Diglosia atxikigarria
Gaur irakurri egin
dut Martin Rezolak Euskara 21 txostenari buruz esandakoak. Porzierto,
artikulua oso ona eta oso gomendagarria.
Eta hor berak aipatzen du diglosia atxikigarria (gaztelaniaz
sostenible-edo). Eta berak ez duela kontzeptua inoiz entzun aipatzen
du. Eta interneten non topatu duen. Eta amaitzeko esaten du oximorona
iruditzen zaiola. Hau da, berez diglosia eta atxikigarritasuna
(tumatxa) ezin direla ezkondu. Ba, ez nago ados. Baina kontzeptua niri
ere ez zait gustatzen.
Izan ere, Charles Fergusonen definizio klasikoan diglosia berez
atxikigarria zen, diglosia egoera egonkor eta estankatu bat definitzeko
erabiltzen zen, hizkuntza beraren funtzioak oso ondo definituta eta oso
ondo barneratuta zeuden bere diglosian. Gerora zabaldu diren adieretan
hori ez da horren argia, baina hasierakoan argi eta garbia zen.
Dena den, gaur egun gurean diglosia atxikigarriaz berba egitea
hodeietan ibiltzea da nire ustez. Hemen eta orain diglosia ez da
inondik inora atxikigarria, ezta gutxiago ere. Ez Bilbon, ez Aulestin,
ez Ataunen, ezta Iruñean ere. Ez da, eta oso zail ikusten dut nik
diglosia atxikigarria inoiz herri honetan ikustea (nik ikustea behinik
behin). Eta are gutxiago gaur egun gizarteak daraman abiadurarekin.
Baina tira …..
«Ke gabe irribarrez»…
Ez, hobetu egin dute: Sin malos humos, Ke gabe hobe. Bizi dugun elebitasun honek euskararen menpekotasuna sekulakotzen du. Eta hori, inoiz baino teknikari gehiago eta gaiago dauzkan unean. Euskararen lan-indar handi hori marjinatua dago, gaztelaniaren mende jarria. Zuk uste duzu gure itzultzaile funtzionarioak ez direla gauza euskarari adierazkortasuna emateko? Lan bikaina egin zezaketenak, gaztelaniaz sortutako prosa teknokratiko txarra euskaratzeari daude emanak. Labur: euskara koofiziala da, baina gaztelaniaren subordinatua izatekotan. Euskaraz sortzea, gaztelania marjinatzea da. Adibide hau elebitasunaren esparru guztietara zabal liteke. Etxepare institutuak hitzarmena sinatu du Cervantes institutuarekin: euskara gaztelaniaren eskutik mundura. Milaka adibide dauzkagu.
http://paperekoa.berria.info/plaza/2011-02-13/030/001/politikoki_eragin_beharko_dute_euskaldunek_euskara_marjinaziotik_ateratzeko.htm Koldo Izagirre.
Diglosia Atxikigarria? Betiereko menpekotasun jasangarria etorkizunerako amets? hum… Espero dut euskaldun askok hori baino amets ederragoak izango ditugula gure hizkuntza eta herriarentzako. Koldo Izagirre jaunak baditu.
Horretarako gertatzen zaigunari bere izenez deitzeko argitasuna behar da eta ez lasai lasai heriotzara bidean jarraitu dezagun ziurtatzeko kontzeptu ulergaitzak asmatzeko abilidadea.
Kontzeptu honi indarra eman dion “Euskara XXI” txostena, euskaldunoi amets egiteko hegoak mozteko kontzeptuz beteta dago. Horren adierazgarri, Euskal Herri Euskaldunaren ametsari “ameskeria” deitzen dio. Ez nator bat ni guzti horrekin.
Aspaldiko Egoitz. Diglosia atxikigarria vs. hegemonia guneak. Ala hegemonia guneak dituen diglosiaren alde? Ala …? Eta hori noiz? Orain edo gero? Taktika ala estrategia? Tarteko helmuga ala helburu desiragarria? Neuk mila zalantza ditut, baina argi daukat neure ametsak politagoak zirela eta direla. Errealitate hau baino politagoak. Erromantikoak gara, ze egingo diogu ba!
Kaixo Txerra,
ba ez dakit zer esan. Diglosia atxikigarriarekin zehazki zer esan nahi den zehaztu beharko genuke gehiago planifikazioaren zein mailatan kokatu behar dugun jakiteko baina nere soziolinguista senari jarraituta nik taktika mailan utziko nuke.
Jon Sarasuak aspaldi atera zuen hegemonia kontzeptua plazara eta Ertzeko Zatiak liburuan irakurri diot “hegemonia irekia” kontzeptua ere, hegemonia kontzeptuak bere horretan adierazi lezakeen itxitasun puntu horretatik aldentzeko baliagarri dena eta beste hizkuntzekiko irekitasuna adierazten duena. Gustatzen zait neri hegemonia kontzeptua eta gehiago hegemonia irekiarena.
Euskal Herrian Euskarazek euskarari lehentasuna eman behar zaiola dioenean ere ez dabil oso urruti hegemonia irekiaren kontzeptutik.
Miren Azkarate berak euskararen eta ETBren inguruan idatzitako azkenengo artikuluan ere “hegemonia” kontzeptua darabil etorkizunerako aukera gisa:
“Mezua argia zen, katalanak edo euskarak lehenak, hegemonikoak izan behar dute beren auzoan. Horrek segurtatuko die lekua munduko herrixkan.”
Egia da pedagogiaz egin behar direla gauzak baina helburuak garbi izanda:
– BISIOA
Euskal herritarren artean hizkuntzarik erabiliena euskara da.
– MISIOA
Euskal herritarren artean euskara bihurtzea hizkuntzarik erabiliena.
– ESTRATEGIA
Euskararen biziraupena ziurtatzeko euskarak izan beharreko lehentasunezko tratuaz kontzientziaraztea herritarrak eta erakundeak.
Euskaldun eleanitzak sortzea.
Euskara nagusi izango den gune hegemonikoak sortzea eta sustatzea.
Nere buruak eta astiak horretaraino narama. Ez aurrerago, ez atzerago. Nere jardunean atal eta ildo nagusi horien baitako edukia mamitzen saiatzea da nere helburua euskaltzale moduan.
Egoitz