Konpasaren teoria
Tximintxeko kide bat Erandiokoa da. Eta behin baino gehiagotan aipatu
izan du konpasaren teoria. Eta, holakoak garenez, ba nik kopiatu eta
hona ekarri.
Esan bezala, Erandiokoa da, nahiz eta Derion
aspaldi bizi. Eta Erandio Goikoan jaiotakoa, eta han bizi izan du
Deriora joan arte. Ba, Erandio Goikoako euskal komunitatearen gesaltzea
azaltzeko konpasaren teoria darabil berak. Hau da, Erandioko eliza
zentrotzat hartuta, konpas batekin marrazten baduzu mapan, elizatik
gero eta urrunago, orduan eta “euskaldunago”. Hau da, Erandioko
elizatik abiatuta, zirkuluak egiten hasiz gero, Erandioko euskal
komunitatearen gesaltze prozesuaren argazki paregabea lor dezakezu.
Berak dioen moduan, salbuespenak egon badaude, baina hori dira
salbuespenak. Eta, gaineratzen du, salbuespen horiek burugogorrak
izateagatik direla. Burugogor politikoak: hau da, elizatik hur bizi
arren, euskal nortasun politikoa garatuta zuten gurasoek transmisioa
bermatzen zuten, bestela ez.
Teoria polita iruditu zait. Eta
argigarria. Falta zaion gauza bakarra arrazoiak aipatzea litzateke.
Baina horiek nik aipatzea baino, agian irakurleren batek, ezta?
Ez dakit teoria hori ondo ulertu dudan. Horren arabera jendea euskaldunagoa da elizatik zenbat eta urrunago. Baina elizaz ari garela zertaz ari gara Eliza instituzio modura (erlijioa alegia), ala eliza herriaren erdigune (eliza, udaletxea, plaza…)? Suposatzen dut bigarrenagatik ari zaretela.
Arrazoia ez litzateke zaila azaltzen kasu horretan, administrazioaren bidez sartu den hizkuntzak administrazioaren ikurrak batzen dituen gune geografiko-ekonomikoan izango du indar gehien, eta beste hizkuntzak indarra izango du bere jardun sozial eta ekonomikoa (nekazaritza) indartsuen den lekuan (baserria, azoka…).
Sinpleegia igual, ez?
Ondo ulertu ez baduzu, ondo azaldu ez dudan seinale. Baina bai, ondo hartu duzu. Eliza eraikin gisa, herriko erdigune gisa. Hori adierazi nahi nuen.
Eta bai arrazoia sinpleegia, baina askotan arrazoi sinpleek egia diote.
Zer adierazi nahi nuen nik? Ba, zer dela eta herriko erdigunean bizitzeak eragiten du etxeko transmisioan? Zer arrazoi daude herriko erdigunean bizi ziren euskaldunek euskara ez transmititzeko edo nola edo hala transmititzeko?
Erdigunea ta zirkuluaren baldintzak aztertzeko aukerak:
– apaiza (k) nor izan den eta zein jarrera eduki du(t)en
– Erandioko geografiaren berezitasunaren eragina
– historia administratiboa (udal bulegoak non egon diren eta non dauden, Bilbotik desanexioa…)
– erdigunean transmititu dutenen jarrera eta formazioa (politikoa, kulturala) eta maila ekonomikoa
– Bilboren itzalaren neurria batzuen eta besteengan
– erdigunean transmititu dutenen eta ez dutenen lanbidea (zein eta non kokatua)…
Polita litzateke antzeko neurriko herriren baten zirkulurik identifikatu duten ezagutzea. Eta baita egotekotan noiz eta zerk eraginda sortu ziren ezagutzea. Gehiegi jakin nahi izatea ote?
Ba, uste dut galdera horrela botata, erantzuna erraza dela era berean, erdiguneko “lingua franca” statusa apurka-apurka administrazioaren hizkuntzak hartzen du: hierarkiagatik, prestigioagatik eta baliagarritasun sozio-ekonomikoagatik. Eta bulego-pulpituetatik etxe barnera igarotzen da.
Baina zentzu horretan, nire ustez, hori da logikoena, hau da, prozesu hori horrela gertatu da leku gehienetan (EHn eta EHtik kanpo).
Nik galderari buelta emango nioke eta kontrako kasuetara joan. Adibidez, zergatik mantendu da euskara hiri-hizkuntza modura Ondarroa edo Azpeitia bezalako herrietan, tamaina eta izari urbano berdineko beste gehienetan paper hori galdu duenean?
Ai Benito, ze politak diren Azpeitia eta Ondarroa … baina nik gurago Txorierrin lotu …….
Ez, broma barik. Esan gura dudana hauxe da: nik gurago dut elizatik urrunen dauden baserriei, hurren daudenei baino. Hau da, niretzat interesgarriagoa da jakitea zergatik mantendu den Goierriko baserrietan euskara hain gogor, eta ez zergatik gesaldu den elizatik hurbilen dauden baserrietan.
Azken finean, askotan aipatu dudan bezala: euskara mantendu izana Bilbotik 10 kilometrotara (eta Bilbon bertan, edo Etxebarrin, edo Basauriko zenbait auzotan, edo Derion, edo Sondikan) XX. mendean “miraria” da. Eta hori aztertu beharko genuke sakon.
Nik ez dut horren erraz ikusten.
Batetik Erandio Goikoako zirkulu horietan azken urteotako txaletak sartzen diren jakin beharko genuke.
Bestetik fabrikak Asuan eta inguruetan jarri ahala, langile erdaldunen emaria ere kontuan hartu beharko genuke. Non kokatu ziren eta abar.
Eta azkenik, Erandio Goikoan administrazio publikoetako egiturarik inoiz egon den jakin beharko genuke. Egon ote da inoiz udal bulegorik? Finean, udalik gabeko herrigunea izanda, bertako biztanleak eta baserritarrak, denak berdin, lehenago Bilbora eta gero Erandioko beheko partera joan behar izan dutelako gestioak egitera.
Are gehiago, urrutira joan gabe, udalerri diren eta administrazio (beti) eta eliza (ez beti) erdaldunarekin bizi izan diren eta euskaldun ia %100ean izaten jarraitu duten neurri bereko herri kasko andana ditugu Bizkaian, eta ez oso urruti, beraz ez dago hain argi administrazioaren eraginak transmisioan etenik ekarri duenik.
Nire ustez hizkuntzaren mugako lurralde izatean, herritik kanpo edo herriko fabrika erdaldunetan, eta Bilboren “besarkadan” bilatu beharko genituzke Erandio Goikoako herriguneko transmisio etenen arrazoi nagusiak. Administrazioa, prestijioa eta hierarkia hor daude, baina baita beste leku askotan ere, eta eten horiek ez dira eman.
Aldiz, eta kontrara, administrazio gunerik egon gabe, euskara galdu duten nekazari eremuak ere badaude inguruetan…