ZerAIN DEZAGUN
Gaur baten batek ere egin du berba arnasguneei buruz, nik ere egin nahi dut baina beste hari bati loturik.
Igandean izan nintzen Zerainen, Goierri aldean. Herri txikia da Zerain, 300 biztanle baino gutxiago dituena. Baina bere txikian aberatsa ere bada. Euskaratik eta euskaldun izatetik abiatua, herria parke kultural bihurtu dute, herria bizirik mantentzea lortzen ari dira. Herriak dituen berezitasunak ustiatu, eta bizi-kalitate handiko herria bihurtu da Zerain.
Sarritan egin dut berba blog honetan bizitasun etnolinguistikoaz, sarritan entzun eta berba egiten da euskalgintzan bizitasunaz … eta herri txikiek euskarari ematen dioten bizitasunaz. Baina sarritan susmoa dut hori egiten dela altxor bat omen dutelako herri txikiek, altxor bat. Ba edukiko dute, baina herri txikiek bizi behar dute, mila arrazoiengatik. Eta horretarako eurengan zentratua den garapen ekonomikoa landu behar dute, Zerain lantzen ari den bezala. Euskalgintzan gutxitan aipatzen dira honako kontu hauek, baina UEMA barruan dauden herri txiki askok bizitasuna mantentzeko arazoak dituzte: gazteek herritik alde egiten dute, hirietatik bizitzera datorren jendea, … eta horiei guztiei aurre egiteko, herrien bizitasun ekonomiko eta kulturala bultzatu behar da, beti ere euskaratik abiatua. Bestela, alferrikakoa da hizkuntza, alferrikakoa da herri txikiak goratzea, … herri txikiak bizi daitezen eginahalak bultzatu beharĀ dira … bestela dena pikutara doa ………………….
Interesgarria izango litzateke hizkuntza zein jarduera ekonomikorekin lotuta dagoen pentsatzea. Akaso Euskal Herriko hainbat lekutan nekazaritzak bete du paper hori oraintsu arte, Koldo Zuazori entzun nion behin euskalki eta isoglosetan azokek eta merkatuek eragina izan dutela dirudiela adibidez, nekazaritzarekin lotutako jende-bilkurak azken batean.
Gaur egun berriz, nekazaritza eta arrantza gainbehera datozela, euskara (euskaraz egiten duen jendea alegia) zein jarduerarekin dago lotuta gehien bat? Boteprontoan bi okurritu zaizkit: irakaskuntza eta turismoa (Zeraineko kasu hori adibidez). Horrela izan liteke?
Oso interesgarria litzateke, bai horixe Benito. Susmoa dut, gainera, zonalde erdaldunagoetan batez ere irakaskuntzari lotuta agertzen dela , eta hein txikiago batean administrazioari. Zonalde euskaldunetan, aldiz, dibertsifikatuago agertzen dela susmatzen dut (edo pentsatu gura dut). Industriari, zerbitzuei, kooperatibei, tabernei …
Edozein modutan oso interesgarria litzateke, batez ere bizitasun etnolinguistikoaren faktore garrantzitsu bat ere hori delako (hobe esanda, hiztunen estatusa, baina jarduerarekin lotura handia dauka horrek, ezta?)
Bai, hala dela ematen du. Dena dela, nik honetan ez dauzkat ideiak oso argi baina erreparatu eta pentsatzeko kontu interesgarria da duda barik.