27. eguna: Bucarest, Errumania
27 egun pasa ondoren Bucaresten nago, helmugara iritsi naiz eta garaiz gainera. Lagunek bazekiten biharko nuela Madrilerako hegaldia eta nire bidaia berdina egitea erabaki zuten. Horregatik, gaurkoa izan da inguru honetan pasatzen dugun azken eguna.
Bederatzietarako esnatu gara Errumaniako hiriburuaren toki ikusgarri eta garrantzitsuenak bisitatzeko asmoarekin. Ostatuan eman dizkiguten hiriko mapak ikusi eta gure tourra prestatu dugu. Lehenengo geldialdia ostatutik gertu dagoen museo militarrean izan da.
Museoan Errumaniako historia antzinatik erakusteaz gain, denbora horretan zehar egondako gudetan erabilitako armak daude erakusgai. Eraikin barruan dagoen esposizioa ondo dago, baina benetako ikusgarritasuna kanpoko lorategian hasten da. Bertan, misiletatik hasi eta gudetan erabilitako kamioi, auto, komunikazio dorre, helikoptero, hegazkin etab. ikus daitezke. Zein baino zein handiagoa eta ikusgarriagoa. Denok horrelako aparatuak nahikoa gustuko ditugunez, goiza pasatzeko aukera ona egin dugula pentsatu dugu.
Museoa atzean utzi eta Bucaresteko eraikin handienerantz joan gara, Errumaniako parlamentura. Esaten denez, Pentagonoaren ostean munduko eraikinik handiena omen da. Dena den, batzuk handienentzat jotzen dute Pentagonoa 5 eraikinen batura dela argudiatuz. Nicolae Caucescuk, Errumaniako diktadore ohiak, eman zuen eraikina egiteko agindua eta nahiz eta 1985 hasi ziren hau eraikitzen, 1989an Caucescu hil zenean oraindik amaitzeke zegoen. Eraikinaren datu ikusgarriena 315.000 metro karratu dituela da. Nahiz eta argazkietan ikusia izan, bertaratu arte ez zara eraikinaren handitasunaz ohartzen. Eraikin benetan ikusgarri eta ikaragarria da.
Parlamentua atzean utzi ostean, alde zaharrean barrena galdu gara. Kale estu irregularrek osatzen dute Bucaresteko alde zaharra. Eraikinak bitan banatuak daudela esan daiteke. Goiko aldean eraikinak nahiko zaharkituak eta zaindu gabeak daude, baina behealdean eraikin gehienak gustu handiz eta txukun-txukun jarritako jatetxe eta tabernaz beteta dago. Kalean ostalaritzako negozio asko egotearen ondorioz giro ederra dago. Esan daiteke alde zaharra eraberritu dutela aisialdirako tokiek.
Alde zaharretik ez oso urrun, Unirii plaza dago. Ikaragarrizko gune irekia zazpi eta zortzi pisuko eraikinen erdian. Ingurua denda multinazionalez beteta dago eta Londresko Trafalgar plazaren antzera xenonezko argiek toki nabarmena dute plazara ematen duen eraikinetako batean. Orain 20 urte eskas, komunismo garaia bizi izan zutenetik aldaketa nabarmena jasan du Errumaniak. Behintzat gu egon garen tokietan hala izan dela nabarmena da.
Nahikoa nekatuak gaudenez, eta gure turismoa ontzat emanda, arratsalde partea nagikerian pasa dugu alde zaharreko terrazetan. Hori bai, eguna eta bidaia amaitzeko sukalde errumaniarra afaltzera joan gara. Haragia nagusi zen jatetxean oso ondo afaltzeko aukera izan dugu eguna bidaia amaitutzat eman baino lehen. Bihar aireportura goaz, 9 hilabeteren ostean, haurdunaldi bat balitz bezala, etxera joateko momentua iritsiko da.
Azken gaua balkanetan, ziur faltan botako ditudala toki hauek…
Ederra izan da zure bidaiaren nondik norakoa jarraitzea, inbidia dexente ere pasa dudala aitortu beharra daukadan arren.Faltan botako dut egunero zure abenturen berri irakurtzea.
Pozten naiz guztia ondo atera zaizulako. Esperientzia ederra bizi izan duzu, betiko gogoratuko duzuna. Ea zure beste bidaia baten jarraipena egiterik dugun! Ondo izan Aitor!
Ederra izan da zure bidaiaren nondik norakoa jarraitzea, inbidia dexente ere pasa dudala aitortu beharra daukadan arren.Faltan botako dut egunero zure abenturen berri irakurtzea.
Pozten naiz guztia ondo atera zaizulako. Esperientzia ederra bizi izan duzu, betiko gogoratuko duzuna. Ea zure beste bidaia baten jarraipena egiterik dugun! Ondo izan Aitor!
Ongi etorri EHra!
Ongi etorri EHra!