Gazteok eta euskara
Artikulu hau 2007ko abenduko Xirika aldizkarian agertu da. Pdfan jaitsi nahi baduzu, hona jo.
Izenburu originala aukeratu dut, originalen artean originalena. Jarrai dezagun ba, galdera originalak egiten: zergatik ez dute gazteek euskaraz egiten? To eta no, hori da hori originala izatea, pentsatuko du batek baino gehiagok. Erronka berriak gustatzen zaizkit, dudarik ez. Eta bide malkartsu zein berri horretan nik ere nire aletxoa ekarri nahi dut. Has gaitezen hasieratik, hortaz.
Egia al da gazteek ez dutela euskaraz egiten? Ba, zorionez edo zoritxarrez gezurra da. Gazteok euskaraz egiten dugu, eta ez diot nik. Inkesta soziolinguistiko eta kale neurketa guztiek hori esaten dute. Eta
ez hori bakarrik: helduek baino gehiago egiten dugu euskaraz. Ostia, orduan zergatik esaten da gazteen artean euskaraz ez dela egiten?
Ba, fideltasun kontuagatik izango da akaso. Izan ere, gazteen artean hizkuntza leialtasuna txikiagoa ei da, beste adin tarte batzuetan baino. Bale, arrazoi. Baina hau ere ez da guztiz egia. Gazte gehiagok du euskaraz nola edo halako gaitasuna. Zenbait lekutan gazte gehienek badute ulertzeko gaitasuna eta berba egiteko gaitasun minimoa. Baina, era berean, gazteen artean euskarazko hala-moduzko gaitasuna dutenak gehiago dira beste adin tarte batzuetan baino. Eta horrek azaltzen du hein handi batean
euskararekiko leialtasun eskasagoa.
Izan ere, lagun arteko erabileran (besteetan ere, baina honetan bereziki) erosotasunak goitik behera baldintzatzen du jarduna. Erosotasunik izan ezean, ez duzu erabiliko. Eta hori ez dago konpontzerik: edo eroso izan edo erdarak erabili. Eta erdarak erabiliz, erosotasun gehiago eta ohitura batzuk finkatuta. Eta hori aldatzen zaila da, oso zaila, gezurra badirudi ere.
Baina ez gaitezen engaina. Euskaraz ondo moldatzen diren askok ere ez du euskara erabiltzen. Ados, baina asko kopuru erlatiboa da. Asko, zerekin alderatuta? Asko, zeren arabera? Egia esateko,
euskaldunok oro har leialtasun handia erakusten dugu, edo hori dio behintzat Txillardegik asmatutako formula matematikoa. Formula horrek neurtzen du matematikoki euskaldun batek zenbat aukera dituen euskaraz egiteko leku zehatz bateko euskaldun kopurua aintzat hartuz. Ba, herri gehienetan erabilera formula horrek adierazten duena baino handiagoa da. Eta zergatik? Ba, euskaldunok trinkotze maila dezente handia erakusten dugulako. Hau da, euskaldunok jotzen dugu euskaldunekin batzera, eta euskaldunekin jardutera.
Aldendu gara apur bat. Itzul gaitezen, ba. Ondo egiten dutenek zergatik ez dute egiten? Ba, ez dakit, eta seguru haiei galdetuta ere, ez luketela jakingo zergatik, edo erantzun topikoak emango lituzkete: ohitura eta halakoak. Baina bestelako arrazoiak ere egon badaude.
Ohiturarena egia da. Eta oso zaila da aldatzen. Tabakoa uztearekin alderatu dute askok hizkuntza ohiturak aldatzearena. Eta egia da, baina posible da, nahiz eta tabakoarekin gertatu bezala, borondate irmoa behar den. Eta sarritan tabakoarekin bezala, laguntza ere behar da.
Baina ohituraz gain, bestelako arrazoiak ere badaude. Fishman soziolinguistak social rewards bezala izendatu zituen arrazoi hauek. Guk, itzulpen librean, jendarte sariak deitu ahal ditugunak. Eta zer
dira hauek? Ba, labur-labur, jendarteak hizkuntza bat erabiltzeagatik edo ez erabiltzeagatik ezartzen dituen sariak edo zigorrak. Sari eta zigor sozialak beti ere.
Pentsa dezagun, beraz, apur bat: zer jendarte sari ditu euskarak? Eta zer jendarte sari erdarek? ….
Ona artikulua, txo!
Beste galdera bat egingo nuke. Zenbat(ek) egitea espero genuke? Eta matematiketan sartuta. Zein da erabileran espero daitekeen progresio matematikoa?
Oharra: pasarte bat (Fishmanena) errepikatuta daukazu.
Aldatu dut bi parrafoena. Eta pdfan jaisteko aukera ere eman dut.
Eta zuk egiten dituzun galderei dagokienez, matematikak ez dakit, baina argi dago erabilerarena segun eta nondik begiratuta, edalontzia erdi beterik dagoela, erdi hutsik baino. Oinarria egon badagoela, kontxo.