Kosmobisioa
Aurrekoan Lorea Agirrek Sorguneak ikertegiaren inguruko hitzaldia eman zuen Emuneko lankideontzat. Hainbat gauza esan zituen (horietako batzuk hemen). Baina deigarria egin zitzaidan horietako bat.
Gutxi gorabehera hauxe esan zuen: euskaldunok hizkuntza salbatzearen alde, gure kosmobisioa sakrifikatu egin dugula. Gero ñabardura bat gehitu zuen: kosmobisio hori sakrifikatu dugu, inoiz izan badugu noski.
Horrek zuzenean Txepetxek uztailean esan ziguna ekarri zidan burura. Berak beste hainbat gauzen artean honako hauek esan zituen:
Euskara gero eta gehiago erabiltzen da, gero eta gauza gutxiago esateko. Eta hori da arazoa. Zelan lortu euskara bezalako hizkuntzek zeresana izaten jarraitzea eta bakoitzak zer esan behar duen jakitea. Eta hor dauka euskarak eta beste tarteko hizkuntzek gaixotasun nagusia: zelan orekatu berba egitea eta esatea.
Amigas y amigos mios, recuperemos nuestra canción!
Eta biak irakurrita, zalantzak sortzen zaizkit ….
Artikulu honetan ere antzeko zerbait esaten du Lorea Agirrek:
Zortzigarrena: baliorik handiena hizkuntzari eman diogula, tradizioari
baino, mundu-ikuskerari baino handiagoa; kichwa hiztun batek esan
bezala, gure aurrekoen kosmobisioa galdu dugula.
Bederatzigarrena:
kosmobisioa galdu dugula edota aldatu egin dugula. Modernitatea,
kapitalismoa, hipermodernitatea eta postmodernitatea guk asmatuak
direla, europarrak eta lehen munduko pribilegiatuak garen heinean, eta
horiek ere badira gure kosmobisio.
Ba bai, Ander, horren modukoak izan ziren hitzaldian botatakoak. Eta nik uste nuela originala nintzela ….
Aurrekoan entzun nuen Afrikako esaera zahar bat. Honakoa esaten zuen gutxi gorabehera: txori bat bakarrik hazi ahal da bere lumekin. Eta horixe bera uste dut nik. Nire ustez, euskara euskaratik baino ezin da hazi. Kanpoko ereduak gurera egokituz baino ezin da hazi, baina bertakotasunaren sustraiak galdu gabe. Sustrai horiek galtzen baditugu, akabo gurea. Ez dugu ez etorkizunik, ez iraganik, ez ezer. Fosilizatutako herri momia bat baino ez gara izango. Horregatik, ezinbestekoa da bertako ohitura, errito eta abarretan oinarritutako autozentratutako garapena gure hizkuntza eta gure herrirako. Bestela jai dugu. Ondoan ditugun bi munstroek eta ingelesak irentsiko gaituzte, gure hilobia baino ez da geratuko historiarako. Bazen ba euskaraz hitz egiten omen zuen herri bat hemen. Baina toponimoak baino ez zaizkigu geratu.