26. eguna: Neptun, Errumania – Bucarest Errumania (Bucarest Express)
A ze eguna gaurkoa! Zapore guztiz gazi-gozoa. “Bucarest Express” esperientzia bikaina bezain zaila izan da.
Hasieratik hasiko naiz:
Goizeko bederatzietan genuen esnatzeko ordua, baina aurretik abentura itzela genuenez, minutu batzuk lehenago denok esnatu gara. Kanpina jaso eta motxilak prestatzean txapelketak lehen berria ekarri digu. Xabierrek parte ez hartzea erabaki du. Oraindik hasi gabe eta, geratzen ginen lauak garaipenetik gertuago gaude lehen orduko bajaren ondorioz.
Neptunetik Constantara dauden 42 km egiten ordu bete inguru pasa dugu bidean gasolindegi batean gosaltzen geratu garelako. Hamaiketarako autoa itzulia dugu eta bideari ekiteko prest gaude. Joseba izan da zozketa ostean irteten lehenengoa. Gero, Agustinek jarraitu dio eta horren ostean Karlos abiatu da. Joseba irten denetik ordu betera iritsi zait niri ere txanda eta garaipenaren bila abiatu naiz.
Bucarest Expresseko arauak honakoak dira: 20 minuturen tartearekin aterako gara, baina gero denbora hau helmugan automatikoki errekuperatuko dugu. Debekatuta dagoen gauza bakarra garraioren bat ordaintzea da eta bi pertsona toki berean elkar topatuz gero, lehenengo bertan zegoenak izango du lehentasuna. Irizpide horiek jarraituz gertatu dena honakoa izan da protagonisten hitzetan:
Joseba: “Jesukriston esperientzia izan da Bucarest Expressekoa. Zozketa ostean lehenengo irtetea egokitu zait, eta halaxe izan da. Egia esan, hasiera batean, Constantan, nahiko galdua ibili naiz Agustinek autobus batetik bertara igotzeko esan didan arte. Harritu nau baina konturatzerako berekin nengoen autobusean. Autobusak Constanta irteeran utzi gaitu eta Agustini utzi diot lehendabizi autostop egiten, bera baitzegoen autobusean ni baino lehenago. Berak nahiko azkar geratu du auto bat, baina bera joan eta 5 minutura nik beste bat lortu dut. Autoa Bucaresteraino zihoanez irabazteko bidean egon nintekeela pentsatu dut. Gainera, autopistan oso azkar joan garenez eta gidariak GPSa zuenez, Constantatik irten eta lau ordutara Bucaresteko ostatuan, helmugan, egotea lortu dut. Lehenengoa izan naiz gainera. Horregatik, garaipena lortzeko besteak noiz etorri zain egon behar izan dut, baina nire lana ondo egina dut.”
Agustin: “Ostatutik korrika bizian atera naiz. Autobus bat nire aurrean geldirik ikusi eta nora doan jakin gabe, eta ordaintzeko inongo intentziorik gabe bertan igo naiz. Barruan nengoela, autobusa norantz doan galdetu dudanean, a ze poza! Hiria zeharkatu eta Bucarestera bidean dagoen auzo batera doa. Bidean Joseba ikusi dut eta igotzeko garrasi bat egin diot. Batera joanda nik irabaziko nion 20 minutuko marjina nuelako. Horrela, biok Bucarest bideko geltokian geratu gara eta bertan ni izan naiz lehena autoak geratzen jartzen. Zorte handia izan dut eta berehala auto bat geratu eta barrura sartzean tipoak hiriburura doala esan dit. Irabazteko aukera asko nituela konturatu naiz baina ostatura iristean Joseba bertan zegoen…”
Karlos: “Esperientziari ematen diodan puntuazio orokorra 10 bat da. Constantan zehar bi ordu eta piku oinez ibili ondoren, auto bat geratu dut. Barruan ziren bi constantatar gazteak Bucaresteko aireportura doazela esan didatenean ze poza! Bidean zehar ez dugu asko hitz egin ingelesez edo gaztelaniaz ez zekitelako, baina jatekoa eta edatekoa eskaini dizkidatenean ulertu ditut. Aireportura iristean, niri laguntzeko asmoarekin eta denbora soberan zutelako, idatzita nuen ostatuaren helbidea berriro erakusteko keinua egin didate. Nik papera luzatu eta GPSan sartu dute. Dena den, arazoren bat izan du aparatuak eta ostatuan utzi ordez gertu omen zegoen kale batean utzi naute. Bertan, aurrera eta atzera, jendeari galdezka erdi galduta nenbilela atzetik alkandora berdeko gizon bat segika nuela ikusi dut. Ni kalean gora abiatzen banintzen, bera atzetik. Eskuinera jiratzen banuen, atzetik jarraitzen zidan berak. Gelditu eta buelta erdia eman ostean bere ondotik pasa eta atzetik etortzen hasi denean, ez dit inolako graziarik egin. Horrela, nahiago nuela txapelketa galdu tentsiozko momentua izan baino erabaki dut eta ikusi dudan lehen taxia hartu dut. Taxiak Constanta atzean utzia nuenetik 5 ordu eta 35 minutu geroago ostatuko atean utzi nau. Dena den, taxia hartu dudanez kanporatu egin naute, baina emaitzari hainbeste kasu egin gabe esperientzia bikainarekin geratzen naiz.”
Aitor: “Constantan oinez ordu bete inguru egin dut egokitzat jotzen nuen lehen tokira iritsi naizen arte. 20 minutu egin ditut esperoan eta harrigarria bada ere beste norantzan doan auto batek 180 graduko bira eman du eta nire aurrean geratu da. Lanera garaiz zihoala esan dit Gabik, 30 urteko errumaniarrak, eta horregatik gutxienez Constanta kanpoaldera eramango nauela. A ze tipo jatorra! Gabik etxe guztiak amaitzen ziren tokian zegoen gasolindegiraino eraman nau. Bertan jaitsi eta laguna agurtzean gauzak ondo doazela pentsatu dut. Baina, berehala izan dut lehen arazoa. Bertan bikote bat zegoen autostopean eta nahiz eta beraiekin geratzeko gonbita egin didaten, hiru pertsona geratzea zaila izango zela pentsatu eta oinez aurrerantz joan naiz kilometro bat inguru. Errepidean autoak nahiko azkar zihoazen, baina geratzeko izan zezaketen toki baten ondoan hasi naiz lanean. Ordu laurdenaren ostean urrutitik ikusi dut kamioi bat geratzen ari zela. Nire aurrera iritsi denean Bucarestera zihoala esan dit eta bertan igo naiz. Orduantxe hasi da nire infernua. Katalin izena zuen kamioilariaren eta nire artean, komunikatzeko hizkuntza arazoa izateaz gain, berak komunikatzeko ahaleginik egiteko gogorik ez zuela azkar erakutsi dit. Hau gutxi balitz, kamioiaren abiadura ez zen inoiz 50km/h tik pasatzen… autopistan!! Constantatik Bucarestera dauden 225 km egiteko, ohiko diren 2 ordu eta 30 minutuak ordez, 5 igaro dira hiria ikusi dugun arte. Eta nire ezbeharrarekin amaitzeko berak hegoaldeko poligono batera joan behar zuen lanaren ondorioz eta hau horrela izanik hiriaren zentrutik 11 km-ra utzi nau. Helmugara iritsi naizenerako gaueko hamarrak inguru ziren. Izugarrizko desesperazioa nuen gainean baina lagunekin bat egin eta euren abenturak entzuteak poztu nau eta nire infernurako bidea ahaztu arazi dit. Nire denbora? 8h 45 min. 3000km-ko esperientziak ez dit gehiegirik lagundu.”
Ezin amaitu eguna Agustinen denbora 3h 45 minutu izan dela esan gabe. Joseba iritsi eta 5 minutura iritsi denez, eta 20 minutuko aldea zuenez, bera izan dugu Bucarest Expresseko irabazlea. Zorionak hemendik Agus!
Bidaia guztiko zorte on guztia, gaur txar bihurtu da. Baina hobe horrela alderantziz baino…
jajajjaja! Zuek zeate abentureroak!! Ona! Nere lagunak ez dira animatzen holako zerbait egitea, ezta erotuta ere!
jajajjaja! Zuek zeate abentureroak!! Ona! Nere lagunak ez dira animatzen holako zerbait egitea, ezta erotuta ere!