiatu nintzen (ez Derion dagoen Bilboko kanposantua, Deriok ere badu berea) eta hango datuek harritu ninduten. Derion %16 dira euskarazko hilarriak (hobeto esanda, 2013an %16 ziren).

Deriokoa behatuta, Txorierriko beste kanposantu batzuk ere bisitatu eta neurtu nituen. Eta datuek berriro ere harritu ninduten: Deriok du euskaldun kopururik txikiena eskualdean, baina hirugarrena da euskarazko hilarri kopurutan (Lezama eta Larrabetzuren atzetik, baina Zamudio eta Sondikaren aurretik). Eta datua azaltzeko hipotesi batzuk zirriborratu ahal baditut ere, ez daukat erantzunik eta horrela utziko dut.

Hala ere, baten batek neurtu nahiko balitu bere herriko euskarazko hilarriak, joan dadila eta komunikatu ditzala datuak. Ariketa osasuntsua da bisita hori, ez zaizue damutuko!

Baina, buelta nadin Galiziara. Esan dudan legez, Bernardori esaten diote soziolinguistika nekrofilikoa egiten duela. Baina ez da horrela, inondik ere. Berak ez ditu hildakoak bilatzen, hilarriak idatzi dituzten pertsonak baizik, bizirik dauden pertsonak, alegia. Teoriatxo bat du berak (edo errezeta esan beharko nuke): haren arabera, baldintza guztiak kontra izanda ere, hilarria galizieraz egiten duenak galizeradun militantea izan behar du derrigorrez.

Eta galizieradun militante horien bila dabil, sarea egiteko, komunitaterako eredu izan daitezkeenak batu, trinkotu eta harroago ibiltzeko. Komunitatea egiteko, eta etorkizuneko eredu direnak bistaratu eta hauspotzeko.

Udazken honetan Lasarten, Agurainen eta Hernanin gutxienez (beste herri batzuetan ere asmoa badago) ibiliko dira batzuk komunitatea egiten eta etorkizuneko mezulariak hauspotzen. Jakina, ez dira kanposantuetara joango, ez dute Bernardoren bidea aukeratuko. Baina sarea egiten ibiliko dira, helburu berarekin. Ibiliko dira etorkizuneko bizi-eredu berriak aurreratzen, ohitura berriak sortzen eta errotzen, gutxi barru beteko diren profeziak eta intuizioak gauzatzen eta geroaldiko jendarte euskalduna izan daitekeena esperimentatzen. Sarea egiten, lehen Donostiako Egia auzoan egin zuten bezala, eta Bernardo eta enparauak Galizian egiten ari diren bezala. Sarea egiten.

Inertzia geza

2016-09-26  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Inertzia geza

Edo izenburua izan zitekeen ere Grabitatearen aurka. Izan ere, izenburua Berri Txarrak taldearen Dortoken mendea kantatik hartu dut, baina berdin hartu nezakeen Zea Mays taldearen Grabitatearen aurka kantatik.

Baina goazen hasierara. Uda honetan taldeen mikropolitikari buruzko liburua irakurri dut mendi artean. Liburua apur bat astuna iruditu zait, batez ere darabilen hizkera barroko samarra dela eta. Baina liburutik bertatik bi aipu hartu ditut, eta biek bi kanta horiek ekarri didate gogora:

“Borondatea oso ahula da ohiturek duten indar mobilizatzailearekin alderatuta”

“Ohiturak izatea naturala da, baina hartzen ditugun ohiturak ez dira naturalak”

Eta, horrez gain, Julen Iturberen Hábitos izeneko artikulua irakurri nuen. Inertzia gezak garamatza lurraren kontra, grabitatearen aurka.

Euskalgintzak eta anarkismoa lotzeko 10 puntu

2016-09-19  //  Sailkatu gabea  //  8 iruzkin

Euskalgintzak eta anarkismoa lotzeko 10 puntu

Carlos Taiboren “Repensar la anarquía” liburua irakurri berri dut (oporrek askotarako ematen dute). Eta liburua amaitutakoan, nire buruan bueltaka ibili da galdera bat: euskalgintzek ba al dute zerikusirik anarkismoarekin? Eta hasi naiz erantzunak bilatzen eta 10 etorri zaizkit burura:

  1. Ikastolak eta euskaltegiak ez al ziren izan bere sortze sasoian (eta orain ere, baina tira) bestelako joko-arau batzuk zituzten espazio autonomoak?
  2. Euskal soziolinguistikan itzal handia duen pentsalari batek behin baino gehiagotan aitortu du (zuen) anarkismotik asko edan duela. Zein ote? Txepetx, agian.
  3. Egian euskaraz ekimena (eta beste herri eta auzoetako antzeko ekimenak) ez al da anarkista zaharrek deitzen zuten ekintza bidezko propaganda edo gazteagoek deitzen duten bizi-eredu aurreratzaileak?
  4. Ez al da bitxia Komando Autonomoetan ibilitako asko borroka armatua utzi ostean euskalgintzan aritzea buru-belarri?
  5. Euskara elkarteak, sortu zirenean behintzat, ez al ziren euskaldunok geure burua antolatzeko modu beregaina? Edo, beste berba batzuekin esanda, ez al zen autoantolaketa? Ez al zuten/duten praktikatzen autonomia? (eta abar)
  6. Jon Sarasuak bere Hiztunpolisa liburu famatuan hizkuntza komunitateak eta Estatuak kontrajartzen zituen. Lehenak, komunitate naturalak ziren beretzat, betidanik hor egon direnak eta beti hor egongo direnak. Bigarrenak, berriz, asmatutakoak dira, sortutakoak nahi bada, orain ez asko asmatuak eta batek daki zein etorkizun izango duten. Ez al da hori berori anarkiaren errezeloa eta herra Estatuarekiko?
  7. Kontrakulturaren eta anarkiaren arteko erlazioak ezagunak dira. Era berean, euskarak (edo euskal kulturak) edan du kontrakulturatik, eta oraindik edaten du (batzuek gainera gehiago edan behar duela aldarrikatzen dute).
  8. Jabetza pribatua baztertzen du anarkismoak. Euskalgintzan ere pauso batzuk egin dira norabide horretan: Berria egunkariak eta Argia astekariak lizentzia libreekin kaleratzen dituzte edukiak, Euskaltzaindia bezalako erakunde batek ere lizentzia libreak darabiltza, … Seguruenik euskara beste hizkuntza batzuk baino eduki libre gehiago ditu (proportzioan, beti ere).
  9. Auzolana, auzolana, auzolana: euskalgintzako zenbat programa eraiki dira eta eraikitzen dira auzolanari esker? Zenbat? Eta auzolana ez al da anarkismoarekin erraz asko ezkontzen, ez da delegatzearen kontrako antidotoa?
  10. John Hollowayk aldarrikatzen ditu arrakalak sortu behar direla orain eta hemen, etorkizuna gaurtik egin behar dugula. Nire ustez, euskalgintzaren azken 50 urteotako jarduna horrela labur daiteke. Etorkizuna gaurtik egiten, etorkizuna orain eta hemen hasten dela argi eduki du euskalgintzak, ezta?

Beste inori bururatzen al zaio euskalgintzak eta anarkismoa lotzeko beste adibiderik?

Tripetatik

2016-09-15  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Uda aurretik 3 soziolinguistika hausnarketa-saio-bazkari egin genituen EMUNeko hainbat lankidek. Txoko banatan, mokadu eta mokadu artean, soziolinguistikaz aritu ginen, batzuetan gai-jartzaileak proposatutako gaiari tiraka, beste batzuetan libre, buruan bueltaka genituen ideiak, kezkak eta iritziak lankideekin partekatuz. Horren inguruan hiru artikulu egin ditugu Emuneko hiru kidek, eta hauxe da lehena, nirea. Jatorrizkoa lantalan.eus webgunean. 

txerra_rodriguez

Askotan galdetu diot neure buruari enpresetako Euskara Plana abiatzeko erabakia nondik irteten den. Hiru aukera bururatu zaizkit: tripetatik, bihotzetik edo onuratik.

Hala ere, erabakia nondik datorren baino, nora doan iruditzen zait garrantzitsuago. Eta hasieratik Zuzendaritzarekin adostu behar da zer aldaketa egiteko prest dauden. Era berean, arduradun teknikoari (hau da, euskara teknikariari) zer eskatuko zaion eta zer ez ere adostu behar du enpresak berak. Eta gutxien-gutxienik Zuzendaritzari eskatu behar zaio iraunkortasuna (hau da, euskara plana urte batzuetan iraungo duen agindua, agindu berbaren bi adieretan).

Eta arduradun teknikook zer? Guk ezin dugu gure ideologiaren arabera jokatu euskara plan batean. Guk komunitateak (enpresa eta langileak) esaten duena hartu behar dugu aintzat. Baina horrek ez du esan gura guk bide hori dagoenean onartu behar dugunik. Ez.

Guk azaldu behar diegu helburuak lortzeko hartu beharreko bidea zein izan daitekeen. Eta azaldu behar diegu ere eurek hartutako bidearekin eurek jarritako helburuetara heltzeko zer zailtasun edo eragozpen egongo diren.

Beste hitz batzuekin esanda, guk zintzo jokatu behar dugu, guk zorrotz jokatu behar dugu. Bide bakoitzak zer dakarren eta zer ez azaldu behar diegu, zintzo. Hala ere, ezin dugu ahaztu hau, zorionez, ez dela zientzia zehatza.

Txerra Rodriguez  (soziolinguista eta EMUNeko lankidea)

Publikoa – pribatua

2016-09-12  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Publikoa – pribatua

Publikoaren eta pribatuaren arteko dikotomia patriarkatuak ezarri duela ikasi diegu feministei. Eta dikotomia hori apurtu egin behar dela. Eta pribatua politikoa dela, hau da, pribatuan egiten dugun horrexek dimentsio politiko nabarmena duela.

Eta horretan ari nintzela Fishmanen irakaspenek brastakoa eman zidaten buruko neurona txikituetan. Ostia! Fishmanek aldarrikatzen zuen biziberritzearen muina ez ote zen pribatutzat hartu izan den eremua?

Izan ere, berak etxea-auzoa-gertuko komunitatea aipatzen zuen transmisiorako, sozializaziorako ezinbestekoa dela. Baina hori ingurune pribatua da (ia), eta, beraz, jendartean prestigiorik txikiena duen ingurunea. Feministek jendartea eraldatzea dute helburu eta pribatu horri prestigioa eman, gure biziraupenerako (espezie gisa) funtsezkoa baita. Guk ere horrela jokatu beharko genuke? Edo elkarrekin egin beharko genuke aurrera? Zaintzetarako hizkuntzak ez al du garrantzirik?

Eta beste kontu bat: euskararen aldeko borroka (azken 50 urtetakoa) ez al da publikoaren eta pribatuaren arteko dikotomia gainditzeko bide bat? Izan ere, euskarari orain dela 50 urtera arte habitus batzuk atxikitzen zitzaizkion eta erdarei beste batzuk. Eta azken 50 urteotan ez al gara ari habitus publikoagoak atxikitzen euskarari?

Hiru prota

2016-09-08  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Hiru prota

Garapen komunitarioan maisu dugu Marco Marchioni, maisu teorian eta maisu praktikan. Bere aipu hau aurkitu eta euskaratu egin dut, gure alorrean ere aplikatzeko modukoa dela iruditzen zaidalako, ez ala?

“Aldaketarako edozein prozesuk hiru protagonista izan behar ditu: erakundeak, baliabide teknikoak eta herritarrak eta haren erakunde sozialak. Eta, gainera, protagonista bakoitzak bere papera bete behar du. Hau da, erakundeek gobernatu behar dute, teknikariek jakintza eta gaitasun teknikoa eman behar dute eta herritarrek parte-hartzerik aktiboena bermatu behar dute. Eta ezin da ahaztu gauzak egiteko modua jartzen ditugun helburuak bezain garrantzitsua dela” (Marco Marchioni)

Zona euskaldunak, zona erdaldunak

2016-09-05  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Zona euskaldunak, zona erdaldunak

Oso ohituta gaude gurean zona euskaldunak eta zona erdaldunak bereizten. Oso ohituta, era berean, arnasguneak berba erabiltzen (zonalde erdaldunak orduan itoguneak?). Oso. Uema ere soziolinguistika geografikoa da (nik gurago soziolinguistika funtzionala, baina tira).

Oso ohituta gaude mapetara. Mapek erakusten dituzten mugak errealitatera eramaten ere trebeak gara, trebeak garenez. Euskalkien mapatik hasita (esate baterako, Durangon edo Errenterian guztiek egiten dute euskalkiz? Gasteizen ez dago euskalkian egiten duenik? Edo Zallan edo Lizarran ez da euskarik egiten?) beste edozein maparaino.

Agian bada garaia beste modu batean pentsatzen hasteko. Agian aukeretan pentsatzen hasteko ordua heldu da. Agian, akaso, apika, beharbada.

Jarrerak

2016-08-29  //  Sailkatu gabea  //  3 iruzkin

Jarrerak

Inkesta guzti-guztietan agertzen da euskararen aldeko jarrera badagoela. Gehienek euskararen aldeko jarrera agertzen dute, beraz. Eta hori aditu eta eragile guztiek onartzen dute garrantzitsua dela. Nik ere garrantzi hori aitortzen dut, jakina.

Baina aldeko jarrera horrek portaera bihurtzeko zer behar duen galdetzen diot neure buruari. Izan ere, jarrerak zer garrantzia du norberaren barruan? Edo, beste era batera galdetuta, zer “postutan” sailkatzen da gurean euskararen aldeko jarrera hori?

Nire iritziz, kasu gehienetan, euskararena kezka generikoa da. Gaur egun, politikoki zuzena da euskararen alde zaudela esatea. Baina galdetuko bagenu inkestetan zenbat egongo ziren prest zerga gehiago ordaintzeko euskara bultzatzeko, zer gertatuko litzateke?  

Izan ere, nire ustez, euskalgintzak gainbaloratu du kontzientzia. Aldaketa sozialerako baliotsuagoa da jendearen arazoetarako konponbide praktikoak eskaintzea. Eta horretan tematu beharko dugulakoan nago.

Pasilloetan galduta

2016-07-26  //  Jakin  //  Iruzkinik ez

Originala Jakin aldizkarian argitaratua.

Jaime Altunak ikerketa plazaratu du azken Hausnartu sarietan eta bigarren geratu da.Euskara pasilloetan galduta. Praktiken aldaketak eta hizkuntza mudantzak nerabezaroandu izenburua bere lanak. Nerabeek zer esaten duten euskarari buruz asko interesatzen zaidan gaia da. Izan ere, nerabeek ez dute gezurrik esaten (gezur sozialak, behinik behin). Nerabeek beste inork baino hobeto usaintzen dute jendartean nagusi diren joerak, jendartean nagusi diren lurrazpiko bidezidorrak. Jendartera moldatzea dute langintza potoloena nerabeek, nabarmenduz eta transgresore jokatuz, baina gehiegi nabarmendu barik, beti ere. Horregatik, hain zuzen ere, interesatzen zait zer duten esateko.

Gurean behin baino gehiagotan jo izan da eurengana iritzi eske. Eta nerabeek oso ondo dute barneratuta nagusiagook zer gura dugun entzun. Politikoki oso zuzen jokatu ohi dute, horrenbeste urtetan doktrinamendua jaso ostean. Horregatik iruditzen zait orain dela gutxi Jaime Altunak plazaratutako ikerketak balio handia duela. Izan ere, ikerketa ‘nagusi’ batek egin beharrean, gaztetxoak eurak izan dira ikerketa-gai eta ikerketaren subjektu. Eta horrek balio erantsia ematen dio delako ikerketari.

Hainbat puntutatik oratu diezaiokegu ikerketari. Baina, tira, hemen labur beharrez, zatitxo batzuei baino ez diet kasurik egingo. Hauek dira Jaime Altunaren lanetik nabarmendu ditudan zati batzuk, zein baino zein iradokitzaileagoa, eta zein baino zein pentsarazleagoa (neure iritziz, behintzat).

Euskara, beraz, ikastolako nerabeen identitate ezaugarria da baina ez dute harrotasunez bizi. Nolabait, besteek ezartzen dieten ezaugarria da eta prestigiorik ez duena.
Gaztetxoek gaztelaniaz hitz egitea talde identitatearekin baino heldu sentitzearekin lotu dute.
Hizkuntzak berak gizartean orokorragoak diren beste aurreiritzi batzuk ekarri ohi dituela esan genezakeen.
Zurriolako ikastolak euskararen erabilera handitzeko lan handia egiten du eta gazteek irakasleen presioa nabaritzen dute. Dena den, euskararen erabilera handitzeko garatzen diren jarduerak baloratzerakoan nerabeen artean eszeptizismoa nabaritzen da.
Gaztetxoen arabera, ikaskide batzuekin erdaraz egitea ateratzen zaizu eta besteekin euskaraz.

Horiek guztiak irakurri ostean, Hausnartu sarietara aurkeztu den beste lan bat etorri zait burura (Hausnartu saria irabazi du, gainera). Xabi Aizpuruak arnasguneetako gaztetxoek eskoletan euskarari buruz zer lantzen duten izan du ikerketa-gai (horrez gain, dauden hutsuneak gainditzeko proposamena egin du, baina hori beste baterako lagako dugu). Hau da, ikasleek zer informazio duten euskararen egoerari buruz, zer informazio euskararen arnasguneei buruz eta abar.

Ondorioetako bat da ikasleek ez dutela jasotzen soziolinguistika gaiei buruzko bateratutako ikasgairik. Hau da, ikastetxe eta irakasle bakoitzaren esku geratzen da soziolinguistikari buruzko gaiak lantzea (eta, noski, gai horiek zelan landu). Aspaldiko kezka batekin egin du tupust horrek neure barnean: zein izan beharko lirateke ikasle batek soziolinguistikari buruz jakin beharko lituzkeenak derrigorrezko irakaskuntza aldia amaituta? (Inoiz horri buruz ere egin beharko genuke berba eta, ahal den neurrian, minimo batzuk ere adostu.)

Baina… aspaldiko kezka batekin ez ezik, oraintsu ikasi dudan kontzeptu batekin ere egin dute tupust Xabi Aizpuruaren ikerketaren ondorioek: ezkutuko curriculumarekin, hain zuzen ere. Eta zer da ezkutuko curriculum delako hori? Ba, ikasleek bereganatzen dituzten jakintzak, nahiz eta horiek curriculum ofizialean jasota egon ez. Jakintza horiek ‘irakatsi’ daitezke berariaz edo ez. Edozein ingurunek, ekintza sozialek eta abarrek eman dezakete jakintza hori, eskolan zein eskolatik kanpora. Hori da ezkutukoa, hori da benetakoa (hori da nerabeek inork baino hobeto usaintzen dutena).

Galdera sinplea bezain korapilatsua da, beraz: zein da ikasleek euskararen inguruan eta bereziki euskararen erabileraren inguruan jasotzen duten ezkutuko curriculuma? Zein? Eta zer egin beharko lukete euskalgintzek ezkutuko curriculum horretan eragiteko?

Euskalgintzak (2)

2016-07-13  //  Jakin  //  4 iruzkin

Originala Jakin aldizkarian argitaratua.

Gurean sarritan hizkuntzaren aldeko mugimendu soziala euskalgintzaren kontzeptuaren aterkipean aztertu da. Behin baino gehiagotan hizkuntzaren aldeko mugimendu sozialaren sinonimotzat hartua izan da. Izan ere, euskalgintza gurean asko erabiltzen den berba da. Hala ere, inork gutxik hartu du termino hori zedarritzeko lanik.

Mikel Zalbiderena da ezagutzen dudan definizio bakarra. Honelaxe definitzen du berak «berariazko euskalgintza»:

Soziokulturalki autorregulatzeko eta belaunez belaun transmititzeko indar faltaz euskal etnokultura (hizkuntza bera) gainbehera datorrela ikusirik, erabat galtzeko arriskua uste izanik eta halakorik nahi ez delarik, etnokultura horri bizirik eusteko giza artean deliberatuki egindako saio multzoa. Hots, euskal kulturaren on beharrez hainbat eragilek, perspektiba soziokulturaletik eta elkarlanean, eratutako ekimen sortari deitzen zaio euskalgintza.

Zalbideren definizioak ez du berbarik egiten mugimendu sozialei buruz: hori baino zabalagoa da bere berbetan euskalgintza («ekimen sorta» gisa edo «giza artean deliberatuki egindako saio multzo» gisa dakargu berak). Azken aldian, gainera, erakunde publiko batzuek (Eusko Jaurlaritzak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak, esaterako) euskararen eta euskal kulturaren alde egiten duten lana euskalgintzatzat hartu dute (Patxi Baztarrikak euskalgintza instituzionala eta euskalgintza soziala bereizten ditu Babeli gorazarre liburuan).

Euskalgintzaren kasuan bereziki garrantzitsua iruditzen zait autopertzepzioa. Izan ere, gurean hainbat komunikabidek, aholkularitza-enpresak, elkargo profesionalek, ikastetxek eta abarrek euren burua dute euskalgintzatzat (eta ez hori bakarrik, Kontseiluak berak, zeinak bere burua euskararen aldeko erakunde sozialen bilgune gisa duen, horietako askoren batze-lana egiten du). Eta, noski, lehen aipatutako erakunde publikoek ere.

Horrek guztiak itzelezko aniztasuna islatzen du. Eta, hori gutxi balitz, Mikel Zalbideren definiziora itzulita, irakurle azkarra konturatuko zen berak «berariazko euskalgintza» definitu duela. Baina, horrez gain, «bide batezko euskalgintza» ere definitzen du Zalbidek eta, jakina, euskalgintzaren barruan sartu ere. Honela dio berak:

Euskal etnokultura (hizkuntza barne) gainbehera datorrela jakinik, baina galera hori eragozteko berariazko asmorik gabe, etnokultura horri bizirik eusteko lagungarri gertatzen diren ekintzak bideratzea.

Kasu horretan, asmoei baino, emaitzei begiratzen die Zalbidek.

(Parentesia irekiko dut: ez al da gaur eta hemen beharrezkoagoa bide batezko euskalgintza berariazko euskalgintza baino? Ez al da eraginkorragoa euskara sustatzeko berariazko asmoa izan barik euskara sustatzen duena? Galderak utziko ditut airean ea nork erantzungo…)

Beraz, ematen du gaur eta hemen euskalgintzaren kontzeptura biltzen direnek esparru semantiko zabalagoa betetzen dutela hizkuntzaren aldeko mugimendu sozialak betetzen duenak baino. Ez hori bakarrik: luze-zabaleko literatura zientifikoan mugimendu sozialen inguruko teorizazioak tradizio sakona du gurean zein nazioartean. Hortaz, ez zait zentzuzkoa iruditzen bata zein bestea sinonimotzat erabiltzea.

Eta, gainera, esan bezala, aniztasuna ikaragarria da. Hori dela eta, eta beste batzuek dagoeneko jorratu duten bidetik (esate baterako, feminismoek, ezkerrek…), ez al litzateke egokiago singularrean jokatu beharrean, pluralean jokatzen hasiko bagina euskalgintzarekin? Hau da, ‘euskalgintza’ baino, ez al litzateke egokiago ‘euskalgintzak’ erabiltzea?

Eta euskalgintzek zer?

Pluralean zein singularrean, behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari zein izan beharko litzatekeen euskalgintzaren lehentasuna. Mila erantzun egon daitezke, mila ikuspuntu, mila ñabardura. Ez delako batere erraza horren inguruan iritzi sendo eta egituratu bat izatea, ia denontzako balioko duena (eta, agian, ez da desiratzeko modukoa ere).

Baina paperaren gainean zirriborratzen ari naizelarik, botako dut erantzun moduko bat, inork gutxik bere egingo duena. Baina, tira, talaiatxo hau probestu beharra dago. Nire ustez, euskalgintzako erakundeek kontrapubliko modura jokatu beharko lukete (jokatzen dute hein handi batean, baina, tira, balizko egoera idealaz ari naiz eta gurago hipotetikoa erabiltzea). Eta zer da kontrapubliko modura jokatzea?

Hor nonbait dabilen definizio baten arabera, kontrapublikoak lirateke talde sozial menderatuetako kideek sortu eta zabaltzen dituzten kontradiskurtsoak, euren nortasun eta beharrizanen interpretazio beregaina egiteko asmoz. Baina kontradiskurtso horiek helburu zehatza dute: publiko orokorretan eragitea, publiko orokorretan aldaketak sorraraztea (Jakinen aurreko zenbakian aipatutako gutxiengo aktiboen alderik aktiboenak lirateke kontrapublikoak, gutxi gorabehera).

Beste era batera esanda, kontrapubliko alternatiboak izan beharko lirateke euskalgintzako erakundeak, berrikuntzak sortu beharko lituzkete beste mugimenduek kopia ditzaten. Jarri beharko lituzkete martxan praktika performatiboak. Izan ere, laborategi sozialak diren kontzientzia garatu beharko lukete. Aurrehartze esperimentala landu beharko lukete, utopien laborategi sozial gisara egin beharko lukete lan. Hortaz, komunitatearen logikak barneratuta, eragin ere eragin beharko lukete euskalgintzako erakundeek. Komunitatea sortu efikazia handiagoz eragin ahal izateko, hain zuzen ere.

Harremanetarako forma berritzaileak esperimentatu beharko lituzkete, praktika alternatiboak eraiki beharko lituzkete, nortasun kolektiboa praktikatu beharko lukete. Hori guztia, handik eta hemendik, behetik gora eta goitik behera, ertzetatik zein erdiguneetatik. Euskalgintzaren ohiko berbakerara itzulita, gaur eta hemen arnasgune funtzionalak sortzea litzateke, euskaraz funtzionatuko duten guneak eta uneak eraikitzea litzateke, nortasun kolektiboa elikatuko duten (alaitasunez, koherentziaz eta maitasunez) praktikak han eta hemen saretzea litzateke.

Eta hemen esandakoak, gainera, berdin balio beharko luke mugimendu sozialentzako, aholkularitza enpresentzako, komunikabideentzako edo euskalgintza instituzionalarentzako (aldeak alde eta bakoitzak eragin ditzakeenak aintzat harturik, beti ere). Berdin, logika bera, filosofia bera, emaitzak biderkatu ahal izateko.

47 / 140«Aurrekoa10203046474849607080Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA