Susedidoak
EHUk hilero Campusa aldizkaria argitara ematen du. Eta hilero Kike Amonarrizek artikulua idatzen du bertan. 2009ko urrikoan honako artikulu hau eman zuen argitara:
Suzedidos Baskos
Euskal Herrian oso errealitate soziolinguistiko desberdinak bizi ditugu. Historian aspaldikoa den aniztasun hori, gainera, areagotu egin da azken urteotan. Pentsa dezagun une batez, zein modu diferentetan bizi diren euskaraz Balmaseda, Lekeitio, Gasteiz, Tolosa, Arantza, Baiona edo Altzürüküko
euskaldunak edo nola bizi duten euskara bertako erdaldunek.
Egoera desberdin horiek, hizkuntzen inguruko oso bizipen desberdinak eragiten dituzte herritarrengan. Oso ikuspegi desberdinak dituzte euskaldun zaharrek edo berriek; oso inguru euskaldunetan bizi direnek edo euskara apenas hitz egiten den hiri eta zonaldeetan bizi direnek. Horien erakusgarri XXI. mendeko “suzedido” hauek.
Euskara = eskola
Bilboko Etxebarrieta Parkean gaude. Igande goiza da eta hamar urteko mutikoa jolasean ari da beste mutiko batzuekin. Halako batean, batek honela galdetu dio:
· ¡Oye! ¿Tu padre es maisu?
· No. ¿Qué pues?
· ¡Hombre! ¡Es domingo y te está hablando en euskera!
Euskararen zuzentzaile automatikoa
Muskizko Kultur Etxean gaude. Guraso erdaldunei emandako hitzaldia amaitu da eta ama bat inguratu zait:
· Mira, Kike. Es que hasta ahora no me había atrevido a preguntárselo a nadie, pero…
· Tranquila… ¿Qué te preocupa?
· Es que con el castellano esto no pasa.
· ¿Pero pasar, qué?
· Mira, es que cuando empiezas a hablar en euskera, nada más empezar a hablar… ¡Todo el mundo
te corrige!… ¡Y todos diferente!
Gure herrian arrotz I
Baionan gaude. Euskal Museoaren atarian. Garazi aldean euskara ikasi duen japoniar honi Euskal Museoa bisitatzea otu zaio gaur. Sarrerako leihatilara hurbildu da eta:
· Egun on! Nahi nuke museoa ikusteko sartze bat erosi.
Eta sarrerak saltzen dituenak:
· Pardon! Mais je ne parle pas le japonais!
Kalitatean irabazi ala galdu?
Tolosara egingo dugu jauzi. Euskararen kalitateari buruzko hitzaldi guztiak adibide honekin hasten nituen:
· Guk hamalau urte genituenean, Tolosako kaleetan eta gazteon artean ez genuen sekula akatsik egiten
euskaraz hitz egiterakoan. Inoiz ez genuen okerrik egiten gure artean euskaraz ari ginenean … Beti eta denok erdaraz egiten genuelako!
Gezurra badirudi ere, urte haietan eta Tolosan, ez zegoen kalean euskaraz egiten zuen bertako gazteez osaturiko koadrilarik. Euskararen kalitateari dagokionez, beraz, zer egin dugu, irabazi ala galdu?
Gure herrian arrotz II
Tolosan jarraitzen dugu. Mende hasiera da eta Iurre auzoan gaude. Alaba txikiarekin paseatzen ari naizela, beste haur bat gurutzatu dugu. Alabak hizketan entzun dio bere amarekin, eta burua jiratuz, honelaxe esan dit zeharo harrituta:
· Aita! Ume hori “sitano” ari da!
Harrigarria egin zaio Tolosan adin txikiko ume bat erdaraz entzutea.
Guraso anormalak
Donostiara joko dugu azken suzedidoaren bila. Zazpi urteko alaba afaltzen ari da gurasoekin. Kezkaren bat dabilki buruan eta azkenean kanporatu egin du:
· Ama, zuek zergatik ez zarete normalak? Zergatik egiten duzue beti euskaraz?
Kar, kar… onak. Dena dela, non dago Bilbon Etxebarrieta parkea?
Ba egia esateko ez naiz konturatu, irakurri bai, baina konturatu ez. Etxebarrieta anaien plaza egon badago (ez ofiziala izan arren) eta Etxebarria parkea ere zeuon Mahatserrian, baina Etxebarrieta parkea ez.
Galizian ere susedidoak izan badira: http://eche.blogaliza.org/2012/01/23/historias/ Antzekoak dira, ezta?