Dekretazoa
Aste honetan kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak arautuko dituen dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Batzuek honezkero dekretazo eta guzti deitu dute. Baina nik ez dut uste horrenbesterako denik.
Dekretua betetzea ez da bat ere erraza izango. Hasteko, jartzen dituen baldintzak zailak dira betetzen, ezta milioi askotako dirulaguntzak emanda ere. Bigarrenik, nola betearaziko du dekretua Jaurlaritzak, bere menpeko organoetan honen moduko dekreturik betearazteko kapaza ez bada? Eta, hirugarrenik, dekretuak ez du zehapenik aurreikusten. Eta, sentitzen dut, baina Katalunian eurek duten egoerarekin horrelako dekretua betearazteko isunak jarri badira, Euskal Herrian milaka polizia linguistiko beharko lirateke hau guztia betetzeko.
Soziolinguistikoki aztertuta, aurrerapausoa denik ezin uka. Baina zalantza handiak ditut dekretua betetzen inoiz hasiko den ere. Beraz, ikuskizun nago, eszeptiko samarra. Hasiera batean, pausoak izango dira (baina paisaiari dagokionez) eta gero gerokoak. Dena den, taldetxo bati bai aurreikusten diot etorkizun oparoa.
Eszeptiko izateko arrazoiak nahiko ulergarriak dira, baina beno, nik ausardia puntu bat ikusi diot dekretuari (lar sakondu gabe, titularrak bakarrik ikusita) eta hori aitortu behar zaio, dagokionari.
Ez du ezer konponduko, ez, baina esandakoa, eztabaida faltsuak(pdf) zabaltzen dabiltzan honetan, ona da bestelako eztabaidei ere leku egitea, urrats txikiak ematea. Irudi aldetik bada ere, ez dut txarto ikusten dekretua.
Horrek ez du esan nahi lan horretan tematu behar garenik, nik gehiago sinesten dut beste gauza batzuetan, baina ongi etorriak izan daitezela horrelako urratsak ere.
Arrazoi duzu Iker, arrazoi osoa. Eta zuk esan duzuna adierazi nahi nuen. Aurrerapausoa nabarmena da, baita eszeptizismoa ere. Irudi aldetik, euskararen erabilera prestigiatzeko balioko du. Eta badirudi euskararen kontrako diskurtsoa darabiltenek ere elikatuko dutela euren diskurtsoa “dekretazo”arekin. Ikusiko dugu, paperak dena aguantatzen du eta zentzu horretan aurrerapausoa da, dudarik gabe. Baina ikusiko dugu hori betetzen den ala ez, ala gutxieneko maila baino ez den betetzen.
Orain dela 20 urte errazago zatekeen, oraintxe askoz zailagoa. Gezurra da patxada behar dela, progresibitatea, malgutasuna… denborak edozer irentsarazten digu, baita Euskal Herriko saltokietan nahitaez erdaraz egin behar delako ustea ere.
El Correon Baztarrikari elkarrizketa egin diote gaiaren inguruan
Herri administrazio batean baino gehiagotan ez dira betetzen administrazioa euskalduntzeko arauak. Dekretu hau bete ezean ere ez da ezer gertatuko. Ez dut uste ez zigorrik ez isunik ezarriko denik.
Hala da, eta hori nahi nuen islatu nik artikuluan. Irakurri dut idatzitakoa eta ez du uste oso fin ibili naizenik. Egiten ikasten ei da.