Irakurgaiak: Bertan Bilbo
“Bertan Bilbo:
Bizkaiko hiriburua eta euskara XX. mendeko historia”, Aitor eta Pedro
Zuberogoitia.
Liburu bikaina
atera dute Zuberogoitia anaiek. Euskararen (eta euskalgintzaren) historia
soziala egiteke dagoen honetan, beste ale bat. Liburua oso bilbotarra da,
Bilbori buruzkoa izateaz gain. Bilbotarrok (ala bilbotartuok!) ere harro
egoteko milaka motibo plazaratu dizkigute anaiok.
XX. mendeko
euskara eta euskalgintzaren historia egin nahi izan dute. Bilbon, jakina. Eta
baita lortu ere. Gainera, liburua dibulgatiboa da oso, ez da inondik inora
astun egiten (pentsa, nik 4 egunetan irakurri dut). Historia kontatzen du,
baina batez ere istorioak. Eta, gainera, niri nahiko gertuko egin zait, hor
aipatzen diren askotxo ezagutzen ditudalako (batez ere, azken urteetakoak, gazteegia naiz bestelakoak
ezagutu ahal izateko, behintzat lehen
eskutik).
Zenbait puntutan,
hala ere, laburtxo iritzi diot liburuari. Informazio gehiagoren gose geratu
naiz. Baina, tira, ez da txarra ere, historia horietan sakontzeko harra piztu
dezake ere gose horrek. Eta, gainera, irrikitan nago XXI. mendeko lehen
hamarkada (oraindik amaitu ez dena!) eta hari dagokion garraiobidea (tranbia
ezta?) irudikatua ikusteko.
Gomendatzeko
moduko liburua inondik inora. Irakurterraza eta, gainera, berria, inor gutxik
jorratutakoa. Niri burura Donostia, Lasarte, Pasaia eta Lezoko kasuak baino ez
datozkit. Egunen batean, Deriori buruzkoa egiten hasi beharko genuke……………………
Ostegunean egingo da aurkezpena Bilbon, Aretatzako liburu azokaren karpan 11,30etan.
Aurkezpena egin aurretik, liburua erosi eta irakurri. Ostia, azkarra naiz gero …..
Mahatserriko Irakurlearen Tarteak 50. saioa egingo du ekainaren bukaeran (azken asteazkenean) eta oraingoan Bertan Bilbo liburuaren gaineko saioa izango da, Pedro eta Aitor Zuberogoitiarekin
Zuberogoitia anaiei elkarrizketa egin diete Diario Vascon. Oso interesgarria.
Liburuaren laburpen polita egin zuten egileek eurek Bilbo Hiria irratian, 30 minutuko elkarrizketan.
http://www.bilbohiria.com/web/1319