Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Bagdadeko pilak
Atalak: Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak
Egun Bagdad, Irakeko hiriburua, ez dago munduko bidaia agentzien eskaintzen ezta turisten helburuen artean, guztiok ezagutzen ditugun arrazoiengatik; baina guztiok badakigu ere egungo Irakeko lurrak mendeetan zehar zibilizazioen jaioterri eta iturri izan direla eta bertan aurkitu direla garai askotako aztarna arkeologiko garrantzitsuenetarikoak. Horregatik, Bagdadeko Nazio Museora bidaiatxo bat interesgarria gerta daiteke … museoak oraindik zutik badirau (antza denez, bai, zutik dirau).
Bertan, museora 1936an heldu ziren tresna batzuk ikus genitzake: 13 zentimetro luzerako terrakota ontzi batzuk, ahoa betunez itxita daukatenak; ontzion ahoak 3 cm neurtzen ditu eta bertan doi sartzen dira burdinazko barra bat eta, hau inguratuz, xafla bat kiribilduz egindako kobrezko beste barra bat; ontziaren barnealdeko herdoildura eskasaren aztarnak, eduki azido bat izan zutela iradokitzen du, limoi zukua, mahats zukua edo ozpina esaterako. Kobrea, burdina eta azido bat … Oinarrizko hezkuntzan egindako esperimentuak gogoratzen badituzue, zeren aurrean egon gaitezkeen asmatuko zenuketen dagoeneko: burdinazko eta kobrezko barrak elektrodoak izango ziren, eta eduki azidoa, elektrolitoa; elektrolitoak burdinazko eta kobrezko elektrodoen arteko potentzial diferentzialarekin korronte elektriko bat eragingo zuen eta, hortaz, pila bat izan behar zuten tresna hauek.
Bagdadeko pilak
Arazoa (edo zalantza) orain dator: hori horrela bada, eta Bagdadeko museoko tresna hauek K.o. lehenengo mendeetakoak badira, Alessandro Voltaren XIX. mendeko hasierako asmakizunari mila urte baino gehiago aurreratu zitzaizkion.
Tresna hauek (ustezko pila hauek) 1936an aurkitu ziren, Bagdadetik hurbileko aztarnategi batean, Khuyut Rabbou izeneko herrixkan. Zein garaietakoak diren ez da zalantzarik gabe zehaztu. Partiar Inperioaren garaikoak zirela esan zen hasiera batean, K.a. 3. eta K.o. 3. mendeen artekoak alegia, baina geroagoa Sasanidar Inperiokoak direla defendatu da, K.o. 3. eta 7. mendeen artekoa. 1938an Bagdadeko museoko zuzendariak, Wilhem Königek, tresna hauek ikertzen hasi zen eta aurrerago aipatu dugun ondoriora heldu zen, 1940an kaleratutako idazlan batean: tresna haiek elektrizitatea sortzeko helburuarekin eginak ziren.
Bagdadeko pila
Kritikak jaso zituen, jakina, aurkikuntza hark esan dugunez zientziaren historia buruz behera jartzen baitzuen, pila Voltak asmatu baitzuen XIX. mendearen hasieran. Sinesgaiztasunarekin hartu zuten guztien artean galdera bat bera izan zen: zertarako erabili behar zuten garai hartan elektrizitatea, elektrizitatearen erabilerak geroago asmatu baziren?
Teoria nahiko zentzugaberen bat eman izan da pila hauen ustezko erabilpenei buruz. Badago hortik antzinako garaietan bonbilla elektrikoak egon zirela defendatzen duenik, horren froga bezala “Denderako argiak” aipatzen dituena. Denderako “argi” hauek egiptoar hilobi batean agertzen diren irudi batzuk dira, egungo bonbilla elektriko baten antzeko zerbait irudikatzen dutenak. Teoria honek ez dauka funts ezta ganora handirik eta ez diogu kasurik egingo.
Beste batzuen ustez pila hauek garaiko apaizek edo magoek erabiliko zituzten, jendeari elektra deskargak eragiteko, ustezko botere magiko batzuen itxurak egiteko.
Königek berak, 1940ko idazlanean jada, beste erabilpen bat proposatu zuen: pila hauek metalezko estatua edo bestelako objektuak urreztatzeko balioko omen zuten. Bere teoriaren froga bezala, Königek antzinako Iraken aurkitutako tresna ugari erakutsi zituen, zilarrezkoak zirenak baina urrezko kapa fin batez estalita zeudenak, eta hau elektrizitatea erabiliz lortu zela defendatu zuen.
II. Mundu Gerraren ondoren, Willard Greyk Bagdadeko pilen antzeko batzuk berregin zituen, mahats zukuz bete, eta elektra indarra sortzeko balio zutela frogatu zuen. Geroago, 1980ko hamarkadan, telebistarako saio batean, Arne Eggebrecht egiptologoak, ozpina elektrolito bezala erabiliz, pila hauek zilarrezko estatuatxo bat bi ordutan urreztatzeko gauza zirela erakutsi zuen, eta museo askotan urrezkoak zirela uste ziren antzinako objektu ugari izatez zilarrezkoak izan zitezkeela aldarrikatu zuen. Azkenik, 2005ean, Discovery Channeleko “Myth Busters” saioan, Bagdadeko pilak berriz berreraiki zituzten, metalak urreztatzeko gai ote ziren frogatzeko, oraingoan limoi zukua elektrolito bezala erabiliz. Pila hauetako hamar seriean lotuz 4 voltako indarra eragiten zutela berretsi zuten, txanpon bat urreztatzeko nahikoa.
Baina teoria honek eta bere frogek kritikak eta aurkariak izan dituzte gaur arte. Arkeologo askok, teoria hauek arkeologiaren printzipio baten aurka doazela diote, hau da, zerbait posiblea zela frogatzeak ez du suposatzen hori horrela gertatu zenik frogatzea. Bestalde, Königek erakutsitako urreztatutako objektuak beste teknika batzuekin urreztatu zirela esaten dute, ez elektra indarrarekin, baizik eta merkurioa erabiliz. Eggeberchtek egindako esperimentua, azkenik, nolabait eraldatua izan zela diote, garaian erabili zitekeena baino elektrolito eraginkorrago bat erabiliz.
Bagdadeko zeramikazko ontzi haiek ez zirela elektra indarra sortzeko erabili defendatzen dutenek eragozpen hauek jartzen dizkiote: ontziak betunez hermetikoki itxita bazeuden, ez zegoen elektra indarra handik ateratzeko modurik; gainera, ez da aurkitu kable edo konexioen aztarnarik, pila bat bestearekin seriean lotzeko beharrezkoa izango zena.
Kritikoen ekarpena tresna hauen erabilpenari buruz zera da: burdinazko barra eta kobrezko kiribila papirozko testuak biltzeko erabili omen ziren, terrakota ontzi batean gordez eta kanpoko eraginetatik betunez babestuz. Papiroa edo dena delako testuaren euskarria usteldu omen zen eta hori zen aztarna azidoaren jatorria.
Teoria batzuk zein besteak erabat frogatu edo baliogabetzeko, ikerketa sakonagoak egiteko, Bagdadera joan beharko ginateke, eta (berriro ere) badakigunez bertako egoerak ez du bidaia oso erakargarria bihurtzen.
Egoera alda dadin arte itxarotea besterik ez zaigu geratzen.