Urt04
Txokotik zabalera (I)
Atalak: Sailkatu gabea
“Txokotik zabalera” liburua ari naiz irakurtzen, Dabid Anautek egina.
Iruzkina egin aurretik liburutik ateratako orri bat ekarri nahi dut hona, copyright-aren legeei kasurik egin barik.
Euskara normalizatzeko edo berreskuratzeko formulen edo proposamenen artean, askotariko aukerak ditugu: hizkuntza-ekologian edo paradigma ekologikoan oinarritzen direnak, estatu bat izatea ezinbesteko jotzen dutenak, gakoa hizkuntza-komunitatea trinkotzean jartzen dutenak, hizkuntzarena ia kontu edo auzi estetiko hutsa dela diotenak, gure arazo osoa -eta irtenbidea, noski- komunikazioan edo diskurtsoan kokatzen dutenak, Fishmanen eskailera igo nahi dutenak, literatur eta kultur produkzioa giltzatzat hartzen dutenak, …
Bada, nire ustez behintzat, horien guztien arteko sintesia izanen litzateke formularik egokiena. eta badakit ez dudala deus berririk asmatu. Baina segi dezagun hariarekin. Esan bezala, hizkuntza hautatzeko garaian erabakia alde batera edo bestera eramanen duten faktore ugari dago, egoeraren eta hiztunaren arabera pisu handiagoa edo txikiagoa izanen dutenak: balio etikoak, presio soziala, legea, harreman-sarea, norberaren gaitasuna, balio estetikoak, komunikazioaren eraginkortasuna, balio pragmatikoak, jarrera politikoa, diskurtso sozial nagusia … Hizkuntza normalizatuko badugu, ziur asko horietan denetan eragin beharko dugu, eta faktore guztiak edo gehienak, neurri batean behintzat, euskararen alde jartzen saiatu beharko dugu. Ospitaleratu zaituztenean euskaraz egin nahi baduzu, esaterako, alferrik izanen da hizkuntza-ekologiaren oinarri guztiak barneratuta izatea, sendatu behar zaituen mediku eta erizain guztiak erdaldunak baldin badira; alferrik diseinatuko dugu hizkuntza-planik edo hizkuntza-legerik ederrena, herritarrek euskararekiko gutxieneko atxikimendurik ez badute; alferrik izanen dira hizkuntza-eskubideak, hiztunak euskaraz deseroso eta sufrituz aritzen badira; alferrik …
Horrekin zer esan nahi dugun? Bada, planteamendu edo formulazio teoriko-praktiko guztiek dutela ziur asko beren egiaren eta arrazoiaren puska, eta osagai guztiekin osatu beharko genukeela euskararentzat errezeta osoa eta erabatekoa. [..] Badakit ume inuzente baten ametsaren tankera duela ideiak, eta esatea egitea baino askozaz ere errazagoa dela; baina zer eginen diogu, hala iruditzen zait niri.
Eklektizismoa proposatzen ari da Anaut azken baten. Hizkuntzen irakaskuntzan ere antzeko planteamenduak zabaltzen hasi dira aspaldi. Dena dela, herri honetan hainbeste gustatzen zaigu alderdi, futbol-talde edo koadrila batekoak izatea, ze hortik irteten dena alde batera uzten dugu segidan.
Nik blogera ekarri dut hizkuntzaren normalizaziorako lehen aldiz ia-ia ikusten dudalako eklektizismoaren proposamena. Hori bai, herri hau ezagututa … Badakizu lau euskaldun batu eta ziur bi alderdi politiko, bi koadrila, bi soziedade, bi konpartsa, … kainismo ikaragarria.
Hori baino gehiago esango nuke “sota kaballo y rey” egiteko zale garela. Mekanika bat hartu eta hortik beti.
Hara, ba niri oso egokia iruditu zitzaidan aspaldi ez, Rufino Iraolak erabili.com-era eramandako iritzia: euskararen mundutik engainua desterratu behar zela zioen, eta bat nator erabat. Eta engainua desterratzeaz gainera, gogoa berreskuratzeko zerbait egin behar delakoan nago, ze iruditzen baitzait, inoizko baliabide, azpiegitura eta prestakuntza handienak izanda geldoegi doala barkua… ilusio faltak, tripulazioaren arteko istiluek eta bidaiarien etsiak jota. Ez ala?
Oro har ados nago zuk egindako diagnosiarekin. Hala ere, gauza bat azpimarratu nahiko nuke. Sarritan mundu honetan gabiltzanok diagnositik haratago ez dugu aurrerapausorik ematen. Eta Dabid Anautek egoera gainditzeko metodoez ari da entresaka horretan. Diagnosia bai, baina irtenbideak behar ditugu, korapiloa askatu behar dugu, nahiz eta jakin euskalgintzaren bideak luzea eta jarraitua izan behar duen.