Aitor Agirrezabalaga (1985, Donostia)
Glasgowtik Derryra hegazkinez joango naiz. Handik Dublinera autostopean. Hegazkina hartu eta Kroaziara, handik autostopean berriz, nolabait Errumaniara heltzeko asmoz!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Txope(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
25. eguna: Neptun, Errumania
Atalak: Errumania
Neptuneko itsasertz ederra
Egun lasaia izan dugu gaur. Atzo gaua uste genuena baino gehiago luzatu zen eta horregatik patxadaz esnatu gara, inongo presarik gabe. Neptun hobeto ezagutzeko eta bertako hondartzan egoteko erabili dugu eguna. Dena den, gaurko eguna kontatzen bart gauetik hasi behar dudala uste dut.
Atzo gauean ikaragarrizko barbakoa egin ostean kanpineko egurrezko mahaietan geratu ginen garagardo batzuk hartzen. Nahiz eta inork ez aipatu, gure artean nabari zen gorputzek martxa pixka bat behar zutela. Kanpineko garagardoak amaitu genituenean Neptuneko gau giroa ikertzera atera ginen. Jende asko zegoen oraindik ere jatetxeetan afal-osteko solasaldian edari batzuk hartzen. Lehendabizikoan ikusi genuen nahiko itxura ona zuela gauak, baina oraindik ere goiz samar zen bertan zeuden diskoteketara hurbiltzeko.
Gurdi gidariarekin mini tourra egin ostean
24 orduz irekita dagoen dendetako batean Ursus, bertako garagardoa, gehiago erosi eta oinez buelta bat emango genuela erabaki genuen. Horretan ginela, zaldiek gidatutako gurdi bat gure alboan geratu eta buelta bat eman nahi genuen galdetu zigun. Pertsonako 10 euro izango zirela jakitean berehalakoan jaso zuen gure ezezkoa. Hala ere, handik 20 bat metrora beste gurdi gidari batekin elkarrizketa bera izan eta bi eurotan gurdian ibiliko ginela adostu genuen. Ez dakit beste gidariak ze buelta eman nahi ote zigun baina gidari honekin egin genuen bueltaxka ez zen ziurrenik lau minututara ere iritsi. Dena den umorez hartu genuen gure mini tourra, barre galantak lagunduta egin baikenuen bide osoa.
Han eta hemen bueltaka ibili ginen gure gurdi itzuliaren ostean, eta aspertuta Kremlin izeneko diskotekan sartzeko ordua zela erabaki genuen. Eraikuntza txuri baxu bat zen. Pabilioi txiki baten antzekoa, sarrerako atea eta sabaia kolore gorri argiz margotuak zituen. Sarrerako atearen ezker aldean, eraikuntzaren sinboloa zegoen: metro inguruko diametroa zuen borobilaren barnean mailua eta igitaia. Izen eta margo horiekin zer aurkituko genuen pentsatzen egin genuen barrurako bidea atean bostna euro ordaindu ostean.
Joseba bazkaria eta ni mahaia prestatzen, beste alperrak non ote?
Barruko dekorazioa komunista baino putetxe batekoa zirudien. Leopardo estanpaziozko sofak, ispiluak edonon, sabaitik beheraino zetozen belusezko gortinak…. benetan bitxia zen leku hura. Hala ere, bertako musika ederra zen eta oso giro ona zegoenez bertan pasa genituen kanpinera bueltatu arteko orduak.
Eta parranda honen ostean… ordu biak arteko loa. Egia esan, kanpina muntatu genuenean horrelako gau bat espero genuen eta kanpineko harresiaren eta zuhaitz batzuen babespean jartzea erabaki genuen. Horrela, eguzki izpietatik salbu izango ginelakoan ginen eta asmatu genuen.
Atzoko afaria oraindik ere buruan dugunez gaur bazkari berdina egitea erabaki dugu eta superrera joan gara atzo bezain beste janari erostera. Barbakoa berriro piztu eta eguerdi partea bere inguruan jaten eta karta jokoan pasa dugu hondartzara joatea erabaki dugun arte.
Bazkal osteko poker partidatxoa
Hondartza polita eta luzea du Neptunek. Eguzkia itzali den arte bertan ibili gara Albenan erositako baloiarekin jolasean. Berriro ere autoan kanpinera bueltan, bihar Bucarestera joan behar dugula oroitu dugu eta ikaragarrizko ideia otu zaigu. Bihar Constantan autoa itzuli ostean “Bucarest Express” egingo dugu. Banan-bana Constantatik hiribururaino dauden 225 km-ak autostopean egingo ditugu nor den azkarrena ikusteko. Nirea esperientzia polita izan dela ikusirik, lagunek ere horrelako zerbait egin nahi dutela eta hori dugu biharko plana. 20 minutuko diferentziarekin aterako gara eta zozketa egin ostean laugarren ateratzea tokatu zait. Ikusiko dugu zer gertatzen den.
Gaur egun lasaia, baina bihar abentura berriz ere bueltan da…