Euskaraz hitz egiten hasteko instrukzioak
Karrajuako Benitori lapurtua (berak Sechu Senderi lapurtua).
Welcome to the best method to learn Basque!
Bienvenu à la meilleure méthode pou apprendre le basque!
Euskaraz hitz egiten hasteko
lehenengo pausoa erraza da. Egizu karnet tamainako argazkia, euskaraz
egiten hasi baino lehen nolakoa zinen gogoratzeko.
Bigarren pausoak ahalegin apur bat gehiago eskatzen du: beldurrik gabe euskaraz irakurtzea. Animoa eta aurrera!
Hirugarren pausoan gaude. Bulinsky
interpretazio metodoan oinarrituta, hizkuntza ikasten ari den
pertsonaia baten paperean sartu behar duzu, ondorio dramatiko guztiekin.
Adibidez,
kopako sonbreroa, bibotea edo ileordearekin mozorrotu, sartu taberna
batean esate baterako, eta euskaraz lehenengo hitzak bota pertsonaia
horren izenean: “Zurito bat mesedez”.
Zergatik mozorroa? Ikasten hasten
garenean komenigarria da -jende lotsatiarentzat batez ere- ezagunek nor
garen ez jakitea. Ezagun hauek askotan gure misioa kakazteko abilidade
berezia dutelako, hauen modukoak esanez:
- Euskaraz egiten duzu? Beituuu! (barrez)
- Eneeee! Ze ondo egiten duzun! (%100 ironia eta zuzenkeria politikoa)
- Oso ondo neska/mutila! (pozik antzean baina beldurrez)
- Ostias! Honekin orain euskaraz egin behar da. (hau esan ez baina pentsatu bai, eta aurpegian igarri)
- Zelan euskaraz ba? (ikaratuta)
- Zer, perfilaren azterketa daukazu? (zinismo gordina)
- Ostia, colega, ¿y a ti qué punto te ha dado? (moskeatuta)
- Ondo egingo bazenu sikieran… (jatorrista, profanazio-sentimendua)
- Igarri egiten da, ez duzu amaren tititik edan. (jatorristago)
Ergelkeria hauek esaten dituztenek ez dute intentzio txarrik
izaten, baina askotan irteten zaizkigu horrelakoak, eta “Zer esango
dute?” horrek atzera bota ditu euskaraz egiten saiatu den bat baino
gehiago.
“Zer esango” hori dena dela, norberaren semeak bankua atrakatzen
badu arduratzeko motiboa izan daiteke adibidez, baina hizkuntza bat
erabiltzeak ez ditu ondorio berdinak, ez horixe!
Edonola ere, argi izan galdera horrek inseguritatea dakarrela: Eta euskaraz egiten hasten banaiz, zer esango dute?
Kategoria berdintsuan egon daiteke “Zer pentsatuko dute?” galdera
ere, hizkuntza ikasteko prozesuan psikiatriak zer-nolako garrantzia
daukan konturatzeko balio behar diguna.
Euskaraz egiten hasteko laugarren pausoa norberaren errorei barre
egitea da, besteek barre egin baino lehen. Umoreaz hartu behar dira “Ez
nahi dut” edo “Utzi paketean!” bezalakoak. Zientifikoki frogatuta dago
historian inor ez dela joan A: Hizkuntza bat ere ez erabili egoeratik C: Hizkuntza bat ondo erabili egoerara, tarteko B: Halan-holan hitz egin egoeratik pasatu gabe.
Irakurtzen dakienak liburuetan aurkitu dezake laguntza.
Hiztegietan ia berba guztiak daude Atik Zra ordenatuta. Dena dela,
irakurtzen ez badakizu, edo, besterik gabe, ez badaukazu irakurtzeko
gogorik, lasai. Kasu asko dokumentatu dira, euskaraz libururik egundo
irakurri ez duten pertsona asko daude, eta euskaraz ederto baten egiten
dute berba.
Azken fasera heltzen ari gara, euskararen desmitifikazio-fasera
hain zuen ere, une honetan, esanak esan eta mitoak mito, konturatzen
gara euskara munduko beste hizkuntza guztiak bezalakoa dela, berez ez
daukala aparteko transzendentalitaterik. Eta egun batean harrituko gara
konturatuta norbaiti, natural-natural, ia pentsatu gabe, ordua
galdetzen ari garela euskaraz.
Eta behin helburua lortuta, berriro harrituko gara ikustean
-batzuek diotenaren kontra- euskaraz egiteko ez dela ez abertzale
erradikala izan behar, ez baserri batean bizi behar.
Euskaraz egiteko instrukzio hauetako azken pausora heldu gara, ez
dago atzera egiterik gainera. Lehengo argazkia oraingo argazkiarekin
konparatzeko ordua da, eta dena berdina dela ikusiko dugu.
Aldaketak ikustezinak izango dira, eta baten bat balego azalpen
bakarra denbora edo euskararekin zer ikusirik ez daukan beste edozein
faktore baino ez da izango.
Lapurrak asko hemen, gero! Eskerrak CCa daukagula kontzientzia kargua garbitzeko. 😉