First we take Manhattan?
Petra
Elserrek artikulu interesgarria plazaratu du aste honetan sustatun.
Euskaldunon bizi-mailaz eta abar mintzatzen zen artikulua.
Interesgarria da gai honi oratzea. Berak esaten zuenaren arabera euskal hiztunen elkartea ekonomikoki aberatsa da eta ikasketa mailan ondo prestatua. Gainera, euskal
elite berri-berria dugu, aurrekoarekin zerikusirik ez duena: laikoa,
sexuen parekotasunean orekatua, ipar-mendebaldeko balioetan hezia
(Manhattanera edo Berlinera begiratzen duena, Madrilera baino gehiago),
eleanitza eta nazioartean esperientziaduna, hainbat master eta tituluren
jabea, eta enpresetan, unibertsitatetan eta instituzio publikoetan
lanpostu garrantzitsuak dauzkana.
Argazkilaria: Aturkus
Bai,
Petrak arrazoia dauka, egoera guztiz homogeneoa ez bada. Gipuzkoan,
Nafarroa iparraldean eta Bizkaiko zenbait eskualdetan hau nahiko
nabarmena da, Bilbo aldean eta Gasteiz aldean, ordea, ez horrenbeste.
Baina tira onar dezagun hori hala dela. Hala ere, berak aitortzen du
elite berri hau oraindik gaztea da (40 urtetik beherakoa) eta ez dago
(gaude) elitearen erpinean inondik ere.
Eta Petrak geroago esaten du honako hau: Euskarak
eta euskal gizarteak azken hogeita hamar urteotan izan duen bilakaeran,
aurrerapen prozesuan eta lorpen guztietan, ziur asko eragin handia izan
du, eta bide egokia zen, lehentasuna erdi eta goi-mailako klasetan
jartzeak: hezkuntzan, kulturan, aisialdian eta ekonomian. Geografikoki
bizi garen lekuan eta munduko ekonomia sistema kontuan hartuz, klase
horiek gabe, zoritxarrez, hizkuntza komunitate batek ezin du bizirik
iraun.
Ados
nago Petrarekin. Baina … elite horrek euskaraz betetzen ditu bere
bizitzako funtzioak? ala maila sinbolikoan geratzen da euren
euskaltasuna? Lan munduan ze hizkuntzatan mintzo dira horiek? Eta
aisialdian? Eta kultur kontsumoan? Eta …
Eta baita beste hau esan ere: segurtasun
ekonomikorik gabeko klase baztertuetan, lanerako adina duten pertsonen
artean, hizkuntza nagusia gaztelania da, edo, etorkinen eraginez,
munduko beste hainbat hizkuntza.
Ados
nago Petrarekin. Baina … gaztelania ez da bakarrik klase baztertuen
hizkuntza. Bizkaian, Araban eta Nafarroan elite ekonomikoaren hizkuntza
ia bakarra da, eta Gipuzkoan hein handi batean ere bai. Gauza biak
aipatu behar dira, zintzoak izango bagara.
Eskerrik asko, nire
artikulua blog honetan aipatzeagatik eta argazki polit horrekin apaintzeagatik
😉 Horren bidez ere ezagutu dut blog interesgarri hau.
Aipatzen duzun hirugarren
puntuari buruz, ohar txiki bat egin nahi dut:
Lurraldeei buruz hitz
egiten dugunean, Iparraldea ere sartzen da, nahiz eta egoera oso
diferentea izan. Baina hala ere, nik uste antzeko fenomenoak gertatzen dira,
nolabait denboran atzeratuta (leku askotan oraindik galtze-prozesu agudo gertatzen
da eta ez biziberritzea) . Zuberoan adibidez duela 20-15 urte arte euskara oraindik
baserritar-langileen hizkuntza (beheko klaseena, alegia) izan zen, baina justu haien
artean (herrietan edo kalean behintzat) gehien galdu da euskara azken 15
urtetan eta gaur egun euskaraz bizi edo
etxean eta kalean euskara erabiltzen dutenak (nire behaketa, besterik ez….), ertain-klaseko
familia gazte eta ikasketa onekoak dira, ikastolak eta euskal kultura inguruan
mugitzen direnak. Beheko bizi maila eta ikasketa urriko pertsonak, ordea, proportzionalki, neurri
handiago batean frantsesera pasa dira.
Apropos ez nuen aipatu Ipar Euskal Herriko egoera. Alde batetik, ezberdina delako eta beste batetik horren ondo ezagutzen ez dudalako. Baina bai, arrazoia duzu Petra, horretan ere.
Eta pozten naiz blog hau deskubritzeagatik, eta pozten naiz erantzuna uzteagatik, nahi baino gutxiago jasotzen ditut eta. Jarraituko dugu ibiltzen …….
Urtzi Urrutikoetxeak ere aipatu du gaia igande honetako bere zutabean: Aberatsen hizkuntza.