Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Voynich eskuizkribua: liburu ulertezina
Atalak: Azalpenik gabekoak, Lekuz eta garaiz kanpoko objektuak
1912. urtean Erromako jesulagunen Colegio Romanon (egungo Unibertsitate Gregorianoan) diruz eskas omen zebiltzan, eta mendeetan zehar bildutako ondasunetako batzuk erdi ezkutuan saltzea erabaki zuten. Wilfrid Voynich izeneko bildumazale batek liburutegiko 30 ale erosi zizkien. Hauen artean egun bere izena daraman eskuizkribua, orduan ezagutzera eman zena eta oraindik gaur egun ezagutzen dutenen kuriositatea eta irudimena pizten dituen liburu bitxietan bitxia.
Voynich eskuizkribua
Voynich eskuizkribua pergaminozko 240 orri dauzka (272 zirela dirudi, baina batzuk galdu egin dira nonbait), 25*16 zentimetrokoak, ia guztiak irudiz apainduak (irudien gaiak landareak, farmazia, biologia, astronomia edo kosmologia gaiak dira). Testuak 170.000 hizki ditu eta 35.000 hitz, puntuaziorik gabe, orduan (1912an) ezezaguna zen eta oraindik egun ulertezina den hizkuntza batean idatziak. Karbono 14aren frogak XV. mendearen hasieran kokatu du eskuizkribuaren sorrera, 1.404 eta 1.438 urteen artean, eta bertan agertzen diren irudi batzuengatik (enara buztana itxurako almenak) gaurko Italiaren iparraldean sortu omen zela suposatzen da.
Mende bat geroago hori da liburu honetaz dakigun ia guztia, zeren munduko kriptografo garrantzitsuenen eskuetatik igaro ondoren, haien artean Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko ejertzitoetako adituak, inork ez du lortu testuaren esanahia deszifratzea. Egun ez dakigu nork idatzi zuen, zertarako idatzi zuen edo zein den testuaren xedea. Testuaren jatorriari buruzko teoria anitzetako bat ere ez da ezbairik gabe frogatu. Baina inkognita nagusia testuaren edukia da: ez dakigu testuak zer esan nahi duen, ezta esanahiren bat baduen ere.
Norbaitek begirada bat bota nahi badio, egun Yale unibertsitateko liburu arraroen liburutegian dago 1.969tik, baina gainera digitalizatuta ere badago sarean (dohain):
http://brbl-dl.library.yale.edu/vufind/Record/3519597
Testuaren adibidea
Voynich eskuizkribua deszifratzeko ahalegin guztien porrota ikusiz, eskuizkribua txantxa bat besterik ez dela defendatzen duten adituak badaude. Baina azkeneko ikerketek, Manchester Universityko Marcello Montemurro eta Bariloche Atomic Centreko Damian Zanettek aurten (2.013an) kaleratutako ikerketen emaitzek, eskuizkribuak eredu semantiko bat jarraitzen duela frogatzen dute, hau da, ezkutuzko edo zifratutako hizkuntza batean idatzia dagoela, nahiz eta oraindik testuaren edukia ezezaguna izaten jarraitzen duen. Ikerlari hauek “hitzen entropia” aztertu dute eskuizkribuan, hitz bakoitza zenbat errepikatzen den aztertuz, eta zenbat informazio daraman kalkulatuz. Hitzen entropiaren ikerketa honen emaitza, eskuizkribuko hitzek 10 biteko informazioa daramatela da, ingelesezko edo latineko testuetan gertatzen den antzera. Eskuizkribuak gainera Zipfen Legea betetzen du, alegia, hizkuntza modernoetan hitz arruntena bigarrena baino bi bider gehiago errepikatzen da, hirugarrena baino hiru bider gehiago, laugarrena baino lau bider etab… Hortaz, txantxa bat baino ez izateko, egileak lan handiak hartu zituen etorkizuneko ikertzaileak zoratzeko, batez ere idatzia izan zen garaian datu estatistiko guzti hauek ezezagunak zirela kontuan hartzen badugu.
Testuaren jatorriaren inguruan teoriak eraikitzeko eta irudimena pizteko, eskuizkribuarekin batera eskutitz bat aurkitu zen: 1.666. urtean, Pragako Charles unibertsitateko errektorea zen Johannes Marcus Marcik Athanasius Kircher Colegio Romanoko irakasleari eskuizkribua bidali zion eskutitz honekin batera. Kirchnerrek egiptoar hieroglifikoak deszifratu zituen eta kopto hizkuntzako hiztegi bat idatzia zuen ere, horregatik Johannes Marcusek Kirchner eskuizkribua deszifratzeko gai izango zela suposatzen zuen. Eskutitzan Marcusek dio eskuizkribua Rudolf II (1552-1612) Sacro Imperio Romanoko enperadorearen jabegoa izan zela eta honek bere gorteko botanikoari, Jacobus Sinapiusi eman ziola. Johannes Marcusek dio testuaren egilea Roger Bacon, XIII. mendeko moje frantziskano ingelesa, izan zela. Horrela balitz Rudolf enperadorearen eskuetara John Dee (1522-1608) matematiko ingelesaren bitartez igaro behar izan zuen. John Dee honen laguna zen Edward Kelley, alkimista zen eta “enokiar” izeneko hizkuntza bat asmatu zuen (Bibliako Enoch pertsonaiaren omenez), eta batzuren ustean hau izan behar zuen eskuizkribuaren egilea. Litekeena da John Deek edo Kelleyk, egilea Roger Bacon zela asmatzea, enperadoreari diru gehiago ateratzeko.
Testua eta irudi bat
Johannes Marcusen eskutitzagatik badakigu eskuizkribua gero Georg Baresch izeneko Pragako alkimista baten eskuetan egon omen zela, baina Bareschen existentzia bera ere zalantzan daukagu, eta teoria batzuek diote Bareschen existentzia eta eskuizkribua Johannes Marcusek asmatutako iruzur bat direla Athanasius Kircherri txantxa egiteko eta honen ustezko jakituria hainbesterainokoa ez zela agerian uzteko.
Baina esan dugunez, karbono 14aren frogak XV. mendean kokatzen du eskuizkribuaren jatorria eta, hortaz, teoria guzti hauek ezeztatuta gelditzen dira.
Eskuizkribuaren xedeari buruz ere teoria ugari proposatu dira, orrialdeak apaintzen dituzten irudietan oinarrituta, hala nola, medikuntza, botika edo alkimiarekin lotutako eskuliburu bat omen dela. Baina testuaren beraren esanahia eta edukia argitu arte, teoria guzti hauek oinarri eskasa daukate.
Eta horrekin heltzen gara Voynich eskuizkribuaren misterio nagusira: zer dio testuak? zer diote 35.000 hitzek? zer dira? Gustu guztientzako teoriak dauzkagu: Batzuen ustez asmatutako hizkuntza atifizial batean idatzita dago eskuizkribua; baina asmatutako hizkuntza zaharrena (Wilkinsen Philosophical Language) bi mende geroagokoa da, eta jakina, inork ez du ustezko hizkuntza hori azaltzen jakin. Beste batzuentzat “mikrografia” kasu bat da, alegia, hizkien itxura duten ikurrek izatez begi vistan nabarmen ez diren ikur anitzez osatuta omen dago, mezu konplexuago bat ezkutatuz; baina mikroskopioz eginiko ikerketek teoria hau baliogabetu dute. Beste teoria bat esteganografiarena da, hau da, testu gehienak ez du zentzurik, baina tartekatuta zentzudun mezuak ezkutatuta omen daude. Dakigunez teoria hau ezta ere ez da frogatu. Badaude ere testua hizkuntza exotiko batean idatzita dagoela defendatzen dutenak, Mantxuriako hizkuntzan esaterako, asmatutako alfabeto batekin, baina hauek ezta ez dute testua deszifratu. Eskuizkribua “glosolalia” adibide bat dela proposatu du adituren batek ere, hau da, egilearen ahora (lumara, kasu honetan) zetorkion guztia idazten zuela, inolako zentzurik gabe.
Teoria zabalduena, Voynich eskuizkribua europear hizkuntza batean idatzia dagoela da, baina modu zifratu edo kodifikatu batean, eta, dagoeneko hainbeste errepikatu dugunez, egun oraindik ez da kode hori deszifratu.
Azkeneko ikerketek, aurtengoak esan dugunez, hori defendatzen dute: Voynich eskuizkribua testu zifratu bat da eta mezu bat dauka (ezkutuan).